27. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko urtarrilaren 28an hartua, Nafarroako Gobernuak Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordean duen ordezkaritzaren izendapena aldatzen duena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 69.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, lege organiko hori aplikatu eta ulertzerakoan Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean sortzen diren desadostasunak Foru Diputazioaren eta Estatuko Administrazioaren ordezkari kopuru berdinez osaturiko lankidetza batzorde batek jorratuko ditu, baita ebatziko ere, Konstituzio Auzitegiaren eta Justizia Administrazioaren legeria berekia deusetan galarazi gabe.

Halaber, aipatu 69. artikuluaren 2. apartatuan ezarrita dago ezen Lankidetza Batzordean planteatzen ahalko direla Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean sortzen diren bestelako desadostasunak, han ebatz daitezen.

Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordearen arauak onesten dituen abuztuaren 1eko 1507/1984 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren 1. apartatuak ezartzen du ezen aipatu batzordea osatuko dutela Nazioko Gobernuak Estatuko Administraziotik izendatutako hiru ordezkarik eta Nafarroako Gobernuaren beste hiru ordezkarik, azken horrek izendatuak. Halaber, artikulu horren 2. apartatuan xedatzen denez, batzordeko kideak izendatu zituen organoak edozein unetan ordezka ditzake Lankidetza Batzordeko kide horiek.

Nafarroako Gobernuak 2023ko irailaren 27an hartutako erabakiaren bidez egin zen azkenekoz Nafarroako Gobernuak Lankidetza Batzordean izanen zituen ordezkarien izendapena.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren urtarrilaren 8ko 1/2026 Foru Dekretuaren bidez, kargutik kendu da Félix Taberna Monzón jauna, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari eta lehen lehendakariordea. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren urtarrilaren 9ko 3/2026 Foru Dekretuaren bidez, Javier Remírez Apesteguía jauna Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari, lehen lehendakariorde eta eledun izendatu zen.

Félix Taberna Monzón jaunaren kargua dela-eta, hura izendatu zuten Lankidetza Batzordean Nafarroako Gobernuaren ordezkari, arestian aipatutako Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez.

Beraz, bidezkoa da Gobernuaren erabaki hori aldatzea, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari berria izendatzeko aurrekoaren ordez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Javier Remírez Apesteguía jauna izendatzea Nafarroako Gobernuak Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordean duen Nafarroako Gobernuaren ordezkari, Félix Taberna Monzón jaunaren ordez.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Akordio hau jakinaraztea interesdunei eta Lurralde Politikako Ministerioko Erkidegoko eta Tokiko Araubide Juridikoko zuzendari nagusiari, eta igortzea Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari.

Iruñean, 2026ko urtarrilaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2601239