Iragarkia
31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
LIZARRA
Deialdia, bete daitezen zerbitzu anitzetako enplegatuaren bi plaza, lekualdatze-lehiaketaren bidez
Alkatetzak 2026ko urtarrilaren 20an emandako 55 Ebazpenaren bidez, honako hau erabaki zen:
Hala xedatuta baitago Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan eta Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikuluan, bidezkoa da plaza huts horiek betetzea kasuko administrazioko funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketaren bidez.
Deialdiaren oinarriak eta espedientean dauden eranskinak ikusirik, honako hau,
EBATZI DU:
Lehenbizikoa.–Deialdia onesteko erabaki honi dagokionez, neureganatzea Alkatetzaren 2023ko uztailaren 3ko 381. Ebazpenaren bidez Lizarrako Udaleko Gobernu Batzarraren esku utzitako eskumena.
Bigarrena.–Lizarrako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuen bi plaza (6.6 eta 6.11 plazak) lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onestea.
Hirugarrena.–Agintzea deialdiaren oinarriak eta haren eranskinak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Laugarrena.–Ebazpen honen berri ematea udaleko osoko bilkurari, kide anitzeko organo horrek egiten duen lehen bilkura arruntean.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuen plaza huts batzuk, 2024ko plantilla organikoan identifikatuta daudenak zenbaki hauekin: 6.6 eta 6.11.
Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 26. artikuluaren arabera, lekualdatze-lehiaketetan eta kategoriaz igotzeko lehiaketetan, deialdiaren xede diren plazak gero osatzen ahalko dira kalifikazio-epaimahaiak deialdia egin duen organoari aipatutako araudiaren 40. artikuluaren a) eta c) letretako lehenengo paragrafoan aipatzen den zerrenda helarazten dion egunean hutsik dauden plazekin.
Era berean, lekualdatze-lehiaketetan, deialdiaren xede izanen dira, batetik, hasieran deialdian sartutako lanpostuak eta, hala badagokio, aurreko apartatuan aipatzen den kopurua handitzearen ondoriozkoak, eta, bestetik, lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak.
1.2. Lekualdatze-lehiaketa arau hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena, eta 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duena.
1.3. Deialdi honen bidez izendatutako izangaiek Lizarrako Udaleko funtzionarioentzat ezarritako eginkizunak bete eta horien eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.
1.4. Plazak D mailakoak dira eta guztiek maila horri dagozkion ordainsariak izanen dituzte, eta 2024ko plantilla organikoan zehazten diren osagarriak gehituko zaizkie.
1.5. Deialdiko plazak bete gabe geratzen badira, edo lekualdatze-lehiaketa bukatu ondoren hutsik geratzen badira, deialdi bat eginen da oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Lizarrako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostua, funtzionario araubidekoa eta D mailakoa.
2.–Eginkizunak.
Lanpostuan bete beharreko eginkizunak deialdian sartutako plazen mailarako eta kategoriarako egokiak izanen dira, eta, zehazki, eta "numerus clausus" izan gabe, honako hauek izanen dira:
–Berariazko eginkizunak:
- Igeltserotza lanak, orokorrean.
- Karrika eta plazetako lorategi eta zuhaitzetan aritzea eta, beraz, erein, landatu, ureztatu, inausi, lurra lantzea eta abar, parke eta lorategietako mantentze-lanen barnean.
- Soldadura lanak.
- Elektrizitate lanak.
–Eginkizun orokorrak:
- Udal bulego, instalazio eta biltegietako mantentze-lanak.
- Zer zerbitzuri atxikitzen zaion, harexek berezko dituen makina, erreminta eta lanabesak erabiltzea eta haiek mantendu eta konpontzeko lanak egitea.
- Instalatzea eta mantentzea hiri-altzariak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.
- Altzariak eta tresnak lekuz aldatu eta paratzea.
- Muntatzea eta desmuntatzea agertokiak, hesiak eta beste, jai eta ekitaldi publikoetan.
- Ibilgailuak eta makinak gidatzea.
–Oro har, arestian deskribatutakoen antzeko zereginak egitea, zerbitzua dela-eta agintzen zaizkionak, lanpostuari dagokionez eta bere maila eta kategoriaren barnean.
