Iragarkia
24. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
176C/2025 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila Tradisa Logicauto SL enpresaren hitzarmen kolektiboa.
Ikusita Tradisa Logicauto SL enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren testua (kodea: 31102511012025); hitzarmen hori 2025eko abenduaren 9an jaso zen erregistro honetan, eta 2025eko azaroaren 25ean sinatu zuten enpresako ordezkariek eta sindikatuek, beharrezko zuzenketak egin ondoren,
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Tradisa Logicauto SL enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31102511012025).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko abenduaren 16an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
TRADISA LOGICAUTO SL ENPRESAREN IRUÑEKO LANTOKIRAKO HITZARMEN KOLEKTIBOA 2025-2027 URTEETARAKO
I. KAPITULUA.–Xedapen orokorrak
1. artikulua. Hitzartzen duten aldeak.
Hitzarmena TLAren Iruñeko lantokiko langileen ordezkarien eta enpresa zuzendaritzaren artean hitzartzen da, eta bi alderdiek Langileen Estatutuaren 87.1 artikuluan (LE) ezarritako legitimazioa aitortzen diote elkarri.
2. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen honen arauak Iruñeko TLAk Landaben industrialdean (zenbakirik gabea) duen lantokian aplikatuko dira.
3. artikulua. Pertsona eremua eta eremu funtzionala.
Hitzarmenak TLAk Iruñean (Nafarroa) duen lantokiko (Landaben industrialdea, zenbakirik gabea) langile guztiei eragiten die. Langile horien jarduera nagusia da ibilgailuak mugitzea biltegiratzeko gunean kokatzeko, ibilgailu horiek gune horretan kudeatzea, babesak jartzea eta logistika eta plangintza administratzea.
Hitzarmen hau ez zaie aplikatuko LEren 1.3 c) eta 2.1 a) artikuluetan araututako kasuetako batean dauden pertsonei.
4. artikulua. Hitzarmenaren indarraldia eta salaketa.
Hitzarmenak hiru urteko indarraldia izanen du, 2025eko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra arte.
Sinatzaileetako edozeinek hitzarmena salatzen ahalko du, haren indarraldia bukatu baino bi hilabete lehenago gutxienez.
Salaketa egiten duen alderdiak berrikusteko proposamen zehatz bat egin beharko du, negoziazioaren xede diren puntu eta gaiak adierazita.
Indarraldia agorturikoan, hitzarmen kolektiboak aurreraeraginaren araubidean aplikatzen jarraituko du, denbora mugarik gabe, harik eta alderdien artean negoziatutako beste hitzarmen kolektibo batek ordezkatzen duen arte.
Araubide horren salbuespen gisa, alderdiek erabaki dute ezen, 2028. urterako eta alderdien artean hitzarmen kolektiborik onartu ezean, soldata igoera bakarrik izanen dela urte horretarako Garajeen eta aparkalekuen sektoreko estatuko hitzarmen kolektiboan ezarritakoa.
5. artikulua. Arauen hurrenkera.
Langileen eta enpresaren arteko harremanak arautuko dituzten arauak, hasiera batean eta lehentasuna izanik, hitzarmenean agertzen direnak izanen dira.
Hitzarmenean jaso ez diren kasuetan, Aparkalekuen eta garajeen sektoreko hitzarmen kolektibo orokorra, LE eta xedapen orokorrak aplikatuko dira. Nolanahi ere, Cartrans-en langile subrogatuei 2010eko maiatzaren 3an sinatutako Subrogazio Akordioan ezarritako baldintzak aplikatuko zaizkie. Hitzarmen hori I. eranskinean dago.
Subrogazio Akordioan eta Hitzarmen Kolektiboan beren artean talka egiten duten xedapen arautuak badaude, Hitzarmena gailenduko da. Xedapen horien barruan hitzarmenean berariaz arautu gabeko gai edo alderdirik badago, akordioa osagarria izanen da.
6. artikulua. Osotasunarekiko lotura, xurgapena eta konpentsazioa, eta ad personam bermea.
Hitzarmenean ezarritako baldintzek multzo organiko zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira. Artikuluren bat osorik edo zati batean baliogabetu bada, alderdiek baliogabetutako manuaren erregulazio berria negoziatuko dute, eta hitzarmenaren gainerako artikuluek indarraldi eta baliozkotasun osoa izaten jarraituko dute.
Soldaten xurgapenari eta konpentsazioari dagokienez, LEren 26.5 artikuluan xedatutakoa beteko da.
Osotasunean hartuta eta urteko konputuan hitzarmenean adostutakoa gainditzen duten baldintzak errespetatu eginen dira, eta "ad personam" baldintza gisa mantendu.
Era berean, 2010eko maiatzaren 3an sinatutako Subrogazio Akordioan ezarritako baldintzak errespetatuko dira Cartrans-en langile subrogatuentzat, arauen lehentasunari buruz 5. artikuluan xedatutakoa gorabehera.
7. artikulua. Batzorde misto parekidea.
Alderdiek batzorde misto parekide bat eratzea erabaki dute, hitzarmenean jasotako arauen aplikazio eta interpretaziotik ondorioztatzen diren gai guztiez arduratzeko.
Batzorde Misto parekidea enpresaren hiru ordezkarik eta langileen beste hiru ordezkarik osatuko dute. Era berean, beste hainbeste ordezko aukeratuko dira, bakoitza bere ordezkaritzak izendatuta. Bi alderdiek bileretara joaten ahalko dira, jorratu beharreko gaiaren arabera egokitzat jotzen dituzten aholkularien laguntzarekin, hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe.
Batzorde mistoak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Hitzarmena bere zentzurik zabalenean interpretatzea.
b) Hitzartutakoa aplikatzea eta betetzen dela zaintzea.
c) LEren 85.3 h) artikuluan ezarritako gai guztiez arduratzea.
Batzorde misto parekidea osatzen duten alderdietako edozeinek deituta bilduko da, idazki baten bidez. Idazkian, aztertu beharreko gaia edo gaiak zehaztuko dira.
Edozein alderdik batzordea biltzeko dei egin ondoren, 15 eguneko epean bildu beharko da. Bidezko bilerak egin ondoren, Batzordeak erabaki bat hartuko du lehenbiziko bilera egin eta gehienez 15 eguneko epean.
Bilera bakoitzaren hasieran, bi alderdiek, ados jarrita, moderatzaile eta idazkari gisa arituko diren pertsonak izendatuko dituzte.
Batzordean hartzen diren erabakiak akta batean jasoko dira, eta akta hori bileran parte hartzen duten guztiek sinatu beharko dute. Erabakiak baliozkoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da, gutxienez, alderdi bakoitzeko kideen %50 baino gehiago egotea.
Batzordean ez bada akordiorik lortzen, alderdietako edozeinek eztabaida bideratzen ahalko du Nafarroako Foru Komunitatearen lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko lanbidearteko akordioan ezarritako prozeduraren bidez.
8. artikulua. Desadostasunak konpontzea.
Nafarroako Foru Komunitatearen lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko lanbidearteko akordioan ezarritako prozedurei atxikitzea eta men egitea erabaki da, izan daitezkeen desadostasunak modu eraginkorrean konpontzeko.
Lanbidearteko akordio horren mende jartzeak ez du esan nahi, inola ere, alderdi negoziatzaileek desadostasunak arbitraje lotesle baten mende jarriko dituztenik.
II. KAPITULUA.–Lanaren antolaketa eta lanbide sailkapena
9. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lanaren antolaketa, programazioa, sailkapena, enpresa arloen artean banatzea eta zerbitzuak emateko baldintza orokorrak TLA enpresaren zuzendaritzaren ahalmenak dira, hitzarmen honetan ezarritakoarekin eta indarreko legeria orokorrarekin bat.
10. artikulua. Lanbide sailkapena.
Hitzarmenean ezarritako lanbide sailkapena adierazpen hutsa da, eta honako lanbide talde hauetan oinarritzen da, batik bat betetzen dituzten eginkizunak kontuan hartuta:
a) Goi mailako langileak eta teknikariak.
b) Administrazioko langileak.
c) Ustiapeneko langileak.
Hitzarmenaren eremuan sartzen diren langileak lanbide talde jakin bati esleitzea honako faktore hauek haztatzearen emaitza izanen da: ezagutza, esperientzia, ekimena, autonomia, erantzukizuna, agintea eta konplexutasuna.
11. artikulua. Goi mailako lanbide talde teknikoa eta bere lanbide kategoriak.
Goi mailako eta teknikarien lanbide taldean honako hauek sartzen dira: goi mailako edo erdi mailako titulua izanik, homologatutako lanbide irakaskuntzako ikastetxeetako diplomak dituztenak; edo, titulurik izan gabe ere, etengabeko praktikaren ondoriozko prestakuntza egiaztatzen dutenak, baldin eta enpresaren esparruan antolakuntzari, ustiapenari, administrazioari eta abarri buruzko eginkizunak eta erantzukizunak betetzeko kontratatu badira. Hauek dira lanbide kategoriak:
1) Goi mailako teknikaria: Goi mailako Eskola Tekniko edo Unibertsitate Fakultate batek emandako titulu baten jabe izanik, enpresaren barruan erantzukizun zuzenarekin bere lanbidearen berezko funtzioak betetzen dituen langilea, mendeko langilerik izan ala ez eta maiz askotan zuzendaritza lanak egin ala ez.
2) Erdi mailako teknikaria: erdi mailako eskola teknikoek emandako titulu baten jabe izanik, enpresaren barruan, erantzukizun zuzenarekin, bere lanbidearen berezko funtzioak betetzen dituen langilea, bere kargura langilerik duen ala ez eta zuzendaritza funtzioak betetzen dituen ala ez kontuan hartu gabe.
3) Diplomaduna: ofizialki aitortutako edo homologatutako ikastetxeek emandako diploma izanik (Eskola Teknikoek edo Unibertsitate Fakultateek eska ditzaketen baldintzak bete behar ez dituztenak), enpresaren barruan diplomaren arabera kontratatutako funtzio tekniko eta espezifikoak betetzen dituztenak, mendeko langileak izan edo ez.
12. artikulua. Administrarien lanbide taldea eta lanbide kategoriak.
Administrazioko langileen lanbide taldean sartzen dira enpresaren esparruan zuzendaritzaren jarraibideak bete eta, zuzendaritzak esleitutako baliabide operatibo eta informatikoak erabilita, administrarien berezko eginkizunak betetzen dituzten langileak. Besteak beste, hauek dira lanbide kategoriak:
1) 1. mailako administrari-ofiziala: administrazio lan konplexuak egiten ditu, ekimen eta erantzukizun osoz egiten ditu, eta bere ardurapean langileak izan ditzake.
2) 2. mailako administrari-ofiziala: konplexutasun ertaineko edo handiagoko administrazio lanak egiten ditu, ekimenez eta erantzukizunez, eta ez du bere ardurapeko langilerik.
