Iragarkia
31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
EGUESIBAR
Oposizioa, bete daitezen Udaltzaingoko udaltzain-agentearen bi plaza (kopurua handitzen ahalko da)
Eguesibarko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko urtarrilaren 22an hartutako erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi zuen. Hona hemen oinarriak:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da betetzea, oposizio bidez, Eguesibarko Udaltzaingoko udaltzain-agenteen plaza kopuru bat (hasiera batez bi, baina kopurua handitu egin daiteke), ondotik azaltzen diren txandetan banatuta, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluari (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):
a) Txanda irekiko plazak:
–Lanpostu bat.
b) Igoera-txandako plazak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileentzat.
–Lanpostu bat.
Plaza horiek zenbaki hauek dituzte plantilla organikoan: 10.8 eta 10.19.
Deialdiko plazen kopuruari gehituko zaizkio plantilla organikoan dauden udaltzain-agenteen honako plaza hauek: hutsik daudenak, edo behin betiko betetzea ahalbidetzen duen beste edozein egoeratan daudenak (esaterako, eszedentzian plaza erreserbarik gabe, edo plaza erreserba bukatuta dutenak), betiere epaimahaiak izangai onartuen zerrenda egin aurre-aurretik, izangaiek parte har dezaten Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolarako plazak esleitzeko ekitaldian, une horretantxe zehaztuko baitira oinarri hauen babesean beteko diren plaza guztiak, alkatearen ebazpen baten bidez (ebazpena argitara emanen da Udalaren web-orrian, iragarki-taula elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean). Hasierako bi plaza horiei gehitzen zaizkien plazak, zeinak behin betiko zehaztuko baitira paragrafo honetan adierazi bezala, honela banatuko dira: lehenbizikoa txanda irekikoa izanen da, eta bigarrena igoera-txandakoa, eta horrela hurrenez hurren.
1.2. Igoera-txandako plazaren bat eman gabe geldituz gero, txanda irekikoei gehituko zaie.
1.3. Halaber, igoera-txandan hutsik dauden plazak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere plaza eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, 3 proben puntuazioa baturik (ezagutzen hautaprobako puntuazioa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa).
1.4. Deialdi honen bidez udaltzain-agente izendatzen diren izangaiek beteko dituzte udaltzain-agenteei dagozkien eginkizunak, eta izanen dituzte dagozkien eskubideak eta betebeharrak, hots, ezarrita daudenak azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea) eta lege hori garatzeko araudian, eta C mailan sailkatuko dira, foru lege horretan ezarritako mailen artetik.
1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozedura honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.
3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Txanda irekia.
Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea.
b) 18 urte beteak izatea, eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina, indarrean dauden legeekin bat.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokide deklaratutako bat, edo eskuratzeko egoeran egotea.
Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, bete ahal izateko lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak, eta ez izatea deialdiaren III. eranskinean baztertua izateko aipatzen den arrazoi mediko bat.
e) Kondenatua ez egotea dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
f) A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimenak izatea, indarrean.
g) Konpromisoa hartzea armak aldean eramateko eta, behar denean, erabiltzeko. Konpromisoa hartuko da eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez.
3.2. Igoera-txanda.
Txanda irekiko izangaiei eskatutako baldintzez gain, igoera-txandako izangaiek baldintza hauek ere izanen dituzte:
a) Langile finkoa izatea Nafarroako edozein administrazio publikotan, frogatzea horietan bost urtez zerbitzuak egin izana, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
b) Nafarroako polizietako kidea izanez gero, edo Nafarroako tokiko beste polizia-zerbitzu batzuetako kidea, zortzi urtez baino gehiagoz benetan aritu izana lanean Nafarroako polizietan.
c) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
3.3. Baldintza horiek denak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzean, salbu 3.1.f) oinarrikoa. Horri dagokionez, nahikoa izanen da baldin betetzen bada oinarrizko prestakuntza-ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako (deialdiko 7.3.3 apartatuan aipatzen da ikastaro hori).
4.–Eskabideak, tasak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea.
30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, honako helbide honetan: https://sedeelectronica.valledeegues.es/catalogoservicios.aspx?area=577&ambito=1.
4.3. Tasak.
Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da. Ordainketa eginen da Udalaren egoitza elektronikoan izena emateko izapideak egitean.
