31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Zoonosiko laguntzaile plaza bat betetzeko lekualdatze-lehiaketa

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak 2026ko otsailaren 2an emandako ebazpenaren bidez onetsi du zoonosi-laguntzailearen plaza 1 lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 1/2025 Foru Lege Dekretua, 2025eko maiatzaren 7koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena; azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretua; Tokiko Gobernu Batzarrak 2025eko otsailaren 24an hartutako erabakia; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

Hona deialdi hau arautuko duten oinarriak:

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea zoonosi-laguntzailearen plaza 1, funtzionario araubidekoa eta D mailakoa. Plantilla organikoan honela identifikatuta dago: 1-408400-2.

1.2. Hasiera batean deialdian sartutako plaza horri gehitzen ahalko zaizkio kalifikazio-epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda (lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa) igortzen dion egunean bete gabe dauden plazak ere.

1.3. Era berean, aipatu plaza hori deialditik kanpo uzten ahalko da, dela birkokatze-prozesuei lotuta gelditzen delako, dela jarduneko zerbitzura itzultzen direnei esleitzen zaielako nahiz ordenamenduan aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik.

1.4. Halaber, lehiaketan beste plaza bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituzten plazak ere beteko dira lekualdatze-lehiaketa honetan.

1.5. Aurrekoa gorabehera, ez dira eskainiko lekualdatze-lehiaketan beste plaza bat lortu duten izangaiek hutsik uzten dituzten plazak, baldin eta plaza horiek "iraungitzekoak" direlako bete behar ez badira, edo antolakuntza-arrazoiengatik horiek betetzea beharrezkoa ez bada.

2.–Izangaiek bete beharreko betekizunak.

2.1. Indarrean den araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartzen dutenek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finko izatea, haien egoera administratiboa edozein dela ere.

b) Deialdiaren xede den lanpostu berean izendatua izatea.

c) B motako gidabaimena edukitzea.

d) Subrogazio-prozesuetatik datozen langile finkoak haien produkzio-unitateari atxikita dauden lekualdatze-lehiaketetara soilik aurkezten ahalko dira.

2.2. Betekizun horiek beteta eduki beharko dituzte izangaiek parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta plazaren jabetza hartu arte mantendu beharko dira.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.

2.4. 2009ko urtarrilaren 1aren ondoren, dagozkien probak gaindituta, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakitea derrigorrezkoa den lanpostuetan sartu direnek hizkuntza hori jakitea derrigorrezkoa duten lanpostu hutsak bakarrik hautatzen ahalko dituzte.

Dena den, aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen-prozesuko emaitzak aukera eman balio interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2.5. Plazaren erreserbarik gabeko eszedentzian dauden Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileak zerbitzu aktibora itzultzen ahalko dira lekualdatze-lehiaketaren deialdian parte hartuta.

2.6. Zerbitzu aktibora plaza huts bati behin-behinekoz atxikita itzuli diren langileak lekualdatze-lehiaketaren deialdira aurkeztu beharko dira, behin betiko destinoa esleitu dakien.

2.7. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko, inongo kasutan, parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak’’, "Lan-eskaintzak’’, "Enplegu publikoa’’, "Enplegu publikoko deialdiak’’, deialdi bakoitzari dagokion aipamenean.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Izangaiek honakoak aurkeztuko dituzte:

–I. eranskinean zehaztutako baremoan xehatzen diren hizkuntzen ezagutza egiaztatzen duten ziurtagiriak.

–B motako gidabaimenaren kopia.

Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako zerbitzuei buruzko informazioa zuzenean gehituko da parte-hartzaile bakoitzaren espediente pertsonalean, eta epaimahaiaren esku jarriko da barema dezan.

3.4. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

Administrazioak edonoiz eskatzen ahalko dizkie izangaiei deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Udalaren webgunean deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko aukera izanen dute bost egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta. Erreklamazioak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten den bidetik aurkeztuko dira.

4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

4.4. Baztertutako izangairik ez balego, behin betiko zerrenda onetsiko da zuzenean, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko da.

4.5. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadila aginduko.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Carlos Eguizabal, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko idazkari teknikoa.

Epaimahaiburu ordezkoa: Mónica Lana Elola, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko idazkari teknikoa.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko giza baliabideetako teknikaria.

Idazkari ordezkoa: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko giza baliabideetako teknikaria.

5.2. Epaimahaia eratzen ahalko da deialdiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengoa bildu gabe.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko du deialdiaren oinarriak aplikatzean sortzen ahal diren arazo guztiei buruz.