3) Administrari laguntzailea: konplexutasun gutxiko administrazio lanak egiten ditu, eta, oro har, batez ere mekanikoak eta ekimen gutxikoak diren eginkizunak.
13. artikulua. Ustiapeneko lanbide taldea eta lanbide kategoriak.
Ustiapeneko langileen lanbide taldea osatzen dute –goi mailako langile eta teknikarien zuzendaritza zehatzaren mende– lantokiaren ustiapenari eta funtzionamendu egokiari lotutako lanak eta zereginak egiten dituztenek, hau da, lanbidearen edo berariazko ezagutzen arabera agindutako zereginak. Besteak beste, hauek dira lanbide kategoriak:
1) Ikuskatzailea (lehengo arduraduna): bere ardurapeko gizataldea koordinatzeaz arduratzen da ezarritako helburuak lortzeko; lan kargak banatzen ditu; bezeroaren kalitate estandarrak, lan prozedurak eta segurtasun eta osasun arauak betetzen direla ziurtatzen du; Zuzendaritzaren informazioa langileei jakinarazten die eta Zuzendaritzari langileen eskaerak helarazten dizkio.
2) Furgoneta gidaria (lehengo aparkatzeko agentea): furgoneta gidatzen du langileak jasotzeko, bere esku jarritako ibilgailuaren ardura hartzen du, hura ez dagoenean Gainbegirale lanak egiten ditu eta, zerbitzuaren beharren arabera, langile lanak egin ditzake. Bere lanbide kategoriaren ezaugarri berak edo antzekoak dituzten beste funtzio batzuk ere egin ditzake, bezeroak agindutako ekoizpen prozesuen aldaketen arabera eta arduradunak emandako jarraibide zehatzen arabera.
3) Langilea (lehengo aparkalekuko laguntzailea): ibilgailuak lantegiko irteeratik beste lekuetara mugitzen ditu, eta antzeko ezaugarriak dituzten beste funtzio batzuk ere betetzen ditu, bezeroak agindutako produkzio prozesuen aldaketa edo hedapenaren arabera, eta arduradunak emandako jarraibide espezifikoen arabera. Beste jardueraren bat eginez gero, langileen ordezkariekin adostu behar dira berriro langilearen eginkizunak.
14. artikulua. Mugigarritasun funtzionala.
Langileek enpresak edo hark eskuordetutako pertsonak beren antolaketa eta zuzendaritza ahalmenak erabilita emandako jarraibideak bete beharko dituzte, eta agindutako lanak eta zereginak egikaritu, lan prestazioaren eduki orokorraren barruan. Alde horretatik, mugigarritasun funtzionala gauzatzen ahalko da enpresaren baitan, horretarako muga bakarra LEren 22. eta 39. artikuluetan ezarritakoa izanik.
Enpresaren jarduerarako eta bezeroaren beharrak asetzeko balioaniztasunak duen garrantzia kontuan hartuta, enpresak, langile bakoitzak betetzen dituen ohiko funtzioekin batera, ezaugarri berdintsuko beste funtzio batzuk ere eska ditzake, betiere bezeroak agindutako produkzio prozesuen aldaketen arabera eta arduradunak emandako jarraibide espezifikoen arabera. Ildo horretan, enpresak nahierara esleitzen ahalko ditu egin beharreko jarduerak, baita etorkizunean egiten diren antzeko jarduerak ere.
Enpresako zuzendaritzak bermatuko du objektiboki, homogeneotasunez eta gardentasunez eginen dela langile bakoitzak egin ohi dituen jarduerez bestelakoen esleipena, eta ez direla beti langile berberak izanen. Horretarako, txandakako sistema bat garatuko du lantaldeen artean, eta aldizka berrikusiko da alderdiek horretarako sortuko duten batzorde batean.
III. KAPITULUA.–Kontratazioa
15. artikulua. Plantilla finkoa.
Indarrean dauden lan kontratuei egonkortasun handiagoa emate aldera, bi alderdiek mekanismo bat ezartzea erabaki dute, produkzioaren inguruabarrengatik aldi baterako lan kontratu baten bitartez lotutako langileek aukera izan dezaten plantillako langile finko bihurtzeko.
Alde horretatik, produkzioaren inguruabarrak tarteko, aldi baterako lan kontratuaren indarraldiaren urtebete betetzen denean, kontratazioa arrazoitu zuen aldi baterako premia iraunkor bihurtu dela egiaztatzen bada, ikuskatzaile taldeak lana behar bezala ebaluatu dien langileak plantillako langile finko bihurtuko dira.
Artikulu honetan ezarritako mekanismoa aplikatuko da plantilla finkoaren ehunekoa guztizkoaren %80 baino handiagoa ez denean. Ehuneko hori bete ote den zehazteko, aurreko urtean bete diren lanpostu mugagabeen kopurua hartuko da erreferentziatzat.
Gaur egun, eta jarduera nagusia hitzarmen honen 3. artikuluan deskribatzen dena izanik, arrazoi horregatik eta langileen txandaketagatik dagoen behin-behinekotasunaren ehunekoa ez da esanguratsua, eta plantillako langileen ia %100 finkoa da. Nolanahi ere, aldi baterako eta une jakin bateko gehikuntzak direla eta langileak kontratatu behar badira (nahiz eta ohiko lan berengatik izan), jarduera horretarako edo egin daitekeen beste edozeinetarako, ez da kontuan hartuko aurreko paragrafoan aipatutako ekoizpenaren inguruabarrengatiko aldi baterako gehieneko muga.
IV. KAPITULUA.–Lanaldia
16. artikulua. Enpresan hitzartutako lanaldia eta barne malgutasuna.
2025, 2026 eta 2027rako lanaldia 1696 lanordukoa izanen da, gehi 8 ordu derrigorrezko prestakuntzarako.
Langileek konpromisoa hartzen dute bezero bakarraren beharrei erantzuteko, baita larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan ere, enpresak hala eskatuz gero, eta indarrean dagoen legezko araudian ezarritako gehieneko mugarekin. Horretarako, behar horiek honela beteko dira (betiere lanaldien arteko gutxieneko atsedenaldia errespetatuta):
–Lehenik eta behin, goizeko txandako langile boluntarioekin;
–Beharrak ez badira aipatutako langileekin betetzen, arratsaldeko txandako langile boluntarioekin beteko dira;
–Bi txandetako langile boluntarioek ez badituzte beharrak bete, goizeko txandako langileek bete beharko dituzte lehenbizi, eta arratsaldeko txandako langileek ondoren.
Bi alderdiek onartzen dute hitzarmenaren indarraldiko ordutegiaren barne malgutasunaren arloko neurri bakarrak artikulu honetan jasotakoak direla.
17. artikulua. Norberak hartzeko egunak.
Norberak hartzeko 3 egun ezartzen dira, benetako laneko urteko gehieneko lanaldiaren barruan, eta hartzeko egun horietatik 2 langileak proposatuko ditu.
Norberak hartzeko proposatutako bi egunen kasuan, egun berean txanda bakoitzeko pertsona batek eskatu eta hartzen ahalko ditu, eta egunean gehienez ere 3 langilek hartzen ahalko dute.
Norberak hartzeko hirugarren eguna langileak proposatzen ahalko du, baldintza hauek betetzen badira:
1. Eskaera astelehen baterako izatea, beti goizeko txandan.
2. Gehienez pertsona batek eskatu eta erabil dezake egun bakoitzeko.
Baldintza horiek betetzen ez badira, norberak hartzeko hirugarren eguna enpresak proposatuko du.
Nolanahi ere, enpresaren zuzendaritzak langileari ukatzen ahalko dio lizentzia hori berak eskatutako egunean hartzea, lantokiko produkzio eta antolaketa arrazoiak direla medio. Kasu horretan, langilearen bigarren eskaera enpresak hartuko du bere gain, baldin eta aurreikusten bada langileak baimena hartzeko eskatutako egunean plantillaren %95 benetan ari dela lanean.
18. artikulua. Larunbat eta jaiegunetan lan egitea.
Larunbatetan egindako lanak 1,5 eguneko atsedenaldia ekarriko du. Ondorioz, larunbatean lan egindako egun bakoitzeko egun eta erdi libratuko da.
Lan egutegian ezarritako jaiegun ofizialetan egindako lanak 2 eguneko atsedenaldia ekarriko du. Ondorioz, jaiegun bakoitzeko 2 lanegun libratuko dira.
Artikulu honetan itundutako konpentsazioa hitzarmen honen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera legokiokeen konpentsazioaren kalterik gabe ulertuko da.
V. KAPITULUA.–ORDAINSARIAK
19. artikulua. Oinarrizko soldata.
2025. urtea. 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, ofizialki argitaratutako 2024ko urteko KPIaren arabera (%2,8) igoko dira oinarrizko soldataren, osagarri pertsonal finkatuaren eta hitzarmenaren plusaren soldata kontzeptuak, gehi %0,50.
Subrogatu gabeko langileen kasuan, igoera hori oinarrizko soldataren eta subrogatu gabeko hitzarmenaren plusaren soldatetan aplikatuko da.
2025erako, kategoria bakoitzerako urteko oinarrizko soldata honako hau izanen da:
2025. urtea (%2,8ko gehikuntza +%0,50 = %3,30) Oinarrizko soldata:
MAILA | GOI MAILAKO LANBIDE | ADMINISTRARIEN | USTIAPENEKO | EURO GORDIN URTEAN OINARRIZKO SOLDATA |
IE | Goi mailako teknikaria | Administrari-ofiziala, 1. mailakoa | Gainbegiralea | 19.079,75 euro |
II | Erdi mailako teknikaria | Administrari-ofiziala, 2. mailakoa | Furgonetako gidaria | 17.359,36 euro |
III | Diploma | Administrari laguntzailea | Langilea | 16.821,85 euro |
2026. urtea. 2026eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, ofizialki argitaratutako 2025eko urteko KPIaren arabera igoko dira oinarrizko soldataren, osagarri pertsonal finkatuaren eta hitzarmenaren plusaren soldata kontzeptuak, gehi %1.
Subrogatu gabeko langileen kasuan, oinarrizko soldataren eta subrogatu gabeko hitzarmenaren plusaren soldatetan adostutako igoera aplikatuko da.
2027. urtea. 2027ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, ofizialki argitaratutako 2026ko urteko KPIaren arabera igoko dira oinarrizko soldataren, osagarri pertsonal finkatuaren eta hitzarmenaren plusaren soldata kontzeptuak, gehi %2.
Subrogatu gabeko langileen kasuan, oinarrizko soldataren eta subrogatu gabeko hitzarmenaren plusaren soldatetan adostutako igoera aplikatuko da.
Maila bakoitzerako oinarrizko soldataren urteko zenbatekoa zenbateko bereko hileko hamabost ordainsaritan banatuko da. Alderdiek adierazten dute subrogatu gabeko langileek ordainsari horiek hamabi hilabetetan hainbanatuta dituztela.
