34. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

594E/2025 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen 2026ko deialdia onesten duena: "Nekazari berriak ezartzeko laguntza". DDBN kodea: 879137.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduak arau batzuk ezartzen ditu Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEren plan estrategikoak) laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta baitago, eta haren bidez 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira. Bada, erregelamendu horren 75. artikulua nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzeko eta landa enpresa berriak abian jartzeko laguntzei buruzkoa da.

Hauek dira laguntza horien helburuak: nekazari gazteak eta beste nekazari berri batzuk erakartzea eta haiei laguntzea, enpresa garapen jasangarriari bide ematea landa eremuetan, eta enplegua, hazkundea, genero berdintasuna, gizarte inklusioa eta toki garapena bultzatzea landa eremuetan.

NPEPEren (2023-2027) neurrien artean, INSTAL (75) izenekoa dago, nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzeko eta landa enpresa berriak abian jartzekoa, hain zuzen ere. Esku-hartze horren barruan, nekazariak ezartzeko bi tipologia bereizten dira, adinaren arabera; batetik, nekazari gazteak ezartzeko, 41 urte artekoentzat, eta, bestetik, nekazari berriak ezartzeko, 56 urte artekoentzat.

Horrela, sektorean ezartzeko bi esku-hartze jasotzen dira: "Nekazari gazteak ezartzeko" 6961.1 esku-hartzea, eta "Nekazari berriak ezartzeko" 6961.2 esku-hartzea.

"Nekazari berriak ezartzeko" 6961.2 esku-hartzearen helburua da pertsona berriak ezar daitezela nekazaritzako ustiategietan, belaunaldi aldaketa egon dadin eta enplegua sor dadin landa eremuetan.

Nafarroan esku-hartze horri aplikatu beharreko oinarrizko elementuak eta laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak jasota daude 2023-2027 NPEPEren INSTAL (75) delakoaren fitxan (Nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzea, eta landa enpresa berriak abian jartzea). Hasiera batean onetsi ondoren, Batzordearen 2025eko abuztuaren 14ko Betearazpen Erabakiaren bidez aldatu zen, zeinaren bidez onesten baita Espainiako 2023-2027rako NPEren Plan Estrategikoaren aldaketa, Europar Batasunaren laguntzarako, zeina Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatzen baitute.

NPEPEren Jarraipen Batzordeak 2025eko azaroaren 25ean onetsi zituen eragiketak hautatzeko irizpideak.

Kontuan izanik gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna, eta sektorean diharduten emakumeen tasa txikia dela, aintzat hartu da generoaren balorazioaren irizpidea ezartzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin bat.

Nafarroako Gobernuak 2025eko azaroaren 26an hartutako Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko zuzendari nagusiari baimena eman zaio 260.000 euroko gastu konpromisoa hartzeko, 2026ko eta 2028ko ekitaldien kargura laguntza hauen 2026ko ekitaldiko deialdia finantzatzeko (130.000 euro bi ekitaldietako bakoitzean).

Era berean, deialdi honetarako baimendutako kreditua handitzeko baimena ematen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin bat, gehienez ere 500.000 euro ekitaldi bakoitzean, aurrekontu kreditu berberen edo aurrekontu programa bereko kredituen kargura.

Ebazpen hau maiatzaren 24ko 49/2023 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean ematen da, foru dekretu horren bidez arautzen baita Nekazaritza Politika Erkidearen plan estrategikoaren gobernantza sistema, haren antolakuntza eta funtzionamendua. Aipatu xedapen horren bidez, ahalmena ematen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko titularrari foru dekretu hori garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko, bere eskumenen esparruan betiere, eta, bereziki, osorik edo partez Europako nekazaritzako funtsen bidez finantzatzen diren dirulaguntzen arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nekazari berriak ezartzeko laguntzen oinarri arautzaileak onestea.

Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen I. eranskinean jaso dira: "Nekazari berriak ezartzeko laguntzak, 2023-2027 NPEPEren esparruan. 2026ko ekitaldirako deialdiaren oinarri arautzaileak".

Onuradun bakoitzari dagokion prima zehazteko modua ebazpen honen II. eranskinean (Primak kalkulatzea) jasota dago.

Laguntza eskaerak hautatzeko irizpideak ebazpen honen III. eranskinean jaso dira: "Nekazari berriak ezartzeko laguntzak, 2023-2027 NPEPEren esparruan. Hautaketa irizpideak".

Laguntza eta ordainketa eskaerekin batera erantsi beharreko dokumentazioa IV. eranskinean jaso da: "Laguntza eta ordainketa eskaerekin batera aurkeztu beharreko agirien zerrenda".

2. Deialdia onestea.

2026ko ekitaldirako laguntzen deialdia onesten da, oinarri arautzaileen arabera.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 130.000 euroko gastua baimendu da 2026ko ekitaldian, eta 130.000 eurokoa, 2028ko ekitaldian, 2025eko Aurrekontu Orokorretako 720004-72200-7700-412112 partidaren baliokidea den partidaren kargura (Nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzeko laguntzak. 2023-2027 NPEPE LGENF), behar adinako kreditu egokia baldin bada.

Aurreikusitako gastuaren %40 LGENFek finantzatzen du.

Era berean, deialdi honetarako baimendutako kreditua handitzeko baimena ematen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin bat, gehienez ere 500.000 euro ekitaldi bakoitzean, aurrekontu kreditu berberen edo aurrekontu programa bereko kredituen kargura.

Kreditu hori handitzen ahalko da, INSTAL (75) esku-hartzean sartzen diren deialdietako edozeinetan erabili gabeko kredituen kargura.

Baimendu gabeko kredituen gehikuntzak, INSTAL (75) esku-hartzean sartzen diren deialdietako bakoitzean, ordena honi jarraikiz lehenetsiko dira: 6961.1.1 esku-hartzea (Nekazari profesional gazteak ezartzea), 6961.1.2 esku-hartzea (Nekazari gazteak lanaldi partzialean ezartzea) eta 6961.2 esku-hartzea (Nekazari berriak ezartzea).

4. Laguntza eskaerak, onartutako laguntzen aldaketak, ukoak eta ordainketa eskaerak aurkezteko epea eta enpresa plana amaitzeko epea.

–Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.

–Eskaerak aurkezteko epea bukatuko da aurreko paragrafoan zehaztutako hasiera datatik 40 egun natural igarotzen direnean.

–Enpresa planean aldaketak eta/edo hari uko egitea aurkezteko epea 2027ko azaroaren 1ean amaituko da.

–Enpresa plana burutzeko epemuga 2028ko azaroaren 1a izanen da.

–Bigarren ordainketaren eskaerak aurkezteko epea 2028ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2028ko azaroaren 1ean bukatuko.

5. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari (DDBN) jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu beharko dira.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko abenduaren 30ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

I. ERANSKINA.–"NEKAZARI BERRIAK EZARTZEKO LAGUNTZAK", 2023-2027 NPEPEREN ESPARRUAN. 2026KO EKITALDIRAKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea, NPEPE Nafarroan aplikatzeko esparruaren barruan, nekazari berriak ezartzeko laguntzak eta "Nekazari berriak ezartzea" 6961.2 esku-hartzerako laguntzak, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 75. artikuluan ezarritakoarekin –erregelamendu horren bidez arauak ezartzen dira Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEren plan estrategikoak) laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta baitago–.

2. oinarria. Neurriaren helburua.

Esku-hartze hori abian jarrita, honako helburu hauek lortu nahi dira:

a) Nekazari gazteak eta beste nekazari berri batzuk erakartzea eta haiei laguntzea, eta enpresa garapen jasangarriari bide ematea landa eremuetan.

b) Honako hauek sustatzea: enplegua, hazkundea, genero berdintasuna –emakumeek nekazaritzan parte hartzea barne– landa eremuetako gizarte inklusioa eta landa garapena, bioekonomia zirkularra eta basogintza jasangarria besteak beste.

3. oinarria. Onuradunak.

Laguntza hauen onuradun izanen dira behar bezalako enpresa plan baten bidez bideragarri diren nekazaritzako ustiategietako titular, kotitular edo bazkide gisa lanean jartzen diren pertsona fisikoak. Ustiategi horiek Nafarroan kokatu beharko dira, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuak egon beharko dute, edo inskribatzeko moduan. Eskatzaileek, berriz, hemen ezarritako aurretiazko baldintzak bete beharko dituzte, eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eutsi beharko diete.

4. oinarria. Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Laguntza hauek eskuratzen ahal dituzte nekazaritzako eta/edo abeltzaintzako ustiategi batean lehenbizikoz beren gain hasten diren pertsona fisikoek, laguntza eskatzen den egunean onartuak izateko honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Gutxienez 41 urte izatea, eta 56 baino gutxiago.

b) 0,2 NLU baino gehiagoko nekazaritzako banakako ustiategi baten titular izan gabekoa izatea, edo, ustiategi elkartu baten kide edo sozietateko titularkide direnen kasuan, partaidetza zifra horretara ez iristea.

c) Bere gain lehenbizikoz hasteko laguntzarik jaso ez izana.

d) "Enpresa plan bat" aurkeztea, oinarri arautzaile hauetan xedatutakoaren araberakoa.

e) Bere gain hasteko prozesua 5. oinarriaren ezarritakoaren arabera abiatu izana.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea, horrek galaraziko bailioke onuradun izatea; bereziki, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

g) Eskatzaileak Merkataritzako eragiketen berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuko subjektuak direnean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluan ezarritakoa betetzea 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako.

2. Nekazari berria entitate elkartu batean hasten bada bere gain, entitate elkartuaren izaera juridikoa edozein dela ere, ustiategi baten titular bakar gisa hasten den nekazari berriari eskatuko zaizkion pareko baldintzak eskatuko zaizkio.

Ez da onartuko entitate elkartu batean hastea, salbu eta entitatea sortu berria bada, soilik nekazari berriek osatua.

3. Kasu guztietan, pertsonak nekazaritzako ustiategiaren benetako kontrola hartu beharko du bere gain, epe luzerako, kudeaketari lotutako erabakiei, etekinei eta finantza arloko arriskuei dagokienez, eta, horrenbestez, hura izanen da finantza eragiketak eta egunerokoan egin ohi diren ekoizpen eragiketak kudeatzeko arduraduna.

5. oinarria. Enpresa plana.

1. Laguntza eskaerarekin batera enpresa plan bat aurkeztu beharko da; plan hori izanen da onuraduna nekazaritzako ustiategiaren titular, bazkide edo kotitular gisa hasteko prozesuaren oinarria.

2. Enpresa planean honako hauek adieraziko dira:

a) Ustiategiaren egoera nekazaria bere gain hasteko prozesuaren aurretik; abiapuntuko egoera, onuradunaren datuak, ustiategian sartzeko modua eta abar azaldu beharko dira.

b) Nekazaritzako ustiategian bere gain hasteko prozesua garatzeko faseak eta funtsezko helburuak.

c) Ustiategiaren amaierako egoera. Enpresa plana garatu bitartean aldaketarik izaten bada ustiategiaren baldintzetan, hasieran aurreikusitakoekin alderatuta, amaierako egoeran, nolanahi ere, konpromiso eta betebeharrei eutsi beharko diete.

d) Nekazaritzako ustiategiaren jarduerak garatzeko behar diren jarduketen xehetasunak, esaterako, inbertsioak, errentamenduak, lizentziak etab.

e) Beste arlo hauetan zer ekintzari heldu nahi zaion: prestakuntza, aholkularitza, kalitateko ekoizpena, ingurumen arloko nekazaritza neurrietan parte hartzea, balorazio irizpideei loturiko jarduketak, eta egoki jotzen diren beste arlo batzuetako ekintzak.

f) Bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa: ustiategiak bideragarritzat joko dira baldin eta, ekoizpen elementuen eta ustiategiaren jardueraren arabera, erreferentziako errentaren %35 baino handiagoa den errenta lortzen bada unitate bakoitzeko.

g) Lanbide trebakuntza eta gaitasun profesional egokiak.

3. Ezarpenaren hasiera: ezarpen prozesua abiatutzat joko da, besteak beste, honako inguruabarretako bat agiri bidez frogatzen denean:

–Lanbide trebakuntza: titulazio akademikoak edo prestakuntza ikastaroa, edo ikastaroan inskribatzeko eskaera.

