34. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

14C/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 21ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez erabaki da 3P Biopharmaceuticals SLU taldearen hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aztertu egin da 3P Biopharmaceuticals SLU taldeak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31102142012023), erregistro honetan sartu zena 2026ko urtarrilaren 14an, eta 2026ko urtarrilaren 7an enpresaren ordezkariek eta enpresako gehiengo sindikaleko ordezkariek sinatu zutena.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan-akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuari dagokionez,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan-Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea 3P Biopharmaceuticals SLU taldeak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31102142012023).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila xedatzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko urtarrilaren 21ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

3P BIOPHARMACEUTICALS SLU TALDEAREN II. HITZARMEN KOLEKTIBOA

Noainen, 2026ko urtarrilaren 7an.

3P BIOPHARMACEUTICALS SLU enpresaren legezko ordezkariak eta langileen legezko ordezkariak 3P BIOPHARMACEUTICALS SLUren hitzarmen kolektiborako ados jarri dira, 2024-2028 aldirako, honako eduki honekin:

ATARIKO KAPITULUA.–ALDERDIAK ZEIN DIREN

Hitzarmen kolektibo hau adostu dute enpresaren legezko ordezkariek, Dámaso Molero Sánchez jaunak (CEOa) eta Tomás Alarcón Palomares jaunak (giza baliabideen zuzendaria), enpresak izendatuta, alderdi enplegatzaile gisa, eta langileen legezko ordezkaritzak, 3P BIOPHARMACEUTICALS TALDEKO ENPRESA BATZORDEAK, enpresan egindako azken hauteskunde sindikaletan eman zaion ordezkaritzaren arabera.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Eremu funtzionala eta pertsona eremua.

Hitzarmen honen xedapenek arautuko dute, indarrean sartzen denetik eta indarrean den bitartean, 3P BIOPHARMACEUTICALS SL enpresaren Noaingo lantokietan zerbitzuak ematen dituzten langileekiko harremanak, zuzendaritzako langileak izanik salbuespena.

2. artikulua. Lurralde-eremua.

Hitzarmen honen xedapenek Noainen (Nafarroa) kokatutako lantokietan dute eragina.

3. artikulua. Denbora-eremua.

Hitzarmen kolektibo honen indarraldia 2024ko urtarrilaren 1ean hasiko da. Indarrean izanen da 2028ko abenduaren 31ra arte.

Ondorio ekonomikoek adostutakoari jarraikiz izanen dute atzeraeragina indarraldiko urte bakoitzerako.

Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ulertzen da hitzarmen hau salatuta gelditzen dela sinatzen den egunetik beretik.

Hitzarmena salatuta eta itundutako iraupena bukatuta, adostu da itundutako indarraldia aplikatuko dela aurreraeragin mugagabearen araubidean, egungo lege esparruaren arabera.

Alderdiek konpromisoa hartzen dute indarraldia agortu baino hiru hilabete lehenago hasteko hitzarmena berritzeko negoziazioa.

II. KAPITULUA.–KONDIZIOAK EZ APLIKATZEA ETA ALDATZEA

4. artikulua. Lan-baldintzak ez aplikatzeko prozedura.

Enpresak hitzarmen kolektibo hau aldi batean ez aplikatzeko edo Industria Kimikoaren Estatuko Hitzarmena ez aplikatzeko asmoa badu (arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak direla-eta), asmo horren berri eman beharko dio hitzarmen honen Batzorde Paritarioari, kontsulta aldia hasi baino 7 egun lehenago gutxienez, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan hitzarmen kolektiboetarako araututako moduan eta eskakizunarekin. Kontsultarako aldian langileen ordezkariekin adostasunik lortu ezean, eta lanbide arteko akordioetako gatazkak ebazteko prozeduretara jo arren desadostasuna konpontzen ez bada (arbitrajea bi aldeen baimenarekin soilik egiten ahal da), bi alderdien arteko akordioa beharko da (enpresaren ordezkaritzaren eta langileen ordezkaritzako gehiengoaren artekoa) Hitzarmen Kolektiboen Espainiako Aholku Batzordearen edo Nafarroako Foru Komunitatean sortzen den hiru aldeko organoaren esku uzteko lan-baldintzak ez aplikatzearen gaineko desadostasuna.

5. artikulua. Lan-baldintzen aldaketa funtsezkoak.

Plus pertsonalak ez dira konpentsatu, xurgatu edo aldatzen ahalko Langileen Estatutuaren 41. artikulua aplikatzearen ondorioz, salbu eta Enpresa Batzordearekin, ondorio kolektiboekin, edo ukitutako langilearekin adosten bada.

III. KAPITULUA.–LANALDIA. EGUTEGIAK. APARTEKO ORDUAK. MALGUTASUNA. TXANDA ALDAKETAK. ASTEBURUETAKO LANA ETA KONPENTSAZIOAK

6. artikulua. Lanaldia.

1. 2024ari eta 2025ari dagokienez, Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrean ezarritakoari jarraikiko zaio beti urteko gehieneko benetako lanaldia ezartzeko (1.752 ordu).

2026ko benetako lanaldia 1.740 ordukoa izanen da, urtean. 2027rako eta 2028rako benetako lanaldia 1.736 ordukoa izanen da, urtean.

Nolanahi ere, urteko gehieneko lanaldiak ez du gaindituko Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrak edo Langileen Estatutuak ezartzen duena haren balizko aldaketa edo eguneratze batean; kasu horretan, urteko lanaldia da legez ezarritako gehienekoa izanen da. Hori aplikatzeko, hala badagokio, ezartzen den xedapen iragankorra hartuko da kontuan.

2. Aurrekoa gorabehera, urteko lanaldiaren ondoriozko lanegunak ezarri ondoren, egun horietako bat atseden egun gisa hartuko da, hau da, markatutako lanegun bat urte bakoitzean.

Horrez gain, bi egun izanen dira norberaren aferetarako, eta langile bakoitzaren "denbora erabilgarriaren poltsa indibidualean" sartuko dira.

3. Jarraian 6 ordu baino gehiago lan egiten den egun bakoitzean ogitartekorako hartzen den denboraren 20 minutuetatik 5 minutu benetako lan denboratzat jotzen dira, aldageletan dagoen sarbide kontroletik zenbatzen hasita, horiek erabiltzen badira, edo instalaziora sartzeko kontroletik edo fitxategitik zenbatzen hasita.

7. artikulua. Lan-egutegia.

1.–Negoziazioa.

Aurreko urteko azaroaren 1a baino lehen, Batzordearekin negoziatuko dira departamentuetako lan-egutegi guztiak, eta langile bakoitzaren eguneroko lan txandak zehaztuko dira. Negoziazio horretatik hitzarmen kolektibo honetan aurreikusi gabeko hobekuntzak negoziatzen ahalko dira.

Honako egun hauek ez dira laneguntzat hartzen ahalko: abenduaren 24a, 25a eta 31, eta urtarrilaren 1a.

2.–Lanaldiaren gainetik egindako egunak.

