31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1312E/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 29koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita haur eta nerabeen babesaren esparruan aritzen diren irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen deialdia, eta gastua baimentzen baita 2026. urterako. DDBN kodea: 869230.

Maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak ezartzen duenez (lege horrek hizpide du haur eta nerabeei arreta eta babesa ematea eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzea), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa da, bere lurralde esparruan, haur eta nerabeen prebentzio eta babesaren arloan eskumena duen erakunde publikoa. Bestetik, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, bere jarduketa programen artean, programa bat du haur eta familiei oinarrizko arreta emateko.

Horri dagokionez, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak (horren bidez arautzen da Nafarroako Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7) jasotzen du funts horien bidez lagundu beharreko taldeen artean dagoela babesik gabe dauden adingabeena.

Bestalde, hala xedatzen baitu apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berdintasuneko klausulak txertatuko dira balorazioa egiteko, baita beste klausula batzuk ere, hala eragozteko laguntza publikoak ematea sexua edo generoa dela-eta lan-jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileei.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuek xedatzen dutenez, Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzari dagokio maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen betearazpena eta garapena sustatzea (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu Haur eta nerabeei arreta eta babesa ematea eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzea).

Azkenik, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak kontseilariari esleitzen dio eskumena aipatu departamentu horren aurrekontuen kargura emanen diren dirulaguntzen deialdia egiteko.

Espedientean jaso dira Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzaren proposamen txostena, txosten juridikoa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren eta Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseiluaren ziurtapena eta kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, esleitu zaizkidan eskudantziak erabiliz, hots, abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez (Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko Foru Legea), azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea) eta azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez (foru dekretu horren bidez ezarri zen Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa) esleitu zaizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2025eko deialdia onestea, dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean haur eta nerabeen babesaren arloan aritzen diren entitateei, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.

2. Baimentzea 755.429 euroko gastua, 2026ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: "% 0,7ko funtsa, Adingabeen esparruko dirulaguntzen deialdia" izeneko 920008 93300 4819 231702 partida. Bestela, 2026ko gastuen aurrekontuan gaitzen den partida baliokidearen kargura.

3. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, 200.000 euro gehituz, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez.

Tartean denean azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeretako bat (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea), zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da.

Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Foru agindu hau, deialdiaren oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau igortzea Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, departamentu bereko Ituntze Atalera, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzara eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abenduaren 29an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehenbizikoa. Xedea eta helburuak.

Oinarri hauen xedea da ezartzea nola eman 2026ko dirulaguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateei, jarduerak martxan jarri eta susta ditzaten familiaren arloan, haur eta nerabeen sustapenaren arloan eta babesgabetasun egoerak eta desinstituzionalizazioa prebenitzearen arloan, Nafarroako Foru Komunitatean.

Laguntza horien bidez lortu nahi da familiaren arloan eta haurren eta nerabeen arloan jarduten duten elkarteek eta gainerako entitateek honako hauek susta eta gara ditzaten:

–Prebentzio-jarduketak, helburu dutenak sentsibilizazioa sustatzea, haurren eta nerabeen ongizatea eta tratu ona bultzatzea eta arrisku egoerak minimizatzea.

–Familia-harreraren eta adopzioaren sentsibilizaziora, sustapenera eta hedapenera bideratutako jarduerak.

Bigarrena. Ekintza diruz lagungarriak.

1. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak (PAGNA) diruz lagunduko ditu honako ekintza hauek, zeinen gauzapenean kontuan hartuko baitira genero ikuspegia, desgaitasunaren ikuspegia eta haurren eta nerabeen eskubideen gaineko ikuspegia:

a. Familia-harrerarekin eta/edo adopzioarekin loturiko sentsibilizazioa, sustapena eta dibulgazioa.

b. Zaurgarritasun egoeran dauden familia, haur eta nerabeei zuzendutako esku-hartze sozioedukatiboa, eta/edo babesgabetasun-arriskuaren prebentziora bideratutako programak edo jarduerak.

c. Familiei zuzendutako esku-hartze sozioedukatiboa, helburua izanik gurasotasun positiboaren eta jardunbide egokien gaineko hedapena, prestakuntza eta sustapena.