4.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia behin betiko baztertuko da.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
4.5. Eskabidea erregistro elektronikoaren bidez aurkezterakoan, igoera-txandako izangaiek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzen dituena abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna. Zer administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak eman beharko du.
5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak ebazpen bat emanen du, onesten duena izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren webgunean, deialdiaren fitxan. Horretarako, bi zerrenda eginen dira, txanda hauetako izangaien arabera:
–1. Txanda irekiko izangaiak.
–2. Igoera txandako izangaiak.
5.2. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar izanez gero, egindako akatsak zuzendu.
5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta, halakorik aurkeztuz gero, horiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, onesten duena izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da Udalaren web-orrian eta iragarki-taula elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Ebazpenak zehaztuko ditu oposizioa osatzen duten ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua. Hautaprobak eginen dira gutxienez bi hilabete iragan direnean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, jarraikiz 718/2003 Foru Dekretuaren 15. artikuluari.
6.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Osaera.
Kalifikazio-epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:
–Epaimahaiburua: Xuriñe Peñas López, Eguesibarko alkatea.
Ordezkoa: Javier Villanueva Aldave, Eguesibarko alkateordea.
–Epaimahaikidea: Íñigo De Carlos Mina, Eguesibarko Udaltzaingoko burua.
Ordezkoa: Rubén Antúnez Hervás, Atarrabiako Udaltzaingoko burua.
–Epaimahaikidea: Ramón Duque Molina, Eguesibarko Udaltzaingoko agente lehena.
Ordezkoa: Marcos García Martínez, Azkoiengo Udaltzaingoko burua.
–Epaimahaikidea: Maite Mendive García, Eguesibarko Udaleko Langileria Zerbitzukoa.
Ordezkoa: Jesús Moriones Oyaga, Eguesibarko Udaltzaingoko inspektoreordea.
–Epaimahaikidea: Beatriz Urricelqui Osinaga, Eguesibarko Udaleko administrazio-langileen arlokoa.
Ordezkoa: Javier Hurtado Barace, Noain Elortzibarko udaltzainburua.
–Epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.
Ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkari bat.
–Epaimahaikide idazkaria: Jesús Miguel Erburu Arbizu, Eguesibarko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko zerbitzu juridikoen arlokoa.
6.2. Eraketa eta jarduna.
Epaimahaiburuak deialdia eginda, epaimahaia eratu beharko da probak egiten hasi aurretik, bost eguneko epean, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondotik.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien legezko ordezkoek.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.
Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.
Halaber, izangaiek mahaikideak errekusatu ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.–Oposizioa nola eginen den.
7.1. Oposizioak bi hautapen fase izanen ditu. Lehenbiziko hautapen fasean, proba baztertzaileak eginen dira: I. eranskineko gai-zerrendari buruzkoak, gaitasun fisikoa neurtzekoak eta proba psikoteknikoak eta medikoak. Bigarren fasean, oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zein ordutan hasiko den.
7.2. Deialdi bakarra eginen da hautapen faseko probetarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oro har, oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.
Behin kalifikaturik, hautapen fasean, 7.3.1.a), b) eta c) oinarrietako proba bakoitza –eta 7.3.1.d) oinarriko garapen metodologikoa, hala badagokio–, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taula elektronikoan eta web-orrian, eta bost egun naturaleko epea emanen du, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere argitaratuko dira Udalaren iragarki-taula elektronikoan eta web-orrian, azalduko dira proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak, kasuen arabera, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.
7.3.1. Prozeduraren faseak:
Hautapen fasean honako proba hauek izanen dira:
a) Proba teorikoa: test motako ariketa egin beharko da, I. eranskineko gai-zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa. 100 galdera teoriko-praktikoko sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Erantzun baliodun bakoitzak puntu bateko balorazioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,33 puntuko balorazio negatiboa izanen dute. Galdera guztiei balorazio bera emanen zaie. Ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere bi ordu izanen dituzte. Proba honetan 100 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko da proba honetan gutxienez 50 puntu lortzen ez dituen izangaia.
Proban, erreserbako zortzi galdera gehigarri izanen dira, azterketako galderaren bat kendu behar bada ere, akatsa izateagatik. Hala ere, epaimahaiaren ustez galdera oker gehiago badago, kendu eginen dira, eta ez dira kontuan hartuko azterketa zuzentzeko.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko II. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko.