Lanaldiaren gainetik egindako egunak opor eguntzat hartuko dira, eta langileak aukeratuko ditu, gutxienez 6 aste lehenago idatziz jakinarazita, edo gutxiago, arduradun zuzenarekin idatziz adostuta, oporren kondizio berberetan.

Departamentu guztiek beren lan-egutegia izanen dute, eta bertan zehaztuko da lanaldi zatitua edo txanda jarraitua duen. Departamentuen lan-egutegi horietan oinarrituta, enpresak aldaketak egiten ahalko ditu, behar bezala justifikatuta, arrazoi teknikoak, ekoizpenekoak edo antolakuntzakoak direla medio, betiere hitzarmen honetan ezarritako malgutasun mugen barnean.

3.–Lanaldi zatitua.

Aipatutako egun horiez gain, ez dira laneguntzat hartuko urtean urteko gainerako jaiegun ofizialak, larunbatak eta igandeak.

–Sarrera ordua:

Langileak 07:00etatik 09:00etara hasten ahalko du bere lanaldia. Salbuespen gisa, zilegi izanen da arau orokor hori ez aplikatzea, baldin eta langilea bertan egotea eskatzen duten prozesuak, bilerak, bisitak edo zereginak badaude, eta beti jakinarazi behar zaio aldez aurretik dagokion zuzeneko nagusiari.

Ogitartekorako atsedenaldia egitea edo ez egitea borondatezkoa izanen da. Langilearen kontura den ogitartekorako atsedenaldiaren denbora aukerakoa izanen da, baina hartzen den egunean bertan berreskuratu beharko da (6. artikuluan adostutakoarekin bezala jokatuko da).

–Bazkaltzeko ordua:

Bazkaltzeko denbora 13:00etatik 15:00etara bitarte hartzen ahal da. Bazkaltzeko 30 minutu eginen dira gutxienez.

Legezko zaintzagatik (adingabe bat zaintzeko) lanaldi murriztua duten lanaldi zatituko langileek eskubidea izanen dute ez egiteko nahitaezko 30 minutuko gutxieneko bazkaltzeko denbora, baldin eta aldez aurretik egiaztatu eta justifikatzen badute kontziliazio beharra. Aurrekoa gorabehera, enpresak eskaera ukatzen ahalko du arrazoi justifikatuengatik. Langileari idatziz jakinarazi beharko dio, eta Enpresa Batzordeari idazkiaren kopia helarazi.

–Irteera ordua:

Lanaldia ez da inolaz ere burutuko 17:00ak baino lehenago, eta egutegian zehaztutako benetako lanaren guztizko zenbaketa bete beharko du. Atsedenaldiko 15 minutu ez dira zenbatzen lanaldiaren barnean.

2026tik aitzina, lanaldia ez da inolaz ere burutuko 16:45a baino lehenago, eta egutegian zehaztutako benetako lanaren guztizko zenbaketa bete beharko du. 2027tik aitzina, lanaldia ez da inolaz ere burutuko 16:30a baino lehenago, eta egutegian zehaztutako benetako lanaren guztizko zenbaketa bete beharko du, baita ere. Atsedenaldiko 15 minutu ez dira zenbatzen lanaldiaren barnean. Ezin da denborarik metatu egun batetik bestera. Ezarritako ordutegiaren arabera, langile guztiek enpresan egon behar dute goizeko 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 15:00etatik 17:00etara (16:45era 2026ko urtarrilaren 1etik aitzina eta 16:30era 2027ko urtarrilaren 1etik aitzina), salbu eta zuzeneko arduradunarekin idatzizko akordiorik badago.

–Ostiraletako ordutegi trinkoa:

Ostiraletako lanaldia trinkoa izanen da, egunean 7 orduko benetako lana eginda eta ogitartekorako aukerako denborarekin (15 minutu berreskuratu behar dira eguneko hartzen ahal diren 20 minutuetatik).

Ostiraletan, sartzeko eta irteteko ordubeteko malgutasunari eutsiko zaio, hau da, sarrera 07:00etatik 09:00etara izaten ahal da, eta irteera 14:00etatik 16:00etara, edo 16:15era, ogitartekorako atsedenaldia egitea aukeratuz gero.

Malgutasun hori arlo bakoitzaren behar berezien mende dago.

–Udako eta Gabonetako lanaldi trinkoa:

Uztailean eta abuztuan eta abenduaren 24tik 31ra bitartean lanaldia trinkoa izanen da, egunean 7 orduko benetako lana eginda astelehenetik ostiralera, eta ogitartekorako aukerako denborarekin (atsedenaldi hori egiten den egunaren barnean, 15 minutu berreskuratu behar dira eguneko hartzen ahal diren 20 minutuetatik).

Sartzeko eta irteteko ordubeteko malgutasunari eutsiko zaio denbora tarte horretan, hau da, sarrera 07:00etatik 09:00etara izaten ahal da, eta irteera 14:00etatik 16:00etara edo 16:15era, ogitartekorako atsedenaldia egitea aukeratuz gero. Malgutasun hori arlo bakoitzaren behar berezien mende dago.

–Lanaldia doitzeko eguna:

Urteko lanaldia murriztu gabe, eta etorkizuneko negoziazioetan adosten dena deusetan galarazi gabe, txanda zatituko langileek egutegia doitzeko egun libre bat izanen dute. Langileak libre hartzeko eguntzat hartuko da (urteko lanegun kopurua -1), hitzarmen honen hamaikagarren artikuluan ezarritako araubidearen eta prozeduraren arabera. 2027an eta 2028an egun libreak bi izanen dira, egutegi doikuntza dela eta.

4.–Txanda jarraitua (txandakako langileak).

Aipatutako egun horiez gain, ez dira laneguntzat hartuko urtean urteko larunbatak eta igandeak.

Asteko ordutegia goizez (06:00-14:15), arratsaldez (14:00-22:15) edo gauaz (22:00-06:15) izanen da. Lanaldia astelehenetan hasiko da, goizeko edo arratsaldeko txandan egonez gero, eta igandeetan, gaueko txandan egonez gero. Lan egiten ez den jaiegunetan, txanda 22:00etan hasiko da eta libre geldituko da jaiegunaren aurreko gaua. Arratsaldeko txandako 22:00etatik 22:15era bitarteko 15 minutuek zati horri dagokion gaueko lanaren plusa sortuko dute.

5.–Etengabeko prozesuko lan txandak.

Etengabeko prozesuko lan txanden sistemara atxikitako langileek talde horrentzat bermatutako ordainsaria jasoko dute, 1. eranskineko taulan ezarritakoaren arabera.

Bermatutako ordainsariaz gain, langileek dagozkien edo legozkiekeen plus pertsonalak jasoko dituzte, baita gaueko lanaren plusa (hitzarmen honen 15.5 artikulua), txandakako eta jaiegunetako lanaren plusa (hitzarmen honen 15.3 artikulua) eta benetan lan egindako jaiegunen plusa (hitzarmen honen 15.3 artikulua).

8. artikulua. Aparteko orduak. Konpentsazioa.

