2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, Udaleko mugikortasuneko ofizial ikuskatzailearen 3 plaza gehienez ere barne-igoera murriztuan oposizio bidez betetzeko
Giza Baliabideetako zuzendariak, 2026ko urtarrilaren 16an, honako ebazpen hau onetsi du:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udaleko mugikortasuneko ofizial ikuskatzailearen 3 plaza, gehienez ere, barne-igoera murriztuan oposizio bidez betetzea.
1.2. Oposizio hau deitu da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin bat.
1.3. Hautapen probak gainditu eta deialdi honen ondorioz plaza betetzeko izendatuak diren pertsonak mugikortasuneko ofizial ikuskatzaile izanen dira, C mailakoak, plazaren jabetza hartu edo lanean hasten diren egunetik aitzina, betiere automatikoki amortizatuko direlarik lehenago betetzen zituzten plazak eta, hortaz, Plantilla Organikoaren plaza kopurua handitu gabe.
1.4. Maila-igoera honetan parte hartzeak ez du ekarriko, inongo kasutan, igoera egin aurretik langileak zuen araubide juridikoa (funtzionarioena edo lan-araubidekoa) aldatzea.
2.–Betekizunak.
2.1. Izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:
a) Iruñeko Udaleko langile finkoak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, mugikortasuneko ikuskatzaile laguntzailearen lanpostuan.
b) D mailakoa edo taldekoa izatea.
c) Borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea, borondatezko eszedentzian dagoen pertsona Iruñeko Udaleko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean ari denean izan ezik.
d) Baldintza horiek betetzeaz gain, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauetako bat, bata edo bestea, bete beharko dute:
1. Titulu hauen jabe izatea: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea. Halaber, administrazio publikoetan 5 urteko antzinatasun aitortua egiaztatu beharko da.
2. Administrazio publikoetan 8 urteko antzinatasun aitortua egiaztatzea.
Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, horien homologazio-egiaztagiria eduki beharko da.
2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte mantendu beharko dituzte.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.
Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.3 apartatuan ezarritakoarekin bat.
3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Batxilergoko, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako edo horietako baten baliokidea den titulua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
Nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, kontsultaren kudeatzaileari baimena ematen ahalko dio titulua Hezkuntza Ministerioaren datuak egiaztatzeko zerbitzuan bilatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena. Hori gertatuz gero eta izangaiak ez badu titulazioaren kopiarik aurkezten, onartuen zerrendatik kanpo geratuko da.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
–Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria -organo eskudunak emana- aurkeztu beharko dute.
3.4. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.
3.5. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Udalaren webgunean deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda udal-webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren udal-webgunean argitara dadin aginduko.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Alexia Cantó Álvarez, Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko arduraduna.
Epaimahaiburu ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.
Epaimahaikidea: Juan Manuel Gil Larequi, Iruñeko Udaleko Herritarren Babeseko alorreko zuzendaria.
Epaimahaikide ordezkoa: Patxi Iriarte Echenique, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko alorreko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Judith Blanco Santamaria, Iruñeko Udaleko lizentzia, ibi eta aparkalekuen zerbitzuburua.
Epaimahaikide ordezkoa: Elena Camarero Mate, Iruñeko Udaleko Obretako zerbitzuburua.
Epaimahaikidea: Julio Cesar López Polo, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Mikel Aingeru Santesteban Etxeto, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Idazkaria: Mónica Lana Elola, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko alorreko idazkari teknikoa.
Idazkari ordezkoa: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izaten ahal direla, baita ere, epaimahaikide ordezko gisa izendatutakoak, bigarren ordezkapen bat egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioaren garapena.
6.1. Oposizioa 2026ko martxotik aurrera hasiko da.
6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.3. Oposizioak proba bakarra izanen du:
Ariketa teoriko-praktikoa izanen da. Izangaiek test erako 100 galdera erantzun beharko dituzte gehienez ere, idatziz, 120 minutuko tartean, gehienez, deialdi honen I. eranskinean jasotako gaitegiko gaiei buruz. Galdera bakoitzak 3 erantzun posible izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira proba hori balioesteko irizpideak eta hainbat erantzun-aukera dituzten galderetan akatsak nola zigortuko diren.
Proba honetan gehienez ere 50 puntu eskuratzen ahalko dira. Proba gaindituko dute ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 (25 puntu), gutxienez, lortzen duten izangaiek.
