31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LEITZA

Oposizio-lehiaketa, arduradun-eginkizunak dituen zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat betetzeko

Alkatetzaren 2026ko urtarrilaren 15eko 7/2026 Ebazpenaren bidez onetsi ziren honako deialdi honen oinarriak: deialdi publikoa, Leitzako Udalean zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, lan-araubidean eta lanaldi osoarekin, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko. Hona hemen:

OINARRIAK

1. oinarria.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea arduradun-eginkizunak dituen zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat, C mailakoa, Leitzako Udalaren zerbitzura jarduteko. Plazak 9 zenbakia du plantilla organikoan.

1.2. Plaza lortzen duen izangaia lan-kontratudun finko bilakatuko da, langileen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio, eta araubide horrek Leitzako Udalarentzat ezartzen duen babesaren pean egonen da.

1.3. Lanaldi osoan jardun beharko da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, beharrezkoa baldin bada.

1.4. Lanpostuak C mailari dagokion oinarrizko lansaria izanen du, Ordainsarien behin-behineko erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, eta onesten diren osagarriak, administrazio kontratatzailearen plantilla organikoan ezarritakoak.

Lanpostuan jarduten denak bete beharko ditu "Lanpostuaren deskribapena" deritzon fitxan deskribatutako eginkizunak, bai eta horien gisako lan guztiak, lanpostuari dagozkionak, zerbitzuaren premiak direla-eta agintzen zaizkionak. Fitxa hori deialdi honen II. eranskin gisa ematen da argitara.

2. oinarria.–Baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek –baldin zuzenbidez bananduta ez badaude–, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Goi-mailako Batxilergoko titulua edo bigarren mailako Lanbide Heziketakoa izatea, edo horietako baten baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.

d) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskarazko C1 maila (ahoz) eta B2 maila (idatziz) frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea. Titulu edo ziurtagiri horrek agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den tituluen zerrendan, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko du.

Orobat frogatzen ahalko da eskatutako jakite mailaren proba espezifikoa eginda, 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz (Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretua).

e) B motako gidabaimena izatea.

f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

g) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira nahitaez, Leitzako Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://leitza.egoitzaelektronikoa.eus/info.4). Aukeran, NAN elektronikoa / ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve erabil daitezke.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek berekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".

Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, hautapen prozesuan parte hartzeko, eta horrekin batera aurkeztu beharko dituzte 2.1 oinarrian zehaztutako agiriak.

3.3. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

Eskabidea (deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa betiere) behar bezala bete eta honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Indarreko nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

Europar Batasuneko beste estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarra duena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.

Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, edo herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, erantsi beharko dute pasaportea eta Europar Batasuneko egoiliarraren ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (hala badira, aurkeztu beharko dute aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa).

b) Aurreko 2.1 oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoa, jatorrizkoa edo fotokopia.

c) Euskarazko C1 maila (ahoz) eta B2 maila (idatziz) izatea frogatzen duen ziurtagiri ofiziala.

d) B motako gidabaimenaren jatorrizko agiria edo fotokopia.

e) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 26,00 euro ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: Laboral Kutxako ES84 3035 0118 8111 8079 0020). Dirua sartzean, hau adieraziko da: "zerbitzu anitzetako enplegatua" eta, ondoren, izangaiaren NANa. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

–%33ko desgaitasuna edo handiagoa aitorturik daukatenak.

–Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean zenbatuta.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Behar den tasa ez ordaintzea nahikoa arrazoi izanen da izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko.

Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen, baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaion arrazoiren batengatik; esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

f) Deialdiko 6. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta, orobat, denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori hala dela frogatu beharko dute agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona, hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute epeak eta moduak egokitzeko, ariketak egitearren, hala behar izanez gero. Kasu horietan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta beste orrialde batean adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

g) Lehiaketaldian baloratu behar diren alegatutako merezimenduen ziurtagiriak.

3.4. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

3.5. Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.

4. oinarria–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Leitzako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Leitzako Udalaren egoitza elektronikoan argitara dadila.