Gehienez txanda irekiko 40 izangairi deituko zaie gaitasun fisikoa neurtzeko proba hau egitera. Hortaz, baldin txanda horretan proba teorikoan eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu dutenak kopuru hori baino gehiago badira, kalifikaziorik handienak lortutakoak baino ez dira iraganen aipaturiko probara. Txanda irekiko gainerako izangaiak deialditik baztertuta geldituko dira. Proba teorikoa gainditu duten igoera-txandako izangai guztiek eginen dituzte proba fisikoak.
Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren.
Proba honetako ariketak honela kalifikatuko dira:
–Pisua jasotzeko proba (banku press-a). "Gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da.
–Uretako trebetasun proba. "Gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da.
–Zalutasun proba (Barrow testa). "Gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da.
–Erresistentzia-proba (Course Navette testa). "Gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da.
Epaimahaiak ezarriko du proba fisikoak egiteko hurrenkera.
Bazterturik geldituko dira proba guzti-guztietan "gai" kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.
Proba fisikoak hasi baino lehen, izangaiek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko dute. Bertan berariaz adieraziko dute badituztela proba egiteko baldintza fisiko eta osasun-baldintza nahikoak. Adierazpen hori epaimahaiari emanen zaio deia egiten den unean. Proba egiteko eskubidea galduko dute adierazpena sinatzen ez dutenek edo hura sinatzeko moduan ez daudenek, eta prozesutik kanpo geldituko dira, ondorio guztietarako.
c) Proba psikoteknikoa: zenbait proba eginen dira, zehazteko izangaia zer neurritan egokitzen den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen ditu proba horiek (Psikologia Aplikatuaren Atala, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutukoa), eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Gaitasun psikoteknikoaren proban 50 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 25 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.
Proba fisikoak gehi proba teorikoa gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dute gaitasun psikoteknikoaren proba.
d) Proba nola eginen den:
–Profil profesiografikoa zehaztea: proposatuko dute NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak eta deialdiko kalifikazio-epaimahaiak, edo hark izendatutako langileek. Azken kasu horretan, lanpostuaren beharrak eta eskakizunak ezagutu beharko dituzte. Azterketa horretatik abiatuta, zehaztuko dira ebaluatu beharreko faktoreak edo gaitasunak, baita eginkizunak behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren eskakizunak ere. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.
Kalifikazio-epaimahaia, probak egin aurretik, arduratuko da garrantzizkotzat jotzen diren gai guztiak baliabide egokien bidez argitaratzeaz. Horretarako, NAPIko arlo psikoteknikoko teknikariekin koordinatuko da, eta horiek emanen dizkiote profilean jasotako eta baloratu beharreko faktoreak, baita zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpideak ere.
–Probak bi ariketa izanen ditu:
–Lehenbizikoan, ariketa psikotekniko bat edo batzuk eginen dira. Galde-sortak izanen dira, oro har nortasunari buruzkoak edo laneko gaitasunei eta/edo trebetasunei buruzkoak.
–Eta bigarrenean, elkarrizketa pertsonala eginen da, eta/edo talde-lanekoa, eta, hala, alderatuko dira lehenbiziko zatiko galde-sortarekin.
Puntuazioa zehazteko, kontuan hartuko da zenbat proba gainditzen diren berariaz prestatutako proba espezifikoetatik; bost zailtasun maila izanen dira, eta adierazitako gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio maila bakoitzari.
e) Proba medikoak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago izanik eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, dei eginen zaie proba medikoak egitera, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko II. eranskinean ezarritakoari jarraikiz. Iruñeko Udalaren Lan Osasunaren Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa.
Proba medikoetan izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaie. Bazterturik geldituko dira "gai" kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.
Dauden plazak guztiak zehaztuta –lehenbiziko oinarrian ezartzen denari jarraikiz– eta epaimahaiak osasun azterketaren balorazioak jasota, epaimahaiak izangai onartuen zerrenda prestatuko du, parte har dezaten Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolarako plaza hutsak esleitzeko ekitaldian, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta kontuan harturik bi txanda daudela: txanda irekia eta igoera-txanda.
