Iragarkia
27. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
103E/2025 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat, toki entitateei dirulaguntzak emateko, substantzia-adikzioek eta substantziarik gabeko adikzioek eragindako ondorioen prebentzio komunitariorako programak egiteko 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era arte. DDBN kodea: 870960.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat, dirulaguntza deialdi honen xedea da toki entitateek ekintza espezifikoak egitea, herritarren parte-hartzearen testuinguruan, substantzia-adikzioek eta substantziarik gabeko adikzioek eragindako ondorioen prebentzio komunitariorako programa komunitarioak garatzeko, bat etorriz Osasun Departamentuak osasun politikaren esparru orokorrean sustatzen dituen irizpideekin, eta, bereziki, ekintza horien xedea bada indarreko Osasun Planean, Nafarroako Osasun Publikoaren 2022-2025 aldiko Planean, Adikzioak Prebenitzeko Nafarroako IV. Planean (2025-2030) eta Drogei buruzko Plan Nazionalean aipatzen diren helburuak betetzea, eta bat badatoz Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (aurrerantzean, NOPLOI) bizimoduei buruz ematen dituen gomendioekin.
Espedienteko txosten teknikoak eta txosten juridikoak adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.
Azaldutakoarekin bat, NOPLOIren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren 10. g) artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea, toki entitateei dirulaguntzak emateko, substantzia-adikzioek eta substantziarik gabeko adikzioek eragindako ondorioen prebentzio komunitariorako programak egiteko 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era arte, bai eta haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen 1., 2., 3. eta 4. eranskinetan azaldutakoarekin bat.
2. Ebazpen honetatik sorturiko konpromisoei erantzuteko, 315.000 euroko gastua erreserbatu eta baimentzea, 2025eko gastu-aurrekontuko "Toki entitateentzako dirulaguntzak, adikzioak prebenitzeko udal planetarako" izeneko 520001-51200-4609-313902 partidaren baliokidea izanen den eta 2026ko aurrekontuetan gaituko den partidaren kargura, kreditu egokia baldin badago.
Orobat, 20.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehikuntza eginez gero, dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurretik baimendu eta jakitera eman beharko da, eta ez du ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta laguntzak emateko ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea berriz zenbatzen hastea ere.
3. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren aurka, Osasuneko zuzendari nagusiari zuzenduta. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
5. Ebazpen hau igortzea NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Osasun Zuzendaritza Nagusira, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasun Departamentuan Ekonomia eta Ogasun Departamentuak duen Kontu-hartzailetza Delegatura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abenduaren 19an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, María Ángeles Nuin Villanueva.
1. ERANSKINA.–TOKI ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, SUBSTANTZIA-ADIKZIOEK ETA SUBSTANTZIARIK GABEKO ADIKZIOEK ERAGINDAKO ONDORIOEN PREBENTZIO KOMUNITARIORAKO PROGRAMAK EGITEKO 2025EKO ABENDUAREN 1ETIK 2026KO AZAROAREN 30ERA BITARTEAN. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Dirulaguntzaren xedea.
Deialdi honen xedea da toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, substantzia-adikzioek eta substantziarik gabeko adikzioek eragindako ondorioen prebentzio komunitariorako programak egin ditzaten beren eskualdeko zerbitzu eta baliabideekin elkarlanean, esku-hartzeko esparruak (familia, komunitatea, elkarteak, eskola...) artikulatzen dituzten taldekako ekintzen eta ekintza komunitarioen bidez; ekintza horiek erantzuna ematen diete populazioaren beharrei prebentzio ekimenen bitartez (prebentzio hori izan daiteke girokoa, unibertsala, selektiboa eta/edo aholkatua), metodologia komunitarioak erabiliz eta komunitatea inplikatuz, populazioan adikzioen aurreko arrisku faktoreak gutxitzeko eta babes faktoreak eta bizimodu osasungarriak indartzeko, aisialdi moduak ere kontuan hartuz, aisialdi digitala horien artean dagoela, nerabe eta gazteen artean gero eta garrantzia handiagoa duelako.
Ulertzen da substantzia-adikzioek eta substantziarik gabeko adikzioek eragindako ondorioen prebentzio komunitariorako eta osasuna sustatzeko programa komunitarioak direla talde eta komunitateen osasuna sustatu eta hobetzeko helburua dutenak eta, horretarako, taldeetan dauden dinamiketan bermatzen direnak (talde informalak, elkarteak, baliabideak eta zerbitzuak, administrazio publikoak, etab.). Era berean, talde eta komunitate horien ahalmenak garatzeko helburua dute, eta ongizatera eta bizi-kalitatera bideratutako ekintza- eta jarduera-aukerak sortzen laguntzen dute, betiere argi izanik funtsezkoa dela xede-komunitateak prozesuetan parte hartzea, eta gizarteko sektoreak lankidetzan aritzea, hau da, sareko lana egitea.
Dirulaguntzen deialdi honetatik kanpo daude beste laguntza eta/edo deialdi publiko batzuen bidez berariaz finantzatzen diren proiektu eta jarduketak edo beste administrazio publiko batzuen eskumenekoak direnak. Halaber, berariaz deialditik kanpo daude osasun laguntzaren edo ikerketaren arloko ekintzak jasotzen dituzten proiektuak.
2. Dirulaguntzaren finantzaketa.
Ebazpen honetatik sorturiko konpromisoei erantzuteko, 315.000 euroko gastua eginen da, 2025eko gastu-aurrekontuko "Toki entitateentzako dirulaguntzak, adikzioak prebenitzeko udal planetarako" izeneko 520001-51200-4609-313902 partidaren baliokidea izanen den eta 2026ko aurrekontuetan gaituko den partidaren kargura, kreditu egokia baldin badago.