4.2. Behin-behineko zerrenda Leitzako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, halakorik balego, Leitzako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Leitzako Udaleko egoitza elektronikoan argitara dadila. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Leitzako Udalaren egoitza elektronikoan.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Leitzako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

4.4. Izangairen bat kanporatzen bada hautapen-prozesutik berari egotz dakiokeen arrazoi batengatik, ez zaizkio parte hartzeko tasak itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Dabid Anaut Peña, Leitzako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Maider Amantegi Urdalleta, Leitzako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Oier Aizkorba Arlegi, Burlatako Udaleko zerbitzu anitzetako taldeko arduraduna.

Ordezko epaimahaikidea: Jose María Zurbano Peñas, Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako taldeko arduraduna.

Epaimahaikidea: Fermín Alonso Astondoa, Atarrabiako Udaleko zerbitzu anitzetako taldeko arduraduna.

Ordezko epaimahaikidea: hark izendatzen duena.

Epaimahaikidea: Javier Almirantearena Legaz, Lekunberriko Udaleko zerbitzu anitzetako taldeko langilea.

Ordezko epaimahaikidea: Edurne Arribilaga Zarranz, Lekunberriko Udaleko zerbitzu anitzetako taldeko langilea.

Epaimahaikide idazkaria: Joaquín Lizarraga Sanz, Leitzako Udaleko idazkaria.

Ordezko idazkaria: Maider Castilla Elarre, Aresoko Udaleko idazkaria.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian gehienez 20 puntu emanen dira, honako baremo honen arabera:

6.1.1. Laneko esperientzia. Gehienez ere 10 puntu:

–Edozein administrazio publikotan egindako lanagatik arduradun-eginkizunak dituen zerbitzu anitzetako enplegatu gisa edo zerbitzu anitzetako arduradun gisa (C maila): 1,5 puntu urteko.

Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.

b) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

c) Lanaldi partzialeko zerbitzuak badira, lanaldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

d) Lan egindako denbora baloratzeko, honako hau aurkeztu behar da: zerbitzuak non eman diren, administrazio horren ziurtagiri bat.

6.1.2. Prestakuntza. Lanpostuaren eginkizunekin lotutako prestakuntza-jarduerak edo titulazioak baloratuko dira, eta 10 puntu emanen dira gehienez:

–Erakunde ofizialek edo/eta elkargo profesionalek, zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu bakoitzeko (10 eskola-ordu); eta 5 puntu gehienez.

–Lanpostuaren edukiarekin loturiko goi-mailako titulazioak: 4 puntu gehienez.

–Bigarren mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea, baldin haren edukia lanpostuarekin zuzenean loturik badago: 3 puntu gehienez.

Inola ere ez dira merezimendu gisa baloratuko deialdian parte hartzeko nahitaez aurkeztu beharreko tituluak.

Ez dira baloratuko 40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak, ez eta zer iraupen izan duten zehazten ez dutenak ere.

Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

6.1.3. Merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira soilik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak.

6.1.4. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

6.1.5. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

6.1.6. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak Leitzako Udalaren egoitza elektronikoan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

6.1.7. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira Leitzako Udalaren egoitza elektronikoan.

6.2. Oposizioaldia.

Aurreikuspenen arabera, oposizioaldia 2026ko otsailean hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean ezarriko da lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Hautapen-prozesua bi probaren bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztertzaileak izanen dira. Proba horien puntuazioa, gehienez, 80 puntukoa izanen da.

6.2.1. Proba teorikoan test motako ariketa bat egin beharko da, lanpostuan bete beharreko eginkizunekin lotuta dauden eta I. eranskinean zerrendatuta dauden gaiei buruzkoa. Epaimahaiak zehaztuko du zenbat iraunen duen, eta gehienez ere 30 puntu emanen zaizkio.

Proba hasi baino lehen, zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta erantzun okerren penalizazioa, zenbait erantzun-aukera dituzten galderetarako. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez.

6.2.2. Proba praktikoa: Proba praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, deialdi honetako II. eranskineko gaiei buruz. Proba horietako bat izan daiteke, adibidez, idatzizko ariketa bat, lantaldearen antolaketari eta kudeaketari buruzkoa.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.