Borondatezkoak izanen dira. Hiru hilean behin, egindako aparteko orduen kopuruari buruzko txosten izendun eta zehatza helaraziko zaio Batzordeari.

Honela konpentsatuko dira: 1 x 1,50. Langileak aukeratuko du konpentsazioa dirutan kobratzea edo orduak hartzea "denbora erabilgarriaren poltsa indibidual" gisa baliatzeko. Dirutan kobratuz gero, orduaren balioa kalkulatzeko, langileari ordaintzen zaion urteko ordainsari gordin finkoa hartuko da kontuan.

Ezinbesteak eraginiko kasuengatik edo jardueraren premia urgenteengatik aparteko orduak egin beharra bada, aurrez abisatu beharko zaio Batzordeari eta idatziz jakinarazi langileari. 1 x 2,50 konpentsatuko dira, aparteko orduen era berean.

Kantitate horien indarraldia 2026ko urtarrilaren 1etik aitzinakoa izanen da, eta aurreko hitzarmenean 2024rako eta 2025erako aurreikusitakoak mantendu eginen dira.

9. artikulua. Malgutasuna. Txanda aldaketak. Larunbatetako edo igande/jaiegunetako lana. Guardiak. Beste lan sistema batzuk.

Lanaldiaren banaketa erregularra izanen da. Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluaren eta lanaldiaren antolamenduaren, eta Industria Kimikoaren Estatuko Hitzarmenean araututa dauden "denbora erabilgarriaren poltsaren" eta larunbat, igande eta jaiegunetako lanaren ordez, honako malgutasun hau adostu da:

1.–Txanda aldaketak.

Arrazoi teknikoak, ekoizpenekoak edo antolakuntzakoak direla medio, enpresak aldatzen ahal du langile bakoitzaren asteko lan txanda, haren egutegian ezarrita dagoena, gehienez 5 aste urtean, ukitutako langileari aurrez abisatuta, gutxienez 15 egun lehenago. Langileari idatziz jakinaraziko zaio beti.

Langile kopuruaren edo langileen kualifikazioaren arabera txanda desorekaturen bat geratzen bada eta boluntariorik ez badago, enpresak langile bakoitzaren txandak aldatzen ahalko ditu urtean behin, eraginpeko langileari hilabete lehenago jakinarazita. Langileari idatziz jakinaraziko zaio beti, eta txanda aldaketa guztien berri emanen zaio Batzordeari.

2.–Larunbatetako edo igande/jaiegunetako lana.

Larunbateko eta igandeko lantzat ulertuko da ostiraleko 22:00etatik igandeko 22:00ak bitartean egindakoa.

Enpresak eskatuta ostiraletan –gaueko txandan– edo larunbatetan –goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandan– eta igandeetan edo jaiegunetan –goizeko eta arratsaldeko txandan– lan egin nahi duten langileei honako taula honetan ezarritako aukeren arabera konpentsatuko zaie:

LANGILEAK HAUTATUTAKO KONPENTSAZIOA

2026

2027

2028

1. aukera

Bi egun lan egindako
egun bakoitzeko + 25 euro

Bi egun lan egindako
egun bakoitzeko + 30 euro

Bi egun lan egindako
egun bakoitzeko + 35 euro

2. aukera

Egun bat lan egindako
egun bakoitzeko + 105 euro

Egun bat lan egindako
egun bakoitzeko + 110 euro

Egun bat lan egindako
egun bakoitzeko + 115 euro

(2024rako eta 2025erako konpentsazioa aurreko hitzarmenean ezarritakoa eta jada likidatutakoa izanen da).

Boluntariorik ez badago, enpresak gehienez ere 5 egun egiten ahalko ditu lanegun, langileari idatziz jakinarazita, gutxienez 5 eguneko aurretiaz eta arestian adierazitako konpentsazio berarekin. Arrazoi justifikatuak tarteko, izendatutako pertsonak ezin badu joan, enpresak esleipena aldatu eta beste langile bat izendatzen ahalko du. Aldaketa horren berri eman beharko da bertaratzea eragozten duen inguruabarra jakin bezain laster, eta, nolanahi ere, gutxienez 2 egun lehenago.

Kasu salbuespenezko eta esklusibo horretan langileak ezin badu joan hasieran lan egiteko esleitu zitzaion egunean eta, horrenbestez, azkenean ez bada joan lanera egun horretan, ez da zenbatuko artikulu honetan ezartzen den bost eguneko zenbaketaren ondorioetarako.

Sortutako egun horiek hitzarmen honen 10. artikuluan araututako "denbora erabilgarriaren poltsa indibidualean" parte izanen dira.

3.–Guardiak.

Une puntualetan, eta langilea aldez aurretik, bere borondatez eta idatziz atxiki bada, enpresak guardiak aplikatzen ahal ditu atal guztietan, 24 ordukoak edo 12 ordukoak, ostiraleko 22:00etatik igandeko 22:00etara. Horrek, aktibatuz gero, langilea behartuko du lantokira 30 minutu baino gutxiagoan joatera.

Guardiak honako taula honetan ezarritakoaren arabera ordainduko dira:

2026

2027

2028

12 orduko guardiak

50 euro

55 euro

60 euro

24 orduko guardiak

100 euro

105 euro

110 euro

(2024rako eta 2025erako konpentsazioa aurreko hitzarmenean ezarritakoa eta jada likidatutakoa izanen da).

Aparteko kasuetan, urtarrilaren 1eko eta abenduaren 24ko, 25eko eta 31ko guardiak honako taula honetan ezarritakoaren arabera ordainduko dira:

2026

2027

2028

12 orduko guardiak

65 euro

70 euro

75 euro

24 orduko guardiak

125 euro

130 euro

135 euro

(2024rako eta 2025erako konpentsazioa aurreko hitzarmenean ezarritakoa eta jada likidatutakoa izanen da).

Aurreko ordainsariaz gain, langileari bi orduko konpentsazioa aitortuko zaio guardian emandako ordu bakoitzeko. Ordu horiek nola atseden orduekin hala diruaren truke konpentsatuko dira. Dirutan konpentsatzea aukeratzen bada, hitzarmen honetan aparteko orduetarako arautzen den kalkulurako oinarri bera erabiliko da.

Egindako guardia guztiei buruzko informazioa helaraziko zaio Batzordeari, hiru hilean behin gutxienez.

4.–Beste lan sistema batzuk.

Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute lan sistemetan egon litezkeen aldaketak eta horien kondizioak negoziatzeko.

10. artikulua. Denbora erabilgarriaren poltsa indibiduala.