–Gizarte Segurantzan alta eman izana, norberaren konturako langileen araubidean, ustiategiaren titular, kotitular edo bazkide gisa.

–Eskaera bakarra (NPE) aurkeztu izana.

–0,2 NLU baino gutxiago diren ekoizpen efektiboen inskripzioa edo inskripzio eskaera Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan (NNUE) edo Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan (NAUE), onuraduna titular bakar gisa hasten bada bere gain.

–Kotitular edo entitate elkartuko bazkide gisa lanean hasteko eskaera; Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan eskaera datatik aurrerako ondorioak izan behar ditu.

–Entitate elkartu baten kotitular edo bazkide izatea, non, partaidetza ehunekoaren arabera, 0,2 NLU baino gutxiago baitagokio.

–Errentamendu kontratuak, inbertsioen aurrekontuak, makineriaren inskripzioa Nekazaritzako Makineriaren Erregistro Ofizialean eta abar.

4. Ezarpenaren amaiera: ezartzeko prozesua amaitutzat joko da onuradunen konpromiso eta betebehar guztiak 14. oinarriaren arabera frogatzen direnean.

5. Honako egoera hauek joko dira lanbide trebakuntza eta gaitasun profesional egokitzat:

–Nekazaritza arloko erdi edo goi mailako prestakuntza arautua eta agronomiako edo albaitaritzako unibertsitateko prestakuntza.

–Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren araberako profesionaltasunaren ziurtagiria, nekazaritza arlokoa, edo lehen sektoreko gaitasun profesionalen egiaztagiria, administrazio publiko batek emanak.

–"Nekazaritzako ustiategietan hasteko" ikastaro espezifikoa, 150 ordukoa, nekazaritzaren arloan prestakuntza eta aholkularitza emateko Nafarroan aitorturik dauden entitateek emana.

–Nekazaritza arloko prestakuntzako ikastaroak, ustiategiko jarduerarekin lotutakoak, denen batura 200 ordukoa bada.

Laguntza eskaera egiten den unean ez badauka trebakuntza hori, enpresa plana burutzean justifikatu beharko du.

6. oinarria. Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Nekazari berriak ezartzeko laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.

2. Zenbatekoak kalkulatuko dira II. eranskinean zehaztutako zenbateko eta parametroen arabera. Oinarrizko prima 20.000 eurokoa izanen da, eta hari gehituko zaizkio ustiategiaren eta/edo enpresa planaren baldintzen araberako gehikuntzak; gehienez 50.000 euro.

3. Laguntzak zenbateko bereko bi ordainketatan ordainduko dira. Lehenbizikoa ordainduko da laguntzak emateko kontuan hartu den enpresa plana abiatu dela egiaztatu ostean, eta bigarrena, enpresa plana burututakoan, baldin eta plana zuzen gauzatu bada.

4. Deialdi honetako laguntzak baterako finantzaketa duten laguntzak dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 75. artikuluan eta Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/126 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nafarroako Gobernuak sistemaren finantzaketan parte hartuko du laguntzaren kostu osoaren %60 jarriz, eta gainerako %40a Europar Batasunaren NBEUF funtsekin finantzatuko da.

7. oinarria. Laguntza eskaera, lehen ordainketaren eskaera, dokumentazio osagarria eta instrukzio organoarekiko harremana.

1. Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza eskaerak, lehen ordainketaren eskaerarekin batera. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).

2. Programa hori erabiltzeko beharrezkoa izanen da onuradunaren benetako nortasuna egiaztatzea, haren sinadura elektronikoaren bidez edo onuradunaren ordezkari gisa arituko den entitate laguntzailearenaren bidez, bat etorriz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduarekin, haren bidez onesten baitira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko arauak.

3. Eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, IV. eranskineko dokumentazioa aurkeztu beharko da eskaerarekin batera, non ez duen interesdunak horren aurka egiten, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. puntuan adierazitakoarekin.

4. Nekazaritza Politika Erkidea kudeatzeko sistema eta hari loturiko beste gai batzuk arautzen dituen abenduaren 23ko 30/2022 Legearen 4. artikulua aplikatuz, laguntzen onuradunek bitarteko elektronikoak baino ez dituzte erabiliko instrukzio organoarekiko harremanetan.

8. oinarria. Instrukzio organoa.

Laguntza hauek emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

9. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Eskaerak jasotakoan, osorik dauden egiaztatuko da, hots, oinarri arautzaile hauetan ezarritako informazio edo dokumentazio guztia duten. Instrukzio prozedurak iraun bitartean, instrukzio organoak zilegi izanen du eskatzaileari egoki jotzen dituen argibideak eskatzea eskaeran jasotako informazioari eta aurkeztutako dokumentazioari buruz.

Bidezko jotzen bada, intzidentziak gehienez 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Eskaera osorik dagoenean, eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta kontrol administratiboak eta tokian tokikoak eginen dira, kontuan harturik abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretua, zeinak Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esku-hartzeen eta beste laguntza batzuen kudeaketa- eta kontrol-sistema arautzen baitu.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunekin.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza emateko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

10. oinarria. Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren lehentasun-hurrenkera lortzeko, III. eranskineko balorazio irizpideen arabera emandako puntuak batuko dira. Gehienez 100 puntu lortzen ahalko dira.

3. Onuradunak eskaeran adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola baremoa. Eskaera hori erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, eta bete beharreko konpromisotzat enpresa planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, plan horrekin bat etorri beharko baitu.

4. Onuradunak kontuan hartzeko eskatu dituen balorazio irizpideengatik bakarrik emanen dira puntuak. Baldin betetzeko zenbait modu onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, betiere eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada, eskatutako puntuazioa inola ere gehitu gabe.

11. oinarria. Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Eskaeren lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da, balorazio irizpideak aplikatuz, eta laguntza emanen zaie aipatu irizpideak aplikatzearen ondorioz baloraziorik handienak lortu dituzten eskaerei, deialdirako finkatu den kreditu erabilgarriaren barruan.