Proba honetan 50 puntu lortzen ahal dira gehienez. Proba hasi aurretik zehaztuko da proba baloratzeko irizpidea. Proba gaindituko dute proba praktikoan, oro har, guztira ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 (25 puntu) gutxienez lortzen dutenek. Edonola ere, gertatuko balitz ariketa praktiko bat baino gehiago egin behar izatea, ariketa guztiak gainditu beharko dira proba praktikoa bere osotasunean gainditzeko; alegia, ariketa bakoitzari esleitutako puntuazioaren %50, gutxienez, eskuratu beharko da.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Hautapen prozesuko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere Udalaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan argitaratuko; proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Leitzako Udalaren web-orriko egoitza elektronikoan, lortutako guztizko puntuazioaren arabera antolatua, izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak batuta.

7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioko bigarren ariketan (proba praktikoa) puntuaziorik handiena duenaren alde.

7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.

8. oinarria.–Kontratazio-proposamena.

8.1. Epaimahaiak alkatetzari igorriko dio kontratazio-proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamenean jasoko da gainditu dutenen artetik nor kontratatuko den, deialdiko plaza kopurua kontuan hartuta.

Kontratazio-proposamena Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Epaimahaiak, orobat, honako hauek igorriko dizkio alkateari: batetik, hautapen-prozesua gaindituta plaza eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta, bestetik, oposizioaldia gainditu ez baina hautapen-probetako bat gainditu dutenena. Hala, bi zerrenda eratuko dira, aldi baterako sor daitezkeen kontratazioei erantzuteko.

9. oinarria.–Agiriak aurkeztea. Izendapena eta karguaz jabetzea.

9.1. Kontratazio-proposamena egoitza elektronikoan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Leitzako Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:

a) Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko atala), edo, hala badagokio, Leitzako Udalak izendatutako eta behar bezala akreditatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragotziko liokeenik lanpostuaren eginkizunak betetzea.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, agiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzeko desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek emana.

b) Zinpeko deklarazio edo deklarazio solemne bat, aditzera emateko izangaia ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiak Espainiako nazionalitatea ez badu, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, bere estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dionik.

c) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidea faltsutzeagatik duen erantzukizuna eskatzeko, kasua bada.

Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, hutsunea beteko da hurrengo izangaiarekin, prozesua gainditu duten izangaien zerrendari dagokionez, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.

9.2. Kontratazioa eta plazaz jabetzea.

Aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duen izangaia Leitzako Udaleko lan-kontratudun finko gisa kontratatuko da, arduradun-eginkizunak dituen zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan jardun dezan (C maila).

Kontratazioak eta plazaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsona nominako eta plantillako lan-kontratadun finko bihurtzea, eta hark izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Kontratazio-ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du izangaiak plazaz.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean lanpostuaz jabetzen ez denak eskubide guztiak galduko ditu Leitzako Udalean lan-kontratudun finko aritzeko.

Baldin eta izangaiari, lan-kontratudun finko bilakatu ondoan eta hark eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzeko egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe, hutsik gelditzen den plaza deialdiaren 9. oinarrian xedatzen den moduan beteko da, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

10. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, honako zerrenda hauek eratuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaiak aldi baterako kontratatzeko:

a) Probak gaindituta ere plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda. Izangaien ordena erabakiko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

b) Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda. Izangaien hurrenkera ezartzeko, kontuan hartuko da, lehenik, gainditutako proba kopurua, eta, gainditutako proba kopuru bera izanik, guztirako kalifikazioa hartuko da kontuan.

10.2. Alkatearen ebazpen baten bidez onetsiko dira bi zerrendak: batetik, probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaiena; hori guztia, aplikatzekoak diren kudeaketa-arauetan ezarritakoari jarraikiz.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

10.3. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

Izangaiei aldi baterako kontrataziorako deitzerakoan eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauei jarraituko zaie: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), eta Leitzako Udalak onetsitako kudeaketako arau indardunak.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, kontratatuak izateko eskatzen zaizkien agiriak aipatutako epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, horrek deusetan eragotzi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.

11. oinarria.–Datuen babesa.

