Iragarkia
31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
182/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 22koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko suhiltzaile-kaboen hogeita hamar plaza, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak.
Apirilaren 30eko 42/2025 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2025eko lan publikoaren eskaintza partzial bat. Foru dekretu hori 2025eko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 8koan, eta bertan, besteak beste, suhiltzaile-kaboen plaza huts batzuk sartu ziren, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak.
Era berean, abenduaren 18ko 146/2025 Foru Dekretuaren bidez, 2025eko enplegu publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, 2023. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari zegokiona. Foru dekretu hori 2025eko 258. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 30ekoan, eta bertan, besteak beste, suhiltzaile-kaboen plaza huts batzuk sartu ziren, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak.
Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 48. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako administrazio publikoen menpeko su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetako langileak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuko arau orokorretan ezarritakoaren menpe egonen dira, baina foru lege horretan ezartzen diren berezitasunak kontuan hartuta.
Bestetik, foru lege horren 54.2 artikuluaren arabera, suhiltzaile-kaboen plaza hutsak kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez beteko dira, Nafarroako edozein administrazio publikotako suhiltzaileen artean. Lehiaketan, Segurtasun Eskolak emanen duen prestakuntza ikastaro bat egonen da. Kategoriaz igotzeko lehiaketa horretan parte hartzeko ezinbesteko baldintza izanen da suhiltzaile gisa gutxienez hiru urteko zerbitzuak egiaz eman direla frogatzea eta C mailara sartzeko eskatzen den titulazioa edukitzea.
Arestian aipatutako 8/2005 Foru Legearen 54.5 artikuluan xedatutakoa betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa ebatzi aitzin, suhiltzaile-kaboen plaza hutsak Nafarroako edozein administrazio publikotan lanpostu hori betetzen duten funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketara aterako dira.
Barneko zuzendari nagusiak maiatzaren 28an emandako 6584E/2025 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-kaboen plaza hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zen. Ebazpen hori 2025eko ekainaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Lekualdatze-lehiaketa tramitazio fasean dagoenez, kategoriaz igotzeko deialdi honetan bete beharreko plazak lekualdatze-lehiaketa horren ondorioz hutsik gelditzen direnak izanen dira.
Aurrekoa kontuan harturik, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko Foru Legearen 54.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, bidezko da deialdi bat onestea, baita haren oinarriak ere, suhiltzaile-kaboen hogeita hamar plaza kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko.
Hautaprobak gainditzen dituzten pertsonak C mailan sartuko dira, suhiltzaile-kabo gisa, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikiko zaizkio.
Horrenbestez, eta erabiliz otsailaren 21eko ko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea, baita haren oinarriak ere, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko suhiltzaile-kaboen hogeita hamar plaza, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak.
Kategoriaz igotzeko lehiaketa honen bidez bete beharreko plazak ebatzi gabe dagoen lekualdatze-lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen direnak izanen dira. Barneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 28ko 6584E/2025 Ebazpenaren bidez egin zen lekualdatze-lehiaketa horretarako deia.
2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
3. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Herritarren Arretarako Bulegoak eta Erregistroak Koordinatzeko Bulegoari, Barne Zuzendaritza Nagusiari eta izendatutako epaimahaikideei.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 22an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Gloria Arancón Largo.
DEIALDIA, KATEGORIAZ IGOTZEKO LEHIAKETAREN BIDEZ BETETZEKO SUHILTZAILE-KABOEN HOGEITA HAMAR PLAZA
Hona hemen deialdia arautuko duten
OINARRIAK
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea da suhiltzaile-kaboen hogeita hamar plaza, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzea. Plazak Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikirik daude.
Deialdi honetan beteko diren plazak maiatzaren 28ko 6584E/2025 Ebazpenaren bidez onetsitako lekualdatze-lehiaketaren tramitazioaren ondorioz bete gabe gelditzen direnak izanen dira. Haien zenbakia eta destinoa plaza hutsak aukeratzeko egintzaren aurretik zehaztuko dira.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozedura arau hauen mende egonen da: uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoa; abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; Lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Lehendakaritza eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Agindua, merezimenduen baremoei buruzkoa; azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretua, arautzen duena nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.
