36. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CASCANTE

Oposizioa, bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat (ehorzlearen eginkizunekin)

Cascanteko Udaleko alkate udalburuak, 2026ko urtarrilaren 29ko ebazpen baten bidez, honako hau onesi zuen: deialdia, bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat (ehorzlearen eginkizunekin), oposizio bidez.

DEIALDIA, BETE DADIN ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUAREN PLAZA BAT (EHORZLEAREN EGINKIZUNEKIN), OPOSIZIO BIDEZ, ARI DADIN LAN KONTRATUDUN FINKO GISA

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea, oposizio bidez, zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat (ehorzlearen eginkizunekin), Cascanteko Udalaren zerbitzura ari dadin.

1.2. Era berean, eta jarraikiz 11. oinarriari, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, aldi baterako bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua (ehorzlearen eginkizunekin), hautapen prozeduran probak gainditu bai baina plazarik lortzen ez duten izangaiekin.

1.3. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena bihurtuko da nomina eta plantillako langile lan-kontratudun finko, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio.

Izendatutako izangaia kontratatuko da errelebo-hartzaile gisa: izanen da Cascanteko Udalean zerbitzu anitzetako peoiaren plaza (ehorzlearen eginkizunekin; 18 postu-kodea) betetzen duenaren errelebo-hartzailea. Izan ere, hark erretiro partziala hartuko du, jarraikiz urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 12. artikuluari (legegintzako errege dekretu horren bidez onetsi zen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina).

1.4. Aplikatu beharreko araubide juridikoa da ezarririk dagoena urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta aplikatzekoak diren hitzarmen kolektiboetan (aipatutako legegintzako errege dekretu horren bidez onetsi zen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina).

1.5. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira oro har ezarririk daudenak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan D mailako lanpostuetarako (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina), baita uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak ere, eta, orobat, ordainsari osagarriak, baldin ezartzen badira aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan eta zehazten badira plantilla organikoan.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

1.6. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.

1.7. Plazaren titular izendatzen denak bete beharko ditu zerbitzu anitzetako enplegatuak berezkoak dituen eginkizunak, barnean direla ehorzlearen eginkizunak eta udal hilerriko arduradunarenak, esaterako, eta besterik baztertu gabe, honako hauek:

–Ehorztea, desobiratzea, eta gorpuzkiak lekualdatzea.

–Hobiratzeak erregistratzea.

–Udal hilerria garbitzea eta mantentze-lanak egitea.

–Mantentze-lanak egitea udal azpiegituretan, zerbitzuetan eta instalazioetan: igeltserotza, pintura, garbiketa, lorezaintza eta abar.

–Ibilgailuak, makinak eta tresnak gidatzea, maneiatzea eta oinarrizko mantentze-lanak egitea (furgoneta, dunperra, goragailua, konpresoreak eta abar).

–Instalatzea eta mantentzea hiri-altzariak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak, kartelak eta abar.

–Landabideen mantentze- eta kontserbazio-lanak egitea.

–Bidezuloak konpontzea, baita honako hauek ere: bideak, espaloiak, hornidurako eta saneamenduko sareak eta abar.

–Ur-kontagailuak irakurtzea.

–Honelakoak jartzea: apaingarriak, horma-irudiak eta apaintzeko bestelako elementuak.

–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea.

–Muntatzea agertokiak, hesiak eta beste elementu batzuk jai eta ekitaldi publikoetan.

–Elkarlanean aritzea ekitaldi publikoak egitean: entzierroak, kontzertuak, feriak, ospakizunak, herri bazkariak eta abar.

–Atezaintza.

–Ezarritako segurtasun- eta kalitate-arauak betetzea.

–Agintzen zaizkion antzeko beste batzuk.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Hautapen-prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuei, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren ezkontideek eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

C) Edukitzea eskola-graduatuaren titulua edo lehen mailako Lanbide Heziketakoa, edo horietako baten baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

E) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

F) B1 motako gidabaimena izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak aurreko baldintzak frogatu beharko dituzte deialdi honen 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiek baldintza horiek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epearen muga-egunean, bai eta hautapen-prozesu osoan mantendu ere, izendatu arte.

Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da titulazio-baldintza betetzen dela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautaketa-prozesuak, izendapenak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Eskabideak.

3.1. Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, Cascanteko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://cascante.sedelectronica.es/info.0). Horretarako, 20 egun naturaleko epea izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.

3.2. Eskabideek izan behar dute deialdiaren I. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak, eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.

3.3. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasun bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Cascanteko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Cascanteko Udalaren gardentasunaren atarian (enplegu publikoaren atala) eta iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan: https://cascante.sedelectronica.es/info.0

4.2. Behin-behineko zerrenda egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioak ebatzi ondotik, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Cascanteko Udalaren gardentasunaren atarian (enplegu publikoaren atala) eta iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.

4.4. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Alberto Añón Jiménez, Cascanteko Udaleko alkate udalburua.

Epaimahaiburuaren ordezkoa: Javier Ochoa Redín, Cascanteko Udaleko Hirigintzako zinegotzia.

Epaimahaikidea: José Luis Baldanta Petrirena, obra eta zerbitzuetako lantaldeko arduraduna, Cascanteko Udalean.

Ordezko epaimahaikidea: Francisco Ruiz Hernández, Cascanteko Udaleko udal agentea.

Epaimahaikidea: José M.ª Prada Velázquez, Cascanteko Udaleko arkitekto aholkularia.

Ordezko epaimahaikidea: José Miguel Mateo Núñez, Tuterako Udaleko ehorzlea.

Epaimahaikidea: Mario Muñoz Royo, Cascanteko ikastetxe publikoko eskolazaina, zeina izendatu baitu Cascanteko Udaleko sindikatu-ordezkaritzak.

Ordezkoa: Juan Ignacio Alonso Planillo, Cascanteko Udaleko lorezaina, zeina izendatu baitu Cascanteko Udaleko sindikatu-ordezkaritzak.

Idazkaria: M.ª Teresa Perales Díaz, Cascanteko Udaleko idazkaria.

Ordezko idazkaria: José Luis Romano Blasco, Cascanteko Udaleko kontu-hartzailea.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Gainera, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautapen sistema: oposizioa.

6.1. Hautapen-prozesua oposizio bidez eginen da, martxoan; betiere, gutxienez bi hilabete igaro badira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu denetik.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia non, noiz eta zehazki zer ordutan hasiko den.

7.–Oposizioaldia:

7.1. Nahitaezkoa eta baztertzailea izanen da, eta proba hauek izanen ditu:

a) Proba teorikoa.

Test motako ariketa bat egin beharko da, deialdiko gai-zerrendarekin lotua.

–Galdera kopurua: 30 eta 40 bitartean.

–Galdera bakoitzak lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bakarra izanen da zuzena.

–Erantzun okerrak zigortu egin daitezke.

–Gehieneko iraupena: 60 minutu.

Gehienez 30 puntu lortzen ahalko dira, eta gainditzeko 15 puntu gutxienez atera beharko dira.

b) Proba praktikoa.

Kasu praktiko bat edo zenbait ebaztea, loturik egonen direnak lanpostuaren eginkizunekin. Izan ditzake edo ditzakete idatzizko ariketak, ahozkoak eta exekuzio eta/edo erakusketa praktikoak.

Proba hori izan daiteke, besteak beste, honako hauei buruz:

–Ehorzteko, desobiratzeko eta gorpuzkiak lekualdatzeko prozedurak.

–Igeltserotza-lanak.

–Erremintak eta makinak erabiltzea.

–Norbera babesteko ekipamenduak maneiatzea.

–Lanaren antolaketa.

Gehienez 60 puntu lortzen ahalko dira, eta gainditzeko 30 puntu gutxienez atera beharko dira.

c) Buruz buruko elkarrizketa epaimahaikoekin.