2. Programak eta ekintzak ez dira diruz lagungarriak izanen baldin eta zuzenduta ez badaude babesgabetasunaren ondoriozko zaurgarritasun egoeran edo arriskuan ez dauden haurrei edo nerabeei, ez eta haur eta nerabeen babesgabetasun egoeren prebentziora ere, bat etorriz maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearekin (foru lege hori da haur eta nerabeei arreta eta babesa emateko eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko).

3. Era berean, ez dira diruz lagungarriak izanen Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia deialdi hau argitaratzen den unean egiten ari den ekintzak, Gizarte Zerbitzuen Zorroaren arabera nahitaez eskaini behar dituenak, prestazio bermatuak izateagatik.

4. Era berean, ez da deialdi honetan dirulaguntzarik ematen ahalko ekintza edo xede berdintsuetarako PAGNArekin hitzarmenen bat duten entitateei, ezta beste deialdi publiko batzuen bidez berariaz finantzatzen diren entitateei edo beste administrazio publiko batzuen eskumenekoei ere.

Hirugarrena. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta norgehiagoka.

1. Entitateek jasotzen ahalko dute deialdi honetako bigarren oinarriko lehen atalean adierazitako ekintza diruz lagungarrien barnean sartutako programa bakar baterako dirulaguntza.

2. Hona hemen programa eta entitate bakoitzerako aurreikusitako zenbatekoak guztira:

a. Familia-harrerarekin eta/edo adopzioarekin loturiko sentsibilizazioa, sustapena eta dibulgazioa: 125.000 euro.

b. Zaurgarritasun egoeran dauden familia, haur eta nerabeei zuzendutako esku-hartze sozioedukatiboa, eta/edo babesgabetasun-arriskuaren prebentziora bideratutako programak edo jarduerak, eta, zehazki, haur eta gazteen ongizatea bermatzera bideratutako programak: 555.429 euro.

c. Familiei zuzendutako esku-hartze sozioedukatiboa, helburua izanik gurasotasun positiboaren eta jardunbide egokien gaineko hedapena, prestakuntza eta sustapena: 75.000 euro.

3. Dirulaguntza, gehienez ere, 30.000 eurokoa izanen da urtean, entitate eta programa bakoitzeko.

4. Nolanahi ere, dirulaguntza emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako krediturik izatea.

5. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

6. Programetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, kreditu-gerakina erabiltzen ahalko da aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko, programa bakoitzean aurreikusitako zenbatekoarekiko modu proportzionalean.

7. Proiektu bakarra lagunduko da diruz entitate bakoitzeko. Dirulaguntzak emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako diru nahikoa egotea. Nolanahi ere, onetsitako proiektuen diru zenbateko guztia txikiagoa bada aurrekontuko partidaren diru zenbatekoa baino, entitate batek aurkeztutako bigarren proiektuari ere dirulaguntza ematen ahalko zaio, II. eranskinaren arabera sortzen den lehentasun hurrenkerari jarraikiz.

Laugarrena. Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira beharrezkoak direnak dirulaguntzaren xedeko jarduera garatzeko. Zehazki, diruz lagungarriak dira egin beharreko ekintzei lotutako gastuak eta ekintzak garatzen dituzten langileei lotutakoak.

2. Egin beharreko ekintzetan sartzen dira lokalen alokairua edo erabilera, haiek entitatearenak izan edo ez.

3. Langileen gastuaren atalean, entitateak ekintza gauzatzeko propio kontratatzen dituen langileen gastuak sartzen ahal dira, edo entitateko langileek beraiek ekintzan duten dedikazioaren portzentajeari dagokiona; kasu horretan, zehatz-mehatz identifikatu beharko dira langile horiek.

4. Entitatearen lokal edo langileei buruzko justifikazioak aurkeztuz gero, entitateak berariaz ziurtatu beharko du zenbateko dedikazioa izan den dirulaguntzaren xedeko ekintzetan.

