27. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

105E/2025 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita, fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko, zahartze osasuntsua sustatzeko programa komunitarioak egin ditzaten 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era arte. DDBN kodea: 870407.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarri behar dituela, eta horiek argitara eman beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatu Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, dirulaguntza-deialdi honen xedea da fundazioek, gizarte-ekimeneko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek, herritarren parte-hartzearekin, zahartze osasuntsua sustatzeko programa komunitarioak garatzea, bat etorriz Osasun Departamentuak politika sanitarioaren esparru orokorrean sustatzen dituen irizpideekin, bereziki, ekintza horien xedea bada Osasun Plan indardunean, 2022-2025 Nafarroako Osasun Publikoaren Planean eta Zahartze Aktibo eta Osasuntsurako Estrategian aipatzen diren helburuak betetzea, eta bat badatoz Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (aurrerantzean, NOPLOI) bizimoduei buruz ematen dituen gomendioekin.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Azaldutakoarekin bat, NOPLOIren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren 10.g) artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko, herritarren zahartze osasuntsua sustatzeko programa komunitarioak egin ditzaten 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era arte, bai eta haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetan azaldutakoarekin bat.

2. Ebazpen honetatik sorturiko konpromisoei erantzuteko, 150.000 euroko gastua erreserbatu eta baimentzea, oraingo "Gizarte-erakundeentzako dirulaguntzak, zahartze osasuntsua sustatzeko" izeneko 520001-51200-4819-313907 partidaren baliokide gisa 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaituko den partidaren kargura, kreditu egokia eta nahikoa badago.

Orobat, 20.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu-gehikuntza eginez gero, dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurretik baimendu eta jakinarazi beharko da, eta ez du ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta laguntzak emateko ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea berriz zenbatzen hastea ere.

3. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren aurka, Osasuneko zuzendari nagusiari zuzenduta. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

5. Ebazpen hau igortzea NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Osasun Zuzendaritza Nagusira, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abenduaren 19an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, María Ángeles Nuin Villanueva.

1. ERANSKINA.–DEIALDIA, FUNDAZIOEI, GIZARTE-EKIMENEKO KOOPERATIBEI ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ELKARTEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO, ZAHARTZE OSASUNTSUA SUSTATZEKO PROGRAMA KOMUNITARIOAK EGIN DITZATEN 2025EKO ABENDUAREN 1ETIK 2026KO AZAROAREN 30ERA ARTE. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena. Dirulaguntzaren xedea.

Deialdi honen xedea da fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, herritarren zahartze osasuntsua sustatzen duten programa komunitarioak egin ditzaten beren eskualdeko zerbitzu eta baliabideekin elkarlanean, talde-ekintzak eta ekintza komunitarioak eginez, aukerak sortzeko adinekoen osasuna eta segurtasuna hobetze aldera, modu aktiboan parte har dezaten eta erabakiak har ditzaten jarduera politiko eta sozialetan, kirol- eta kultura-jardueretan eta jarduera zibikoetan, eta adineko emakumeen ahalduntzea sustatzeko, zahartu ahala pertsonen bizi-kalitatea hobea izan dadin.

Herritarren zahartze osasuntsua sustatzen duten programa komunitarioak dira talde eta komunitateen osasuna laguntzera eta hobetzera bideratutakoak, eta, horretarako, haien arteko talde-dinamiketan oinarritzen direnak (talde informalak, elkarteak, baliabideak eta zerbitzuak, administrazio publikoak eta abar). Era berean, talde eta komunitate horien ahalmenak garatzeko helburua dute, eta ongizatera eta bizi-kalitatera bideratutako ekintza- eta jarduera-aukerak sortzen laguntzen dute, betiere argi izanik funtsezkoa dela xede-komunitateak prozesuetan parte hartzea, eta gizarteko sektoreak lankidetzan aritzea, hau da, sareko lana egitea.

