2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MURIETA
Udal ordenantza, Etxebizitzak eraikitzeko eta zaharberritzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Murietako Udalak, 2025eko urtarrilaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Murietan Etxebizitzak eraikitzeko eta zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza (2025eko 13. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 21ean).
Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitara dadila agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).
Murietan, 2026ko urtarrilaren 9an.–Alkatea, Felipe Ajona Chasco.
MURIETAN ETXEBIZITZAK ERAIKITZEKO ETA ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Murietako Udalak, honako ordenantza honen bidez, helburu hauek dituzten bizitegi-jarduketak sustatu nahi ditu:
–Gure herrietako parte zaharretan dauden eraikinen kontserbazioa bultzatzea, honda ez daitezen.
–Lehendik dauden etxebizitzak hobetzea etxebizitzok zaharberrituz eta berroneratuz, obrak eginez haien funtzionaltasuna eta irisgarritasuna hobetzeko eta eraikinen energia-efizientzia optimizatzeko.
–Udalerrian bertan etxebizitza berriak eraikitzeko pizgarri izatea, lehendik dauden eraikinak ordezkatu eta biztanleak herrian kokatzea ahalbidetzeko.
Horretarako, laguntza ekonomikoak ezartzea planteatzen da, ahal den neurrian jarduketa hauek susta ditzaten, eta, duen interesagatik, bereziki, Murietako Udal Planeko esparru honek lehentasunez birgaitu beharreko eremuak hartzen duen azalera osoan: indarreko Udal Planeko A0.1-Hirigune tradizionala.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantzaren xedea da Udalak bere udal-mugartean bizitegi-erabilerako eraikinak zaharberritzeko eta eraikitzeko ezarri dituen laguntza ekonomikoak arautzea, ordenantzan bertan finkatzen diren baldintzen eta ezaugarrien arabera.
2. artikulua. Babestekoak diren jarduketak.
Honako hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:
–Etxebizitzak zati batean eta/edo osorik zaharberritu edo eraberritzea egokitzapen funtzionalerako obrekin, eraikinak baldintza egokiak bete ditzan arlo hauetan: irisgarritasuna, egonkortasuna, euriaren eta hezetasunaren kontrako estankotasuna, isolamendu termiko eta akustikoa.
–Erabilera aldatzea, lehendik dauden eraikinak eraberrituz, etxebizitzara egokitzeko.
–Murietako Udal Planean katalogatutako eraikinek historiaren, artearen, arkitekturaren eta ingurumenaren aldetik duten interesari balioa emateko behar diren obrak.
3. artikulua. Zerrendatik baztertzea.
Ez dira diruz lagungarriak izanen jarduketa hauek:
–Udal planeamenduaren eta oro har aplikagarria den ordenamendu juridikoaren aurka doazenak, ez eta hirigintza, eraikuntza eta bizigarritasun araudien eta Eraikingintzaren Kode Teknikoaren aurkakoak ere.
–Antolamenduz kanpoko eraikinetan edo antolamenduz kanpoko elementuak dituzten eraikinetan egiten diren obrak.
–Igogailuaren kostua, lehendik dagoen bat ordezkatzeko beste igogailu bat ezartzen bada.
–50 urtetik beherako antzinatasuna duten eraikinetako obrak.
–Barnealdeko mantentze-lanak (barnealdeko paretak pintatzea, lurzoruak bernizatzea...), horiekin batera jarduera babesgarriak egiteko beharrezkoak direnean salbu.
–Altzariak.
4. artikulua. Laguntzak ematea.
Udalak eskaerak ebatziko ditu, udal teknikariak aldeko txostena egin ondotik eta aurrekontuan partida nahikoa baldin badago.
5. artikulua. Laguntzak jasotzea.
Laguntzen egiazko likidazioa eginen da obrak bukatzen direnean, lehen erabilerako lizentzia ematearekin edo dagokion obra-bukaerako dokumentazioa aurkeztu ondoren.
6. artikulua. Bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste erakunde eta administrazio batzuek emandakoekin.
7. artikulua. Mugak.