Orobat, 20.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehikuntza eginez gero, dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurretik baimendu eta jakitera eman beharko da, eta ez du ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta laguntzak emateko ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea berriz zenbatzen hastea ere.
Dirulaguntza hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren dirulaguntzen lerroen barruan.
3. Entitate onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen bidez ezartzen diren dirulaguntzen onuradunak toki entitateak izaten ahalko dira, baldin eta deialdiaren epean substantzia-adikzioek eta substantziarik gabeko adikzioek eragindako ondorioen prebentzio komunitariorako ekintzak edo programak egiten badituzte Nafarroako Foru Komunitatean, Osasun Departamentuak zehazturiko lehentasunekin bat etorriz.
Entitate eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei itzuli beharreko zorrei dagozkien betebeharrak ere, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egiten den egunean.
Entitate eskatzaileak ezin dira egon dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten gainerako egoeretan, zeinak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarrita baitaude.
Baldintza horiek guztiak diruz laguntzen den jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira. Entitate onuradunaren erantzukizuna da, aldaketarik bada, horien berri ematea.
4. Gastu diruz lagungarriak, diruz lagungarriak ez direnak, eta laguntzen zenbatekoak.
1. Gastu diruz lagungarriak.
a) Programako jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak, hala nola honako hauek:
a.1) Higiezinen alokairuak eta horiek erabiltzearen ondoriozko gastu arruntak, diruz lagundutako jarduerak entitatearen jarduketa guztiei eragiten dien zati proportzionalean.
a.2) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.
a.3) Bidaiak eta dietak. Jarduerak egitearekin lotura zuzena duten langileen joan-etorrien ondoriozko gastuak dira, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez jarraibide batzuk onetsi ziren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuen arlokoak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).
a.4) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Entitateaz kanpoko profesionalen kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko.
a.5) Gastu diruz lagungarritzat joko dira finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako programa egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, baita banku-bermerako gastuak ere, baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz gauzatzeko. Ez dira inolaz ere gastu diruz lagungarriak izanen bankuko kontuen interes zordunak, ez eta interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak ere.
b) Zeharkako gastuak, emandako dirulaguntzaren %15 edo gutxiago direnean. Proiektuaren zeharkako gastutzat hartuko dira, ondorio horietarako, entitate onuradunaren funtzionamendu orokorreko gastuak (langileriaren beste gastu batzuk, lokalenak, bulego materialak eta beste gastu arrunt batzuk). Zeharkako gastu horien %85, gutxienez, Nafarroan egina izan beharko da.
2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
Gastu hauek ez dute dirulaguntzarik izanen:
a) Entitatearen langileria gastuak.
b) Gastu inbentariagarriak. Gastu inbentariagarriak dira erabileragatik azkar hondatu ezin direnak eta erosteko prezioa 600 eurokoa edo hortik gorakoa dutenak.
c) Inbertsioak.
d) Entitatearen beraren publizitateari edo sustapenari loturiko gastuak.
e) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.
f) Instrukzio organoaren ustez, programan sartutako jardueren garapenari loturik ez dagoen prestakuntza.
g) Deialdiaren 2. eranskinean ezarritako moduluak gainditzen dituzten kopuru unitarioak. Eranskin horretan jaso gabeko kasuetan, ez da dirulaguntzarik emanen Foru Komunitateko Administrazioan indarra duten tarifetatik gorako jardueren kostuetarako.
h) Material inprimatua edo digitala: materialerako dirulaguntza emanen da, bakar-bakarrik eta salbuespenez, instrukzio organoaren iritziz ezinbestekoa bada programaren helburua lortzeko.
i) Jardunaldi, kongresu eta kanpamentuetara joate hutsa, monitoreak eta boluntarioak izan ezik.
j) Jaibusen jardueran, autobusetan doazen begiraleak, laguntzaileak edo segurtasun-zaindariak.
k) Adikzioen tratamendua osatzeko laguntzaileak, tokiko dirulaguntzak eta hirugarrenentzako dirulaguntzatzat hartzen ahal diren transferentziak.
l) Ikasleekin ikasgeletan egiten diren jarduerak.
m) Eskola sustatzaileek egindako jarduerak.
3. Laguntzen zenbatekoa.
Eskatzaile bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, gastu gisa onartutako zenbatekoari portzentaje bat aplikatuko zaio, balorazioaren ondoren lortutako puntuak adinakoa, ezarritako gutxienekoa gainditzen bada, eta dagoen aurrekontu-zuzkiduraren proportzioan.
Zenbatekoen baturak kreditu erabilgarria gainditzen badu, eman beharreko zenbatekoak hainbanatu eginen dira balorazio-irizpideak aplikatzearen ondoriozko zenbatekoen gainean.
5. Eskaerak.
1. Noiz eta non aurkeztu.
a) Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira Nafarroako Atarian argitaratutako deialdiaren fitxatik (hemendik aurrera "laguntzen fitxa"), "Tramitatu" atalean (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve.
Dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, laguntzen fitxan eskuragarri dauden artxiboen zenbakiak eta izenak aldatu gabe.
Eskaeretan gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEB) adieraziko da, eta hura baliatuko da komunikazio eta jakinarazpenetarako bide gisa NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalaren eta entitate eskatzaileen artean.
c) Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
d) Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Inprimakiak laguntzen fitxan egonen dira eskuragarri.
Toki entitateek programa bakarra aurkezten ahalko dute dirulaguntza lerro honetan, arlo edo departamentu bakoitzeko, haien egituraren arabera.
