Iragarkia
31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
960E/2025 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdi hau onesten baita: "Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia, gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatu eta sustatzeko proiektuak". DDBN kodea: 875755.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak ditu Nafarroako Gobernuaren herritarren parte-hartzearen arloko politikaren eskumenak, eta Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez aplikatzen ditu. Zuzendaritza nagusi horrek esleiturik ditu, beste eskumen batzuen artean, herritarren parte-hartzea, arreta eta informazioa; horiek guztiak gauzatzeaz Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzua arduratzen da, halaxe baitagokio Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren oinarrizko egitura onesten duen abuztuaren 30eko 64/2023 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Toki entitateek, herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa diren aldetik, zeregin garrantzitsua betetzen dute herritarrek udaletako bizitza politiko eta instituzionalean parte hartzeko kultura bultzatzeko garaian, eta, arlo horri dagokionez, aurreko urteetan izandako esperientzia positiboa izan delakoan, Nafarroako Gobernuak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuaren bitartez, asmoa du udal eta eskualdeetan sustatzen diren herritarren parte-hartze prozesuei finantzazioa ematen segitzeko, horrela erantzuna emanez dagoen eskaerari eta lan hori bultzatu eta errazteko xedeaz.
Departamentu honetan Ekonomia eta Ogasun Departamentuak duen kontu-hartzaile delegatuak horretarako adostasuna eman du.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuaren bidez esleituta ditudan ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea toki entitateei dirulaguntzak emateko 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta sustatzeko.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 135.000 euroko gastua baimentzen da "Toki entitateentzako dirulaguntzak herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuetarako" izeneko 010005 01700 4609 924900 partidaren kargura edo 2026ko gastuen aurrekontuan gaitzen den antzeko partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago. Jasotako eskaeren arabera aurrekontu-aldaketak egiten ahalko dira, 5. oinarrian ezarritako moduan eta gehieneko zenbatekoa errespetatuz.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko abenduaren 12an.–Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Joseba Asiain Albisu.
1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak dirulaguntzak emateko Nafarroako toki entitateei, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitatean 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta sustatzeko proiektuak garatzen dituztenei; hori guztia oinarri hauetan ezarritakoarekin bat eta kasuan kasuko aurrekontuko kredituak zehaztutako mugen barruan.
Zehazki, dirulaguntza hauen xedea da finantzaketarekin laguntzea Nafarroako udalerri eta mankomunitateei, alde batetik, herritarrek, gizon nahiz emakumea izan, arlo publikoaren kudeaketan eta erabakietan berdintasunez parte hartzeko duten eskubidea bermatzearren, eta, bestetik, toki entitateek parte-hartzea sustatzeko duten gaitasuna sendotzearren.
Deialdi honetan toki entitateek bultzatutako parte-hartzea aipatzen denean, era honetako ekimenei buruz ari gara: udalek, kontzejuek eta mankomunitateek bultzatzen eta sustatzen dituzten ekimen guztiak, helburu dutenak herritarrek, berdin banaka zein taldean, gai publikoen gaineko erabakietan modu antolatuan parte hartzea politika publikoak definitzean, proposatzean, betetzean eta ebaluatzean.
Ulertzen da herritarren parte-hartzea tresna eta lanabes bat dela, herritarrei aukera ematen diena beren ingurunean edota beren bizi baldintzetan eragina duten alderdien edo elementuen gaineko erabakietan parte hartzeko eta horiek guztiak taldean eraikitzeko. Parte-hartze prozesuak entzute aktiborako eta eztabaidatzeko bide ematen du; komunitate bateko alde guztiak biltzen ditu, esparruak, baliabideak, estrategiak eta metodologiak partekatu behar baitituzte, komunitate horretako pertsonen eta taldeen bizi kalitatea hobetzea lortzeko.
Sustatu beharreko ekimenek ezaugarri hauek izan behar dituzte:
a) Entitateak berak sustatu behar ditu zuzenean, eta Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira.
b) Zerbitzu edo politika publikoren baten garapenarekin lotura izan behar dute.
c) Parte-hartzaileek aukera izan behar dute arazo kolektibo baten ebazpenean edo parte-hartze prozesuarekin lotutako gaian eragiten, eta, beraz, baita haien emaitzetan ere, dela diagnostikorako elementuak aurkeztuz, dela proposamenak planteatuz, dela erabakiak hartuz, dela konponbideak inplementatuz.