7.3.2. Plazen adjudikazioa.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolarako plazak esleitzeko ekitaldia eginen da zehaztearren nor sar daitekeen bete beharreko plazetan.
Ekitaldi horren helburua da dauden plazak betetzea, hautaprobetan lortutako puntuazio handienaren arabera.
Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztizko puntuazio handienetik txikienera ordenatuta: bat, igoera-txandako plazarako izangaiena, eta beste bat, izangai guztiena. Dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lehenik igoera-txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako plaza hutsak adjudikatzeko. Plaza horiek bete ondoren, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, kenduta igoera-txandan plaza lortu dutenak, txanda irekiko postuak betetzeko.
Ekitaldi honetan plaza lortzen duten izangaien zerrendan agertzen direnak proposatuko dira behin-behinean oinarrizko prestakuntza-ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inola ere izanen deialdiko lanpostu kopurua baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emanen du zerrenda Udalaren iragarki-taula elektronikoan eta web-orrian, zehaztuta bakoitzaren kalifikazio orokorrak.
7.3.3. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzeko, behin-behinekoz onartutakoek frogatu beharko dute, zazpi egun balioduneko epean, aipatutako zerrenda argitaratzen denetik Udalaren iragarki-taula elektronikoan eta web-orrian, betetzen dituztela deialdiaren 3.1 apartatuko c), e) eta f) baldintzak. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Eguesibarko Udaleko Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:
–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeena.
–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.
–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.
–Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez konpromisoa hartzen baita armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko.
–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.
–Hala behar denean, deialdiko 8.2 apartatuaren laugarren paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatzeko agiria.
Aurreko izapideak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera ordenatua, adierazita zein diren oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartutako izangaiak. Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza-ikastarora behin-behinekoz onartutako izangairen batek ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten, edo ez badu osasun azterketa gainditzen, beste izangai batekin ordeztuko dira zerrendan; hain zuzen ere, probak gainditurik eta eskatzen diren baldintzak beterik, puntuazio handiena duen izangaiarekin.
7.3.4. Praktiketako funtzionarioaren izendapena.
Udaltzain-agente izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duten izangaiak izendatuko dira Eguesibarko Udaleko praktiketako funtzionario, Alkatetzaren ebazpen baten bidez izendatu ere, salbu eta aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.
7.3.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza-ikastaroa, eta baztertzailea izanen da. Ikastaroak jarraituko die irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuari eta aplikagarriak diren gainerako xedapenei (aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua).
Bat etorriz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluekin, izangairen batek gainditu baldin badu deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztu beharko da, frogatzen dituena ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliokidetasuna eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenak, edo eskolak berak lehenago emandakoak, edukiak baliokideak badira. Halakoetan, dagokion puntuazioa ere eman beharko du.
Izangaiek, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, jasoko dituzte C mailari dagozkion oinarrizko ordainsari pertsonalak, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.
Ikastaroa egiteko onartutako izangaiak, lehendik funtzionario direnak, jarduneko egoera administratiboan mantenduko dira ikastaroak irauten duen bitartean, erregelamenduz ezartzen diren baldintzen arabera. Langile horiek eskubidea izanen dute graduari eta antzinatasunari dagozkien ordainsariak jasotzeko.
Bestetik, Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik afiliatuta bazeuden Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste erregimen batean; kasu horretan, horrexetan segituko dute.
Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Hori gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak jakinaraziko dio baja hori Udalari.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan ere izangaiak gainditu beharko ditu agintzen zaizkion proba mediko guztiak, egiaztatzearren segitzen duela betetzen deialdiaren 3.1.d) apartatuan aipatzen den baldintza. Proba horien bidez egiaztatzen bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja emateko hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen duten izangaiek, baldin hautapen-prozesuan ez bazaie bajarik ematen gaitasun psikofisikoa galtzeagatik, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak kalifikatuko dira, ateratako puntuazioaren hurrenkeran. Aipatutako ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio-epaimahaiarentzat.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira oposiziotik.
7.3.6. Azken kalifikazioa.
Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira hautapen-prozesu guztiko puntuazioak, alegia, hautapen fasean eskuratutako puntuazioak eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroko puntuazioa.