2. Espedienteen arteko puntuazioan berdinketarik badago, belaunaldi erreleboaren irizpidean puntuaziorik handiena duten eskatzaileak lehenetsiko dira; berdinketak segitzen badu, genero irizpidea hartuko da kontuan, eta horrela ere hautsi ezean, onuradun gazteenek izanen dute lehentasuna.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko, nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada eskaera onargarri guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

5. Laguntza eman ondoren aurrekontu-partidan kreditu erabilgarria sortzen bada, diru kopuru osagarri bat ematen ahalko zaie aurrekontu-eskasiagatik ezetsitako espedienteei, lehentasun-hurrenkerari jarraituz. Diru kopuru horiek emateko, aurretik onartutako gainerako eskaeren baldintza berberak bete beharko dira. Halakoetan, enpresa plana bukatzeko epea laguntzen deialdian ezarritakoa izanen da.

Diru kopuru berri horiek emateko, prozedura honi jarraituko zaio: laguntza emateko behin-behineko proposamen bat eginen da, eta behar adina diru ez egoteagatik ezetsi ziren eta itxarote-zerrendako lehenak diren eskaerei bidaliko zaie, baldin eta zenbateko erabilgarria nahikoa bada legokiekeen laguntzari erantzuteko. 10 egun naturaleko epea emanen zaie, proposamena onartzen duten ala ez erantzuteko. Erantzuna baiezkoa bada, laguntza emateko ebazpena emanen da. Proposamenari uko egiten bazaio, prozedura bera eginen da zerrendako hurrengo pertsonekin.

Hilabete bat izanen da ematen diren laguntza berri horiei erantzuteko, laguntzen aldaketei edo ukoei erantzuteko ezarritako azken egunetik hasita, deialdian ezarritakoari jarraikiz.

12. oinarria. Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti, bai ebazpenean bertan, bai onuradunentzako eskuragarri dagoen espediente elektronikoan.

3. Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak eta zein onartuak izateko irizpideak betetzen ez dituztenak.

Ondorio horietarako, eskaerak ezetsiko dira baldin eta ez bada egiaztatzen enpresa plana abiatu dela, edo, kontrolak egin ostean, unitate kudeatzaileak ez badu egiaztapen hori baliozkotzat jotzen.

4. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik sei hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko eta onuradunak bete behar dituen betebeharrak eta konpromisoak zein diren jakiteko nahikoa den informazioa edukiko du. Ebazpena argitara emanen da Nafarroako Gobernuren atariko tramiteen katalogoan, deialdirako gaitzen den horretan.

5. Horrez gain, laguntza emateko jakinarazpenean, onuradunei adieraziko zaie esku-hartzeak NPEPEren babesean jasotzen duela dirulaguntza.

6. Eskaera ezetsi dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

13. oinarria. Enpresa planaren ebaluazioa eta aldaketak, eta/edo ukoak.

1. Enpresa plana ebaluatzeko, onetsitako enpresa plana nola garatu den eta haren mugarri nagusiak gauzatu diren egiaztatuko da, hala agiri bidez nola bertatik bertara. Kontrolak honako une hauetan eginen dira:

a) Planaren hasieran: hasierako kontrolaren helburua izanen da bere gain hasteko prozesua abiatu dela justifikatzen du(t)en jarduketa(k) egin d(ir)ela egiaztatzea.

b) Plana burututakoan, honako hauek egiaztatzeko azken kontrola izanen baita:

–Nola hasi den lanean ustiategian.

–Ustiategiaren input eta output direlakoak.

–Ustiategiaren kudeaketa eta ingurunearekin duen harremana (aholkularitza, elkartegintza, kalitate araubideak, inbertsioak, etab.).

–Ustiategiaren elementuak.

2. Plana gauzatzen den bitartean, organo kudeatzaileak zilegi izanen du beste kontrol batzuk egitea, egiaztatzeko bere gain hasteko prozesuan aurrera egiten dela, honako hauei dagokienez: planaren ezagutza, ustiategiaren kudeaketa, ekoizpen elementuak, inbertsioak, aholkularitza eta abar.

3. Onuraduna beharturik dago ebaluazio horren unitate arduradunari laguntzeko, eta, hortaz, eskatzen zaion informazioa eta dokumentazioa eman beharko dio, ezarritako epeetan, eta egiten diren kontrol eta jarraipen jarduketetara bertaratuko da.

4. Enpresa planaren aldaketak edo/eta ukoak prozedura honen arabera egin beharko dira:

a) Justifikatutako arrazoiak tarteko, onuradunak uste badu beharrezkoa dela hasiera batean onetsitako enpresa planean aldaketa nabarmenen bat egitea edo planari uko egitea, eskaera bat aurkeztu beharko du proposatutako jarduketa hasi baino lehen, eta, betiere, deialdian hartarako ezarritako eguna baino lehen.

b) Aldaketa nabarmentzat hartuko dira balorazio irizpideetan eta planaren ezaugarrietan eragina dutenak, baldin eta hasieran emandako laguntzaren prima gutxitzea badakarte.

c) Proposatzen den aldaketa egiteko arrazoiak eman behar dira, enpresa plan berriaren bideragarritasuna bermatu behar da eta proposatzen denari baremazio irizpideak aplikatuta lortzen den puntuazioa laguntzaren onuraduna izateko adinakoa izan behar da.

5. Enpresa planaren aldaketa nabarmen bakarra onartuko da.

6. Instrukzio organoaren balorazioaren mende egonen da eskatutako aldaketa nabarmenak onestea. Enpresa plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planerako erabilitako irizpide tekniko-ekonomiko berei jarraituz. Aldaketa onesten ez bada, hasierako enpresa plana bete beharko da.

14. oinarria. Onuradunen konpromisoak eta betebeharrak.

1. Laguntzaren azken ordainketa egin aurretik, laguntzen onuradunek betebehar eta konpromiso hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresa plana amaitzea.

b) Enpresa planaren amaiera egunean hauek betetzea:

–Behar den trebakuntza eta gaitasun profesionalak eskuratzea, baldin eta onuradunak ez badu hori justifikatu eskaera egiten duen unean.

