Iragarkia
31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
146/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala erakunde autonomoaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko hitzarmena, zeinaren bidez formalizatzen baita irakasle eta ikertzaile kontratatuen ikerketa-jarduera ebaluatzeko kudeaketa-agindua.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeak (2015eko urriaren 1ekoa) 11.3.b) artikuluan honako hau ezartzen denez: "Kudeaketa-agindua administrazio desberdinetako organo eta zuzenbide publikoko entitateen artean egiten denean, dagokion hitzarmena izenpetuz formalizatuko da; ez da hitzarmenik behar, ordea, probintzietako diputazioek edo uharteetako kabildo edo kontseiluek autonomia erkidegoetako zerbitzuen ohiko kudeaketaz arduratu behar dutenean; izan ere, kasu horretan, toki-araubidearen legeriak arautuko baitu kudeaketa-gomendioa. Aipatutako hitzarmena "Estatuko Aldizkari Ofizialean", autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean edo probintziakoan argitaratuko da, gomendioa egiten duen organoa zein administraziotakoa den kontuan hartuta", aipatutako hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da.
Hain zuzen ere, 2026ko urtarrilaren 27an sinatu zen Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala erakunde autonomoaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko hitzarmena, zeinaren bidez formalizatzen baita irakasle eta ikertzaile kontratatuen ikerketa-jarduera ebaluatzeko kudeaketa-agindua.
Azaldutako guztiarengatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez,
EBAZTEN DUT:
Bakarra.–Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala erakunde autonomoaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko hitzarmena, zeinaren bidez formalizatzen baita irakasle eta ikertzaile kontratatuen ikerketa-jarduera ebaluatzeko kudeaketa-agindua. Hain zuzen ere, honela argitaratuko da:
"KALITATEA EBALUATU ETA EGIAZTATZEKO AGENTZIA NAZIONALA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ETA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN ARTEKO HITZARMEN BIDEZ FORMALIZATUTAKO KUDEAKETA-AGINDUA, IRAKASLE ETA IKERTZAILE KONTRATAUEN IKERKETA-JARDUERA EBALUATZEKO
BILDU DIRA
Alde batetik, Pilar Paneque Salgado, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren izenean eta hura ordezkatuz (aurrerantzean, ANECA). Agentzia hori Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioari atxikitako erakunde autonomoa da, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen 2024ko maiatzaren 7ko 472/2024 Errege Dekretuaren arabera. Zuzendari gisa hartuko du parte –ANECAko Kontseilu Gidariak izendaturik (Kontseilu Gidariaren buruaren Ebazpena, 2023ko otsailaren 28koa, izendapena argitaratzen duena)–, eta ANECA Erakunde Autonomoaren Estatutuaren 16. artikuluak esleitzen dizkion eskudantzien arabera jarduten du (estatutuak 2015eko abenduaren 11ko 1112/2015 Errege Dekretuaren bidez onetsi ziren).
Bestetik, Ramón Gonzalo García, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren izenean eta hura ordezkatuz –IFKa: Q3150012G, Arrosadiko campusa z.g., 31006, Iruñea (Nafarroa)–, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkion eskudantzien arabera –Estatutuak 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren (NAO, 63. zenbakia, 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuaren 2011ko martxoaren 21eko erabaki baten bidez aldatu (NAO, 70. zenbakia, 2011ko apirilaren 11koa)–, eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren (LOSU) 50.1 artikuluaren arabera. Errektorea 2023ko maiatzaren 31ko 51/2023 Foru Dekretuaren bidez izendatu zen (NAO, 115. zenbakia, 2023ko ekainaren 2koa), 2023ko ekainaren 2tik aurrerako ondorioekin.
