31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Udal ordenantza, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta horietan gaua pasatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Azkoiengo Udalak, 2025eko urriaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Azkoienen autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta horietan gaua pasatzea arautzen duen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia argitara eman zen 2025eko 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 20an, eta inork ez du alegaziorik aurkeztu jendaurreko aldian. Beraz, behin betiko onetsi da aipatutako ordenantza, eta xedatu da osorik argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, aintzat hartuz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa (maiatzaren 31ko 15/2002 Legeak aldatua).

Azkoienen, 2026ko urtarrilaren 15ean.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

UDAL ORDENANTZA, AZKOIENEN AUTOKARABANAK ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUAK APARKATZEA ETA HORIETAN GAUA PASATZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

1. Udal ordenantza honen xedea da esparru arauemaile bat ezartzea, ahalbidetuko duena udal-mugartean zentzuz banatzea espazio publikoak eta aparkalekuak, aldi baterakoak edo ibiltarientzakoak, ibilgailuen zirkulazioa ez trabatzeko, udal-mugarteko baliabide eta espazio naturalak zaintzeko, ingurumeneko inpaktuak txikitzeko, bermatzeko pertsonen segurtasuna eta aparkaleku publikoen txandaketa eta banaketa ekitatiboa erabilera publikoko bideen erabiltzaile guztien artean, eta udalerriko garapen ekonomikoa sustatzeko, bereziki turistikoa.

2. Autokarabana jarduerarekin loturik Azkoiengo Udalak esleiturik dituen eskumenak garatzen ditu ordenantza honek, esaterako trafikoa eta ibilgailuen zirkulazioa bide urbanoetan, mugikortasuna, turismoa, ingurumena, osasun publikoa, kontsumoa eta garapen ekonomikoa, baita zehatzeko ahala ere, aplikatzekoak diren Europako, Estatuko eta autonomia erkidegoetako arauen esparruan.

3. Azkoiengo udal-mugarte osoan dira aplikatzekoak ordenantza honetako aginduak, salbu trafikoarekin eta ibilgailuen zirkulazioarekin lotutakoak: horiek aplikatzekoak izanen dira bide urbanoetan eta urbanotzat deklaratutako hiriarteko bideetan edo zeharkaleetan bakarrik.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan:

–Autokarabana: ibilgailua, gauza dena bidaiariak garraiatzeko eta Estatuko legeriak aipatutako bide eta lurretan zirkulatzeko, hain zuzen ere Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko legerian aipatutakoetan, eta helburu bereziz egina dagoena, ostatu-etxebizitza duena, eta baita, gutxienez, ekipamendu hau ere: eserlekuak eta mahaia, ohatzeak edo literak, eserleku bihur daitezkeenak, sukaldea eta armairuak edo antzekoak. Ekipamendu hau tinko finkaturik egonen da etxebizitza konpartimentuan, nahiz eserlekuak eta mahaiak aise desmuntatu ahal izan.

–Autokarabanista: autokarabana gidatzeko eta erabiltzeko legez gaitua dagoen pertsona, baita autokarabanaren erabiltzaile guztiak ere, nahiz gidatzeko gaiturik ez egon.–Aparkatzea: autokarabana bide publikoan gelditzea, indarrean dauden trafiko eta zirkulazio arauekin bat, jendea barnean egonik nahiz egon gabe, bai egunez bai gauez, betiere martxan denean duen perimetroa gainditu edo zabaldu gabe bere elementuak eraldatuz edo zabalduz, eta bidea okupatzen ez badu lanabes edo tresnekin, esaterako aulkiekin, mahaiekin eta antzekoekin, bere gurpil edo zirietan sostengatzen bada, hanka egonkortzaileak jaitsiak ez baditu, ezta beste gailurik ere, eta bidera fluidorik edo hondakinik botatzen ez badu.

