Iragarkia
31. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
13/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 20koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko osasun publikoko goi mailako teknikarien plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautapen proben bidez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.
Apirilaren 30eko 43/2025 Foru Dekretuaren bidez, 2025. urteko enplegu publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetarako, zehazki, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2025era arte luzatu den 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasa espezifikoari dagokio.
Ikusi da Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuak eginiko proposamena, osasun publikoko goi mailako teknikarien plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.
Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren bidezGarapenerako emandako ahalmenekin,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea, batetik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko osasun publikoko goi mailako teknikarien plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautapen proben bidez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.
2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedaturikoarekin bat.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 20an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, María Ángeles Nuin Villanueva.
I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdiko plazak.
Deialdi honen xedea da osasun publikoko goi mailako teknikarien plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Enplegu publikoaren eskaintzan dago jasota, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan du destinoa, eta plazaren zenbakia 73093 da.
1.2. Plazen banaketa txandaka.
Deialdiko plaza txanda irekian eskaintzen da, bat etorriz Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako plazak betetzeko arauak ematen dituen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako txanda banaketarekin:
Deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak txanda irekian onartuko dira, baldin eta azkeneko txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte, eta, betiere, kontrakoa adierazten ez badute.
1.3. Deialdi honen xedea da, halaber, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bidez izangaien zerrendak osatzea, izangai horiek NOPLOIn osasun publikoko goi mailako teknikarien lanpostuetan aritzeko, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez.
1.4. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:
–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duena.
–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.
–111/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan osasun arloko A mailako langileen lanpostuetan (A.1 eta A.2 estamentuak) sartzeko eta lanpostu horiek betetzeko prozedurak (I. eranskina), eta ezartzen baitira horietan aplikatu beharreko baremoak.
–97/2024 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duena.
–7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko ezohiko eta premiazko neurriak onesten dituena.
–Gainerako arau osagarriak.
1.5. Publizitatea.
Deialdi hau eta haren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:
–Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (aurrerantzean, NOPLOI) iragarki-taulan (Leire kalea 15).
–NOPLOIren web-orrian (https://empleosalud.navarra.es/eu/), "Oposizioak" atalean, "Osasun arloko kategoriak", "Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua". Hautatu "osasun publikoko goi mailako teknikaria. Oposizio-lehiaketa (2025eko enplegu publikoaren eskaintza berezia)". Argitalpen hau informatiboa izanen da.
1.6. Lanpostuaren sailkapena.
Deialdiko lanpostua A maila edo taldekoa da, eta honela dago sailkatua estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenean: "Beste fakultatibo sanitario batzuk" estamentua eta "goi mailako tituludunak" espezialitatea (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzkoa. Eranskina).
1.7. Ordainsariak.
Lanpostuaren ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.
1.8. Lanaldia.
Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
Dedikazio esklusiboaren araubidean eginen dira zerbitzuak, hau da, prestasun osoz eta erabateko dedikazio absolutua izanda, irabazizko beste inolako jardueratan aritzeko aukerarik gabe, ez sektore publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3 artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.
Orobat, lanpostuan egin beharreko guardiak eta/edo guardia lokalizatuak egin beharko dituzte, zentroko zuzendaritzak edo, hark eskuordetuta, dagokion burutzak hori agintzen duenean.
1.9. Irakaskuntza.
Hala agintzen baitu azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.
1.10. Hizkuntzak.
Nafarroako edozein administrazio publikotan euskara edo hizkuntza komunitarioren bat jakin beharra duten plazetan sartzen direnek, geroago, beren administrazio publikoko beste plaza huts batzuk betetzeko prozesuetan parte hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta horietan aritzeko hizkuntza hori nahitaez jakin behar bada. Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan plaza bat eskuratzeko.
2.–Betebeharrak.
2.1. Izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko:
2.1.1. Txanda irekia.
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa.
Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Osasun arloko edozein lizentziaren titulua izatea, Osasun arloko Lanbideen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 6. artikuluan jasotakoari jarraikiz.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.
f) Bat etorriz Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.
g) B motako gidabaimena edukitzea.
h) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera ingeleseko B2 maila egiaztatzen duen egiaztagiria izatea.
2.1.2. Igoera txanda.
Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea (funtzionarioa, estatutupekoa edo lan-kontratudun finkoa) eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona deialdia egin duen administrazio bereko beste plaza finko edo aldi baterakoren batean ari bada lanean.
b) Deialdiko lanpostuaren maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.
c) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den titulazioa izatea eta gutxienez bost urteko antzinatasuna aitorturik izatea administrazio publikoetan.
d) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera ingeleseko B2 maila egiaztatzen duen egiaztagiria izatea.