d) Prozesuek indartu behar dute toki entitateek parte-hartzea sustatzeko duten gaitasuna, eta ikaskuntza sendotzen duten esperientziak izan beharko dira.
e) Informazioa emateko, kontsultarako, deliberatzeko edota elkarrekin erabakitzeko ekintzak aurreikusi behar dituzte.
f) Prozesuek herritarren parte-hartzea sustatuko dute modu antolatu, planifikatu eta ongi egituratuan.
g) Parte-hartzearen kultura modu errealistan zabalduko dute, udalerriaren eta ingurunearen idiosinkrasiarekin bat etorriz, egituratuta eta batez ere eraginkortasunez.
h) Garatutako esperientziak sistematizatzeko modukoak izanen dira.
i) Lurraldeko beste udalerri batzuek aukera izanen dute esperientzia horietatik ikasteko.
j) Entitateak herritarren proposamenak aztertu beharko ditu, eta horien gainean zer erabaki hartu duen jakinarazi beharko du, arrazoiak emanez.
k) Parte-hartzaileek ekimenaren ebaluazioa egin beharko dute.
l) Kalitatezko esperientziak izanen dira herritarren parte-hartzeari dagokionez eta oinarrituko dira parte-hartze prozesuen plangintzan eta ondorengo inplementazioan, arreta emanez, bereziki, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak desagertzeari eta genero rolak hausteari. Sexuaren aldagaia sartuko da estatistika, inkesta eta datu bilketa guztietan. Genero adierazleak sartuko dira, bide emanen dutenak zehaztasun handiagoz jakiteko zer desberdintasun dauden emakumeen eta gizonen balioen, rolen, egoeren, baldintzen, nahien eta beharren artean. Parte-hartzea nahikoa zabala izan dadin sustatuko da, emakumeen eta gizonen egoerak eta beharrak zein diren jakiteko behar adinakoa, alegia.
m) Pertsona orok baldintza berdinetan parte hartzeko duen eskubidea sustatuko dute, arreta emanez, bereziki, jatorri desberdineko elkarte edo pertsonen parte-hartzeari, sexu orientazioaren edo genero identitatearen araberako aniztasunari, aniztasun funtzionalari eta desgaitasunari, aniztasun etniko eta erlijiosoari, besteak beste. Proiektuak gauzatzean, irisgarritasun unibertsalerako baldintzak beteko dira, beharrezkoak baitira pertsona guztien eta, bereziki, desgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasuna, autonomia pertsonalaren sustapena, komunitateko inklusioa eta bizimodu independentea bermatzeko, gizartean erabat eta modu eraginkorrean txerta daitezen eta parte har dezaten.
2. oinarria. Onuradunak.
Oro har, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartze prozesuak sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean araututa daudenek.
3. oinarria. Betebeharrak.
Betebehar hauek bete beharko dira eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:
3.1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.
3.2. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
3.3. Aurreikusia izatea, beren eraginpeko eremuan, herritarren parte-hartzerako interes publikoko edota kolektiboko proiekturen bat sustatzea eta garatzea bizitza sozialaren, ekonomikoaren, kulturalaren edo politikoaren esparruan.
3.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean ez egotea.
4. oinarria. Gauzatzeko epea eta proiektu nahiz ekintza diruz lagungarriak.
4.1. Dirulaguntzaren xedeko proiektuak gauzatzeko epea 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra artekoa izanen da.
4.2. Definizio honen araberako parte-hartze prozesu guztiak izan daitezke diruz lagungarriak: "parte hartzeko une eta ekintza segida bat (tailerrak, talde dinamikak, bilerak, erakusketa interaktiboak, herritar-galdeketak, foroak edo lantalde birtualak), mota bateko eta besteko eragile eta/edo pertsonen parte-hartzearekin lotua, helburu duena erabaki beharreko gai edo arazo bati buruzko ikuspegi edo begirada desberdinak eskaintzea". Parte-hartze prozesuak epigrafe hauetakoren bati lotuta egon behar du:
A epigrafea: Herritarren parte-hartzea sustatzen duten prozesuak.
Epigrafe honen helburua da herritarren parte-hartzea sustatzen duten proiektuak diruz laguntzea, herritarrei politika publikoen zuzenketa, egokitasuna eta eraginkortasuna hobetzeko bideak eskaintzeko: politika publikoaren identifikazioa, bultzada, exekuzioa eta ebaluazioa; ordenantzak eta planak egitea; administrazio prozedurak eta tokiko gobernu organoen erabakiak.
