31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BAZTAN

Oposizio-lehiaketa, Zuzenbideko lizentziadunaren plaza bat betetzeko (euskarazko hizkuntza-eskakizuna du)

Baztango Udaleko alkate Fernando Anbustegi Goñik, 2026ko urtarrilaren 20ko 43 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi du, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Zuzenbideko lizentziadunaren plaza bat (euskarazko hizkuntza-eskakizuna du). Lan-kontratudunen araubidean jardunen da, aldi baterako, harik eta plaza bete edo amortizatzen den arte.

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren bidez betetzea Zuzenbideko lizentziadunaren plaza bat (plantilla organikoko 10.1 plaza), aldi baterako, lan-kontratudunen araubidean, plaza bete edo amortizatzen den arte. Euskarazko C1 maila izan behar da, ahoz eta idatziz.

1.2. Hautaprobak gainditu ondoan, aipatutako lanpostuan aritzeko proposatzen den izangaia sartuko da A mailan/taldean, eta jasoko ditu plantilla organikoan maila edo talde horretarako ezarritako ordainsariak.

1.3. Oposizio-lehiaketa puntuazio handienarekin gainditzen duen izangaia hautatuko da.

1.4. Hautatutakoak beteko du Zuzenbideko lizentziadunaren lanpostua, eta eginen dituen lanak eta eginkizunak egokituko zaizkie deialdiko mailari eta kategoriari eta eskatutako ikasketa mailari.

Lanpostuaren eginkizunei dagokienez, lan hauetaz arduratuko da, besteak beste: aholkularitza juridikoaren alorrari laguntzea (idazkaritza), langileriaren administrazioa (nominak, kontratazioa, gizarte aseguruak, pentsioak, ezintasuna, fitxaketen kontrola eta abar), bere arloko aholkularitza teknikoa (langileen eskaerak aztertu eta ebazpenak proposatzea, akordio kolektiboa –halakorik bada– aztertu eta aplikatzea, errekurtsoak aztertu eta ebazpenak proposatzea, espedienteak egin, konfiguratu eta izapidetzea eta abar), segurtasunaren eta osasunaren arloko koordinazioa, kontratazio-espedienteak kudeatzen laguntzea, aholkularitza puntuala ematea %100ean Udalarenak diren enpresa publikoei eta lanpostuaren helburuak lortzeko agintzen zaion beste edozein eginkizun, betiere bat baldin badator bere titulazioarekin, gaitasunarekin eta mailarekin.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urteak beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Zuzenbideko gradua edo lizentzia edukitzea, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

e) Euskara jakitea. Euskaraz dakiela frogatzeko, C1 mailaren titulua aurkeztu beharko du (EGA edo baliokidea).

f) Ez egotea desgaiturik edo gabeturik eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez egotea bereizirik administrazio publiko baten zerbitzutik.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere. Gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, horretarako baliatuta Baztango Udalaren egoitza elektronikoko erregistro elektronikoa. Epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Eskabideak I. eranskinean argitaratzen den ereduari egokituko zaizkio. Eredua Udaleko bulego nagusietan eskura daiteke, baita Interneten ere, www.baztan.eus helbidean. Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak deialdian parte hartzeko.

3.3. Eskabidearekin batera, izangaiek honako hauek aurkeztu beharko dituzte, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak:

–Nortasun agiri nazionala.

–Zuzenbideko gradua edo lizentzia eta euskaraz dakiela egiaztatzen duen agiria, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako horiek eskuratzeko moduan dagoela ziurtatzen duten agiriak.

–Baloratuko diren merezimenduak frogatzeko agiriak.

3.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria, organo eskudunak emana. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.5. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Behin-behineko zerrendak. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Baztango Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Baztango Udaleko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian (www.baztan.eus). Izangai bazterturik ez bada, besterik gabe onetsiko da onartuen zerrenda behin betiko gisa.

Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.2. Behin betiko zerrendak. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta udal webgunean (www.baztan.eus). Ebazpen horretan bertan zehaztu daiteke probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako agiriak edo Udalak bere eskuetan dauzkanak aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, horrek deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizunak arlo penalean, zibilean edo administratiboan.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Fernando Anbustegi Goñi, Baztango Udaleko alkatea.

Epaimahaiburuaren ordezkoa: Mariano Iribarren Irigoyen, Baztango Udaleko alkateordea.

–1. epaimahaikidea: Berta Enrique Cornago, NUKFeko (Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa) idazkari nagusia.

Ordezko epaimahaikidea: Mirari Aranguren Irigoyen, NUKFeko aholkulari ekonomikoa.

–2. epaimahaikidea: Mikel Belarra Telletxea, Berako Udaleko idazkaria.

Ordezko epaimahaikidea: hura legez ordezten duena.

–3. epaimahaikidea: Miren Meoki Plaza, Baztango Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: hura legez ordezten duena.

–Epaimahaikide idazkaria: Iulen Urbiola Loyarte, Baztango Udaleko idazkaria.

Ordezko idazkaria: hura legez ordezten duena.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen bada (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.baztan.eus) argitaratuko da oposizio-lehiaketa zer egun, ordu eta tokitan hasiko den. Dena den, aurreikuspenen arabera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete geroago, gutxienez, hasiko da.

Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren iragarriko ditu gainerako probak. Oposizio-lehiaketaren azkeneko kalifikazioa izanen da izangai bakoitzak bi faseetan erdietsitako puntuazioa, batuta. Gehienez bi dezimal baloratuko dira.

6.3. Lehiaketaldia.

6.3.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.3.2. Merezimenduen baremoa:

a) Administrazio publikoetan eginiko zerbitzuak:

–Zuzenbideko lizentziadun edo idazkari lanetan, Nafarroako toki-erakunde batentzat, emandako urte bakoitzeko: bi puntu urte bakoitzeko.

–Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak, baldin eta lanpostuan aritzeko Nafarroako toki-erakunde bateko Zuzenbideko lizentziadunaren lanpostuan sartzeko behar den titulazioa eskatu bazaio: 1 puntu, urte bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei, zerbitzuan emandako egunen araberakoa, 365 egun urtean.

Aurreko bi apartatuetako merezimenduak baturik, gehienez 15 puntu eskura daitezke.

b) Prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik, betiere lanpostuaren eginkizunekin loturik eta behar bezala frogatuta: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta 5 puntu gehienez.

6.3.3. Lehiaketaldiko puntuazioa 20 puntukoa izanen da gehienez.

6.3.4. Lehiaketaldia bukaturik, izangai bakoitzaren behin-behineko puntuazioa jendaurrean paratuko da, iragarki-taulan eta Baztango Udalaren webgunean. Behin-behineko emaitzei alegazioak aurkezteko epea izanen da 5 egun baliodunekoa.

6.4. Oposizioaldia.

6.4.1. Lehen ariketa, teoriko-praktikoa: idatziz erantzun beharko zaie 80 galderari. Horiek izanen dira II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Erantzun zuzen bakoitzagatik 0,5 puntu emanen dira. Erantzun oker bakoitzagatik 0,1 puntu galduko dira.

Proba honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak.

Lehen ariketa egiteko 120 minutu emanen dira gehienez.

6.4.2. Bigarren ariketa: kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, edo proba praktiko bat egin, deialdiaren xede den lanposturako espezifikoa. Betiere, ariketak xede izanen ditu lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik norakoak, eta II. eranskineko gai-zerrenda hartuko du oinarritzat.

Bigarren proba honetan gehienez 30 puntu lor daitezke. Proba baztertzailea izanen da; gainditzeko, 15 puntu, gutxienez, lortu beharko dira.

6.4.3. Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak egitea. Helburua izanen da zehaztea izangaiak zer neurritan egokitzen diren deialdiko lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko psikologia zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

Bigarren proba honetan gehienez 10 puntu lor daitezke.

Oposizioko ariketetako behin-behineko emaitzak argitaratuko dira Baztango Udalaren iragaraki-taulan eta webgunean. Behin-behineko emaitzei alegazioak aurkezteko epea izanen da 5 egun baliodunekoa.

6.4.4. Epaimahaiak erabakitzen ahalko du lehendabiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea, baldin eta bigarren ariketako kasu praktikoak idatziz erantzutekoak badira. Bi ariketak batera eginez gero, lehenbizi test motako zatia zuzenduko da eta, bigarrenik, test motako ariketa hori gainditu duten izangaien kasu praktikoen zatia.

6.4.5. Oposizioko ariketen balorazioan 80 puntu ematen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 40 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 30 puntu gehienez.

–Hirugarren ariketa: 10 puntu gehienez.

6.4.6. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta haietara izangaiek agertu beharko dute nortasun agiri nazionala edo horren legezko baliokidea aldean daramatela. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.–Proba gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera, Baztango Udalaren iragarki-taulan eta webgunean.

7.2. Epaimahaiak puntu gehien erdietsi duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari.

7.3. Probak gainditu dituztenekin izangaien zerrenda bat eginen da, aldi baterako beharrak betetzeko eta ordezkapenak egiteko. Lan-poltsakoei deitzeko, kontuan izanen da 814/2010 Foru Aginduan ezarritako araudia.

Lokalizatuak izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori une oro eguneratua eduki behar dute.

7.4. Izendatzen den izangaiak kontrataziorako ebazpenean horretarako ezartzen den egunean hasiko beharko du lanean, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei egiten ahalko die kontratua, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz.

8.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA

https://www.baztan.eus/wp-content/uploads/2026/01/Anexo-I.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.

3.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea.

4.–7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

5.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.

6.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena.

7.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa:

8.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

9.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, onesten duena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

10.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa, eta hura garatzeko araudia.

11.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena, eta hura garatzeko araudia.

12.–68/2009 Foru Dekretua, irailaren 28koa, arauak ezartzen dituena langileak administrazio araubidean kontratatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan.

13.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua.

14.–215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua.

15.–158/1984 Foru Dekretua, uztailaren 4koa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamendua.

16.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua.

17.–117/1985 Foru Dekretua, ekainaren 12koa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen diziplina araubidearen erregelamendua.

18.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Baztanen, 2026ko urtarrilaren 20an.–Alkatea, Fernando Anbustegi Goñi.

Iragarkiaren kodea: L2600712