Dirulaguntzen deialdi honetatik kanpo daude beste laguntza eta/edo deialdi publiko batzuen bidez berariaz finantzatzen diren proiektu eta jarduketak edo beste administrazio publiko batzuen eskumenekoak direnak. Halaber, deialditik kanpo daude berariaz laguntzaren edo ikerketaren arloko ekintzak jasotzen dituzten proiektuak.

Bigarrena. Dirulaguntzaren finantzaketa.

Ebazpen honetatik sorturiko konpromisoei erantzuteko, 150.000 euroko gastua eginen da, 2025eko gastu-aurrekontuko "Gizarte-erakundeentzako dirulaguntzak, zahartze osasuntsua sustatzeko" izeneko 520001-51200-4819-313907 partidaren baliokidea izanen den eta 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaituko den partidaren kargura, kreditu egokia eta nahikoa badago.

Orobat, 20.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

Dirulaguntza hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren dirulaguntzen lerroen barruan.

Hirugarrena. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen bidez ezartzen diren dirulaguntzak behar diren erregistroetan inskribatutako fundazioek, gizarte-ekimeneko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek jasotzen ahalko dituzte, baldin eta deialdiaren epean zahartze osasuntsua sustatzeko ekintza edo programa komunitarioak egiten badituzte Nafarroako Foru Komunitatean, Osasun Departamentuak zehazturiko lehentasunekin bat etorriz.

Entitate eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei itzuli beharreko zorrei dagozkien betebeharrak ere, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egiten den egunean.

Entitate eskatzaileak ezin dira egon dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten gainerako egoeretan, zeinak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarrita baitaude.

Entitate eskatzaileek gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honen 9. oinarriaren arabera.

Baldintza horiek guztiak diruz laguntzen den jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira. Entitate onuradunaren erantzukizuna da, aldaketarik bada, horien berri ematea.

Laugarrena. Gastu diruz lagungarriak, diruz lagungarriak ez direnak, eta laguntzen zenbatekoak.

1. Gastu diruz lagungarriak.

a) Programako jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak, hala nola honako hauek:

a.1) Higiezinen alokairuak eta horiek erabiltzearen ondoriozko gastu arruntak, diruz lagundutako jarduerak entitatearen jarduketa guztiei eragiten dien zati proportzionalean.

a.2) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.

a.3) Pertsonal-gastuak, haien barnean egonda soldatak, entitatearen kargura diren gizarte-aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan-karga batzuk, eta/edo entitate onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak. Entitateko langileek egindako jardueren kasuan, baldin eta beste eginkizun eta lan batzuk egiten badituzte diruz lagundutako jardueraren ondoriozkoez gainera, dagozkien lan guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa. Pertsonal gastuetarako dirulaguntza gehienez izanen da Foru Komunitateko Administrazioan lan egiten duten profesionalentzat edo kasuan kasuko lan hitzarmen kolektiboan ezarritakoa.

a.4) Bidaiak eta dietak. Jarduerak egitearekin lotura zuzena duten langileen joan-etorriei lotutako gastuak dira, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez jarraibide batzuk onetsi ziren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuen arlokoak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

a.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Entitateaz kanpoko profesionalen kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko.

a.6) Gastu diruz lagungarritzat joko dira finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario- eta erregistro-gastuak, diruz lagundutako programa egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio-gastuak, baita banku-bermerako gastuak ere, baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz gauzatzeko. Ez dira inolaz ere gastu diruz lagungarriak izanen bankuko kontuen interes zordunak, ez eta interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak ere.

b) Zeharkako gastuak, emandako dirulaguntzaren %15 edo gutxiago direnean. Proiektuaren zeharkako gastutzat hartuko dira, ondorio horietarako, entitate onuradunaren funtzionamenduko gastu orokorrak (bestelako pertsonal-gastuak, lokalenak, bulegoko materialak eta beste gastu arrunt batzuk). Zeharkako gastu horien %85, gutxienez, Nafarroan eginak izan beharko dira.

