31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TULEBRAS

Ordenantza fiskala, bide publikoetan pasabideen lizentziak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ordenantzaren hasierako onespenaren erabakia 2025eko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 25en, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzen da, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Tulebrasen, 2026ko urtarrilaren 13an.–Alkatea, Cristina Diaz Soria.

UDAL ORDENANTZA, PASABIDEEN LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUENA TULEBRASKO BIDE PUBLIKOETAN

I. LEHENENGO KAPITULUA.–PASABIDEEN LIZENTZIAK

1. artikulua. Kontzeptua.

Ordenantza honetan ezarritako moduan eta mugekin bakarrik egiten ahalko dira honako hauek: ibilgailuak sartzea era guztietako higiezinetara, baldin eta horretarako beharrezkoa bada espaloiak edo jabari eta/edo erabilera publikoko beste ondasun batzuk gurutzatzea, edo baldin badakarte ondasun horien erabilera pribatiboa edo herritar guztiei dagokien erabileraren murrizketa berezia, edo baldin eta eragozten badute sarbide hori egiten den lekuen aurrean beste ibilgailu batzuk uztea edo gelditzea.

2. artikulua. Lizentzia eskuratu beharra. Titularrak.

1.–Pertsona edo entitate publiko eta pribatu guztiek behar dute lizentzia, eta, horretarako, dagozkion tasak ordainduko dituzte. Horrez gain, espedientean egiaztatu behar da egunean dituztela Tulebrasko Udalarekiko tributu betebeharrak.

2.–Pasabide lizentzien eskatzaileak eta titularrak izan daitezke finkaren jabea, negozio-lokalaren errentaria edo haren erabilera eta gozamenerako eskubideren baten titularra, ez beste inor.

Eskatzailea ez bada jabea, azken horren adostasuna agertu beharko da eskaeran.

Pasabidearen lizentziak ekartzen dituen betebehar guztien erantzulea haren titularra izango da, eta, subsidiarioki, finkaren jabea.

3. artikulua. Pasabidearen lizentziak. Gelditu eta aparkatzeko debekua.

Pasabidearen lizentziak ibilgailu guztiei debekua ekarriko die lokalaren sarreraren parean aparkatzeko, eta baimena emanen du inguruabar hori seinaleztatzeko.

Pasabidearen lizentziak ezarritako eremuan eta ordutegian debekatuko da ibilgailuak gelditu eta aparkatzea.

4. artikulua. Pasabidearen lizentzia motak.

Pasabidearen lizentziak 24 ordurako emanen dira garajeetan eta etxabe/lokal pribatuen sarbideetan. Pasabidearen lizentziek ibilgailuei pasatzen uzten diete, eta automatikoki debekatzen da ibilgailuak galtzadan eta pasabideen aurrean gelditzea eta aparkatzea.

Arau orokor gisa, ez da ordutegi mugatuko pasabidearen lizentziarik emanen.

5. artikulua. Pasabidearen lizentzia ematea justifikatzen duten egoerak.

Pasabide iraunkorreko lizentziak eman daitezke etxebizitza, aparkaleku eta ibilgailuen gordelekuetarako: eraikinaren beheko solairuko lokala garaje izan daitekeenean, ibilgailuak eta nekazaritzako makinak edo lanabes osagarriak gordetzeko, titularrak nekazaritzako jarduerak egiteagatik.

6. artikulua. Lizentzia eskuratzeko aurkeztu beharreko agiriak.

Honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio pasabidearen lizentziaren eskabideari:

1. Garaje erabilera baimentzen duen udal lizentzia, hirigintzako araudi aplikagarriaren arabera (lehenengoz okupatzeko lizentzia edo erabilera aldatzeko lizentzia).

2. Lokalaren kokapen planoa, eraikinaren zenbakia, lokalaren atea eta abarrak behar bezala identifikatuak. Era berean, planoak pasabidearen baldintzak zehaztuko ditu, eta zabalera eta ukitzen dituen zuhaitzak, hiri-altzariak eta bide publikoko oztopoak adieraziko ditu.

3. Lizentziaren xedeko lokalaren katastro-erreferentzia. Salbuespenez, horren ordez lokalaren plano ulerterraz eta zehatz bat aurkez daiteke, azalera (metro koadrotan), sarbideak eta haien ezaugarriak adierazita. Udaleko zerbitzu teknikoek egiaztatzen ahalko dituzte datuak.