Laguntza jaso eta bost urteko epean ezin izanen da beste laguntzarik eskatu eraikin eta kontzeptu bererako.
8. artikulua. Laguntzak galtzea.
Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, bai eta aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzen bada ere, dirulaguntza deuseztatu eta kendu eginen da, eta hala badagokio, itzuli egin beharko da.
II. KAPITULUA.–LEHENTASUNEZ BIRGAITU BEHARREKO EREMUAN EGITEKOAK DIREN JARDUKETETARAKO LAGUNTZAK
9. artikulua. Aplikazio-eremua eta aurrekontu-zuzkidura.
Laguntzak aplikatuko zaizkie soilik udal teknikariaren aldeko txostena duten jarduketei, 2. artikuluan babesgarritzat jotzen diren obrak egiteko Lehentasunez Birgaitu Beharreko Eremuaren barnean, betiere Murietako Udalean une bakoitzean indarrean den araudiaren arabera.
Urtero, Udalak bere aurrekontuetan zenbateko bat bideratuko du horretarako; zenbateko hori ez da izanen txikiagoa Lehentasunez Birgaitu Beharreko Eremuan –biztanleko eta urteko– aplikatzekoa den modulu haztatuaren %1 baino.
10. artikulua. Onuradunak.
Onuradunak izanen dira higiezinen jabeak, bai eta, jabeak ez izanik ere, direnen berariazko baimena dutenak obrak egiteko, sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa.
11. artikulua. Jarduketen baldintzak.
Jarduketek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Diruz lagungarria den aurrekontua gutxienez 6.000 eurokoa izatea.
Halakotzat jotzen da obraren aurrekontu osoa, kenduta profesionalen ordainsariak, BEZa eta gainerako zergak.
–Obraren garrantziaren arabera, kanpoko elementu desegokiak ezabatuko dira, hirigintzako planeamenduarekin bat ez datozenak, udal teknikariaren iritziz.
12. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.
Obraren azken kostuaren %2,6, halakotzat jotzen delarik obraren aurrekontu osoa, kenduta profesionalen ordainsariak, BEZa eta gainerako zergak.
Edonola ere, 2.000 euroko muga orokorra ezartzen da, diruz lagungarria den jarduketa bakoitzeko. Murietako Udalak aldatzen ahal ditu dirulaguntza horiek.
13. artikulua. Espedienteak izapidetzea.
Interesdunak udalaren erregistroan aurkeztuko du eskatutako dokumentazioa; alegia:
–Laguntzaren eskabidea.
–Obra-lizentziaren eskabidea.
–Egin beharreko obren eta erabiliko diren materialen deskripzio-memoria, obren aurrekontu xehatua (partidak bananduta) eta neurketak, kokapen planoak, egungo egoerarenak eta eraberritu ondorengoak, eta egungo egoeraren argazkiak edo, obraren garrantziak hala eskatzen badu, exekuzio proiektua, lanbide-elkargoak ikus-onetsia.
–Eraikinaren antzinatasun-ziurtagiria.
–Jabearen, sustatzailearen edo erkidegoaren ordezkariaren identifikazio-agirien fotokopia, higiezinaren jabearen berariazko baimenarekin batera, hala badagokio.
–Kontu zenbakia, dirulaguntza ordaintzeko.
–Jabeen erkidegoaren erabakia. Hartan adieraziko da obrak egitea erabaki dutela eta jabe bakoitzak zer portzentaje duen obra horietan, baldin eta obrek etxebizitzen eraikinaren elementu komunak ukitzen badituzte.
–Obrak bukatutakoan, lehen erabilerako lizentzia eskatuko da birgaitu edo eraberritutako etxebizitzarako, eta behin betiko planoak aurkeztuko dira aldaketarik egon bada, bai eta obraren azken egoeraren argazkiak eta obren fakturak ere; obraren garrantziak hala eskatzen badu, obra zuzendaritzaren azken ziurtagiria aurkeztuko da, ikus-onetsia, obren azken likidazioaren zenbatekoarekin batera.
Iragarkiaren kodea: L2600288