27. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6238E/2025 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzen deialdia onesten baita 2026rako.

Nafarroan Ekintzaileei eta Lan Autonomoari Laguntza Emateko martxoaren 12ko 12/2013 Foru Legearen xedea da, besteak beste, enplegua sortzea ekintzaileei eta langile autonomoei babesa emanez. Era berean, foru-lege horren oinarrien artean nabarmendu daiteke negozioak sustatzen dituztenen eta autonomoen finantzabiderako eredu espezifiko bat bultzatzea eta jarduera berri batean sortzen diren arriskuak murriztea. 9.1.a) artikuluak ezartzen duenez, berariaz beren konturako lan batean hasi nahi duten langabeek autonomo bihurtzeko laguntzak eskuratzen ahalko dituzte.

Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legeak 7.2 artikuluan xedatzen du autonomia-erkidegoei dagokiela, beren lurralde-eremuaren barruan, Konstituzioaren arabera eta bakoitzaren Autonomia Estatutuaren arabera, enplegu-politika garatzea, enplegua sustatzea, lan-arloko legeria betearaztea eta eskualdatu zaizkien programak eta neurriak eta ezartzen diren programa erkideak gauzatzea, bai eta lurraldearen ezaugarrietara egokitutako programak garatu eta diseinatzea ere. 12. artikuluan arautzen da Enpleguari Laguntza Aktiboa Emateko Espainiako Estrategia, eta hor adierazten da enplegua aktibatzeko politika 7 ardatzen inguruan egituratuko dela. Haietako batek, 6. ardatzak ("Ekintzailetza") barne hartzen ditu enpresa-ekimena, lan autonomoa eta ekonomia soziala sustatzeko jarduerak, baita enplegua nahiz enpresa-jarduera sortzeko eta tokiko garapen ekonomikoa dinamizatu eta bultzatzeko jarduerak ere. 6. ardatz hori egiturazko helburu gisa garatzen du uztailaren 15eko 633/2025 Errege Dekretuak, 2025-2028 aldirako Enpleguari Laguntza Aktiboa Emateko Espainiako Estrategia onartzen duenak.

2025eko otsailaren 18an, Nafarroako Enplegu Plana (2025-2028) sinatu zen, eta haren parte da Enplegu Politika Aktiboetarako Plana. 2. helburu estrategikoaren asmoa da Nafarroan lan-merkatu dinamikoa, erresilientea eta inklusiboa sortzen laguntzea, aukera-berdintasuna eta kalitatezko enplegua bermatzeko. Zehazki, 2.5 helburuan enpresa-espiritua sustatzeko esku-hartzearen arloa jorratzen da. Arlo horretan garatzen da enplegu autonomoa sustatzeko deialdia, eta aurrekontu bat esleitzen zaio, planak irauten duen bitartean.

Nafarroan 38.996 enpresa daude, NASTATen arabera (2025eko datuak), eta tamaina txikia da enpresa horien ezaugarri bereizgarrienetako bat. Nafarroako enpresen %81,5ek soldatako bi langile edo gutxiago ditu, eta enpresa horiek eraikuntzaren eta gainerako zerbitzuen sektoreetan kontzentratuta daude. %59,7 inguru Nafarroako erdialdean daude, eta %13,23, Tuterako eskualdean. Enpresen %57,1 pertsona fisikoek eratzen dituzte.

Nafarroan Gizarte Segurantzan afiliatutako 317.151 pertsonetatik (2025eko urria), %13,5 nekazaritzakoa ez den lan autonomoaren araubide berezikoak dira; hots, 42.953 pertsona, guztira. Haietatik %36 emakumeak dira, araubide orokorrean baino hamar puntu gutxiago.

Langile autonomoen araubide bereziko afiliazio orokorrak ia bere horretan segitzen du aurreko urtearekin alderatuta, baina aldeak daude pertsona autonomo fisikoen eta beste afiliazio-formula batzuen artean (esaterako, merkataritza-sozietateek edo kooperatibek babesturiko autonomoak, edo senide laguntzaileak). Lehen kasuan 25.536 pertsona daude, haietatik %36 emakumeak, eta 1.187 lanpostu gutxiago daude aurreko urtean baino; bigarren kasuan, berriz, 1.100 pertsona gehiago daude aurten.