8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
8.1. Izendapena.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du gaindituen zerrenda, osoko puntuazioaren arabera ordenatua, eta igorriko du gainditu duten izangaiak izendatzeko proposamena.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukatu, eta izangaiek zin egin edo hitzeman beharko dute errespetatuko eta defendatuko dutela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen dietela Konstituzioari eta legeei, eta zintzo beteko dituztela karguari dagozkion betebeharrak.
Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, eta Tokiko Gobernu Batzarrak erabakita, Eguesibarko Udaleko udaltzain eta funtzionario izendatuko dira oposizioa gainditu duten izangaiak, txanden arabera eta lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren arabera, baldin bete badute aurreko apartatuan ezarritakoa.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Behin prestakuntza-ikastaroa bukatu ondoren, eta ikastaroa baliozkotu zaion izangaiak hautatutako polizian sartu ondoren, jabetza hartzeak berekin ekarriko du berariaz uko egitea une horretara arte edukitako lanpostuari, eta lanpostua gelditzea erreserbarik gabeko borondatezko eszedentziaren egoeran.
8.2. Jabetza hartzea.
Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute plazaz.
Plazaz jabetzeak berekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.
Ezarritako egunean plazaz jabetzen ez direnek eskubide guztiak galduko dituzte Eguesibarko Udalean sartzeko, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren plazetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak afiliatuko dira Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean, eta alta emanen zaie erregimen horren babesean, salbu eta lehendik afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzaren beste erregimen batean; halakoetan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko dute babes erregimen horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean afiliatzea.
9.–Datu pertsonalak babestea.
Datuen babesa. Eguesibarko Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez: hain zuzen ere, erabiliko dira enplegu deialdiak kudeatzeko, botere publikoak baliatuz.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.
Datuak zenbat denboraz gordeko diren: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datu-hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren webgunean eta iragarki-taula elektronikoan, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: jakinarazten dizugu baduzula eskubidea datuetan sartzeko, datu horiek zuzentzeko (zuzenak ez badira), eta datuak ezerezteko, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, jo beharko duzu Erregistro Orokorrera (Garajonay kalea 1, 31621, Sarriguren –Eguesibar–), edo egoitza elektronikora (https://sedeelectronica.valledeegues.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Jarritako errekurtso guztiak eta horien ebazpena argitaratuko dira Udalaren webgunean, hautapen-prozesu honetan interesdun direnei jakinarazteko ondorioetarako.
Sarrigurenen, 2026ko urtarrilaren 22an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.
I. ERANSKINA.–LEHEN PROBARAKO GAI-ZERRENDA (TEORIKOA)
1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: hitzaurrea. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. III. titulua: Gorte Nagusiak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala.
2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: toki-erakundeei buruzko xedapen komunak. VII. titulua: toki-erakundeen zerbitzurako langileak. X. titulua: biztanleria handiko udalak antolatzeko araubidea. XI. titulua: zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan.
3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea, I. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua.
4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza eta koordinazioa. V. titulua: udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena eta seigarrena.
5.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera hartu eta galtzea. III. kapitulua: Mailak eta graduak. IV. kapitulua. Administrazio karrera. V. kapitulua. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. VI. kapitulua. Administrazio egoerak.
6.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua: Zigorrak.
7.–114/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. VII. titulua: Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.
8.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa. I. eta II. tituluak.
9.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.
10.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Hitzaurrea: I. kapitulua: xedapen orokorrak, II. kapitulua: dokumentazio eta identifikazio pertsonala, eta III. kapitulua: herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak, V. kapitulua: zehapenen araubidea.
11.–5/2012 Legea, uztailaren 6koa, hizpide duena Gai Zibil eta Merkataritzakoetako Bitartekaritza.
12.–Eguesibarko Udalaren ordenantzak:
–Udal ordenantza, arautzen duena animalia arriskutsuak eta bestelakoak edukitzea.
–Osasun arloko ordenantza, arautzen duena lagun egiteko animaliak babestea.
–Trafikoaren udal ordenantza.
–Udal ordenantza, hizpide duena gizalegezko jokaerak sustatzea eta espazio publikoak babestea.
–Udal ordenantza, arautzen duena merkataritza ez-egonkorra.
–Udal ordenantza, arautzen duena terrazak eta beladoreak eremu publikoan paratzea.