2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak:

Gastu hauek ez dute dirulaguntzarik izanen:

a) Gastu inbentariagarriak. Gastu inbentariagarriak dira erabileragatik azkar hondatu ezin direnak eta erosteko prezioa 600 eurokoa edo hortik gorakoa dutenak.

b) Zerbitzu publikoek egiten dituzten jarduerak.

c) Inbertsioak.

d) Entitatearen beraren publizitateari edo sustapenari loturiko gastuak.

e) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.

f) Podologia-zerbitzua edo antzekoak.

g) Instrukzio-organoaren ustez, programan sartutako jardueren garapenari loturik ez dagoen prestakuntza.

h) Deialdiaren 2. eranskinean ezarritako moduluak gainditzen dituzten kopuru unitarioak. Eranskin horretan jaso gabeko kasuetan, ez da dirulaguntzarik emanen Foru Komunitateko Administrazioan indarra duten tarifetatik gorako jardueren kostuetarako.

i) Material inprimatua edo digitala: materialerako dirulaguntza emanen da, bakar-bakarrik eta salbuespenez, instrukzio-organoaren iritziz ezinbestekoa bada programaren helburua lortzeko.

j) Jardunaldietara edo biltzarretara joate hutsa, monitoreak eta boluntarioak izan ezik.

3. Laguntzen zenbatekoa.

Eskatzaile bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, gastu gisa onartutako zenbatekoari portzentaje bat aplikatuko zaio, balorazioaren ondoren lortutako puntuak adinakoa, ezarritako gutxienekoa gainditzen bada, eta dagoen aurrekontu-zuzkiduraren proportzioan.

Zenbatekoen baturak kreditu erabilgarria gainditzen badu, eman beharreko zenbatekoak hainbanatu eginen dira balorazio-irizpideak aplikatzearen ondoriozko zenbatekoen gainean.

Bosgarrena. Eskaerak.

1. Eskaerak noiz eta non aurkeztu.

a) Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira Nafarroako Atarian argitaratutako deialdiaren fitxatik (hemendik aurrera "laguntzen fitxa"), "Tramitatu" atalean (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve.

Dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, laguntzen fitxan eskuragarri dauden artxiboen zenbakiak eta izenak aldatu gabe.

Eskaeretan gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEB) adieraziko da, eta hura baliatuko da komunikazio eta jakinarazpenetarako bide gisa NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalaren eta entitate eskatzaileen artean.

c) Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

d) Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Inprimakiak laguntzen fitxan egonen dira eskuragarri.

Entitateek gehienez hiru programa aurkezten ahalko dituzte urte berean NOPLOIren dirulaguntzen deialdietan, eta programa bakarra dirulaguntza-lerro bakoitzeko.

Honako hauek erantsi behar dira:

a) Eskabide ofiziala.

b) Dirulaguntza eskatzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen dokumentazioa.

c) Adieraztea Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen, fundazioen edo kooperatiben erregistroetatik zeinetan dagoen inskribatua entitate eskatzailea, hala badagokio; egoitza fiskala edo soziala Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo duten entitateen kasuan, haien estatutuen kopia eta dagokion erregistroan inskribatu izanaren adierazpena.

d) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitatea eta haren administratzailea eta/edo ordezkaria ez daudela dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretatik bakar batean ere. Egoera horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada; Nafarroako Gobernuaren webguneko inprimakien atalean egonen da eskuragarri:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta

g) Dirulaguntzaren aurrerakina eskatuz gero, deialdiaren 11. oinarriko 1. puntuan xedaturikoarekin bat, entitate eskatzaileak, oinarri horretan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik behar dituela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako beste dirulaguntzarik eskatu edo jaso duen adierazten duena.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedaturikoarekin bat, ez dago b), c), d) eta f) letretan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu beharrik, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko datu horiek badauzka, betiere adierazten bada zein espediente edo deialditan dauden datu horiek eta ez badira aldatu aurkeztu zirenez geroztik.

Eskaera aurkezteak berekin dakar entitateak NOPLOIri baimena ematea Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko eskatzaileak bete dituen bere zerga-betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu betetzen adierazi diren baldintzak, instrukzio-organoak erakunde interesdunari eskatuko dio zuzen dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 19. artikuluan xedatu bezala.

