31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Oposizio-lehiaketa, administrari-ofizialaren plaza bat betetzeko, txanda murriztuan

Burutzaren 2026ko urtarrilaren 26ko 2026-0011 Ebazpenaren bidez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, hautaprobak egin daitezen oposizio-lehiaketa bidez eta txanda murriztuan administrari-ofizialaren plaza bat betetzeko, lan-araubide finkoan Mairagako Mankomunitatearen zerbitzuan aritzeko. Hona hemen:

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea, txanda murriztuan eta lan-araubide finkoan, administrari-ofizialaren plaza bat, C mailakoa, Mairagako Mankomunitatearen zerbitzuan aritzeko, betiere betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak. Plaza identifikaturik dago Mankomunitateko Batzar Orokorrak 2025eko urriaren 30ean onetsitako plantilla organikoan, eta deialdia bat dator 2026. urterako lan publikoaren eskaintzarekin, zeina onetsi baitzen Burutzaren 2025eko abenduaren 15eko 104 Ebazpenaren bidez (2026ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 15ekoa). Hori guztia bat etorriz ezarririk dagoenarekin abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikuluetan eta hurrengoetan (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 25. artikuluetan eta hurrengoetan (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).

1.2. Hautaprobak gainditu ondoren izendatzen den izangaiak izanen ditu, deialdi honen bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak, eta, arau horretan ezarritako mailen artetik, ezaugarri teknikoen taulan zehazten den mailan sailkatuta geldituko da, deialdi honen I. eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

1.3. Deialdi honen bidez izendatzen den izangaia langile lan-kontratudun finkoa izanen da lanpostuaz jabetzen den unetik aurrera, Mairagako Mankomunitateko administrari-ofizialaren lanpostuan eta C mailan, eta egun dauden osagarriak izanen ditu. Lehen betetzen zen plaza modu automatikoan amortizatuko da, eta, hortaz, deialdi hau gauzatzeak ez du eraginen plantilla organikoko plazen kopurua handitzea.

1.4. Urteko lanaldia izanen da erakundearen bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Mankomunitateak noiznahi aldatzen ahalko du. Oporren, jaiegunen, dieten, kalte-ordainen eta gainerako eskubideen araubidea aplikatzekoa den arauetan ezarritakoa izanen da.

1.5. Deialdi honen ondorioz izendatzen denak eginen ditu bere mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizun eta lanak; horiek guztiak berezkoak ditu lanpostuak.

1.6. Oposizio-lehiaketa gainditzen duen izangaiak lortuko du barne-igoera.

1.7. Eskainitako plaza barne-igoerako txandaren bidez beteko da. Ez da izanen txanda irekirik, ez eta plazaren erreserbarik ere desgaitasuna dutenentzat edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

2. Aplikatu beharreko araudia.

Prozesua gauzatuko da arlo honi buruz honako xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikulua eta hurrengoak, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 25. artikula eta hurrengoak, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

Burutzaren 2025eko abenduaren 15eko 104. Ebazpenaren bidez (2026ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 15ean), mankomunitate honen 2026rako lan publikoaren eskaintza onetsi da, barne dagoelarik honako plaza huts hau:

–Lanpostua: administrari-ofiziala. Plaza kopurua: 1. Maila: C. Sarbidea: oposizio-lehiaketa murriztua. Mailako osagarria: %12. Lanpostuko osagarria: %46,61. Administrazio-egoera: hutsik.

3. Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean eta izendapena egin arte:

a) Mairagako Mankomunitatearen zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, D maila edo taldekoa.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea izatea gutxienez, edo titulu hori eskuratzeko egoeran egotea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea. Halaber, Batxilergoko edo bigarren mailako Lanbide Heziketako tituluaren ordez, goi mailako tituluak onartuko dira (lizentzia, diploma, unibertsitateko gradua).

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada deialdia egin duen Administrazioko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

d) Bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea administrazio publikoetan.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

f) Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

g) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

3.2. Goian azaldutako baldintzak bete eta frogatu beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako, eta indarrean segitu beharko dute izendapena egin eta lanpostuaz jabetu arte.

4. Eskabideak, tasak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira nahitaez, egoitza elektronikoko erregistroaren bidez, Mairagako Mankomunitatearen webgunetik sarturik: https://mairaga.sedelectronica.es/info.0.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera egindako eskabidea aurkeztu beharko dute nahitaez (Mairagako Mankomunitatearen webgunean ere eskuragarri: https://mairaga.es/).

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.3.1. Eskabidea aurkezteko unean (II. eranskina), izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

–Indarreko nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

–Izangaiak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten ziurtagiriak.

–Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztiak frogatzen dituen dokumentazioa. Izangaiek baremoan (7.3 oinarria) ageri den puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte merezimenduak, behar bezala ordenatuak.

Merezimenduak ez dira aintzat hartuko, ez eta baloratuko ere, baldin eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean ez badaude lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta; betiere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala frogatua.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek (%33koa edo hortik gorakoa) egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidearekin batera adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horretarako, izangaiak, parte hartzeko eskabidearekin batera, hori frogatzen duen agiria aurkeztu beharko du, organo eskudunak emana.

5. Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia izendatuko da deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta izendatu beharko da horien ordezkoen kopuru bera. Izendapen hori argitaratuko da Mairagako Mankomunitatearen webgunean: https://mairaga.es/.

5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak izan beharko du sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Baldin eta langileen ordezkariek ez badute dagokien kidea izendatzeko proposamenik egiten hala eskatzen zaienetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

5.5. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. Izangaien onarpena.

6.1. Behin bukaturik eskabideak aurkezteko 30 egun naturaleko epea, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Mairagako Mankomunitatearen webgunean ere: https://mairaga.es/.

Izangai bazterturik ez bada, izangai onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Mairagako Mankomunitatearen webgunean ere: https://mairaga.es/.

6.2. Behin-behineko zerrenda webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, egoitza elektronikoko erregistroaren bidez, Mairagako Mankomunitatearen webgunetik sarturik: https://mairaga.sedelectronica.es/info.0.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, onetsiko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da Mairagako Mankomunitatearen webgunean: www.mairaga.es.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdi honen xedeko prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, horrek galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7. Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak aldi hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat eginen da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzez eta gaitasunez.

b) Merezimenduen balorazioko fasean edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren atalean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatutakoan, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 70 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da. Gainditzeko, 35 puntu lortu beharko dira.

7.2.2. Proba bakarra eginen da, teoriko-praktikoa, eta haren edukia izanen da deialdi honetan jasotako gai-zerrendari buruzkoa. Plika sistemaren bidez eginen da proba teorikoa.

7.2.3. Proba egiteko eguna, tokia eta ordua aditzera emanen da prozeduran onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean bertan.

7.2.4. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.5. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean halakorik eskatu badute.

7.2.6. Oposizioaldiko probaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak lortutako kalifikazioen zerrenda argitaratuko du, pliken zenbakiekin, Mairagako Mankomunitatearen webgunean: https://mairaga.es/. Plikak jendaurrean zein egunetan eta ordutan irekiko diren aditzera emanen da oposizioaldiko proba egiten den unean.

Plikak jendaurreko ekitaldian ireki eta gero, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du, aipatu webgunean, aurkeztutako izangaien zerrenda, lortu dituzten behin-behineko kalifikazioekin, eta bost egun balioduneko epe bat irekiko du interesdunek alegazioak egin ditzaten, bide telematikoz (https://mairaga.sedelectronica.es/info.0), beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.3. Lehiaketaldia: 30 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez 20 puntu.

–Administrazio publiko batean administrari-ofizial gisa (C maila) jardun izana: 4 puntu urteko eta gehienez ere 20 puntu azpiatal honetan.

–Enpresa pribatu batean administrari gisa jardun izana: 2 puntu urteko eta gehienez ere 20 puntu azpiatal honetan.

Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez 10 puntu.

–Prestakuntza ikastaroak, zerikusia badute bete beharreko lanpostuarekin. 0,05 puntu emanen dira prestakuntza ordu bakoitzeko. Gehienez ere 5 puntu emanen dira atal honetan.

Deialdian eskatutakoaz goragoko titulazio akademikoak: puntu bat, titulu bakoitzeko. Gehienez ere 5 puntu emanen dira atal honetan.

Titulazio bat baino gehiago batera aurkeztekotan, maila akademikorik handiena duen titulua soilik hartuko da kontuan.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 6.1 oinarrian eskabideak aurkezteko ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1 apartatuan merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

Ez dira baloratuko oposizioaldia gainditu ez duten izangaien merezimenduak, 7.2.1 apartatuan ezarritakoarekin bat.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Mairagako Mankomunitatearen webgunean (https://mairaga.es/), eta bost egun balioduneko epea emanen du, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, bide telematikoz, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.3.4. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira aipatu webgunean.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.a.1) atalean puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, 7.3.b.1) atalean puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa egonez gero, atal horren barnean 7.3.a eta 7.3.b azpiatal bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, zerrendatuta agertzen diren hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinduta segitzen badute, berdinketa ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak Mairagako Mankomunitatearen webgunean (https://mairaga.es/) argitaratuko du gainditu dutenen zerrenda, hautapen-prozesuan guztira lortutako puntuazioaren ordenan, eta organo eskudunari igorriko dio, behar diren izapideak egin ditzan baldintzak frogatzeko.