5.6. Epaimahaiak aholkulari espezializatuak edukitzen ahalko ditu; aipatu aholkulariak beraien espezialitate teknikoetan soilik ariko dira, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Merezimenduen balorazioa.

6.1. Deialdiko lekualdatze-lehiaketetan elementu hauek baloratuko dira 46 puntuko gehieneko balioa izanen duen eskala baten barruan, honela banatuta:

a) Antzinatasuna Iruñeko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, zoonosi-laguntzailearen lanpostuan: 1 puntu, zerbitzu-urte oso bakoitzeko (40 puntu bitarte).

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

Ez dira aintzat hartuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

b) Puntuazio gehigarria, hizkuntzak ezagutzeagatik: 6 puntu gehienez ere.

b.1.) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea baloratuko da, Europar Batasuneko lan-hizkuntza baitira; gehienez ere 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.

b.2.) Euskara jakitea baloratuko da, plantilla organikoaren arabera plazan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean: 2,76 puntu gehienez.

6.2. Izangai bakoitzak aurreko bi apartatuetan alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen I. eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dira.

6.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta apartatu bakoitzerako ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

6.4. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiaketan parte hartzen duten izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduen gainean.

6.5. Behin merezimenduen kalifikazioa amaituta, epaimahaiak Udalaren webgunean argitara emanen ditu parte-hartzaileek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta, interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.

6.6. Lehiakideek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Iruñeko Udalean eta haren erakunde autonomoetan zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak bere horretan badirau, kalifikazio-epaimahaiak xede horrekin eginen duen zozketaren bidez ebatziko da.

6.7. Kalifikazio-epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, Udalaren webgunean argitaratuko ditu izangai guztien behin betiko puntuazioak, eta Giza Baliabideetako zuzendariari igorriko dio izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, espediente osoarekin batera.

7.–Plazak esleitzea eta jabetzan hartzea.

7.1. Lanpostu hutsak lehiaketan erdietsitako puntuazioaren hurrenkeraren eta interesdunen eskarien arabera esleituko dira.

Plaza hutsak hautatzeak esan nahi du lehiatzaileak berariaz onartzen duela berak adierazitakoen artean esleitu zaion plaza, eta ezin izanen dio uko egin.

Birkokatutako lehiatzaileei dagokienez, Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen hitzarmen kolektiboaren II. eranskineko hamaikagarren artikuluan eta Iruñeko Udaleko langile lan-kontratudunen Hitzarmen kolektiboan xedatutakoa beteko da.

Esleipenaren aurretik, lehiakideek deialdian eskatutako betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Iruñeko Udalak ez badu betekizunen bat betetzen duela egiaztatzeko frogarik, interesdunari dagokion dokumentazioa aurkezteko eskatuko zaio. Deialdian eskatutako betekizunen bat ez bada egiaztatzen, izangaiak ezin izanen du esleitutako plaza hartu..

7.2. Giza Baliabideetako zuzendariak puntuazio handiena duenari esleituko dio plaza, eta lanean hasteko data ezarriko du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.3. Lekualdatze-lehiaketan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa.

8.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta haiek aplikatzeko epaimahaia sorburu ez duten egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2026ko otsailaren 2an.–Giza Baliabideetako zuzendaria, Xabier Burgui Vergara.

I. ERANSKINA.–BAREMOA

Lekualdatze-lehiaketa honetan elementu hauek baloratuko dira 46 puntuko gehieneko balioa izanen duen eskala baten barruan, honela banatuta:

a) Antzinatasuna Iruñeko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, ofizial administrari lanpostuan: 40 puntu bitarte.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

Ez dira aintzat hartuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

b) Puntuazio gehigarria, hizkuntzak ezagutzeagatik: 6 puntu gehienez ere.

b.1.) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan-hizkuntza baitira, gehienez ere 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari 2 puntu emanen zaizkio, gehienez ere.

Titulu edo ziurtagiri hori eduki ezean, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailen baliokidea den titulua edo ziurtagiria baloratuko da, honela:

A1: 0,4 puntu / A2: 0,8 puntu / B1: 1,2 puntu / B2: 1,6 puntu / C1: 2 puntu.

b.2.) Euskara jakiteagatik, plantilla organikoaren arabera plazan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean: 2,76 puntu gehienez.

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren euskarazko C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari 2,76 puntu emanen zaizkio, gehienez ere.

Titulu edo ziurtagiri hori eduki ezean, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailen baliokidea den titulua edo ziurtagiria baloratuko da, honela:

A1: 0,55 puntu / A2: 1,10 puntu / B1: 1,65 puntu / B2: 2,20 puntu / C1: 2,76 puntu.

Iragarkiaren kodea: L2601449