Seigarrena. Prozedura instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.

1. NOPLOIk izapidetuko ditu eskaerak, eta Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atala izanen da instrukzio-organoa, zeinak dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen diren egiaztatuko baitu eta eskaerak ofizioz baloratuko baititu, deialdi honen arabera.

Instrukzio-organoak programak ebaluatzeko eta bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eta diruz lagundutako jardueraren gaineko frogagiri guztiak eskuratzen ahalko ditu.

2. NOPLOIko zuzendari kudeatzailea da dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpen hori 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta. Epe hori iragan eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Zazpigarrena. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

1. Deialdi honen barneko dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Eskaerak banan-banan baloratuko dira, 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera, deialdiaren 3. eranskinean adierazitako irizpideak kontuan hartuta.

Ikusten bada programak edo jarduerak dirulaguntza jaso ezin dezaketen gastuak dituela (4. oinarriaren 2. puntuaren arabera), edo deialdi honen eremuari ez dagozkionak, horiexek kendu eta berriz eginen da eskaeraren ebaluazio ekonomikoa, hura baloratu baino lehen.

3. Programa bat diruz lagungarritzat jotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez. Horietatik 15 gutxienez 2. atalean lortu beharko dira (programaren kalitatea).

Zortzigarrena. Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza jasotzen duten jarduerak gauzatzea eskaeretan eta dirulaguntza ematen duen ebazpenean adierazitako baldintzetan, bai eta hala egin izana frogatzea ere. Diruz laguntzen diren jarduerak 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitarte eginen dira, Nafarroako Foru Komunitatean.

b) Beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo dirulaguntza guztien berri ematea NOPLOIri, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ezean, hori ere adieraziko da justifikazio memoriarekin batera. Eskaera egiteko inprimaki ofiziala eskuratzeko bide berberak erabiliz lor daiteke erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

c) Deialdi honen kargura egiten diren ekintza guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agerrarazi beharko da, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera. Horren berri aurretiaz eman behar zaio instrukzio-organoari.

Gauzatu beharreko ekintzaren ezaugarriak direla-eta hori egiterik ez badago, NOPLOIri baimena eskatu beharko zaio hura ez erabiltzeko, eta emandako dirulaguntzen publizitaterako ordezko modua adierazi beharko da.

Web-helbide honetan deskargatu daitezke logotipo horien zenbait bertsio:

https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala

d) Jarduerak egin bitartean gertatzen diren aldaketa guztien berri ematea instrukzio-organoari, baldin eta dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzei eragiten badiete.

e) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, bermatuko da hizkuntza inklusiboa erabiltzen dela programa idazteko eta proposamenak aurkezteko sortzen diren dokumentu eta material guztietan, baita programa hedatu eta gauzatzeko sortzen direnetan ere, eta bermatuko da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun balioak, estereotipatu gabeko genero-rolak eta zainketen erantzukidetasuna erakusten dituzten irudiak erabiltzen direla.

f) Ariketa fisikoko talde-jarduerak proposatzen dituzten eskaeretan, horiek zuzentzen dituzten teknikariek Nafarroan kirol-lanbidean hasteko eta jarduteko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren kualifikazio profesionalak izan beharko dituzte.

g) Orobat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak betetzea.

Bederatzigarrena. Gardentasun-betebeharrak.

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzen onuradunek arau horietan ezartzen den dokumentazioa aurkeztu behar dute.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen kontura dirulaguntzak lortzen dituzten entitate pribatuek, baldin eta 20.000 eurotik gorakoa bada dirulaguntza horien urtebeteko zenbateko osoa (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa interpretatuta), edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko diru-sarrera guztien %20 badira gutxienez (eta 5.000 eurora iristen badira), informazioa eman beharko dute gobernu-, administrazio- eta zuzendaritza-organoen osaerari, karguen zerrendari eta dedikazio-araubideari buruz, bai eta entitateak kargu bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinei eta gainerako konpentsazio ekonomikoei buruz ere, kontzeptuen arabera banakatuta. Orobat, urteko kontuak ere jakinaraziko dituzte, argitara eman ahal izateko.