AZALDU DUTE
1. ANECAk, Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Batzorde Nazionalaren bidez (aurrerantzean, CNEAI), bat etorriz ANECA Erakunde Autonomoaren Estatutua onesten duen 2015eko abenduaren 11ko 1112/2015 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin, eta Unibertsitateetako Idazkaritza Nagusiaren urteko deialdien bidez, unibertsitate publikoetako irakaskidegoetako eta Estatuko Administrazio Orokorreko ikerketako organismo publikoetako karrerako funtzionario eta bitarteko funtzionarioen ikerketa-jarduera ebaluatzen du urtero, bat etorriz unibertsitateko irakasleen ordainsariei buruzko 1989ko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuko 2.4.2 artikuluan ezarritakoarekin, bai eta Estatuko Administrazio Orokorreko ikerketa-erakunde publikoetako eskala zientifikoetako ikertzaile funtzionarioen ikerketa-jarduera ebaluatzeko oinarri komunak ezartzen dituen 2019ko abenduaren 3ko CNU/1 181/2019 Aginduarekin ere, 2019ko apirilaren 26ko 310/2019 Errege Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrenak emandako gaikuntza erabiliz.
2. Ikerketa-jarduera bultzatzeko, unibertsitate publikoek eta ikerketa-erakunde publikoek beren irakasle eta ikertzaile kontratatuak ebaluatzeko sistema bat izan behar dute, unibertsitate publikoetako eta ikerketa-erakunde publikoetako karrerako eta bitarteko funtzionario diren irakasleen eta ikertzaileen ebaluazio-sistemaren parekoa. Hala ere, ezin izanen da inola ere zuzenean edo zeharka lotu, eta ez du ekarriko 1989ko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuak karrerako irakasle funtzionarioentzat jasotako ordainsari-eskubiderik aitortzea, ezta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 87. artikuluko ordainsari-eskubiderik ere (aurrerantzean, LOSU).
3. ANECAk agindu honen pean egiten dituen ebaluazioen ondorioak Nafarroako Unibertsitate Publikoak aplikatzekoa den araudiarekin bat etorriz kasuan kasuko deialdirako ezartzen dituenak izanen dira.
4. ANECAk eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak interes komuna dute irakasleen eta ikertzaileen ikerketa-jardueraren kalitatea hobetzeko, edozein dela ere unibertsitatearekin duten laneko lotura, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak interesa du funtzionarioak ez diren irakasle kontratatuak ebaluatzeko sistema hori edukitzeko.
5. 2022ko urtarrilaren 11n, bi aldeek agindu bat sinatu zuten, zeinaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoak ANECAren esku utzi baitzuen NUPeko irakasle eta ikertzaile kontratatuen ikerketa-jardueraren ebaluazioa egitea. Agindu hori laster iraungiko da.
Hori dela-eta, ANECAk eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ERABAKI DUTE beste kudeaketa-agindu bat formalizatzea hitzarmen bidez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren babesean. Horrela, agindua honako klausula hauek arautuko dute:
KLAUSULAK
Lehenbizikoa.–Xedea.
Agindu honen xedea da ANECAk Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Batzorde Nazionalaren (CNEAI) bidez ebaluatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile kontratatuen ikerketa-jarduera, eta, zehazki, Unibertsitateak dagokion deialdian ezartzen dituen figurena.
Horrekin bat etorriz, ikerketa-jarduera ebaluatzeko deialdia Nafarroako Unibertsitate Publikoak eginen du, haren eskumenekoa baita.
ANECAk zer irizpide ezartzen dituen CNEAIk unibertsitateko funtzionarioentzako seiurtekoen ebaluazioak egin ditzan, irizpide horiek berak erabiliko dira ebaluazio hau egiteko.
Bigarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren betebeharrak.
Honako hauek dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren betebeharrak:
1. Nahi dituen irakasle eta ikertzaile kontratatuen ikerketa-jarduera aitortzeko deialdia egitea.
Deialdi horrek adieraziko du ezen, prozedura hastearren, nahitaezkoa izanen dela ebaluazio-eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroan aurkeztea.
Bidezkoa bada, Nafarroako Unibertsitate Publikoak dagokion baimena emanen du tramitazioak aurrera jarrai dezan, eta nahitaezkoa izanen da baimenaren data ANECAn eskabideak jasotzeko epea itxi baino aurretikoa izatea. Hau da tramitazioaren esteka: https://aneca.sede.gob.es/.