–Ustiategiaren kontrola benetan bere gain izatea, ustiategiko buruaren definizioarekin bat. Definizio hori jasota dago abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuan, non ezartzen baita, batetik, nola aplikatu behar diren 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketa gisako esku-hartzeak eta nola ezarri behar diren baldintza komunak, eta, bestetik, nola arautu behar den kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra.

–"Nekazari aktiboa" izatea, bat etorriz honako honetan ezarritako definizioarekin: abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretua, non ezartzen baita, batetik, nola aplikatu behar diren 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketa gisako esku-hartzeak eta nola ezarri behar diren baldintza komunak, eta, bestetik, nola arautu behar den kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra (II. tituluaren I. kapituluan dago jasota definizioa).

–Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, norberaren konturako langileen araubidean, ustiategiaren titular, kotitular edo bazkide gisa.

–Nekazaritza jardunera bideratzea bere lan denboraren %50 gutxienez.

–Ustiategiak 0,5 NLU lortu izana, gutxienez, ustiategian hasi den pertsona bakoitzeko. Ustiategi elkartuen edo titulartasun partekatuko ustiategien kasuan, 0,5 NLU lortu beharko dira ustiategian hasi den pertsona bakoitzeko, kapital sozialean duen partaidetzaren proportzioan.

–Ustiategia ekonomikoki bideragarria izatea, 5. oinarriko 2. zenbakiko f) letran ezarritakoaren arabera.

c) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan agiri bidez justifikatzea enpresa planean aurreikusitako ekintzak gauzatu dituela, hala lanean hastearekin zuzeneko zerikusia dutenak, nola baremazio irizpideak aplikatuz puntuak lortzeko balio izan dutenak.

d) Behar diren kontrolak onartzea, hala agiri bidezkoak, nola bertatik bertarakoak, egiaztatzeko laguntza ongi eman dela, enpresa plana ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela, baita izendatutako tutoreak ezartzen dituen egiaztapenak ere. Kontrol horietan sartzen ahalko da gazteak bere enpresa plana eta ustiategiaren kudeaketa ezagutzen dituela frogatu beharra, galdetegiak eta/edo elkarrizketa pertsonalak eginez.

e) Behar diren argibideak ematea ustiategiaren alderdi tekniko-ekonomikoez, lan arlokoez eta sozialez, baita esku-hartze honen esparruan hartutako laguntzez ere. Onuradunak ustiategia benetan kontrolatzen duen egiaztatzeko eta baldintza artifizialik sortzen den kontrolatzeko, honako hauen dokumentuak eskatzen ahalko dira informazioa emateko: merkataritzako transakzioak, kutxa-fluxuak, enplegatutako pertsonak, bezero edo hornitzaileekiko ahaidetasuna, makinen lagapenak, finantzaketa eta abalak, eta abar.

f) Dirulaguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den azkeneko ordainketan frogatu baino lehen.

g) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

h) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Eginbehar hau ez betetzeak aipatutako foru legean aurreikusten diren itzultzeak ekarriko ditu.

15. oinarria. Laguntzen ordainketa.

1. Laguntzak zenbateko bereko bi ordainketatan ordainduko dira, deialdian adierazitako ekitaldietan.

2. Laguntzak ordaintzeko baldintza izanen da enpresa planean ezarritako mugarriak betetzea eta egiaztatzea:

–Lehen ordainketa: laguntza eskaerari lotutako enpresa plana hastean.

–Bigarren ordainketa: enpresa plana burututakoan.

Bigarren ordainketari dagokion zenbatekoa jasotzeko beharrezkoa izanen da onuradunak ordainketa eskaera aurkeztea deialdian ezarritako epea baino lehen, horretarako berariaz gaituko den atzemate programaren bidez. Programa Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan egonen da erabilgarri (www.nafarroa.eus).

3. Eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, IV. eranskineko dokumentazioa aurkeztu beharko da eskaerarekin batera, non ez duen interesdunak horren aurka egiten, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. puntuan adierazitakoarekin.

4. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela, eta enpresa plana egoki gauzatzen ari dela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

5. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietarako joko du, eta enpresa planaren ebaluaziora, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

16. oinarria. Murriztapenak eta salbuespenak azken ordainketan.

1. Azken ordainketa egin aurretik, laguntza jasotzeko eskubidea deuseztatu eta galdu eginen da, laguntza murriztu eginen da edo jasotako ordainketak itzuli eginen dira, baldin eta egiaztatzen bada enpresa plana ez dela bete, gauzatzeari zein aplikatu beharreko egutegiari dagokienez, eta betebeharrak eta konpromisoak ez direla bete, irizpide hauen arabera:

a) Honako inguruabarretako bat gertatzen bada, ez da eginen azken ordainketa eta jasotako kopuruak itzuli beharko dira, legezko interesak gehituta:

–Azken ordainketaren eskaera epe barruan aurkezten ez bada.

–14. oinarriko konpromisoak betetzen ez badira.

–Baremazio irizpideetan puntuazio txikiagoa egokitzeagatik onuradun izateari uzten bazaio.

b) Azken ordainketa ez da gauzatuko, baldin eta egiaztatzen bada onuradunak ez duela aurreikusitako kontroletan parte hartu, bidezko arrazoirik gabe.

c) Laguntza murriztu eginen da eta/edo dagokion zatia (hau da, lehen ordainketan jasotakoa) itzuli eginen da, honako honi jarraikiz:

–Azkenean jasoko duen laguntzaren zenbatekoa doituko da, emandako oinarrizko laguntza handitzea ekarri zuten irizpideak benetan egiaztatu ondoren bidezkoa bada.

–Laguntzak emateko prozeduran eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuaziorako aintzat hartu ziren baremazio irizpideak betetzen ez badira, lortutako gehikuntza %10 murriztuko da baremazio irizpide bakoitzeko, egiaztatuz gero puntuazio txikiagoa dagokiola, eta murrizketak ez badu eragin onuradun gisa baztertuta geratzea.

2. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

3. Egiaztatzen bada onuradunak nahita egin duela gezurrezko adierazpen bat, emandako laguntzak bertan behera utziko dira, eta laguntzetatik jasotako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna esku-hartze horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo gezurrezko adierazpena aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

4. Egiaztatzen bada onuradunak baldintza artifizialak sortu dituela laguntza jasotzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 62. artikuluan ezarritakoaren eta abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 3. artikuluan jasotakoaren arabera, laguntzetatik bazterturik geldituko da, eta, bidezkoa bada, laguntzetatik jasotako zenbateko guztiak berreskuratuko dira.