Langile subrogatuentzat, 2010eko maiatzaren 3ko subrogazio Akordioan xedatutakoa aplikatuko da, hargatik eragotzi gabe arauen lehentasunari buruz 5. artikuluan ezarritakoa.
Osagarri pertsonal finkatua duten pertsonek eskubidea izanen dute kobrantza horri eusteko, orain jasotzen duten zenbatekoaren arabera, eta hitzarmenaren 22. artikuluaren babesean gehituko da.
20. artikulua. Atzerapenak.
Atzerapenen ordainketa 19. artikuluan adierazitako kontzeptu guztiei aplikatuko zaie.
21. artikulua. Hitzarmenaren plusa.
2025erako hitzarmen kolektiboaren plusa 409,21 euro gordinekoa izanen da urtean antzinatasun plusa sortu ez duten langileentzat, eta 421,56 euro gordinekoa 2025ean antzinatasun plusa sortu duten langile guztientzat. Plus hori hamabi hilabetetan banatuta ordainduko da, eta antzinatasun pluserako kontuan hartuko da. Ez da ez konpentsagarria ez xurgagarria izanen.
2026. eta 2027. urteetarako, hitzarmenaren plusa hitzarmen kolektiboaren 19. artikuluan ezarritako moduan handituko da.
22. artikulua. Subrogatu gabekoen hitzarmenaren plusa.
Subrogatu gabekoen hitzarmenaren plusa, 2015-2017 hitzarmenaren negoziazioan sortua, Cartrans-eko subrogatu gabeko langile guztiei ordainduko zaie. 2025. urterako plus hori urtean 4.833,62 euro gordinekoa izanen da, eta 15 hileko soldatatan ordainduko da.
2026. eta 2027. urteetarako, subrogatu gabekoen hitzarmenaren plusa hitzarmen kolektiboaren 19. artikuluan ezarritako moduan handituko da.
Subrogatu gabekoen plusa eguneratu eginen da, subrogatutako langileen plus finkatuari ezartzen zaion igoera bera aplikatuta ateratzen den zenbatekoaren arabera.
23. artikulua. Hitzarmena ez aplikatzea - lan erreforma.
Hitzarmena indarrean dagoen urteetarako, enpresak ez ditu erabiliko lan araudian soldaten jaitsierari buruz edo hitzarmen honetan ezarritako lan baldintzak aldatzeari edo ez aplikatzeari edo buruz ezarritako mekanismoak, ordezkaritza sozialaren gehiengoaren adostasunik ez badago. Enpresa ez da LEren 82.3 eta 41. artikuluez baliatuko.
24. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko ordutzat joko dira langile bakoitzaren eguneko lanaldiaren gehieneko iraupenetik gora egiten diren lanorduak eta urteko gehieneko lanaldia gainditzen dutenak.
Aparteko orduak egiten dituzten langileek bi aukera izanen dituzte: (i) aparteko ordu horiek konpentsatzea, aparteko orduak egin eta hurrengo lau hilabeteetan 1,5 orduko atsedenaldia hartuta, edo (ii) aparteko ordu bakoitzeko 19,00 euro gordin dirutan jasotzea, hitzarmen kolektiboa indarrean dagoen urteetan, kategoria profesional guztietan.
Aparteko orduak asteburuetan egiten dituzten langileek aukeran izanen dute atsedenerako konpentsazioa edo gutxienez aparteko 4 ordu egitearen pareko konpentsazio ekonomikoa.
25. artikulua. Borondatezko plusa.
Borondatezko plusa finkatuko da soldata hobekuntza hori aitortuta duten langile guztientzat.
26. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
2025. eta 2026. urteetarako, gaueko lanaren plus edo gehigarri bat ezarri da: 2,75 euro orduko.
Plus hori hitzarmen kolektibo hau sinatzen den egunean hasiko da ordaintzen, geroago dagokion aldizkari ofizialean argitaratzen bada ere.
2027rako, plus horren zenbatekoa ofizialki argitaratutako 2026ko urteko KPIaren arabera igoko da.
27. artikulua. Txanden araubidea.
Txandaz aldatzeko araubideari beren borondatez atxikitzen zaizkion langileek 75 euro gordineko txandako plusa jasotzeko eskubidea izanen dute, txandakako araubideari atxikitako hilabetean bakarrik. Atxiki daitezkeen langileen gehieneko kopurua enpresak ezarriko du hilabetero. Boluntariorik ez bada, alderdiek adosten dute Enpresaren Zuzendaritzak eta langileen ordezkariek premia horiei erantzuteko konponbide bat berehala hartuko dutela, 5 egun natural lehenago jakinarazita.
Era berean, 75 euro gordin ordainduko dira astean 5 egun lehenago jakinarazita egiten den aldaketa bakoitzeko, lanaldien arteko 12 orduko atsedenaldia errespetatuta, txanda finkoa duten langileen lana egiteko.
Dauden txandetako edozeinetan boluntario gehiegi edo gutxiegi badago, alderdiek adosten dute enpresak boluntario horiek dauden txandetan berriz banatzeko ahalmena izanen duela, eta, ondorioz, egoera horrek eragindako langileei esleitutako txanda aldi baterako aldatzeko ahalmena.
28. artikulua. Kalitate saria.
Kalitate saria pizgarri ekonomiko bat da, fabrikako langileei ordaintzen zaiena (hilean 32,42 euro) KPIak ( Key Performance Indicator) %100ean betetzen dituztenean. Hilero ebaluatzen dira, enpresak ezarritako kalitate estandarrak kontuan hartuta.
Plus hori Iruñeko Volkswagen-en lantokiko langileei ordainduko zaie;
–Produkzioko langileak: langilea, furgonetako gidaria eta gainbegiralea.
–Bidalketa agentziako administrazio-kudeaketako langileak.
29. artikulua. Gaueko lana eta kalitate saria oporretan.
Urte bakoitzeko abuztuan, langileek azken 12 hilabeteetako gaueko lanaren eta kalitate sariaren aldagaien batez bestekoa jasoko dute.
Aldagai hau gaueko lanaren plusa eta kalitate saria ohikotasunez jasotzen dituzten langileei bakarrik aplikatuko zaie (aurreko 11 hilabeteetan gutxienez 6 hilabetez).
VI. KAPITULUA.–Onura sozialak
30. artikulua. Aldi baterako ezintasunaren osagarria.
Laneko istripuaren edo gaixotasun arruntaren ondorioz aldi baterako ezintasuneko (ABE) legezko egoeran soldata osagarri hau ezarriko da langile guztientzat, Gizarte Segurantzak edo Laneko Istripu eta Gaixotasun Profesionalen Mutuak prestazio ekonomikoen ordainketa onartzen dutenean:
–Lehenbiziko egunetik, eta irauten duen bitartean, ordainsariaren %100era arte. Ordainsaritzat hartuko dira oinarrizko soldata, antzinatasuna, plus pertsonala, osagarri pertsonal finkatua, hitzarmeneko plusa, subrogatu gabeko hitzarmeneko plusa eta borondatezko plusa, soil-soilik.
Osagarri hori jasotzeko eskubidea arrazoi hauetako batengatik azkenduko da:
a) Alta medikoa, arrazoia edozein delarik.
b) Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 178. eta 179. artikuluetan ezarritako aldi baterako ezintasuneko gehienezko epea agortzea.
c) Baja, baieztapen eta alta parteak ezarritako epeetan ez entregatzea.
d) Langileek uko egitea enpresako zerbitzu medikoek edo enpresak izendatzen duen entitatekoek bidezkotzat jotzen duten osasun azterketa egiteari. Lan jarduera zaintzeko eta kontrolatzeko eskubide hori, LEren 20. artikuluaren arabera, aldi baterako ezintasun egoeran dagoenari eskatu ondoren gauzatuko da, adierazten zaion zerbitzu medikora jo dezan. Bidezko arrazoirik alegatu gabe agertzen ez bada, osagarria jasotzeko eskubidea galduko du aldi baterako ezintasuneko prozesu osoan, agertzen ez den unetik alta medikoa eman arte.
e) Lan-kontratua azkentzeagatik.
f) Sendatzeko prozesuari kalte egiten dioten edo hura eragozten duten jarduerak egiteagatik, eta norberaren edo besteren konturako lanak egiteagatik aldi baterako ezintasun egoeran, dagozkion diziplina neurriak alde batera utzi gabe.
31. artikulua. Baimenak eta lizentziak.
Langileek eskubidea izanen dute urtean 30 orduko baimen ordaindua izateko prozesu onkologikoetan lehen mailara arteko odol bidezko ahaideei laguntzeko eta 18 ordukoa 16 urtetik beherako seme-alabei medikuarenera laguntzeko.
Urtean 12 orduko baimena adostu da desgaitasuna duen senide bati edo aurreko ahaide bati medikuarenera laguntzeko, biak ere odolkidetasuneko edo ezkontza ahaidetasuneko lehen mailara artekoak. Enplegatuak bere kabuz moldatzeko gai ez den senidea zuzenean zaindu behar du, eta langilearen mendekoa izan behar du.
Halaber, senideen ezkontzagatiko ostiral gaueko baimen ordaindua hartzeko eskubidea izanen dute gaueko txandako langileek, ezkontza larunbat goizean egiten bada. Baimen hori hartzeko, dagokion frogagiria entregatu behar da.
Horrez gain, langile guztiei ondoren zerrendatzen diren lizentzia ordainduak aplikatuko zaizkie:
1) Langilea ezkontzen bada edo izatezko bikote gisa erregistratzen bada, lizentziaren iraupena 16 egunekoa izanen da.
2) Ezkontidea hilez gero, 7 egun emanen dira. Langilearen gurasoak edo seme-alabak hiltzen badira, 4 egun izanen ditu heriotza probintzia barnean izan bada, eta 6 egun, hortik kanpo izan bada.
3) Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badituzte edo ospitaleratzerik ez baina etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoa baldin badute: bost egun.
4) Gurasoen, seme-alaben, anai-arreben edo senideen ezkontza: 2 egun probintzian bada, eta 3 egun kanpoan bada. Baimena eragin duen gertaera ezkontza-eguna izanen da.
5) Ordaindutako lizentzia bat ezarri da elkarrekin bizitzen 2 urte edo gehiago daramatela frogatzen duten bikoteentzat. Lizentziaren helburua elkarri arreta edo laguntza ematea izanen da; beraz, ez da ezkontza bidezko ahaidetasunezko beste eskubide mota batzuetara zabaltzen ahalko, hau da, "ezkonsenide" deritzenetara. Kapitulu honetan ematen diren lizentziak unean-unean indarra duten legezko xedapenetan ezarritako moduan hobetuko dira.
6) Gaueko txandan egon eta medikuarenera joan behar duten langileentzat, edo mendetasuna duten odol bidezko lehen mailako ahaideei medikuarenera laguntzeko, medikuarenera joan baino 6 ordu lehenagora arteko baimena ezarri da. Enpresari abisua eman beharko zaio 72 ordu lehenago, mediku espezialistaren hitzordua izan beharko da eta aldez aurretik bisitaren egiaztagiria entregatu beharko da. Gehienez ere pertsona bakar batek hartzen ahalko du egunean.