Deialdian jasoko da baimen hori izatea ezinbestekoa izanen dela; beraz, interesdunek hura bidali beharko dute ANECAra bidali beharreko dokumentazioarekin batera.
CNEAIk irakasle funtzionarioen ikerketa-jarduera urtero ebaluatzeko deialdia (deialdi arrunt gisa ezaguna) onesten duen Unibertsitateen Idazkaritza Nagusiaren ebazpenak zer epe ezartzen duen eskaerak aurkezteko, epe hori hasi eta hilabete bat igaro eta ondorengo lehenbiziko egun baliodunean hasiko da eskabideak ANECAra bidaltzeko epea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak kontuan izan beharko du ezen, bere deialdian ezartzen duen ebazpen-epearen ondorioetarako, agindu honen pean jasotzen diren ebaluazio eskaerak ANECAk tratatuko dituela, betiere irakasle eta ikertzaile funtzionarioen eskaeren berrikuspen administratiboa egin ondoren. ANECAk dagozkion txostenak bidaliko ditu hilabeteko epean, CNEAIren osoko bilkuraren ebazpenak jakinarazteko tramitea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Unibertsitateen Idazkaritza Nagusiak funtzionarioentzat egindako deialdian ezartzen da tramite hori.
2. Egoitza elektronikoaren bidez, ANECAra bidaliko da ebaluaziorako baimendutako tarte-eskaeren zerrenda, eta mezuaren gaian hau jarriko da: "CNEAIk ebaluatzeko eskaerak, XXXX. urteko deialdia". "XXXX" hori, hain zuzen ere, deialdiaren urtea izanen da. Zerrenda bakarra izanen da, alfabetikoki ordenatua eta editatzeko modukoa, eta baimena duten eskaerak identifikatuak egonen dira, informazio honekin batera: Unibertsitatearen/sozietatearen izena, IFZa, helbide fiskala, harremanetarako pertsona, organo kudeatzailea, tramitazio-unitatea, kontabilitate-bulegoa eta proposamena egin duen organoa, eta kostua ordaintzeko garrantzitsua den beste edozein informazio.
3. Ebaluatu beharreko jardueraren ebaluazio prozedura ebatzi beharko du NUPek, bai eta deialdia tramitatzean sor daitezkeen administrazio egintza eta ebazpen guztiak bere gain hartu ere, bere eskumenekoak baitira.
4. ANECAk emandako txostenaren kontrakoa den ebazpena ematen badu Nafarroako Unibertsitate Publikoak, hori egiteko arrazoien berri emanen dio ANECAri.
5. Baldin eta ikerketa-jarduera ebaluatzeko prozeduren ebazpenaren aurka errekurtsoa jartzen bada, Nafarroako Unibertsitate Publikoak txostena eskatzen ahalko dio ANECAri. Ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoak administrazio ebazpena emanen du errekurtsoa amaitzeko, eta errekurtsoa ebaztearen ondoriozko emaitzaren berri emanen dio ANECAri.
Hirugarrena.–ANECAren betebeharrak.
Honako hauek dira ANECAren betebeharrak:
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen eta ikertzaileen ikerketa-tarteen eskaera baimenduak ebaluatzea, CNEAIren ebaluazio irizpideei jarraikiz.
Horretarako, ANECAk esteka bat jarriko du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esku, hain zuzen ere eskatzaileek posible izan dezaten prozedura administratiboarekin jarraitzea, betiere baimena jasotzen dutenean. Hona hemen esteka: https://aneca.sede.gob.es/.
Ikerketa-jarduera ebaluatzeko deialdi arrunta onesteko Unibertsitateen Idazkaritza Nagusiak emandako ebazpenean zer denbora-tarte ezartzen den, epe horrek irauten duen bitartean izanen du zabalik ANECAk esteka hori.
2. Ebaluazio eskaera bakoitzeko txosten tekniko bat egitea.
Txosten teknikoan, baloratu beharreko lana 0tik 10era kalifikatuko da. Txosten teknikoa Unibertsitatera bidaliko da gero.