Honako hauek erantsi behar dira:
a) Eskabide ofiziala.
b) Dirulaguntza eskatzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen dokumentazioa.
c) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitatea eta haren administratzailea eta/edo ordezkaria ez daudela dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretatik bakar batean ere. Egoera horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.
e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada; Nafarroako Gobernuaren webguneko inprimakien atalean egonen da eskuragarri:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
f) Dirulaguntzaren aurrerakina eskatuz gero, deialdiaren 10. oinarriko 1. puntuan xedaturikoarekin bat, entitate eskatzaileak, oinarri horretan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik behar dituela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
g) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako beste dirulaguntzarik eskatu edo jaso duen adierazten duena.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedaturikoarekin bat, ez dago b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu beharrik, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko datu horiek badauzka, betiere adierazten bada zein espediente edo deialditan dauden datu horiek eta ez badira aldatu aurkeztu zirenez geroztik.
Eskaera aurkezteak berekin dakar entitateak NOPLOIri baimena ematea Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
3. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskaerak ez baditu betetzen adierazi diren baldintzak, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio zuzen dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 19. artikuluan xedatu bezala.
6. Prozedura instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.
1. NOPLOIk izapidetuko ditu eskaerak, eta Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atala izanen da instrukzio organoa, zeinak dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen diren egiaztatuko baitu eta eskaerak ofizioz baloratuko baititu, deialdi honen arabera.
Instrukzio organoak programak ebaluatzeko eta bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eta diruz lagundutako jardueraren gaineko frogagiri guztiak eskuratzen ahalko ditu.
2. NOPLOIko zuzendari kudeatzailea da dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpen hori 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta. Epe hori iragan eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.
7. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.
1. Deialdi honen barneko dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2. Eskaerak banan-banan baloratuko dira, 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera, deialdiko 3. eranskinean adierazitako irizpideak kontuan hartuta.
Ikusten bada programak edo jarduerak dirulaguntza jaso ezin dezaketen gastuak dituela (4. oinarriaren 2. puntuaren arabera), edo deialdi honen eremuari ez dagozkionak, horiexek kendu eta berriz eginen da eskaeraren ebaluazio ekonomikoa, hura baloratu baino lehen.
3. Programa bat diruz lagungarritzat jotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez. Horietatik 15 gutxienez 2. atalean lortu beharko dira (programaren kalitatea).
8. Entitate onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza jasotzen duten jarduerak gauzatzea eskaeretan eta dirulaguntza ematen duen ebazpenean adierazitako baldintzetan, bai eta hala egin izana frogatzea ere. Diruz laguntzen diren jarduerak 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitarte eginen dira, Nafarroako Foru Komunitatean.
b) Beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo dirulaguntza guztien berri ematea NOPLOIri, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ezean, hori ere adieraziko da justifikazio memoriarekin batera. Eskaera egiteko inprimaki ofiziala eskuratzeko bide berberak erabiliz lor daiteke erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.
c) Deialdi honen kargura egiten diren ekintza guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agerrarazi beharko da, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera. Horren berri aurretiaz eman behar zaio instrukzio organoari.
Gauzatu beharreko ekintzaren ezaugarriak direla-eta hori egiterik ez badago, NOPLOIri baimena eskatu beharko zaio hura ez erabiltzeko, eta emandako dirulaguntzen publizitaterako ordezko modua adierazi beharko da.
Web-helbide honetan deskarga daitezke logoen zenbait bertsio:
https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala
d) Era berean, dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek programaren memoria teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute, eta beren profesionalei aukera eman beharko diete Adikzioak Prebenitzeko Nafarroako IV. Planak (2025-2030) proposatutako prestakuntzan parte hartzeko.
e) Jarduerak egin bitartean gertatzen diren aldaketa guztien berri ematea instrukzio organoari, baldin eta dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzei eragiten badiete.
f) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, bermatuko da hizkuntza inklusiboa erabiltzen dela programa idazteko eta proposamenak aurkezteko sortzen diren dokumentu eta material guztietan, baita programa hedatu eta gauzatzeko sortzen direnetan ere, eta bermatuko da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun balioak, estereotipatu gabeko genero-rolak eta zainketen erantzukidetasuna erakusten dituzten irudiak erabiltzen direla.
g) Orobat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak betetzea.
9. Aldaketak.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, haren berri eman beharko zaio instrukzio organoari, eta emandako laguntza aldatzeko eskatu beharko da.
Gertatzen diren gorabeherak behar adina arrazoituko dira aldaketa eskaeretan. Eskaera horiek gorabeherak gertatu bezain laster egin beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xedeko jarduera gauzatzeko epea bukatu baino lehen; aurkezten direnetik beranduenez hilabeteko epean ebatzi beharko dira, eta ekar dezakete, bidezkoa bada, emandako laguntza aldatzea eta, zein den kasua, dagokion diru kopurua itzuli beharra.
Programa gauzatzeko diruz lagundutako gastu moten artean, gehienez ere, %5eko desbideratze ekonomikoa onartuko da, haren osotasunari eragiten diola ulertu gabe.
Entitatearen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik entitateak ezin badu diruz lagundutako programetako bat garatu, instrukzio organoari jakinaraziko dio. Ordainketa aurreraturik jaso ez badu, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko du. Ordainketa aurreratua jaso bada, zenbatekoa itzuli eginen da, eta, horrekin batera, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabaki arteko berandutze-interesak eskatuko dira.
10. Dirulaguntzaren ordainketa.
1. Ordainketa aurreratua.
Entitate onuradunek hala eskatzen dutenean, eta frogatzen dutenean funts likidoz hornitu beharra dutela diruz lagundutako jardueraren xedeak betetzeko, aldez aurretik ordaintzen ahalko da dirulaguntza, hura emateko ebazpenarekin batera.
Horretarako, entitateak, dirulaguntzaren eskaerarekin batera, kontuen egoera aurkeztu beharko du, aurreko urteko bukaerari dagokiona, bai eta 2026ko diru-sarreren eta gastuen aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela frogatzeko.