Larunbat, igande eta jaiegunetan lan egiteagatik sortutako egunak, aparteko orduak eta guardian emandako orduak –atsedenarekin konpentsatuko direnak–, sortutako egun horiek langilearen "denbora erabilgarriaren poltsa indibiduala" osatuko dute eta langileak hortik egunka edo orduka baliatzen ahalko ditu, aldez aurretik idatziz jakinarazita dagokion arduradunari, 15 eguneko aurreabisuarekin. Aukeratutako egunak hartzeko eskubidea izanen du, oro har. Soilik ukatzen ahalko zaio lantalde, atal edo departamentu bereko langile batek baino gehiagok egun berak hartu nahi badituzte eta horrek ekoizpen prozesu bati kalte egiten ahal badio, eta zergatiaren argudioak idatziz eman beharko zaizkie langileari eta Batzordeari, jakin ditzaten, kontuan izanik printzipio orokorra dela lantaldeko langile batek gutxienez egun hori libre hartzeko aukera izatea. Aurreabisua egun gutxiagorekin eginez gero, eguna hartzen ahalko da zuzeneko arduradunarekin adosten bada. Urte naturaleko lehen 8 hilabeteetan sortutako poltsa hori urte natural horretan berean baliatuko da, eta azken 4 hilabeteetan sortutakoak hurrengo urteko lehen 6 hilabeteetan baliatzen ahalko dira.

IV. KAPITULUA.–OPORRAK. LIZENTZIAK. LANALDIA MURRIZTEA

11. artikulua. Oporrak.

1. 22 lanegun izanen dira, eta horietako 15 uztaileko lehenengo 3 aste jarraietan hartu beharko dira, uztailaren lehen astelehen naturala jota haren hasieratzat.

2. Gainerako 7 egunak langileak libre hartzekoak izanen dira, aurrez abisatuta, idatziz, 6 aste lehenago, eta, oro har, aukeratutako egunetan hartzeko eskubidea izanen du. Soilik ukatzen ahalko zaio lantalde, atal edo departamentu bereko langile batek baino gehiagok egun berak hartu nahi badituzte eta horrek ekoizpen prozesu bati kalte egiten ahal badio, eta zergatiaren argudioak idatziz eman beharko zaizkie langileari eta Batzordeari. Aurreabisua 6 aste baino gutxiagorekin eginez gero, egunak hartzen ahalko dira zuzeneko arduradunarekin adosten bada.

3. Batzorde Paritarioaren bitartez, azterketa bat abiaraziko da jakiteko zein den atal berean beharrezkoa den gutxieneko plantilla, oporrak hartzeko edo "denbora erabilgarriaren norbere poltsa" baliatzeko eskaerak betetze aldera.

4. Oporraldian langileek jasoko duten soldata izanen da kontzeptu finko guztiengatik dagokien ordainsaria gehi oporrak hartu aurreko 12 hilabeteetako kontzeptu aldakorren batezbestekoa.

12. artikulua. Lizentziak.

Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrean jasotakoez gain, honako hobekuntza hauek ezarri dira:

1. Izatezko bikotea osatzeagatiko lizentzia ezkontza lizentziarekin parekatzea.

2. Langileari lizentzia bat aitortzea, urtean 10 ordu gehienez ere, haren kargura ez dauden lehen graduko ahaideei, minbizia edo gaixotasun arraroak direla-eta, kontsultetara eta tratamenduetara laguntzeko, ezinbestekoa den denboran, baldin eta kontsultategiko ordutegia eta langilearen lanaldia bat badatoz, tratamendua edo kontsulta osasun zerbitzu ofizialetan egiten bada eta aldez aurretik jakinarazten bada, eta ondoren justifikatu. Aipatutako laguntzarako berariaz egin behar badu 200 km baino gehiagoko (ibilbideko) bidaia, langileari beste 6 ordu aitortuko zaizkio gehienez ere. Langileak beste norbaiti lagundu badio tratamendu bat jasotzera, laguntza beharrezkoa zelako eta langilea laguntzailea izan delako egiaztagiria aurkeztu beharko du langileak.

3. Kontsulta medikora joateko eta norbaiti kontsulta medikora laguntzeko baimenetan behar-beharrezko denbora neurtzeko, lantokiaren eta kontsulta medikoaren arteko markaketa (Google Mapsen arabera) hartuko da erreferentziatzat, eta 10 minutu gehituko zaizkio aparkatzeko.

4. Urtean 10 orduko baimen berreskuragarria izanen da lanorduetatik kanpo egin ezin diren kudeaketa pertsonal atzeraezinetarako (administratiboak, bankukoak edo antzekoak). Zuzeneko arduradunarekin adostu ondoren hartzen ahalko dira ordu horiek; hala, zuzeneko arduradunak arloaren antolamendu premiak baloratuko ditu, eta langileak justifikatu egin beharko du premia.

5. Lehen mailako ahaideen heriotzagatik, langileak gehienez bost (5) laneguneko lizentzia ordaindua izanen du. Lekualdaketak ez du inolaz ere baimena luzatuko.

6. Langileak eskubidea izanen du ezinbesteak eraginik lanera joan gabe gelditzeko, baldin eta ahaideekin edo bizikideekin zerikusia duten premiazko arrazoi familiarrengatik sortzen bada halabehar hori edo berehala bertaratzea eskatzen duen gaixotasun edo istripuren bat gertatzen bada.

Langileek eskubidea izanen dute apartatu honetan azaltzen diren arrazoiengatik lanean ari ez diren orduen ordaina jasotzeko, urtean lau egun guztira.

Honako hauek jotzen dira kasu justifikatutzat, besteak beste:

–Norbaiti larrialdietara laguntzea.

–Haurtzaindegietako, ikastetxeetako, institutuetako eta bestelako prestakuntza zentroetako deiak, adingabea jasotzera joan behar denean.

–Adinekoen zentroetatik, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako zentroetatik edo tutoretzapeko etxebizitzetatik egindako deiak.

Lizentzia hau onartzeko, deskribatutako egoerak egiaztatu beharko dira, kasu bakoitzaren arabera, honako egiaztagiri hauekin:

–Larrialdietara joan izanaren egiaztagiria.

–Haurtzaindegiaren edo kasuan kasuko ikasketa eta prestakuntza zentroaren egiaztagiria.

–Dagokion zaintza zentroaren egiaztagiria.

Arestian zehaztutako zerrendan jaso ez diren bestelako kasuei dagokienez, hitzarmen honetako Batzorde Paritarioaren edo ebazpen judizialen edo arau aldaketen kontura geratuko da ezinbesteak eraginiko kasua ote den baloratzea.

Horrez gain, ezinbesteak eraginiko kasutzat hartuko dira, halaber, langilearentzat ezinezkoa izatea bere lanpostura joatea senideak edo bizikideak zaindu behar dituelako, egun natural berean lanaldia hasi aurretik gertaturiko gaixotasun edo istripuren baten ondorioz. Gertaera hori ahalik eta lasterren jakinarazi beharko zaio enpresari, eta egiaztagiri mediko edo sanitarioaren bitartez justifikatu beharko da.

13. artikulua. Eszedentzia hartzea eta lanean berriz hastea.

1. Langileek eskubidea dute hiru urteko eszedentzia hartzeko, gehienez, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo adopziorako zaintzan nahiz harrera iraunkorrean hartua. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, ebazpen judizialaren edo administratiboaren egunetik aitzina kontatuko dira. Lehenbiziko hemezortzi hilabeteetan, bere lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epe hori bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide-talde berekoa edo antzeko kategoria batekoa izanen da.