3. Unibertsitateko edo ikerketa-zentroko irakasle eta ikertzaile kontratatuen ebaluazioa egitearren jarraitu beharreko prozedura ezartzea. Prozedura horrek unibertsitateko irakasle funtzionarioen ikerketa-jarduera ebaluatzeko prozedura orokorrari aplikatu beharreko irizpideak eta arauak errespetatuko ditu, agindu honetan ezarritako salbuespenak salbuespen.
4. Epeei dagokienez, bigarren klausulan adierazitakoarekin bat etorriz, agindu honen pean jasotzen diren ebaluazio eskaerak ANECAk tratatuko ditu, irakasle eta ikertzaile funtzionarioen eskaeren berrikuspen administratiboa egin ondoren; beraz, txostenak Nafarroako Unibertsitate Publikora bidaliko dira, deialdi arruntari dagokion CNEAIren osoko bilkuraren ebazpenak jakinarazteko tramitea amaitu eta hilabeteko epean.
5. Aurreko klausulan ezarritakoaren arabera egiten ahal diren aurkatzeen kasuan txostena egitea.
Laugarrena.–Gastuak konpentsatzea.
Agindu honetan aipatzen den ebaluazioak dakartzan gastuak ordainduko dizkio Nafarroako Unibertsitate Publikoak ANECAri, hain zuzen ere aurrekontuko 30.20.00/0110/227.03 partidaren kargura. Ordaindu beharreko zenbatekoak ebaluazio jardueratik sortutako gastu zuzenak eta zeharkakoak hartzen ditu barne, bai eta gastu horien ondoriozko erabilgarritasunaren kostu baliokidea ere.
Jarraipen Batzorde Mistoaren baitan, ANECAk agindu honen gastuen likidazioa eginen du, eta bertan adieraziko dira ikerketa-tartearen ebaluazioa egiteko jasotako eskaerak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ordaindu beharko duen zenbatekoa.
Tarte bakoitza ikerketa-seiurteko bati dagokio. Ebaluatu nahi den ikerketa-tarte bakoitzaren ebaluazioaren kostua 250,00 eurokoa izanen da. Eskatzaile batek gehienez sei ikerketa-tarte (sei seiurteko) ebaluatzeko eskaera aurkezten ahalko du.
Agindu hau indarrean dagoen bitartean, aurreikusitako guztizko zenbatekoa gutxienez 250 eurokoa izanen da eta gehienez 150.000 eurokoa, aurreikusten baita urtean 55 tarte ebaluatuko direla.
Aholkularitza-batzordeetako kideek bertaratzeagatiko ordainsariak jasoko dituzte ANECAren aurrekontuaren 2. kapituluaren kargura (33. atala, 322C programa, 23. artikulua), betiere zerbitzuagatik ematen diren ordainsariei buruzko 2002ko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuaren 27. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, eta Ogasun Ministerioak Aurrekontuen eta Gastuen Estatu Idazkaritzaren 2025eko otsailaren 11ko Ebazpenean horretarako ezarritako mugekin, edo agindu horren indarraldian berariaz onetsitako baimenekin.
Bosgarrena.–Ebaluazio eskaerak.
Ebaluazioa eskatzen dutenek, baldin eta beren deialdiaren esparruan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren baimena badute, ANECAk emandako plataforma elektronikoa erabiliko dute dokumentazioa bidaltzeko.
ANECAk ez du onartuko plataforman aurkeztu den baina Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldez aurreko baimena ez duen eskaerarik.
Interesdunek ezin izanen dute eskatu beste unibertsitate batekin egindako hitzarmenaren bidez CNEAIren ebaluazio positiboa jaso duten tarteen ebaluazioa.
Seigarrena.–Eskumenaren titulartasuna.
Kudeaketa-agindu honek ez dakar aldeen eskumenen titulartasuna lagatzea, ez eta horiek erabiltzeko funtsezko elementuena ere.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak emanen ditu agindu honen pean ANECAk eginen duen ebaluazioa oinarritzeko egintzak edo ebazpenak, edo hartan txertatzen direnak.