4. Ibilgailuak eta/edo nekazaritzako makinak utzi edo gordetzeko establezimenduen kasuan:

a) Garaje komunitarioetarako: jabeen erkidegoaren frogagiria (erkidegoaren IFKaren fotokopia).

b) Garajeak izan daitezkeen lokaletarako, eta ibilgailuak eta nekazaritzako makinak edo lanabes osagarriak gordetzen dituzten garajeetarako: lokalean gordeko diren ibilgailu eta makinen inskripzioa (dagokien erregistrokoa) frogatzen duten agiriak.

Ibilgailuak edo garajea erabiltzen duten jabeak aldatzen badira, lehenbailehen jakinaraziko zaio Udalari, pasabidearen lizentziaren espedientean jaso dadin.

5. Lokalaren jabearen adostasuna, eskatzailea ez bada, eta erantzukizun subsidiarioaren onarpena ordenantza honetan ezarritako betebeharrei dagokienez.

Toki Ogasunei buruzko Legean ezarritakoarekin bat, lokalaren jabea zergadunaren ordezkoa izanen da aprobetxamendu bereziaren tasan. Aprobetxamendua ibilgailu motordunak espaloietan edo jabari publikoko bestelako ondasunetan barna pasatzeari dagokio.

6. Espaloia eta zintarria egokitu behar baldin badira eraikinera edo lokalera sartzeko, obra-lizentziaren eskaera eta hirigintzako lizentziaren tasaren ordainagiria erantsi beharko zaizkio pasabidearen lizentziaren eskabideari.

7. artikulua. Pasabidearen lizentzia emateko prozedura.

1. Pasabidearen lizentziaren eskatzaileak aurkeztutako eskabidea eta agiriak jaso ondoren, Tulebrasko Udalari dagokio espedientea izapidetu eta sustatzea, eta eskatzaileari hamar eguneko epea emanen zaio akatsak zuzentzeko edo falta diren agiriak aurkezteko.

2. Agiri administratibo hauek ofizioz erantsiko zaizkio espedienteari:

–Garajearen edo garaje izan daitekeen lokalaren katastro-ziurtagiri deskriptibo eta grafikoa.

–Udaleko Kontu-hartzailetzaren edo Diru-bilketa Alorraren txostena, frogatzeko eskatzaileak udal honekiko tributu betebeharrak egunean dituela.

–Udaleko zerbitzu teknikoen neurketa txostena, hala behar denean.

–Egokitzat jotzen diren txosten osagarriak.

3. Agiri guztiak aurkeztu eta espedientea tramitatu ondoren, proposamen arrazoitua igorriko zaio espedientea ebatzi behar duen organoari.

8. artikulua. Lizentzia ematea.

1. Lizentzia Alkatetzaren dekretuaren bidez emanen edo ukatuko da, Udaleko zerbitzu teknikoek txostena egin ondoren.

Pasabidea egokitzeko obren baimena ere ebatziko da, hura eskatu bada; baimena ematekotan, eraikuntzen gaineko zergaren ordainketa eskatuko da, baita galtzada eta zintarria lehengoratzeko fidantza ere.

2. Pasabideen lizentziak kasuan-kasuan baimenduko dira, ordenantza honetan ezarritako irizpideen arabera, jabetza eskubidea salbu dela eta hirugarrenak kaltetu gabe.

3. Pasabideen lizentziek ez dute eskubide subjektiborik sortzen batere. Udalak edozein unetan eskatzen ahalko dio titularrari pasabidea deuseztatzeko, eta azken honen kontura izanen da galtzada eta zintarria lehengoratzea, ordenantza honetan araututako baldintzetan.

4. Oro har, kasu hauetan ez da emanen pasabide lizentziarik:

4.1. Pasabideak lorategiak edo zuhaiztiak okupatuko balitu, edo, hurbiltasunagatik, haien garapen edo kontserbazio normala oztopatuko balu.

4.2. Eraikinen kantoi edo alaketan, trafikoaren edo oinezkoen segurtasuna oztopatuko edo arriskuan jarriko balitz, urbanizazioaren ezaugarriak direla eta.