Zehazki, afiliaturiko 25.536 pertsona fisiko horietatik, %32k 56 urte baino gehiago dituzte; %46k 10 urte baino gehiago daramatzate negozioan; %10 atzerritarrak dira; %70 inguru zerbitzuen sektorean ari dira, eta %12k (3.046 pertsona) duela 12 hilabete edo gutxiago hasi zuten jarduera.

Norberaren konturako langile autonomoek garrantzi handia dute Nafarroako ekonomian (belaunaldi-erreleboa, landa-eremuetako biztanleria mantendu eta erakartzea, enplegu-nitxo berriak eta abar), eta halako jarduerak ezaugarri bereziak ditu (jarduerari ekiteko zailtasunak, zenbait faktoreren ondoriozko –prestakuntzarik eza, adina, sexua eta abar– besteren konturako enplegu-eskasiari aurre egiteko irtenbidea); horrexegatik, garrantzitsua da jardueraren abiaraztea laguntzea, ekintzailetza-proiektuak martxan jartzen laguntzeko neurrien bitartez.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Nafarroako ondoz ondoko enplegu-planen eta oinarrizko araudiaren arabera, hainbat jarduketaren bidez bultzatzen du ekintzailetza: ekintzailetza bideragarria sustatzea, aholkularitza pertsonalizatua, jarduera hasteko laguntzak, ekintzaile eta autonomoendako prestakuntza, kontrataziorako laguntzak edo enpresendako zerbitzuak (enplegu-eskaintzak kudeatzea eta abar).

Ekintzailetza bultzatzeko estrategia horren eta enplegu politika aktiboko azken planen esparruan, sustapen-neurriak eraginkorrak izaten ari dira, azken ebaluazioek erakusten dutenez. Hala, enplegu autonomoa sustatzeko laguntzek laneratze-tasa nabarmena izan dute: laguntzak jaso zituztenen %95 lanean ari ziren dirulaguntza jaso eta bi urtera, eta haietatik %94 lan autonomoaren araubidean zeuden Gizarte Segurantzan.

Ondorioz, aurrerantzean ere beharrezkoa da norberaren konturako enplegua sustatzea enplegu-eskatzaile gisa inskribatutako langabeen artean, bai laguntza ekonomikoen bidez, bai doako aholkularitza publikoaren bidez (www.navarraemprende.com), garrantzitsua baita negozioen jasangarritasuna ziurtatzeko.

Helburu horrekin, dirulaguntza honen bidez laguntza ematen zaie ekonomia-jarduera bat hasi eta beren kontura enplegua sortzen dutenei, barne direla sozietate zibil baten edo ondasun-erkidegoen parte direnak.

Era berean, laguntza hau are handiagoa da langabezia handiagoa dutenen kasuan: gazteak, 45 urtetik gorakoak edo luzaroko langabeak; desgaitasuna duten pertsonak edo errenta bermatuaren edo antzekoen onuradunak; eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak. Emakumeen kasuan, zailtasunak areagotzen dira; horregatik, deialdian zenbateko gehigarri bat aurreikusten da.

Gainera, enplegua ezinbestekoa da landa-eremuetan zerbitzuei eta biztanleei eusteko; beraz, dirulaguntza honek kontuan hartzen ditu lurraldea egituratu eta biztanleria mantendu eta erakartzeko beharra duten udalerri txikietan abiarazten diren jarduerak.

Nafarroako Gobernuak 2025eko abenduaren 17an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari 2026an enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzak emateko deialdi bat tramita zezan banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea 2026rako.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 3.000.000 euroko gastua baimentzea, 2025eko gastu-aurrekontuko 950001 96100 4809 241109 partidaren kargura ("Autoenplegua sustatzeko laguntzak"), edo 2026an haren baliokidea izateko gaitzen den aurrekontuko partidaren kargura, partida horretan diru erabilgarria egonez gero.