Informazio hori dirulaguntzen fitxan ezarritako tramitearen bidez aurkeztuko da. Informazioa osatzeko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Entitateak gardentasun-betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu egin beharko ditu informazioa aurkeztu zueneko espedientea eta dirulaguntza-deialdia.

Entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena. Aldaketak.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, haren berri eman beharko zaio instrukzio-organoari, eta emandako laguntza aldatzeko eskatu beharko da.

Gertatzen diren gorabeherak behar adina arrazoituko dira aldaketa-eskaeretan. Eskaera horiek gorabeherak gertatu bezain laster egin beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xedeko jarduera gauzatzeko epea bukatu baino lehen; aurkezten direnetik beranduenez hilabeteko epean ebatzi beharko dira, eta ekar dezakete, bidezkoa bada, emandako laguntza aldatzea eta, zein den kasua, dagokion diru kopurua itzuli beharra.

Programa gauzatzeko diruz lagundutako gastu moten artean, gehienez ere, %5eko desbideratze ekonomikoa onartuko da, haren osotasunari eragiten diola ulertu gabe.

Entitatearen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik entitateak ezin badu diruz lagundutako programetako bat garatu, instrukzio-organoari jakinaraziko dio. Aurrerakinik kobratu ez badu, dirulaguntza osoa edo partziala kobratzeko eskubidea galduko du. Ordainketa aurreratua jaso bada, zenbatekoa itzuli eginen da, eta, horrekin batera, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabaki arteko berandutze-interesak eskatuko dira.

Proiektuari esleitutako langileen artean gertatutako aldaketa guztien berri emanen zaio instrukzio-organoari, bereziki laneko bajak. Pertsonal-gastuak justifikatzeko, entitateak benetan egindako gastua onartuko da, eta, gehienez ere, aurkeztutako proiektuan sartutako pertsonal-gastua osatu arte.

Hamaikagarrena. Dirulaguntza ordaintzea.

1. Ordainketa aurreratua.

Entitate onuradunek hala eskatzen dutenean, eta frogatzen dutenean funts likidoz hornitu beharra dutela diruz lagundutako jardueraren xedeak betetzeko, aldez aurretik ordaintzen ahalko da dirulaguntza, laguntzak emateko ebazpenarekin batera.

Horretarako, entitateak, dirulaguntzaren eskaerarekin batera, kontuen egoera aurkeztu beharko du, aurreko urteko bukaerari dagokiona, bai eta 2026ko diru-sarreren eta gastuen aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela frogatzeko.

Ordainketa aurreratua jaso duten entitateen kasuan, 2026ko abenduaren 18an amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.

2. Ordainketa jarduera osorik justifikatu ondoren.

Entitateak ordainketa aurreratua eskatzen ez badu, jardueraren justifikazio teknikoa eta ekonomikoa egin ondoren ordainduko da dirulaguntza, 12. oinarrian xedatutakoaren arabera.

Ordainketa aurreraturik jaso ez duten entitateen kasuan, 2026ko azaroaren 30ean amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.

Hamabigarrena. Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Justifikazioa memoria tekniko bat eta memoria ekonomiko bat izanen da, eta bertan adieraziko da dirulaguntzaren xedea bete dela, eta jarduera eta gastuak egin direla 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitartean.

2. Entitateak bitarteko telematikoen bidez aurkeztu beharko du justifikazioa, eredu ofizialean (laguntzen fitxan dago eskuragarri) eta NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalari zuzenduta.

3. Diruz lagundutako programa edo jardueraren memoria ekonomikoari fakturen eta ordainagirien kopiak erantsiko zaizkio. Fakturekin batera, haien zerrenda zenbakitua eta kontzeptuka zehaztua aurkeztuko da, euskarri informatikoan (kalkulu-orri elektronikoa). Fakturek bat etorri behar dute Fakturazio-betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.