4.3. Bide publikoaren zabalera edo beste ezaugarri batzuk direla eta, posible ez balitz eraikinera sartzea egin gabe aurreranzko biraketa-maniobra bakarra, edo beste ibilgailuen zirkulazioa oztopatuko balitz, edo pasabidetik pasatuko liratekeen ibilgailuen pisu edo ezaugarriengatik espaloia edo galtzada kaltetzeko arriskua sortuko balitz.

4.4. Espaloiaren zabaleragatik, oinezkoen zirkulazioaren intentsitateagatik edo pasabidearen lizentzien kopuru handiagatik zirkulazio hori edo beste erabilera orokor bat arriskutsu bihurtuko edo nabarmenki murriztuko balitz.

4.5. Interes kulturaleko ondasun, hiri-altzari, semaforo, bide-seinale edo trafiko handiko eremu batetik hurbil egoteagatik hura kaltetuko edo mugatuko balitz.

Lizentzia ukatzeko arrazoi diren elementuak lekualdatu edo ezeztatzen ahal badira, Udalak lizentzia eman dezake baldin eta interesdunek lekualdaketaren edo ezeztapenaren gastuak pagatzen baditu.

9. artikulua. Mugak.

Pasabiderako lizentzia bakar bat ematen ahalko da lokal bakoitzeko, lokala izanik espazio-unitate fisiko bat, besteengandik guztiz eta modu iraunkorrean bereizia fabrika-obren bidez.

Titular batek ondoz ondoko bi lokal baditu eta biek sarbidea konpartitzen ahal badute, soilik lokal baterako emanen da pasabidearen lizentzia.

10. artikulua. Sarbidea.

Interesdunak eskatuko du pasabidearen lizentziaren xedeko lokal edo gunearen sarbidearen zabalera, sartzeko atearekiko lerro perpendikularra barne hartuta eta 5 metro gainditu gabe. Salbuespenez, behar bezala arrazoitutako kasuetan, Udalak zabalera handiagoa edo txikiagoa baimentzen ahalko du.

11. artikulua. Seinaleak.

1. Pasabidea seinaleztatzeko, debeku plaka iraunkor bat jarriko da, ordenantza honen I. eranskineko ereduari jarraikiz, sarbidearen zentrotik ikusgai eta lurretik gutxienez 1,50 metrora.

2. Komeni bada ikusi ahal izateko, kopia bat emanen da, titularrak plaka edo disko gehigarria jar dezan.

3. Udalak emanen du plaka, baina titularraren kontura geldituko dira hura bere tokian paratu, kontserbatu eta mantentzeko lanak, eta Udalari itzuli beharko zaio pasabidearen lizentziaren baja gertatu edo hura baliogabetuz gero.

4. Plakek Udalaren eredu normalizatuari jarraitu beharko diote, eta lizentzia zenbakia jaso beharko dituzte, bai eta Udalaren ustez pasabidea identifikatzen duten datu guztiak ere.

5. Egokia denean, lizentzia emateko ebazpenean berariaz ezarritakoaren arabera, pasabideak seinale horizontala izango du. Marra hori jarraitua izango da, 15 zentimetroko zabalerakoa eta baimendutako eremuaren luzerakoa, material irristagaitzez egina galtzadan, beheragunean edo espaloiaren, plazaren edo bide publikoaren zintarrian.

Pertsona titularrari dagokio seinale horizontala egoera onean kontserbatzea.

12. artikulua. Espaloia eta zintarria beheratzeko obrak.

1. Pasabidearen lizentziaren xedeko eraikin edo lokalaren sarbidean espaloia eta bide publikoaren zintarria egokitu behar badira, Udalak ordenantza honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat zehazten duen azaleran eginen da obra, erabiliko diren ibilgailuen ezaugarrien arabera, lokal edo eraikinaren sarbidearen eta haren pareko espaloiaren arteko ebakidura lerroa gainditu gabe eta sestra ofiziala aldatu gabe.

2. Udalak izendatzen dituen profesional eskudunek egingo dituzte obrak, pasabidearen titularraren kargura.

3. Obra egin eta bide publikoaren zatia seinaleztatu ondoren, Udaleko zerbitzu teknikoek ikuskatuko dute.

13. artikulua. Behin-behineko instalazioak.

Debeku da ibilgailuak bide publikotik eraikinetara sartzea eta eraikinetatik bide publikora ateratzea behin-behineko edo aldi baterako elementu mugikorrak, arrapalak, oholak, harea eta abar erabiliz, arrazoi justifikatuengatik baimen berezia ematen denean izan ezik.