3.–Betebeharrak.
3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartuko duten pertsonek ondoko betebeharrak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta lanpostuaz jabetu arte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotan suhiltzaile lanpostu baterako izendatua izatea eta jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.
b) C maila edo taldekoa izatea.
c) Suhiltzaile lanpostuan gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, Nafarroako edozein administrazio publikotan egiazki egindako zerbitzuak zenbatuta.
d) Bigarren jarduerako lanpostu batean (zerbitzu osagarrietan, alegia) ez aritzea.
e) Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidetzat hartutako beste titulu bat izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea.
3.2. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumezko izangaientzako betebehar espezifikoak:
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumezko izangaiek, 3.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan beharko dute.
4.–Eskaerak eta dokumentazioa.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Administrazioetako langileentzako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.
4.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
4.3.1. Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dituzte, aurreko atalean adierazitako helbidearen bidez, 3. oinarriko e) letran eskatutako titulazio akademikoa dutela egiaztatzen duten agiriak.
4.3.2. Halaber, eskaera online aurkezteko unean, izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dituzte, aurreko atalean adierazitako helbidearen bidez, deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoari jarraikiz alegatzen dituzten merezimenduak frogatzeko agiri eskaneatuak, alegatzen dituzten merezimenduen zerrendarekin batera.
Aurrekoa gorabehera, deialdi honetan parte hartzen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko izangaiek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, hark balora ditzan:
–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuak.
–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nahiz Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen ikastaroak eta hizkuntzen ezagutza frogatzen duten agiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.
4.3.3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumezko izangaiek, izangai guztientzat oro har ezarritakoaz gain, biktimaren izaera frogatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako administrazio publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.
5.–Izangaiak onartzea.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atarian dagoen deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.
5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.
5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atarian dagoen deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.
5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.5. Aurreko ataletan aipatzen diren izangaien behin-behineko eta behin betiko zerrendetan, bai eta hautapen prozeduraren barneko ondorengo jarduketetan ere, gezurrezko izen bat erabiliko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumezko izangaiak identifikatzeko, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.
6.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Osaera.
Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: José Vicente Martínez Martínez jauna, suhiltzaile-ofizialordea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzukoa.
Ordezko epaimahaiburua: Iñaki Elías López jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria, Barne Zuzendaritza Nagusikoa.
Epaimahaikidea: Luis Felipe Saenz Martínez jauna, suhiltzaile-sarjentua, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzukoa.
Ordezko epaimahaikidea: Alberto Garde Sesma jauna, Prebentzio, Ikuskapen eta Zabalkunde Ataleko burua, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzukoa.
Epaimahaikidea: Joaquín Aranzadi Ayarra jauna, suhiltzaile-sarjentua, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzukoa.
Ordezko epaimahaikidea: Mikel Miren Oiaga Artajo jauna, suhiltzaile-ofizialordea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzukoa.
Epaimahaikidea: Iñaki Jordana Ruiz jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.
Ordezkoa: Pablo Arrastia Martínez jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.
Idazkaria: María Teresa Osta Peteiro andrea, Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Ataleko burua, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzukoa.
Ordezko idazkaria: María del Puy Armañanzas Pagola andrea, Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoko burua, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzukoa.
6.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, baldin gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
Behin kalifikazio epaimahaia eratua denean, baldin epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badaude edo haien aldi baterako absentzia justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.
6.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.–Kategoriaz igotzeko lehiaketako elementuak.
7.1. Epaimahaiak ondoko elementu hauek baloratuko ditu kategoriaz igotzeko lehiaketan:
a) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.
b) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere hamabost (15) puntu.
c) Merezimenduak:
–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.
–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.
–Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei koma berrogeita hamar (26,50) puntu.