Ebaluatze aldera izangaiek lanposturako dituzten gaitasunak, egokitasuna, motibazioa eta trebetasunak, elkarrizketa bat eginen da epaimahaikoekin, eta bertan parte hartuko dute proba teorikoa eta praktikoa gainditu dituztenak soilik.

Ez da baztertzailea izanen, eta gehienez 10 punturekin baloratuko da.

Elkarrizketak 30 minutu iraunen du gehienez, eta, hartarako, epaimahaiak izan dezake arloan espezializaturik dauden enpresen edo langileen aholkularitza.

7.2. Oposizioko ariketa edo zati bakoitza kalifikaturik, epaimahaiak iragarki-taulan eta Cascanteko Udaleko egoitza elektronikoan argitaratuko du hura gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin batera.

7.3. Dei bakarra eginen da oposizioko ariketa bakoitza egiteko., baita elkarrizketa pertsonala egiteko ere. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.4. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.5. Probaren hasieran, epaimahaiak zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei proba egiteko. Halaber, epaimahaiak zehaztuko du probak egiteko behar den materiala, eta behar besteko aurrerapenaz iragarriko da Cascanteko Udalaren egoitza elektronikoan.

7.6. Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa kalkulatzeko, batuko dira ariketa guztietan lortutako puntuazioak eta epaimahaiarekin izandako elkarrizketan lortutakoa.

8.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa eginik, epaimahaiak Cascanteko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazio-ordenan, eta 5 egun balioduneko epea emanen da puntuazioen kontrako alegazioak aurkezteko.

Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, kontuan hartuko dira bigarren ariketan lortutako puntuazioak. Berdinketak badirau, berdinketa hautsiko da kontuan hartuta elkarrizketa pertsonaleko puntuazio handiena, eta, azkenik, zozketa publiko baten bidez.

8.2. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio puntu gehien erdietsi duen izangaia izendatzeko proposamena.

Aipatutako proposamena argitaratuko da Cascanteko Udalaren gardentasunaren atarian (enplegu publikoaren atala) eta egoitza elektronikoan.

8.3. Kontratatzeko proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Cascanteko Udalaren Erregistro Orokorrean:

1.–Nortasun agiri nazionalaren jatorrizkoa eta fotokopia.

2.–Eskatzen den titulu akademikoaren jatorrizkoa eta fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarenak.

3.–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

4.–Osasun ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.

5.–Zin edo promesa, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

8.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu ezta kontratatu ere, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek deusetan galarazi gabe dagokien erantzukizuna, deialdian parte hartzeko eskaeraren faltsukeria dela-eta, halakorik egin badute.

8.4. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, lanpostua beteko du 9.1 apartatuan aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak, eta harekin ere erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.–Kontratazioa eta lanpostuaren jabetza hartzea.

9.1. Hautapen-prozesua bukaturik eta kontratatzeko proposatutako izangaiak aurkezturik 9.2 oinarriko agiriak, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du kontrataziorako, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du.

9.2. Izangaiak kontratua sinatu beharko du, eta lanpostuaz jabetu, kontrataziorako ebazpenean ezarritako egunean. Baldin epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu (behar adina justifikaturik), karguaz jabetzen ez bada, eskubide guztiak galduko ditu Cascanteko Udaleko lan-kontratudun finkoa izateko.

10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.3 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eratuko da, probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.

10.2. Cascanteko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

10.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

10.4. Izangaien zerrendaren kudeaketa egokituko da Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduaren III. tituluan ezarritakora (foru agindu horren bidez onetsi ziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak), aplikatzekoa den guztian.

11.–Datu pertsonalak babestea.

Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Cascanteko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren xedea da betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuaren (ehorzlearen eginkizunekin) plaza bat, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoaren bidez, lanaldi osoan.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko).
  • DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudia aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo egoitza elektronikoa erabiliz.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendu behar baitzaio Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

I. blokea.–Udal araudia eta antolaketa.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: egitura, printzipio orokorrak eta oinarrizko eskubideak.

2. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: eskubideak eta betebeharrak eta diziplina-araubidea.