5. Gastu diruz lagungarritzat joko dira entitate onuradunaren lege-betebehar honetatik eratorritako gastuak: proiektuaren xedeko ekintzak gauzatzeko kontratatutako langileekin lan-harremana mantentzea, langile horiek aldi baterako ezintasun-egoeran (ABE) daudenean. Gastu horietan sartuko dira indarrean dagoen lan-araudiaren arabera eska daitezkeen ordainsariak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak bakarrik, aldi baterako ezintasun-egoerak irauten duen bitartean eta betiere kontratuak aktibo jarraitzen badu. Entitateak agirien bidez egiaztatu beharko du aldi baterako ezintasun-egoera, eta ordainketen frogagiriak ere aurkeztu beharko ditu, oinarri hauetan ezarritako moduan eta epeetan.

6. Lokalak edo izendatutako langileak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak diruz laguntzen edo kontratatzen duen baliabide bati atxikita daudenean, ezin izanen da dirulaguntzarik eman gastu horretarako.

7. Gastu diruz lagungarritzat joko dira hornitzaileei pagatzeko bideen ondoriozko interesak eta komisioak, baldin dirulaguntzaren xedeko jarduerari zuzenean lotuta badaude.

8. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

9. Gastu diruz lagungarriak izanen dira 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte entregatutako ondasunenak edo emandako zerbitzuenak (fakturen berandueneko data 2026ko abenduaren 31 izanen da), 2027ko otsailaren 28rako ordaindutakoak.

Bosgarrena. Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta kasuan kasuko erregistroetan inskribatuta egotea.

b) Dirulaguntza jasoko duen jarduera Nafarroako Foru Komunitatean egitea.

c) Irabazi-asmorik ez edukitzea.

d) Entitatearen estatutuen arabera, haren helburua izatea sentsibilizaziorako, tratu onaren sustapenerako eta babesgabetasunaren prebentziorako jarduerak gauzatzea, zaurgarritasun egoeran edo babesgabetasun-arriskuan dauden familia, haur eta nerabeentzat.

e) Zergen arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

f) Ez egotea dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.

g) Administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz zehapena edo zigorra jaso ez izana sexua edo generoa dela-eta lan-jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

Seigarrena. Programa gauzatzeko epea.

Laguntzaren xede diren programak gauzatzeko epea urtebetekoa da (2026. urtean egin behar dira). Edozein egunetan hasten direla ere, diruz lagunduko diren jarduerek 2027ko urtarrilaren 1ean bukatuak izan behar dute.

Zazpigarrena. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez aurkeztu behar dira, Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzari zuzenduta. Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren erregistroetan ere aurkezten ahal dira eskaerak, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren erregistroetako edozeinetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Gainera, Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira eskaerak, aurkezpen horren berri eman beharko diote Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzari, mezu elektroniko bat bidaliz admimenores@navarra.es helbidera.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, bete beharko dira Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak. Entitate eskatzaileek Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzari iragarri beharko diote eskaera igorri dutela, mezu elektroniko bat igorriz.

Zortzigarrena. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera egiteko eskabide orokorra aurkeztu beharko da, entitatea legez ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsonak sinatua, espresuki adierazita zein programatarako den. Horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

A) Entitate eskatzaileari buruzko agiri orokorrak:

–Entitatearen estatutuak.

–Dirulaguntzaren eskabidea sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

–Kasuan kasuko inskripzioak bidezko diren erregistroetan egin direla frogatzen duten agiriak.

–Identifikazio fiskaleko txartela.

–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

–Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena ezen ez entitateak, ez administratzaileek edo ordezkariek ez dutela dirulaguntzen onuradun izateko debekurik urratzen. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. (Eredua –II. eranskina– atxiki da).

–Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitatea ez dela betetzen ari, edo, hala badagokio, ez daukala betetzeko zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik sexua edo generoa dela-eta lan-jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik.

–Entitateak Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharrak ordainduta dituela frogatzen duen ziurtagiria, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin dituen zorrak ordainduta dituela; ziurtagiri hori eskaera aurkeztu eta, gehienez ere, bi hilabete lehenagokoa izan beharko da.

Ez da agiririk aurkeztu beharko, baldin eta ziurtapena egitea Foru Komunitatearen administrazioko organoei badagokie, edo behar diren datuak jada haren esku badaude. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat aurkez daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

B) Proiektu teknikoa baloratzeko dokumentazioa:

–Proiektuaren memoria, euskarri informatikoko inprimaki ofizialean, zeina entitate interesdunen eskura izanen baita gobernuaren webgunean eta Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzaren helbide elektronikoan (eredua, II. eranskinean).

–Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta proiektua behar bezala ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.

C) Agiri ekonomikoak (eredua, III. eranskinean):

–Programako gastuen eta diru-sarreren guztirako aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu xehakatua: egin beharreko ekintza zehatzak eta ekintza horiek eginen dituzten langileak.

–Kasua bada, programa osoa finantzatzeko dituen beste baliabide batzuk, kontuan hartuta ezen diru-sarrerak, jaso daitekeen dirulaguntza barne, ezin direla izan programaren kostu osoa baino handiagoak.

–Kasua bada, dirulaguntza osorik aurreratzeko, zinpeko aitorpenaren bidez egindako justifikazio txosten bat, non frogatuko baita entitateak ez duela irabazi-asmorik, ezta behar adinako baliabiderik ere diruz laguntzen den jarduera behin-behinekoz finantzatzeko.

Bederatzigarrena. Antolamendua eta instrukzioa.

1. Deialdi honen ondorioetarako, Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzari esleitu zaizkio oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak.

Instrukzio organoak izaten ahalko du arlo juridikoko administrazio publikoko teknikari baten laguntza eta arlo ekonomikoko beste baten laguntza.

2. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzendu dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

3. Eskaerak batzorde tekniko batek baloratuko ditu. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren zuzendariordea, Familiaren eta Haurren Eskubideen Sustapenaren Ataleko burua, Haur eta Nerabeen Eskubideen Bulegoko burua eta Administrazio Aferetarako Bulegoko burua.

4. Programak baloratu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio dirulaguntzak emateko eskumena duen organoari.

Hamargarrena. Eskaera baloratzea eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak banan-banan eta bakoitza bere aldetik baloratuko dira, modalitate bakoitzaren arabera (3. oinarrian adieraziak), 0tik 100 puntura arteko eskalan, kontuan hartuta II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena.

2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek, guztira, 60 puntu lortu behar dituzte gutxienez, eta 40 puntu hamargarren oinarriaren lehenbiziko ataleko b) letran aurreikusitako programaren balorazioan.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 adinakoa izanen da, 3.3 oinarrian ezartzen den gehieneko mugarekin.

4. Dirulaguntzak emateko, ezarritako balorazio irizpideak aplikatzeak dakarren lehentasun ordenari jarraituko zaio, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

5. Eskaera guztietarako behar adinako krediturik ez badago, ez da hainbanaketarik eginen.

6. Eskaeran aurkeztutako kalkulu ekonomikoa benetan justifikatutakoa bezalakoa ez bada, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera erregularizatu beharko da dirulaguntzaren azken zenbatekoa.

7. Balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiak baturik aurrekontuetan horretarako dagoen kreditua gainditzen bada, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira. Prozedura horren arabera dirulaguntza eskuratzen ahal duen azken proiektuaren kasuan, baldin eta diru gehiago eskatu bada hura finantzatzeko dagoen zenbatekoa baino, dirulaguntza ematea proposatuko da soilik diru hori ematea eraginkorra denean; kasu horretan, 11. oinarriko 2. apartatuan ezarritako tramitea eginen da.

8. Jarduketa modalitate berean proiektu batek baino gehiagok puntuazio bera lortu eta guztietarako aurrekontu kreditu nahikorik ez balego, II. eranskineko B atalean puntuazio handiena lortzen duena izanen da entitate onuraduna. Berdinketak irauten badu, proiektuak baloratzeko irizpideen B.1 atalean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.

Hamaikagarrena. Alegazioetarako tramitea.

Instrukzio-organoak proposamen-txostena eman aurretik, entitate interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, eta dirulaguntza ematea efizientea bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du. Nolanahi ere, eskaerak berregiten direnean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, bai eta eskaera edo eskariak direla-eta ezarritako balorazio-irizpideak ere, konpromisoak eta baldintzak bat etor daitezen ematen ahal den dirulaguntzarekin. Berregindako eskaeraren aurrekontua ez da txikiagoa izanen bi hauen arteko batura baino: proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, halakorik badago, hasieran aurreikusitako kofinantzaketaren zenbatekoa, modu homogeneoan (eskaeran ageri den kofinantzaketaren ehuneko bera mantenduko da).

Hamabigarrena. Laguntzak emateko ebazpena.