14. artikulua. Debeku orokorrak.

Espresuki debekaturik daude honako hauek:

1. Lizentziaren titularrak pasabidearen lizentziaren seinaleak eta bereizgarriak behar bezala (ezarritakoaren arabera) ez mantentzea.

2. Pintura, errotulu, seinale edo adierazpen grafikoak, baldin eta, pasabidearen lizentziarekin bat etorri gabe, lizentziak aparkatzeko ezartzen dituen mugen gainean oker egitera bultzatzen badute.

3. Edozein ibilgailu uztea, Ibilgailuei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren II. eranskinaren arabera.

4. Pasabidearen lizentziaren titularrek konpontzen ari diren edo merkataritzako salmentarako diren ibilgailuak uztea.

15. artikulua. Indarraldia.

1. Pasabideen lizentziak urtebeterako baimenak dira, eta abenduaren 31n bukatzen da indarraldia urtero, baita lehenbiziko urtean ere. Urte horretan hainbanatzen da tasa, bere ordenantza fiskalaren arabera.

2. Hala ere, urtero luzatuko da lizentzia, ezer egin gabe, baldin eta titularrak pasabidearen lizentzia amaitzeko asmoa adierazten ez badu, Udalak interes publikoarengatik indargabetzen ez badu eta Udalak aurreikusitako arrazoiengatik baliogabetzen ez badu.

a) Titularrak legezko epeen barruan ordaindu beharko du dagokion tasa (II. eranskinaren arabera). Administrazioak emandako ordainagiriak frogatuko du lizentzia indarrean dela.

b) Tasa borondatezko bilketaren epean ordaintzen ez bada, ulertuko da titularrak lizentziari uko egiten diola isilbidez. Kasu horretan, Zerga Kudeaketa Zerbitzuak berehala osatuko du zerrenda bat, jasoko duena zer pasabide lizentzia iraungi diren titularrak isilbidez uko egiteagatik (tasa ez ordaintzea), eta agindua igorriko zaie Udaleko zerbitzuei pasabidearen lizentzia egiaztatzen duten plakak kentzeko.

Aurrekoa gorabehera, titularrak isilbidezko ukoa errebokatzen ahalko du, zorra eta lizentzia berriz indarrean jartzeko tasa pagatuta, ordenantza fiskal indardunari jarraikiz.

3. Nolanahi ere, eta aurreko apartatuan xedatutakoa alde batera utzi gabe, titularrak berariaz uko egin diolako, ez ordaintzeagatik isilbidez uko egin diolako edo Udalak ofizioz uko egin diolako pasabidearen lizentzia baliogabetu ondoren, titularrak plaka entregatu beharko du, bat etorriz hurrengo 19. artikuluan agindutakoarekin. Udala arduratuko da espaloia eta zintarria jatorrizko egoerara itzultzeaz, eta pasabidearen lizentziaren titularraren kargura izanen dira azken kostuak.

16. artikulua. Pasabidearen lizentzien aldaketak.

Pasabideen lizentzien titularrek baimena eskatuko diote udal administrazioari pasabidean aldaketak egiteko, eta haien kontura izanen dira gastuak.

17. artikulua. Handitzea eta lekualdatzea.

1. Pasabidea handitu edo lekualdatzeko eta titulartasuna aldatzeko, lizentzia berria eskuratu behar da; horretarako, pasabidearen lizentzia baimentzeko eskatzen diren tramite eta baldintza guztiak bete behar dira.

2. Lizentziaren indarraldian lokalaren jabetza eskualdatzen bada edo errentamenduaren titularra edo lokala erabiltzeko gaitzen duen titulu juridikoa aldatzen bada, segidan jakinarazi beharko zaio Udalari, egiazta dezan ordenantzan pasabidearen lizentzia emateko eskatzen diren baldintzak mantentzen direla.

3. Pasabidea lekualdatzen denean, pasabidea kentzeagatik sortutako gastuak ere titularrak ordainduko ditu.

4. Pasabidea kendu dela egiaztatu ondoren, titularrak eskabidea aurkeztuta, lizentzia deuseztatuko da eta, hala badagokio, fidantza itzuliko zaio.

18. artikulua. Udalaren ordezko betearazpena.