Izangaiei honako honen berri ematen zaie, bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan xedatutakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Leitzako Udalaren ardura da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamendua.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa da kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez dpd@leitza.eus helbidean edo webgunearen bidez (https://leitza.egoitzaelektronikoa.eus/info.4).

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12. oinarria–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, zeina eskuragarri baitago Udalaren egoitza elektronikoan: https://leitza.egoitzaelektronikoa.eus.

13. oinarria.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, uztailaren 13ko 29/1998 Legeari jarraikiz (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena Udalaren webgunean argitaratuko dira, hautapen-prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Lorezaintza.

–Ezagutu, erabili eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko lanetako produktuak eta oinarrizko tresnak (sasi-garbitzeko makina, belarra moztekoa, aizkora, motozerra). Kale eta plazak garbitzea eta berdeguneak ureztatzea.

–Hirietako lorezaintza eta apainketa: sortze eta/edo berriztatze lanak lorezaintzan. Belardia berriztatzea eta ereitea, zuhaitzak, zuhaixkak eta landare loredunak ordezkatzea. Lurra prestatzea. Drainatzeak. Drainatze motak. Landaketa motak. Landaketa esparrua eta espezieak hautatzea. Hirietako apainketako eta lorezaintzako materialen eta erreminten zainketa eta mantentze-lanak.

2.–Igeltserotza.

–Igeltserotzako oinarrizko produktuak eta tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Ondasun publikoak kontserbatzeko obrak. Planoak irakurri eta interpretatzea. Igeltserotzako konponketa nagusiak. Obraren antolaketa. Ekipoa prestatzea. Udal konponketak eta obra-zuinketak.

–Dekorazioko pinturaren kontzeptu orokorrak: materialak, pinturak, bernizak, masillak, disolbatzaileak eta desugertzaileak. Pintura egokia hautatzea. Pinturako berariazko tresnak: eskuzko tresnak eta tresna mekanikoak. Pinturako tresnen eta lanabesen mantentze-lanak. Pintura lana: euskarria prestatzea, gainazal desberdinetan pintatzeko metodoak. Pinturen kontserbazioa eta garbiketa. Pintura ematean egiten diren akatsak eta konponketa ohikoenak.

–Sarrailagintza eta metalgintza. Materialak eta burdineria: oragailu mekanikoak, bandak, sarrailak, gontzak, kisketak, morroiloak eta ateetarako beste burdineria batzuk. Sarrailagintzan erabilitako beste tresna eta lanabes batzuk. Oinarrizko lanak: lotura finkoak: soldadurak, errematxatuak, tolesketa eta kolatzea, lotura artikulatuak (abisagratzea), lotura desmuntagarriak, sarrailak jartzea eta burdineriarekin egindako beste lan batzuk. Konponketak eta mantentze-lanak: sarrailetan, elementu mekanikoetan, eta burdin hesietako piezak eta konponketa.

–Beiragintza. Beiragintzako tresnak. Beirak garbitzea. Beiragintzako materialak. Beiragintzako lanak: beira biltegiratzea, beira moztu eta leuntzea eta beirak eta ispiluak jartzea. Beiren mantentze-lanak: tratamendu bereziekin, beiradun ateak eta sabai-leihoak eta argi-zuloak.

3.–Iturgintza.

–Iturgintzako, berokuntzako eta saneamenduko oinarrizko mantentze-lanak egiteko ezagutzak. Oinarrizko kontzeptuak. Iturgintzako eskuzko tresnak: erabilera eta maneiua. Tresna sanitarioak. Tresna sanitarioen mantentze-lanak. Kanilak: motak. Matxurak eta konponketak. Hodiak eta osagarriak: motak. Lotzeko sistemak. Iturgintzako instalazio baten osagaiak: motak. Funtzioa. Berokuntza instalazio baten osagaiak: funtzioa. Igorgailuak: motak. Igorgailuen balbulak: igorgailuen balbula motak eta funtzioak. Berokuntza-zirkuituak. Berokuntza-instalazioa betetzea, hustea eta purgatzea. Saneamendua: erretenak. Zorrotenak. Kutxatilak: motak eta betekizuna.