–Udal ordenantza, arautzen dituena lokal pribatuak, erabiltzen direnak aisialdiko biltoki iraunkor gisa nahiz aldi baterako gisa, Eguesibarko udal-mugartean.
–Udal ordenantza, suteak prebenitzeari buruzkoa.
–Udal ordenantza, hizpide duena gizalegezko jokaerak sustatzea eta espazio publikoak babestea.
13.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, ordutegi orokorra arautzen duena ikuskizun publikoetarako eta josteta jardueretarako.
14.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, onesten duena establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa.
15.–Udaleko larrialdi-plana.
16.–Udalaren jarduketa-plana, baso-suteen kontra.
17.–Eguesibarko ezagutza orokorra: historia, arkitektura, industria, kale izendegia, hiri ingurunea, nekazaritzako alderdiak, geografia, hidrologia, hidrogeologia, lurpeko hidrogeologia, landaretza, fauna, babestutako naturaguneak, Eguesibarko tradizioak eta usadio-ohiturak.
II. ERANSKINA.–BIGARREN PROBARI DAGOZKION ARIKETAK (GAITASUN FISIKOA)
1.–Uretako trebetasun proba. (50 metro estilo librean).
Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 39,9 segundo gizonentzat eta 44,9 segundo emakumeentzat.
Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ez eta urpean ibiltzeko beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Saio bakarra eginen da.
Ibilbidea hasiko da epaile kronometratzaileak seinale hau ematean: "a sus puestos" (zuen postuetara) esan eta txilibitu-soinua jo.
Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izanen da, baldin eta izangaiak:
–Kortxo-ilarak erabiltzen baditu edo igerilekuaren alboko kaleak edo ertza erabiltzen baditu euskarritzat edo abiada hartzeko.
–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.
–Kalez aldatzen bada.
Puntuazioa: eskala honen arabera emanen da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).
Denbora eta puntuazioak. Ikus taula osoa:
DENBORA ETA PUNTUAZIOAK | BAZTERTUA | GAI |
GIZONAK | 40 segundo edo gehiago | 39,9 segundo edo gutxiago |
EMAKUMEAK | 45 segundo edo gehiago | 44,9 segundo edo gutxiago |
2.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba, 35 kg gizonentzat eta 25 kg emakumeentzat.
Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 35 edo 25 kilogramoko pisua goratu behar du 60 segundoan, ahal duen aldi gehienetan. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz helduz eta hatzak itxirik (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea neurtuta). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko.
Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira, eta barrak bularra ukituko du.
Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrelaxe mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.
Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko. Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:
–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.
Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, ondotik ageri den eskalari jarraikiz. Ikus taula osoa:
MARKAK ETA PUNTUAZIOAK | BAZTERTUA | GAI |
GIZONAK | 30 baino gutxiago | 30 edo gehiago |
EMAKUMEAK | 22 baino gutxiago | 22 edo gehiago |
3.–Zalutasun proba. (Barrow testa).
Abiapuntuko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

Egiteko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenbiziko saioa baliogabetzat hartzen bada.
Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:
a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.
b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.
Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:
a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea. b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.
Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, fotozelulak irakurri bezala, hamarrenetan, kontuan hartuz ariketa bukatzen dela izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Fotozelula sistemak huts egiten badu, erreserbako eskuzko kronometrajea aplikatuko da.
Denborak eta puntuazioak. Ikus taula osoa:
DENBORA ETA PUNTUAZIOAK | BAZTERTUA | GAI |
GIZONAK | 24 edo gehiago | 23"9 edo gutxiago |
EMAKUMEAK | 27 edo gehiago | 26"9 edo gutxiago |
4.–Erresistentzia proba. (Course Navette testa).
Egiteko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute, jarraikiz seinale akustiko batzuen bidez markatutako erritmoari, ahalik eta denbora gehien irauteko xedearekin. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork ere lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Soinua tarte erregularren arabera emanen da. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarrago eginen da. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko.
Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatutako erritmoari jarraitzea, eskatutako tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada, metro bateko tartea gainditurik, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.
Izangai bakoitzaren proba egoera hauetan bukatuko da, eta ordura arte egin dituen tarteak kontatutako dira:
–Izangaia gelditzea, salbu eta soilik une batez gelditzen bada 20 metroko marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.
–Izangaia bere kaletik ateratzea.