Prozeduraren instrukzioa eginda eta ebazpen proposamena igorri ondoren, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari dagokio ebazpena ematea. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, ebazpen hori aldatzen ahalko da.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkien, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Hamahirugarrena. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, oro har; hau da, ordainketa aurreratu bakar bat eginen da dirulaguntzak emateko ebazpenarekin batera, baldin irabazi-asmorik gabeko entitateek edo horien federazio, konfederazio edo taldeek aski baliabiderik ez badute diruz lagundutako jarduera behin-behinekoz finantzatzeko, eta, betiere, hala dela behar bezala frogatzen badute.

Ordainketa aurreratua egin behar ez den kasuetan, programa bete izana justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza, 15. oinarrian adierazitakoari jarraikiz. Bi justifikazio partzial aurkeztu beharko dira, lehena 2026ko ekainaren 30ean beranduenez, eta bigarrena 2026ko abenduaren 31n beranduenez. Ordainketa partzialak kasuan kasuko gastuak justifikatu ondoren eginen dira, proportzionalki betiere.

Hamalaugarrena. Jarraipena eta kontrola.

Instrukzio organoak jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen du, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, jarraipen eta kontrolerako beste jarduketa batzuk galarazi gabe, entitate onuraduna behartua dago egindako jarduerei buruzko urteko memoria tekniko bat aurkeztera justifikazio ekonomikoarekin batera.

Hamabosgarrena. Justifikazioa.

1. Entitate onuradunek txosten tekniko eta ekonomiko partziala aurkeztuko dute, edo amaierakoa, zein dagokion, diruz lagundu den proiektuaren exekuzioa azalduz.

2. Amaierako txostenak edo txosten partzialak justifikazio-kontuaren itxura izanen du, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko da. Honako alderdi hauek jasoko ditu:

i. Tarteko ordainketak egiteko txosten partzialak:

  • 1. Proiektuaren bilakaerari buruzko tarteko txosten laburra, kronograma batean adieraziz diruz lagundutako jarduerak noiz egin diren, jarraikiz finkatutako helburuei eta gastatutako diru kopuruari. Tarteko txosten horiek aurkezturik ere, programaren memoriak osorik aurkeztu beharko dira hura bukatutakoan.
  • 2. Diruz lagundutako proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, honako hau zehaztuta: dokumentu-zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulkipen-data, zenbatekoa eta benetako ordainketa-data. Laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eredua erabiliko da. Zerrenda horri behar diren gastu- eta ordainketa-egiaztagiriak gehituko zaizkio. Egiaztagiri gisa, kontu laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen.

ii. Proiektua bukatu ondoko amaierako txostena:

  • 1. Proiektuaren exekuzioari buruzko txosten teknikoa, gutxienez honako atal hauek jasoko dituena, aurkeztutako proiektuan jasotakoarekin bat:
    • Lortutako helburuen zehaztapena.
    • Sexuaren arabera xehakatutako datuak.
    • Desgaitasunaren aldagaia.
    • Lortutako emaitzak.
    • Egindako jarduerak.
    • Egindako jarduerak egiaztatzeko iturriak.

Txosten teknikoa hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliz idatzi beharko da.

  • 2. Proiektuaren emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak), kontzeptuen arabera xehakatuta.
  • 3. Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, izan diren desbideratzeak adierazita.

3. Jarduerak, dirulaguntzaz gain, funts propioekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, azken justifikazioan, edo partzialetan (behar balira), funts horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira, eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jardueretan erabili direla. Horretarako, jasotako laguntza edo finantzaketa onartu eta/edo ordaindu dela jakinarazteko dokumentua erantsiko da.

4. Dirulaguntzaren azken ordainketarako eskubidea ematen duen azken txosten partziala aurkezteko muga-eguna 2026ko abenduaren 31 izanen da.

5. Amaierako txostena, eta diruz lagundu den proiektuan egindako gastu guztien ordainagiriak, 2027ko otsailaren 28an aurkeztu beharko dira beranduenez, egun hori barne.

Hamaseigarrena. Entitate onuradunen betebeharrak.

