Iragarkia
31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
LEITZA
Oposizio-lehiaketa, administrari laguntzailearen plaza bat betetzeko, lanaldi partzialean
Alkatetzaren 2026ko urtarrilaren 15eko 6/2026 Ebazpenaren bidez onetsi ziren honako deialdi honen oinarriak: deialdi publikoa, Leitzako Udalean administrari laguntzailearen plaza bat, lan-araubidekoa eta lanaldi partzialekoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko. Hona hemen:
OINARRIAK
1. oinarria.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea administrari laguntzailearen plaza bat, lan-araubidekoa, D mailakoa eta lanaldi partzialekoa (lanaldiaren %60), Leitzako Udalaren zerbitzura ari dadin, plantilla organikoan 10. zenbakia duen plaza betetzen.
1.2. Plaza lortzen duen izangaia lan-kontratudun finko bilakatuko da, langileen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio, eta araubide horrek Leitzako Udalarentzat ezartzen duen babesaren pean egonen da.
1.3. Lanaldi partzialean arituko da (%60). Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, beharrezkoa baldin bada.
1.4. Lanpostuak D mailari dagokion oinarrizko lansaria izanen du, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, eta onesten diren osagarriak, administrazio kontratatzailearen plantilla organikoan ezarritakoak.
1.5. Harrerari dagozkion eginkizunak egin beharko dira udal-bulegoetan, lanpostuaren kategoriaren barnean. Hona hemen horietariko batzuk, aipatzearren eta bestelakoak baztertu gabe:
–Herritarrei harrera egitea eta arreta ematea jendaurreko ordutegian udal-bulegoetara joaten diren herritarrei.
–Aurkezten diren idazkiak eta eskabideak jaso, erregistratu eta izapidetzea.
–Leitzako Udaleko zerbitzu eta arloekin bilerak egiteko hitzorduak ematea, partikularrek eta enpresek hala eskatuz gero.
–Telefonoguneko deiei erantzutea, eta, hala badagokio, deiak dagokion zerbitzura edo arlora bideratzea, edo oharrak eta abisuak jasotzea eta behar den pertsonari helaraztea.
–Lankidetzan aritzea, kategoriari dagozkion eginkizunen barnean, gainerako administrari-ofizialekin, Alkatetzarekin, Idazkaritzarekin, kontu-hartzailetzarekin eta hirigintza-arloarekin, udalaren funtzionamenduarekin loturiko administrazio-izapideetan, hala nola espediente elektronikoak irekitzea, posta elektronikoko kontu ofiziala begiratzea eta dagokion arlora bideratzea, eta abar.
–Beste edozein eginkizun, bere kategoriaren eta mailaren barnekoa, hala egokitzen edo agintzen bazaio, zerbitzuen beharren arabera.
2. oinarria.–Baldintzak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek –baldin zuzenbidez bananduta ez badaude–, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Eskola-graduatuaren titulua edo lehen mailako Lanbide Heziketakoa izatea, edo horietako baten baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide-kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.
d) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskarazko C1 maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea. Titulu edo ziurtagiri horrek agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den titulu-zerrendan, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko du.
Orobat frogatzen ahalko da eskatutako jakite-mailaren proba espezifikoa eginda, 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz (Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretua).
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.
3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira nahitaez, Leitzako Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://leitza.egoitzaelektronikoa.eus/info.4). Aukeran, NAN elektronikoa, ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve erabil daitezke.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela."
Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela hautapen-prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, eta horrekin batera aurkeztu beharko dituzte 2.1 oinarrian zehaztutako agiriak.
3.3. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.
Eskabidea (deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa betiere) behar bezala bete eta honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Indarreko nortasun-agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
Europar Batasuneko beste estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun-agiri balioduna, indarra duena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.
Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, edo herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, erantsi beharko dute pasaportea eta Europar Batasuneko egoiliarraren ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (hala badira, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).
b) Aurreko 2.1 oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoa, jatorrizkoa edo fotokopia.
c) Euskararen C1 maila frogatzen duen ziurtagiri ofiziala.
d) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 15,60 euro ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: Laboral Kutxako ES84 3035 0118 8111 8079 0020). Dirua sartzean, hau adieraziko da: "administrari-ofiziala" eta, ondoren, izangaiaren NANa. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:
–%33ko desgaitasuna edo handiagoa aitorturik daukatenak.
–Deialdia argitaratzen den egunerako, lan-eskatzaile gisa hilabete edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana, eta lanbide-sustapen, -prestakuntza edo -birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilabetero.
Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu-bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan agertuko da noiz inskribatu zen lan-eskatzaile gisa eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide-sustapen, -prestakuntza edo -birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.
Behar den tasa ez ordaintzea nahikoa arrazoi izanen da izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko.
Ez da azterketa-eskubiderik itzuliko baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik; esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.
e) Deialdiko 6. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta, orobat, denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori hala dela frogatu beharko dute agiri hauetako baten kopiaren bidez:
–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona, hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute ariketak egiteko denborak eta moduak egokitzeko, hala behar izanez gero. Kasu horietan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta beste orrialde batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.
f) Alegatutako merezimenduen ziurtagiriak, lehiaketaldian baloratuko direnak.