Memoria ekonomikoan dirulaguntza jaso duen programari dagokion gastua azaldu behar da. Langileak kontratatuz gero, onartzen ahalko da Gizarte Segurantzaren eta PFEZaren gastuak 2027ko otsailaren 5era arte aurkeztea.

4. Memoriak aurkezteko epea bukaturik, eta horiek diruz lagundutako jarduerarekin bat datozela egiaztatu ondoren, instrukzio-organoak espedientea itxiko du, aldez aurretik fiskalizazioa eginda.

Hamahirugarrena. Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera batzuk hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko ditu, baina diruz lagundutako zenbatekoaren %50era bitarte gehienez, baldin eta behar bezala justifikatuta badago.

Azpikontratazioa egiteko asmoa nahitaez adierazi beharko da aurkezten diren eskaeretan, xehetasunez.

Azpikontratatutako gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak frogatu beharko du efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu duela enpresa hornitzailea, hiru hornitzaileren aurrekontu bana aurkeztuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat.

Beste entitate batzuekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa. Azpikontratazioetan, orobat, nahitaez betetzekoak izanen dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan jasotako gainerako betebeharrak.

Entitate kontratatuek entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Kontzeptu horretatik kanpo geldituko da entitate onuradunak diruz laguntzen den jarduera bere kasa aurrera eramateko egin behar dituen gastuak kontratatzea –hala nola monitoreei edo profesionalei ordaintzea zerbitzu bat eman dezaten–, betiere entitate onuradunak egiten badu programaren plangintza eta jarraipena.

14. Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, salbu xede bererako erabiltzen ahal diren Osasun Departamentuaren dirulaguntzekin.

Nolanahi ere, programa baterako jasotako bi dirulaguntzaren edo gehiagoren guztirako zenbatekoa (administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu eta norbanako guztiek, nazionalek nahiz nazioartekoek, emandakoak) inolaz ere ezin da izan haren kostu osoa baino handiagoa.

15. Itzulketa eta ez-betetzeak.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaindu daitezela eskatzea; hain zuzen, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.

2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun-irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

4. Behar den dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, baina bai ondoko 5 egunen barruan, hauxe izanen da atzerapenagatiko penalizazioa: %5 murriztuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Atzerapeneko seigarren egunetik aurrera, penalizazioa %1 handituko da igarotzen den egun bakoitzeko, 15 egunera arte gehienez ere.

16. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen-araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

17. Aplikatuko beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

18. Bidezko diren administrazio-errekurtsoak.

Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da aplikazio-egintzen aurka, Osasuneko zuzendari nagusiari zuzenduta eta hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluarekin.

19. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, NOPLOIk jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren http://www.nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, honako hauek adierazirik: deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

20. Datuen babesa.

Eskaeran eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, NOPLOIren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, web-helbide honetan:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa

2. ERANSKINA.–DIRUZ LAGUNTZEN AHAL DIREN GEHIENEKO MODULUAK

a) Langileei, kilometro-ordainari eta irakaskuntzari dagokienez, diruz lagundu daitezkeen gehieneko ordainsariak Foru Komunitateko Administrazioan indarrean daudenak izanen dira: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/langile-publikoen-ordainsariak edo kasuan kasuko hitzarmen kolektiboan indarrean daudenak.

Entitateak programarako jartzen duen langileen gastu gisa onartuko da haren %30, eta gehieneko dirulaguntza kontzeptu horretan 6.000 euro izanen da.

Proiektuari egotzitako langileen orduak zehaztu beharko dira, baita haien lanbide-kategoria eta hitzarmena ere.

b) Jardunaldietan, irakaskuntza- eta prestakuntza-saioetan, jardueretan eta antzekoetan, hauexek izanen dira gehieneko tarifa diruz lagungarriak:

–Hitzaldia, tailerreko irakaskuntza edo hezkuntza-jarduera: irakaskuntzako gehienekoa Foru Komunitateko Administrazioarentzat indarrean dagoena izanen da orduko, 16 ordu tailer edo hezkuntza-jarduera bakoitzeko, eta 72 ordu gehienez programa bakoitzeko.