Etorkizunean pandemiarik gertatuz gero, enpresak konpromisoa hartzen du familia-bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri egiten laguntzeko, odol bidezko edo ezkontza bidezko lehen mailara arteko senideak kutsatuz gero, betiere enpresaren ekoizpen eta antolaketa egoerak horretarako aukera ematen badu, eta neurri hauek proposatzen ditu: urrutiko lana (beren lanpostuaren arabera hori egin dezaketen langileentzat), ordaindu gabeko baimenak ematea edo oporraldiak aurreratzea, betiere hori bateragarria bada osasun-agintaritzek unean-unean ezartzen dutenarekin.
32. artikulua. Edoskitze baimena:
Jaiotzaren, adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren kasuetan, Langileen Estatutuaren 45.1.d) artikuluaren arabera, langileek 20 egun naturaleko baimen metatua izanen dute bularreko haurra zaintzeko, haurrak bederatzi hilabete bete arte. Ume baten baino gehiagoren jaiotze, adopzio, adoptatzeko zaintza edo harrera kasuetan, baimenaren denbora modu proportzionalean handituko da.
Atal honetan biltzen den baimena langileen eskubide indibiduala da, eta eskubidea gauzatzea ezin zaio aldatu beste guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo harreragile bati. Hala ere, subjektu eragile bera zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek badute, enpresaren zuzendaritzak mugatzen ahalko du aldi berean erabili nahi den eskubidea, enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin bada (zuzendaritzak idatziz jakinarazi beharko ditu arrazoiak).
Bi gurasoek, adoptatzaileek, zaintzaileek edo harreragileek iraupen eta erregimen berean baliatzen badute eskubide hori, denbora hori bularreko haurrak hamabi hilabete bete arte luzatzen ahal da, eta soldata proportzioan murriztuko da umeak bederatzi hilabete betetzen dituenetik aurrera.
Enpresari 7 egun lehenago jakinarazi beharko zaio, eta bularreko haurra zaintzeko baimena noiz hasi eta noiz bukatuko den zehaztuko da.
VI. KAPITULUA.–Hainbat xedapen
33. artikulua. Eszedentziak.
Langileen Estatutuaren 46.2 artikuluaren arabera, enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek borondatezko eszedentzia eskatzen ahalko dute, gutxienez 4 hilabetekoa eta gehienez 5 urtekoa.
3 urteko eszedentziara arte, langileek kategoria eta lanpostua gordetzeko eskubidea izanen dute. Eszedentziako hirugarren urtetik aurrera, eta gehienez ere ezarritako bosgarren urtera arte, langileak ez ditu gordeko kategoria eta lanpostua. Langileak lehentasunezko eskubidea izanen du enpresan hutsik dauden eta bere kategoria berekoak edo antzekoak diren lanpostuetan berriz sartzeko.
Bi kasuetan, lanera itzultzeko, eskatutako eszedentzia bukatu baino hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko dio langileak enpresari.
Kategoria eta lanpostua gordetzea, 3 urteko eszedentziara arte, borondatezko hobekuntza denez, baliozkoa izanen da harik eta kontratatzeko egungo aukerak indarrean egon arte.
34. artikulua. Generoaren presentzia eta enpresan LGTBI pertsonen berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko neurriak.
TLAren kontratazio berrien politikaren helburua izanen da, besteak beste, gutxiengoan dagoen generoaren presentzia areagotzea eta edozein arrazoirengatiko diskriminazio arriskuak prebenitzeko mekanismoak sartzea.
Bi alderdiek hitzarmen kolektibo honi erantsi diote, II. eranskin gisa, LGTBI pertsonen kontrako jazarpen eta indarkeriari aurre egiteko protokoloa, berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko neurriak jasotzen dituena.
35. artikulua. Subrogatutako langileak subrogatzeko 2010eko maiatzaren 3ko erabakia.
Alderdiek hitzarmen honi erantsi diote subrogatutako langileak 2010eko maiatzaren 3an subrogatzeko akordioa. Hitzarmen horrek bere horretan jarraituko du, eta subrogatutako plantillari onura gehien dakarkion guztian aplikatuko da, orain arte egin den bezala, hitzarmen honetan ezarritakoarekin berariaz talka egiten ez duen bitartean. Kasu horretan, 3. artikuluan ezarritako arauen lehentasuna aplikatuko da.
Beste hitzarmen edo akordio batzuen ondorioz subrogatutako langileek dituzten gainerako baldintzak (hitzarmen honetan ezarritakoak izan ezik) hitzarmen hau sinatzen den egunean indarrean zeuden termino eta zenbateko beretan mantenduko dira, eta ez dira eguneratu behar.
36. artikulua. Bake soziala.
Hitzarmen Kolektiboak irauten duen bitartean, hau da, 2027ko abenduaren 31ra arte, bake soziala izateko konpromisoa hartzen dute alderdiek.
37. artikulua. Langileen ordezkariak.
Langileen ordezkariek, langileen ordezkari diren aldetik, lan arloko ordezkariekin batzarrak egiteko askatasuna izanen dutela erabaki da.
Langileen ordezkarientzako 240 orduko kreditua adostu da berariaz urtean. Ordu erreserba hori handitu eginen da negoziazio mahaiko kide subrogatuentzako hitzarmena negoziatzen bada. Langileen ordezkariek enpresaren komunikabideak erabiltzeko eskubidea izanen dute, enpresari jakinarazi ondoren, betiere gehiegikeriarik ez bada.
Langile guztiek izanen dute 12 orduko kreditua urtean, langileen ordezkariek deitutako batzarretara joateko lanorduetan, eta gehienez ere 2 ordu hilabetean, aldez aurretik jakinarazita eta enpresarekin ordua adostuta. Baimena ematen da, lanera sartu eta lanetik ateratzean, langileen interesekotzat jotzen den edozein propaganda sindikal, kultural edo politiko nahierara zabaltzeko. Horretarako, propaganda hori sinatu eta izenpetu egin behar da.
VII. KAPITULUA.–Langileen subrogazioa
38. artikulua. Definizioa eta kasuak.
1. Definizioa. Artikulu honen bidez arautzen da hitzarmen honek ukitzen dituen sektoreko enpresen arteko langileen subrogazioa. Hitzarmen honetan, beraz, subrogazioa arautzen da, modalitate konbentzional gisa. Hori dela eta, aipatutako kasuetan enpresek eta langileek nahitaez bete beharko dute. Alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute sektoreko langileen enpleguaren egonkortasunaren eta kalitatearen printzipioak betetzeko. Horretarako, enpresa-subrogaziorako mekanismo bat ezartzen da artikulu honetan, beste operadore baten jarduera kontratu bidez ordezten edo hartzen duenarentzat. Horrela, jarduera lagatzen duen enpresaren langileak zerbitzua emanen duen enpresa lagapen-hartzaileari atxikiko zaizkio, kontratuan ezarritako baldintzetan. Aurrerantzean, «kontratu» terminoak izaera orokorrez hartzen du edozein kontratazio mota, publikoa zein pribatua, eta enpresa, sozietate edo bestelako entitate edo pertsona fisiko jakin batek gauzatzen duen zerbitzu edo jarduera partzial edo oso zehatz bat identifikatzen du, edozein dela ere kasu hauetan hartzen duten forma juridikoa: kontratu bat eta beste edozein figura edo modalitate azkentzea, galtzea, desegitea, berreskuratzea edo lehengoratzea, baita kontratuak zatitzea edo multzokatzea ere, betiere lantoki jakin bati badagozkio eta erakundeen, pertsona fisikoen edo juridikoen arteko ordezkapena badakarte hitzarmen kolektibo honen eremu funtzionalean jasotako jardueraren bat gauzatzeko.
2. Izaera. Enpresek eta langileek nahitaez aplikatu eta onartu beharrekoak.
39. artikulua. Eragindako langileak.
1. Jardunean dauden plantillaren langile guztiak, baldin eta kontratuaren lantoki batean egiten badute lan, arestian aipatutako kasuetako edozeinen eraginpean, eta gutxienez sei hilabeteko antzinatasuna badute «kontratua» adjudikatzeko lehiaketaren 1. deialdi ofizialaren dataren aurretik (kasu bakoitzean dagokion hedabidean argitaratua). Probintzian lantoki bakarra duten enpresetan, gutxieneko antzinatasuna lau hilabetekoa izanen da.
2. Lanpostua gordetzeko eskubidea duten langileak, baldin eta kontratua azkentzen den unean gutxienez sei hilabeteko antzinatasuna badute «kontratua» adjudikatzeko lehiaketa berriaren 1. deialdi ofizialaren aurretik (kasu bakoitzean dagokion hedabidean argitaratua), eta ABE edo LI egoeran badaude eszedentzian, oporretan, baimenarekin, amatasun-atsedenean edo antzeko egoeretan. Aurreko atalean bezala, gutxieneko antzinatasuna lau hilabetekoa izanen da probintzian lantoki bakarra duten enpresen langileentzat.
3. Bigarren atalean aipatutako langileetako bat ordezten duten bitarteko kontratudun langileak, antzinatasuna kontuan hartu gabe eta kontratuak dirauen bitartean. Arestian aipatutako kasu guztiak modu fede-emailean eta agiri bidez egiaztatu beharko ditu kontratua uzten duen enpresa edo erakunde publikoak, hurrengo artikulu honetan zehazten diren agirien eta epeen bidez. Subrogazioa gertatzen denean arauzko oporrak hartu ez dituztenek kontzeptu horrengatik dagokiena jasoko dute kontratua utzi duen enpresak egiten duen likidazioan, eta enpresa adjudikaziodunak sortzen dituen oporren zatia bakarrik hartuko du bere gain.
«Ad personam» eskubideak. Jardueran ordezkatzen duen enpresa edo kontratu berriak, edo berreskuratzen duen instalazioaren titularrak, bi kasuetan, osorik edo zati batean, eragindako langile guztien lan kontratuetan subrogatu beharko du, eta hitzarmen kolektibo, akordio edo itun bidez behar bezala egiaztatutako soldatazko eskubide pertsonal guztiak bermatuko ditu.
Hitzarmen honen baldintzetan gerora egin daitekeen subrogazioa errazte aldera, enpresaburuak administrazioei edo egoki diren beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatuko die baldintza-agirietan jaso dezatela lehiaketaren xede den establezimendu eta zerbitzuari buruzko informazioa, eta gutxienez honako hauek jaso ditzatela: atxikitako langileen kopurua, antzinatasuna eta haien soldatak, Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoa beteta.
40. artikulua. Informazioa eta komunikazioa.
Jarduera osorik edo zati batean galdu duen enpresak, behin subrogatu beharreko pertsonen kopurua identifikatu ondoren, lehen azaldutako irizpideen arabera, horren berri emanen die eragindako guztiei eta, halakorik badago, lantokiko langileen ordezkariei.
