2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MURIETA
Kirol pabiloiko erabilera anitzeko aretoko instalazioak erabiltzeko udal ordenantza behin betiko onestea
Murietako Udalak, 2025eko urtarrilaren 7an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Murietako Udalaren kirol pabiloiko erabilera anitzeko aretoko instalazioak erabiltzeko udal ordenantza (2025eko urtarrilaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 13. zk.).
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Murietan, 2025eko urtarrilaren 9an.–Alkatea, Felipe Ajona Chasco.
MURIETAKO UDALAREN KIROL PABILOIKO ERABILERA ANITZEKO ARETOKO INSTALAZIOAK ERABILTZEKO UDAL ORDENANTZA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xede nagusia da Murietako Udalaren kirol pabiloiko erabilera anitzeko aretoko instalazioen erabilera arautzea.
2. artikulua. Aretoari atxikitako instalazio gisa joko dira bai aretoan bai dutxa eta komunetan dauden makinak eta aparatuak.
3. artikulua. Instalazioetara sartzen ahalko dira udalak horretarako ezartzen dituen baldintzak betetzen dituztenak.
4. artikulua. Instalazioa erabiltzen ahalko da harentzat aurreikusitako xede diren edo hari dagozkion kirolak praktikatu eta jarduerak egiteko.
5. artikulua. Aretoko instalazioetan kartela paratuko da, erabiltzaileak ongi ikusteko eta erraz iristeko moduko tokian, ondokoak azaltzeko:
1.–Jardueraren ordutegia.
2.–Funtzionamendurako oinarrizko arauak.
3.–Ordenantza honen ale bat.
6. artikulua. Abonamendua erosten duen orok ordenantza hau onartzen eta bere egiten du, bai eta udalak horren gainean onesten dituen aldaketak ere, halakorik bada.
7. artikulua. Murietako Udalak araudi hau alda dezake, hobetze aldera.
II. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK IREKITZEA ETA IXTEA
8. artikulua. Erabilera anitzeko aretoa urte osoan egonen da irekita. Hala ere, udalak, inguruabar bereziak direla-eta, zehatz dezake zer alditan egonen den itxita, baita jendearentzat irekita egoteko ordutegia ere.
Oro har, instalazioak erabiltzeko ordutegia izanen da astelehenetik igandera, 08:00etatik 22:00etara.
III. KAPITULUA.–ABONATUAK
9. artikulua. Abonatuak dira udalak urtero onesten dituen prezio publikoen ordainketa egunean duten pertsona guztiak, behin inskripzio fitxa bete dutela.
Instalazioetara sartzeko sistemak txartel bidez edo telefono mugikor bidez funtzionatuko du, QR sistema batekin.
9.1. 14 urtetik gorako edozein pertsona izaten ahalko da abonatu, Murietan erroldatuta egon ala ez. Udalak itxaron zerrenda bat osatzen ahalko du, egokitzat jotzen duenean, instalazioa jendez gainezka badago.
Sartzeko txartela duten abonatuak instalazioetan libreki sartzen ahalko dira, erabiltzeko ordutegiaren barnean, eta, halakorik bada, eskubidea izanen dute deskontuez baliatzeko, antolatzen diren jardueretan.
9.2. Hauek dira aplikatuko diren tarifak, dutxak barne direla:
1.–Eguneko abonuaren kuota.
- Gazteak (14-17 urte): 5 euro.
- Helduak (18-65 urte): 7 euro.
- Erretirodunak: 5 euro.
2.–Hilabeteko abonuen kuota.
- Gazteak (14-17 urte): 25 euro.
- Helduak (18-65 urte): 35 euro.
- Erretiratuak: 25 euro.
3.–Urteko abonuen kuota.
- Gazteak (14-17 urte): 240 euro.
- Helduak (18-65 urte): 360 euro.
- Erretiratuak: 240 euro.
%20ko deskontua izanen dute %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek.
%20ko deskontua izanen dute familia ugariek edo guraso bakarreko familiek. Halakotzat joko dira hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familiak, berdin izanik guraso bat edo bi duten, eta kontuan hartu gabe seme-alabak bi gurasoenak zein bakar batenak diren. Halaber, guraso bakarreko familiatzat hartuko da guraso bakar batek osatzen duena eta ardurapean seme edo alaba bat edo gehiago dituena: abonua, %20 merkeago.