Hauxe da parte-hartze prozesu baten definizioa: "parte hartzeko une eta ekintza segida bat (tailerrak, talde dinamikak, bilerak, erakusketa interaktiboak, foroak edo lantalde birtualak), mota bateko eta besteko eragile eta/edo pertsonen parte-hartzearekin lotua, helburu duena erabaki beharreko gai edo arazo bati buruzko ikuspegi edo begirada desberdinak eskaintzea".
Hortaz, egitura, antolaketa eta plangintza egokiak dituzten esperientziak dira, eta parte-hartze prozesuetarako egokien irizten diren formatu metodologikoetan proposatu daitezke: deliberazio prozesuak, partaidetzazko aurrekontuak, herri galdeketak, plan komunitarioak eta abar.
B epigrafea: Herritarrek parte hartzeko udal eredua egituratzeko ekintzak, programak eta tresnak aurrera eramatea helburu duten prozesuak.
Epigrafe honen helburua da toki entitateentzat herritarren parte-hartzerako sistema integral eta integratu bat eraikitzea sustatzea, sistema koherente eta antolatua: herritarren parte-hartzea bideratzea udal eredu errealista bat garatuz, udalerriaren eta haren ingurunearen idiosinkrasiarekin bat datorrena, ongi egituratua eta eraginkorra.
Herritarren parte-hartzerako udal sistemaren egitura sortzeko edo berritzeko egokien irizten diren ekintzak, programak edo tresnak proposatu daitezke: parte-hartzeari buruzko araudia, udalaren parte-hartze programa, aplikazio teknologikoak, udal aholku-kontseiluak sortzea herritarrekin edo herritarren entitateekin, instituzioen eta entitate sozialen arteko topaketa eta gogoetarako guneak eta abar.
4.3. Herritarrekiko harremanekin zerikusia duten arren, maiz herritarren parte-hartze prozesuekin nahasten diren zenbait jarduera deialdi honetatik kanpo uzten dira, adibidez:
–Entitateen beraien dinamizazio soziokulturaleko urteko proiektu eta programak, zeinen xede nagusia ez baita elkarrizketarako eta ekintzarako guneak irekitzea eremu publikoan (informazioa-gogoeta, eztabaida-proposamena), inplikatutako giza taldeak dinamizatzeko.
–Jarduera ludikoak, jaiak, kultur ekintzak edo dinamizazio sozialekoak, parte-hartze prozesuen osagarri ez direnak, hots, jardueraren helburua, hasi eta buka, jarduera bera gauzatzea denean, eta ez parte-hartze prozesu bati ekarpena egitea.
–Zabalkunde, komunikazio eta informazio kanpainak, parte-hartze prozesuekin loturarik ez dutenak, esate baterako, erakusketak, informazio orriak, buletinak, jardunaldiak eta informazio kanpainak. Jarduera horiek diruz lagunduko dira parte-hartze prozesu batean sartzen direnean, baina ez, ordea, eskaeraren xedea denean zerbitzu eta proiektuei buruzko informazioa ematea, herritarren arteko debaterako eta ekarpenen gaineko lanerako pizgarri izan gabe.
–Inkestak, galdeketak eta bestelako metodo demoskopikoak, parte-hartze prozesuekin zerikusirik ez badute eta haien emaitzen inguruko deliberazio eta debaterik aurreikusten ez badute.
–Prestakuntza jarduerak, parte-hartze prozesu bati laguntzeko estrategia baten parte ez direnean.
–Dagoeneko sortuta dauden herritarren parte-hartzerako egituren funtzionamendua edo aplikazio teknologikoen mantentze-lana.
–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren kontra doazen kontsultak edo prozesuak.
4.4. Eskaeren kopuru mugatua.
Proiektuak banaka nahiz mankomunatuta aurkezten ahalko dira.
Toki entitateek proiektu bakar bat aurkezten ahalko dute banaka.
Entitateek mankomunaturik aurkezten ahalko dituzte proiektuak, eta, kasu horretan, beste entitate batek aurkeztuak balira bezala hartuko dira. Proiektu mankomunatu bat aurkezten duen entitate elkarte bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du.
Proiektuak mankomunatuta aurkezten badira, toki entitateek proiektuan ordezkatuko dituen toki entitatea izendatuko dute, eta ordezkapen hori ondorio guztietarako izanen da, barnean dela laguntza ekonomikoa jasotzea. Proiektua ordezkatuko duen toki entitatea izendatzeko, nahikoa izanen da proiektua sustatzen duten toki entitateetako alkatetzen edo burutzen ardura duten pertsonek sinatutako adierazpena aurkeztea.