2.2. Euskaraz jakitea derrigorrezkoa den plazetan sartzeko, beharrezkoa den ezagutza maila izan behar da.
Ezagutza maila hori frogatzeko, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera dagokion titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da; zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).
2.3. Kasu guztietan, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte betebehar horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segitu, harik eta izendatzen dituzten arte.
3.–Eskaera, tasak eta dokumentazioa.
3.1. Inskripzioa egiteko epea.
Inskripzio-eskaera aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Inskripzio-eskaera eta ordainketa telematika bidez eginen dira, NOPLOIren enplegu publikoaren web-orriaren bidez (www.empleosalud.navarra.es/eu/), esteka honetan: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "NOPLOI", "Osasun publikoko goi mailako teknikaria. Oposizio-lehiaketa (2025eko LPEa)", eta "Inskripzioa" sakatuta.
%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan edo bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak.
Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da telematikoki. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:
a) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiak.
b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.
Salbuespen hori egiaztatzeko baimena ematen ahal zaio NOPLOIri, dagokion erakundeari egin diezaion kontsulta. Kontsulta hori egiteko baimenik ematen ez badute, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.
c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan bakar-bakarrik parte hartzea eskatzen dutenak.
3.4. Inskripzio-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Inskripzio telematikoa egiteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, kasuaren arabera:
–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute, eta langabezia-egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.
–Deialdian igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak baldin badira, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, hauek guztiak jasotzen dituena: zer araubide juridiko duten, zer egunetan izendatu edo kontratatu zituzten, aitortua duten antzinatasuna, zer maila edo taldetakoak diren eta zer administrazio-egoeratan dauden.
–%33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:
a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diena, hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
c) Organo eskudunari %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortzeko eskatu diotela frogatzen duen agiria. Betiere, aitorpen hori lortu beharko da, modu frogagarrian, deialdi honetan plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epea ireki baino lehen. Bestela, interesdunak galduko ditu txanda horretan parte hartzearekin lotutako eskubide guztiak, hots, %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortua dutenentzako erreserba txandaren bidez parte hartzearekin lotutako eskubide guztiak.
%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, komenigarritzat jotzen dituzten agiriak aurkezten ahalko dituzte egokitzapenak justifikatzeko.
–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izaera hori frogatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako administrazio publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, NOPLOIko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuko buruak ebazpen bat emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.
4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, eta, akatsik egin badute, zuzendu. Telematikoki egin beharko dute, deialdiaren web-orriaren bidez.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, NOPLOIko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuko buruak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko.
Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ebatzitzat joko dira aurkeztutako erreklamazioak.
4.4. Izangairen bat baztertzen bada berari egotz dakiokeen arrazoi bategatik, ez zaio azterketa-eskubideengatik ordaindutako tasa itzuliko.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen interesdunei onartzea ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betebeharrak betetzen dituztela. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.6. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketako plazak bete gabe gelditu direla adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia ebazpen bidez izendatuko da, izangai onartuen behin betiko zerrenda onestearekin batera:
Epaimahaiburua: Isaías Bautista Sanz jauna.
Ordezko epaimahaiburua: Raúl González Alvarado jauna.
Epaimahaikidea: Nerea Álvarez Arruti andrea.
Ordezko epaimahaikidea: José Ignacio Ibáñez Salvatierra jauna.
Epaimahaikidea: Concepción Moreno Iribas andrea.
Ordezko epaimahaikidea: Marcela Guevara Eslava andrea.
Epaimahaikide idazkaria: Daniel Zoco Lampreave jauna.
Ordezko epaimahaikide idazkaria: Miguel Asurmendi Salvide jauna.
NOPLOIko langileen ordezkariek izendaturiko epaimahaikideak adieraziko dira izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera.
Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bertan izan gabe kideen gehiengo osoa, gutxienez. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen arazo guztiak.
5.3. Epaimahaiak NOPLOIn izanen du egoitza: Leire kalea 15, 31003 Iruña.
5.4. Epaimahaiak adituei deitzen ahalko die, aholkularitza eman diezaioten ebazpen honetan jasotako gaiei buruz.
6.–Oposizioaren eta oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizioa 2026ko ekainetik aurrera hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zer toki, egun eta ordutan izanen den.
6.2. Oposizioaldia eta balorazioa:
6.2.1. Oposizioaldian proba hauek egin beharko dira:
a) Proba teoriko-praktikoa, test motakoa; aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, III. eranskineko gai zerrendarekin lotutako gaiei buruz, eta erantzun zuzena bakarra izanen da.