8. Baldintzak frogatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du, lehen postuan hautaturik gelditu eta plaza eskuratu duen izangaiak behar den dokumentazioa aurkez dezan, titulazioa (3.1 oinarria) frogatzeko, hots, eskatzen den tituluaren kopia edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinaren kopia, edo eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

8.2. Deialdi honetan ez dago plaza hutsak hautatzeko egintzarik, plaza bakarra baitago.

9. Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak igorriko du, espediente osoarekin batera, izangaia izendatzeko proposamena: puntuazio handiena lortu duen izangaia proposatuko da.

Izendapen proposamen hori argitara emanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mairagako Mankomunitatearen webgunean.

9.2. Proposaturiko izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun baliodunean:

a) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik administrari-ofizial karguaren eginkizunak betetzea.

b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zina edo hitzematea, adierazten duena ezen Nafarroako foru-araubidea errespetatuko duela, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela administrari-ofizialaren karguari dagozkion eginkizunak.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek aurkezten ez dituen izangaia, ez eta deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen ez duena ere, eta baliorik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe haren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, baja beteko da prozesua gainditu dutenen zerrendan hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantziak bete ditzan, proposaturiko izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10. Izendapena eta karguaz jabetzea.

10.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duen izangaia Mairagako Mankomunitateko lan-kontratudun finko izendatuko da, administrari-ofizialaren lanpostuan jardun dezan (C maila).

10.2. Izendatzeak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsona bihurtzea nominako eta plantillako lan-kontratadun finko, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, eta aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik badago, bi aukera izanen ditu: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

10.4. Hautatutako izangaia izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko da lanpostuaz.

10.5. Ezinbesteko kasuetan salbu, izendatutako izangaiak emandako epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu Mairagako Mankomunitateko langile lan-kontratudun finko izateko. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.6. Lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangaiari, plazan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den plaza ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

11. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira (araubide administratiboan), aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz. Zerrenda hori subsidiarioki aplikatuko da, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dagoen kontrataziorako izangai zerrendaren atzetik, halakorik baldin badago.

11.2. Kalifikazio-epaimahaiaren proposamenaren arabera, Mairagako Mankomunitatearen webgunean argitara emanen da deialdi honen ondorioz sortzen den aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

12. Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da Mairagako Mankomunitatearen webgunean: https://mairaga.es/.

13. Datuen babesa.

Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Mairagako Mankomunitatea da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Tratamenduaren helburua da plaza hutsak betetzea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (bat etorriz abenduaren 28ko 20/2021 Legearekin, zeinak premiazko neurriak ezartzen baititu enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko, eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearekin –egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriei buruzkoa–), langileak hautatzea eta deialdi honen xedeko lanpostua betetzea.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko).
  • DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez https://mairaga.es/.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo aldez aurretik harremanetan jartzeko datuen babeserako ordezkariarekin, aipatutako helbidearen bidez.

14. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

15. Gai-zerrenda.

1.–Mairagako Mankomunitatea. Antolamendua. Biltzen dituen entitateak. Ur-horniduraren beharrak:

–Mairagako Mankomunitatearen eremu geografikoa: https://mairaga.es/poblaciones-mairaga/

–Mairagako Mankomunitatearen estatutuak: https://mairaga.es/estatutos-estatutuak/

–Mairagako Mankomunitatearen ordenantzak: https://mairaga.es/ordenanzas-ordenantzak/

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Interesdunak. Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak: hasiera, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena. Administrazio egintza: kontzeptua, elementuak, motak eta beharkizunak. Administrazio ebazpen eta egintzen jakinarazpena. Berezitasunak zehapen-prozeduretan eta ondare-erantzukizuneko prozeduretan. Administrazio egintzaren deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Administrazioaren isiltasuna. 7.–Administrazio-bideko errekurtsoak: kontzeptua eta motak. Errekurtsoak jartzeko legitimazioa. Errekurtsogai izan daitekeena. Aurkaratzeko arrazoiak administrazio-egintzetan.