4.5. Gastu diruz lagungarriak.
Dirulaguntzak erabiliko dira, soil-soilik, diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat egiten duten gastuak finantzatzeko, betiere oinarriotan ezarritako epean egiten badira. Zehazki, gastu kontzeptu hauek lagunduko dira diruz:
a) Laguntza teknikoa (entitatetik kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzea). Pertsona fisiko edo juridikoen kontratazioa diruz lagunduko da baldin eta frogatzen badute deialdi hau egin baino hiru urte lehenago garatu diren 3 parte-hartze prozesu publikotan edota pribatutan, gutxienez ere, jardun dutela prestakuntzan edota kudeaketa eta dinamizazio lanetan. Pertsona juridikoen kasuan, frogatu beharko da proiektuaren ardura duen taldeak badituela arestian aipatutako esperientzia duten pertsonak, eta horiexek dutela proiektua gauzatzeko ardura zuzena.
Esperientzia frogatuko da kontratatutako laguntza teknikoak emandako ziurtagiriaren bidez (5. redua).
Diruz lagundutako jardueraren %100 azpikontratatzen ahal da.
Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa gabe), frogatu beharko da hornitzailea hautatu dela kontratazio publikoan bete beharreko eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Entitate onuradunaren txosten baten bidez frogatuko dira kontu horiek (4. eredua).
b) Teknikariak edo proiektua egiteko maila nahikoa duten langileak kontratatzeko gastuak, alde batera utzita entitate onuradunarekin funtzionario lotura edo estatutupeko edo lan kontratupeko lotura duten langileen gastuak; kontratatutako langile horiek proiektua gauzatzeko aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzen ahalko dira. Kontratazioaren gehieneko kostuak, dirulaguntzari egozten ahal zaizkionak, lansari gordinen ordainketari dagozkionak izanen dira, ez besterik.
c) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.
d) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.
e) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo jarduera garatzeko beharrezko material suntsikorrarenak.
f) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta emateko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).
g) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.
h) Proiektuan sartutako jarduerekin lotura izanik bidezkotzat jotzen diren beste gastu batzuk, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak onartzen dituenak oinarri hauen 4.7 puntuan berariaz salbuetsita ez badaude.
4.6. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:
Proiektuaren zenbatekoaren %8 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, 1.000 euroko mugarekin, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude haien faktura eta ordainagiriekin eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.
4.7. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen deialdi honetan:
a) Banku kontuetako interes zordunak.
b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.
c) Prozedura judizialen gastuak.
d) Aperitibo, otordu eta antzekoen gastuak.
e) Entitatearen beraren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen ez bada.
f) Material inbentariagarrien eta inbertsioen gastuak.
g) Jardueretan parte hartu dutenentzako esker-sariak edo opariak, edonolakoak.
5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
5.1. Deialdi honetarako onetsitako gastua 135.000 eurokoa da, eta "Toki entitateentzako dirulaguntzak herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuetarako" izeneko 010005 01700 4819 924900 partidari edo 2026ko gastuen aurrekontuan gaitzen den antzeko partidari egotziko zaio, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago. 2026ko ekitaldian partida horretan aurrekontu-baliabideak egonez gero, deialdi honetan ezarritako gastua 65.000 euro handitzen ahalko da gehienez. Gehikuntza hori finantzatuko da "Herritarren entitateentzako dirulaguntzak Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuetarako" izeneko deialdian soberan gelditzen den zenbatekoaren kargura, "Elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuentzako dirulaguntzak herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuetarako" izeneko 010005 01700 4819 924900 partidaren kargura, aurrekontu-programa berekoa baita.
5.2. Onartutako dirulaguntzaren zenbatekoak muga hauek izanen ditu:
TOKI ENTITATEAK 2020KO URTARRILAREN 1EAN DUEN BIZTANLE KOPURUA | GEHIENEKO LAGUNTZA | |
Proiektuaren aurrekontuaren | Jaso daitekeen gehieneko kopurua | |
< 1.000 | %80 | 12.000 |
1000-5000 | %75 | 14.000 |
> 5.000 | %70 | 16.000 |
5.3. Balorazio teknikoan gutxienez ere 70 puntu lortu dituzten proiektuei soilik emanen zaie dirulaguntza.
5.4. Honela banatuko da aurrekontuko kontsignazio osoa:
–101.250 euro A epigrafeko proiektuetarako: Herritarren parte-hartzea sustatzen duten prozesuak.