4. Halaber, urte bakoitzean, gehienez ere 500.000 euroko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko da, aurrekontu-kreditua handitzen bada beste deialdi batzuetan kreditua sobera egotearen ondorioz. Horretarako, partida handitu beharko da aurretik. Organo eskudunak baimendu beharko du kreditu gehigarri hori, kasua bada, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza-eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. Ebazpen hau Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura igortzea.

6. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2025eko abenduaren 26an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

Oinarri hauek arautzen dituzten dirulaguntzen xedea da langabeei finantzabidea ematea Nafarroako Foru Komunitatean, langile autonomo gisa edo beren kontura, ekonomia- edo enpresa-jarduera bat edo jarduera profesional bat has dezaten eta hari 18 hilabetez eutsi diezaioten.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Dirulaguntza honen onuradun izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

b) Langabezian egotea eta enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea, alta-egoeran, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo erkidegoko antzeko enplegu zerbitzu publiko batean, jarduera hasten den egunean.

c) Alta-egoeran egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ), Nafarroako zein udalerritan garatuko den jarduera, hartantxe.

d) Alta ematea langile autonomoen araubide berezian edo lanbide-elkargoen mutualitatean. Deialdi honen ondorioetarako, altaren eguna izanen da interesdunaren lan-bizitzan ageri den "Jardueraren hasiera data".

2.2. Langile autonomoek edo norberaren konturako langileek laguntzak jasotzen ahalko dituzte, baldin eta ondasun-erkidegoen, sozietate zibilen edo nortasun juridikorik gabeko beste entitate batzuen parte badira eta laguntzak beren izenean eskatzen badituzte. Kasu horretan, entitateak dirulaguntza eskatu aurretik eratuta egon beharko du.

2.3. Horrez gain, enplegua lortzeko zailtasun handiagoak dituzten kolektibo jakin batzuek baldintza hauek bete beharko dituzte, langile autonomoen araubide berezian edo dagokien lanbide-elkargoaren mutualitatean alta hartzeko unean:

a) Desgaitasuna duten langileek: ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua izatea, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bategina onesten duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen duten pertsonek: prestazio horren onuradun izatea.

c) Luzaroko langabeek: jarduera hasi aurreko 540 egunetan gutxienez 360 egunez langabezian egon izana, eta enplegu-zerbitzu publikoetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda.

d) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek: Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

2.4. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak.

3. Deialditik baztertzea.

Honako hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Jarduera berriaren hasiera-dataren aurreko lau urteetan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzaren onuradun izan direnak. Horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenaren data hartuko da kontuan.

b) Nagusiki jarduera bera edo antzeko bat garatu dutenak langile autonomo gisa eta norberaren kontura, jarduera berriaren hasiera-dataren aurreko lau urteetan. Horretarako, jarduera bera edo antzekoa dela ulertuko da Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko (EJSN) azken hiru digituak bat datozenean.

c) Merkataritza-sozietateetako bazkideak eta diruz lagundutako jarduera edo antzekoa garatzen duen merkataritza-sozietate batean aholkularitza- edo administrazio-karguak dakartzaten zuzendaritza- eta kudeaketa-eginkizunak gauzatzen dituztenak; kooperatiba eta lan-sozietateetako langile bazkideak edo laneko bazkideak, Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide bereziaren barne badaude ere.

Horretarako, jarduera bera edo antzekoa dela ulertuko da Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko (EJSN) azken hiru digituak bat datozenean.

d) Senide laguntzaile diren langile autonomoak.

e) Nekazaritzako araubide berezian norberaren kontura alta emanda daudenak.

4. Zenbatekoak.

4.1. Dirulaguntza honen zenbatekoak kontuan hartzen du eskatzaileak lan-merkatura sartzeko duen zailtasun berezia, eskala honen arabera:

a) Oro har: 2.000 euro.

b) 30 urteko gazteak eta hortik beherakoak: 2.200 euro.

c) 45 urtekoak edo hortik goitikoak: 2.200 euro.

d) Luzaroko langabeak: 2.200 euro.

e) Desgaitasuna duten pertsonak: 3.000 euro.

f) Gizarteratze-errenta edo antzeko prestazioa jasotzen dutenak: 3.000 euro.

g) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak: 4.000 euro.