–Autokarabanentzat gordetako aparkalekuak: autokarabanentzat gordetako aparkalekuak dira autokarabanak bakarrik aparkatzeko tokiak dituzten eremuak, jendea barnean egonik nahiz egon gabe, bai egunez bai gauez, leihoak irekitzeko aukera izanik, aireztatzeko bakarrik, aurreko paragrafoan agertutako baldintzetan, bestelako zerbitzurik izan gabe, hots: hustea, betetzea, bateriak kargatzea, ibilgailuak garbitzea eta antzekoak. Titulartasun publikoa nahiz pribatua izan dezakete, eta hiri-lurzoruan edo lurzorutik kanpo egon daitezke.

–Birziklatzeko gunea: ibilgailu mota honek eragindako hondakinak birziklatzeko bakarrik prestatu den eremua, esaterako ur grisak (xaboidunak) eta beltzak (wc) botatzeko, hondakin solidoak botatzeko eta ur garbien biltontzia betetzeko.

–Zerbitzuguneak: zerbitzugune izanen da autokarabanak aparkatzeko edo gelditzeko prestatutako eremua, jendea barnean egonik nahiz ez egonik, bai egunez bai gauez, leihoak irekitzeko aukera izanik, aireztatzeko bakarrik, zerbitzuren bat duena (denak edo batzuk) autokarabanentzat edo erabiltzaileentzat, esaterako bateria elektrikoa kargatzekoa (generadore motorduna izanik nahiz izan gabe), ibilgailuen garbiketa, autozerbitzua, jatetxea, gaua pasatzekoa eta beste zerbitzu batzuk, eta, besteak beste, birziklatzeko guneetarako aipatutakoak ere izan daitezke. Titulartasun publikoa nahiz pribatua izan dezakete, eta hiri-lurzoruan edo lurzorutik kanpo egon daitezke.

3. artikulua. Autokarabanentzat gordetako aparkalekuen, birziklatzeko guneen eta zerbitzuguneen kokapena eta instalazioa.

1. Autokarabanentzat gordetako aparkalekuak, birziklatzeko guneak eta zerbitzuguneak instalatzeko, izan titulartasun publikokoak edo pribatukoak, beharrezkoa izanen da ordenantza honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzea, galarazi gabe jarduera mota honetarako aplikatzekoa den legeria bete behar izatea.

2. Autokarabanentzat gordetako aparkalekuen, birziklatzeko guneen eta zerbitzuguneen kokapenak ez du trafikoa trabatuko, eta bateragarri eginen ditu aparkalekuak erabiltzaile guztien artean ekitatiboki banatzea eta errepideko zirkulazioa behar bezain arin joatea.

3. Udalak sustatuko du eremu hauek ezartzea udalerrian, eta titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak izan daitezke. Nolanahi ere, erabilera publikokoak izanen dira.

4. artikulua. Gelditzea eta aparkatzea.

1. Baimendurik dago Azkoiengo udal-mugarteko herri barruko bide guztietan gelditzea eta aparkatzea autokarabanak, camperrak eta antzeko ibilgailuak, etxebizitza-ibilgailu gisa homologatuak.

2. Bai geldialdia bai aparkatzea egoki eginen dira, trafikoko arauekin bat eta, betiere, bide publikoko ibilgailu eta erabiltzaileen zirkulaziorako arriskurik eta trabarik sorrarazi gabe.

3. Nolanahi ere, ibilgailu horiek gelditu eta aparkatu beharko dute unean-unean indarrean den trafikoko araudiarekin bat.

4. Autokarabanak gehienez ere 48 orduz egon daitezke jarraian berendako eremu erreserbatuetan aparkaturik.

5. artikulua. Gelditzeko debekua.