Proiektu baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horretan sartzen da, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea, baita beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta amaierakoak, aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Dirulaguntza ematen duen organoari komunikatzea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

f) Betetzea kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak, entitatearen izaeraren araberakoak.

g) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak betetzea. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen zabalkundea egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako.

Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren parte-hartzea azaltzeko betebeharra bete dela frogatzen duen frogagiria aurkeztu beharko da; izan ere, proiektuari lotutako publizitate, hedapen eta agiri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu behar dira, edozein dela ere erabilitako bitartekoa: "Nafarroako Gobernuak-Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak diruz laguntzen dute". Testu horrek urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko ditu, horren bidez arautzen baitira Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera.

h) Programa egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, dirulaguntzaren entitate onuradunak behar den bezala frogatu beharko du hornitzailea efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Horretarako, entitateak aski izanen du frogatzea programa egiteko hiru aurrekontu aurkeztu direla, hori egiterik dagoenean.

i) Diruz lagundutako jardueraren parte bat egiteko hirugarrenekin azpikontratazioa egin behar izanez gero, azpikontratazio horrek ez du hartu behar emandako diruaren %25 baino gehiago.

j) Pertsona fisikoei buruzko datu guztiak sexuaren arabera xehakatuta ematea (programaren onuradunak, parte hartzen duten profesionalak eta abar).

k) Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektua gauzatu bitartean hura nabarmen aldarazten edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira.

Funtsezko aldaketatzat joko dira helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina dutenak, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, gastu diruz lagungarri guztien %5eko desbideratze ekonomikoa ekartzen dutenak. Programa aldatzeko eskaeretan alterazio edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako proiektua egiteko epea bukatu baino lehen. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekartzen ahalko du, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari dagokion justifikazio txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

l) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

m) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

Hamazazpigarrena. Itzulketak.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, betetzen ez badira dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak, gertatzen badira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak edo betetzen ez badira deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaindu daitezela eskatzea; hain zuzen, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak jarraituko dio aipatutako artikuluan xedatutakoari, eta ebatzi beharko da hasten denetik hamabi hilabeteko epean. Dena dela, entitateak bere borondatez eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

Orobat, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

Hemezortzigarrena. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honen xede diren laguntzak bateragarriak dira helburu bererako emandako beste batzuekin, betiere horien zenbatekoa ez bada inola ere –berez edo beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide propioekin– onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Beste laguntza edo diru-sarrera batzuk lortzearen ondorioz diruz lagundutako proiektuaren edo programaren zenbatekoa gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli beharko zaio.

Hemeretzigarrena. Gardentasun betebeharra.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude arau honetan ezartzen diren gardentasun-betebeharrak betetzera, baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betetako aurrekontua.

b) Kasua bada, organo eskudunak entitateari onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretakoa.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza esleitzeko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

  • a. Entitatearen gobernu-, administrazio- eta zuzendaritza-organoen osaera.
  • b. Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru-konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio-unitateari zuzenduko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun-betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan ezarritako gardentasun-betebeharrak (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko Foru Legea).

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hogeigarrena. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legeari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeari (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko Foru Legea).

Foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legeari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeari (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko Foru Legea).

Hogeita batgarrena. Aplikatzekoa den legeria.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian jarraituko zaio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei.

II. ERANSKINA.–2026ko DIRULAGUNTZETAKO PROIEKTUAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

A.–Entitatearen balorazioa: 12 puntu gehienez.

A.1. Xedeak, ezarpena eta gaitasun operatiboa: 10 puntu gehienez.

A.1.1. Xedeak: 3 puntu gehienez.

3 puntu, baldin deialdiaren helburua estatutuetako helburuen artean ageri bada bete-betean.

2 puntu, baldin deialdiaren helburua hein batean ageri bada estatutuetako helburuetan.

1 puntu, baldin deialdiaren helburua ez badago oso zehaztua estatutuetako helburuetan.

A.1.2. Esperientzia: 3 puntu gehienez.

0,25 puntu egiaztatutako esperientzia urte bakoitzeko, edo entitatea erregistratu zen egunetik aurrerako urte bakoitzeko. 3 puntu gehienez.

A.1.3. Zuzendaritzako edo erantzukizuneko karguren bat duen emakumeen kopurua: 2 puntu gehienez.

%50 eta hortik gora: 2 puntu.