Erantzun okerrak zigortuko dira.
Proba hasi baino lehen zehaztuko du epaimahaiak zenbat galdera izanen diren, zer penalizazio izanen duten erantzun okerrek eta probak zenbat iraunen duen gehienez.
b) Deialdi honen xedeko lanpostuaren jardunarekin zerikusia duten test motako kasu praktiko batzuen proba (III. eranskina). Kasu praktiko horiek epaimahaiak zehaztuko ditu eta kasu berak izanen dira izangai guztientzat.
Proba hasi baino lehen jakinaraziko du epaimahaiak zenbat kasu praktiko diren, zein izanen den horiek ebazteko gehieneko denbora eta, hala badagokio, kasu bakoitzari esleituko zaion gehieneko puntuazioa.
Bi probak egun berean eginen dira, bata bestearen ondotik.
6.2.2. Oposizioaldia honela baloratuko da:
Lehen proban gehienez ere 30 puntu emanen dira. Gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.
Bigarren probak 30 puntuko balorazioa izanen du, gehienez ere, eta baztertuta geldituko dira gutxienez 15 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Ariketa hau ez zaie baloratuko aurreko proban bazterturik gelditu diren izangaiei.
6.2.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena.
Agertzen ez dena baztertua geldituko da oposizioalditik, eta, beraz, lehiaketatik.
6.2.4. Prozesu honetan, probak egiteko behar dituzten egokitzapenak ezarriko zaizkie desgaitasuna duten izangaiei, baldin eta eskatu badituzte prozesuan parte hartzeko eskaeran, eta, betiere, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.
6.2.5. Ariketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du alegazioak bide telematikoz aurkezteko.
Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu oposizioaldiko behin betiko puntuazioak.
6.3. Oposizio-lehiaketa fasea.
6.3.1. Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.
Merezimendu guztiak telematika bidez aurkeztu beharko dituzte oposizioaldia gainditu duten izangaiek, deialdiaren baremoan adierazitako atalak kontuan hartuta, www.empleosalud.navarra.es/eu/ web-orriko esteka honetan: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "NOPLOI", "Osasun publikoko goi mailako teknikaria. Oposizio-lehiaketa (2025eko LPEa)", eta "Inskripzioa" sakatuta.
Merezimenduak aurkezteko, hamar egun balioduneko epea izanen da, oposizioaldiko behin betiko emaitza argitaratzen denetik.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Salbuespenez, jatorrizko agiriak eskatzen ahalko dira.
Ez dira merezimendu hauek aurkeztu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, balorazioa egin dezan:
–Nafarroako Gobernu osoan egindako zerbitzuak.
–Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratu dituztelako eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko deialdien datu basean daudelako.
6.3.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).
Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu eskuratzen ahalko dira.
Aurrekoaz gain, eta plazen destinoa zer eremutan dagoen, euskararen ezagutza baloratuko da II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Balorazio horretatik kanpo geldituko dira euskara jakitea nahitaezkoa duten plazak.
6.3.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.
6.3.4. Merezimenduen baremoaren 1. atala baloratzean, kontuan hartuko da deialdiko lanpostua sailkaturik dagoela "Beste fakultatibo sanitario batzuk" estamentuan eta "Goi mailako tituludunak" espezialitatean, estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenari jarraikiz (urriaren 20ko 1/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzkoa. Eranskina).
Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:
–Lantokia.
–Estamentua eta/edo espezialitatea.
–Egindako zerbitzuen iraupena, zer egunetatik zer egunetara adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.
Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, ziurtagiri horretaz gain, aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan bizitzaren txostena.
6.3.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiek aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.
Baldin eta merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.
6.3.6. Lehiaketaldia bukaturik, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta bost egun balioduneko epea irekiko da alegazioak bide telematikoz aurkezteko.
Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lehiaketaldiko behin betiko puntuazioak.
7.–Oposizio-lehiaketaren azken puntuazioa.
Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.
Azken puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duenak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, deialdi honen II. eranskineko baremoaren atalen hurrenkerari jarraikiz guztira puntuazio handiena lortzen duenari emanen zaio lehentasuna.
Berdinketak badirau, azpiatalen hurrenkerari jarraikiko zaio.
Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, deialdiaren web-orrian, prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran, eta deialdiko plaza kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari.
8.–Zentroa hautatzea eta esleitzea.