Entitatearen beraren pertsonal-gastuaren kontzeptuan, irakaskuntza-jarduera bat prestatzeko gehienez 4 ordu onartuko dira, jarduera berrien kasuan, eta 2 ordu, jada sortuta dauden jardueren kasuan, jarduera egiteko edo gauzatzeko ordu bakoitzeko.

–Hitzaldiak edo jardunaldiak, gehienez 155 euro saio eta hizlari bakoitzeko; gehienez 55 euro mahai-inguru batean parte hartzeagatik; antzerkia eta zineforuma, gehienez 500 euro programako. Salbu eta eskualde bat baino gehiago hartzen duten programak (justifikatu beharko da).

–Boluntarioen eta monitoreen prestakuntza eta eguneratzea: 500 euro gehienez ere programa bakoitzeko.

–Ariketa fisikoko taldeak: hilean 250 euro gehienez taldeko, eta 3 talde programako, gehienez ere. Erabiltzaileen garraioaren gastua eskualdeko programetan bakarrik da diruz lagungarria.

–Jardueren zabalkunde-gastuak: gehienez 250 euro programa bakoitzeko.

–Jardueretarako paper-gauzen gastuak: gehienez 350 euro programa bakoitzeko. Behar bezala justifikatutako eta zehaztutako beste material batzuk, gehienez ere 2.000 euro programa bakoitzeko.

Eranskin honetan ezartzen direnak baino tarifa handiagoak aurkezten badira, beharrezkoak direla justifikatu beharko da, eta instrukzio-organoak jarduerak egin baino lehen onartu beharko ditu. Bestela, eranskin honetan aurreikusitakoak ordainduko dira, edozein dela ere haien egiazko kostua.

3. ERANSKINA.–BALORAZIO-IRIZPIDEAK

1.–Programaren bat-etortze maila eta/edo osagarritasuna: 25 puntu arte.

1.1. Lantzen diren osasun-gaiak bat etortzea Nafarroako edo estatuko indarreko plan eta estrategiekin: 10 puntu gehienez.

–Planak eta estrategiak:

  • Nafarroako Gobernuaren Zahartzaro Aktibo eta Osasungarrirako Estrategia.
  • Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan osasuna eta prebentzioa sustatzeko estrategia, Osasun Ministerioarena.
  • Nafarroako Osasun Plan indarduna, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarena.

–Osasun arloko gaiak:

  • Parte-hartzea eta gizarte-ekintza: 2 puntu gehienez.
  • Hezkuntza, prestakuntza eta ikaskuntza: 2 puntu gehienez.
  • Bizimodu osasungarrien sustapena. Elikadura eta/edo ariketa fisikoa: 2 puntu gehienez.
  • Informazio eta komunikazio soziala. Adinekoen irudi positiboa: 2 puntu gehienez.
  • Beste norbait zaintzea eta nork bere burua zaintzea: 2 puntu gehienez.

1.2. NOPLOIren helburuak, NOPLOIren Osasun Publikoko Planaren helburuen artean aurreko atalean sartuta ez dauden gaietarako: 5 puntu gehienez.

1.3. Ekitate-ikuspegia edo lehenetsitako beste ikuspegi batzuk txertatzea (lurraldea, generoa, adina, etnia, egoera sozioekonomikoa...). Baloratuko da nola deskribatzen eta aintzat hartzen diren ikuspegi horiek proiektuan: 10 puntu gehienez.

–Ikuspegirik lantzen ez bada: 0 puntu.

–Ikuspegi bat: 2 puntu gehienez.

–Bi ikuspegi: 6 puntu gehienez.

–Hiru ikuspegi edo gehiago: 10 puntu gehienez.

2.–Aurkeztutako programaren kalitatea: 40 puntu gehienez.