2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.
2.1. Indarrean den araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako plazaz jabetzeko orduan:
a) Lizarrako Udalaren zerbitzuko langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
b) D maila edo taldekoa izatea.
Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa aldatzea.
Plaza erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta plaza behin betiko esleituko zaie.
2.2. Aurreko baldintzak deialdiaren hirugarren oinarrian ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dira. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete behar direla ulertuko da. Bigarren oinarri honen 1. apartatuan aipatutako baldintzak, gainera, hautapen prozedurak irauten duen bitartean ere bete beharko dira. Hautapen prozedura izendapenarekin bukatuko dela ulertuko da.
3. oinarria.–Eskabideak eta haiek aurkezteko epea.
3.1. Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak nahitaez aurkeztu beharko dira modu telematikoan. Horretarako, Lizarrako Udalaren atariko egoitza elektronikoan berariaz diseinatutako izapidea baliatu beharko da.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuendako, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".
Halaber, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 27. artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak), hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".
3.2. Eskabideak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.3. Eskabideak egoitza elektronikoko tramitearen bidez aurkeztu beharko dira. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.4. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, deialdi honen seigarren oinarriaren arabera.
Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, ez dira baloratuko merezimenduak.
3.5. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak. Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:
3.5.1. Nortasun agiri nazionala edo pasaportea, indarrean.
Europar Batasuneko beste estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarra duena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.
Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontide direnek, ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela, ez badira Europar Batasuneko kide den estatu bateko herritarrak; bestela, aurreko apartatuan aipatu dokumentazioa aurkeztuko dute.
3.5.2. Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten egiaztagiriak (jatorrizkoak edo kopia autentifikatuak).
3.5.3. Dokumentuak eman eta izapidetzeagatiko tasak arautzen dituen 4. ordenantza fiskalean xedatutako azterketa eskubideei dagokien tasaren hamar euroak ordaindu izanaren egiaztagiria.
Tasa autolikidazio bidez ordainduko da bankuko txartelaren bidez egoitza elektronikoan bertan, eskabidea aurkezteko izapidean. Egiaztagiria automatikoki sortuko da eta eskabideari erantsiko zaio.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
4. oinarria–Izangaien onarpena.
4.1. Onartzeko baldintza gisa ezartzen da bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzea, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta eskabideak epe barnean aurkeztea, eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera.
4.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori argitara emanen da Lizarrako Udalaren iragarki taulan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udalaren web-orrian. Izangai bazterturik ez bada, zerrenda behin betiko onetsiko da zuzenean.
4.3. Interesdunek egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka, eta, akatsik izan bada, haiek zuzentzen ahalko dituzte, zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epearen barruan.
4.4. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Lizarrako Udaleko alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpen bat emanen du. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.
4.5. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, Lizarrako Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori argitara emanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren iragarki taulan eta web-orrian.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Marta Ruiz de Alda Parla, Lizarrako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Udalbatzako kide bat, hark eskuordetza ematen diona.
–Epaimahaikidea: Alfredo Martinez de Carlos, Lizarrako Udaleko Zerbitzuetako burua.
Ordezkoa: Lizarrako Udaleko langile bat, hura ordezkatzen duena.
–Epaimahaikide idazkaria: José Luis Navarro Resano, Lizarrako Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Lizarrako Udaleko langile bat, hura ordezkatzen duena.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Lizarrako Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.
5.3. Epaimahaia lehiaketa hasi aurretik eratu beharko da, eta bere eraketak eta ondorengo jarduketek balio izateko, kideen gehiengo osoa beharko da elkartu.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
6. oinarria.–Merezimenduen kalifikazioa.
6.1. Lehiaketa honetan, epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu honako baremo honen arabera:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 40 puntu gehienez.
b) Hizkuntzak. 6 puntu, gehienez.
Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak, eta gehienez ere 46 puntu izanen dira.
6.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio-epaimahaiak noiznahi eskatzen ahal du dokumentazio gehiago, behin betiko balorazioa egin baino lehen, uste badu merezimenduren bat ez dagoela behar bezala frogatua.