Kontratua uzten duen enpresak enpresa berriaren jarduera hasi baino gutxienez 15 egun baliodun lehenago eman beharko dizkio enpresa berriari jarraian zehazten diren agiriak, salbu eta, lehiaketaren agirietan (halakorik badago) bestelako epeak ezartzen badira agiriak entregatzeko edo zerbitzuaren jabeak modu fede-emailean jakinarazten badio zerbitzua uzten duenari bere jarduera eten duela, hemen ezarritako epea baino lehen:
–Gizarte Segurantzan ordainketetan egunean egotearen ziurtagiria, erakunde eskudunak emana.
–Ukitutako langileen soldaten azken hamabi ordainagirien fotokopia.
–Azken hamabi hilabeteetako Gizarte Segurantzako kotizazioen TC2aren fotokopia.
–Ukitutako langileen zerrenda, honako hauek zehaztuta: izen-abizenak, Gizarte Segurantzako afiliazio zenbakia, antzinatasuna, lanbide taldea eta lanbide kategoria, lanaldia, ordutegia, kontratazio modalitatea eta oporrak hartzeko eguna. Langilea langileen legezko ordezkaria bada, haren agintaldia zehaztuko da.
–Subrogazioak eragiten dien langileen lan kontratuen fotokopia, baita hitzarmen, itun kolektibo edo banakakoena ere, halakorik badago.
–Ukitutako langile bakoitzak behar bezala izapidetutako agirien kopia, non adieraziko baita irten den enpresatik zati proportzionalen likidazioa jaso duela, eta ez dela inolako zenbatekorik ordaintzeko geratzen.
Agiri hau adjudikaziodun berriaren esku egon beharko da, gehienez ere bost egun balioduneko epean, titular berriaren zerbitzua hasten den egunetik aurrera. Artikulu hau nahitaez bete beharko dute lotetsitako alderdiek: jarduera uzten duen enpresak edo erakundeak, jardueraren oinordekoak eta langileak.
I. ERANSKINA.–SUBROGAZIO AKORDIOAREN BALDINTZAK
Iruñean (Nafarroa), 2010eko maiatzaren 3an, bildu dira, alde batetik, Cartrans SA enpresaren zuzendaritza eta Tradisa Greenparc SL enpresaren zuzendaritza eta, bestetik, Cartrans SAren langileen ordezkaria.
Bi enpresen zuzendaritzaren ordezkari gisa aritu dira:
Fco. Javier Alonso Pérez, Lluis Faja Costa, Francesc Ricart Juan, Mònica Segarra Gené.
Cartrans SA enpresaren langileen izenean eta haiek ordezkatuz hartu dute parte: Tomás Jesús Senosian Goñi.
Ordezkaritza horiek, behartzeko erabateko ahalmena onartzen baitiote elkarri, gai hauek aztertzeko bildu dira: Cartrans SAren langileak Tradisa Greenparc SL konpainiari subrogatzea, eta Tradisa Greenparc SLren langileentzako (Cartrans SAtik subrogatuak) nominako kontzeptuak egokitzea, gaurko egunean hartutako konpromisoaren arabera.
Subrogaziorako baldintza hauek erabakitzen dira:
1. Aplikazio-eremua. 2010/05/30ean Cartrans-en alta emanda dauden langile guztiak Tradisa Greenparc SLn subrogatuko dira. Akordio hau subrogatutako langile horiei bakarrik aplikatuko zaie. Subrogatutako langile bakoitzak bere kontratuaren izaerari eutsiko dio. Itun honetan ezarritakoa ez zaie aplikatuko kontratazio berriei, soilik aparkalekuen eta garajeen sektorerako eremu nazionaleko Hitzarmen Kolektiboan (aurrerantzean "Aparkalekuen Hitzarmena") xedatutakoa aplikatuko baitzaie.
2. Hasiera data. 2010/06/01etik aurrera, Cartrans SA enpresaren langileak Tradisa Greenparc SL enpresaren plantillan sartuko dira. Enpresa horrek El Prat de Llobregateko (Bartzelona) Ribera barrutiko 37. zenbakian du egoitza (posta kodea: 08820), eta IFZ zenbakia B64687916 du. Itun honen iraupena mugagabea da.
3. "Ad personam" motako bermea. Orokorrean, Hitzarmena gainditzen duten egoera pertsonalak errespetatu eginen dira, eta "ad personam" izaera izanen dute hertsiki.
4. Kategoriak. Lansarien egitura Aparkalekuen Hitzarmenari egokitze aldera, kategoria bakoitzerako oinarrizko soldata Aparkalekuen Hitzarmenak ezartzen duen oinarrizko soldata izanen da (Tradisa Greenparc SLri aplikatzekoa), 2009ko lansarien tauletan oinarrituta.
Hitzarmen kolektiboen arteko kategorien baliokidetasunak honako hauek dira:
Nafarroako garraioa: aparkalekuak eta garajeak.
Txandako arduraduna: arduraduna.
Furgonetako gidaria: aparkatzeko agentea.
Espezialista: aparkatzeko laguntzailea.
Administrari-ofiziala, 1. mailakoa: administrari-ofiziala, 1. mailakoa.
Administrari-ofiziala, 2. mailakoa: administrari-ofiziala, 2. mailakoa.
Orientabide modura (ez zehatz-mehatz), eta gure enpresaren jarduerarako balioaniztasunak duen garrantzia kontuan hartuta, ibilgailuak mugitzeko bi kategorien funtzioak deskribatuko ditugu:
–Aparkatzeko agentea: laguntzaileak jasotzeko furgoneta gidatzen du, bere esku jarritako ibilgailuaren ardura hartzen du, hura ez dagoenean arduradunaren lana egiten du eta, zerbitzuaren beharren arabera, laguntzaile lanak egin ditzake. Bere lanbide kategoriaren ezaugarri berak edo antzekoak dituzten beste funtzio batzuk ere egin ditzake, bezeroak agindutako ekoizpen prozesuen aldaketen arabera eta arduradunak emandako jarraibide zehatzen arabera.
–Aparkatzeko laguntzailea: ibilgailuak lantegiko irteeratik beste leku batzuetara mugitzen ditu, takoak jartzen ditu, kargak prestatzen ditu (Autostadt), baita bere lanbide kategoriaren ezaugarri berak edo antzekoak dituzten beste funtzio batzuk ere, bezeroak agindutako produkzio prozesuen aldaketen arabera, eta arduradunak emandako jarraibide espezifikoen arabera.
5. Osagarri pertsonal finkatua. Enplegatuen erosteko ahalmena ez murrizteko, osagarri pertsonal finkatua sortzen da, Nafarroako Garraioen Hitzarmenaren oinarrizko soldataren (orain arte Cartrans SAri aplikatzekoa) eta Aparkalekuen Hitzarmenaren oinarrizko soldataren (Tradisa Greenparc SLri aplikatzekoa) arteko diferentziaren ondorioz. Osagarri honen zenbatekoa finkatua izanen da, ez da ez xurgagarria ez konpentsagarria izanen, eta urtero eguneratuko da Aparkalekuen Hitzarmenean oinarrizko soldatarako ezarritako igoera ehunekoa aplikatuta. Oinarrizko soldata urtero igoko da, aparkalekuen hitzarmenean ezarritako ehunekoa aplikatuta.
6. Beste osagarri batzuk. Borondatezko plusa (xurgagarria), osagarria (xurgagarria) eta plus pertsonala (finkatua) jasotzen dituzten langileek zenbateko berak eta beren izaera mantenduko dituzte subrogazioaren ondoren.
7. Antzinatasuna. Aparkalekuen hitzarmenaren antzinatasuna Cartrans SAtik datozen langileei zenbatuko zaie 2010/06/01etik aurrera. Egun horretan hasiko da langileen antzinatasuna, eta kontzeptu hori bakarrik subrogatuko da sortu eta kobratzeko.
8. Lanaldia. Langile subrogatuen lanaldia jarraitua izanen da, astean 40 ordukoa, astelehenetik ostiralera, eta norberaren izenean ez dira benetako 1744 lanordu baino gehiago egiten ahalko 2010. urtean. Ordu horiek egutegian banatzen ahalko dira, enpresaren eta langileen beharren arabera.
Volkswagen gure bezeroaren Hitzarmen Kolektiboan benetako lanaren urteko orduak murrizten badira, ordu kopuru bereko murrizketa aplikatuko da subrogatutako langileen urteko lanorduen gainean.
9. Mugimenduko langileen Enpresa Ituna. Tradisa Greenparc SLk subrogatu egiten ditu Cartrans SA enpresak eta Enpresaren Langileen Legezko Ordezkaritzak 2007/07/15ean sinatutako itunean ezarritako eskubide eta betebehar guztiak, gaueko lanaren kasuan izan ezik, hitzarmen honen 11. puntuan aldatzen baita. Itunaren edukia Tradisa Greenparc SLk subrogatzen dituen langileei bakarrik aplikatuko zaie, subrogazio horren aurretik itun hori aplikagarri bazitzaien.
10. Arduradunen Enpresa Ituna. Tradisa Greenparc SL enpresak subrogatu egiten ditu Cartrans SA enpresaren eta enpresako arduradunen artean 2007/12/4an sinatutako itunean ezarritako eskubide eta betebehar guztiak, gaueko lana izan ezik, hori aldatu egiten baita subrogazio hitzarmen honen 11. puntuan. Itunaren edukia aplikatuko zaie bakarrik Tradisa Greenparc SLk subrogatzen dituen arduradunei, subrogazio horren aurretik itun hori aplikagarri bazitzaien.
11. Gaueko lana. Langile subrogatuek, 22etatik 6etara bitartean gutxienez 4 orduz lan egiten badute, gaueko lanaren osagarria jasoko dute, ondoren aipatzen diren bi soldata kontzeptuen baturak osatzen duen kopuruaren %25aren baliokidea: eguneko oinarrizko soldata eta eguneko osagarri pertsonal finkatua. Hobari horiek lan txandak egiteagatik lanaldia muga horien barruan betetzen duten langileek jasoko dituzte. Osagarri hori ez zaie sortuko ezta kobratuko ere gauez lan egiten duten langileei, baldin eta gau horretarako berariaz kontratatu badira edo, horretarako kontratatu gabe, beren borondatez hala eskatu badute.
Artikulu honetan ezarritakoa gorabehera, 22:00ak eta 06:00ak bitartean 4 orduz baino gutxiagoz lan egitekotan, ordu horiek %25eko gehigarriarekin ordainduko dira.
12. Aurreabisua emateko epea. Enpresan zerbitzuak emateari utzi nahi dioten langileek gutxienez 7 egun lehenago jakinarazi beharko dute. Aipatutako aurreabisua emateko epea betetzen ez bada, berandu jakinarazitako egunetan sortuko litzatekeen zenbatekoaren baliokidea galduko da likidazioan.