3. gaia.–Toki Administrazioa: udalerria. Udala. Gobernu-organoak eta udal-eskumenak.

4. gaia.–Hiritarren arreta. Zerbitzu publikoen kalitatea. Udal langileen jarduketaren printzipioak.

5. gaia.–297/2001 Foru Dekretua, urriaren 15ekoa, zeinaren bidez onesten baita hileta-osasunari buruzko erregelamendua: I. titulua. Hilotzak, maneiua eta azken destinoa: xedapen orokorrak. III. titulua: I. kapitulua. Hilerriak.

II. blokea.–Laneko arriskuen prebentzioa.

6. gaia.–31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: eskubideak eta betebeharrak.

7. gaia.–Lanpostuaren laneko arrisku espezifikoak: garaierako lanak, zamak eskuz erabiltzea, bide publikoko lanak, gune konfinatuak eta makinak erabiltzea.

8. gaia.–Norbera babesteko ekipamenduak: motak, erabilerak, mantentze-lanak eta kontserbazioa.

9. gaia.–Oinarrizko lehen laguntza. Larrialdi egoeretan nola jokatu.

III. blokeak.–Mantentze-lanak, obrak eta zerbitzuak.

10. gaia.–Oinarrizko igeltserotza: materialak, morteroak, zolatuak, alikatatuak eta konponketak.

11. gaia.–Pintura eta estaldurak: gainazalak prestatzea, pintura motak eta erremintak.

12. gaia.–Oinarrizko iturgintza: hornidura eta saneamendu sareak eta konponketa errazak.

13. gaia.–Oinarrizko elektrizitatea: oinarrizko instalazioak, argiteria publikoa eta segurtasun neurriak.

IV. blokea.–Lorezaintza, garbiketa eta espazio publikoak.

14. gaia.–Oinarrizko lorezaintza: inaustea, ureztatzea, sasiak garbitzea eta izurriak kontrolatzea.

15. gaia.–Lorategien eta berdeguneen mantentze-lanak.

16. gaia.–Bideak eta udal eraikinak garbitzea. Produktuak, makinak eta prozedurak.

V. blokea.–Ibilgailuak, makinak eta erremintak.

17. gaia.–Udal ibilgailuak: seguru gidatzea, oinarrizko mantentze-lanak eta aplikatzekoak diren arauak.

18. gaia.–Makina arin eta astunak: sasi-garbitzeko makinak, konpresoreak, plataforma jasotzaileak, dunperrak eta ebakigailuak. Erabilera eta funtzionamendu arauak.

19. gaia.–Eskuzko erremintak eta erreminta elektrikoak: erabilera, zainketa eta mantentze-lanak.

VI. blokea.–Hilerria eta hileta-osasuna.

20. gaia.–Hilerriari eta hileta osasunari buruzko araudia: ehorzteak, desobiratzeak eta lekualdatzeak.

21. gaia.–Hilerrietako lan prozedurak: hobiak prestatzea, hondakinak maneiatzea eta higiene eta osasun arloko neurriak.

22. gaia.–Hileta zerbitzuetarako erregistroa, kontrola eta dokumentazioa.

VII. blokea.–Azpiegiturak eta bide publikoak.

23. gaia.–Landabideak zaintzea eta mantentzeko lanak.

24. gaia.–Bidezuloak konpontzea eta bide-zorua, espaloiak eta zoladura konpontzea.

25. gaia.–Obretako bide-seinaleak, balizajea eta segurtasuna.

VIII. blokea.–Logistika, ekitaldiak eta muntaketak.

26. gaia.–Honako hauek muntatzea eta desmuntatzea: agertokiak, hesiak, karpak eta elementu lagungarriak.

27. gaia.–Hiri-altzariak instalatzea eta mantentzea: seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta kartelak.

28. gaia.–Ekitaldi publikoak antolatzea eta horietarako laguntza ematea. Segurtasun-neurriak.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Cascanten, 2026ko urtarrilaren 29an.–Alkatea, Alberto Añón Jiménez.

Iragarkiaren kodea: L2601340