3.4. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.
3.5. Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.
4. oinarria–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Leitzako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Leitzako Udalaren egoitza elektronikoan argitara dadila.
4.2. Behin-behineko zerrenda Leitzako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, halakorik balego, Leitzako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Leitzako Udaleko egoitza elektronikoan argitara dadila. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Leitzako Udalaren egoitza elektronikoan.
Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Leitzako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.
4.4. Izangairen bat kanporatzen bada hautapen-prozesutik berari egotz dakiokeen arrazoi batengatik, ez zaizkio parte hartzeko tasak itzuliko.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Batzordeburua: Dabid Anaut Peña, Leitzako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Maider Amantegi Urdalleta, Leitzako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: Joseba Koldo Azpirotz Elduaien, Leitzako Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezko epaimahaikidea: hala izendatzen duena.
Epaimahaikidea: María Lourdes Gogortza Alduntzin, Leitzako Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezko epaimahaikidea: hala izendatzen duena.
Epaimahaikidea: Olatz Zubiri Goizueta, Leitzako Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezko epaimahaikidea: hala izendatzen duena.
Epaimahaikide idazkaria: Joaquín Lizarraga Sanz, Leitzako Udaleko idazkaria.
Ordezko idazkaria: Maider Castilla Elarre, Aresoko Udaleko idazkaria.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari jarraikiz (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.
Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.1. Lehiaketaldia.
Lehiaketaldian gehienez 20 puntu emanen dira, honako baremo honen arabera:
6.1.1. Laneko esperientzia. Gehienez ere 10 puntu:
–Edozein administrazio publikotan D mailako administrari laguntzaileen lanetan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 1,5 puntu urte bakoitzeko.
Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.
b) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
c) Lanaldi partzialeko zerbitzuak badira, lanaldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
d) Lan egindako denbora baloratzeko, honako hau aurkeztu behar da: zerbitzuak non eman diren, administrazio horren ziurtagiri bat.
6.1.2. Prestakuntza. Lanpostuaren eginkizunekin lotutako prestakuntza-jarduerak edo titulazioak baloratuko dira, eta 10 puntu emanen dira gehienez:
–Erakunde ofizialek edo/eta elkargo profesionalek, zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu bakoitzeko (10 eskola-ordu); eta 5 puntu gehienez.
–Lanpostuaren edukiarekin loturiko goi-mailako titulazioak: 4 puntu gehienez.
–Lehen mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea, baldin eta lanpostuarekin zuzenean loturik badago: 3 puntu gehienez.
Ez dira baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak, ez eta zer iraupen izan duten zehazten ez dutenak ere.
Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.
Inola ere ez dira merezimendu gisa baloratuko deialdian parte hartzeko aurkeztu diren nahitaezko tituluak.
6.1.3. Merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira soilik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak.
6.1.4. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
6.1.5. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
6.1.6. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak Leitzako Udalaren egoitza elektronikoan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
6.1.7. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira Leitzako Udalaren egoitza elektronikoan.
6.2. Oposizioaldia.
Aurreikuspenen arabera, oposizioaldia 2026ko otsailean hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean ezarriko da lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Hautapen-prozesua bi probaren bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztertzaileak izanen dira. Proba horien puntuazioa, gehienez, 80 puntukoa izanen da.
6.2.1. Proba teorikoa: proba teorikoan test motako ariketa bat egin beharko da, lanpostuan bete beharreko eginkizunekin lotuta dauden eta I. eranskinean zerrendatuta dauden gaiei buruzkoa. Epaimahaiak zehaztuko du zenbat iraunen duen, eta gehienez ere 30 puntu emanen zaizkio.
Proba hasi baino lehen, zehaztuko da zer irizpide erabiliko diren proba baloratzeko, eta nola zigortuko diren erantzun okerrak, zenbait erantzun-aukera dituzten galderetarako. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez.
6.2.2. Proba praktikoa: kasu praktiko bat edo batzuk idatziz garatu beharko dira, I. eranskineko gai-zerrendan jasotakoari buruzkoak, epaimahaiak horretarako zehaztutako gehieneko denboran.
Probaren balorazioa 50 puntukoa izanen da gehienez, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Hautapen-aldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost eguneko epea emanen du, izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta haiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak azalduko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.
7.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Leitzako Udalaren web-orriko egoitza elektronikoan, lortutako guztizko puntuazioaren arabera antolatua, izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak batuta.
7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioko bigarren ariketan (proba praktikoa) puntuaziorik handiena duenaren alde eginen da.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.
8. oinarria.–Kontratatzeko proposamena.
8.1. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio kontratazio-proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamenean jasoko da gainditu dutenen artetik nor kontratatuko den, deialdiko plaza kopurua kontuan hartuta.
Kontratazio-proposamena Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdiaren fitxan.