13. Aparteko haborokinak. "Udako" eta "Gabonetako" aparteko haborokinak egiazko soldataren hileko baten zenbatekoarekin ordainduko dira, nominako kontzeptu finkoekin. "Udako" ordainsaria uztailaren lehen hamabostaldian ordainduko da, eta "Eguberrietakoa" abenduaren 20an, beranduenez. Haborokin biak sei hilean behin zenbatuko dira: lehenbizikoa urtarrilaren 1etik ekainaren 30era eta bigarrena uztailaren 1etik abenduaren 31ra.
Sei hilean behin lanera sartu edo lana uzten badu, langileak eskubidea izanen du benetan lan egindako denboraren eta seihilekoaren arteko zati proportzionala kobratzeko.
14. Mozkinetan parte hartzea. Parte hartze hori 30 eguneko oinarrizko soldatan ezarri da, gehi osagarri pertsonal finkatua, gehi plus pertsonala.
15. Aparteko orduak. Egiturazko aparteko ordutzat hartuko dira ezusteko eskaerengatik, puntako produkzio aldiengatik, ustekabeko absentziengatik, txanda aldaketengatik edo dena delako jardueraren izaeragatik egiturazko beste inguruabar batzuengatik behar direnak, baldin eta ezin badira ordeztu legez ezarritako kontratazio modalitateekin.
Zuzendaritzak aldian-aldian langileen ordezkariari jakinaraziko dio zenbat aparteko ordu egin diren, zergatik eta, beharrezkoa bada, nola banatu diren atalka.
1561/1995 Errege Dekretuaren eta indarrean dauden lege xedapenen arabera, honako hau izan daiteke benetako lanalditik gorako jarduera denbora:
a) Lanaldia luzatzea, aipatutako Errege Dekretuaren 8. eta 10. artikuluetan zehaztutakoaren arabera.
b) Aparteko orduak.
a) puntutik eratorritako lan denboraren soberakina ordu arruntaren prezioan ordainduko da.
Aurreko b) apartatuan ezarritako baldintzetan lan egiteagatik soberan gelditzen diren orduak, langileak bere borondatez egiten baditu, ordu arruntaren zenbateko berarekin ordainduko dira.
b) puntuan zehaztutako gehiegizko lanaldiaren ondoriozko aparteko orduak 16,11 euroan ordainduko zaizkie 2010ean subrogatutako mugimenduko langileei; arduradunei, berriz, dagokien berariazko itunean ezarritako prezioan.
Ordaindu gabeko aparteko orduak ordu eta erdiko atsedenaldiarekin konpentsatuko dira aparteko ordu bakoitzeko, subrogatutako langileak eskatuta. Horretarako, gainditutako orduak batzen ahalko dira, lanaldi osoak egiteko. Horiek langileak berak aukeratuko ditu eta enpresak espresuki galarazten ez badio emanen zaizkio. Halakoetan, bigarren eskaeran emanen zaio atsedenaldia.
48 ordu lehenago jakinarazi beharko da atsedenaldia hartuko dela, eta baita hura baimendu dela ere.
16. Lan istripuak eta gaixotasunak. Lan istripuaren edo gaixotasunaren ondorioz aldi baterako bajan dauden subrogatutako langileek ordainsariaren %100 jasoko dute, irauten duen bitartean eta lehenbiziko egunetik. Ordainsaritzat hartuko dira oinarrizko soldata, plus pertsonala eta finkatutako osagarri pertsonala, eta ez besterik.
17. Oporrak. Oporrak 30 egun naturalekoak izanen dira. Volkswagen gure bezero bakarrak ezarritako data beretan finkatuko da oporren egutegia. Opor garaian kontzeptu finkoak soldata gisa jasoko dira, langileak oporrak hartu aurreko 6 hilabeteetan lortutako kontzeptu aldakorren batez bestekoa gehituta.
Langileak bi hilabete lehenago jakin beharko du noiz izanen dituen oporrak.
18. Lizentziak. Lizentzia eta baimen guztiei indarrean dauden xedapenetan ezarritakoa baino egun bat gehiago gehituko zaie, kasu hauetan izan ezik:
1) Ezkontzeagatiko lizentzia 16 egunekoa izanen da.
2) Ezkontidea hilez gero, 7 egun emanen dira. Langilearen gurasoak edo seme-alabak hiltzen badira, 4 egun izanen ditu heriotza probintzia barnean izan bada, eta 6 egun, hortik kanpo izan bada.
3) Langilearen ezkontideak, gurasoek, seme-alabek, anai-arrebek edo senideek gaixotasun larria badute, ospitalizaturik badaude edo emaztea erditzen bada, 3 egun izanen dira probintzia barruan gertatzen bada, eta 5 egun kanpoan gertatzen bada. Kasu horietan, baina langilearen ezkontidea, gurasoak edo seme-alabak badira soilik, lizentzia hori 4 egunez luzatzen ahalko da, ordainsaririk jaso gabe.
4) Langilearen edo haren ezkontidearen gurasoak, seme-alabak edo senideak ezkontzen badira, 2 egun izanen dira ezkontza probintzia barnean bada, eta 3 egun, hortik kanpo bada. Baimenaren erdiko egunean izanen da ezkontza.
5) Ordaindutako lizentzia bat ezarri da elkarrekin bizitzen 2 urte edo gehiago daramatela frogatzen duten bikoteentzat. Lizentziaren helburua elkarri arreta edo laguntza ematea izanen da; beraz, ez da ezkontza bidezko ahaidetasunezko beste eskubide mota batzuetara zabaltzen ahalko, hau da, "ezkonsenide" deritzenetara. Kapitulu honetan ematen diren lizentziak unean-unean indarra duten legezko xedapenetan ezarritako moduan hobetuko dira.
19. Norberak hartzeko egunak. Ordaindutako 3 egun izanen dira, 2 langileak eskatuak eta 1 enpresak zehazten duen egunean.
Langileak eskatzen dituen 2 egun horiek onartu beharko ditu enpresak, salbu eta hori ezinezkoa bada. Lehenbiziko eskaera onartzea ezinezkoa bada, bigarrena onartuko da nahitaez.
Urte naturala bukatu ondoren, enpresak ez badu bere aukerako eguna izendatu horretarako idazki bidez, hurrengo urteko urtarrileko nominan ordaindu beharko da, gozatu gabeko atseden gisa, nominako kontzeptu finkoen zenbatekoarekin.
20. Laneko arropa. Enpresak urtean laneko bi buzo emanen dizkie langileei, egiten dituzten lanen ezaugarrien arabera beharrezkoa denean.
Orobat, uretako ekipamendu bat emanen die gidariei, galtzak eta jakatxoa edo antzekoak, lanaren ezaugarriek hala eskatzen badute.
Langileen eta enpresaren ordezkariek erabakiko dute langileek eskularruak eta botak jantzi behar dituzten, beren lanaren ezaugarriengatik beharrezkoa bada.
21. Eskubide sindikalak. Subrogatutako langileen ordezkariak batzarretarako deialdiak egiteko askatasuna izatea. Urtean 240 orduko erreserba langileen ordezkariarentzat. Ordu erreserba hori handitu eginen da negoziazio mahaiko kide subrogatuentzako hitzarmena negoziatzen denean. Langileen ordezkariak enpresaren komunikabideak erabiltzea, enpresaburuari jakinarazi ondoren, betiere gehiegi erabili gabe.
Subrogatutako langile guztientzat 12 ordu gordetzea beren lanaldiaren barnean biltzarretara joan ahal izateko, enpresaburuari jakinarazi eta harekin adostu ondotik noiz izanen diren biltzarrak. Hilabetean gehienez 2 ordu erabiliko dira. Baimenduta dago lanera sartzean edo ateratzean edozein propaganda sindikal, kultural edo politiko banatzea, baldin eta sinaturik badago.
22. Istripu asegurua. Enpresak istripuen aseguru poliza kolektibo bat kontratatuko du subrogatutako langileentzat, baldintza hauekin:
1) Istripuaren ondoriozko ezintasun iraunkor osoa: lan kontratua deuseztatu gabe, 23.304,56 euroko kapital aseguratua 2010erako, eta kontratua deseginen balitz, zenbateko hori 38.840,96 eurora igoko litzateke 2010erako.
2) Edozein lan ordaindutarako erabateko ezintasun iraunkorra eta istripuaren ondoriozko baliaezintasun handia, 54.377,34 euroko kapital aseguratuarekin 2010erako.
3) Istripuaren ondoriozko heriotza. 38.840,96 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko.
Polizen ondorioak lanean ari diren langileek izan ditzaketen lan istripuetan sortuko dira, erabaki hau jakinarazten den egunetik aitzina.
Istripu baten ondorioz prozesu judizial bat abiarazten bada eta, horren eraginez, enpresak langileari edo haren eskubidedunei kalte-ordaina eman behar badie, hitzartutako asegurutik eratorritako diru-kopuruak epaian finkatutako zenbatekoaren kontura izanen dira.
Aseguratutako kapitalak urtero eguneratuko dira urtarrilean, lehengo urteko Estatuko KPIaren arabera.
23. Eszedentziak. Langile finko subrogatuek borondatezko eszedentzia eskatzen ahalko dute, gutxienez urtebetekoa eta gehienez bi urtekoa, kategoria eta lanpostua mantentzen dituztelarik. Lanera itzultzeko, eskatutako eszedentzia bukatu baino hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko dio langileak enpresari. Artikulu honek egungo kontratazio aukerak indarrean dauden bitartean balioko du.
24. Errelebo-kontratua. Enpresak, legeria orokorrean eta Gizarte Segurantzan indarrean dagoen bitartean, baimena emanen die langile subrogatuei erretiro partziala hartzeko, Gizarte Segurantzaren erretiroaren kotizaziopeko pentsioa jasotzeko eskubidea izateko eskatzen diren baldintza orokorrak betetzen dituztenean, adinarena izan ezik, adin horrek eskatzen dena baino 5 urte txikiagoa izan beharko baitu gehienez.
Horretarako, lanaldi partzialeko kontratu bat idatziko da, langilearen benetako lanaldia eta soldata murriztuta. Beste batek ordezkatuko du erretiro partziala hartu duen langilea, eta langile hori lanaldi osoan lotuko zaio enpresari, lanik gabe dagoen unetik, baldin eta erretiratuak %70etik gorako murrizketa hautatzen badu, txandako lan kontratu baten arabera. Kontratu horrek gehienez ere erretiratuak erretiro osoa hartu arte iraunen du.
Erretiro partziala hartu duen langileak erretiro osoa hartzen duenean, txanda hartzen duen langilea enpresaren plantillan sartuko da, harreman mugagabearekin, enpresak lanpostua amortizatzen ez badu.
25. Lan auzitegia. Edozein erreklamazio edo auzi aurkeztu baino lehen, ezinbesteko betebeharra da aurretik Nafarroako Lan Auzitegira jotzea, adiskidetzea edo bitartekotza lortzen saiatzeko. Era berean, langileen eta enpresaren ordezkariei gomendatzen zaie arbitrajearen mende jartzea. Horretarako aipatutako auzitegian eratutako Arbitraje Elkargoaz baliatuta.