2. Ahaideak zaintzeko eszedentziaren kasuan, Langileen Estatutuaren 46.3 artikuluan agertzen den moduan, eszedentziarako aldiak ez du bi urte baino gehiago iraunen. Lehenbiziko hemezortzi hilabeteetan, bere lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epe hori bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide-talde berekoa edo antzeko kategoria batekoa izanen da.

3. Borondatezko eszedentzia berezia: Langileen Estatutuan araututako borondatezko eszedentziaren osagarri gisa, eta enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileen kasuan, borondatezko eszedentziaren modalitate bat onartzen da, behin bakarrik hartzekoa, lanpostua gordetzeko eskubidearekin, baldin eta denbora tarte horretan langileak egiaztatzen badu hori sektorearekin lotutako ikasketa ofizialak egiteko dela (gradua edo masterra biologian, kimikan, biokimikan, ingeniaritzan edo bioteknologian; sektore horrekin lotutako lanbide heziketa; edo lanpostuarekin lotutako beste edozein ikasketa ofizial) eta hitzarmen honen, Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorraren edo antzeko beste hitzarmen baten esparruko beste enpresaren batera joaten ez bada. Gehienez ere bederatzi hilabete iraunen du.

14. artikulua. Lanaldiaren murrizketa legezko zaintzarengatik.

Eguneroko lanaldia murrizteko eskubidea izanen da. Enpresarekin aldez aurretik adostuz gero bakarrik egiten ahalko da asteka, hilabeteka edo urteka.

V. KAPITULUA.–SOLDATA EGITURA. SOLDATA IGOERA. BESTE ORDAINSARI BATZUK

15. artikulua. Soldata egitura.

Soldata 12 hilekotan eta aparteko 2 ordainsaritan –ekainekoan eta abendukoan– ordainduko da.

Enpresako ordainsarien egitura honako hau izanen da:

1.–Oinarrizko soldata.

Halakotzat ulertuko da hitzarmen kolektibo honek lanbide-talde bakoitzerako ezartzen duena (I. eranskineko taula orokorra).

2.–Txandakako eta jaiegunetako lanaren plusa.

Halakotzat ulertuko da txandakako eta jaiegunetako zerbitzuak ematera atxikitako langileei (txanda jarraitua, txandakako langileak) ordaintzen zaien saria.

%8ko zenbatekoa izanen da, oinarrizko soldataren, antzinatasunaren eta gainerako plus pertsonalen gainean kalkulatua, 12 hilekotan. 2026ko urtarrilaren 1etik aitzina, %8,5ekoa izanen da (%8,75ekoa 2027ko urtarrilaren 1etik aitzina, eta %9koa 2028ko urtarrilaren 1etik aitzina), oinarrizko soldataren gainean kalkulatuta 12 hilekotan, eta bermatu eginen da ezein langilek ez duela jasoko 2025ean kobratutakoa baino txikiagoa den txanda plusik eta jaiegun plusik.

3.–Benetan lan egindako jaiegunak.

Jaiegun ofizialetan benetan egindako lana ordaintzen duena hartuko da halakotzat (Estatuko Aldizkari Ofizialak eta Nafarroako Aldizkari Ofizialak markatutako eta konpainiaren egutegian ezarritako jaiegun ofizialak).

Benetan lan egindako jaiegun ofizial bakoitzeko, txandakako zerbitzua emateko erregimenari atxikita dauden langileek (txanda jarraitua, txandakako langileak) benetan lan egindako jaiegunengatiko plusa jasoko dute, 20 eurokoa (25 euro 2027ko urtarrilaren 1etik aitzina eta 30 euro 2028ko urtarrilaren 1etik aitzina). Plus hori 2026ko urtarrilaren 1etik aitzina izanen da eraginkorra.

Kopuru hori lanaldi osoari dagokio; lanaldi partziala eginez gero, dagokion zati proportzionala aplikatuko zaio.

Dena delakoagatik (oporrak, asteko atsedena, aldi baterako ezintasuna, baimena, etab.) jaiegun batean lanik egiten ez bada, plus hau ez da ordainduko.

4.–Antzinatasuna.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek antzinatasun osagarri pertsonal bat jasoko dute, konpainian lan egindako urte bakoitzeko aldizkako igoerengatik. Osagarri hori lehenengo hirurtekoa betetzen denetik aitzina sortuko da.

2024., 2025. eta 2026. urteetarako antzinatasun osagarriaren zenbatekoa II. eranskineko soldata taulan zehaztutakoa izanen da. Zehazki, kontzeptu horren gehikuntzaren ondoriozko zenbatekoak honako hauek dira:

Antzinatasun hirurteko bat betetzean, zenbateko hau ordainduko da:

–2024 eta 2025: 105 euro.

–2026: 135 euro.

–2027: 140 euro.

–2028: 145 euro.

Jarraian adierazitako zenbatekoa ordainduko da antzinatasun urte bakoitzeko, lehen hirurtekotik aitzina:

–2024 eta 2025: 35 euro.

–2026: 55 euro.

–2027: 60 euro.

–2028: 65 euro.

5.–Gaueko lanaren plusa.

Halakotzat ulertuko da 22:00etatik 06:00etara egiten dena.

2024an eta 2025ean orduko 2,85 euro ordainduko dira, 2026an orduko 3,30 euro eta 2027an eta 2028an orduko 3,50 euro, Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrean ezarritako gutxienekoa bermatuz betiere.

Arratsaldeko txandan dauden langileek, txanda aldaketa dela-eta, 15 minuturi dagokion txandaren plusa jasoko dute.

6.–Guardien plusa.

Hitzarmen honen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera arautuko da.

7.–Dietak/kilometrajea.

Enpresak bere gain hartuko du plantillaren dieten kostu osoa, joan-etorriak edo bidaiak egin behar izanez gero. Langileak bere ibilgailua erabili behar badu, 0,52 euro ordainduko zaizkio egindako kilometro bakoitzeko (Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrean ezarritako gutxienekoa bermatuko da beti). Zenbateko hori hitzarmen hau sinatzen denetik aitzina ordainduko da, atzeraeraginik gabe.

8.–Beste kontzeptu batzuk.

Gaur egun dauden bezala jarraituko dute.

16. artikulua. Soldata igoerak.

1.–Irizpide orokorra eta aplikazio oinarria.

Soldata igoerak lanbide-talde bakoitzaren oinarrizko soldataren gainean aplikatuko dira, une bakoitzean indarrean dauden 3P Biopharmaceuticals taldearen soldata taulen arabera, eta hurrengo paragrafoetan ezarritako baldintzei jarraikiz.

2.–Konpentsazioa eta xurgapena.

Alderdiek jasota utzi dute 2024ko eta 2025eko ekitaldietan aplikatutako soldata igoerak konpentsazio eta xurgapen araubidearen bidez gauzatu direla, indarrean dagoen legezko eta hitzarmenezko araudian eta aurreko hitzarmen kolektiboko erabakietan aurreikusitakoaren arabera.

