31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Lekualdatze-lehiaketa, haur-hezitzaileen hiru plaza huts betetzeko
(C maila/taldearekin parekatuak)

Alkatetzaren urtarrilaren 15eko 186/2026 Ebazpenaren bitartez, deialdi bat eta oinarriak onetsi ziren, haur-hezitzaileen hiru plaza huts lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko.

I. ERANSKINA.–DEIALDIA, LEKUALDATZE-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO HAUR-HEZITZAILEEN HIRU PLAZA HUTS, C MAILAKOAK, TUTERAKO UDALAREN ZERBITZURA ARITZEKO. OINARRIAK

1.–Xedea eta aplikatzekoa den araudia.

Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzea haur-hezitzaileen hiru plaza huts, Tuterako Udalaren zerbitzura aritzeko. Plazek 0513C03707, 0813C03711 eta 0513C03702 zenbakiak dituzte plantilla organikoan.

Lekualdatze-lehiaketa arau hauetan xedaturikoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Lanpostuak betetzeari buruzko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamendua, eta deialdiaren oinarriak.

2.–Plaza hutsen kopurua handitzea.

2.1. Deialdi honetako plazak gero osatzen ahalko dira kalifikazio-epaimahaiak organo deitzaileari lehiakideen zerrenda (lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran) igortzen dion egunean hutsik daudenekin.

2.2. Lehiaketa honetan beteko diren lanpostuak hauek izanen dira: deialdian bertan hasieratik eskainiak eta, hala badagokio, aurreko paragrafoak aipatzen duen kopuru handitzearen ondoriozkoak, bai eta lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten lehiakideek hutsik uzten dituztenak ere.

2.3. Dena den, izangaiek lekualdatze-lehiaketan beste lanpostu bat lortu ondoren uzten dituzten lanpostu hutsak ez dira eskainiko baldin bete beharrekoak ez badira, dela "iraungitzeko" lanpostuak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek benetan betetzen ez dituztelako.

3.–Baldintzak.

3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, lehiatzaileek betebehar hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta lanpostu hutsak aukeratu eta esleitutako lanpostuaz jabetu bitartean:

a) Tuterako Udaleko edo haren mendeko erakunde eta entitateetako langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) C mailan edo taldean egotea, maila horretako lanpostu bateko titularra izateagatik.

c) Haur-hezitzailearen lanpostu baterako langile finko izendatu izana.

d) Bat etorriz uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin, zeinaren bidez aldatzen baita Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da kondenaturik ez egotea, epai irmo baten bidez, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

3.2. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute, deialdian eskatutako baldintzak betetzen badituzte, plaza-erreserbarik gabeko borondatezko eszedentzian dauden langileek edo nahitaezko eszedentzian daudenek.

Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian egonda lehiaketan lanpostua hautatzen dutenak berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan, eta behin betiko adjudikatuko zaie lanpostu bat, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 30. artikuluan ezarritakoarekin.

3.3. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoa aldatzea. Hala bada, lehiakideek segituko dute eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean.

4.–Ordainsariak.

Lekualdatzen diren langileek jasoko dituzte indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak eta Udalaren plantilla organikoan ezarritakoak.

5.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" deritzon atalean, deialdiaren aipamenean sartuta.

5.2. Eskabideek bat etorri behar dute dagokien ereduarekin; eredu hori egonen da deialdiaren aipamenean, sede.tudela.es egoitzan, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.

5.3. Eskabideak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

6.–Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez onetsiko da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda eta aginduko da argitara dadila deialdiaren aipamenean, sede.tudela.es egoitzan, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean; era berean, ohartaraziko da hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Erreklamazioetarako epea bukaturik, onartuen behin betiko zerrenda argitara emanen da deialdiaren aipamenean, sede.tudela.es egoitzan, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean.

Inor ez bada bazterturik gelditzen, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila arestian aipaturiko euskarri berean.

6.2. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

7.–Epaimahaiko kideak.

7.1. Honako hauek izanen dira lehiaketaren kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Laura Casanova Sainz-Ajá, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: José Miguel Catalán Ayuso, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezkoa: Mikel Ziordia Osta, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Kidea eta idazkaria: Miriam Mendoza Jiménez, Tuterako Udaleko Giza Baliabideetako goi mailako teknikaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Ana Carmen Gárate Martínez, Tuterako Udaleko giza baliabideetako erdi mailako teknikaria.

7.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

7.4. Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako jasotako arrazoiren bat, kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

8.–Merezimenduen kalifikazioa.

Merezimenduak baloratzeko, kalifikazio-epaimahaiak aintzat hartuko du deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoa. Antzinatasunaren ziurtagiriak ofizioz eginen ditu administrazio deitzaileak.

Lehiakideek guztira lortzen dituzten puntuazioetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Oraindik ere berdinketa badago, kalifikazio-epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura ebazteko.

Merezimenduen kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen du Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean, merezimenduen behin-behineko balorazioa.

Merezimenduen behin-behineko balorazioari alegazioak aurkezteko epea izanen da 5 egun baliodunekoa.

9.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzita, kalifikazio-epaimahaiak behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" deritzon atalean, deialdiaren aipamenean, eta Alkatetzari igorriko dio lehiakideen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan deialdian hasieran sartutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

10.–Plaza hutsak aukeratzea.

10.1. Alkateak horretarako egintzara deituko du, eta lehiakideek lanpostu hutsak hautatzen ahalko dituzte, lehiaketan erdietsi duten puntuazioaren hurrenkeran, 5 egun balioduneko epean, egintza horren deialdia argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

Idazki baten bidez eginen da lanpostu hutsak hautatzeko egintzarako deia, eta hura argitara emanen da Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.

10.2. Behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostua hautatzen ez duten lehiakideek eskubide guztiak galduko dituzte lehiaketaren xedeko lanpostu hutsak betetzeko.

11.–Adjudikatzea eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Alkatetzaren ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak adjudikatuko zaizkie lehiakideei, eta aginduko da adjudikazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

11.2. Lehiakideek adjudikazioari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta organo deitzaileak, ebazpen horretan, ez duen data jakin bat ezartzen jabetza hartzeko.

12.–Aurkeztutako dokumentazioa.

12.1. Izangaiek, baldin eta erreklamaziorik edo errekurtsorik paratzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte hala eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori hasiko da adjudikazioaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera.

12.2. Aurreko apartatuan ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari, eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren izapidetzeak horretarako aukera ematen duenean.

13.–Datu pertsonalak babestea.

Tuterako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.

Datuak zenbat denboraz gordeko diren: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datu-hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: jakinarazten dizugu badituzula datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, Erregistro Orokorrera jo beharko duzu (Plaza Vieja 1, 31500 Tutera), edo egoitza elektronikora (sede.tudela.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, deialdiaren oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka aurkez daiteke gora jotzeko errekurtsoa, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

–Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, kontatuko dira egoera horietan sartu aurretik zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala.

Tuteran, 2026ko urtarrilaren 16an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

Iragarkiaren kodea: L2600583