8.1. Destinoko zentroaren hautaketa eta esleipena eginen da izangaiak izendatzeko proposamena argitaratu baino lehen, izangaiek egindako eskaeren arabera, parte hartzeko txanda eta lortu duten ordena kontuan hartuta, eta, betiere, plaza horietan sartzeko oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
8.2. Lehenik eta behin, desgaitasun-txandan parte hartzen dutenek aukeratuko dute; ondoren, igoera txandan parte hartzen dutenek, eta, azkenik, txanda irekian parte hartzen dutenek.
Nafarroako Foru Komunitateak onetsitako araudiaren arabera egiten diren sarrera deialdietan, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua duten izangaiek eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, plaza lortuz gero, edozein txandatan parte hartuta, eta izaera hori frogatzen badute, lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko orduan, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena.
8.3. Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu plaza batean edo bestean jarduteko, plazak hautatzen hasi aurretik, egokiena esleituko zaio, horren gainean egiten den txostena aztertu eta gero.
8.4. Honako hau izanen da hautaketa egiteko prozedura:
–Hautaketa egin baino lehen, hautatu dezaketen izangaien zerrenda eta aukeratzen ahal dituzten zentroen eta plaza zenbakien zerrenda argitaratuko dira. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.
–Parte-hartzaileek telematika bidez eginen dituzte eskaerak, deialdiaren web-orriaren bidez, hamar egun balioduneko epean, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaera horietan, hautatu nahi dituzten plazak zerrendatu beharko dituzte, lehentasunaren arabera ordenatuta.
8.5. Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du plazak hautatzeko eta esleitzeko egintza, eta horren emaitzaren berri emanen du deialdiaren web-orriaren bidez.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Administrazio organo eskudunak behar den izendapen proposamena eginen du plaza egokitu zaien izangaien alde. Proposamen hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.
9.2. Proposamena argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiek kasu bakoitzerako adierazten diren agiri hauek helarazi beharko dizkiote NOPLOIko Profesionalen Atalari, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.
9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak ez diren izangaien kasuan:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta lanpostuari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.
f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
g) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari.
9.2.2. Desgaitasuna duten pertsonen txandan parte hartzen duten izangaiek, gainera, balorazio eta orientazio talde eskudunek emaniko frogagiri bat aurkeztu beharko dute, zehazten duena desgaitasun gradua zenbatekoa den eta desgaitasuna deialdiko lanpostuaren eginkizun eta zereginekin bateragarria dela.
9.2.3. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak diren izangaiek, aurrekoaz gain, 3.4 oinarrian agertzen den ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko dute.
9.2.4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak diren izangaiek 9.2.1.b), e) eta g) ataletan adierazitako agiriak soilik aurkeztu beharko dituzte.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Salbuespenez, jatorrizko agiriak eskatzen ahalko dira.
10.–Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Administrazio organo eskudunak, ebazpen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta plaza hutsak esleituko dizkie.
10.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Nafarroako administrazio publikoetako edozein montepioren eskubide pasiboen araubidean afiliatuta daudenek aukeran izanen dute Administrazioari dagokion montepioan jarraitzea edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
10.3. Izendapena edo, hala badagokio, kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.
Izendapen ebazpenean ezartzen den egunean hartuko dute plazen jabetza hautatutako pertsonek, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
10.4. Jabetza hartzen ez dutenek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario bihurtzeko edo langile lan-kontratudun finko gisa kontratatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte.
10.5. Deialdiko plazak beteko direla ziurtatzeko, izangairen batek uko egiten badu, baldintzak betetzen ez baditu, dagokion epean eta moduan plaza aukeratzen ez badu edo izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu, administrazio organo eskudunak plaza hutsak beteko ditu prozesua gainditu dutenen zerrendan jarraian agertzen diren izangaiekin.
Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hautaketa. Beraz, funtzionario edo kontratatu berriei egoera horien ondoriozko plazak esleituko zaizkie.
10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko bete gabe gelditu direla oposizio-lehiaketako plazak. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.7. Errekurtsoren bat jartzen bada deialdi honen aurka edo oposizio-lehiaketaren garapenaren edo ebazpenaren aurka, oposizio-lehiaketa ez da irmoa izanen harik eta errekurtsoak ebazten diren arte.
11.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak prestatzea.
11.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatzeko eta gero horiek kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo zerrendek indarra hartzeko unean indarrean den foru aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko (2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa).
11.2. Kontrataziorako zerrenda motak.
Aldi baterako kontrataziorako bi zerrenda mota eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.
11.3. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.
Ezin dute aldi baterako kontrataziorako zerrendetan izena eman kategoria horretan berean plaza finkoren bat jabetzan dutenek.
11.4. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.
Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, hamar egun balioduneko epea izanen da, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Telematikoki eginen da, dagokion kategoriara sartuz esteka honen bidez:
https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion
11.4.1. Titulazioa.
Aldi baterako kontrataziorako zerrendan onartua izateko, frogatu beharko da baduela deialdian eskatzen den titulua.
Izangaiaren titulazioa gure datu baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaio, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea. Bestela, erantsi egin beharko da.
Nahi duenak baimena ematen ahal dio kontratazioa kudeatzen duen zentroari bere titulazioa kontsultatzeko, Hezkuntza Ministerioko Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan ez baita ministerio horretan agertzen.
11.4.2. Egindako zerbitzuak.
Oposizioaldia gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Izangaiak ikusten badu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez ditu berriz erantsi beharko.
–Zerbitzuak Nafarroako Gobernuan eta/edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar egiaztatzeko, ofizioz aurkeztuko baitu NOPLOIko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuak.
–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Gobernutik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak egindako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagiri horietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, zer egunetatik zer egunetara adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.
11.4.3. Kontratazio zerrenden esparruak eta motak aldatzea.
Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) eta esparruak aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.
11.4.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.
Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematikoki eginen da.
Izangaiek, hala nahi badute, eskatzen ahalko dute deitu diezaietela bakarrik lanaldiaren %50eko edo gutxiagoko kontratazioak eskaintzeko.
Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.
11.5. Euskara.
Aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaiek noiznahi egiaztatzen ahalko dute euskararen ezagutzaren baldintza betetzen dutela, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.
11.6. Desgaitasuna duten pertsonak.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.
Desgaitasun-egoera noiznahi egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.
Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Frogagiri hori ofizioz eginen dute balorazio- eta orientazio-talde eskudunek.
11.7. Indarra hartzea.
Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute plaza eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.
12.–Zerrendak prestatzea aldi baterako barne igoerarako, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.
12.1. Aldi baterako barne igoerarako zerrendak prestatzeko eta ondoren kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako plazak betetzeko arauak ematen baititu, bai eta zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.
12.2. Zerrenda horietan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta kontratazioa egin arte mantendu: NOPLOIko langile finkoa izatea, osasun publikoko goi mailako teknikari lanpostuari dagokion maila-taldetik edo kategoriatik beheragoko batean sailkatua egotea, eta lanpostu horretan aritzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren titulazio baldintzak eta gainerakoak betetzea.
Zerrenda horretan sartzeko, beharrezkoa izanen da deialdiaren oinarrietan oposizioaldirako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 baino gehiago lortu izana.
Oposizio-lehiaketaren azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak prestatuko dira mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, hura hausteko kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.
Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendek indarra hartuko dute plaza eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.
13.–Errekurtsoak.
Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin, eta aintzat hartuz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez egindako eskumenen eskuordetzea.
Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra, zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
1. atala.–Egindako zerbitzuak.
Honako hauek baloratuko dira:
1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.
1.2. Edozein administrazio publikotan, beste estamentu eta espezialitate batean egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.
1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.
Egindako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.
Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraituko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.
Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.
Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.
Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin diren lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.
Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.
Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.
2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta hizkuntzak.
Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin eta aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.
2.4, 2.6 eta 2.8 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak badira ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.
Akta-liburuetan edo abstractetan jasotzen diren komunikazioak, posterrak eta txostenak ez dira argitalpentzat hartuko.
2.1. Hirugarren zikloko ikasketak.
a) Ikerkuntzako masterra edo ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.
b) Doktore gradua: 2,5 puntu.
c) Cum laude: 0,5 puntu gehituko dira.
a) eta b) ataletan jasotako puntuazioak bateraezinak dira.
2.2. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza-jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa-kreditu bakoitzeko, 0,025 puntu.
Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.
Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; eta ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.
Zatikiak hainbanatuko dira.
Honako arlo hauetako prestakuntza baloratuko da: laneko arriskuen prebentzioa, informatika, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, genero-indarkeria eta/edo osasuna eta generoa ardatz duen berariazko prestakuntza edo prestakuntza sektoriala.
Atal honetan, erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barnean antolatutakoak.
Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.
Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.
2.3. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:
–Nazioartean: lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.
–Estatuan: lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.
–Autonomia erkidegoetan: lehen hiru sinatzaileak: 0,05 puntu. Hurrengo hirurak: 0,025 puntu.
Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.
Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
2.4. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:
–Nazioartekoak: 1 puntu.
–Estatukoak: 0,5 puntu.
–Autonomia erkidegoetakoak: 0,25 puntu.
Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
2.5. ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak, inpaktu-faktorearen (IF) arabera, Journal Citation Reports-ek jasotakoari jarraikiz:
–IFa 3tik gorakoa bada, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,5 puntu. Hurrengo hirurak: 0,25 puntu.
–IFa 3 bada, edo hortik beherakoa, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,3 puntu. Hurrengo hirurak: 0,15 puntu.
–Inpaktu-faktorerik ez badu, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.
Inpaktu Faktorea izangaiak berak frogatu beharko du, eta lanaren argitalpen urtearen gainekoa izanen da.
Gehienez ere 4 puntu emanen dira.
2.6. Irakasle-lana:
a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 10 orduko, 0,2 puntu.
Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.
Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.
Ziurtagirietan egiaztatutako aldia ikasturte oso batera iristen ez bada, proportzionalki dagokien puntuazioa emanen zaie.
Gehienez ere 1 puntu emanen da.
2.7. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
2.8. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, gehienez ere 2 puntu.
Hizkuntza horiek merezimendu gisa baloratuko dira plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.
Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jaso dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.
3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.
Euskaraz jakitea baloratuko da azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuari jarraikiz, plazak kokatuta dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauekin bat:
a) Eremu euskaldunean: merezimenduen baremoko gainerakoari (1. eta 2. atalak) esleituriko puntuazioaren %11, gehienez ere 4,29 puntu.
b) Eremu mistoan: merezimenduen baremoko gainerakoari (1. eta 2. atalak) esleituriko puntuazioaren %7, gehienez ere 2,73 puntu, herritarrekiko arreta edo tratu mailaren arabera.
III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.
2. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.
3. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: Xedapen orokorrak eta laguntzak emateko eta kontrolatzeko prozedura. Dirulaguntzak itzultzea.
4. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
5. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: Berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I., II. eta III. tituluak.
6. gaia.–33/2011 Lege Orokorra, urriaren 4koa, Osasun Publikoari buruzkoa.
7. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Nafarroako Osasunari buruzkoa. Herritarraren eskubideak. Osasun arloko jarduketak. Administrazio publikoen eskumenak eta eginkizunak. Osasun arloko lurralde antolamendua. Komunitate partaidetzako organoa. Nafarroako Osasun Zerbitzua. Langileak eta finantzaketa. Ekimen pribatuarekiko lankidetza. Osasun arloko irakaskuntza eta ikerketa.
8. gaia.–14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa, Osasunari buruzkoa: I. titulua, V. kapitulua (Esku-hartze publikoa, norbanakoaren eta ororen osasunari dagokienez). II. titulua (Administrazio publikoen eskumenak), III. titulua, IV. kapitulua (Osasun arloko koordinazio orokorra) eta VI. titulua (Irakaskuntza eta ikerketa).
9. gaia.–16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzkoa: IV. kapitulua (Ikerketa), V. kapitulua (Osasunari buruzko informazio sistema), VI. kapitulua (Kalitatea) eta VIII. kapitulua (Osasun publikoa).
10. gaia.–248/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena. 246/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.
11. gaia.–246/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.
12. gaia.–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, zeinaren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena.
13. gaia.–44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa: Atariko titulua (Arau orokorrak), I. titulua (Lanbide sanitarioak gauzatzea), II. titulua (Profesional sanitarioak prestatzea) eta III. titulua (Garapen profesionala eta haren aitortza).
14. gaia.–17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa.
15. gaia.–Datuak Babesteko Espainiako Bulegoa. Datu pertsonalen kategoriak, osasun arloko datuak. Datuen babesean esku-hartzen duten eragileak. Datu babesaren printzipioak. Osasun arloko datuekin lotutako eskubideak.
16. gaia.–Osasun Ministerioaren Osasun Publikoaren Estrategia (2022). Ildo estrategikoak.
17. gaia.–Nafarroako Osasun Publikoaren Plana (2022-2025).
18. gaia.–Nafarroako Osasun Plana (2012-2020): Esku-hartzeko printzipioak, Emaitzen helburuak, Lehenetsitako osasun estrategiak, Ebaluazioa. 2030 Horizontea-Nafarroako Osasun Planaren parte hartzeko prozesua.
19. gaia.–Osasuna: Kontzeptuak eta pentsamoldeak. Osasunean eragina duten faktoreak. Desberdinkeria sozialak eta osasuna. Ekitate kontzeptua. Osasun publikoa eta ongizate estatua. Osasuna politika guztietan. Osasun arlokoak eta osasun arlokoak ez diren politikek osasunean duten inpaktuaren ebaluazioa.