Euskararen ezagutza baloratuko da plazak kokatuta dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauen arabera:
a) Eremu euskaldunean: 11,5 puntu gehienez.
b) Eremu mistoan: 6,9 puntu gehienez.
7.2. Proba praktikoa, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz.
Lehenbiziko proba izanen da, gehienez ere 25 puntu emanen ditu eta baztertzailea izanen da.
Proba praktikoa 2026ko maiatzetik aurrera izanen da.
Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean proba praktikoa egiteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.
Proba praktikoak bi ariketa izanen ditu, eta biak egun berean eginen dira:
7.2.1. Lehen ariketa:
Gehienez ere bi orduan, test motako 40 galderari –gehienez ere– erantzun beharko zaie idatziz. Galderak ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoak izanen dira. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.
Ariketa honetan gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dira.
Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Proba egiteko denbora hura hasi baino lehen zehaztuko du epaimahaiak.
Ariketa egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu elektronikorik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.
7.2.2. Bigarren ariketa:
Epaimahaiak proposatutako kasu praktiko operatibo bat edo zenbait garatu eta ebatzi beharko dira idatziz. Helburua da izangaiaren gaitasuna baloratzea suhiltzaile-kaboen lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz, bereziki suhiltzaileen lanpostuaren berezko eginkizunak behar bezala betetzen direla gainbegiratzekoa.
Ariketa hau egiteko bi ordu izanen dira gehienez.
Ariketa honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez 7,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Ariketa egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu elektronikorik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.
Ariketa plika sistemaren bidez eginen da.
7.3. Proba psikoteknikoa.
Galdetegi batzuk bete beharko dira izangaien nortasun orokorra eta lanerako gaitasunak eta/edo trebetasunak ezagutzeko, eta elkarrizketa pertsonalak eta/edo talde-lanekoak eginen dira; haien bidez zehaztuko da izangaiak zenbateraino diren egokiak lanpostuaren profil profesiografikoak eskatzen dituen ezaugarrietarako.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko talde berberak eginen die proba hori izangai guztiei. Talde horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Ez da baztertzailea izanen eta 0tik 15 puntura baloratuko da.
Proba praktikoa gainditu dutenen artean, puntuaziorik onena lortu duten 60 izangaiak baino ez dira onartuko proba hau egiteko. 60. postuan puntuazio bera duten izangai bat baino gehiago badaude, guztiak onartuko dira probara. Gainerako izangaiak deialditik baztertuta geldituko dira.
7.4. Merezimenduak.
Lanpostuaren eginkizunei eta edukiei buruzko proba praktikoa gainditzen duten lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduak baizik ez ditu baloratuko epaimahaiak.
Alegatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
Merezimendu horiek frogatzeko agiriak telematika bidez aurkeztuko dira online eskaeran, 4.2 oinarrian adierazitako helbidearen bitartez, eta, horiekin batera, zerrenda bat aurkeztuko da, adieraziz zer merezimendu alegatzen diren.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio altuagorik eman apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduez.
8.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta plaza hutsak hautatzea.
8.1. Lehiaketako elementuen balorazioa bukatu ondoren, epaimahaiak izangaiek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren atarian dagoen deialdiaren web-fitxan, izangai bakoitzak guztira lortu duen puntuazioa ezartzeko, eta bost egun balioduneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena erreklamatu edo alega dezaten balorazio horri buruz.
Lehiakideek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, lehenik eta behin, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena aitorturik dutenen alde joko da. Bigarrenik, lehiakide zaharrenaren alde joko da.
Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, epaimahaiak lehiaketako elementuen gaineko behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu deialdiaren web-fitxan, Nafarroako Gobernuaren atarian.
8.2. Plaza hutsak hautatzea.
Plaza hutsak hautatzeko egintza prestakuntza ikastaroaren aurretik eginen da, horrela zehazki jakinen baita nor sartuko den bete beharreko lanpostuetan.