Debekaturik dago herri barruko bideetan edo herri barruko deklaratutakoetan karabanak gelditzea:

a) Seinaleek espresuki debekatutako lekuetan.

b) Bihurguneetan eta ikusgarritasun gutxiko sestra aldaketetan eta inguruetan.

c) Erabilera publikoko pasabideetan eta oinezkoak eta ziklistak pasatzeko seinaleztatutako igarobideetan. D) Oinezkoen eremuetan; bizikleten bidegorrietan, garraio publikoko geralekuetan, bai zerbitzu erregularrekoetan bai eskatu beharrekoetan, eta bidean erabiltzaile zehatz batzuen zirkulazio edo zerbitzurako bakarrik gordetako errei edo zatietan.

f) Trafiko seinaleak ikustea galarazten denean.

g) Biratzea galarazten denean edo maniobrak egitera behartzen denean.

h) Bigarren ilaran.

i) Bide lasterretan eta lehentasunezko bide publikoetan.

j) Bideen erdiko zatian edo bazterrekoetan, eta zoruan zerrendekin seinaleztatutako tokietan, bai osoki bai partez okupatuta ere.

k) Espaloietan oinezkoak igarotzeko dauden pasabideetan.

l) Zirkulazioa oztopatzen den gainerako toki guztietan, denbora-tarte oso labur baterako bada ere.

m) Desgaitasuna dutenentzat gordetako lekuetan, salbu baimena izanez gero.

6. artikulua. Aparkatzeko eta/edo kanpatzeko debeku orokorrak.

1. Udal-mugartean debekaturik dago kanpatzea salbu horretarako prestatutako tokietan eta behar den baimena izanda.

2. Debeku hauek urratzen dituztenek berehalakoan atera beharko dute okupatutako jabari publikotik, agintarien agenteek hitzez eskatzen dietenean, galarazi gabe organo eskudunaren zehapen-espedientea irekitzea.

3. Aparkatzearen ondorioz inoiz ez da oztopatuko merkataritzako jarduera bat edo monumentuak ikustea.

4. Saihestuko da autokarabanak edo antzekoak pilatzea toki bakarrean; Azkoiengo Udalak aparkatzeko hainbat toki ezar ditzake, eta horietan egoteko denbora mugatu.

7. artikulua. Zerbitzuguneak.

Ordenantza honen 4. artikuluko 1. apartatuko ibilgailuetarako sortu diren edo sortuko diren zerbitzugune publiko nahiz pribaturako tokiek honako erabilera arau hauek beteko dituzte:

a) Aurretik aipatu diren ibilgailuak bakarrik aparkatuko dira eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, turismoak, etab.

b) Ibilgailu aparkatuek betiere errespetatuko dituzte aparkatzeko zoruan marraztutako espazioaren mugak.

c) Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sortutako ur gris eta beltzak botatzeko espazioa izanen dute, baita edateko uraren hargune bat ere. Eremu honetan ezin da aparkatu eta erabiltzaileen eskura egonen da. Horiek higienea mantendu beharko dute erabili ondoren. Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea, salbu zerbitzuguneko instalazioetan baimendutako garbitokietan.

d) Zerbitzuguneen erabiltzaileek men eginen diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, gune hori zaintzeko eta begiratzeko, eta errespetua eta jendetasuna izan dadin.

8. artikulua. Autokarabanak eta antzeko ibilgailuak kanpatzea.

Ulertuko da autokarabana edo antzeko ibilgailu bat kanpaturik dagoela honako kasu hauetan:

a) Autokarabana edo antzeko ibilgailua zoruarekin kontaktuan dagoenean ez bakarrik gurpilen bidez, baizik zabaldu direnean nibelatzeko gailuak, egonkortzeko euskarriak edo antzeko elementuak, ahalbidetzen dutenak ibilgailua lurrean edo tokian finkatzea. Kasu batzuetan, aparkalekua malda batean badago edo inklinazio handiko leku batean baldin badago, ziriak gurpiletan jartzea justifikatuta dago, ibilgailuaren segurtasuna hobetzeko.

b) Autokarabanak edo antzeko ibilgailuak okupatzen duenean autokarabana itxiak baino leku gehiago, hau da, leihoak irekiak daudenean (zabukariak edo proiektagarriak), ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupatzen ahal dutenak, eta bestelako elementuak, esaterako mahaiak, eguzki-oihal zabalduak, aulkiak, etab., adierazten dutenak ez dela geldialdi edo aparkatze hutsa. Leihoak irekitzea arriskua ez denean errepideko zirkulaziorako edo bideko beste erabiltzaileentzat, baimendua egonen da irekitzea. Nolanahi ere, leihoak irekirik izate hutsa ez da nahikoa izanen ulertzeko ibilgailua kanpaturik dagoela; agenteak, salaketan (halakorik jarriz gero), zehaztu beharko ditu elementu guztiak, pentsarazi diotenak kanpatzea dela, eta ez aparkatzea bakarrik.