20. gaia.–Egungo osasun publikoaren arazo nagusiak. Osasun, metodo eta iturri arloetan dauden beharrak identifikatzea. Gizarte arloko ikerketa. Garapen jasangarrirako helburuak. Agenda 2030. Osasun arloko helburuak eta xedeak. Mundu mailako lorpenak osasun publikoaren arloan.
21. gaia.–Osasuneko plangintza. Plangintza prozesuaren kontzeptuak eta etapak. Programak eta estrategiak diseinatzea osasun arloan. Txertatzeko metodologia. Adierazleak eratzeko metodologia.
22. gaia.–Barne eta kanpo komunikazioa antolakundeetan. Komunikabide sozialak. Informazioa eta komunikazioa osasun publikoan: informazioaren komunikazioa, txostenen argitalpena, herritarrei zuzendutako mezuak.
23. gaia.–Osasun demografia. Demografia estatikoa eta dinamikoa. Osasun eta gaixotasun fenomenoak neurtzea.
24. gaia.–Osasun estatistika. Populazioa eta lagina. Aldagaiak. Posizio-neurriak eta barreiadura-neurriak. Alborapenak. Azterketa estatistikoa. Datuen adierazpide grafikoa.
25. gaia.–Diseinua epidemiologian. Azterlan deskribatzaileak, kohorte-azterketak, kasuen eta kontrolen azterlanak eta azterlan esperimentalak. Lehen eta bigarren mailako azterlanak. Azterketa sistematikoak eta metaanalisiak.
26. gaia.–Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun publikoko zaintza estrategia. Ildo estrategikoak.
27. gaia.–Gaixotasun kutsakorren epidemiologia orokorra. Prebentzioa eta kontrola. Immunizazio aktiboa eta pasiboa. Elikagai-transmisioa. STIak. Agerraldi epidemikoak. Jakinarazteko sistemak. Osasun Ministerioaren Osasun Alerten eta Larrialdien Koordinazio Zentroa.
28. gaia.–One-Health. Kontzeptua. One-Health estrategia gauzatzen duten estatuko eta nazioarteko erakundeak.
29. gaia.–7/2025 Legea, uztailaren 28koa, Osasun Publikoaren Estatu Agentzia sortzen duena eta Osasun Publikoaren 33/2011 Lege Orokorra, urriaren 4koa, aldatzen duena.
30. gaia.–Osasun informazioko sistemak: erregistroak, osasun inkestak eta jakinarazpen sistemak.
31. gaia.–Erregistroak, osasun arlokoak eta biztanleriari dagozkionak. Erregistroen helburuak. Datuak normalizatzea. Erregistroetarako sarbidea eta horien konfidentzialtasuna. Datuak lagatzea eta segurtasun neurriak.
32. gaia.–Osasun-informaziorako iturriak. Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoa. Oinarrizko osasun-laguntzako datu klinikoen basea. Estatuko Osasun Sistemaren gako adierazleak. Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) osasun adierazleak. Nafarroako Osasun Publikoaren Behatokiaren adierazleak.
33. gaia.–Osasun arloko informazio eta sailkapen sistemak. Gaixotasunen sailkapen nagusiak: Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena (CIE), CIAP kodeak, SNOMED, ORPHA kodeak, Gaixotasun Onkologikoen Nazioarteko Sailkapena (CIE-O).
34. gaia.–Gaixotasun ez kutsakorren epidemiologia orokorra. Arrisku faktoreak. Baheketak. Erikortasuna eta hilkortasuna. Heriotza goiztiar eta saihesgarriak.
35. gaia.–Minbiziaren epidemiologia. Minbiziaren aurkako Europako kodea. Estatuko Osasun Sistemaren Minbiziaren aurkako Estrategiaren ildo estrategikoak. Minbiziaren egoera Nafarroan. Minbiziaren Erregistroen Espainiako Sarea (REDECAN).
36. gaia.–Gaixotasun kardiobaskularren epidemiologia. Estatuko Osasun Sistemaren Osasun kardiobaskularreko eta kardiopatia iskemikoko estrategiaren ildo estrategikoak. Gaixotasun baskularren egoera Nafarroan.
37. gaia.–Gaixotasun arraroen epidemiologia. Gaixotasun arraroen Europako programa bateratua ORPHANET ataria. Estatuko Osasun Sistemaren Gaixotasun Arraroen aurkako Estrategiaren ildo estrategikoak. Erreferentziako Europako sareak. Erreferentziako zentro, zerbitzu eta unitateak. Medikamentu zurtzak.
38. gaia.–Osasunaren sustapena. Osasunaren sustapenerako mundu konferentziak. Osasunaren sustapenerako metodoak eta estrategiak.