Deskontua baliatzeko, nahitaezkoa izanen da familia unitateko kide guztiek abonua aldi berean eskuratzea.
9.3. Baja hartzen duen abonatuak ez du eskatzen ahalko ordaindutakoa itzultzeko, ezta baja egunetik egokitu dakiokeen zatikia ere.
9.4. 14 urtetik 17ra bitarteko gazteek, izena emateko, baimena beharko dute, gurasoek edo tutoreek sinatua.
9.5. 14 eta 15 urtekoak ezin dira bakarrik egon erabilera anitzeko aretoan. Baimena eman dien helduak lagunduta egon behar dute, eta horrek zainduko ditu instalazioetan dauden bitartean. Heldu horrek ere abonatua izan behar du.
10. artikulua. Abonuen prezioa berbera izanen da urte osoan, ordainketa urteko edozein egunetan eginik ere.
11. artikulua. Txartelaren truke 10 euro ordainduko dira, fidantza moduan. Eskatzen dutenei emanen zaie soilik. Fidantza hori itzuli eginen da txartela udalari itzultzean. Sartzeko txartela galdu, lapurtu edo hondatuz gero, abonatuak lehenbailehen jakinarazi beharko dio udalari, eta ematen zaion txartel berria ordaindu beharko du.
12. artikulua. Abonatuak, baja ematen badu, txartel elektronikoa itzuli beharko du udal bulegoetan, eta egoera onean baldin badago, emandako fidantza itzuliko diote.
13. artikulua. Abonatuaren sartzeko txartela edo telefono mugikorrarekin sartzeko QR kodea pertsonala eta besterenezina izanen da. Okerreko erabilera egiteak edo beste pertsona batzuei sartzen uzteak zehapena ekarriko du.
14. artikulua. Instalazioetan sartu ahal izateko, nahitaez eduki beharko dira ordainduta udalak zehazten dituen tarifetako kuotak.
15. artikulua. Honako eskubide hauek dituzte abonatuek:
–Instalazioetan libreki sartzea, abonatuaren sartzeko txartela erakutsita edo telefono mugikorreko QR kodearen bidez, erabilera anitzeko aretoa irekita dagoen orduetan.
–Instalazioak erabili ahal izatea, araudiari jarraituz.
–Kasu bakoitzean onesten diren deskontuez baliatzea.
–Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduari dagokionez.
16. artikulua. Abonatuak beharturik daude erabiltzaileentzat, oro har, aurrerago ezartzen diren obligazioak betetzera.
IV. KAPITULUA.–IKASTAROETAKO ARETOA ALOKATZEA
17. artikulua. Ikastaroetako aretoa alokatzeko tarifak hauek dira:
–Hilabeteko erreserba edo luzeagoa ikastaroak egiteko: 8 euro hilabeteko edo dagokion frakzioa.
–Erreserba puntualak: 8 euro orduko.
–Erreserba puntualak: 6 euro ordu erdi bakoitzeko.
Bazkideak ez diren pertsonek 2 euro gehiago ordaindu beharko dituzte pertsona bakoitzeko dutxa erabili nahi badute.
V. KAPITULUA.–INSTALAZIOEN ERABILERARI BURUZKO ARAUDIA
18. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
–Instalazioak eta zerbitzuak egoki eta zuzen erabiltzea.
–Gainerako abonatu edo erabiltzaileak errespetuz tratatzea, elkarrekiko harremanetarako behar den jokabidea izanda.
–Ezarritako kuotak garaiz ordaintzea.
–Onartu eta betetzea instalazioen erabilerari buruz ematen diren arau eta argibide guztiak.
–Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.
–Adin nagusiko erabiltzaileen ardura da beren karguko adingabeen jokabidea, eta erantzun beharko dute, baldin eta beren ardurapean dituzten adingabeek ordenantza honetako arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausteak egiten badituzte.
–Instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aitzinetik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten komunetan eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.
–Erabiltzaileek beren gain hartuko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, desagertzeak edo hondatzeak.
–Erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta instalazioetan ematen duten denboran asmo txar edo zabarkeriaz kalte edo galerarik eragiten badute instalazioetan beraietan edo hirugarrenengan.
–Erabilera anitzeko aretoko erabiltzaile guztiek zaindu beharko dute hura ongi erabiltzen dela, modu seguruan eta egoera onean mantentzeko, eta alde egitean ateak ongi itxi direla egiaztatuko dute.
–Instalazioak erabiltzen azkenak direnek argiak itzaliko dituzte, eta txorrotak eta ateak itxi eta pertsianak jaitsiko dituzte, derrigorrez.
–Ezin da animaliarik sartu.
–Erabiltzaile guztiek, aretora sartzean eta handik irtetean, txartela edo telefono mugikorreko QR kodea pasa behar dute ateko irakurgailutik.
19. artikulua. Erabilera anitzeko aretoa, dutxak eta komunak.
–Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioak, aparatuak eta makinak garbi egon daitezen, horretarako dauden zakarrontziak eta papera erabilita.
–Ez da jaten ahalko, eta erretzen ere. Ezin da ez sartu ez erabili beirazko edo bestelako material zorrotzezko ezein gauzarik, ez eta edari alkoholdunik edo jakirik ere (barra energetikoak izan ezik). Botilatxo bat ur edo edari isotonikoak eraman daitezke, eta kontu izan behar da lurrera ez isurtzeko.
–Eskuoihala derrigorrez eraman behar da makinak erabiltzeko. Erabiltzaile bakoitzak garbitu beharko du izerdiz, eskuez, oinetakoez eta abarrez zikindutako makina zatia. Horretarako jarriko dira papera, ura, zakarrontziak eta abar.
–Erabiltzaileek altzari guztiak errespetatu eta zaindu beharko dituzte. Erabili eta gero, materiala bere tokira bueltatuko da. Makinetan diskoak erabiltzen badira, kendu eta bere tokira eraman behar dira.
–Erabiltzaileek errespetatuko dituzte instalazioaren funtzionamendu orduak.
–Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak errespetatu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.
–Jarritako aparatuen erabilera txanda bakoitza 30 minutukoa izanen da. Txanda bukatu eta gero, erabiltzaileak aparatua utzi behar du. Inor ez bada txanda hartzeko zain, segi dezake berak erabiltzen eta beste txanda bati ekin diezaioke.
–Erabiltzaileek txandaka erabili behar dituzte pisuak jasotzeko makinak, eta batak besteari tokia utzi behar dio serie ondoko atsedenaldi bakoitzean.
–Bazkideak debekatuta du edozein gauza aretotik kanpora ateratzea, hala nola koltxonetak, mankuernak eta abar.
–Debekatuta dago pisuak eta mankuernak lurrera indarrez botatzea, eta makinak poliki eta kontrolpean erabili behar dira.
–Erabilera anitzeko aretoan 15 lagun sar daitezke batera, gehienez ere. Aretoan 15 lagun badaude, ez da beste inor sartzen ahalko. Aretoaren edukiera beteta dagoenean, ez da aretoan egoten ahalko bi orduan baino gehiagoan, salbu eta ez badago inor sartzeko zain.
–Arropa egokia jantzi behar da (kamiseta edo kirol jertsea, kirol prakak edo txandala eta kirol oinetakoak); debeku da kamisetarik gabe aritzea eta kanpoko oinetakoak erabiltzea. Hain zuzen, beste oinetako batzuk jantzi beharko dira aretoa erabili ahal izateko. Arau hau betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.
–Instalazioetara sartzen diren guztiek behar diren neurriak hartuko dituzte makinak eta aparatuak behar bezala erabiltzeko, eta udalari adieraziko diote baldin zerbait hondatua badago edo gaizki badabil, konpontzeko egoki diren neurriak hartzeko.
–Abonatuek lehentasuna izanen dute kanpoaldean dauden kalistenia aparatuak erabiltzeko.