%20 eta %50etik behera: puntu bat.

%20tik behera: 0 puntu.

A.1.4. Prestakuntzako praktiketan ari diren pertsonak: puntu bat.

A.1.5. Genero berdintasunerako plan bat ezarria du: puntu bat.

A.3. Azpiegiturak eta ekipamendua: 2 puntu gehienez.

Puntu bat, baldin deialdiaren xede diren jarduerak egiteko lokalak baditu.

Puntu bat, baldin oinarrizko ekipamendua badu.

B.–Proiektuaren balorazioa: 78 puntu gehienez.

B.1. Proiektuaren koherentzia: 30 puntu gehienez.

B.1.1. Oinarriak eta jarduketa eremua: 6 puntu gehienez.

6 puntu, baldin guztiz koherentea bada.

3 puntu, baldin partez koherentea bada.

0 puntu, baldin inkoherentea bada, edo oso gutxi zehaztuta badago.

B.1.2. Helburuak, 6 puntu gehienez.

6 puntu, baldin guztiz koherenteak badira eta ongi zehaztuta badaude.

3 puntu, baldin koherenteak badira baina gutxi zehaztuta badaude.

0 puntu, baldin inkoherenteak badira eta gutxi zehaztuta badaude.

B.1.3. Jardueren deskribapena, 6 puntu gehienez.

6 puntu, baldin zehatz deskribatuta badaude.

3 puntu, ez badaude zehatz deskribatuta.

0 puntu, ez badaude deskribatuta (aipatuak besterik ez).

B.1.4. Espero diren emaitzak, 6 puntu gehienez.

6 puntu, zehatz deskribatuta badaude.

3 puntu, ez badaude zehatz deskribatuta.

0 puntu, bete ez bada.

B.1.5. Jardueren egutegia, 6 puntu gehienez.

6 puntu, zehatz deskribatuta badago.

3 puntu, ez badago zehatz deskribatuta.

0 puntu, bete ez bada.

B.2. Ebaluazioaren analisia, 8 puntu gehienez.

B.2.1. Adierazleak, 3 puntu gehienez.

3 puntu, baldin adierazle kuantitatibo eta kualitatibo egokiak badaude.

1,5 puntu, baldin soilik adierazle kuantitatiboak edo soilik kualitatiboak badaude.

0 puntu, baldin desegokiak badira edo ez badago.

B.2.2. Ebaluazio eta jarraipen prozesu bat izatea, 5 puntu gehienez.

5 puntu, oso egokia.

2 puntu, egokia.

0 puntu, baldin ez badago edo desegokia bada.

B.3. Giza baliabideen eta baliabide tekniko eta ekonomikoen analisia: 16 puntu gehienez.

B.3.1. Giza baliabideen egokitasuna. 4 puntu gehienez (profil teknikoen definizioa eta esleitutako eginkizunak baloratzen dira).

4 puntu, oso egokia.

3 puntu, egokia.

2 puntu, ertaina.

0 puntu, desegokia.

B.3.2. Boluntarioen parte-hartzea proiektuan, 4 puntu gehienez (boluntariorik ba ote den, eta esleitu zaizkien eginkizunak aztertzea).

4 puntu, baldin boluntarioek parte hartzen badute, eta eginkizunak zehaztuta badaude.

2 puntu, baldin boluntarioek parte hartzen badute, baina eginkizunak zehaztu gabe badaude.

0 puntu, baldin halakoek parte hartzen ez badute.

B.3.3. Baliabide tekniko egokiak izatea, 4 puntu gehienez (materialak, lokalak, eta abar).

4 puntu, oso egokia.

2 puntu, egokia.

Puntu bat, ertaina.

0 puntu, baldin desegokiak badira edo ez badago.

B.3.4. Aurrekontua behar bezala xehakatua egotea: 4 puntu gehienez.

4 puntu, oso egokia.

2 puntu, egokia.

Puntu bat, ertaina.

0 puntu, desegokia.

B.4. Analizatzea aurkeztutako proiektua zer neurritan den osagarria eta zer neurritan dagoen koordinaturik beste entitate eta baliabide sozial batzuekin (8 puntu gehienez).