Beharrezkotzat jotzen bada, idazkaritzak eginiko ziurtagiri bat aurkeztuko da, aurreko paragrafoan aipatutako alderdiak adierazita, hots: diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena, eta programa gauzatzeko aldez aurretiko funts horniduraren beharra.
Ordainketa aurreratua jaso duten entitateen kasuan, 2026ko abenduaren 18an amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.
2. Ordainketa, jarduera osorik justifikatu ondoren.
Entitateak ordainketa aurreratua eskatzen ez badu, jardueraren justifikazio teknikoa eta ekonomikoa egin ondoren ordainduko da dirulaguntza, 11. oinarrian xedatutakoaren arabera.
Ordainketa aurreraturik jaso ez duten entitateen kasuan, 2026ko azaroaren 30ean amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.
11. Dirulaguntzaren justifikazioa.
Justifikazioa memoria tekniko baten eta memoria ekonomiko baten bidez eginen da. Horien bidez erakutsiko da bete dela dirulaguntzaren xedea eta, orobat, zer gastu egin diren 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitartean.
Entitateak bitarteko telematikoen bidez aurkeztu beharko du justifikazioa, eredu ofizialean (laguntzen fitxan dago eskuragarri) eta NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalari zuzenduta.
Diruz lagundutako programa edo jardueraren memoria ekonomikoari fakturen eta ordainagirien kopiak erantsiko zaizkio. Fakturekin batera, haien zerrenda zenbakitua eta kontzeptuka zehaztua aurkeztuko da, euskarri informatikoan (kalkulu-orri elektronikoa). Fakturak bat etorri behar dira Fakturazio-betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.
Memoria ekonomikoan dirulaguntza jaso duen programari dagokion gastua azaldu behar da. Langileak kontratatuz gero, onartzen ahalko da Gizarte Segurantzaren eta PFEZaren gastuak 2027ko otsailaren 5era arte aurkeztea.
Jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, gastuak diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaizkiola adierazten duen ziurtagiria aurkezten ahalko da (udaleko idazkariak sinatua eta, kontu-hartzailea duten toki entitateetan, kontu-hartzaileak ikus-onetsia), eta horri programari loturiko fakturen zerrenda gehitu beharko zaio.
Memoriak aurkezteko epea bukaturik, eta horiek diruz lagundutako jarduerarekin bat datozela egiaztatu ondoren, instrukzio organoak espedientea itxiko du, aldez aurretik fiskalizazioa eginda.
12. Azpikontratazioa.
Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera batzuk hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko ditu, baina diruz lagundutako zenbatekoaren %50era bitarte gehienez eta, betiere, baldin eta behar bezala justifikatuta badago.
Azpikontratazioa egiteko asmoa nahitaez adierazi beharko da aurkezten diren eskaeretan, xehetasunez.
Azpikontratatutako gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak frogatu beharko du efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu duela enpresa hornitzailea, hiru hornitzaileren aurrekontu bana aurkeztuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat.
Beste entitate batzuekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa. Azpikontratazioetan, orobat, nahitaez betetzekoak izanen dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan jasotako gainerako betebeharrak.
Entitate kontratatuek entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.
Kontzeptu horretatik kanpo geldituko da entitate onuradunak diruz laguntzen den jarduera bere kasa aurrera eramateko egin behar dituen gastuak kontratatzea –hala nola monitoreei edo profesionalei ordaintzea zerbitzu bat eman dezaten–, betiere entitate onuradunak egiten badu programaren plangintza eta jarraipena.
13. Bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, salbu xede bererako erabiltzen ahal diren Osasun Departamentuaren dirulaguntzekin.
Nolanahi ere, programa baterako jasotako bi dirulaguntzaren edo gehiagoren guztirako zenbatekoa (administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu eta norbanako guztiek, nazionalek nahiz nazioartekoek, emandakoak) inolaz ere ezin da izan haren kostu osoa baino handiagoa.
14. Itzulketa eta ez-betetzeak.
Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaindu daitezela eskatzea; hain zuzen, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.
Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
Behar den dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, baina bai ondoko 5 egunen barruan, hauxe izanen da atzerapenagatiko penalizazioa: %5 murriztuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Atzerapeneko seigarren egunetik aurrera, penalizazioa %1 handituko da igarotzen den egun bakoitzeko, 15 egunera arte gehienez ere.
15. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetako dirulaguntzaren onuradun diren entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
16. Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
17. Bidezko diren administrazio-errekurtsoak.
Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da aplikazio-egintzen aurka, Osasuneko zuzendari nagusiari zuzenduta eta hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluarekin.
18. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, NOPLOIk jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren http://www.nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, honako hauek adierazirik: deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.
19. Datuen babesa.
Eskaeran eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, NOPLOIren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, web-helbide honetan:
https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa
2. ERANSKINA.–DIRUZ LAGUNTZEN AHAL DIREN GEHIENEKO MODULUAK
a) Langileria, kilometro eta irakaskuntza kontzeptuetako gastuei dagokienez, ordaintzen ahal diren gehieneko zenbatekoak Foru Komunitateko Administrazioan indarrean daudenak izanen dira (https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/langile-publikoen-ordainsariak), edo kasuan kasuko hitzarmen kolektiboan ezarritakoak.
b) Jardunaldietan, irakaskuntza eta prestakuntza saioetan, jardueretan eta antzekoetan, hauexek izanen dira gehieneko tarifa diruz lagungarriak:
–Hitzaldia, tailerreko irakaskuntza edo hezkuntza-jarduera: irakaskuntzako gehienekoa Foru Komunitateko Administrazioarentzat indarrean dagoena izanen da orduko, eta 16 ordu tailer edo hezkuntza-jarduera bakoitzeko, eta 72 ordu gehienez programa bakoitzeko.