Aurrekoa gorabehera, eta ordainsari eredu egonkorrago baterantz igarotze asmoz, 2026ko, 2027ko eta 2028ko ekitaldietarako finkaturiko soldata igoerak oinarrizko soldataren gainean aplikatuko dira, 3Pko taulen arabera, eta ez dira konpentsatzen ahalko, ezta xurgatzen ahalko ere.

3.–Klausula iragankorra. Aparteko ordainketa bakarra.

Lan egiten ari diren langileen arteko ordainsari orekari eusteko eta soldata eskema berrirako trantsizioa errazteko, enpresak ordainketa bakar bat –apartekoa eta ez kontsolidatu ez konpentsatu ezin dena– ordainduko die hitzarmen hau sinatzen den egunean alta egoeran dauden langileei. Ordainketa hori 2024ko eta 2025eko ekitaldietan konpentsazio eta xurgapen erregimena aplikatuta xurgatutako zenbatekoen arabera zehaztuko da.

Ordainketa hori salbuespenezkoa, atzeraeraginik gabekoa eta iragankorra izanen da, eta hitzarmena sinatu eta hurrengo hilabeteko nominan gauzatuko da.

Ordainketa hori ez da soldata egituran sartuko, ez eta konputagarria izanen ere etorkizuneko ordainsari igoeren edo hobekuntzen ondorioetarako.

4.–Urteko igoerak oinarrizko soldataren gainean.

Ezarritako igoerak oinarrizko soldataren gainean soilik aplikatuko dira, plus pertsonalei eragin gabe; izan ere, plus pertsonalak hitzarmen hau sinatutako egunean indarrean dauden zenbatekoetan mantenduko dira.

2024rako oinarrizko soldata –lanbide-talde bakoitzari itundutako gehieneko lanaldiagatik dagokiona– I. eranskineko soldata taulan 2024rako ezarritakoa izanen da (2023ko oinarrizko soldataren gaineko %3,75eko igoerarekin), 2024ko urtarrilaren 1etik aitzinako ondorioekin.

2025erako oinarrizko soldata –lanbide-talde bakoitzari itundutako gehieneko lanaldiagatik dagokiona– I. eranskineko soldata taulan 2025erako ezarritakoa izanen da (2024ko oinarrizko soldataren gaineko %3,75eko igoerarekin), 2025eko urtarrilaren 1etik aitzinako ondorioekin.

2026rako oinarrizko soldata –lanbide-talde bakoitzari itundutako gehieneko lanaldiagatik dagokiona– I. eranskineko soldata taulan 2026rako ezarritakoa izanen da (2025eko oinarrizko soldataren gaineko %3,5eko igoerarekin), 2026ko urtarrilaren 1etik aitzinako ondorioekin.

2027rako oinarrizko soldata –lanbide-talde bakoitzari itundutako gehieneko lanaldiagatik dagokiona– I. eranskineko soldata taulan 2027rako ezarritakoa izanen da (2026ko oinarrizko soldataren gaineko %2,5eko igoerarekin), 2027ko urtarrilaren 1etik aitzinako ondorioekin.

2028rako oinarrizko soldata –lanbide-talde bakoitzari itundutako gehieneko lanaldiagatik dagokiona– I. eranskineko soldata taulan 2028rako ezarritakoa izanen da (2027ko oinarrizko soldataren gaineko %2,5eko igoerarekin), 2028ko urtarrilaren 1etik aitzinako ondorioekin.

Lanbide-taldeen arteko ordainsari ekitateari eusteko eta soldata egituren barne lerrokatze egokia bermatzeko, 2024., 2025., 2026., 2027. eta 2028. urteetako bakoitzean %0,25eko igoera gehigarria aplikatuko zaio 2., 3. eta 4. lanbide-taldeei soilik dagokien oinarrizko soldatari, eta modu kontsolidatuan gehituko zaio igoera hori soldatari. Igoera gehigarri hori I. eranskineko soldata tauletan aplikatuta dago.

Taula orokorra eta etengabeko prozesuko txandaren taula, biak ere hitzarmen honetako 1. eranskinean jasoak, ezin dira inoiz txikiagoak izan, hurrenez hurren, Industria Kimikoaren Estatuko Hitzarmenean urte bakoitzerako ezarritako gutxieneko soldata bermatuaren (GSB) taulakoak eta etengabeko prozesuko txandaren taulakoak baino.

Aurrekoa gorabehera, gerta liteke Industria Kimikoaren Estatuko Hitzarmeneko GSBaren taula orokorrak eta etengabeko prozesuko txandaren taulak hitzarmen honetan finkatutakoak baino zenbateko handiagoak ezartzea eta, kasu horretan, enpresak langilearen plus pertsonal xurgagarritik xurgatzen ahalko du alde hori.

5.–KPI bermatzeko klausula.

Nafarroako Foru Komunitateko urte arteko KPIa –aurreko urteari dagokiona– ekitaldirako aurreikusitako igoera baino handiagoa bada, KPI erreala aplikatuko da, itundutako ehunekoa ordezkatuz, eta urte horretako urtarrilaren 1etik aitzina izanen ditu ondorioak aplikazio horrek.

6.–Igoera aldakorra.

%0,75eko ordainketa bakar eta ez-kontsolidagarri bat adostu da 4. eta 5. lanbide-taldeen GSBaren batezbestekoaren gainean (taula orokorrak, eta ez etengabeko prozesuko txandarenak), talde guztien artean banaketa lineala eginda, baldin eta urteko zerga aurreko mozkinak –benetakoak eta ikuskatuak– 130.384 euro baino gehiago badira. Zenbateko hori %1,00ra igoko da urteko zerga aurreko mozkinak, benetakoak eta ikuskatuak, 400.000 euro baino gehiago badira.

Igoera hori, hura jasotzeko kondizioak betetzen badira betiere, kontu ikuskatuak aurkezten diren unean ordainduko da, edo uztaileko nominan beranduenez, eta sortutako urte horretan langile bakoitzak lan egindako denboraren proportzioan.

VI. KAPITULUA.–ALDI BATERAKO EZINTASUN EGOERETARAKO BERMEAK

17. artikulua. Aldi baterako ezintasun egoeretarako bermeak.

1. Enpresak aldi baterako ezintasuneko prestazioak osatuko ditu, egoera hori lanbideko kontingentzia baten ondoriozkoa (lanbide-gaixotasuna edo lan istripua), amatasunaren ondoriozkoa (kontzeptu horretan sartuko da interesdunak haurdunaldia enpresari jakinarazten dionetik haurdunaldia bukatu bitarteko aldi baterako ezintasuneko edozein prozesu) edo ospitaleratzearen ondoriozkoa denean. Halakoetan, altaren edo ezintasun deklarazioaren egunera arte osatuko ditu prestazioak, soldataren %100era arteko osagarri baten bidez. Zenbateko hori kalkulatzeko, altan balego langileari jasotzea legozkiokeen soldata kontzeptu finko guztiak kalkulatuko dira, gehi osatzen den aldi baterako ezintasuna hasi aurreko 12 hilabeteetan langileak jasotako kontzeptu aldakorren batezbestekoa.