6.3. Epaimahaiak inola ere ezin izanen du kontuan hartu aurkeztu ez den eta agiri batez frogatu ez den merezimendurik, eta ezin izanen du eman, apartatu bakoitzeko, adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntu gehiago.
6.4. Merezimenduen kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta izangai bakoitzak lortutako puntuak zehaztuko ditu. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun balioduneko epean, Lizarrako Udalaren egoitza elektronikoan, horretarako gaitutako izapidea erabiliz.
6.5. Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta epaimahaiak haiek ebatzita, Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da berriz ere izangaien zerrenda, merezimenduen kalifikazio fasean lortutako behin betiko puntuazioekin.
7. oinarria.–Izangaien zerrenda ordenatua eta plazaren esleipena.
7.1. Kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda argitaratuko du Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.
Lehiakideek guztira lortzen dituzten puntuazioetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da, 215/1985 Foru Dekretuaren 39. artikuluaren arabera.
7.2. Zerrenda horri jarraituz, alkatetzari igorriko zaio puntuazio altuena lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena, bai eta azken bilkuraren akta ere. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Alkateak hartuko du, hala badagokio, hasiera batean deitutako plazak gehitzearen erabakia, jarraikiz 215/1985 Foru Dekretuaren 26. artikuluan ezarritakoari.
7.3. Lekualdatze-lehiaketak ebatzita hutsik gelditzen diren plazak funtzio publikoan sartzeko deialdian sartuko dira.
8. oinarria.–Lanpostuak betetzea.
8.1. Izangaiek izendapenari buruzko ebazpena jakinarazi eta ondoko hamar egun naturaleko epearen barruan bete beharko dute plaza.
8.2. Aipatu epean eta aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, ulertuko da uko egiten dietela jabetza hartzen ez duten izangaiek lehiaketaren jarduketatik sortutako eskubideei, eta hala izanik, aurreko oinarrian adierazi zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da plaza.
9. oinarria.–Datuen babesa.
Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Lizarrako Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da deialdiko plaza hutsa betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
- Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua. tratamendua beharrezkoa da, betetzeko tratamenduaren arduradunari dagokion lege betebehar bat.
- Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua. tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz aplikatzeko kontratuaren aurreko neurriak.
–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@estella-lizarra.com).
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
10. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka aurkez daiteke gora jotzeko errekurtsoa, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak (gehienez 40 puntu).
1. Edozein administrazio publikotan deialdiko lanpostuan egindako zerbitzuak: 3 puntu urte bakoitzeko.
2. Edozein administrazio publikotan deialdiaren maila bereko beste lanpostu batean egindako zerbitzuak: 1 puntu urte bakoitzeko.
Administrazio publikoetako merezimendu profesionalak frogatuko dira dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagirian adierazi beharko dira betetako lanpostua, maila, zerbitzuaren iraupena eta lanaldi mota.
Urteen kopurua ez bada osoa, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
Zerbitzuak ematen hasten direnetik bukatzen diren arte emandako zerbitzuak baloratuko dira, egindako lanaldiaren ehunekoa zeinahi dela ere, %50 baino txikiagoa denean izan ezik; kasu horretan, puntuazioa proportzionalki esleituko da.
Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala.
Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzerakoan zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.
Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, emanen da kasu bakoitzean handiena den puntuazioa.
B) Hizkuntzak. 6 puntu, gehienez.
Hizkuntzak jakiteagatik, gehienez ere 6 puntu emanen dira. Jakintza hori frogatu beharko da Hizkuntzetarako Esparru Bateratuko ziurtagiri ofizialen arabera. Titulazio gorena baino ez da baloratuko.
Baloratuko diren hizkuntzak: euskara, ingelesa eta frantsesa.
C1 tituluagatik: 6 puntu; B2 tituluagatik: 4,8 puntu; B1 tituluagatik: 3,6 puntu.
II. ERANSKINA.–ESKABIDEA
https://sedeelectronica.estella-lizarra.com/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=10591
Lizarran, 2026ko urtarrilaren 20an.–Alkatea, Marta Ruiz de Alda Parla.
Iragarkiaren kodea: L2600815
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