Udalak pasabide bat kentzen ahal du edo, nahitaezkoa izateagatik, pasabide bat jarri, aurretik errekerimendua egin gabe, fidantzaren kargura eta, aski ez bada, pasabidearen titularrari zuzenean ordainaraziz.

19. artikulua. Betebeharrak.

Pasabidearen lizentziaren titularrak honako betebehar hauek ditu:

a) Zoladura, seinale horizontala eta plaka egoera onean kontserbatzea; zoladurak edo erabilera publikoko zintarriak jasaten dituen kalte guztien erantzulea izanen da.

b) Dagozkion tasak ordaintzea. Subsidiarioki, lokalaren jabea izanen da zergadunaren ordezko.

c) Pasabidea ordenantza honetan xedatutakoarekin bat identifikatu eta seinaleztatzea.

d) Plaka itzultzea baimenaren indarraldia amaitu ondoren.

e) Agintaritzaren agenteari edo Udaleko zerbitzuei pasabidearen lizentziaren xedeko lokalean sartzen uztea, halakorik eskatzen zaionean.

20. artikulua. Pasabidearen lizentzia azkentzea.

1. Pasabidearen lizentzia azkenduko da titularrak berariaz edo isilbidez –tasa ez ordaintzeagatik– uko egiten dionean.

2. Pasabidearen lizentzia indargabetzen ahalko da titularrak ordenantza honen hirugarren kapituluan tipifikatutako arau-hauste astun edo oso astun bat egiten duenean.

3. Pasabidearen lizentzia baliogabetuko da hura emateko baldintzak desagertzen direnean, edo beste batzuk sortzen edo ezagutzen direnean, bere garaian lizentzia ukatzea ekarriko zutenak. Era berean, pasabidearen lizentziak baliogabetzen ahalko dira balorazio irizpide berriak ezartzen direnean. Lizentzia baliogabetzeko, espediente administratibo bat tramitatu beharko da, eta interesdunari entzutea emanen zaio.

4. Titularrak berariaz edo isilbidez –tasa ez ordaintzeagatik– uko egiteagatik edo lizentzia indargabetu edo baliogabetzeagatik lizentzia amaitzen denean, titularrak plaka itzuliko du eta, behar denean, espaloia lehengoratu beharko du, aurretik ezarritako baldintzetan.

II. BIGARREN KAPITULUA.–ERRESERBA LIZENTZIA

21. artikulua. Kontzeptua. Lizentzia eskuratu beharra.

1. Bide publikoetan edo erabilera publikoko guneetan aparkalekua erreserbatzea, modu iraunkorrean edo mugatuan, zamalanak egiteko, jarduera jakin batzuen mesedetan, jabari publikoaren aprobetxamendu berezia da, okupatzen den gunearen erabilera erkide orokorra mugatzen baitu.

Lizentzia behar da aurreko paragrafoan zehaztutako aparkaleku-erreserba egiteko, tokiko jabari publikoaren aprobetxamendu berezia baita.

2. Aurrekoa gorabehera, Udalak, bidezkotzat jotzen badu eta antolaketarako ahalmenak baliatuz, zenbait tokitan eta ordutan aparkatzeko debekua ezar dezake interes publikoko arrazoiengatik, hainbat lokal, jarduera edo sektoreren titularrek erabil ditzaten.

3. Toki zehatzetan ezin izanen dira inola ere ezarri ibilgailua gelditu edo aparkatzeko debekuguneak, erreserbatzeak duen xedea bete dezaketenak, jarduera edo lokal jakin batzuen mesedetan.

4. Udalak zehaztuko du seinale horizontala, bidezkoa bada. Sigi-sagako marka egingo da galtzadan, eta toki horretan, oro har, ibilgailuek ezin izango dute aparkatu, erreserbatuta egoteagatik erabilera berezi baterako –beti ere ibilgailuak luzaz utzi gabe–.

22. artikulua. Pasabidearen lizentzien gaineko arauen ordezko aplikazioa.

Kapitulu honetan araututa ez dagoen orotan, bide publikoetan tokia erreserbatzeko lizentziak pasabidearen lizentziarako arauei jarraituko die, betiere aplikagarriak badira bi lizentzia moten ezaugarrien arabera.

23. artikulua. Baldintzak.

Zamalanak errazteko bide publikoan espazioak erreserbatzea baimentzeko, eskatzaileak egiaztatu beharko du egin beharreko eragiketen bolumena eta maiztasuna, haien izaera eta altxatzen eta garraiatzen diren pisuak.