26. Hitzarmenaren atzerakinak. Garraioen Hitzarmenaren 2009ko eta 2010eko lansarien taulak aplikatu ondotik, horiek argitaratu eta hurrengo nominan ordainduko da diru hori.
Itun honetan jasotzen ez den guztirako, nazio eremuko hitzarmen kolektiboan aparkalekuen eta garajeen sektorerako ezarritakoa aplikatuko da, baita indarrean dauden gainerako lege xedapenak ere.
II. ERANSKINA.–Tradisa Logicauto SLn LGTBI pertsonen aurkako jazarpen eta indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa
LEGE ESPARRUA
Otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko denak, honako hau ezartzen du 15.1 artikuluan:
"Berrogeita hamar langiletik gorako enpresek, lege hau indarrean jartzen denetik hamabi hilabeteko epean, LGTBI pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko neurri eta baliabideen multzo planifikatu bat eduki beharko dute, eta horren barruan egonen da LGTBI pertsonen aurkako jazarpenari edo indarkeriari aurre egiteko jarduketa protokolo bat. Horretarako, neurriak negoziazio kolektiboaren bidez itunduko dira, eta langileen legezko ordezkariekin erabakiko dira. Neurri horien edukia eta irismena erregelamendu bidez garatuko dira".
PRINTZIPIOEN ADIERAZPENA
Tradisa Logicauto SL enpresak ez du onartuko LGTBI pertsonen aurkako inolako diskriminazio-jazarpenik, edozein lan ingurunek izan behar dituen berdintasun, duintasun eta errespetu printzipioen esparruan. Sexu-orientazio, genero-identitate edo -adierazpen, sexu-ezaugarri edo LGTBI kolektiboaren parte izateagatiko diskriminazio-adierazpen ororen aurrean, Tradisa Logicauto SL enpresak ez du inolako tolerantziarik izanen.
Gure erakundeak bere egiten ditu gizarte demokratiko eta inklusiboaren balioak, eta aitortzen du aniztasuna elementu aberasgarria dela, eta bat egiten du otsailaren 28ko 4/2023 Legeak trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko xedatutakoarekin.
Ondorioz:
–Ez da onartuko inolako jokabide diskriminatzailerik, iraingarririk edo baztertzailerik, sexu-orientazio, sexu-identitate eta genero-adierazpenagatiko jazarpentzat jotzen bada, ez enpresaren ezein esparrutan, ez laneko harremanetan, ez hautaketa prozesuetan, ez sustapenean, ez prestakuntzan, ez beste ezein lanbide interakziotan.
–Espresuki debekatuta dago sexu-orientazio, sexu-identitate eta genero-adierazpenagatiko jazarpentzat jotzen den edozein jokabide.
–Sexu-orientazio, genero-identitate edo -adierazpen edo sexu-ezaugarriengatiko jazarpena falta oso astuntzat joko da, eta jazarpenaren aurkako gure protokoloak ezartzen dituen prebentzio-, salaketa-, ikerketa- eta zehapen-mekanismoak aktibatuko dira.
Eragindako pertsonei konfidentzialtasuna, babesa eta erreparazioa bermatuko zaie, eta ez dira errepresaliak hartuko jarrera horiek salatzen edo identifikatzen laguntzen dituztenen kontra.
Aktiboki sustatuko da kultura korporatibo inklusiboa, errespetuzkoa eta askotarikoa, baita langile guztien sentsibilizazioa, prestakuntza eta parte hartzea ere.
Zuzendaritzak eta pertsonen ardura duten taldeek eginkizun eredugarria eta proaktiboa izanen dute edozein diskriminazio mota atzemateko, esku hartzeko eta desagerrarazteko.
Konpromiso hori sinatuta, Tradisa Logicauto SLk pertsona guztientzako lan ingurune segurua, inklusiboa eta errespetuzkoa izateko borondatea berresten du, salbuespenik gabe. Berdintasun erreal eta eraginkorra printzipio utziezina da gure lan egiteko eta elkarrekin bizitzeko moduan.
JARDUKETA EREMUA
Protokolo hau zuzenean aplikatuko zaie enpresan lan egiten duten pertsonei, enpresarekiko duten lotura juridikoa edozein dela ere, baldin eta beren jarduera enpresaren antolamenduaren esparruan garatzen badute.
Lanpostu bat eskatzen dutenei, lagatako langileei, hornitzaileei, bezeroei eta bisitei ere aplikatuko zaie, besteak beste.
DEFINIZIOAK
Jazarpen LGTBIfobikotzat jotzen da pertsona baten duintasunaren aurka egitea helburu edo ondorio duen edozein jokabide, ahozkoa zein fisikoa, haren sexu-orientazio, genero-identitate edo -adierazpen edo sexu-ezaugarrien arabera, batez ere, ingurune beldurgarria, oldarkorra, apalesgarria, umiliagarria edo iraingarria sortzen denean.
a) Zuzeneko diskriminazioa: sexu-orientazioagatik, sexu-identitateagatik, genero-adierazpenagatik edo ezaugarri sexualengatik antzeko egoeran dauden pertsonek edo taldeek baino tratu okerragoa jasotzea, jaso izana edo jaso ahal izatea.
b) Zeharkako diskriminazioa: itxuraz neutroa den xedapen, irizpide edo jardunbide batek pertsona bati edo batzuei beste batzuekiko desabantaila berezia eragiten dienean edo eragin diezaiekeenean gertatzen da, sexu-orientazioagatik, sexu-identitateagatik, genero-adierazpenagatik edo sexu-ezaugarriengatik.
c) Diskriminazio anizkoitza eta intersekzionala: diskriminazio anizkoitza gertatzen da pertsona bat diskriminatzen denean Tratu-berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko uztailaren 12ko 15/2022 Legean ezarritako bi diskriminazio-kausagatik edo gehiagorengatik, aldi berean edo elkarren segidan. Diskriminazio intersekzionala gertatzen da hainbat kausa daudenean edo horiek elkarri eragiten diotenean, eta horren ondotik diskriminazio modu espezifiko bat sortzen denean.
d) Jazarpen diskriminatzailea: uztailaren 12ko 15/2022 Legean ezarritako diskriminazio kausaren bat tarteko izandako jokabide oro, xede edo ondorio honekin: pertsona edo talde baten duintasunaren aurka egitea, eta ingurune beldurgarria, oldarkorra, apalesgarria, umiliagarria edo iraingarria sortzea.
e) Elkartzeagatiko bereizkeria eta erroreagatiko bereizkeria: elkartzeagatiko bereizkeria dago, pertsona edo talde batek, orientazio eta identitate sexuala, genero-adierazpena edo ezaugarri sexualak direla eta, bereizkeriazko tratua jasotzen duenean, beste pertsona edo talde horrekin duen harremanagatik. Erroreagatiko diskriminazioa diskriminatutako pertsonaren edo pertsonen ezaugarriei buruzko iritzi okerrean oinarritzen dena da.
f) Errepresalia diskriminatzailea: tratu kaltegarria edo ondorio negatiboa, edozein motatako kexa, erreklamazio, salaketa, demanda edo errekurtso bat jartzearen ondotik, pertsona batek jasaten duen edo jasan duen diskriminazioa edo jazarpena saihesteko, murrizteko edo salatzeko. Subjektu aktiboaren arabera, hiru jazarpen mota daude: beheranzko jazarpena: egileak nagusitasun hierarkikoa du biktimarekiko (nagusiak mendekoa diskriminatzea). Goranzko jazarpena: egileak biktimarekiko mendeko posizio hierarkikoa du (mendekoak nagusia diskriminatzea). Jazarpen horizontala: egileak eta biktimak beren harremanean (lankidetik lankidera) nagusitasunik edo mendetasunik ez dute.
LGTBI pertsonen aurkako jazarpen-jokabideak.
–Hitzezko jokabideak:
- Iruzkin iraingarriak edo mespretxuzkoak sexu-orientazioari, genero-identitateari edo genero-adierazpenari buruz.
- LGTBI komunitatearekin lotutako irainak edo hizkera gutxiesgarria erabiltzea.
- Pertsonaren identitateari edo genero-adierazpenari buruzko etengabeko txantxak.
- Izenordain okerrak edo deadnaming-a nahita erabiltzea (pertsona trans baten aurreko izen bat erabiltzea haren baimenik gabe).
- Pertsonaren bizitza pertsonalari edo intimoari buruzko galdera intrusiboak, hura gogaitzeko asmoz.
–Hitzezkoak ez diren jokabideak:
- Beldurtzeko asmoa duten begiradak, isekazko keinuak edo barregarri uzten duten jarrerak.
- Pertsonaren sexu-joerari edo genero-identitateari buruzko zurrumurruak zabaltzea.
- Jarduera sozialetan edo laneko jardueretan nahita baztertzea.
- Sexu-orientazioarekin edo genero-identitatearekin lotutako material iraingarria erakustea espazio komunetan.
–Jokabide fisikoak:
- Biktimaren sexu-orientazioak edo genero-identitateak eragindako bultzadak, kolpeak edo edozein motatako eraso fisikoak.
- Gogoz kontrako hurbilketak edo hurbilketa inbaditzaileak, gogaitzeko edo beldurtzeko asmoz.
- Besteen gauzak kaltetzea, jazartzeko modu gisa.
–Jokabide digitalak edo ziberjazarpena:
- Mezu iraingarriak, mehatxagarriak edo beldurraraztekoak bidaltzea sare sozialen, posta elektronikoaren edo mezuen aplikazioen bidez.
- Eduki umiliagarria edo mespretxuzkoa linean argitaratzea edo hedatzea.
- Identitatea ordeztea, pertsona barregarri uzteko.
- Pertsonaren sexu-orientazioari edo genero-identitateari buruzko informazio pertsonala edo pribatua (outing) ematea, haren baimenik gabe.
–Lan arloko jokabideak:
- Sexu-orientazioagatiko edo genero-identitateagatiko zigor inplizitu gisa zeregin umiliagarriak edo gehiegizko lana esleitzea.
- Pertsonari dagozkion izen eta izenordainak erabiltzeari uko egitea.
- Igotze edo aintzatespen profesionaleko prozesuetan oztopoak jartzea.
- Bileretan, ekitaldietan edo funtsezko erabakiak hartzean baztertzea.
- LGTBI pertsonen aurkako giroa sustatzea edo onartzea.
–Beste jokabide diskriminatzaile batzuk:
- Erasoak edo diskriminazioak aurreiritzi edo sinesmen pertsonaletan oinarritutako argudioen bidez justifikatzea.
- LGTBI pertsonek egindako jazarpen salaketei entzungor egitea.
- Pertsona bere sexu-orientazioa edo genero-identitatea ezkutatzera behartzea edo presioa egitea.
- Sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik zerbitzuak edo eskubideak ukatzeko aitzakiak erabiltzea.