Hautaprobak gainditu eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumezko izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko.
Barne Zuzendaritza Nagusiak plaza hutsak hautatzeko deia eginen du, hautaketa egiteko epea ezarriz. Horretarako, argitara emanen ditu hautatzeko dauden plaza hutsen zerrenda eta hautaketara deitutako izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera antolatuta, eta kontuan hartuko da euskarak, merezimendu gisa, balorazio desberdina duela bete beharreko plaza hutsen arabera.
Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.
Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barnean, suhiltzaile-kaboen zer plaza huts nahiago duten.
9.–Prestakuntza ikastaroa.
9.1. Behin plaza hutsak aukeraturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio prestakuntza ikastaroan onartu diren izangaien zerrenda. Onartutako izangaien kopurua ezin da izan deialdiko plaza hutsen kopurua baino handiagoa. Zerrenda hori ere deialdiaren web-fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren atarian.
Horrekin batera, eta aldi berean, epaimahaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari behar den komunikazioa igorriko dio, hark zehaztu ditzan prestakuntza ikastaroa hasteko eguna, ordua, tokia eta bestelako jarraibide batzuk.
9.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikiko dizkio.
Ikastaroak iraun bitartean, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikitako izangaiek dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, indarreko araudiarekin bat.
9.3. Prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, baztertzailea izanen da eta Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz arautuko da.
Ikastaroaren kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da.
Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzat.
Ezin dira izendatu "ez gai" kalifikazioa lortzen dutenak.
Prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak izangaien kalifikazioen zerrenda igorriko dio epaimahaiari, prestakuntza ikastaroan "gai" kalifikazioa lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena egin dezan.
Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du hautapen prozeduran jarraitzeko eskubidea galtzea. Hori gertatuz gero, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio berehala.
9.4. Kalifikazio epaimahaiak izangaiek prestakuntza ikastaroan erdietsitako kalifikazioak jaso eta espedientean bilduko ditu, gainditu dutenen zerrenda onetsiko du (hautapen prozesuan ateratako guztirako puntuazioaren arabera) eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio izendapen proposamena.
Proposamen hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, 11. oinarrian jasotakoarekin bat, eta izangaiei eskatuko zaie beharrezkoa den dokumentazioa aurkez dezatela.
10.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
10.1. Izendapena.
Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, suhiltzaile-kabo izendatuko ditu kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditu duten izangaiak, eta plaza hutsak esleituko dizkie.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.2. Jabetza hartzea.
Izendatutako izangaiek izendapen ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute esleitutako plazez, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
Behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez dutenek suhiltzaile-kabo lanpostuan aritzeko eskubidea galduko dute.
Izendapenak funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapen aplikagarrietan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak emanen dizkie.
Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak diren lehiakideek parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, lehiakideek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei eta balorazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, helbide honetan argitaratuko da: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, "Administrazioetako langileentzako deialdiak" atalean, deialdi honi dagokion fitxan.
12.–Errekurtsoak.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu, gehienez.
1) Edozein administrazio publikotan, deialdian eskatzen den maila/talde eta titulazioko lanpostuetan egindako zerbitzuak: Urte bakoitza: 1,50 puntu.
2) Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: Urte bakoitza: 0,37 puntu.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
3. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, kontatuko dira egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala.
B) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu, gehienez.
1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.
2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko (1) balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei hamabi (12) kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta ez bete erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatutakoak.
5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak.
2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den, eta biltzarra edo argitalpena zer mailatakoa den: tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.
3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: 2 puntu, gehienez, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.
4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: 4 puntu, gehienez.
5) Doktore, lizentziadun edo gradudun titulua edo titulu baliokidea, deialdian eskatutako titulazioaren gainean: 2 puntu, gehienez.
6) Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, bekak edo prestakuntza-egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan: 4 puntu, gehienez.
Oharrak B) atal osorako:
1. Atal honetan, deialdiaren xede den lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baino ez dira baloratuko. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko eta gora egiteko gaikuntza ikastaroak.
