1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
8C/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, erabakitzen duena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua entitatearen akordio kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua entitatearen akordio kolektiboaren testua (kode zk. 31100052132014) aztertu da, landa eremuko oinarrizko osasun laguntzako laguntza jarraituari eta zerbitzu horretako langileen beste lan baldintza batzuei buruzko 2008ko martxoaren 13ko Akordioa (2008ko 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 21ekoan, argitaratua) zati batean aldatzen duena. Aldaketa hori, funtzionarioei eta lan-kontratudunei eragiten diena, 2025eko abenduaren 29an sartu zen erregistro honetan, eta osasun entitatearen legezko ordezkaritzak eta bertako sindikatu batzuek izenpetu zuten 2025eko azaroaren 17an, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 16an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
2008KO MARTXOAREN 13KO AKORDIOAREN BERRIKUSPENA. AKORDIO HORREN BIDEZ, OSASUN ADMINISTRAZIOAK ETA SINDIKATUEK LANDA-EREMUKO OINARRIZKO OSASUN-LAGUNTZAKO LAGUNTZA JARRAITUAREN ETA OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUKO LANGILEEN LAN-BALDINTZEN GAINEAN SINATUTAKO ITUNA ONETSI ZEN
Presentzia fisikoko guardia gisa ordaindu nahi dira guardia lokalizatuak, baldin eta profesionalari eskatzen bazaio osasun-zentrora joateko eta han asistentzia edo interbentzio kirurgiko bat edo gehiago egin behar baditu eta horiek lau orduz edo hortik gora luzatzen badira. Horretarako, bada, berrikusi egin behar da 2008ko martxoaren 13ko Akordioa, zeinaren bidez onetsi baitzen Osasun Administrazioak eta sindikatuek landa-eremuko oinarrizko osasun-laguntzako laguntza jarraituaren eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen lan-baldintzen gainean sinatutako ituna.
Zenbait negoziazioren ondoren, sindikatu sinatzaileek honako akordio hau itxi zuten Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako langileen 2025eko azaroaren 17ko negoziazio mahai sektorialean, SMN, USAE, UGT, AFAPNA eta CCOO sindikatuen aldeko botoekin eta LAB, SATSE eta ELA sindikatuak abstenitu zirela:
1.–2008ko martxoaren 13ko Akordioaren VII. apartatuko 12. puntua aldatzen da, eta jarraian ageri den moduan geratzen da idatzita. Akordio horren bidez onetsi zen OsasunAdministrazioak eta sindikatuek landa-eremuko oinarrizko osasun-laguntzako laguntza jarraituaren eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen lan-baldintzen gainean sinatutako ituna.
"12. Guardia lokalizatuen ordainsariak.
Guardia lokalizatuetan, eguneko lanaldiaren barnean, 3 abisu edo gehiagori erantzun behar bazaie, edo 2 abisu baino gehiagori gaueko txandetan (22:00etatik 08:00etara), guardia horiek oso-osorik ordainduko dira presentzia fisikoko guardia gisa.
Orobat, guardia lokalizatuetan, baldin eta profesionalari eskatzen bazaio osasun-zentrora joateko eta han asistentzia edo interbentzio kirurgiko bat edo bi egin behar baditu eta horiek lau orduz edo hortik gora luzatzen badira (modu jarraituan zein ez-jarraituan), hori ere presentzia fisikoko guardia gisa ordainduko da.
Konpentsazio hori ez da bateragarria izanen honako akordio honen babespean eskuratzen ahal direnekin: Akordioa, 2025eko maiatzaren 4koa, asistentzia izaten duten guardia lokalizatuen konpentsazio ekonomikoari buruzkoa.
2. Indarraldia.
Akordio honetan jasotako aldaketak 2026eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.
Iragarkiaren kodea: F2600672