–Igerilekuetako mantentze lanak. Honako hauek ezagutzea: uren ponpaketa, iragazkiak eta gai zuzentzaileen dosifikatzaileak.

4.–Mantentze-lanak.

–Edateko uren araztegia: funtzionamendua eta mantentze-lanak.

–Edateko uren araztegiko hornidura-iturrien eta -eroanbideen jarraipena eta kontrola.

–Energia elektrikoaren banaketaren oinarrizko kontzeptuak.

–Arlo hauetako ezagutzak: kudeaketa energetikoa, kontsumo energetikoen neurketa, datu bilketa, energia aurrezpenen kalkulua, hobekuntzen planteamendua, ingurumen irizpideak erabiltzea ekipo eta instalazioen erosketan.

–Elektrizitateko oinarrizko tresnak (bihurkinak, aizturrak, aliketak, giltza motak, zerrak, eskuko daratulua) ezagutu, erabili eta mantentzea.

–Elektrizitatea: oinarrizko kontzeptuak. Glosarioa eta definizioak. Garraio elektrikoa: eroaleak, isolatzaileak eta kanalizazioak. Elektrizitateko mantentze-lanetarako tresnak eta lanabesak. Matxurak eta oinarrizko konponketak. Goi tentsioko instalazio elektrikoak: kontzeptua eta motak. Behe tentsiokoak: kontzeptua eta sailkapena. Lotura instalazioak eraikinetan: harguneak, babeseko kutxa orokorrak, elikatzeko linea orokorra, banakako deribazioak, kontagailuak eta aginte eta babeserako gailu orokorrak. Barne instalazioak: agindu orokorrak, instalazioko sistemak, hodi eta kanal babesleak, instalazioen babesa eta zuzeneko eta zeharkako kontaktuen kontrako babesa. Argiztapena: lanparen ezaugarriak, lanparen osagaiak, lanpara motak, argien elementuak, barne eta kanpoko argien instalazioak eta argiztapenean energia aurreztea.

–Argiteria publikoaren instalazioak. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Argien euskarrien banaketa. Kanpoan jartzen diren luminariak: motak eta ezaugarriak.

–Barneko instalazioak. Neurketa ekipoak. Potentzia kontrolatzeko etengailuak. Etengailu diferentzialak. Bulego bateko oinarrizko instalazioak (koadroa, kanalizazioak, eroaleak eta mekanismoak).

–Airea girotzeko eta aireztatzeko instalazioak. Aire girotuaren ekipoak: motak, funtzionamenduaren oinarriak, mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak). Aireztapeneko instalazioak: motak eta mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak).

–Zurezko arotzeria. Kontzeptu orokorrak: terminoen glosarioa. Zurgintzako oinarrizko tresna eta lanabesak. Eskuzko erremintak. Tresna elektrikoak. Zurgintzako materialak: aglomeratuak eta zurak. Zurgintzako estaldurak. Motak, jartzea eta zaintzea. Ateak eta leihoak. Zurgintzako lana: zurgintzako oinarrizko teknikak. Pintura eta zurgintzako akaberak. Ate, leiho eta pertsianetako lanak. Zurezko zoruak, ateak eta leihoak. Konponketa eta mantentze-lan ohikoenak.

–Ezagutu, erabili eta mantentzea garraiorako ibilgailuak, bideak garbitzeko makinak eta obretako makinak (hondeamakina, sumila, garabiak, orga jasotzailea, mailu elektriko edo pneumatikoak...).

–Lan tresnak eta ibilgailu propioak lanaren zereginetan: soropila mozteko traktorea, heskaiak mozteko makina, sasia mozteko makina, birrintzeko makina, hormigoi makina, zerrak, daratulua, soldagailua, motor ibilgailua.

5.–Larrialdiak.

–Suteak. Norberaren babeserako plana. Norberaren jokabidea sutea dagoenean eta eraikinetatik alde egin behar denean. Suaren elementuak. Su motak. Sua itzaltzeko baliabideak: itzalgailuak, suteetako ur-hargune hornituak, zutabe lehorra eta hidrantea. Suaren kontrako babesa: seinalizazioa, detekzioa eta alarma. Instalazioen mantentze-lanak. Segurtasuna eraikin publikoetan: segurtasun pribatua, segurtasun sistemak eta bidegabe sartzearen kontrako alarma eta sarbideen kontrola.