–33.750 euro, B epigrafeko proiektuetarako: Herritarren parte-hartzerako udal eredua egituratzeko ekintzak, programak eta tresnak.
Oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatu ondoren, adierazitako bi epigrafeetako batean kreditu erabilgarririk badago, kreditu hori beste epigrafean sartzen ahalko da, deialdi honetan horretarako hasieran aurreikusitako kontsignazioa handitzeko.
6. oinarria. Dokumentazioa.
6.1. Dirulaguntza eskatzen duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) 1. eredua: Eskaera-orria. Formulario horretan entitate eskatzailearen datuak zehazten dira, baita behar diren baimen eta adierazpenak ere.
b) 2. eredua: Proiektuaren deskribapena. Eredu honetan, proiektua zehazten da eta aurrekontua adierazten da. A edo B eredua aukeratuko da, epigrafearen arabera. Dirulaguntzen eskaerak eredu honen arabera aurkeztu beharko dira nahitaez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-a-entidades-locales-para-el-fomento-y-la-promocion-de-la-participacion-ciudadana-2026.Eredua laguntzen fitxan eskuratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoan. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehenetsitako bide gisa.
c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, baldin Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia bada edo baldin aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada. Hemen egiten ahalko da:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
6.2. Administrazioari lehendik aurkeztu zaizkion agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskatzailea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoaz baliatzen ahalko da, baldin eta adierazten badu noiz eta zein organo administratibotan aurkeztu zituen agiri horiek.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
7.1. Eskabideak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoan dagoen estekaren bitartez, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Dokumentazioa eskaneatuta aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.
Hauxe da fitxaren esteka: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-a-entidades-locales-para-el-fomento-y-la-promocion-de-la-participacion-ciudadana-2026.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko izapideen fitxan dagoen eredura (2. eredua-Proiektuaren deskribapena) egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Beraz, ez aurkeztutzat joko dira eta ezin izanen dira zuzendu.
7.2. Baldin aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, entitateari errekerituko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera eginen da zuzentzeko errekerimendua.
Proiektua deskribatzeko dokumentazioa ezin da zuzendu.
8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
8.1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari dagokio.
Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da, oinarri arautzaile hauetan aldez aurretik ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz; irizpide horien arabera balorazio hoberena lortzen duten eskaerei dirulaguntza esleituko zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.
Eskaera baten baino gehiagoren azken puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, berdinketa biztanle kopuruaren arabera ebatziko da, lehentasuna emanez biztanle kopuru txikiena daukaten toki entitateei.
8.2. Eskaerak 1.1 eranskinean zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izaten ahal du, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egiten ahal ditu ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.
8.3. Gutxienez ere 70 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsi eginen dira.
Proiektuak diruz lagungarriak ez diren ekintzak jasotzen baditu, diruz lagungarriak direnak soilik hartuko dira kontuan.
8.4. Finantzatzekoa den azken proiekturako dirulaguntza-proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran agertzen dena baino, aurrekontuan diru erabilgarririk ez dagoelako, instrukzio organoak eskaera birformulatzeko eskatzen ahalko du. Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Kudeaketa organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.
8.5. Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, adierazten duena entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
9. oinarria. Ebazpena.
9.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
9.3. Dirulaguntza emateko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.
10. oinarria. Gorabeherak proiektuak gauzatzean.
10.1. Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan. Hala ere, proiektuan aurreikusitako exekuzioa aldatzen duten inguruabarrak gertatzen direnean, aldaketa hauek egiten ahal dira:
a) Proiektua gauzatu bitartean egin beharreko jardueren aldaketak.
b) Proiektuan egin beharreko ekintzen berrantolaketa ekonomikorako aldaketak.
10.2. Aurreko kasuetan, proiektuan egin beharreko ekintzak aldatzeko, aldez aurretik baimena eskatu behar zaio organo kudeatzaileari. Entitate interesdunak dirulaguntzaren helburua kontuan hartuta egokitzat jotzen duen beste jarduera bat (edo batzuk) egitea proposatzen ahal diote Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, proiektuan sartuta ez egon arren.
Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera egin baino gutxienez 20 egun lehenago.
Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, eta epe eta baldintza beretan justifikatu beharko dira.
Proposatzen den jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Ordezten duen jardueraren maila edota konplexutasun tekniko bera izatea.
b) Oinarrietan ezarritako baldintza berberak betetzea, eta oinarrietan ezarritako modu berean aurkeztea.
Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta aldaketa horiek egiteko ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzearren.
Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa berariaz baimenduko edo ukatuko du Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiak, eta, behar izatera, egokiak diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.
10.3. Proiektuan onartutako jardueretako bat egin gabe utzi behar denean, ez da aldaketarako aldez aurreko baimena eskatu beharko. Hala ere, jarduera horretarako aurreikusitako zenbatekoa ezin zaio gainerako jardueren aurrekontuari erantsi. Nolanahi ere, justifikazio agiriak aurkezten direnean, onuradunak behar bezala azaldu beharko ditu aldaketa horiek.
11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
11.1. Dirulaguntza ordainduko da diruz lagundutako proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.
11.2. Dirulaguntzaren xedeko jarduketa guztiak egin ondoren, entitate onuradunek justifikatu beharko dute diruz lagundutako proiekturako jaso dituzten funtsak osorik aplikatu dituztela. Hori horrela, bi justifikazio-epe ezarri dira: 2026ko ekainaren 15era arte, dagoeneko proiektua gauzatuta dutenentzat, eta gainerakoentzat 2026ko azaroaren 16ra arte (egun hori barne). Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–3. eredua: Proiektuaren eta gastuen bukaerako memoria.
–4. eredua: Enpresaren hautapenaren egiaztapena. Soilik aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo).
–5. eredua: Kontratatutako enpresaren adierazpena. Proiektua garatzeko laguntza teknikoa kontratatu bada bakarrik aurkeztuko da. Aitorpen hori proiektua gauzatzeko kontratatutako enpresak bete behar du.
–6. eredua: Beste dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena. Berariaz adierazi beharko da proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen ala ez. Hala bada, zehatz-mehatz adieraziko da zer zenbateko jaso duen eta nondik.
–7. eredua: Gastuak justifikatzeko taula.
–Fakturen zerrenda eta egindako ordainketen frogagiriak.
Justifikazio kontu baten bidez (7. eredua) justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak. Kontuak diruz lagundutako jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du gutxienez ere, jarduerak egiteko gastu guztiak banan-banan zehazturik. Jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, baita horiek benetan ordaindu direla frogatzen duten agiriak ere. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.
–Egindako ekintzen frogagiriak eta haien ondoriozko produktuen edo hedapen eta publizitate materialen erakusgarriak aurkeztuko dira.
–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuak parte hartu duela jakitera emateko betebeharra, hau da, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu dela ekintzen publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian, eta testu hau ere erantsi dela: "Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta". Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan eta hura aldatzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak.
–Proiektua gauzatu bitartean hartan lanean ari diren pertsonen soldata gordinari buruzko adierazpena eta proiektu horretan emandako denboraren ziurtagiria.
–Proiektuari egotzitako pertsonen gastuen eta ordainketen egiaztagiriak, proiektua gauzatu den hilabeteetan.
3., 4., 5., 6. eta 7. ereduak deialdi honen 1.2 eranskinean daude eskuragarri, baita Nafarroako Gobernuaren kasuan kasuko izapideen fitxan ere.
11.3. Instrukzio organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela, errekerimendua eginen dio entitate eskatzaileari 10 egun balioduneko epean zuzendu ditzan, beharrezko frogagiriak aurkeztuz. Errekerimendu hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eginen da, eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskaera-orrian adierazten den helbide elektronikora.
Justifikazio falta edo nahikoa ez justifikatzea ez da zuzentzeko modukotzat joko, dirulaguntzak itzultzeko arrazoi izanen baita (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikulua).
11.4. Egindako gastutzat joko da, oro har, bi justifikazio epeak bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, 2026ko ekainaren 15a eta azaroaren 16a baino lehen. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko data hori baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuak benetan ordainduak izatea, horren arrazoia baldin bada likidatzeko borondatezko aldia oraindik irekita ez egotea. Edozein kasutan, mota horretako gastuen frogagiriak 2026ko abenduaren 4a baino lehen aurkeztu beharko dira.
12. oinarria. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren entitateek Espainiako edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako ematen dituzten dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditzen ez badute.
13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoez gain:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.
b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, eta idatziz eskatzea aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena.
c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.
d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.
e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.
g) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.
h) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso dela agerraraztea idatzizko eta ahozko publizitate eta hedapen orotan, bai eta laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera proiektuari buruz egiten den dokumentazio guztian ere.
i) Entitate onuradunak erabakitzen badu emandako dirulaguntzari uko egitea, ahalik eta lasterren emanen du uko horren berri telematikoki, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari zuzenduta. Uko egiten zaion zenbatekoa esleitzen ahalko zaie 5.2 oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu arren aurrekontuan dirurik ez izateagatik laguntzarik jaso ez duten proiektuei.