17. oinarria. Gerora bete beharreko konpromisoak eta murriztapenak.

1. Honako hauek gerora bete beharreko konpromisotzat hartuko dira eta 3 urtez mantendu beharko dira, azken ordainketa ebazten den egunetik aurrera:

–Guztizko errentaren %50 gutxienez lortzea eta/edo mantentzea nekazaritzako errenta gisa.

–Nekazaritzako Gizarte Segurantzan kotizatzea.

–0,5 NLU egokitzea, 14. oinarriko 1.b) atalean ezarritakoaren arabera.

–Baremazio irizpideetan puntuazioari eustea, onuradunaren izaerari eusteko moduan.

–Puntuazioari eustea prima gehikuntza jasotzea ekarri duten baremazio irizpideetan.

2. Aurreko paragrafoan azaldutako lehen lau konpromiso horiek betetzen ez badira, jasotako ordainketa guztiak itzuli beharko dira, legez ezarritako interesekin.

Laguntza handitzea ekarri duten baremazio irizpideei eusteko konpromisoa betetzen ez bada, gehikuntza itzuli beharko da, eta lortutako gehikuntzaren %10eko zigorra aplikatuko da, baremazio irizpide bakoitzeko, legez ezarritako interesak gehituta.

3. Onuradun batek, azken ordainketaren ondoren erabakitzen badu sartzea lehendik dagoen sozietate batean edo sozietate sortu berri batean, bere ustiategia osorik edo hein batean jarrita, ez da ulertuko konpromisoa ez dela bete, baldin eta: onuraduna bere baitan hartu duen entitateak lehentasunezko nekazaritza ustiategiaren izaera badu; ustiategiaren nekazaritzako lan unitateak –hots, entitate berriaren kapital sozialean daukan partaidetza kontuan hartuta onuradunari dagozkionak– azken ordainketako unean zituen NLU berberak badira gutxienez, eta onuradunak entitatearen kontrola benetan bere gain izaten jarraitzen badu eta entitate berriak bere gain hartzen baditu gerora bete beharreko konpromisoak.

Salbuespen gisa, onuradunak, azken ordainketaren ondoren, titulartasun partekatuko ustiategi batean sartzea erabakitzen badu, ustiategi horrek mantendu beharko ditu, gutxienez, onuradunak jarritako nekazaritzako lan unitateak, eta ustiategi berria hark hartutako gainerako konpromisoak hartuko ditu bere gain.

Sartu den entitatea nortasun juridikoa duen entitatea izanik, haren tipologia aldatzen bada, laguntza ordaintzeko baliatutako baldintza eta betebehar berberak izanen ditu.

4. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez dira betegabetzat joko aurreko 2. atalean aipatzen diren konpromisoak:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ustiategia edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eskaera aurkeztu zuenean ezin bazen aurreikusi.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurretan eta/edo instalazioetan kalte nabarmena eragin duena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Epizootia edo landareen gaitza, ustiategiko azienda edo labore guztiei edo zati bati kalte egin diena.

5. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

6. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatzekoak izanen aldaketak onuradunari egotzi ezin zaizkion eta gerora sortu diren arrazoiek eragindakoak direnean eta behar bezala justifikatzen ahal direnean.

18. oinarria. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko 2023-2027 NPEPEn.

19. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Laguntza hauen onuradunen datuak argitara emanen dira Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 98. artikuluari jarraikiz.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin bat (hots, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko erregelamendua, 95/46/EE Zuzentaraua indargabetu zuena), datu pertsonalak tratatzen direnean, onuradunek beren eskubideei buruzko informazioa jasoko dute, datuak babesteko arauekin bat, baita eskubide horiek erabiltzeko prozedura aplikagarriei buruzko informazioa ere.

20. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Arau-hauste administratiboak dira abenduaren 23ko 30/2022 Legean tipifikatutako ekintzak eta omisioak, eta zehagarriak izanen dira, baita zabarkeria hutsez eginak badira ere, salbu eta ezinbesteko kasuetan edo Europako araudiak ezarritako beste kasu batzuetan.

2. Arau-hauste administratiboen erantzule izanen dira ekintzaz edo omisioz arau-hauste gisa tipifikatutako inguruabarretan dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak eta nortasunik gabeko entitateak.

3. Abenduaren 23ko 30/2022 Legean ezarritakoaren arabera tipifikatu eta mailakatuko dira arau-hausteak.

II. ERANSKINA.–PRIMEN KALKULUA

PRIMAK

GEHIKUNTZAK

(2)

GME

ME

MNE

beste eremu batzuk

(1)

Oinarria

20.000,00

(3)

Abeltzaintza estentsiboa

10.000,00

10.000,00

5.000,00

0,00

(4)

Beste ekoizpen batzuk

5.000,00

0,00

0,00

0,00

(5)

JD/AGB

5.000,00

5.000,00

5.000,00

5.000,00

(6)

Nek. Ek.

5.000,00

5.000,00

5.000,00

5.000,00

(7)

Erreleboa

10.000,00

10.000,00

10.000,00

10.000,00

(1) Laguntza oinarriaren zenbatekoa.

(2) Muga naturalak dituzten eremuak: katalogaziorako hautaketa-irizpideari jarraikiz (9).

(3) Abeltzaintza estentsiboa: hautatzeko irizpidea betetzea (14).

(4) Goi mendian dauden ustiategiak, abeltzaintza estentsiboaren baldintza betetzen EZ dutenak. Hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da ustiategia zer udalerritan ageri den Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, udalerri horren INE kodea, Nafarroako NPEPEren muga naturalak dituzten eremuetan esku hartzeko zerrendaren arabera, enpresa plana bukatutakoan.

(5) JD/AGB: Ustiategiak, guztira, 0,25 NLU edo gehiago eduki beharko ditu enpresa plana bukatutakoan, Europar Batasunean aitorturik dauden jatorri deiturei eta adierazpen geografikoei atxikita. Baldin eta onuraduna entitate elkartu batean sartzen bada, parametroa partaidetzaren ehunekoaren arabera egiaztatuko da.