Zazpigarrena.–Datu pertsonalen babesa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, tratamenduaren arduradunak, ANECAren esku jarriko ditu eskatzaileen datu pertsonalak, hitzarmenaren xedea den ebaluazioa egiteko beharrezkoak direnak. ANECAk, tratamendua egiteko ardura duenak, konpromisoa hartzen du datuak xede bakar horrekin tratatzeko. Ebaluazioa egin ondoren, Unibertsitateak emandako datuak itzuliko ditu ANECAk ebaluazio txosten bakoitzarekin, eta dauden kopiak ezabatuko ditu, salbu eta Europar Batasuneko edo Espainiako zuzenbidearen arabera datu pertsonalak gordetzeko eskatzen bada.
Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio libreari dagokienez pertsona fisikoen babesari buruzko 2016ko apirilaren 27ko Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren (EB) 2016/679 Erregelamenduak (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, aurrerantzean DBEO), 95/46/CE Zuzentaraua indargabetzen duenak, 6.1.e) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, aurreko paragrafoan aipatutako datuen tratamendua beharrezkoa da Unibertsitateak interes publikoko misio bat betetzeko, zehazki, 2003ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 5. artikuluan unibertsitate-politikaren funtsezko helburu gisa ezarritako kalitatearen bermea, eta, besteak beste, ikerketa-jardueraren eta transferentzia- eta truke-jardueraren edo ezagutzaren eta berrikuntzaren balorazioa, ordainsarien eta sustapenaren ondorioetarako ebalua daitezkeen kontzeptuak baitira, Lege Organiko beraren 11.6 eta 76.2 artikuluetan aipatuak. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, datuak biltzeko unean, DBEOren 13. artikuluan aurreikusitako informazioa emanen dio ebaluatuko den pertsona bakoitzari.
ANECAk hitzarmen honetan ezarritako xedea lortzeko baino ez ditu aplikatuko datuak, eta ez dizkio beste inori jakinaraziko, ezta gordetzeko ere, salbu eta ebaluazioaren ebaluatzaileei. Halaber, konpromisoa hartzen du datu horiek ez lagatzeko, eta ebaluazio lanak egiteko ematen ahal dizkioten datu pertsonalei dagokienez, une oro beteko du konfidentzialtasunerako eta sekretu profesionalerako betebeharra, DBEOren 28.3.b artikuluan, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoa, eta horrekin bat etorriz ANECAk bermatuko du datu horietarako sarbidea duten ebaluatzaileek konpromisoa hartuko dutela konfidentzialtasun betebeharra betetzeko.
Ez da zilegi izanen hirugarrenei azpikontratatzea tratamenduaren kargudunak tratamenduaren arduradunari ematen dion zerbitzua.
ANECAk adierazten du betetzen dituela datu pertsonalak babesteko gaietan indarrean diren arauak, eta, bereziki, DBEO eta gaian indarrean diren gainerako xedapenak. ANECAn ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen 2022ko maiatzaren 3ko 311/2022 Errege Dekretuaren II. eranskinean (segurtasun-neurriak) aurreikusitakoekin.
ANECAk Nafarroako Unibertsitate Publikoari jakinaraziko dizkio, bidegabeko atzerapenik gabe eta Unibertsitateak emandako posta elektronikoko helbidearen bidez, ezagutzen dituen segurtasun urraketak, bere ardurapean dituen datu pertsonalenak, gorabeheraren dokumentaziorako eta jakinarazpenerako beharrezkoa den informazio guztiarekin. Halaber, Unibertsitatearen esku jarriko du beharrezko informazio guztia, DBEOko 28. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatzeko, bai eta arduradunak edo arduradun horrek baimendutako beste kontu ikuskatzaile batek kontu ikuskapenak egitea ahalbidetzeko eta laguntzeko ere, ikuskapenak barne.
DBEOko 82. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, ANECAk dokumentu hau eta arau horretan ezarritakoa urratzen badu tratamenduaren xedeak eta bitartekoak zehaztean, tratamenduaren arduraduntzat hartuko da tratamendu horri begira.
Zortzigarrena.–Iraungitzea.
Bere xedea bete duelako edo baliogabetzeko zioren bat dagoelako iraungiko da agindu hori.