Epaimahaiak, orobat, honako hauek igorriko dizkio alkateari: batetik, hautapen-prozesua gaindituta plaza eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta, bestetik, oposizioaldia gainditu ez baina hautapen-probetako bat gainditu dutenena. Hala, bi zerrenda eratuko dira, aldi baterako sor daitezkeen kontratazioei erantzuteko.
9. oinarria.–Agiriak aurkeztea. Izendapena eta karguaz jabetzea.
9.1. Kontratazio-proposamena egoitza elektronikoan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Leitzako Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:
a) Lan-arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko atala), edo, hala badagokio, Leitzako Udalak izendatutako eta behar bezala akreditatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, lanpostuaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeenik.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, agiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzeko desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek emana.
b) Zinpeko deklarazio edo deklarazio solemne bat, aditzera emateko izangaia ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
Izangaiak Espainiako nazionalitatea ez badu, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, bere estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dionik.
c) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidea faltsutzeagatik duen erantzukizuna eskatzeko, kasua bada.
Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, hutsunea beteko da hurrengo izangaiarekin, prozesua gainditu duten izangaien zerrendari dagokionez, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.
9.2. Kontratazioa eta plazaz jabetzea.
Aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duen izangaia Leitzako Udaleko lan-kontratudun finko gisa kontratatuko da, administrari laguntzailearen lanpostuan (D maila) aritu dadin, %60ko lanaldi partzialean.
Kontratazioak eta plazaz jabetzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsona nominako eta plantillako lan-kontratadun finko bilakatzea, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).
Kontratazio-ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du izangaiak plazaz.
Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean plazaz jabetzen ez denak eskubide guztiak galduko ditu Leitzako Udalean lan-kontratudun finko aritzeko.
Baldin eta izangaiari, lan-kontratudun finko bilakatu ondoan eta hark eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzeko egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe, hutsik gelditzen den lanpostua deialdiaren 9. oinarrian xedatzen den moduan beteko da, indarreko araudian ezarritako kasuetan.
10. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, honako zerrenda hauek eratuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaiak aldi baterako kontratatzeko:
a) Probak gaindituta ere plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda. Izangaien ordena erabakiko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.
b) Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda. Izangaien hurrenkera ezartzeko, kontuan hartuko da, lehenik, gainditutako proba kopurua, eta, gainditutako proba kopuru bera izanik, guztirako kalifikazioa hartuko da kontuan.
10.2. Alkatearen ebazpen baten bidez onetsiko dira bi zerrendak: batetik, probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaiena; hori guztia, aplikatzekoak diren kudeaketa-arauetan ezarritakoari jarraikiz.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
10.3. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
Izangaiei aldi baterako kontrataziorako deitzerakoan eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauei jarraituko zaie: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), eta Leitzako Udalak onetsitako kudeaketako arau indardunak.
Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, kontratatuak izateko eskatzen zaizkien agiriak aipatutako epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, horrek deusetan eragotzi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.
11. oinarria.–Datuen babesa.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan xedatutakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Leitzako Udala da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa da kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal-bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez dpd@leitza.eus helbidean edo webgunearen bidez (https://leitza.egoitzaelektronikoa.eus/info.4).
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
12. oinarria–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, zeina eskuragarri baitago Udalaren egoitza elektronikoan: https://leitza.egoitzaelektronikoa.eus.
13. oinarria.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da deialdia egin duen udal-organoari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:
Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, uztailaren 13ko 29/1998 Legeari jarraikiz (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena Udalaren webgunean argitaratuko dira, hautapen-prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
I. zatia.–Gai orokorrak.
1. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: langile motak. Funtzionario publikoen hautaketa. Funtzionario-izaera hartu eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio-egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan-kontratudunak.
2. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdunaren kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak (zenbaketa). Administrazio-egintzak: baldintzak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio-prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio-errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.
3. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: abstentzioa eta errekusazioa. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
4. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: I. titulua, III., IV., V., VI. eta VII. kapituluak; II. titulua, I., II., III., IV. eta V. kapituluak; III. titulua, I., IV. eta V. kapituluak.
5. 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa: I. titulua, II., III., IV. eta V. kapituluak; II. titulua; III. titulua.
6. 5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: II. titulua, I. eta III. kapituluak; III. titulua, I., II. eta III. kapituluak.
7. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolamendua. V. titulua: toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.
8. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: udalerria, Nafarroako toki-erakunde gisa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: Bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).
9. 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal-zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.
10. 270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan garatzen duena. II. kapitulua: 1. atala: aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: gastu-aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontu-aldaketak. IV. kapitulua: gastu-aurrekontua betearaztea. Arauak eta betearazteko faseak.
11. 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitatearen Instrukzio Orokorra onesten duena.
12. 234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura onesten duena.
13. Ordenantza fiskala, ur-banaketa eta -saneamendua emateko eta zerbitzu egiteko tasak arautzen dituena Leitzako Udalean.
II. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Leitzan, 2026ko urtarrilaren 15ean.–Alkatea, Dabid Anaut Peña.
Iragarkiaren kodea: L2600559
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