9. artikulua. Zenbatekoa.

Prezio publikoaren zenbatekoa honako hau da: 7 euro gau bakoitzeko (24 ordu). Uraren eta beste zerbitzu batzuen erabilera barne.

Udalbatzaren osoko bilkurari dagokio ordenantza honetan araututako prezio publikoak aldatzea. Zenbatekoak emandako zerbitzuaren edo egindako jardueraren kostua estali beharko du gutxienez, nahiz eta prezio publikoak ezar daitezkeen legez aurreikusitako mugaren azpitik hala gomendatzen duten arrazoi sozialak, ongintzakoak, kulturalak edo interes publikokoak daudenean; kasu horretan, erakundearen aurrekontuetan behar diren zuzkidurak kontsignatu beharko dira, aldea estaltzeko, halakorik balego.

10. artikulua. Ordaintzeko betebeharra eta modua.

Prezio publiko hori dagokion baimena ematen denean sortuko da, eta toki desberdinetan horretarako instalatutako makinetan ordaindu beharko da. Baldin, prezioa ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, jarduera egiten ez bada, dagokion zenbatekoa itzuliko zaio. Hemen arautzen diren prezio publikoak direla-eta zorrik baldin bada, horiek premiamenduzko administrazio prozeduraren bidez eskatzen ahalko dira, eta diru-bilketari buruz aplikatzen ahal zaion araudiari jarraikiz.

11. artikulua. Ikuskapena.

Ikuskatze lanak, ordenantza honetan ezarritakoa betetzeari dagokionez, Azkoiengo Udaltzaingoari egokituko zaizkio.

12. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.

1. Azkoiengo Udaleko alkate udalburua edo hark eskuordetutakoa izanen da zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna.

2. Zehapen-prozedura bideratuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

3. Espedientearen ebazpena beranduenez sei hilabetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak ebatziko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik 6 hilabeteko epea iragaten bada zehatzeko ebazpenik jakinarazi gabe, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunek eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.

13. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetako arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke. Hauek dira arau-hausteen zenbatekoak: 100 euro arinetarako, 300 euro astunetarako eta 500 euro oso astunetarako.

1. Arau-hauste arintzat joko dira honako hauek:

a) Autokarabana edo antzeko ibilgailua aparkatzea merkataritzako jarduera edo monumentuak ikustea oztopatzen duen tokian. Hasiera batean, karabanaren edo antzeko ibilgailuaren titularrari eskatuko zaio aparkalekua utz dezala, ohartaraziz zehapena ezar daitekeela ez-betetzeagatik.

b) Zarata gogaikarriak egitea, tresna elektrikoak piztuz, esaterako generadoreak, atseden hartzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera denbora luzean.

c) Hustubidearen giltza irekia uztea, martxan, geldialdian edo aparkatzeko tokian.

d) Hiri-hondakin solidoak botatzea horretarako ezarritako eremutik kanpo.

e) Elementuak jartzea autokarabanaren perimetrotik kanpo, esaterako eguzki-oihalak, mahaiak, aulkiak, nibelatzeko hankak, etab., baimenik gabeko tokietan.

