34. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARILLAS

Ordenantza fiskala, lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren aukerako hobariak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ordenantzaren hasierako onespenaren erabakia 2025eko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 25en, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzen da, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Barillasen, 2026ko urtarrilaren 13an.–Alkatea, José Ramón Martínez Zardoya.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DITUENA UDALAREN LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGAREN AUKERAKO HOBARIAK

1. artikulua. Izaera.

Lurraren kontribuzioa zuzeneko tributu erreal bat da, kargatzen dena ondasun higiezinen balioaren gainean, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluko 133.etik 145.era bitarteko artikuluei, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Ordenantza honetan arautzen da aipatu foru legearen 140.4 artikuluan ezarritako aukerako hobari berria.

2. artikulua. Hobariak familia ugariendako, guraso bakarreko familiendako edo gurasobakartasun egoeran daudenendako.

Zergaren kuotaren %90 bitarteko hobaria izanen da, adierazitako errenta-tarteen arabera, kasuan kasuko etxebizitza ohiko bizilekua denean familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako. Hobari hori aplikatuko zaio soilik ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari.

Hobari hori aplikatuko zaie, orobat, kotizazio gabeko pentsioak dituzten zergadunei eta errenta bermatuaren hartzaile direnei edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren hartzaile direnei.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Hobaria aplikatzeko, baldintza izanen da gehienez ere bost urte igaro izana udalerriko balorazio txosten osoa onetsi zenetik edo azken berrikuspena egin zenetik.

–Errenta tarteak eta hobariaren ehunekoa:

ERRENTA TARTEA

HOBARIA (%)

Per capita errenta < 5.500 euro

%90

5.500,01 - 7.980 euro bitarteko per capita errenta

%60

7.980,01 - 10.700 euro bitarteko per capita errenta

%40

10.700,01 - 15.000 euro bitarteko per capita errenta

%30

Per capita errenta 15,000,01 eurotik gora (*)

%20

(*) Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako mugarekin: "Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak)".

Errenta-tarteen araberako aurreko hobarien ehunekoak kalkulatzeko, familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZ –pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren– egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta horiek zatituko dira familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz.

Hobari hori eskatu egin behar da, eta zerga-onura horren titularrak higiezin bakar baterako soilik erabiltzen ahalko du, eta eskatzen den ekitaldi beretik aplikatuko da, baldin eta betetzen badira zergaren sortzapen egunean aitortua izateko baldintzak, eta eskaera egiten bada likidazioa irmoa eta onartua izan aurretik.

Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

Etxebizitzarako hobaria familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako, haien ohiko bizilekua denean:

a) Eskaera sinatua, adierazten duena familia-unitatearen ohiko bizilekua dela kasuan kasuko hiri-unitatea, alegia, eskatzen den hobariaren xedeko hiri-unitatea, bizitegi-erabilerakoa.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa dela familia ugari baten titularra, edo guraso bakarreko familia batena edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia batena.

c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bertzela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bertzela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

Etxebizitzarako hobaria, ohiko bizilekua denean kotizazio gabeko pentsioak dituzten subjektu pasiboendako edo errenta bermatua duten subjektu pasiboendako edo bizitzeko gutxieneko errenta hartzen duten subjektu pasiboendako:

a) Eskaera sinatua, adierazten duena familia-unitatearen ohiko bizilekua dela kasuan kasuko hiri-unitatea, alegia, eskatzen den hobariaren xedeko hiri-unitatea, bizitegi-erabilerakoa.

b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bertzela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bertzela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

Subjektu pasiboa ez da beharturik egonen agiriak aurkeztera, baldin Udalari lehendik eman badizkio bertze izapide batzuetan. Kasu horretan, inguruabar hori eskaeran jaso beharko da, eta adierazi beharko da zer prozeduratan aurkeztu ziren.

Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria izateko eskubidea galtzea; hala, higiezin berrirako, hobaria eskatu beharko da ondorioak izanen dituen zergaldiaren lehen eguna baino lehen. Eskaera aurkeztu beharko da uneko urteko abenduaren 31 baino lehen, ondorioak izan ditzan aurkeztu den urtearen ondoko ekitaldietan.

Behin zerga-hobaria emanda, ez da beharrezkoa izanen eskaera berriz egitea etorkizunean aplikatzeko, salbu eta aldatzen badira hobaria ematea justifikatu zuten inguruabarrak edo aplikatu beharreko araudia.

Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.

Hobari hau izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.

Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu guztia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du harik eta berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

Iragarkiaren kodea: L2600395