2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TULEBRAS
Ordenantza, ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinen hornidura elektrikoa arautzen duena. Behin betiko onespena
Ordenantzaren hasierako onespenaren erabakia 2025eko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 25en, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzen da, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Tulebrasen, 2026ko urtarrilaren 13an.–Alkatea, Cristina Diaz Soria.
ORDENANTZA, IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO ZUTOINEN HORNIDURA ELEKTRIKOA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Oinarria eta araubidea.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 11.etik 15.era eta 28.etik 35.era bitarteko artikuluek emandako eskudantziak erabiliz, udal honek arautu egin du Tulebrasko udalerrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua, eta erabiltzaileek hargatik ordaindu beharreko prezio publikoak ezarri.
2. artikulua. Zerbitzu ematea.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua eskainiko da horretarako prestatutako instalazioaren bidez. Instalazioa honako aparkaleku publiko hauetan egonen da:
1. Foruen plazan, udaletxearen ondoan.
Tulebrasko Udalak etorkizunean beste instalazio batzuk ezartzen ahalko ditu udalerrian.
3. artikulua. Ordaindu beharraren sorrera.
Baldin pertsona fisiko eta/edo juridikoek ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua erabiltzen badute, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko diote Tulebrasko Udalari.
Prezio publikoa ordaintzeko beharra sortzen da zerbitzua ematen edo jarduera egiten hasten denean; Tulebrasko Udalak, ordea, eska dezake aldez aurretik ordaintzea haren zenbateko osoa edo zati bat, jarraikiz martxoaren 20ko 2/1995 Foru Legearen 34. artikuluko 1. apartatuari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
4. artikulua. Ordaintzera behartuak.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua emateagatik prezio publikoa ordaintzera behartuak daude pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta zerbitzuaren onura jasotzen badute edo hura erabiltzen badute ezartzen diren moduetako edozeinetan.
Puntu bakoitzean, gehienez, 6 orduz kargatzen ahalko da ibilgailua, ordutegi honen barnean: 8:00etatik 23:00etara. Denbora hori mugatzen ahalko da, hala behar bada edo eskariaren intentsitateak hala eskatzen badu.
5. artikulua. Zenbatekoa.
Tulebrasko Udalak zerbitzu honengatik jasoko dituen eskubideak, bai eta zerbitzuari lotutako gainerako prezio publikoak eta tasak ere, jasota daude ordenantza honi atxikitako tarifen eranskinean.
Tulebrasko Udalak eranskin hori eguneratzen ahalko du, gainerako prezio publiko eta tasekin batera edo modu partikularrean, horretarako legezko prozedura betez.
Ordenantza honetan araututako prezio publikoen zenbatekoek kargatua dute aplikatu beharreko BEZa.
6. artikulua. Kobrantza.
Zerbitzua ematen hasten den une berean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra.
Zerbitzua ematen ez bada prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoen pertsona fisiko edo juridikoari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, ordaindutako zenbatekoa itzuli eginen da.
Prezio publikoa dela-eta zorrik baldin bada, eskatuko da premiamendu-prozeduraren bidez.
7. artikulua. Kobratzeko prozedura.
Udalak kobratzeko sistema bat ezarriko du, berariazko aplikazio informatiko baten edo batzuen bidez, eraginkortzat jotzen baditu; aplikazioak izaten ahalko dira Udalarenak berarenak edo hirugarren agente batzuek emandakoak.
Sistema horiek erabiltzeak kostu gehigarria izan dezake erabiltzaileentzat; kostu hori, gehienez ere, kargaren zenbatekoaren %5 izanen da, gehi ordainketa-pasabidearen kostu finkoa.
8. artikulua. Karga-puntuen erabilera-arauak.
1. Kargatzeko aparkatzea. Kargatu beharreko ibilgailua espazio mugatuaren barruan aparkatu beharko da, kargaren norabidean, eta balazta edo antzekoa aktibatu.
Ibilgailuak kargatzeko mugatutako espazioan ezin da aparkatu. Espazio horrek oztoporik gabe eta erabiltzaileen esku egon behar du bere xederako erabiltzen ez den bitartean.
2. Segurtasun arauak. Kargaren erabiltzaileak bete beharko ditu kargatu beharreko ibilgailuaren fabrikatzaileak xedatutako segurtasun arau guztiak, bai eta Udalaren karga-puntuko ekipo edo instalazioen fabrikatzailearenak ere.
3. Erabilera arduratsua. Udalaren karga-puntuaren erabiltzaileak arduraz erabili beharko du, behar bezala zainduz, zerbitzu publikoa egokia izan dadin. Ekipoari edo azpiegitura osatzen duten elementuei dagokienez, ez dira aldatzen edo manipulatzen ahalko. Halaber, kableak ez dira behartzen, tolesten edo zimikatzen ahalko, ez eta horiek aldatu edo kaltetzeko ekintzarik egiten ahalko ere. Halaber, ekipo edo azpiegitura horiek ez dira erabiltzen ahalko ibilgailu elektrikoak kargatzeaz bestelako helburuetarako.
4. Jarraibideak. Karga-puntuaren erabiltzaileek bete egin beharko dituzte Udalak instalazioen zaintza eta errespetuaren gainean ematen dituen jarraibideak, betiere Udalaren karga-puntua egoera onean zaintzeko.
Udalak ez du bere gain hartuko kalte eta galeren gaineko erantzukizunik (ondasun edo pertsonei, ibilgailua kargatzeko ezintasuna, etab.), baldin eta Udalarenak ez diren arrazoiengatik sortu badira.
5. Karga bukatu eta ibilgailua erretiratzea. Karga bukatutakoan, erabiltzaileak berehala erretiratu beharko du ibilgailua.