2. 2026ko urtarrilaren 1etik aitzina, enpresak kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasuneko prestazioak ere osatuko ditu, altaren edo ezintasun deklarazioaren egunera arte, kontuan hartuta baja hasi aurreko urte naturalean zenbatekoa izan den plantilla guztiaren absentismo indizea, aldi baterako ezintasunen ondoriozkoa, ehuneko hauen arabera:

a. Absentismo kolektiboa, %0 eta %2,35 bitarte: Urte naturaleko 1. eta 2. bajetan, %100eraino osatuko dira altan balego langileari jasotzea legozkiokeen soldata kontzeptu finkoak eta aldi baterako ezintasunaren aurreko 12 hilabeteetako kontzeptu aldakorren batezbestekoa. 3. bajan eta hurrengoetan, osagarri hori %70ekoa izanen da lehenbiziko hiru egunetan, eta %100ekoa laugarren egunetik aitzina.

b. Absentismo kolektiboa, %2,36 eta %2,7 bitarte: Urte naturaleko 1. eta 2. bajetan, %90eraino osatuko dira altan balego langileari jasotzea legozkiokeen soldata kontzeptu finkoak eta aldi baterako ezintasunaren aurreko 12 hilabeteetako kontzeptu aldakorren batezbestekoa. 3. bajan eta hurrengoetan, osagarri hori %70ekoa izanen da lehenbiziko hiru egunetan, eta %90ekoa laugarren egunetik aitzina.

c. Absentismo kolektiboa, %2,71 eta %2,99 bitarte: Lehenengoan, %85eraino osatuko dira altan egonen balitz langileari jasotzea legozkiokeen soldata kontzeptu finkoak eta azken 12 hilabeteetako kontzeptu aldakorren batezbestekoa. Bigarren bajan, osagarri hori %80rainokoa izanen da, eta hirugarrenean eta hurrengoetan, %70ekoa lehenbiziko hiru egunetan, eta %80koa laugarren egunetik aitzina.

d. %3tik aitzina, bajak eskala indibidual honen arabera osatuko dira:

I. Langile bakoitzaren lehen baja medikoa %85ekin osatuko da lehenbiziko hiru egunetan eta laugarren egunetik aitzina, berriz, altan egonen balitz langileari jasotzea legozkiokeen soldata kontzeptu finkoen legezko ehunekoak.

II. Langile bakoitzaren bigarren baja medikoa %75ekin osatuko da lehenbiziko hiru egunetan eta laugarren egunetik aitzina, berriz, altan egonen balitz langileari jasotzea legozkiokeen soldata kontzeptu finkoen legezko ehunekoak.

III. Langile bakoitzaren hirugarren baja medikoa eta hurrengoak %70ekin osatuko dira lehenbiziko hiru egunetan eta laugarren egunetik aitzina, berriz, altan egonen balitz langileari jasotzea legozkiokeen soldata kontzeptu finkoen legezko ehunekoak.

Absentismoaren indize hori kalkulatzeko ez dira zenbatuko honako hauen ondoriozko absentziak: langileen legezko ordezkaritzako zereginak, lanbideko kontingentzia (lanbide-gaixotasuna edo istripua), amatasuna, haurdunaldiko arriskua eta edoskitzea, haurdunaldia jakinarazten denetik gertatzen den edozein aldi baterako ezintasun, aitatasuna, lizentziak, poltsako egunak eta oporrak.

2024rako eta 2025erako, ABEagatiko osagarriak aurreko hitzarmenean ezarritakoak eta jada likidatutakoak izanen dira.

3. Enpresak absentismo ehunekoei buruzko informazioa emanen dio Enpresa Batzordeari, idatziz, gutxienez hiru hilean behin.

4. Alderdiek lan batzorde paritario bat eratzeko konpromisoa hartu dute, lan absentismoaren kausak eta bilakaera berariaz aztertzeko, bai eta absentismoa murrizteko eta langileen ongizate fisikoa eta emozionala hobetzeko balizko neurriak ere.

Batzorde horrek lankidetza-akordioak ebaluatu eta proposatzen ahalko ditu fisioterapian, psikoterapian edo antzeko beste diziplina batzuetan espezializatutako klinika edo zentroekin, lan-osasuna berreskuratzen eta mantentzen laguntze aldera.

Era berean, eta indarreko bermeak alde batera utzi gabe, batzorde honen ondorioek aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak kudeatzeko sistemak berrikusteko edo eguneratzeko proposamenak eragiten ahalko dituzte, alderdiek horren esparruan aldez aurretik adostuta betiere.

VII. KAPITULUA.–ENPRESAN SARTZEKO GUTXIENEKO LANBIDE-SAILKAPENEKO TALDEA

18. artikulua. Sartzeko gutxieneko taldea.

Enpresan sartzeko gutxieneko taldea Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorreko 2. taldea izanen da, eta 3Pko soldata taulak aplikatuko zaizkie.

VIII. KAPITULUA.–KONTRATAZIO POLITIKA

19. artikulua. Kontratazioa.

1. Aplikatzekoak diren legezko, erregelamenduzko eta hitzarmenezko xedapenek arautuko dute enpresaren kontratazio esparrua.

2. Lanbide praktika lortzeko prestakuntza kontratuen bidez kontratatutako langileek kobratuko dute, gutxienez, hitzarmen honetan soldata talderako ezarritako soldataren %100.

3. Enpresak txandakako prestakuntza kontratua erabiltzea erabakitzen badu, aplikatu beharreko soldata ehunekoa negoziatu beharko du aldez aurretik Enpresa Batzordearekin.

4. Langileak aldi baterako laneko enpresen (ABLE) bidez kontratatu aurretik, enpresak horren berri emanen dio Enpresa Batzordeari. ABLEen bidez kontratatutako langileen soldata hitzarmen honetan adostutako kondizioen arabera arautuko da.

IX. KAPITULUA.–ERRETIRO POLITIKA

20. artikulua. Erretiroei buruzko azterketa batzordea.

Alderdi sinatzaileek erretiroei buruzko berariazko azterketa batzorde bat sortzea adostu dute. Batzorde hori paritarioa izanen da, eta langileen egungo egoera aztertzea izanen du helburu, zahartze aktiboari, belaunaldi erreleboari eta erretiroak planifikatzeko balizko formulei gagozkiela.

Batzorde horrek, besteak beste, erretiro partzialerako edo aitzinaturako pizgarriak edo borondatezko mekanismoak baloratzen ahalko ditu, bai eta erretirorako trantsizioan laguntzeko balizko neurriak ere, indarreko arau esparruaren barruan eta norbanakoen eskubideei kalterik egin gabe.

Batzordeak gai horretako neurri zehatzei buruzko akordioa lortzen badu, akordio hori hitzarmen honen negoziazio mahaian aurkezten ahalko da, hitzarmen kolektiboaren eranskin gisa sar dadin, Batzorde Paritarioak formalki onartu ondoren.

X. KAPITULUA.–LANEKO SEGURTASUNA ETA OSASUNA

21. artikulua. Kontsulta.