2.1. Abiapuntuko egoeraren azalpena, beharraren justifikazioa eta helburuak: 13 puntu gehienez.

–Egoeraren azalpena eta beharraren justifikazioa: 7 puntu gehienez. Honako hauek baloratuko dira:

  • Abiapuntuko egoeraren azalpena.
  • Lantzen diren osasun premien justifikazioa.
  • Programaren beharraren justifikazioa.

–Helburuen formulazioa: 6 puntu gehienez.

  • Helburu orokor garrantzitsuak, zehatzak eta argiak formulatzea.
  • Helburu espezifiko osoak, zehatzak eta neurgarriak formulatzea.

2.2. Populazioa eta espero den eragina: 13 puntu gehienez.

–Erakartzeko eta motibatzeko estrategiak eta/edo jarduerak: 3 puntu gehienez.

–Iraupena: 10 puntu gehienez.

  • Jarduerak 30 ordu baino gehiago irauten badu: 10 puntu.
  • Jarduerak 10 ordu baino gehiago irauten badu, eta 30 ordu baino gutxiago: 5 puntu.
  • Jarduerak 10 ordu edo gutxiago irauten badu: 3 puntu.

2.3. Metodologia eta ebaluazioa: 14 puntu gehienez.

–Osasuna sustatzeko erabilitako estrategiak (biztanleriari buruzko informazioa, taldekako osasunerako hezkuntza, esku-hartze komunitarioak, inguruneko neurriak): 5 puntu gehienez.

  • Estrategiarik erabiltzen ez bada: 0 puntu.
  • Estrategia bat erabiltzen bada: puntu bat.
  • 2 estrategia erabiltzen badira: 2 puntu.
  • 2 estrategia baino gehiago erabiltzen badira: 5 puntu.

–Jardueren azalpena: 3 puntu gehienez. Honako hauek azaltzea baloratuko da:

  • Jardueran zer eginen den.
  • Jarduera nola eginen den.
  • Jarduera noiz eginen den.
  • Jardueraren iraupena.

–Egokitasuna: 3 puntu gehienez. Jarduerak honako hauei egokitzea baloratuko da:

  • Helburuak.
  • Populazio onuraduna.
  • Estrategiak.

–Ebaluazioa: 3 puntu gehienez. Ebaluazioan honako hauek azaltzen diren baloratuko da:

  • Zer ebaluatu behar den.
  • Ebaluazioa nola eginen den.
  • Ebaluazioa nork eginen duen.
  • Ebaluazioa noiz eginen den.

3.–Entitatearen egokitasuna programa aurrera eramateko: 35 puntu arte.

3.1. Osagarritasuna eta integrazioa beste programa eta entitate batzuekin: 9 puntu gehienez.

–Entitate eskatzaileaz gain beste 3 entitatek/zerbitzuk/baliabidek edo gehiagok parte hartuz gero: 9 puntu.

–2 entitatek/zerbitzuk/baliabidek parte hartuz gero: 6 puntu.

–Entitate/zerbitzu/baliabide batek parte hartuz gero: 3 puntu.

3.2. Komunitatearen eta xede-populazioaren parte-hartzea sustatzea: 9 puntu gehienez.

–Xede-populazioak jardueren diseinuan parte hartu badu: 4 puntu gehienez.

–Xede-populazioak proiektuaren diseinuan parte hartu badu: 5 puntu gehienez.

3.3. Entitate eskatzailearen kofinantzaketa: 5 puntu gehienez.

–Kofinantzaketa %50ekoa edo gehiagokoa bada: 5 puntu.

–Kofinantzaketa %50 baino txikiagoa bada: 2 puntu.

–Ez badago kofinantzaketarik: 0 puntu.

3.4. Programarako gaitasun teknikoa eta ekonomikoa. Entitatearen baliabideak programarako egokiak izatea: 6 puntu gehienez.

3.5. Boluntarioen parte-hartzea: 3 puntu gehienez.

–Halakorik badago: puntu bat.

–Programan zerbait egiten badute: 2 puntu.

3.6. Lokal eta/edo espazio publikoak erabiltzea: 3 puntu gehienez.

Iragarkiaren kodea: F2517346