39. gaia.–Osasuna hobetzeko ekintza komunitarioa eta tokikoa. Osasun komunitarioko estrategiak oinarrizko osasun-laguntzan; diseinatzeko gomendioak eta ebaluazioa. Komunitatearen parte-hartzea eta aktiboak gomendatzea. Osasun Komunitarioko Estrategia, Nafarroako oinarrizko osasun-laguntzan. Nafarroako osasun-eskualde oinarrizkoan dauden osasun profilak.
40. gaia.–Bizimodu osasungarria izateko gomendio eta estrategia nagusiak, jarduera fisikoarekin, elikadurarekin eta pisuarekin lotutakoak. Egungo egoera Nafarroan. NAOS estrategia.
41. gaia.–Substantzia-adikzioen eta substantziarik gabeko adikzioen prebentzioa. Adikzioak Prebenitzeko Nafarroako IV. Plana (2025-2030).
42. gaia.–Osasun emozionala eta sexu-osasuna lantzea, osasunaren sustapenetik abiatuta Egungo egoera Nafarroan. Nafarroako Ongizate emozionaleko programa. Hiesa eta sexu transmisiozko beste infekzio batzuk prebenitzeko eta kontrolatzeko Nafarroako Plana.
43. gaia.–Tokiko esparruko, osasunaren esparruko eta hezkuntzako esparruko inguru osasungarriak sustatzea. Gomendioak eta jardunbide egokiak. Osasuna sustatzen duten eskolak.
44. gaia.–Osasunerako hezkuntza. Osasunerako hezkuntzako metodologia. Nafarroako Osasun Eskola. Osasunerako eta ongizaterako autozainketa, bizitzaren hainbat etapatan.
45. gaia.–Ekitatea osasunean. Espainian osasun-alorreko desberdinkeriak murrizteko politika eta esku-hartzeetarako proposamena. Osasuna eta generoa.
46. gaia.–Antibiotikoekiko Erresistentziaren aurkako Plan Nazionala. PRAM 2025-2027.
47. gaia.–Elikagaien Katea Kontrolatzeko Plan Nazionala. Helburuak. Programak. Elikagaien gaineko alertak kudeatzea.
48. gaia.–17/2011 Legea, Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzkoa. I kapitulutik VIII. kapitulura. Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia. Antolamendua, eginkizunak eta harremanak autonomia erkidegoekin.
49. gaia.–Zoonosiaren garrantzia osasun publikoan. Zoonosiaren eta Agente Zoonotikoen Zaintzari buruzko 1940/2004 Errege Dekretua.
50. gaia.–Sekuentziazio genomikoa: deskribapena, gaixotasun agerraldien ikerketarako erabilerak. 2025/179 Erregelamendua, elikagaien bidez transmititutako gaixotasunen agerraldietako azterlan epidemiologien esparruan analisi-datu molekularrak bildu eta transmititzeari buruzkoa, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003/99/EE Zuzentarauarekin.
51. gaia.–Europako proiektuak. Life eta Poctefa programak. Horizon.
52. gaia.–Osasun Ministerioaren 2022-2026 Osasun eta Ingurumeneko Plan Estrategikoa kudeatzeko eta gauzatzeko arlo tematikoak eta adierazleak.
53. gaia.–Airearen kutsadura eta tenperatura altuak. Nafarroan airearen kutsadurak osasunean dituen eraginak prebenitzeko 2025eko plana Agente kutsatzaileen izaera eta ezaugarriak: lehen eta bigarren mailako kutsatzaileak. Osasunerako arriskuak. Nafarroan airearen kutsaduraren zaintza. Kutsadura estazioak. Neurketa sistemak. Aztertutako kutsatzaileak.
54. gaia.–Muturreko tenperaturek osasunean duten eragina murrizteko Nafarroako planak. Muturreko tenperaturek osasunean duten eragina.
55. gaia.–4/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzkoa (I. titulutik V. titulura). KLINa estrategia. Klima aldaketa eta osasuna.
56. gaia.–Hirigintza eta osasuna. Hiri osasungarriak. Kontzeptuak, helburuak eta jarduerak. Hiri osasungarrien Espainiako sarea.
57. gaia.–Nafarroako tokiko agendak. Tokiko Agenda 2030. Osasunarekiko lotura.
58. gaia.–Kalitate-sistemak. ISO 17025 eta 17020. Helburua eta aplikazio eremuak. Terminoak eta definizioak. Baldintza orokorrak. Egiturari, baliabideei, prozesuei eta kudeaketa sistemei buruzko baldintzak.
Iragarkiaren kodea: F2600780
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