Enpresak urtero kontsultatuko dio Batzordeari zer mutualitatek kudeatuko dituen kontingentzia profesionalak.

XI. KAPITULUA.–BERDINTASUN PLANA

22. artikulua. Berdintasun planari lotzea.

Alderdiek erabaki dute indarrean den enpresaren berdintasun planaren edukiari lotzea.

XII. KAPITULUA.–BATZORDE PARITARIOA

23. artikulua. Eraketa; osaera: deialdia; eta eskumenak.

1. Hitzarmen honen Batzorde Paritarioa sortzea erabaki da. 6 kidek osatuko dute, 3 langileen aldetik eta 3 enpresaren aldetik.

2. Bi alderdietako edozeinek Batzordea biltzeko deialdia eginik, gehienez ere hamabost eguneko epean bildu beharko du hark.

Batzordea biltzeko deialdia jakinarazpen baten bidez eginen da, bildu baino gutxienez zazpi egun lehenago. Idazki bat erantsiko zaio jakinarazpenari, interpretatu beharreko auzia planteatuz.

Dituen eskumenen ondorioz, edozein ordezkaritzaren heren batek eskatuz gero bilduko da Batzorde Paritarioa.

Batzorde Paritarioan dauden sindikatuen ordezkaritza bakoitzak 2 aholkulariren laguntza izaten ahal du gehienez, baita enpresaren ordezkaritzak ere. Aholkulariek hitza izanen dute, baina botorik ez. Edozein batzordekidek ordezko bat izaten ahalko du, baldin batzordeari aurretik abisatzen badio.

Batzorde Paritarioan hartutako erabakiek balioa izan dezaten, langileen ordezkariek berretsi beharko dituzte, haien botoen %51rekin, bildu eta gehienez 10 eguneko epean.

3. Alderdiek adostu dute beharrezko betekizuna izanen dela Batzorde Paritarioa deitzea hitzarmen honen interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gai guztietarako, nahiz eta Batzorde Paritarioaren ebazpena ez den loteslea izanen lan arloko auzitegietan erreklamazioak jartzeko. Nolanahi ere, deialdia egiten denetik, fede onaren printzipioaren arabera negoziatu beharko da.

4. Batzordeak eskumen hauek izanen ditu:

a. Hitzarmen honetako arauak interpretatzea.

b. Hitzarmen honetako konpromisoak garatzea.

Batzorde Paritarioaren barneko desadostasunak Nafarroako Lan Auzitegian araututako bitartekotza prozedurei jarraituz konponduko dira.

Batzorde Paritarioko kide titularrek eskubidea izanen dute bilkura egunetan baimen ordaindua hartzeko.

24. artikulua. Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorraren aplikagarritasuna.

Hitzarmen honetan berariaz aurreikusi ez den guztian, Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrean ezarritakoa aplikatuko da.

I. ERANSKINA.–SOLDATA TAULAK

Taula orokorra

MAILA

2024

MAILA

2025

MAILA

2026

MAILA

2027

MAILA

2028

2. taldea

21.835,85

2. taldea

22.709,28

2. taldea

23.560,88

2. taldea

24.208,81

2. taldea

24.874,55

3. taldea

23.229,79

3. taldea

24.158,99

3. taldea

25.064,95

3. taldea

25.754,23

3. taldea

26.462,47

4. taldea

25.243,23

4. taldea

26.252,96

4. taldea

27.237,45

4. taldea

27.986,48

4. taldea

28.756,11

5. taldea

28.347,99

5. taldea

29.411,04

5. taldea

30.440,42

5. taldea

31.201,43

5. taldea

31.981,47

6. taldea

33.170,09

6. taldea

34.413,97

6. taldea

35.618,46

6. taldea

36.508,92

6. taldea

37.421,64

7. taldea

40.305,45

7. taldea

41.816,91

7. taldea

43.280,50

7. taldea

44.362,51

7. taldea

45.471,58

8. taldea

51.104,99

8. taldea

53.021,43

8. taldea

54.877,18

8. taldea

56.249,10

8. taldea

57.655,33

Etengabeko prozesuko lan txandaren taula

MAILA

2024

MAILA

2025

MAILA

2026

MAILA

2027

MAILA

2028

2. taldea

26.501,63

2. taldea

27.561,70

2. taldea

28.595,26

2. taldea

29.381,63

2. taldea

30.189,63

3. taldea

7.830,08

3. taldea

28.943,28

3. taldea

30.028,65

3. taldea

30.854,44

3. taldea

31.702,94

4. taldea

29.765,08

4. taldea

30.955,68

4. taldea

32.116,52

4. taldea

32.999,73

4. taldea

33.907,22

5. taldea

32.822,94

5. taldea

34.053,80

5. taldea

35.245,68

5. taldea

36.126,83

5. taldea

37.030,00

6. taldea

37.644,17

6. taldea

39.055,83

6. taldea

40.422,78

6. taldea

41.433,35

6. taldea

42.469,19

7. taldea

44.779,57

7. taldea

46.458,80

7. taldea

48.084,86

7. taldea

49.286,98

7. taldea

50.519,16

8. taldea

55.579,11

8. taldea

57.663,33

8. taldea

59.681,55

8. taldea

61.173,59

8. taldea

62.702,93

II. ERANSKINA.–ANTZINATASUNA

2024-2025

2026

2027

2028

Antzinatasuna

Kantitatea

Antzinatasuna

Kantitatea

Antzinatasuna

Kantitatea

Antzinatasuna

Kantitatea

1. hirurtekoa

105

1. hirurtekoa

135

1. hirurtekoa

140

1. hirurtekoa

145

4. urtea. 

105 + 35 = 140

4. urtea. 

135 + 55 = 190

4. urtea. 

140 + 60 = 200

4. urtea. 

145 + 65 = 210

5. urtea. 

140 + 35 = 175

5. urtea. 

190 + 55 = 245

5. urtea. 

200 + 60 = 260

5. urtea. 

210 + 65 = 275

6. urtea. 

175 + 35 = 210

6. urtea. 

245 + 55 = 300

6. urtea. 

260 + 60 = 320

6. urtea. 

275 + 65 = 340

7. urtea. 

210 + 35 = 245

7. urtea. 

300 + 55 = 355

7. urtea. 

320 + 60 = 380

7. urtea. 

340 + 65 = 405

8. urtea. 

245 + 35 = 280

8. urtea. 

355 + 55 = 410

8. urtea. 

380 + 60 = 440

8. urtea. 

405 + 65 = 470

9. urtea. 

280 + 35 = 315

9. urtea. 

410 + 55 = 465

9. urtea. 

440 + 60 = 500

9. urtea. 

470 + 65 = 535

10. urtea. 

315 + 35 = 350

10. urtea. 

465 + 55 = 520

10. urtea. 

500 + 60 = 560

10. urtea. 

535 + +65 = 600

Hortik aitzinakoak

Irizpide bera

Hortik aitzinakoak

Irizpide bera

Hortik

aitzinakoak

Irizpide bera

Hortik aitzinakoak

Irizpide bera

Iragarkiaren kodea: F2600947