–Izangaiak ez bukatzea ibilbide oso bat, horren muturreko marra zapaldurik.
–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroen marratik metro bateko eremura.
–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra edo harago zapaltzera, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barrenean egonda, izangaiak ez badu lortzen marra zapaltzea seinale akustikoak jo baino lehen, abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat joko da.
Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), honako eskala honi jarraikiz:
TARTEAK ETA PUNTUAZIOAK | BAZTERTUA | GAI |
GIZONAK | 10,5 baino gutxiago | 10,5 edo gehiago |
EMAKUMEAK | 8,5 baino gutxiago | 8,5 edo gehiago |
III. ERANSKINA.–BAZTERKETA MEDIKOEN TAULA
1.–Ikusmena. Begien sistema:
–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:
- 4/10 bi begietan, edo
- 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
- 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.
–Ikuseremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuaren ezein meridianotan.
–Diplopia.
–Diskromatopsia larriak.
–Estereopsirik eza.
–Keratotomia erradiala.
2.–Entzumena. Entzumen sistema:
–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.
–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.
3.–Mintzamena:
–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz-moteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.
4.–Hezur eta muskulu-sistema:
–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.
–Prozesu artikularrak, ondorio funtzionalen arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.
–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.
–Zifosiak, 30° baino handiagoak.
–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.
–Espondilitis ankilosatzailea.
–Paget-en gaixotasuna.
–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).
–Fibromialgia.
–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.
5.–Digestio aparatua:
–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.
–B eta C hepatitis aktiboak edo eramaile-egoerak.
–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Gibeleko zirrosia.
–Behazun-zirrosi primarioa.
–Pankreatitis kronikoa.
–Fibrosi kistikoa.
–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.
–Uzki-esfinterreko ihesa.
6.–Sistema kardiobaskularra:
–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.
–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.
–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.
–Balbulopatiak.
–Miokardiopatiak.
–Perikardiopatia kronikoak.
–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.
–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.
–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).
–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).
–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.
7.–Arnas aparatua:
–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas eritasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).
–Pleurako isuri errepikatuak.
–Berezko pneumotorax errepikatuak.
–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.
–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.
8.–Nerbio-sistema:
–Epilepsia.
–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.
–Neurona motorraren gaixotasunak.
–Ataxiak.
–Goi mailako funtzioen eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).
–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.
–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.
–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.
–Bertigoak.
–Siringomielia.
–Hidrozefalia.
–Miopatiak.
–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.
–Paralisi periferikoak, ondorio funtzionalen arabera.
–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.
–Neke kronikoaren sindromea.
–Anosmia.
–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.
9.–Nahasmendu psikiatrikoak:
–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.
–Substantzia psikotropikoak (alkohola barne) kontsumitzearen ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.
–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.
–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, nahasmendu depresibo errepikariak, depresio-aldi larria, nahasmendu distimikoak).
–Antsietate-nahasmenduak, baldin eragin kliniko nabarmena badute.
–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.
10.–Aparatu genitourinarioa:
–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Gernu-inkontinentzia.
–Giltzurrun-polikistosia.
11.–Sistema endokrinologikoa:
–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.
–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Addison-en gaixotasuna, Cushing-en sindromea, feokromozitoma eta guruin suprarrenalen beste nahasmendu batzuk.
–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.
–Diabetes mellitusa.
–Adenomatosi endokrino anizkoitza.
–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak:
–Orbainak eta larruazaleko prozesu kronikoak, baldin eta, haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena dela kausa, polizia lanetan aritzea eragozten badute.
13.–Odola eta organo hematopoietikoak:
–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.
–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Sindrome linfougalkor kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.
–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.
–Immunoeskasiak.
–Esplenektomia.
–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.
14.–Beste batzuk:
–GIB birusaren antigorputzen eramailea.
–Amiloidosia.
–Kolagenosia.
–Lupus eritematoso sistemikoa.
–Artritis erreumatoidea.
–Esklerodermia.
–Sjögren-en sindromea.
–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Obesitatea (gorputz-masaren indizea > 25).
15.–Azalpen orokorrak:
–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera, eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.
–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Edozein aparaturen eta sistemaren beste edozein afekzio, baldin ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea galarazten ahal duen eragin funtzionala badu.
Iragarkiaren kodea: L2601127
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