6.4. Oposizioko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.5. Oposizioko proba deialdiko I. eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunean indarrean dagoen araudiaren arabera erantzutea eskatuko da gai guztietan.
6.6. Hautaproba egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, proba egiteko denboraren eta bitartekoen aldetik, desgaitasunen bat aitortua eduki eta eskabidean hala eskatu duten izangaiendako.
6.7. Proba amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek balioespenei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.
7.–Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Behin hautapen-prozesua amaituta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du proba gainditu duten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran.
7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, zozketa bidez ebatziko da.
8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
8.1. Aitzineko izapidea bukatu ondoren, epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian eskainitako lanpostu kopuruaren arabera.
8.2 Tokiko Gobernu Batzarrak C mailako mugikortasuneko ofizial ikuskatzaile izendatuko ditu epaimahaiak emandako proposamenean agertzen diren izangaiak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
8.3. Izendatutako izangaiek izendapen-erabakian zehazten den egunean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza.
Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, plazaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko mugikortasuneko ofizial ikuskatzaile bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte.
9.–Jarduketen publikotasuna.
Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izaten ahal diren argibide orokor guztiak.
10.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen, haren oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 16an.–Giza Baliabideetako Alorreko zuzendaria, Xabier Burgui Vergara.
I. ERANSKINA.–GAITEGI
Gaitegi orokorra.
1. Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).
2. Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia: betearazpen-laburpena.
3. Informatika-kontzeptuak: Word 2016 testuen tratamendua, Excel 2016 kalkulu orriak, espedienteen kudeaketa, Internet eta posta elektronikoa.
Gaitegi espezifikoa.
1. Iruñeko Udalaren Mugikortasuneko Ordenantza.
2. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI): Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko urtarrilaren 12ko ebazpena, zeinaren bidez onesten baita Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen ezaugarrien eskuliburua.
3. Eskolarako bide seguruak. Ezartzeko metodologia. Eskolako mugikortasuna aztertzeko tresnak. Eskolako ingurunea aztertzeko tresnak. Proiektuaren ebaluazioa.
4. Iruñeko Bidegorrien Plana 2017-2022 aldirako. Bizikleta-bideen tipologiak. Bidegorri-sarea egituratzeko esku-hartze irizpideak. Ibilbideen hierarkizazioa. Diseinu-irizpideak.
5. Bizikleta-aparkalekuen sare publikoa (txandakakoak). Kokalekuak. Tarifak. Erabilera arauak. Aparkalekuetara sartzeko alternatibak.
6. "Bizikleta Eskolan" hezkuntza-programa. Metodologia eta lan-saioak. Ikasle talde hartzaileak.
7. Bizilagunendako bizikleta-aparkaleku publikoak. Kokalekuak eta ezaugarriak. 15. araua, prezio publikoa arautzen duena. Erabilera arautzen duen ordenantza.
8. 142/2004 Foru Dekretua, abuztuaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena. I., II. eta III. eranskinen 2. kapitulua: eraikinaren baldintzak. Garajeak.
9. 19. Ordenantza fiskala, ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa aparkaleku esklusibo gisara erabili, ibilgailuak gelditu eta edozein motatako salgaien zamalanak egite aldera tokia erreserbatzeko ordaindu beharreko tasak arautzen dituena.
10. DBSI (Sute-kasuetarako segurtasunari buruzko Oinarrizko Agiriak) Eraikingintzaren Kode Teknikoa: DBSI -1: barrualdean hedatzea. DBSI -3: eraikinean daudenak ebakuatzea. DBSI -4: suteen aurka babesteko instalazioak.
11. DBSUA (Sute-kasuetarako segurtasunari buruzko Oinarrizko Agiriak) Eraikingintzaren Kode Teknikoa: DBSUA-1: zoladuren irristakortasuna. DBSUA-2: segurtasuna inpaktu- edo harrapatze-arriskuaren aurrean. DBSUA-4: argiztapena. DBSUA-7: segurtasuna mugitzen ari diren ibilgailuek eragindako arriskuaren aurrean. DBSUA-9: aparkatzeko toki irisgarriak.
12. Bide publikoan terrazak eta merkataritzari zein ostalaritzari loturiko bestelako elementuak jartzea arautzen duen Ordenantza.
13. 465/2025 Errege Dekretua, ekainaren 10ekoa, azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorra aldatzen duena, trafikoko seinaleen arloan.
Iragarkiaren kodea: L2600689