2. Gehienez ere 25 puntu emanen dira B) atal honetan.
C) Hizkuntzak jakitea: 26,50 puntu, gehienez.
–Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 5 puntu, gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.
Frantsesa, ingelesa edo alemana merezimendu gisa baloratuko dira plantilla organikoan hala ezarria daukaten plazetan.
–Aurreko atalean ezarritakoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauei jarraikiz:
a) Eremu euskaldunean: 11,5 puntu gehienez.
b) Eremu mistoan: 6,9 puntu gehienez.
Eremu mistoan euskara merezimendu gisa baloratuko da plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.
Oharrak C) atal osorako:
Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.
Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5 (edo baliokideak).
Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.
II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1. gaia.–Lana eta osasuna.
1. Oinarrizko kontzeptuak.
2. Prebentzio ekintzaren printzipioak.
3. Arriskuen ondorioak.
3.1. Laneko istripua.
3.2. Lanbide gaixotasuna.
4. Erreferentziako arau-esparrua laneko arriskuen prebentzioan.
4.1. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.
4.2. Europar Batasunaren zuzentarauak.
4.3. Oinarrizko legedi aplikagarria.
5. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea suteen prebentzio eta itzaltze zerbitzuetan.
6. Lan baldintzak hobetzeko prebentzio teknikak identifikatzea.
7. Prebentzioaren antolaketa egitura.
7.1. Langile bat edo batzuk izendatuz.
7.2. Prebentzio zerbitzu propioa eratuz.
7.3. Kanpoko prebentzio zerbitzu bat edo batzuk kontratatuz.
7.4. Prebentzio zerbitzu mankomunatua eratuz.
8. Kanpoko ebaluazioa edo auditoretza.
2. gaia.–Arriskuen ebaluazioa eta arrisku faktoreak.
1. Arriskuen ebaluazio motak.
2. Arriskuen ebaluazioaren faseak.
2.1. Laneko jardueren sailkapena.
2.2. Arriskuen azterketa.
3. Arrisku faktoreak.
3.1. Segurtasun faktoreak edo baldintzak.
3.2. Faktore higienikoak.
3.3. Arrisku ergonomikoak eta psikosoziologikoak.
3. gaia.–Langileentzako informazioa eta prestakuntza.
1. Informazioa.
2. Prestakuntza.
4. gaia.–Langile publikoen parte-hartzea.
1. Langileak.
2. Prebentzio delegatuak.
3. Segurtasun eta Osasun Batzordea.
4. Enpresaburua.
5. Erdi mailako kargudunak.
6. Prebentzio baliabidea (94/2013 POT prebentzioko ohar teknikoa, INSHT Laneko Segurtasun, Osasun eta Ongizateko Institutu Nazionalarena).
5. gaia.–Suteen prebentzio eta itzaltze zerbitzuetako langile operatiboen arriskuen ebaluazioa.
1. Eredua.
1.1. Zer ebaluatu.
1.2. Arriskuen sailkapena eta identifikazioa.
1.3. Ebaluazioa eta kontrol plana.
2. Ebaluazioa.
2.1. Entitatearen identifikazioa.
2.2. Zerbitzuaren informazio orokorra.
2.3. Prebentzio sistemaren diseinua.
6. gaia.–Esku-hartzearen legezko alderdiak.