–Uholdeak. Uholdea dagoenean jarduteko plana. Prebentzio- eta babes-sistemak.

–Elurra. Elurtea dagoenean jarduteko plana. Prebentzio- eta babes-sistemak. Elurtea dagoenean kaleak eta espazio publikoak garbitzeko makinak erabiltzea.

6.–Zerbitzu anitzetako lantaldeak egin beharreko lana planifikatzea.

–Zerbitzua osatzen duten arloetan, lantaldeak zuzentzea eta lana planifikatzea.

–Larrialdietan, kontrolerako Udalak dauzkan tresnak, zailtasunak eta deribazioak erabiltzea, eguneroko zereginetan sortzen ahal diren arazoak zuzentzeko.

7.–Zerbitzu anitzetako lantaldeak egin beharreko lanaren jarraipena egitea.

–Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea eta langileen eskubideak eta betebeharrak. Lanpostuko segurtasun neurriak: zamak erabiltzea, asto-aldamioak, eskailerak, segurtasuna eskuzko tresnak erabiltzean, segurtasuna makina-erreminta elektrikoak erabiltzean, norbera babesteko ekipamenduak (NBE), lehengai eta substantziak erabiltzea: produktu kimiko toxiko eta arriskutsuak, etiketak jartzea eta segurtasun fitxa eta segurtasuneko seinalizazioa. –Laneko segurtasun eta higieneko arauak.

–Obrak eremu publikoan. Seinaleak, saneamendu, hornidura eta argindar sareetako jarduketak.

8.–Zerbitzu anitzetako lantaldeak egin beharreko lana antolatzea.

–Udalaren beste zerbitzuekin koordinatzeko tresnak.

9.–Pista, instalazio eta altzarien egoera ikuskatzea.

–Udalaren altzarien eta higiezinen funtzionamendua eta egoera.

II. ERANSKINA.–LANPOSTUAREN DESKRIBAPENA

Zerbitzu anitzetako langilea, arduradun eginkizunekin

Kontratatutakoak egin beharreko lanak bi multzotan banatzen dira:

–Batetik, kontratatutakoak zerbitzuaren berezko lanak egin beharko ditu, zerbitzu anitzetako gainerako langileekin batera. Lanaldiaren zati handi batean, hortaz, lan eta zeregin horiek egin beharko ditu.

–Bestetik, kontratatutakoak zerbitzu anitzetako alorraren jarduna planifikatu eta antolatu beharko du, eta haren jarraipena egin.

Hona hemen lehen multzoko lanak eta zereginak:

Lorezaintza.

–Sasi-garbiketak: sasiak eskuz garbitu beharko ditu herrigunean, auzoetan eta Plazaola bide berdean. Sasiak garbitu beharko ditu, traktorea baliatuta, Leitzalarreko errepidean eta Plazaola bide berdean.

–Inausketak: zuhaitzak inausi beharko ditu herrigunean, bai eta Plazaola bide berdean eta auzoetan ere, baldin eta horretarako premia badago. Eroritako zuhaitzak bildu beharko ditu.

–Mantentze-lanak lorategietan: belarra moztea makinaz, zuhaitzak inaustea, heskaiak moztea, loreontziak eta loreak aldatzea eta zaintzea.

Igeltserotza.

–Adokinak: adokinak konpondu eta jarri beharko ditu.

–Kutxatilak: kutxatilak konpondu beharko ditu kale eta espaloietan.

–Ubideak: ubideak konpondu beharko ditu (bide publikotik ura husteko sistema).

–Espaloiak: zuloak eta sarguneak konpondu beharko ditu.

–Oro har, Udalak arlo horretan proposatzen dizkion lanak eta konponketak egin beharko ditu.

Iturgintza.

–Kontagailuen jarraipena: kontagailuen irakurketa egin beharko du, eta, behar denean, haiek ordeztu.

–Matxurak: ur-horniduraren sisteman izan daitezkeen matxurak lokalizatu eta konpondu beharko ditu.