–Hitzaldiak edo jardunaldiak, gehienez 155 euro saio eta hizlari bakoitzeko; gehienez 55 euro mahai-inguru batean parte hartzeagatik; antzerkia eta zineforuma, gehienez 500 euro programako. Salbu eta eskualde bat baino gehiago hartzen duten programak (justifikatu beharko da).
–Boluntarioen eta monitoreen prestakuntza eta eguneratzea: gehienez 500 euro programa bakoitzeko.
–Jaibuseko ekintzetan: eskatutako zenbatekoaren %40 gehienez ere.
–Eskolako laguntza jardueretan, behar bezala justifikatuta badaude: eskatutako zenbatekoaren erdia gehienez ere.
–Adikzioen prebentzioa berariaz lantzen ez duten baina haiekiko babes faktoreak bultzatzen dituzten jardueretan: eskatutako zenbatekoaren erdia gehienez ere.
–Ariketa fisikoko taldeak: hilean 250 euro gehienez taldeko, eta 3 talde programako, gehienez ere. Erabiltzaileen garraioaren gastua eskualdeko programetan bakarrik da diruz lagungarria.
–Jardueren zabalkunde gastuak: gehienez 250 euro programa bakoitzeko.
–Jardueretarako paper-gauzen gastuak: gehienez 350 euro programa bakoitzeko. Behar bezala justifikatutako eta zehaztutako beste material batzuk, gehienez ere 2.000 euro programa bakoitzeko.
Eranskin honetan ezartzen direnak baino tarifa handiagoak aurkezten badira, beharrezkoak direla justifikatu beharko da, eta instrukzio organoak jarduerak egin baino lehen onartu beharko ditu. Bestela, eranskin honetan aurreikusitakoak ordainduko dira, edozein dela ere haien egiazko kostua.
3. ERANSKINA.–BALORAZIO-IRIZPIDEAK
1.–Aurkezturiko programa bat etortzea eta/edo osagarria izatea Osasun Departamentuaren lehentasunezko arlo eta helburuekin: 25 puntu gehienez.
1.1. Nafarroako edo Estatuko plan eta estrategia indardunekin bat etortzea: 10 puntu gehienez. Hauexek dira kontuan hartuko diren plan eta estrategiak:
–Adikzioak Prebenitzeko Nafarroako IV. Plana (2025-2030): 5 puntu gehienez.
–Drogei buruzko Plan Nazionaleko Drogen kontrako Ekintza Plana: 3 puntu gehienez.
–Osasun Sistema Nazionaleko Osasunaren Sustapenerako eta Prebentziorako Estrategia toki eremuan: 2 puntu gehienez.
1.2. Osasun Departamentuaren eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren lehentasunezko osasun-helburuak (Drogei buruzko Plan Nazionalaren deialdiaren arabera aurkeztutako eskaeretarako, deialdi horretan zehaztutako helburuak ere hartuko dira kontuan): 5 puntu gehienez.
–Haurren eta nerabeen osasuna sustatzea: 2 puntu gehienez.
–Guraso eskola: 1 puntu gehienez.
–Gazteen osasuna sustatzea. Foru Plana: 2 puntu gehienez.
1.3. Ekitate-ikuspegia edo lehenetsitako beste ikuspegi batzuk txertatzea (lurraldea, generoa, adina, etnia, egoera sozioekonomikoa...). Baloratuko da nola deskribatzen eta aintzat hartzen diren ikuspegi horiek proiektuan: 10 puntu gehienez.
–Ikuspegirik lantzen ez bada: 0 puntu.
–Ikuspegi bat: 2 puntu gehienez.
–Bi ikuspegi: 6 puntu gehienez.
–Hiru ikuspegi edo gehiago: 10 puntu gehienez.
2.–Aurkeztutako programaren kalitatea: 40 puntu gehienez.
2.1. Abiapuntuko egoeraren azalpena, beharraren justifikazioa eta helburuak: 13 puntu gehienez.
–Beharren hasierako analisia informazio kuantitatiboarekin eta kualitatiboarekin: 4 puntu gehienez.
–Baliabide komunitarioen hasierako analisia: 3 puntu gehienez.
–Helburu orokorren argitasuna eta garrantzia. Beharretara egokitzea: 3 puntu gehienez.
–Helburu espezifikoen zehaztasuna: 3 puntu gehienez.
2.2. Populazioa eta espero den eragina: 13 puntu gehienez.
–Erakartzeko eta motibatzeko estrategiak eta/edo jarduerak: 3 puntu gehienez.
–Xede-populazioa: 5 puntu gehienez.
–Parte-hartzaileengan duen eraginaren analisia: 5 puntu gehienez.
2.3. Metodologia eta ebaluazioa: 14 puntu gehienez.
–Osasuna sustatzeko erabilitako estrategiak (biztanleriari buruzko informazioa, taldekako osasunerako hezkuntza, esku-hartze komunitarioak, inguruneko neurriak): 5 puntu gehienez.
–Jardueren deskripzioa: 3 puntu gehienez. Honako hauek azaltzea baloratuko da:
- Jardueran zer eginen den.
- Jarduera nola eginen den.
- Jarduera noiz eginen den.
- Jardueraren iraupena.
–Egokitasuna: 3 puntu gehienez. Jarduerak honako hauei egokitzea baloratuko da:
- Helburuak.
- Populazio onuraduna.
- Estrategiak.
–Ebaluazioa adierazle kuantitatibo eta kualitatiboekin: 3 puntu gehienez. Ebaluazioan honako hauek azaltzen diren baloratuko da:
- Zer ebaluatu behar den.
- Ebaluazioa nola eginen den.
- Ebaluazioa nork eginen duen.
- Ebaluazioa noiz eginen den.
3.–Entitatearen egokitasuna programa aurrera eramateko: 35 puntu gehienez.