2. Arau-hauste astuntzat joko dira honako hauek:

a) Karabana edo antzeko ibilgailua kanpaturik egotea horretarako prestatutako tokietatik kanpo. Egoera horri antzemateko, ordenantza honen 6. artikuluan xedatutakoari segituko zaio, baztertu gabe kanpatze horretan bestelako arau-hausteak ere egin daitezkeela (babestutako zonan sua piztea, desordena publikoa eragitea, ur publikoak kutsatzea eta abar). Kasu horretan, gainera, aplikatzekoak diren legeetan xedatutakoari segituko zaio.

b) Soinu ekipoekin zarata egitea kanpoaldera.

c) Sei hilabetean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

3. Arau-hauste oso astuntzat joko dira honako hauek:

a) Fluido kutsatzaileak botatzea martxan, geldialdian edo aparkatzeko tokian.

b) Ur grisak eta beltzak hustea horretarako prestatutako tokietatik kanpo.

c) Errepideko ibilgailuen zirkulazioa osoki trabatzea, justifikatuko duen ezinbesteko arrazoirik gabe.

d) Urtebetean bi falta astun egitea.

4. Zehapen prozedura bati hasiera emanik, arau-hausleak bere erantzukizuna onartzen badu, prozedura ebazten ahalko da, behar den zehapena ezarrita. Proposatutako zehapena ordaintzen bada espedientea ebatzi aurretik, bukatu eginen da, eta zehapen ekonomikoa %25 murriztuko da. Hasierako erabakian xedapen hau jaso beharko da.

13. artikulua. Arau hausteen eta zehapenen preskripzioa.

1. Dagozkien legeetan xedatuaren arabera preskribatuko dute arau-hausteek eta zehapenek. Legeek preskripzio eperik ezartzen ez badute, arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan. Falta oso astunengatik ezarritako zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, falta astunengatik ezarritako zehapenek bi urteren buruan, eta falta arinengatik ezarritakoek urte baten buruan.

2. Arau-hausteen preskripzio-epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen. Zehatzeko prozedura abiatzean utziko da bertan behera preskripzioa, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Zehatzeko espedientea hilabetetik gora geldituta badago, ustezko erantzuleari egozten ez zaion arrazoiren batengatik, berriro abiatuko da preskripzio epea.

3. Zehapenen preskripzio epea kontatzen hasiko da zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik. Interesduna jakitun delarik exekuzio prozedura hastearekin batera, etenda geldituko da preskripzioa, eta, prozedura hilabetetik gora geldirik egoten bada arau-hausleari ezin egotzi zaion arrazoiren batengatik, preskripzio epeak aurrera jarraituko du.

14. artikulua. Kautelazko neurriak.

Kanpora botatako fluidoa irristakorra bada, osasunerako kaltegarria eta/edo arriskua bada bide publikoko gainerako erabiltzaileentzat eta/edo hiri-ingurunerako edo paisaia-ingurunerako kalte nabarmena, eragilea beharturik egonen da ukitutako bidea edo zona ezin hobeki lehengoratzera; halako moduz non, bitarteko egokiekin egiterik ez badu, Udalak hartuko dituen bere gain zereginak, eta gero arau-hausleari ordainaraziko. Ordenantza honen arau-haustea dela-eta arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko egoitza Espainian duela, egoki izanen da ibilgailua bide publikoan geldiaraztea, edo aparkaturik edo kanpaturik dagoen lekuan. Kasu horretan, agente salatzaileak ibilgailua geldiaraziko du, arau-hausleak isunaren zenbatekoa gordailutu arte, edo bermatu arte ordainduko duela, zuzenbidez onartutako edozein modutan. Geldiaraztea ondoriorik gabe geldituko da horren arrazoiak zuzendu bezain laster. Halaber, organo eskudunak behar diren neurriak har ditzake, berma daitezen ebazpenaren eraginkortasuna, prozeduraren bukaera egokia, arau-haustearen ondorioek ez irautea eta interes orokorrei eustea.

15. artikulua. Erantzukizuna.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, haren egilea izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea. Arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendua egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu, haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hauste astunaren egilea izateagatik.

Azken xedapena.

Ordenantza hau indarrean jarriko da ordenantzaren behin betiko onespenaren iragarkia eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2600546