3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: atariko titulua. I., III., IV. eta VI. kapituluak.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa. II. titulua. Udalerria: II. kapitulua. Antolamendua; III. kapitulua. Eskumenak. V. titulua. Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak: I. kapitulua. Funtzionamendu-araubidea; IV. kapitulua. Herritarren informazioa eta parte-hartzea.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Nafarroako Toki Administrazioa: Antolaketa eta administrazioa. Toki entitate motak. Antolaketa eta funtzionamendua, eskumenak. Toki-korporazioetako kideak. Nafarroako toki-erakundeen jarduketaren prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola (gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian).

6.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Kontratazio administratiboa Nafarroan: Administrazioarekin kontratuak egiteko baldintzak. Baldintza-agiriak. Interesdunen proposamena eta dokumentazioa. Publizitatea. Adjudikazio prozedurak. Kontratazio administratiboa Nafarroan: Adjudikazio bideak: enkantea eta lehiaketa. Kontratuak betetzea, aldatzea eta etetea. Prezioen berrikuspena. Kontratuen iraungipena: betetzea, suntsiaraztea eta baliogabetzea. Lagapena eta azpikontratazioa.

7.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onesten duena. Kontzeptua, sailkapena eta araubide juridikoa. Kalifikazio juridikoa. Aldaketa. Atxikipena. Eskurapena. Defentsa, kontserbazioa eta berreskuratzea. Erabilera eta aprobetxamendua. Besterentzea eta kargak ezartzea.

8.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: Funtzionarioekiko harreman juridikoaren izaera eta edukia. Hautapena. Funtzionario-izaera hartu eta galtzea. Administrazio egoerak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak.

9.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako toki ogasunen baliabide motak eta ordainarazpen guztietarako xedapenak (I. titulua).

10.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa (3. artikulua. Definizioak).

11.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (I. II. eta III. tituluak).

Tafallan, 2026ko urtarrilaren 26an.–Mankomunitateko burua, Carlos Alcuaz Monente.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN EZAUGARRI ESPEZIFIKOEN TAULA

Jarraian ageri den plaza hutsa txanda murriztuan, oposizio-lehiaketa bidez, betetzeko deialdiaren ezaugarrien taula. Plaza sartuta dago 2026ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 15ekoan, argitaratutako enplegu publikoaren eskaintzan.

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHAR DEN TITULAZIOA

Administrari-ofiziala

C

Lan-kontratudun finkoa

%100

Mairagako Mankomunitatea

Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

II. ERANSKINA.–ESKABIDE-EREDUA, HONAKO DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO: DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ ETA TXANDA MURRIZTUAN ADMINISTRARI-OFIZIALAREN PLAZA BAT BETETZEKO, MAIRAGAKO MANKOMUNITATEAREN ZERBITZUAN ARITZEKO

Izena: ………..........................................………, nortasun agiri nazionalaren zenbakia: …….……, jaioteguna: ............, jaioterria: ....................... (.................), eta bizitoki hau: herria: ............................... (.................), karrika: ........................................................., zenbakia: ........................, solairua:..............., posta kodea: ...................., telefono finkoa: ................................, sakelako telefonoa: ................................., helbide elektronikoa: ......................................................, Mairagako Mankomunitatearen aurrera agertu eta,

ADIERAZTEN DUT:

1.–Parte hartu nahi dudala jarraian ageri den plaza hutsa txanda murriztuan, oposizio-lehiaketa bidez, betetzeko deialdian. Plaza sartuta dago 2026ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 15ekoan, argitaratutako enplegu publikoaren eskaintzan.

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHAR DEN TITULAZIOA

Administrari-ofiziala

C

Lan-kontratudun finkoa

%100

Mairagako Mankomunitatea

Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

2.–Horretarako, bada, adierazten dut betetzen ditudala deialdi honetako 2. oinarrian eskatzen diren baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.–Deialdian ezarritako ondorioetarako, honako dokumentazio hau eransten dut:

a) Indarreko nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Izangaiak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten ziurtagiriak.

c) Behar den dokumentazioa, frogatzeko balora daitezkeen merezimendu guztiak, lehiaketaren baremoko irizpideen arabera. Izangaiek baremoan (7.3 oinarria) ageri den puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte merezimenduak, behar bezala ordenatuak.

d) Hala badagokio, %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren frogagiria, deialdian adierazi bezala aurkeztu behar dena.

4.–Baimena ematen dut prozedura hau izapidetzeko jarduketen ondoriozko jakinarazpenak lehen adierazitako helbide elektronikora egiteko.

Eskatzen dut eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izateko, eta aitortzen dut, erantzukizuna nirea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla.

.............................................(e)n, 2026ko .........................................aren ..........(e)(a)n.

SINADURA

Iragarkiaren kodea: L2601089