3.1. Osagarritasuna eta integrazioa beste programa eta entitate batzuekin: 9 puntu gehienez.
–Integrazioa entitate eskatzailearen beste ekimen batzuekin: 3 puntu gehienez.
–Integrazioa eskualdean garatzen diren beste programa batzuekin: 3 puntu gehienez.
–Herritar guztiengandik hurbil dauden prebentzio-egiturak garatzea, prebentzio unibertsala, selektiboa eta aholkatua bultzatzen duten esku-hartzeekin: 3 puntu gehienez.
3.2. Komunitatearen eta xede-populazioaren parte-hartzea sustatzea, esku hartzeko eta autolaguntzarako eremuak askotarikoak izatea: 10 puntu gehienez.
–Prebentzio komunitarioko estrategiak erabiltzea (askotariko esku-hartze eremuak, eremu komunitarioko jarduera normalizatuetan integratzea): 5 puntu gehienez.
–Sareko lana: 3 puntu gehienez.
–Herritarren parte-hartzea, gizarte-bitartekaritza erabiltzea eta/edo berdinen arteko hezkuntza: 2 puntu gehienez.
3.3. Entitate eskatzailearen kofinantzaketa: 5 puntu gehienez.
–Kofinantzaketa %50 edo gehiago bada: 5 puntu.
–Kofinantzaketa %50 baino gutxiago bada: 2 puntu.
–Ez badago kofinantzaketarik: 0 puntu.
3.4. Programa gauzatzeko gaitasun teknikoa eta ekonomikoa: 8 puntu gehienez.
–Entitate eskatzaileko profesionalen arduraldia programan: 5 puntu gehienez.
–Erabilitako baliabideak egokiak izatea aurkeztu den programarako: 3 puntu gehienez.
3.5. Boluntarioen parte-hartzea. Aurkeztutako proiektuak boluntariorik badu guraso elkarteekin, bitartekariekin, haur eta gazteen aisia sustatzeko langileekin eta abar egindako esku-hartzeetan: 3 puntu gehienez.
4. ERANSKINA.–JAIBUS ZERBITZUA IZENEKO EKINTZA
(EDO BESTABUSA, XIN-XOAN ETA HALAKOAK)
1.–Sarrera.
Jaibus zerbitzua eta halakoak (Bestabusa, Xin-xoan, etab.) Nafarroako landa-eremuetako udalerrietan jarri ziren abian 90eko hamarkadaren hasieran. Garai hartan, alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoarekin lotutako trafiko-istripuetan jende franko hiltzen zen, batez ere gazteak, inguruko herri eta hirietako festetarako joan-etorrian. Testuinguru hartan, hauek ziren helburu nagusiak: trafiko-istripuak murriztea; droga-kontsumoaren eta istripuen arteko harremanari buruz sentsibilizatzea; eta ekintza horretan tokiko erakundeen, familien eta eragileen parte-hartzea areagotzea.
Bai arriskuak prebenitzea eta murriztea, bai kalteak murriztea, 2017-2024 aldirako Adikzioen Estrategia Nazionalean adierazitako jarduera-arloak dira. Alde batetik, prebentzioko esku-hartzeen helburua da arrisku-faktoreak murriztea eta babes-faktoreak areagotzea droga-kontsumoaren aurrean, bai eta mendekotasuna sor dezaketen beste jokabide batzuen aurrean ere. Helburu hori lortzeko, zenbait estrategia aplikatzen dira, hainbat eremutan. Bestetik, arriskua murrizteko esku-hartzeen xedea da kontsumoaren ondorio negatiboak murriztea: adibidez, ibilgailuak alkoholaren edo beste droga batzuen eraginpean gidatzea saihestea, trafiko-istripuak prebenitzeko. Gainera, kalteak murriztearen asmoa da jokabide seguruagoak sustatzea, adingabeen osasuna eta segurtasuna babestea barne.
2.–Justifikazioa.
Adikzioak Prebenitzeko Nafarroako IV. Planaren ekintza-ildoen artean daude adikzioak prebenitzea, eta arriskuak eta kalteak murriztea. IV. Planaren esparrutik begiratuta, uste dugu Jaibus zerbitzuan eta halakoetan (Bestabusa, Xin-xoan, etab.), zati bat arriskuen eta kalteen murrizketaren barrenean sartzen dela (garraio-zerbitzua), eta beste bat, adikzioen prebentzioan (prebentzio-ekintzak egitea). Gaur egun, Jaibus ekintzak ezarpen heterogeneoa du tokian toki; hau da, eskualde batzuetan garraio-zerbitzua eta prebentzio-ekintzak egiten dira, eta beste batzuetan garraio-zerbitzua bakarrik.
Aipatu Estrategiaren eta IV. Planaren arabera, garrantzitsua da horrelako ekintzek, arriskuak eta kalteak murrizteaz gain, adikzioen prebentzioa ere lantzea. Prebentzio-ekintzak hainbat eremutan egin daitezke, hala nola hezkuntza-komunitatean, familietan, lantokian, aisialdi-eremuan eta, oro har, komunitatean. Bestalde, ebidentziak adierazten du kontsumo-espazioetan goiz parte hartzeak arriskuak areagotu egiten dituela, bai drogak eskuratzeari dagokionez, bai etorkizunean izan daitezkeen mendekotasunei dagokienez.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) laguntza ekonomikoa eta aholkularitza teknikoa ematen dizkie adikzioak prebenitzeko diruz lagundutako programa eta jarduerei. Programa horien artean daude Jaibus zerbitzua eta halakoak (Bestabusa, Xin-xoan, etab.). Toki entitateen eskumena dira ekintza hori eta hartatik eratorritako gaiak. Kontuan harturik horrelako ekintzetarako zer gomendio egiten diren, NOPLOIk erabaki du Jaibus zerbitzurako dirulaguntza jasotzeko, prebentzio-ekintzak sartu beharko direla ekintza horretan. Gainera, adinaren araberako sarbide-muga ezarriko da garraio-zerbitzua erabiltzeko, gazteenei jaietara eta kontsumitzeko tokietara joatea zailtze aldera.