–Iturriak: sakagailuak konpondu eta iturriak jarri beharko ditu.

Mantentze-lanak.

–Edateko uren araztegia: mantentze-lanak eta jarraipena egin beharko ditu.

–Arekak: arekak konpondu eta garbitu beharko ditu (auzoetan, Leitzalarreko errepidean...).

–Parkeak: parkeen eta aisialdiko guneen mantentze-lanak egin beharko ditu.

–Bankuak: bankuetako zura berritu eta pintatu beharko du.

–Saretak: erreketako saretak garbitu beharko ditu (Kitarranbuelta, Arkiskil...).

–Bideetako seinaleak: seinale bertikalak konpondu eta seinale berriak jarri beharko ditu.

–Mantentze-lanak udal eraikinetan: mantentze-lanak egin beharko ditu Herri Aretoan, haur-eskolan, eskolan, udaletxean...

–Plazaola bide berdea: zuloak eta sakonuneak estaltzea; sakagailuak konpontzea; lur-jausiak garbitzea; zurezko hesia konpontzea.

–Auzo-bideak: asfaltoz estali beharko ditu bideetako zuloak.

Jaiak eta ekitaldiak.

–Herriko jaiak: hesiak eta agertokiak instalatu eta jaso beharko ditu; antolatzen diren ekitaldietarako behar diren materialak eta azpiegiturak prestatu beharko ditu.

–Gabonetako ospakizunak: Olentzeroren estalkia prestatu beharko du; Olentzeroa jarri beharko du, baita udaletxeko fatxadako argiak ere.

–Inauteriak: agertokia jarri beharko du, eta behar diren materialak eta azpiegiturak prestatu.

–Urtean zehar antolatzen diren ekitaldiak: Udalak edo herriko eragile edo taldeek antolatzen dituzten ekitaldietarako behar den udal-materiala prestatu eta kudeatu beharko du (mahaiak, aulkiak, karpak, agertokiak...).

Elurra.

–Kaleak eta espaloiak garbitzea: kaleak garbitu beharko ditu traktorea eta lur orotarako ibilgailua baliatuta; espaloiak palaz garbitu beharko ditu; izotza egonez gero, gatza bota beharko du.

Konpostatzea.

–Konposta jasotzea: ontziak betetzen direnean, ontziok hustu eta konposta bildu beharko du.

–Konpostagailuak konpontzea: apurtu edo hondatuz gero, konpondu egin beharko ditu.

Horietaz gain, lan-alorrarekin eta lanpostuaren mailarekin bat datozen zeregin guztiak bete beharko ditu, agintzen zaizkionak lanbideen eta ogibideen eboluzio dela-eta edo Leitzako Udaleko premiei erantzuteko.

Hona hemen bigarren multzoko lanak eta zereginak:

Zerbitzu Anitzetako Alorreko lanen plangintza.

–Udaleko teknikariekin eta/edo karguekin batera, alorreko lanaren epe ertainerako plangintza eta programazioa egitea, zehazki proiektu txiki, mantentze-lan eta gorabeherenak, lan-karga banatuz dauden bitartekoen eta aurreikusitako epeen arabera.

–Udaleko teknikariekin eta/edo karguekin batera, Zerbitzu Anitzetako Alorreko jarduketa-planak egitea (hiri-altzariak mantentzeko plana, neguko plana, biltegiak ordenatu, garbitu eta kontrolatzeko planak, altzarien inbentarioa eta identifikazioa egiteko plana...).

–Zerbitzu anitzetako langileak zuzendu, antolatu eta koordinatzea asteka, helburuak ezarriz, zereginak langileen artean banatuz eta egin beharreko lanak egiteko jarraibideak eta irizpideak ezarriz.

–Esleitutako lanak egiteko behar diren makinak, tresnak, ibilgailuak eta materialak antolatu eta esleitzea asteka. Ekipamendu berria behar izanez gero, ekipamendu hori aztertu eta kudeatu beharko du.

Zerbitzu Anitzetako Alorraren jardueraren jarraipena egitea.

–Lanak gauzatzea:

–Alorreko langileen jarduerak eta lana gainbegiratzea, eta langileek behar duten laguntza teknikoa ematea.