–Instalazioek ongi funtziona dezatela zainduko dute udalak horretarako kontratatutako edo izendatutako langileek, baita araudi honetako arauak bete daitezela ere, eta, egoki jotzen dutenean, gorabeheren berri emanen diote udalari. Langile horien jarraibideak nahitaez bete beharrekoak izanen dira.
VI. KAPITULUA.–ZEHAPENAK
20. artikulua. Ordenantza honen aurkako arau-haustea da bertan ezarritako betebeharrak edo debekuak osotara nahiz partez ez betetzea.
21. artikulua. Zehatzeko ahala erabiltzean, aplikatzeko den araudiari jarraituko zaio. Arau-hausteen astuntasunaren arabera, ondoko zehapen hauek ezartzen dira:
–Zehapenak.
1.–Arinak: 50 euro gehienez.
2.–Astunak: 51 eurotik 100 eurora bitarte.
3.–Oso astunak: 101 eurotik 300 eurora bitarte.
a) Arau-hauste arinak:
1.–Modu desegokian jokatzea beste erabiltzaile batekin.
2.–Aurreko artikuluetan ezarritako betebeharren bat noizean behin ez betetzea.
3.–Langile arduradunen jarraibideei kasu ez egitea.
b) Arau-hauste astunak:
1.–Aurreko artikuluetan ezarritako betebeharrak behin eta berriz ez betetzea.
2.–Nortasunaren inguruko datuak faltsutzea.
3.–Bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.
4.–Animaliak sartzea, bai eta instalazioak hondatu ditzaketen gaiak ere.
5.–Erabilera anitzeko aretoko altzariak hondatzea edo haustea.
6.–Aretoaren ardura duten langileen jarraibideei kasurik ez egitea behin eta berriz.
7.–Instalazioetan hordi itxura nabarmenean edo drogen eraginpean sartzea.
Arau-hauste astunak zehatzeko, abonatuari sarbidea kenduko zaio udalak egoki irizten duen aldirako, izan litezkeen zehapenak aparte utzita.
c) Arau-hauste oso astunak:
1.–Bi arau-hauste astun edo gehiago egitea.
2.–Norberaren txartela beste pertsona bati uztea instalazioan sartzeko.
3.–Instalazioko beste erabiltzaile bati erasotzea.
4.–Instalazioetan, makinetan, aparatuetan eta altzarietan kalte larriak nahita egitea.
5.–Erabilera anitzeko aretoko eta komunetako materiala edo beste erabiltzaile batzuen gauzak ebastea edo lapurtzea, edo horretan saiatzea.
6.–Faltsutzea instalaziora sartzeko txartelak edo giltzak.
Urtebetean bi arau-hauste astun edo oso astun bat egiteak berekin ekarriko du udalaren erabilera anitzeko aretoaren erabiltzaile izateko eskubidea galtzea urtebetez, gutxienez, izan litezkeen zehapenak aparte utzita.
Zehapenak ezartzean, aintzat hartuko da intentzionalitatea edo errepikatzea egon den ala ez eta eraginiko kalteek zer izaera duten.
Udalak sarrera debekatzen ahalko die arau hauek behin eta berriz hausten dituztenei, eta, halakoetan, arau hausleak ez du eskubiderik izanen ordaindutakoa itzul dakion.
VII. KAPITULUA.–OSASUN ETA SEGURTASUN NEURRIAK
22. artikulua. Instalazioetan jarritako karteletan azaltzen diren jarraibideak bete beharko dituzte erabiltzaileek, osasun arloaz, jokabideez, arriskuen prebentzioaz eta eskubide eta betebeharrez, besteak beste.
VIII. KAPITULUA.–ERREGELAMENDU HONETAN XEDATUTAKOA
23. artikulua. Udalaren esku gelditzen dira ordenantza honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz edo lankidetzaz arduratzen den pertsona edo entitatea udalak eskuordeturik arituko da xedapenak interpretatu eta aplikatzeko eginkizunetan, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetarako.
24. artikulua. Udalari dagokio behar diren arauak ematea erabilera anitzeko aretoa ongi erabil dadin, ordenantza honetan jaso gabeko egoerak izaten direnean.
Azken xedapen bakarra. Ordenantza honek indarra hartuko du bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean, eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
Iragarkiaren kodea: L2600286