14. oinarria. Inbertitu gabeko gerakinak.
14.1. Dirulaguntza zertarako eman zen, helburu horiek bete ondoren eta baliabideak efizientziaz erabiltzeagatik inbertitu gabeko gerakinik baldin badago, horren barne direla diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak, onuradunek Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendariari eskatzen ahalko diote haiek erabiltzea izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz lagungarriak izan eta entitate onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.
14.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzeko baimen eskaeran, zehaztuko dira abian jarritako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua.
14.3. Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendariak proposamena egin ondotik, ebazpena emanen du, gerakina zer dirulaguntzari aplikatu behar zaion, hura emateari buruzko ebazpena aldatzeko, edo deskribatutako gerakinak itzul daitezen erabakitzeko.
15. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.
15.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zergatikoak gertatuz gero (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan jasotzen dira zergatiko horiek), eta, orobat, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, eta berandutze interesak ordaintzea eskatuko da, dirulaguntza eman zenetik hura itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.
15.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.
16. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
17. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.
18. oinarria. Araudi osagarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.
1.1 ERANSKINA.–PROIEKTUAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK
A epigrafea.–Herritarren parte-hartzea sustatzen duten prozesuak
BALORAZIO | BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK | PUNTU | PUNTU |
KALITATEA | Helburu argi eta zehatzen deskribapena (orokorrak eta berariazkoak) | 6 | 45 |
Jorratutako arazoaren garrantzia: benetako eta egungo beharra, konponbide eraginkorrak ematea | 5 | ||
Jardueren deskribapena | 14 | ||
Proiektuaren plangintza eta egutegia | 5 | ||
Ebaluatzeko adierazleen deskribapena eta koherentzia | 5 | ||
Parte-hartzaileen definizio argia | 5 | ||
Prozesuaren mugak, jokoaren arauak eta hartutako konpromisoak ezartzea | 5 | ||
BERRIKUNTZA | Parte hartzeko aurreikusitako metodologiak | 8 | 29 |
Proiektuaren hartzaile diren pertsonen interesa erakartzeko ahalmena | 3 | ||
Emaitzek izaten ahal duten inpaktua | 5 | ||
Beste entitate batzuetara transferitzeko eta errepikatzeko aukerak | 3 | ||
Sormena eta originaltasuna | 5 | ||
Proiektuaren jasangarritasuna, hau da, jasangarritzat joko da baldin eta proiektua bukatu ondoan ere haren onurek irauten badute edo horiek handitzen badira. | 5 | ||
SAREKO LANA | Beste toki entitate batzuk edo tokiz gaindiko beste entitate batzuk proiektuan inplikatzea | 5 | 10 |
Zer neurritan sustatzen duen sareko lanak arlo, sektore eta abarren arteko lankidetza eta diziplinartekotasuna, eta zer neurritan den horien onuradun | 5 | ||
GENERO IKUSPEGIA | Proiektuaren idazkeran hizkera inklusiboa erabiltzea | 1 | 5 |
Proiektuan genero irizpidea sartzeko aurreikusi diren neurriak | 2 | ||
Proiektua gauzatzeko ardura duen lantalde teknikoak zer gaikuntza duen gizonen eta emakumeen egiazko berdintasunaren arloan. Hori frogatzeko, adieraziko da zer langilek gauzatuko duten, espresuki, kontratua, eta pertsona horiek zer titulazio, prestakuntza eta esperientzia duten arlo zehatz horretan | 2 | ||
KOLEKTIBOEN INKLUSIOA | Integratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak sartzea proiektuan | 2 | 6 |
Proiektuan sartzea askotariko pertsonen parte-hartzea errazten duten neurriak (jatorri desberdinak, sexu orientazio eta genero identitate desberdinak, desgaitasuna, etnia edo erlijioa) | 2 | ||