–Lan-programaren betearazpenaren jarraipena egitea, une oro informazioa eskuratuz epeak betetzeko aurreikuspenei eta egoerari buruz.

–Gertatzen diren larrialdi, arazo eta premiei irtenbidea ematea, zuzenketa egokiak eginez larrialdien edo ezartzen diren lehentasunen arabera.

–Lan-jantzi, tresna eta lanabesak egoki erabiltzen direla egiaztatzea.

–Alorreko jarduerari lotutako beste alderdi batzuk:

–Bere eskumenen eremuko txostenak egitea, Udaleko teknikariek eta/edo karguek eskatuta, betiere haien beharra behar bezala justifikatzen bada.

–Biltegia kudeatzeko ezarritako irizpideen betearazpena gainbegiratzea: inbentarioen prestaketa, ordena, materialaren irteera-sarrerak eta abar.

–Alorreko langileekin eta Udaleko teknikariekin eta/edo karguekin batera, hornitzaileei lanen edo materialen aurrekontuak eskatzeko edo onartzeko kudeaketa egitea.

–Laneko arriskuen prebentzio arauak bete, sustatu eta betearaztea, bai eta segurtasun eta higiene arauak ere.

–Bere eginkizunak betetzeko behar diren harreman eta loturak finkatu eta garatzea beste erakunde, entitate eta profesionalekin.

Zerbitzu Anitzetako Alorra antolatzea.

–Oro har, alorraren hobekuntza sustatu eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak proposatzea.

–Langileak:

  • Lantaldearen giza alderdiei eta harremanei kasu egitea, horiek bideratuz eta ebatziz, gogobetetasuna, ordena, diziplina eta genero berdintasuna bultzatuz.
  • Lan-programaren, oporraldien eta bajen arabera, langileen kontratazioak garaiz proposatzea geldialdiak eta atzerapenak saihesteko.
  • Udaleko teknikariekin eta/edo karguekin batera, alorreko oporrak koordinatzea alorrak beti behar bezala erantzun dezan.

–Laneko arriskuen prebentzioa:

  • –Besteak beste, lanpostuaren arriskuen berri ematea, NBEak eskuratzea eta brigadako langileei ematea, materialak, erremintak eta produktu kimikoak erosteko eta erabiltzeko protokoloak betetzea eta betearaztea, laneko arriskuen informazioa erregistratzeko eta horren jarraipena egiteko prestatutako tresna informatikoak erabiltzea, eta Udalak kontratatuta duen prebentzio-zerbitzuko prebentzio-teknikariekin koordinatzea.

–Materiala:

  • Materialaren eta ekipoen erosketa garaiz proposatzea geldialdiak eta atzerapenak saihesteko. Orobat, materiala eta ekipoak erosi aurretik egin beharreko azterketak eta gestioak aurrera eramatea.
  • Udaleko ibilgailu, tresna eta makinen mantentzea eta kontserbazioa egiaztatzea, bai eta bidezko berrikuspenak ere egitea.

–Arlo ekonomikoa:

  • Udaleko teknikariekin eta/edo karguekin batera, laguntza ematea aurrekontuak prestatzeko, alorreko urteko gastuak aurreikusiz.
  • Udaleko teknikariekin eta/edo karguekin batera, urteko aurrekontuaren betearazpenaren jarraipena egitea.

Bide, eraikin eta altzarien egoera ikuskatzea:

–Ikuskapen jarduerak gauzatzea parkeak, bide publikoak, hiri-altzariak, urbanizazioak eta gainerako elementuak (kutxatilak) behar bezala mantentzen direla egiaztatzeko.

–Ezarritako irizpideetatik eta plangintzatik abiatuz, udalerriko eraikinen, obren eta instalazioen segurtasunaren kontrola edo kontrolaren jarraipena egitea.

–Udaleko teknikariekin eta/edo karguekin batera, azpikontratatutako lanak behar bezala egiten direla egiaztatzea.

III. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

Leitzan, 2026ko urtarrilaren 15ean.–Alkatea, Dabid Anaut Peña.

Iragarkiaren kodea: L2600560