6. Ibilgailua erretiratzea. Ibilgailuak erreserbatutako gehieneko kargaldia gainditzen badu hogeita hamar minututik gora, zilegi izanen da ibilgailuen gordailura eramatea, mekanikoki ibilgetzea edo langile baimendunek salatzea. Ibilgailuaren titularrak edo hark legez baimendutako pertsonak ordaindu beharko ditu ibilgailua gordailura eraman eta han edukitzearen gastuak edo ibilgetzeak eragindako gastuak, gaia arautzen duen ordenantzan azaldutako baldintzetan.
9. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.
1. Zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna izanen da Tulebrasko Udaleko Alkatetza edo eskumen hori eskuordeturik daukan zinegotzitza, betiere dagokion espedientea abiarazi ondoren.
2. Zehapen-prozedura bideratuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.
10. artikulua. Arau-hausteak.
1. Ordenantza honen arau-hausteak dira honako jokabide hauen ondoriozkoak:
2. Falta arinak.
–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza okupatzea, erreserba eduki gabe edo elektrikoa ez den ibilgailu batekin.
–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza bat baino gehiago okupatuz aparkatzea.
–Ibilgailua ez erretiratzea karga bukatu eta hogeita hamar minutura.
–Kablea ez jasotzea edo konektorea behar bezala jarrita ez uztea.
–Ez betetzea karga-puntuko arduradunek emaniko jarraibideak aparkatzeari buruz, ibilgailua erretiratzeari buruz edo karga-puntuko ekipoa edo azpiegitura erabiltzeari buruz, baldin eta beste erabiltzaile batzuen eskubideak kaltetzen ez badira edo karga-puntuko ekipoa edo azpiegitura kaltetzen edo hondatzen ez bada.
–Ordenantza honetan ezarritako arauak eta hura garatuz ezartzen diren xedapenak urratzen dituztenak, baldin eta berariaz astuntzat jotzen ez badira.
3. Falta astunak.
–Ibilgailua ez erretiratzea karga bukatu eta hiru ordu baino gehiago iragandakoan, erreserbatutako plaza okupatuz, erreserba duen beste erabiltzailerik ez badago ere.
–Zabarkeriaz kaltetzea karga-puntuko ekipo edo instalazioen elementuetako edozein.
–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren karga-puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek badakartza zerbitzu publikoen gaineko kalteak, Udalaren jabetzako ondasunen gaineko kalteak edo hirugarren erabiltzaileen eskubideen gainerako urraketak.
–Urtebetean bi falta arin egiteagatik zehapena jaso izana.
4. Falta oso astunak.
–Lapurtzea karga-puntuaren, ekipoaren, instalazioaren edo seinaleztapenaren elementuetako edozein.
–Nahita kaltetzea karga-puntuko ekipo edo instalazioaren elementuetako edozein.
–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren karga-puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek istripua eragiten badu.
–Ez betetzea Udalak ezarririko jarraibideak ingurua zaintzeko eta bizilagunekiko errespetua eta bizikidetza egokia mantentzeko.
–Iruzurrezko erabilera ematea karga-puntuaren zerbitzuari.
–Ez identifikatzea arau-haustearen ustezko erantzulea, nahiz eta horretarako errekerimendua egin agintaritzaren agenteek.
–Urtebetean bi falta astun egiteagatik zehapena jaso izana.
11. artikulua. Zehapenak.
1. Ordenantza honen arau-hausteek zehapen hauek ezartzea ekarriko dute:
–Arau-hauste arinek 100 euroko isuna izanen dute zehapen.
–Arau-hauste astunek 200 euroko isuna izanen dute zehapen.
–Arau-hauste oso astunek 500 euroko isuna izanen dute zehapen, bai eta karga-puntua hiru hilabetez erabiltzeko debekuaren zehapen osagarria ere.
2. Ordenantza honen arau-hausteak direla-eta ezartzen diren diruzko zehapenetarako indarreko legedian aurreikusitako murrizketak lor daitezke.
12. artikulua. Pertsona erantzuleak.
Arau-haustea eragin duen jokabidearen egilea izanen da horren gaineko erantzulea, eta, hala badagokio, ibilgailuaren titularra edo alokatzailea; horien betebeharra izanen da, gainera, arau-haustearen erantzulea behar bezala identifikatzea.
Arau-haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean egiten direnean, eta ezinezkoa denean zehaztea bakoitzak noraino hartu duen parte, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan, prozedura erkideari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz.
Era berean, pertsona fisiko edo juridikoak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen arau-hauste administratiboak prebenitzeko.
13. artikulua. Lehengoratzea eta kalte-ordaina.
Ordenantza honetan ezarritako jokabideengatik ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, arau-hauslea behartuta egonen da, hala dagokionean, ondasunak lehen zuten egoerara itzultzera eta ordeztera, eragindako kalte eta galeren ordaina emanez.
Horretarako, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunen tasazioaren ondotik, konponketaren zenbatekoa erabakiko du, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo haren ordezkoari, ezarritako epean ordainketa egin dezan.
Azken xedapena.–Ordenantza honen indarraldia hasiko da behin betiko onetsitakoan eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta indarrean segituko du harik eta Tulebrasko Udalak indargabetzea edo berariaz aldatzea erabaki arte.
BIDE PUBLIKOKO IBILGAILUEN KARGA ERDILASTERRAREN ZERBITZUAREN TASAK (BEZA BARNE)
Ibilgailu elektrikoen karga lasterraren zerbitzuaren zenbatekoa ezartzen da oinarri harturik karga-puntutik zerbitzua jasotzen duen ibilgailu elektrikora benetan igarotako energiaren unitateko prezioa.
Karga zerbitzua: 0,35 euro/kWh.
Iragarkiaren kodea: L2600394