(6) Ekoizpen ekologikoa: Ustiategiak ekoizpen ekologikoko eta/edo ekologiko bihurtzeko 0,25 NLU baino gehiago izan beharko ditu enpresa plana bukatutakoan. Entitate elkartu batean sartuz gero, entitate horretan duen partaidetzaren portzentajea hartuko da kontuan.

(7) Erreleboa: hautatzeko irizpidea betetzea (6).

III. ERANSKINA.–"NEKAZARI BERRIAK EZARTZEKO LAGUNTZAK",
2023-2027 NPEPEREN ESPARRUAN. HAUTAKETA IRIZPIDEAK

IRIZPIDEA

DEFINIZIOA/EGIAZTAPENA

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA

PUNTUAZIO
APLIKAGARRIA

NOIZ BETE
BEHAR DEN

Titularraren ezaugarriak

40

Bizitokia

Despopulazio arriskua duen udalerri batean erroldaturik (1)

8

Eskaeran eta azken ordainketan

Arriskua

8

Gainbeheran

6

Kaltebera edo trakzio-izaerako udalerria

4

Aholkularitza

Aholkularitza zerbitzuetan parte hartzea (2)

15

15

Azken ordainketan

Generoa

Emakumea

15

15

Desgaitasuna

Desgaitasun aitortua duten pertsonak (3)

2

2

Eskaeran

Ustiategiaren ezaugarriak

34

Asoziazionismoa

Kooperatibako bazkidea (4)

5

5

Azken ordainketan

Belaunaldi erreleboa

Ustiategian oinordetza beste titular bati (5)

15

Ahaidetasun harremanik gabe 60 urtetik gorako titularrarekin (6)

15

Ahaidetasun harremanik gabe (7)

13

Ahaidetasun harremana du 60 urtetik gorako titularrarekin (8)

11

Ustiategiaren/instalazioaren kokapen geografikoa

Ustiategiaren udalerriaren kokapena (9)

8

Azken ordainketan

Goi mendikoa

8

Mendialdea

6

Muga naturalak dituzten eremuak

4

Ustiategiaren neurria

6

Eskaeran eta azken ordainketan

Dimentsioa: nekazaritzako lan unitateak (NLU), >0,5 eta <1

2

Dimentsioa: nekazaritzako lan unitateak (NLU), ≥1 eta <1,5

4

Dimentsioa: nekazaritzako lan unitateak (NLU), ≥1,5

6

Enpresa plana

26

Bideragarritasuna

Ustiategiaren lan unitate bakoitzeko errentaren ehunekoa, erreferentziako errentaren aldean

8

Eskaeran eta azken ordainketan

%52 eta %102 artean

8

%52 baino txikiagoa, edo %102 baino handiagoa baina %120 gainditu gabe

5

Ekoizpen eraginkortasuna eta merkataritzako marjina hobetzea

Ustiategiaren ekoizpen eraginkortasuna edo merkataritzako marjina hobetzeko jarduerak.

10

Azken ordainketan

Eraldaketa edo kanal laburren bidezko merkaturatzea (10)

10

Ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak (11)

10

Nekazaritzako elikagaien kalitate­araubideetan parte hartzea (12)

8

Ingurumen arloko konpromisoak

Ingurumen arloko jardunbideak dituen ustiategia

8

Azken ordainketan

Nekazaritza ekologikoa (13)

8

P1 eta P2 eko-araubideak, larratze estentsibokoa, eta sega-lan jasangarrikoa (14)

6

P3 eta P7 arteko eko-araubideak (NPEPE) (14)

4

(1) Despopulazio arriskuan dauden eremuen eta udalerrien zerrendarekin bat datorren herri batean erroldatuta egotearen ziurtagiria; jasota egon beharko da gobernuaren 2023ko apirilaren 26ko erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategian.

(2) Ezartze bidean dauden gazteei aholkularitza espezifikoa emateari buruzko puntuak soilik aplikatzen ahalko dira baldin eta zerbitzua ematen duen entitatea inskribatuta badago Nafarroako Aholkularitza Entitateen Erregistroan, bat etorriz honako foru agindu honetan ezarritakoarekin: 232E/2024 Foru Agindua, uztailaren 31koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baita nekazaritzako aholkularitza erakundeak aitortzea eta erregistratzea, Nafarroako 2023-2027 NPEPEn ezarritako nekazaritzako aholkularitza sistemaren esparruan. Horrez gain, entitate horiek bete beharko dute 2021eko abenduaren 2ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 78. artikuluan ezarritakoa. Izan ere, erregelamendu horren bidez arauak ezartzen dira Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEren plan estrategikoak) laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatzen baita, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira.

Aholkularitzagatiko puntuak aplikatzea eskatzen bada, horrek esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola organo kudeatzaileari zerbitzua eman duen entitateari eskatu ahal izateko onuradunari emandako aholkularitza zerbitzuari buruz duen informazioa.

(3) Abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren arabera aitortutako desgaitasuna dauka.

(4) Kooperatibako bazkidea izatea, Nafarroako Kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen mendeko kooperatiba batekoa.

(5) Ustiategiaren titulartasunean oinordetza dagoela iritziko da, baldin eta laguntzaren onuraduna beste pertsona fisiko edo juridiko baten ustiategiaren titularra izatera igarotzen bada, ezartzeko aldia amaitzen denean. Oinordetza gertatzen den ustiategiak erreferentziako errentaren %35etik gorako errenta unitarioa izan beharko du, eta 0,5 NLUko gutxieneko neurria, bertan ezartzen den pertsona bakoitzeko, laguntza eskaera aurkezteko datan.

(6) Ahaide gisa joko dira lehen eta bigarren graduko odol edo ezkontza ahaidetasuna dutenak. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek bete behar dute baldintza hori. Ahaidetasun harremanik ez dagoela joko da irizpidea betetzen EZ duten pertsona fisiko edo juridikoen kasuan.

Ustiategiaren titularra izateari uzten dion pertsonak 60 urte baino gehiago izan beharko ditu edo lanerako ezintasun iraunkorra eskuratzeko egoeran egon, laguntza eskaera aurkezteko unean. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek bete behar dute baldintza hori.