B.4.1. Egitura bat planteatu du, aldian aldiko koordinazioa egiteko zerbitzu publikoekin (gizarte, osasun eta hezkuntza arlokoekin eta beste batzuekin), 4 puntu gehienez.

4 puntu, baldin koordinazioa sistematikoa eta erregularra bada. 2 puntu, baldin koordinaziorik bada, baina sistematikoa izan gabe.

Puntu bat, baldin kontaktu puntualak egiten badira.

0 puntu, baldin ez badago ez koordinaziorik ez harremanik zerbitzu publikoekin.

B.4.2. Egitura bat planteatu du, aldian aldiko koordinazioa egiteko: 4 puntu gehienez.

4 puntu, baldin koordinazioa sistematikoa eta erregularra bada.

2 puntu, baldin koordinazioa egiten bada baina sistematikoa ez bada.

Puntu bat, baldin kontaktu puntualak egiten badira.

0 puntu, ez badago ez koordinaziorik ez harremanik antzeko entitateekin.

B.5. Pertsona onuradunen parte-hartzearen analisia: 12 puntu gehienez.

B.5.1. Profilaren analisia eta zenbatespen kuantitatiboa: 3 puntu gehienez.

3 puntu, oso egokia.

2 puntu, egokia.

Puntu bat, ertaina.

0 puntu, desegokia.

B.5.2. Pertsonen sarbiderako erabilitako prozedura: 3 puntu gehienez.

3 puntu, baldin Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Auzo Unitateen edo beste baliabide publiko batzuen bidez soilik egiten bada.

2 puntu, baldin gehienbat Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Auzo Unitateen edo beste baliabide publiko batzuen bidez egiten bada.

Puntu bat, baldin gehienbat entitate sozialen bidez egiten bada.

0 puntu: ez da halakorik.

B.5.3. Pertsonentzako irisgarritasuna: 3 puntu gehienez.

3 puntu, baldin irisgarria bada jende ororentzat.

2 puntu, baldin zenbait kolektiborendako irisgarria bada.

Puntu bat, baldin irisgarria bada kolektibo jakin batentzat bakarrik.

0 puntu, baldin irisgarritasun arazo larriak baditu.

B.5.4. Proiektuaren onuradun diren pertsonek parte hartzeko bideak izatea: 3 puntu gehienez.

3 puntu, baldin halakorik bada, eta nahikoa zehaztuta badaude.

Puntu bat, baldin halakorik bada baina ez badira nahikoak edo ez badaude nahikoa zehaztuta.

0 puntu: ez da halakorik.

C.–Beste batzuk: 14 puntu gehienez.

C.1. Haurren eskubideen ikuspegia noraino dagoen txertatuta: 3 puntu gehienez.

3 puntu, baldin proiektuan txertatu bada haurren eskubideen ikuspegia.

0 puntu: ez da txertatu halakorik.

C.2. Genero ikuspegia noraino dagoen txertatuta: 2 puntu gehienez.

Puntu bat, baldin erredakzioan hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabili bada.

Puntu bat, baldin datuak sexuaren arabera xehakaturik aurkeztu badira.

0 puntu, halakorik egin ez badu.

C.3. Jarduerak egitean noraino txertatu diren zeharkako neurriak, erantzuteko desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonen premia espezifikoei: 3 puntu.

3 puntu, baldin proiektuan neurri horiek jaso badira.

0 puntu: ez da txertatu halakorik.

C.3. Proiektua gauzatzeko lurralde eremua: 4 puntu gehienez.

4 puntu, Iruña eta Iruñerria ez den Foru Komunitateko lurraldean bakarrik.

3 puntu, baldin gauzatzen bada Iruñean edo Iruñerrian eta Foru Komunitateko gainerako lurraldean.

2 puntu, baldin bakar-bakarrik Iruñean eta/edo Iruñerrian gauzatzen bada.

Puntu bat, Iruñean bakarrik.

C.4. Programa berritzailea: 2 puntu gehienez.

2 puntu, baldin berritzailea bada, ez delako halakorik inoiz egin Foru Komunitatean.

Puntu bat, baldin berritzailea bada zentzu honetan: berrikuntzak dakartza metodologian, helburuetan, erabilitako baliabideetan, etab.

0 puntu, baldin ez badu inolako alderdi berritzailerik.

Iragarkiaren kodea: F2600182