Bide publikoan tokiaren erreserba diskrezionalki baimenduko da, eta soilik kasu bakoitzean zehazten den ordutegirako. Ez du eskubide subjektiborik sortuko titularraren alde, eta Udalak eta Alkatetzak aldatzen ahalko dute lizentzia, trafikoaren premiek hala eskatzen duten aldiro, espedientea instruitu eta interesdunari entzunaldia eman ondoren.

III. HIRUGARREN KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

24. artikulua. Arau-hausteak.

Tributuen arloko araudian, bide segurtasunarenean edo gainerako araudi administratiboan ezartzen diren arau-hausteak eta arlo zibilean edo penalean gerta litezkeen erantzukizunak deusetan galarazi gabe, honela tipifikatzen dira ordenantza honen aurkako arau-hausteak:

1. Arau-hauste arinak:

1.1. Pasabidea identifikatzeko plaka egoera onean ez kontserbatzea.

1.2. Sartzeko ateko toki ikusgarri batean ez jartzea pasabidea identifikatzeko plaka.

1.3. Ordenantza hau ez betetzea dakarren eta arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez den beste edozein ekintza edo omisio.

2. Arau-hauste astunak:

2.1. Pasabidearen edo erreserbagunearen parean traba edo oztoporen bat jartzea, garajera sartzea galarazi edo eragozten duena.

2.2. Zoladura ez berritzea Udalak hala agintzen duenean.

3. Arau-hauste oso astunak:

3.1. Plaka ofiziala ez den beste bat erabiltzea pasabidea seinaleztatzeko. Dagokion zehapena jartzeaz gain, egintza jurisdikzio penalera helarazten ahalko da faltsutze-delituagatik.

3.2. Baimendutako ordutegia ez den beste bat jartzea plakan. Dagokion zehapena jartzeaz gain, egintza jurisdikzio penalera helarazten ahalko da faltsutze-delituagatik.

3.3. Udalari ez jakinaraztea lizentzia emateko oinarri izan ziren inguruabarren aldaketa, lokalaren titulartasunaren aldaketa, handitzeak edo lekualdatzeak.

3.4. Beste titular baten lizentzia (pasabidearena edo erreserbarena) erabiltzea eskualdaketarako baimena eman gabe.

3.5. Udalak agintzen dituen segurtasun neurriak ez betetzea.

3.6. Lokalean ibilgailurik ez gordetzea.

3.7. Pasabidearen aprobetxamendu berezia gauzatzea behar den baimena izan gabe.

25. artikulua. Zehapenak.

1. Honako zehapen hauek ezarriko dira aurreko artikuluan tipifikatutako arau-hausteengatik:

–Arau-hauste arinak, 100 euro arteko isuna.

–Arau-hauste astunak: 200 euro arteko isuna.

–Arau-hauste oso astunak: 500 euro arteko isuna.

Arau-hauste astunen eta oso-astunen kasuan, isun ekonomikoaz gain, lizentzia indargabetzen ahalko da.

2. Zehapenak mailakatzeko, egintzaren munta, interes publikoari eragindako kaltea eta arau-hauslearen berrerortze-maila hartuko dira kontuan.

3. Isunak ezartzea alkatetzaren eskumena izanen da, horretarako espedientea izapidetu ondoren, aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.

4. Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalen barnean %50 merkeago ordaintzen ahalko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak.

Isuna %50 merkeago ordaintzeak berarekin dakar alegazioak aurkezteari uko egitea eta prozedura berariazko ebazpenik eman behar izan gabe amaitzea, errekurtsoak paratzen ahalko badira ere.

5. Zehapena jartzeaz gain, araua hautsi duen pertsonari eska dakioke aldatutako egoera lehengoratzeko, baita zehatutako egitateek eragindako kalte-galerak ordaintzeko ere.

Kalte-galerak Udalaren titulartasuneko ondasunetan sortzen direnean, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunek tasazioa egin ondoren, konponketaren zenbatekoa zehaztuko du, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo arau-haustearen erantzuleari, ezartzen den epean ordainketa egin dezan.

IV. AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez eta indarrean egonen da berariaz aldatzea edo indargabetzea erabaki arte.

I. ERANSKINA.–TASA

Urteko tasa: 30 euro.

Iragarkiaren kodea: L2600608