Jarraian ezartzen da era horretako ekintzek zer esparru eta gutxieneko baldintza bete beharko dituzten dirulaguntza-lerro honen bidez finantzatu ahal izateko, alegia, substantzia-adikzioek eta substantziarik gabeko adikzioek eragindako ondorioen prebentzio komunitariorako toki entitateei ematen zaien dirulaguntza jaso ahal izateko.
3.–Jaibus zerbitzua edo halako bat antolatzen duten entitateendako baldintzak.
–Garraio-zerbitzua:
Zerbitzua erabiltzeko adina mugatzea: ezartzen da zerbitzua erabiltzeko gutxienez 16 urte beteak izan beharko direla, eta 16 eta 18 urte bitartean dituztenek legezko arduradunen idatzizko baimena eduki beharko dutela.
Hori bermatzeko, jarduketa hauek eginen dira:
–Txartelen salmenta:
- 18 urte baino gehiago dituztenei.
- 16 eta 18 urte bitarteko adingabeei, legezko arduradunen idatzizko baimenarekin bakarrik.
–Garraiobidera sartzea: 18 urtetik gorakoak; eta 16 eta 18 urte bitarteko adingabeak, baldin eta aurkezten badute legezko arduradunen baimena dutela egiaztatzen duen agiria, edo aldez aurretik aurkeztu badute egiaztagiri hori.
–Prebentzio-ekintzak:
Kontuan hartuta onena dela prebentzio-ekintzak hainbat esparrutan egitea (eskola, familia, aisia, lana, komunitatea, etab.), beharrezkoa izanen da prebentzio-programan sartzea garraio-zerbitzuaren erabiltzaileekin eta haien familiekin egin beharreko prebentzio-ekintzak, gutxienez.
Aurrerago, eranskin honetan, egin litezkeen prebentzio-ekintzak proposatzen dira, adibide gisa.
–Erantzukizunpeko adierazpena:
Dirulaguntza-lerro honetarako eskatzen den prebentzio-programan Jaibus zerbitzua sartzen bada, eranskin honen bukaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du entitate antolatzaileak.
4.–Finantzaketa.
Bereizita adierazi behar dira, batetik, egiten diren prebentzio-ekintzak eta, bestetik, garraio-zerbitzua, baina guztiak dirulaguntza eskatzeko aurkezten den programa beraren barnean.
Dirulaguntza-lerro honen finantzaketa deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera arautuko da. Gainera, eranskin honetan azaldutakoa baliagarria izan daiteke beste finantzaketa publiko batzuetan ere ildo berean lan egiteko.
Arestian adierazitakoaren arabera, garraio-zerbitzuarekin lotutako gastu hauek zehazten dira:
–Gastu diruz lagungarriak: garraio-zerbitzuarekin lotuak (autobusak, txartelak saltzeko aplikazioak, zabalkundea, txartelak, baimenak...).
–Diruz lagungarriak ez diren gastuak: autobusetan doazen begiraleak, laguntzaileak edo segurtasun-zaindariak.
Entitate eskatzaileek, eranskin honen bukaeran eskuragarri dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz, konpromiso batzuk hartuko dituzte Jaibus zerbitzua ezartzeko moduari dagokionez. Konpromiso horietako batzuk ezinbestekoak dira dirulaguntza-lerro honen finantzaketa eskuratu ahal izateko.
Finantzaketa lortzeko ezinbesteko baldintzak:
1) Ezartzen da zerbitzua erabiltzeko gutxienez 16 urte beteak izan beharko direla, eta 16 eta 18 urte bitartean dituztenek legezko arduradunen idatzizko baimena eduki beharko dutela.
2) Kontuan hartuta onena dela prebentzio-ekintzak hainbat esparrutan egitea (eskola, familia, aisia, lana, komunitatea, etab.), beharrezkoa izanen da prebentzio-programan sartzea garraio-zerbitzuaren erabiltzaileekin eta haien familiekin egin beharreko prebentzio-ekintzak, gutxienez.
Gainera, honako hau baloratuko da:
Garraio-zerbitzurako eskatutako aurrekontua dirulaguntza-lerrorako aurkeztutako programaren aurrekontu osoaren %50 baino gutxiago izatea, eta gainerakoa prebentzio-jardueretarako erabiltzea.
Horrelako ekintzak finantzatzeko irizpideak:
ENTITATE ESKATZAILEAREN BALDINTZAK ETA KONPROMISOA JAIBUS ZERBITZUARI DAGOKIONEZ | FINANTZA DAITEKEEN GEHIENEKOA |
Baldintzarik ez edo bakarra | Ez da diruz lagunduko |
Bi baldintza: 1) Zerbitzua erabiltzeko adina mugatzea. 2) Prebentzio-ekintzak egitea gutxienez garraio-zerbitzuaren erabiltzaileekin eta haien familiekin. | Garraio-zerbitzuarekin lotutako gastuetarako eskatutakoaren %35 GEHIENEZ |
Bi baldintza eta konpromiso bat: 1) Zerbitzua erabiltzeko adina mugatzea. 2) Prebentzio-ekintzak egitea gutxienez garraio-zerbitzuaren erabiltzaileekin eta haien familiekin. Programaren aurrekontuaren %50 baino gutxiago bideratzea garraio-zerbitzura. | Garraio-zerbitzuarekin lotutako gastuetarako eskatutakoaren %40 GEHIENEZ |
Oharra: finantzatu daitezkeen gehieneko horiek garraio-zerbitzurako eskatutakoari aplikatzen zaizkio. Prebentzio-jardueren finantzaketa dirulaguntza-lerroaren deialdian ezarritakoaren arabera arautzen da. | |
5.–Adibideak.