Haurren, nerabeen eta/edo gazteen parte-hartzea | 2 | ||
PROIEKTUAREN KOMUNIKAZIOA | Proiektuaren komunikazioa bermatzeko proposatutako neurriak | 5 | 5 |
100 | |||
B epigrafea.–Herritarrek parte hartzeko udal eredua egituratzeko ekintzak, programak eta tresnak aurrera eramatea helburu duten prozesuak
BALORAZIO | BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK | PUNTU | PUNTU |
PROIEKTUAREN KALITATEA ETA GAITASUNA HERRITARREN PARTE-HARTZE EREDU INTEGRAL ETA INTEGRATU BAT EGITURATZEKO | Helburu argi eta zehatzen deskribapena (orokorrak eta berariazkoak) | 6 | 45 |
Jorratutako arazoaren garrantzia: benetako eta egungo beharra, konponbide eraginkorrak ematea | 5 | ||
Egin nahi diren jardueren deskribapena | 7 | ||
Herritarren parte-hartzerako udal ereduaren egitura sendotzeko elementuak izatea: parte-hartzerako urteko programa, parte-hartzeari buruzko araudia, maila teknikoaren eta maila politikoaren arteko elkarrizketa-espazioak, herritarrekin elkarlanean gobernatzeko edo haiekin batera sortzeko tresnak eta kanalak udal kudeaketarako teknologia berrien bitartez, parte hartzeko organoak, etab. Elementuak badaudela egiaztatzeko, azalpen txosten bat egin beharko da. | 7 | ||
Proiektuaren plangintza eta egutegia | 5 | ||
Ebaluatzeko adierazleen deskribapena eta koherentzia | 5 | ||
Parte-hartzaileen definizio argia | 5 | ||
Prozesuaren mugak, jokoaren arauak eta hartutako konpromisoak ezartzea | 5 | ||
BERRIKUNTZA | Parte hartzeko aurreikusitako metodologiak | 8 | 29 |
Proiektuaren hartzaile diren pertsonen interesa erakartzeko ahalmena | 3 | ||
Emaitzek izaten ahal duten inpaktua | 5 | ||
Beste entitate batzuetara transferitzeko eta errepikatzeko aukerak | 3 | ||
Sormena eta originaltasuna | 5 | ||
Proiektuaren jasangarritasuna, hau da, jasangarritzat joko da baldin eta proiektua bukatu ondoan ere haren onurek irauten badute edo horiek handitzen badira. | 5 | ||
SAREKO LANA | Beste toki entitate batzuk edo tokiz gaindiko beste entitate batzuk proiektuan inplikatzea | 5 | 10 |
Zer neurritan sustatzen duen sareko lanak arlo, sektore eta abarren arteko lankidetza eta diziplinartekotasuna, eta zer neurritan den horien onuradun | 5 | ||
GENERO IKUSPEGIA | Proiektuaren idazkeran hizkera inklusiboa erabiltzea | 1 | 5 |
Proiektuan genero irizpidea sartzeko aurreikusi diren neurriak | 2 | ||
Proiektua gauzatzeko ardura duen lantalde teknikoak zer gaikuntza duen gizonen eta emakumeen egiazko berdintasunaren arloan. Hori frogatzeko, adieraziko da zer langilek gauzatuko duten, espresuki, kontratua, eta pertsona horiek zer titulazio, prestakuntza eta esperientzia duten arlo zehatz horretan | 2 | ||
KOLEKTIBOEN INKLUSIOA | Integratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak sartzea proiektuan | 2 | 6 |
Proiektuan sartzea askotariko pertsonen parte-hartzea errazten duten neurriak (jatorri desberdinak, sexu orientazio eta genero identitate desberdinak, desgaitasuna, etnia edo erlijioa) | 2 | ||
Haurren, nerabeen eta/edo gazteen parte-hartzea | 2 | ||
PROIEKTUAREN KOMUNIKAZIOA | Proiektuaren komunikazioa bermatzeko proposatutako neurriak | 5 | 5 |
100 | |||
ERANSKINA.–ESKAERA-ORRIEN EREDUAK
Honako hauek daude katalogoaren fitxan (https://tramitespersonal.navarra.es/es/tramites/on/-/line/subvenciones-a-entidades-locales-para-el-fomento-y-la-promocion-de-la-participacion-ciudadana-2026):
–1. eredua: Eskaera-orria.
–2. eredua: Proiektuaren deskribapena.
–2.1 eredua: A epigrafea.
–2.2 eredua: B epigrafea.
–3. eredua: Proiektuaren eta gastuen bukaerako memoria.
–4. eredua: Enpresaren hautapenaren egiaztagiria.
–5. eredua: Kontratatutako enpresaren adierazpena.
–6. eredua: Beste dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena.
–7. eredua: Gastuak justifikatzeko taula.
Iragarkiaren kodea: F2517149
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