Onuradun bat aipatutako taldeetako batean baino gehiagotan egonez gero, zenbateko handieneko dirulaguntza emanen zaio.

4.2. 500 euroko laguntza gehigarria emanen zaie a) eta f) bitarteko kasuetan dauden ekintzaileei, emakumeak badira.

4.3. 1.000 euroko laguntza gehigarria emanen zaie Nafarroako landa-eremuko udalerri batean jarduera bat abiarazten dutenei, baldin eta udalerrian 5.000 biztanle baino gutxiago badaude erroldatuta jarduera hasteko egunean.

Ondorio horietarako, bazter geratuko dira maiatzaren 16ko 45/2011 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Eremu Zentraleko Lurralde Antolamenduko Planaren (Nafarroako Lurralde Estrategia) 10.4 azpieremuan sailkatuta dauden eta Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduari jarraikiz despopulazio-arriskurik ez duten udalerriak. Beraz, ez dute laguntza gehigarririk jasoko hiri-eremu zabal gisa sailkatutako udalerri konposatuetan egiten diren altek; zehazki, 5.000 biztanle baino gutxiagoko herriak dituzten udalerri hauen kasua da: Aranguren, Beriain, Berriobeiti, Oltza zendea, Zizur, Eguesibar, Galar, Elortzibar eta Orkoien.

5. Onuradunen betebeharrak.

5.1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak eta oinarri hauetan aipatzen diren gainerakoak bete beharko dituzte. Zehazki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta beste organo eskudun batzuek egokitzat jotzen dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduketetan parte hartuko dute, eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztuz. Kontrol horiek Nafarroako Gobernuak edo Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak egiten ahal dituzte.

5.2. Horrez gain, baldintza hauek bete beharko dituzte ondoz ondoko 18 hilabeteko epean, langile autonomoen araubide berezian edo dagokien mutualitatean alta hartzen dutenetik hasita:

a) Alta emanda egotea Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo dagokion lanbide-elkargoaren mutualitatean eta ekonomia-jardueren gaineko zergan.

b) Jarduera berari edo antzekoari eustea, Nafarroan. Ondorio horietarako, ekonomia-jarduera edo jarduera profesionala ohiko moduan eta irabazi-asmoarekin gauzatu beharko da, bat etorriz Langile Autonomoen Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legean eta Nafarroan Ekintzaileei eta Lan Autonomoari Laguntza Emateko martxoaren 12ko 12/2013 Foru Legean xedatutakoarekin. Jarduera aldatzen bada, posta elektronikoz jakinarazi beharko diote organo emaileari (autoempleo@navarra.es), espediente-zenbakia adierazita.

c) Jarduera 5.000 biztanletik beherako udalerri batean hasteagatik laguntza gehigarria jaso bada, negozioari eustea irizpide hori betetzen duen udalerri batean.

d) Ez bazkidetzea, diruz lagundutako jarduera bererako edo antzeko baterako, merkataritza-sozietate, kooperatiba eta lan-sozietate batean, ez izatea autonomo laguntzailea, eta ez kotizatzea Gizarte Segurantzako nekazaritzako araubide berezian.

5.3. Dirulaguntzaren onuradunek Nafarroako Gobernuaren lankidetzari buruzko publizitatea egin beharko dute, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, aipatu 18 hilabeteko epean. Horretarako, DIN A4 neurriko kartel bat jarri beharko dute ikusteko moduko toki batean, lokalean edo lanpostuan, bai eta webgunearen hasierako orrian ere. Halakorik eduki ezean, publizitatea posta elektroniko profesionalaren sinaduran eginen da, edo bezeroei aurkezten zaien zerbitzuen zorroan, tramitearen fitxan argitaratutako ereduari jarraikiz.

6. Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako ematen diren beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin.

7. Dirulaguntza emateko prozedura.

Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

8. Aurkezteko epea.

Dirulaguntza jasotzeko, 2025eko urriaren 13tik 2026ko azaroaren 15era bitartean eman behar da alta langile autonomoen araubide berezian edo mutualitatean, bi egun horiek barne.

Eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izanen da jarduera hasi eta biharamunetik hasita, hau da, langile autonomoen araubide berezian edo kasuko lanbide-elkargoaren mutualitatean alta eman zuen egunaren biharamunetik hasita, betiere deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta badago. Bestela, epea hilabetekoa izanen da deialdi hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Nolanahi ere, aurkezteko epea 2026ko azaroaren 30ean bukatuko da.

Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

9. Instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena.

9.1. Prozedura alde batek eskaturik hasiko da, interesdunak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorritako eskaeraren bidez.

9.2. Eskaerak aurkezteko, bide telematikoa lehenetsiko da; horretarako, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabili behar da (hemendik aurrera, laguntzen fitxa):

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/enplegu-autonomoa-sustatzeko-dirulaguntzak

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietan eta bitartekoak erabiliz aurkez daitezke.

9.3. Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Halaber, eskaera aurkeztean baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Horri berariaz aurka egin nahi izanez gero, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da.

9.4. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

9.5. Eskabideetan honako informazio hau jaso behar da, agiri hauek erantsita:

a) Ekintzailearen datuak, jardueraren datuak (memoria) eta hautatutako forma juridikoa.

b) Ekonomia-jardueren gaineko zergako alta.

c) Egokia bada, dagokion lanbide-elkargoaren mutualitateko alta.

d) 5.000 biztanle arteko udalerri bateko jarduerei emandako 1.000 euro gehigarriak jaso nahi badira, eskatzaileak dagokion Nafarroako udalerrian egon behar du alta emanda ekonomia-jardueren gaineko zergan. Ekonomia-jardueren gaineko zergan jardueraren egoitza fiskala ageri beharko da. Halaber, lokalari buruzko agiriak aurkeztu beharko dira (alokairu kontratua, eskriturak eta abar).

Lokalik ez izatekotan, eskatzaileak udalerri horretan erroldatuta egon beharko du, dirulaguntza eskatu aurreko 6 hilabeteetan gutxienez, eta jardueraren egoitza fiskala bertan izan beharko du.

e) Ordainketa onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta Ziurtagiri digitala edo Cl@ve erabili behar da sartzeko. Onuradunak ezin badu bere kontua URL horretan erregistratu, ez duelako ziurtagiri digitalik edo Cl@ve sarbiderik, laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, eskaera bat aurkeztu beharko du transferentzia bidez ordaintzeko, behar den inprimakia hartuta URL honetatik: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak.

f) Erantzukizunpeko adierazpenen eranskina:

–Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez duela agertzeko (2.4 oinarria).

–Laguntza honen publizitate egokia egiteari buruzko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.2 artikuluaren arabera (5.3 oinarria).

–Helburu bererako lortu edo eskatutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen erantzukizunpeko adierazpena; bestela, horrelakorik eskatu ez dela berariaz dioen adierazpena. Orobat, "de minimis" araubidearen barnean dauden adieraziko da (16. oinarria).

g) Datu pertsonalen tratamendurako eta fitxategi publikoetako datuen kontsultarako baimena. Baimena ematen ez bada, eskatzaileak egokia den informazioa aurkeztu beharko du.

h) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen duen beste edozein agiri.

9.6. Ez dira berriz aurkeztu beharko eskatzaileak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, ez eta administrazioak berak eginak direnak ere. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikotik eskatuko ditu, salbu eta interesdunak berariaz egin badu horren aurka. Hala bada, berak aurkeztu beharko ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzala eskatzen ahalko dio interesdunari.

9.7. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu prozedura hasteko eskakizunak betetzen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera, interesdunari eskatuko zaio, hamar egun balioduneko epean gehienez, hori zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, zuzendu ezean, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluaren arabera jakinaraziko zaio.

9.8. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketako Zuzendaritzak erabakiko du dirulaguntzak eman edo ukatzea.

Ebazpen hori gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen denetik hasita. Ebazpen espresik jaso gabe epe hori iraganez gero, aurkeztutako eskabidea ezetsitzat hartzen ahal da isiltasun administratiboa dela medio.

Ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko. Hortaz, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da haren kontra, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Eskaeraren presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio-prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

10. Justifikazioa eta ordainketa.

Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den kontuan dirulaguntza ordaindu aurretik, onuradunak frogatu beharko du ezarritako baldintzak betetzen dituela eta dirulaguntza emateko oinarri den jarduketa egin duela.

Dirulaguntza ukatzeko arrazoia izanen da hura emateko ebazpen-proposamenaren unean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

Aurrekontuan krediturik ez izatea ere dirulaguntza ukatzeko arrazoia izanen da.

11. Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

Dirulaguntzak emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldaraztea ekartzen ahalko du, eta, hala badagokio, emandako dirulaguntza itzultzea.

12. Publizitate-araubidea.

Emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean eta nafarroa.eus gunean tramiteari dagokion fitxan, honako hauek adierazita: deialdia, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

13. Jarraipena eta kontrola.

Dirulaguntza eman ondoren, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du jarduerari eusten zaiola, onuraduna langile autonomoen araubide berezian alta-egoeran dagoela eta gainerako baldintza eta betebeharrak betetzen dituela, hala nola jarduerari 18 hilabetez eustea (EJZ).

Jarduera egiaztatzeko bisitak ere eginen dira, adierazitako helbideetan.

Lanbide-elkargoaren mutualitatean alta emanik daudenen kasuan, dirulaguntzaren onuradunari kasuko mutualitatearen ziurtagiria eskatuko zaio, alta emanik segitzen duela frogatzeko.

14. Dirua itzultzea.

14.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren arrazoiez gain, kobratutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, eta berandutze-interesak ordaindu, dirulaguntza eman zenetik hura itzuli behar dela erabaki artekoak, foru-lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

14.2. Behar baino lehenago ematen bada baja Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo lanbide-elkargoko mutualitatean, edo oinarri hauetan aurreikusitako beste ez-betetzeren bat egiten bada, zehazki 5. oinarrian adierazitakoak, horren barne dela ere 5.000 biztanletik beherako udalerriko jarduerarena, dirulaguntza itzuli behar ez izateko salbuespen bakarra izanen da onuradunaren heriotza, zeina modu sinesgarrian justifikatu beharko baita, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ezintasun iraunkor osoa edo baliaezintasun handia aitortzea.

14.3. Gainerako kasuetan, ez betetzetzat joko da, eta dirulaguntza osorik edo partzialki itzuli beharko da. Ez da izanen Gizarte Segurantzan baja emateko edo jarduera uzteko arrazoi justifikatua arrazoi ekonomikoengatik hura uztea edo amaitzea.

14.4. Dirulaguntza osorik itzuli beharko da ez-betetzea lehen 9 hilabeteetan gertatzen bada; eta, aldiz, partzialki itzuliko da 9 hilabete eta egun batetik 18 hilabetera bitartean gertatzen bada, proportzionaltasun-irizpidea aplikatuta. Bi kasu horietan, berandutze-interesak ere ordaindu beharko dira.

14.5. Ez-betetzeak zerikusia badu soilik jarduerari 5.000 udalerritik beherako herri batean eutsi beharrarekin, irizpide bera aplikatuko da laguntza gehigarriko 1.000 euroekin: zenbateko hori osorik itzuli beharko da 9 hilabetez edo gutxiagoz altan egonez gero, eta partzialki itzuli beharko da, proportzioan, gainontzeko aldian, berandutze-interesak ere barne direla.

14.6. Dirulaguntzak itzultzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

15. Zehapen-prozedura.

Dirua itzultzeko espedientea tramitatu eta gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan tipifikatutako arau-hausteren bat antzematen bada, foru-lege horretan ezarrita dagoen prozedurari ekinen zaio.

16. De minimis araubidea.

16.1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, Europar Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati (deialdi honen kasuan, autonomo onuradun bakar bati) emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa ez da izanen 300.000 eurotik gorakoa hiru urteko edozein alditan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

16.2. Horretarako, onuradunek deklarazioa egin beharko dute hiru urteko edozein alditan jasotako beste "de minimis" laguntzen gainean.

17. Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta gainerako garapen-arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

18. Aplikatuko beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak aplikatuko dira.

19. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, administrazio-prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F2517200