(7) Ahaide gisa joko dira lehen eta bigarren graduko odol edo ezkontza ahaidetasuna dutenak. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek bete behar dute baldintza hori. Ahaidetasun harremanik ez dagoela joko da irizpidea betetzen EZ duten pertsona fisiko edo juridikoen kasuan. Ustiategiaren titularra izateari uzten dionak 56 eta 60 urte artean izan beharko ditu, laguntza eskaera aurkezteko unean. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek 56 urtetik gora eduki behar dituzte.

(8) Ahaide gisa joko dira lehen eta bigarren graduko odol edo ezkontza ahaidetasuna dutenak.

Ustiategiaren titularra izateari uzten dion pertsonak 60 urte baino gehiago izan beharko ditu edo lanerako ezintasun iraunkorra eskuratzeko egoeran egon, laguntza eskaera aurkezteko unean. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek bete behar dute baldintza hori.

(9) Muga naturalak dituzten eremuetan kokatutako ustiategien kasuan (goi mendia, mendialdea eta muga naturalak dituzten eremuak), kontuan hartuko da ustiategia zer udalerritan ageri den Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan (NNUE), udalerri horren INE kodea, Nafarroako NPEPEren muga naturalak dituzten eremuetan esku hartzeko zerrendaren arabera, eta enpresa plana amaitzen den unean.

(10) Ustiategiak eraldaketagatiko NLU gehigarri bat izanen du ustiategiaren NNUE fitxan, eta/edo zuzeneko salmentaren eta kanal laburren erregistroan inskribatuta egonen da, 5/2023 Foru Legeari jarraikiz, enpresa plana bukatutakoan.

(11) Onuraduna sartzen den ustiategiak nekazaritza-ustiategietan inbertitzeko laguntzen eskaera onargarria izan beharko du (ingurumen helburua izan edo ez), establezimenduari laguntza ematen zaion urte berean egina. Enpresa plana bukatutakoan egiaztatuko da, laguntzak ordaintzeko ebazpenaren bidez, edo, eman ez badira, irizpide hori egiaztatzeko aukera ematen duten administrazio-kontrolak eta bertatik bertarakoak eginez.

(12) Ustiategiak, guztira, 0,25 NLU edo gehiago eduki beharko ditu enpresa plana amaitutakoan, jatorri deiturei eta adierazpen geografikoei atxikita. Baldin eta onuraduna entitate elkartu batean sartzen bada, parametroa partaidetzaren ehunekoaren arabera egiaztatuko da. Irizpide honetarako, ekoizpen-elementu guztien batura zenbatuko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024/1143 (EB) Erregelamenduarekin bat.

(13) Ustiategiak ekoizpen ekologikoko eta/edo ekologiko bihurtzeko 0,25 NLU baino gehiago izan beharko ditu enpresa planaren amaieran. Baldin eta onuraduna entitate elkartu batean sartzen bada, parametroa partaidetzaren ehunekoaren arabera egiaztatuko da. Irizpide honetarako, ekoizpen-sistema horri atxikitako ekoizpen-elementu guztien batura zenbatuko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/848 (EB) Erregelamenduarekin bat.

(14) Enpresa plana amaitzen denerako laguntza bat izatea eko-araubideetan jarduteagatik, 2021/2115 Erregelamenduaren 70. artikuluan ezarrita dagoenarekin bat. Enpresa plana amaitutakoan ingurumen-konpromisoengatiko laguntzak emateko ebazpenik ez badago oraindik, baina horregatik zenbatekoak kobratu badira, konpromisoa betetzat joko da.

IV. ERANSKINA.–LAGUNTZA ETA ORDAINKETA ESKAEREKIN BATERA AURKEZTU BEHARREKO AGIRIEN ZERRENDA

1. Laguntza eskaerarekin batera:

a) IFZa.

b) Enpresa planaren hasieraren justifikazioa.

c) Lanbide trebakuntza eta gaitasun profesional egokiak justifikatzeko:

(i) Nekazaritza arloko ikasketa titulu bat, erdi mailako zikloaren baliokidea edo goragoko mailakoa, eta/edo eskatu izanaren gordekina.

(ii) Profesionaltasun ziurtagiria edo konpetentzien egiaztagiria.

(iii) Egiaztagiriak, frogatzen dutenak nekazaritza arloko ikastaroak egin direla ustiategia gobernatzeaz eta/edo kudeatzeaz.

(iv) Nekazaritzako enpresan lanean jartzeko ikastaroa egin izanaren egiaztagiria.

d) Erroldatze-ziurtagiria.

e) Desgaitasuna izanez gero, hori frogatzeko agiria.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

–Onuraduna lanean hasten bada pertsona juridiko baten izenean dagoen nekazaritzako ustiategi batean, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

(i) Zein entitatetan lanean hasten den, haren IFZa.

(ii) Zein entitatetan lanean hasten den, haren eratze-eskriturak, nekazari gaztearen ekarpena eta hura bazkide edo partaide gisa sartzeko baldintzak adieraziko dituena, eta horrekin batera entitatearen estatutu edo arauen kopia fede-emailea eta zuzendaritza teknikoan eta kudeaketan ari diren pertsonen zerrenda.

–Belaunaldi erreleboaren kasuan:

(i) Ustiategiaren titularraren IFZa.

(ii) Hala dagokionean, ahaidetasuna dagoen edo ez egiaztatzen duen agiria (familia liburua).

(iii) Ustiategiaren titularrak eta laguntzaren eskatzaileak sinatutako zinpeko deklarazioa, ahaidetasun-harremanik dagoen ala ez adierazten duena.

2. Ordainketa eskaerarekin batera:

a) Onuradunak laguntza entitate hartzekodun bati lagatzea erabakitzen badu, ordainketa eskaerarekin batera aurkeztu beharko du hori justifikatzen duen dokumentua.

b) Erroldatze-ziurtagiria.

c) Lanbide trebakuntza eta gaitasun profesional egokiak egiaztatzen dituen agiria (eskaera egitean aurkeztu ez bazen).

Iragarkiaren kodea: F2517365