Hauek izanen dira agindua baliogabetzeko zioak:
a. Indarraldia amaitzen bada luzapenik eskatu gabe.
b. Sinatzaileen elkarrekiko adostasunez.
c. Hitzarmen honen xede diren jarduerak egitea ezinezko edo premiagabeko bihurtzen dituzten zirkunstantziengatik.
d. Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzeagatik. Kasu horretan, aldeek 20 eguneko abisua emanen dute, ahal dela iraungitzea saihesteko, eta jarraipen batzordeari jakinaraziko diote. Errekerimenduan ezarritako epea pasa ondoren oraindik ez badira bete betebehar eta konpromisoak, errekerimendua egin duen aldeak hitzarmena baliogabetzeko zioa dagoela jakinaraziko dio beste aldeari, eta baliogabetutzat joko da hitzarmena. Horrek, gainera, ez du kalte-ordainketarik ekarriko.
e. Hitzarmena baliogabea dela aitortzen duen erabaki judizial bat egotea.
f. Ikerketa-jarduera ebaluatzeko sisteman sakoneko aldaketak sartzea, jarraipenean eragina izanen luketenak eta hitzarmen bidez formalizatutako gomendio honetan aurreikusitakoaren arabera ebaluazioari eustea ezinezkoa eginen luketenak.
g. Ordenamendu juridikoan aurreikusten den beste edozein arrazoi.
Bederatzigarrena.–Aldaketa.
Agindu hau aldatzen ahalko da sinatzaileek Jarraipen Batzorde Mistoan adosten badute, aldeetako edozeinek hala eskatzen badu.
Hamargarrena.–Indarraldia.
Agindu hau aldeek sinaduraren bidez emandako adostasunak burutuko du, eta «Nafarroako Aldizkari Ofizialean» argitaratu beharko da, 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3 artikuluaren bidez. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eginen du argitalpenaren tramitazioa.
Hitzarmenak urtebeteko iraupena izanen du, urtarrilaren 1etik aurrerakoa, eta ANECAk egiten dituen ebaluazioei aplikatuko zaie, abian den Unibertsitateen Idazkaritza Nagusiaren deialdiaren aldi berean.
Jarraipen Batzorde Mistoak berrikusi ondoren, eta bi alderdiek hala adosten badute, hitzarmena urtebeterako luzatzen ahalko da, betiere iraungitzeko data baino lehen. Horrela, hurrengo deialdirako luzatuko da, dagokion luzapena izenpetuta.
Hamaikagarrena.–Jarraipen batzorde mistoa.
Batzorde misto batek eginen du aginduaren jarraipena. Batzorde hori bi aldeek osatuko dute, aldeek izendatuko dituzten bi ordezkariren bidez. Batzorde horrek agindu honen interpretazioari eta gauzatzeari buruz sor daitezkeen eztabaidak ebatziko ditu, eta haren funtzionamendua 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera arautuko da. Era berean, hitzarmen honetan aipatzen diren alderdiak ezagutuko ditu.
Jarraipen batzorde hori hitzarmena amaitzean bilduko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ANECAri ordaindu beharreko gastuen likidazioa adosteko, laugarren klausulan adierazitakoarekin bat etorriz.
Adostasunik ez badago, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko epaitegi eta auzitegien mende jartzea erabaki dute aldeek.
Hamabigarrena.–Araubide juridikoa.
Hitzarmen hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan aurreikusitako kudeaketa-aginduetako bat da, eta administrazio-izaera du.
Hamahirugarrena.–Aurreko aginduen amaiera.
ANECAk eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak erabaki dute bertan behera uztea 2022ko urtarrilaren 11n sinatu zuten agindua, Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile kontratatuen ikerketa-jarduera ebaluatzeari buruzkoa. Beraz, hura ebatzi eta iraungitzat jotzen da.
Eta adostasunaren erakusgarri, bi aldeek agindu hau sinatu dute, ondorio bakarrerako, sinadura elektronikoaren leku-egunetan, eta azken sinatzailearen data izanen da dokumentu honen formalizazio data.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik, Ramón Gonzalo García.–Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren aldetik, Pilar Paneque Salgado."
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 30ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
Iragarkiaren kodea: F2601546
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
