1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
6E/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 5ekoa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita 130E/2024 Foru Agindua, irailaren 26koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana. Haren bidez garatu ziren Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren egitura organikoak, bulegoen eta ataletik beherako unitateen mailan.
Azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuaren bidez, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, atalen mailaraino garatuta.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 34.4 artikuluan ezartzen du ezen, bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango titularraren foru-agindua beharko dela.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak irailaren 26an emandako 130E/2024 Foru Aginduaren bidez garatu ziren Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren egitura organikoak, bulegoen eta ataletik beherako unitateen mailan.
Ikusirik Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako txostena, haren egitura organikoa indartu beharra dago, hura hartuko duen eraikina modu egokian kudeatzen dela bermatzeko. Gainera, departamentuaren instalazioak mantentzeko beste lan batzuen ondorioz ere komenigarria da.
Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura eta eginkizunak osatzea eta errealitate berrira egokitzea, bulegoen eta ataletik beherako unitateen mailan, eta, horretarako, irailaren 26ko 130E/2024 Foru Agindua aldatzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Aldatzea 130E/2024 Foru Agindua, irailaren 26koa, zeinaren bidez garatzen baitira Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren egitura organikoak, bulegoen eta ataletik beherako unitateen mailan. Honela idatzita geldituko da:
Bat.–2. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
2. artikulua. Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak bulego hauek ditu bere egituran:
–Sostenguko eta Administrazio Kudeaketako Bulegoa, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuko Biktimen Arretarako Atalari atxikia.
–Mantentze-lanen Bulegoa.
Bi.–5 bis artikulu berria gehitzen da. Testu hau izanen du:
5 bis artikulua. Mantentze-lanen Bulegoa.
Mantentze-lanen Bulegoak, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Departamentuaren instalazioen eta makinen mantentze-lan prebentiboak eta zuzentzaileak koordinatzea, bereziki Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan.
b) Zuzendaritza nagusiaren egoitzako instalazioen eta makinen konponketak koordinatzea eta egitea.
c) Zuzendaritza nagusiaren egoitzan egiten diren jarduerak garatzeko beharrezkoak diren jarduketak koordinatzea eta haien jarraipena egitea.
d) Instalazioen eta makinen legezko mantentze-lan teknikoak egitea industria- edo osasun-arloko erregelamendu, jarraibide, arau edo gomendioetako zehaztapenei jarraikiz, eta bermeak tramitatzea.
e) Zuzendaritza nagusiaren egoitzako segurtasuna koordinatzea.
f) Zuzendaritza nagusiaren egoitzako hondakin-plana koordinatzea eta gauzatzea.
g) Higiezina garbitzeko zerbitzuaren kudeaketa-, kontrol- eta egokitzapen-lanak egitea.
h) Departamentuaren instalazioak eta makinak mantentzeko eta konpontzeko lanez arduratzen diren kanpoko enpresak koordinatzea, Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin koordinatuta.
i) Erakundearen instalazioetan lan-arriskuen prebentzioa koordinatzea, Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin batera.
j) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru-agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
2. Foru-agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2026ko otsailaren 5ean.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
Iragarkiaren kodea: F2601874