1. Suhiltzailea ikuspuntu juridikotik.
2. Erantzukizuneko hiru arlo.
2.1. Erantzukizun administratiboa edo diziplinakoa.
2.2. Erantzukizun zibila edo ondarekoa.
2.3. Erantzukizun penala.
3. Jarduketa profesionalaren betebeharrak.
3.1. Ezagutzeak jardutera behartzen gaitu, ahal den guztietan.
3.2. Aginduak betetzea.
3.3. Sorospen-eginbeharra ez betetzea eta laguntza ukatzea.
3.4. Justizia Administrazioarekiko harremana.
3.5. Zerbitzua bertan behera uztea.
3.6. Salgai arriskutsuak tartean dituzten istripuen berri ematea.
3.7. Frogak eta zantzuak gordetzea eta horien gaineko txostenak egitea.
4. Erantzukizunetik salbuesten dutenak.
4.1. Bidezko defentsa.
4.2. Beharrizan egoera.
4.3. Eginbeharra betetzea.
5. Delituzko jokabideak esku-hartzean.
5.1. Esku-hartzearen ondorioz eragindako kalteak.
5.2. Laneko istripuak.
5.3. Bizilekua bortxatzea.
5.4. Sekretuak ezagutarazi eta agerraraztea.
5.5. Segurtasuna trafikoan.
7. gaia.–Erdi mailako karguduna.
1. Kargudunaren beharra.
2. Kargudunaren kontzeptua eta motak.
3. Erdi mailako kargudunaren misioa eta eginkizunak.
4. Kargudunaren balioak, eskumenak eta ezaugarriak.
4.1. Balioak.
4.2. Eskumenak.
4.3. Ezaugarriak.
5. Zuzendaritzarako trebetasunak eta estiloak.
5.1. Lidergo autokratikoa.
5.2. Lidergo burokratikoa.
5.3. Lidergo karismatikoa.
5.4. Lidergo parte-hartzailea edo demokratikoa.
5.5. Laissez-faire lidergoa.
5.6. Pertsonengana edo harremanetara bideratutako lidergoa.
5.7. Lidergo naturala.
5.8. Zereginera bideratutako lidergoa.
5.9. Lidergo transakzionala.
5.10. Lidergo transformatzailea.
6. Zailtasunak kargua betetzean.
6.1. Rol gatazkatsuak.
6.2. Rolaren anbiguotasuna.
6.3. Lan-gainkarga.
6.4. Besteek egindakoaren erantzukizuna.
7. Eskuordetzea eta ahalduntzea.
7.1. Eskuordetzea.
7.2. Ahalduntzea.
8. gaia.–Talentuaren kudeaketa eta aldaketaren kudeaketa. Paradigma berriak larrialdi zerbitzuetan.
1. Talentuaren kudeaketa.
2. Aldaketaren kudeaketa.
9. gaia.–Erabakiak hartzea.
1. Prozesuaren definizioa.
2. Erabakien sailkapena.
2.1. Erabakiak ukitzen duen antolaketa-mailaren arabera.
2.2. Erabakiaren aplikazio-eremuaren arabera.
2.3. Antolaketan duen eraginaren arabera.
3. Suhiltzaile kargudunek larrialdietan erabakiak hartzeko ereduak.
3.1. Intuizio metodoa.
3.2. Arrazoitze metodoa.
4. Efizientzia, larrialdietan hartzen diren erabakietan - Protokoloak eta prozedurak.
5. Erabakiak hartzea errazten duten tresnak.
5.1. AMIA analisia.
5.2. Ideia jasa (brainstorminga).
5.3. Kausa-efektu diagrama (arrain-hezurra).
5.4. Erabaki-zuhaitza.
5.5. Erabakiak hartzeko prozedura lineala.
5.6. Erabakiak hartzeko prozedura arrazoitua.
ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOA
Suhiltzaileentzako prestakuntza libreko eskuliburuak. Guadalajarako CEIS partzuergoaren web-orrian daude argitaraturik (http://www.ceisguadalajara.es/category/documentacion/). Agiri guztiak BY-NC-SA motako Creative Commons lizentzia batekin babestuak daude. Hortaz, zilegi da eskuliburu horiek kopiatzea, banatzea, komunikatzea eta eraldatzea, betiere egilea aipatzen bada (Guadalajarako CEIS eta laguntzaileak), helburu komertzialetarako erabiltzen ez badira eta testuak edo horren eraldaketak konpartitzen badira lizentzia hori bezal-bezalako baten bidez.
Iragarkiaren kodea: F2601053
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