Zerbitzua erabiltzeko adina mugatze aldera egin litekeen ekintza: esperientzia batzuek aplikazio bat erabiltzen dute garraio-zerbitzuko txartelak saltzeko. Aplikazio hori egokitu egin liteke, beharrezkoa izan dadin erregistratzean izen-abizenak, NANa eta jaiotza-data ematea, eta txartel nominal bakarra erosten utz dezan. Hala, aukera emanen luke bidaiariak identifikatzeko, datuen babesa kudeatzeko, arauak irakurtzeko eta erabili aurretik baimen informatua sinatzeko, bai eta eserleku nominalak izateko ere.
Prebentzio-ekintzak:
–Prebentzioa aisialdiaren esparruan:
- Gazteen inplikazioa areagotzea garraioaren funtzionamenduari eta erabilera-arauei dagokienez (baimen informatua, gatazken kudeaketa, altzariak errespetatzea, etab.), eta garraioaren hedapena egitean, prebentzioaren gaineko informazio-kanpainak ere egitea.
- Jai-guneetan substantzien kontsumorik gabeko espazioak eta jarduerak sustatzea; ostalaritzarekin zerbitzu arduratsua lantzea, eta saltokietan lanketa egitea adingabeei alkoholik ez saltzeko; aisialdi osasungarriko jarduerak, adikzioei buruzko prebentzio-ikuspegi argia dutenak; kuadrillen etxabe eta txokoekin lan egitea; mendekotasunei buruzko informazio-materialak banatzea; gazteen gizarte-gaitasunak eta trebetasun pertsonalak garatzea; eraso sexisten aurrean jarduteko protokoloak; eta abar.
- Arriskuak eta kalteak murriztea aisialdi-guneetan: ur botilak eta janaria banatzea, informazio-gunea, substantzien analisia, etab.
–Prebentzioa familiaren esparruan: sentsibilizazioa; gurasoen gaitasunak eta trebetasunak sustatzea; eta erantzukidetasuna lantzea eta gogoeta espezifikoa egitea bai substantzia psikoaktiboen kontsumoari buruz (alkohola, kalamua eta beste batzuk), bai aisialdi- eta jai-guneekin lotutako arrisku-jokabideei buruz. Tailerrak badira, saio bat baino gehiago izan behar dituzte, egituratuak eta pertsona talde berari zuzenduak.
–Prebentzioa komunitatearen esparruan: eremu horretako ekintzen helburua da komunitatea ahalduntzea, bere testuinguru sozialean aldaketak egin ditzan, osasun eta ongizate kolektiboan hobekuntzak bilatuz. Sektore arteko ekintzaren bidez gauzatzen da, komunitateko beste talde eta eragile batzuekin elkarlanean, hala nola elkarteak, ikastetxeak, gazte-mugimenduak, komunitateko pertsona erreferenteak, osasun-etxea, gazteentzako zerbitzuak eta abar. Hona hemen helburu hori gauzatzeko adibide batzuk: adikzioak prebenitzeko baterako ekintzak garatzea aipatutako eragileekin, eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako tokiko prebentzio-planak eta -programak diseinatzea, lankidetzaren bidez.
–Prebentzioa ikastetxeen esparruan:
- Ikastetxeetako giroa eta ingurunea hobetzeko ekintzak.
Gaitasun sozialak eta trebetasun pertsonalak garatzea (erabakiak hartzea, gizarte- edo talde-presioarekiko erresistentzia, hezkuntza afektiboa, autoestimua, estresa eta antsietatea kudeatzea, asertibitatea, indarkeriarik gabeko komunikazioa, arazoak konpontzea...). Tailerrek saio bat baino gehiago izan behar dituzte, egituratuak eta pertsona talde berari zuzenduak.
- Prebentzio selektiboa: ikastetxearekiko atxikimendua eta loturak indartzea, etab.
–Prebentzioa lanaren esparruan: informazioa, sentsibilizazioa eta orientazioa barne hartzen dituzten ekintzak eta/edo programak egitea lan-munduan; kontsumoetan eragina duten lan-inguruneko faktoreen gainean jardutea (burnouta edo txanda-errotazioa, adibidez); eta drogen kontsumoak eragindako arazoak dituzten langileei tratamendurako sarbidea erraztea.
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, JAIBUS ZERBITZUA IZENEKO EKINTZA (EDO BESTABUSA, XIN-XOAN ETA HALAKOAK) GAUZATZEKO BALDINTZEI BURUZKOA
(Dirulaguntzaren eskabidearekin batera aurkeztu beharko da)
Izen-deiturak: ............................................................................................ NANa: .................................
Helbidea: ...........................................................................................................................................
Entitate honen legezko ordezkaria den aldetik: .............................................. IFZa: ...............................
ADIERAZTEN DU:
Dirulaguntza eskatu duela Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren babesean. Hori horrela, honako adierazpen hau egiten du, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin:
Eskatutako dirulaguntzari dagokionez, adierazten du ordezkatzen duen entitateak:
(Markatu zer konpromiso beteko diren, edo ez den bakarrik ere beteko).
Jaibus ekintza eginen du, erabiltzeko adina mugatuta.
Prebentzio-ekintzak eginen ditu gutxienez garraio-zerbitzuaren erabiltzaileekin eta haien familiekin, kontuan hartuta onena dela prebentzio-ekintzak hainbat esparrutan egitea (eskola, familia, aisia, lana, komunitatea, etab.).
Programaren aurrekontuaren %50 baino gutxiago bideratuko du garraio-zerbitzura.
EZ du aurreko hiru konpromisoetako bakar bat ere beteko Jaibus zerbitzuari dagokionez.
Eguna
(Entitatearen ordezkariaren sinadura)
Iragarkiaren kodea: F2517350
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