PROZEDURAREN PRINTZIPIO GIDARIAK ETA BERMEA
–Arintasuna, ardura eta azkartasuna salatutako jokabidea ikertu eta ebazteko; bidegabeko atzerapenik gabe egin behar da, eta prozesuaren zati bakoitzerako zehaztutako epeak errespetatu behar dira (protokoloan jasoko dira).
–Eragindako pertsonen intimitatea eta duintasuna errespetatzea eta babestea, inplikatutako guztiei bidezko tratamendua eskainita.
–Isilpekotasuna: prozeduran parte hartzen duten pertsonak behartuta daude informazioa isilpean gordetzera eta zuhurtziaz jokatzera; ez dute informaziorik zabalduko edo transmitituko jarri diren, ikertzen ari diren edo ebatzi diren salaketen edukiari buruz.
–Biktima behar bezala babestea gerta daitezkeen errepresalien aurrean, segurtasuna eta osasuna zaintzeko, kontuan hartuta egoera horrek izan ditzakeen ondorio fisiko eta psikologikoak, eta bereziki kontuan hartuta erasoa jasan duen pertsonaren lan inguruabarrak.
–Kontraesana, ukitutako pertsona guztiei entzunaldi inpartziala eta bidezko tratua bermatzeko.
–Biktimak bere onera itzultzea: egindako jazarpena biktimaren lan baldintzen aldaketa batean gauzatu bada, enpresak aurreko baldintzetara itzuli behar du, hala eskatuz gero.
–Errepresalien debekua: espresuki debekatuta dago eta deusez deklaratuko da errepresalia izan daitekeen edozein ekintza, barne hartuta errepresaliak hartzeko mehatxuak eta saiakerak, horretarako prestatutako bitartekoen bidez salaketa jartzen duten pertsonen aurka, lekuko gisa agertzen direnen aurka edo jazarpenari buruzko ikerketa batean laguntzen edo parte hartzen dutenen aurka.
PREBENTZIO NEURRIAK
Prebentzio neurrien gisako neurri positiboekin, LTGBIfobiako jazarpenik gabeko lan giro bat sortzen da, eta giza eskubideak eta pertsonen duintasuna errespetatzen dituen giroa eta lan ingurunea garatzen da.
Tradisa Logicauto-n ezarri beharreko prebentzio neurri nagusiak hauek dira:
–Protokoloa hedatzea: bitarteko elektronikoen bidez, eta Langileen Atarian argitaratuta, konpainiaren langileak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko horrelako jokabideak onartezinak direla.
–Erantzukizuna: langile guztiek duintasuna errespetatzen den lan ingurunea bermatzen laguntzeko erantzukizuna dute. Zuzendaritzaren eta agintarien funtsezko lan araua da haien antolakuntza ahalmenaren mende jazarpen jokabideak saihestea. Hori guztia islatzen da protokolo honen hasieran egindako printzipioen adierazpenean. Adierazpen horretan zuzendaritzak eta, beraz, langile guztiek konpromisoa hartzen dute jazarpena desagerrarazteko eta enpresan lan egiten duten pertsonen duintasuna defendatzeko.
–Informazioa: jazarpen LGTBIfobikotzat jotzen diren jokabideei eta jokabide horien ondoreei buruzko informazioa ematea langileei.
–Prestakuntza: prestakuntza ekintzak egitea jarrera irekiak eta jarrera LTGBIfobikoen aurrean jarrera ez-permisiboak garatzen laguntzeko.
HARTZAILEAK
Protokolo hau Tradisa Logicauto SLren langile guztientzat da, eta enpresarekin kontratu-harremana duten pertsona guztiei eragiten die, erakundeko langile diren aldetik, taldeko edozein enpresatan.
PROZEDURA
I. fasea: Salaketa.
Idatzizko jakinarazpena "Salaketak eta barne informazio sistemaren kanalean informazioa kudeatzeko prozeduran" zehaztutako kanaletako batean. SII informatika plataformaren lehentasunezko bidea erabili ezin bada, honekin batera doan eredua erabiliko da (1. eranskina), eta ikusitako gertaerak edo jokabideak jasoko dira.
Nork jar dezake salaketa?
Salaketa kaltetutako pertsonak edo horrek baimentzen duen pertsonak jartzen ahal du, horretarako adostutako prozeduraren bidez eta ikerketa prozesuaz arduratzen den batzordeak erabakitzen duen pertsonaren aurrean.
Eragindako pertsonak salaketa zuzenean jartzen ez badu, hark berariazko baimen informatua eman behar du protokoloaren jarduerak hasteko.
Nori emanen zaio: Giza Baliabideen departamentuari, "Salaketak eta barne informazio sistemaren kanalean informazioa kudeatzeko prozeduran" zehaztutako kanalen bidez. (SII).
Salaketa egiten denetik 7 egun balioduneko epean, gehienez ere, honako emaitza honekin izapidetu beharko da:
1. Salaketa hori ez da izapidetzeko onartuko, azaldutakoa protokolo honen esparrukoa ez dela agerikoa bada. Salaketa jarri duen pertsonari idatziz jakinaraziko zaio, salaketa ez onartzeko arrazoiak azalduta, eta ohiko bideetatik tratatuko da.
2. Ebazpen informala: egoera oraindik jazarpen LGTBIfobikoa ez bada, baina jokabide desegokiak baditu eta, esku hartu ezean, jazarpen egoera sor badaiteke, borondatez esku hartzen ahalko da, eta egoera deuseztatzeko eta etorkizunean berriro gerta ez dadin saihesteko jardunbideak eta proposamenak emanen dira.
3. Salaketa onartzea eta prozedura izapidetzen hastea.
Jokabide zitalak jasan dituela edo jasaten ari dela uste duen pertsona orok, edo bere lankide batek jasaten dituela uste duenak, jokabide hori jakinaraz dezake, tratu bidegabea, diskriminatzailea edo kaltegarria jasateko beldurrik gabe.
Prozesu hori azkartasunaren eta konfidentzialtasunaren printzipioen arabera eginen da, eta uneoro bermatuko eta babestuko dira inplikatutako pertsonen intimitatea eta duintasuna.
Kexa edo salaketa jaso ondotik, eta jazarpen egoera egiaztatu ondotik, kautelazko edo prebentziozko neurriak hartuko dira, biktima jazarlearengandik aldentzeko jarduteko prozedura garatzen den bitartean, harik eta hura ebatzi arte.
II. fasea: Analisia eta ikerketa.
Salaketa izapidetzeko onartutakoan, kasua Adhoc batzorde baten esku geratuko da. Batzorde hori honakoek osatuko dute:
1. Giza Baliabideen zuzendaria.
2. Batzordearen idazkari nagusia.
3. Negozio unitatearen edo taldearen zuzendari nagusia, kasuen arabera.
Kasuaren lehenbiziko balorazioa egin beharko da, gehienez ere 15 laneguneko epean. Horretarako, urrats hauek egin beharko dira:
–Informazioa jasotzea.
–Alderdiekin elkarrizketa –salatzailea eta salatua– Batzordearen pertsona bat izendatuko da, salatzailearekiko lotura zuzena izateko, ahalik eta erosoen senti dadin. Pertsona horrek biktimarekin hitz eginen du, biktimak hala nahi badu, eta prozedura hasi ondoren alegazioak egiteko aukera bakarrik tratatuko du.
–Seguruenik, elkarrizketa lekukoekin edo intereseko beste langile batzuekin –arduradun edo lankideekin–, baldin badaude.
Prozedura izapidetzen ari den bitartean, egindakoaren eta gertaeren larritasunaren arabera, batzordeak antolamendu neurriak proposatzen ahalko dizkio dagokion jardueraren arloko arduradunari (zerbitzua ematea edo beste lanpostu bati aldi baterako atxikitzea), prozedurak irauten duen bitartean, ukitutako langileen arteko kontaktua saihesteko.
Ikerketa-fasea burutzeko, ondorioen txosten bat eginen da, eta azken erabakia hartzeko balioko du. Txosten horrek aukera hauetako bat proposatuko du:
a) Salaketa arrazoituta artxibatzea. Honako kasu hauetakoren bat gertatzen denean proposatu beharko da espedientea artxibatzea:
i. Salatzaileak atzera egiten badu (betiere, eta ofizioz, salaketa ikertzen jarraituko da jazarpen zantzurik atzematen bada).
ii. Xederik ez izatea edo zantzurik ez egotea.
iii. Aurretik egindako jarduketen ondotik salaketaren edukia ebatzitzat eman badaiteke, alderdiek adostutako akordioa jasota, hala badagokio.
b) Laneko jazarpena ez den beste hutsegite baten aztarnak badaude, kasuan kasuko departamentuari jakinaraziko zaio, behar diren neurriak har ditzan, diziplina neurriak barne.
c) Jazarpen diskriminatzailearen zantzu argiak.
Prozesu osoan zehar, isilpekotasun zorrotza eta intimitaterako eskubidea errespetatu beharko dira, bai ustezko biktimarena bai salaketaren xede den pertsonarena, eta tartean diren pertsonen duintasuna eta intimitatea babestu beharko dira. Prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiei jakinarazi behar zaie isilpean gorde behar dutela beren esku hartzean eta prozeduran agertzean izan duten informazio guztia. Azken espedientea konfidentziala izanen da, eta aipatutako batzordeak soilik eskuratzen ahalko du.
III. fasea: Neurri zuzentzaileak hartzea.
Ikerketaren emaitzak ikusita, Batzordeak, txostena jaso eta gehienez ere 5 egun balioduneko epean, ebazpena emanen du, eta beharrezko hobekuntza neurriak edo ekintzak proposatuko ditu sor daitekeen arrisku psikosoziala deuseztatzeko edo murrizteko, baita etorkizuneko arriskuak saihesteko neurriak ere, hala badagokio.
Falta oso astun, astun edo arin bat egiteagatiko zehapen espedientea irekitzeko eskatzen ahalko da, frogatutako egitateen arabera.
Ebazpen hori ukitutako pertsonei igorriko zaie, bost egun naturaleko epean alegazioak egin ditzaten, harekin ados ez badaude.
Halaber, neurri horiek ezartzea nori dagokion zehaztuko da, eta horretarako epeak ezarriko dira.
Bermatu eginen da jazarpen ikerketak salatzen, lekukotzen, laguntzen edo horietan parte hartzen duten pertsonen aurkako errepresaliarik ez izatea. Hirugarrenen deklarazioetan arreta berezia jarriko da, deklarazio horiek asmo txarrekoak, iruzurrezkoak eta dolozkoak izan ez daitezen, eta salatutako pertsonari bidegabeko kaltea eragiteko helburuarekin egiten badira. Jazarpenak iraun bitartean errepresaliarik izan bada edo biktimari kalterik eragin bazaio, biktima lehengo egoerara itzuliko da.
Era berean, prozeduran zehar ondorioztatzen bada deklarazioak faltsuak izan direla, nahita ez direla zintzoak izan eta salatuarentzat mingarriak izan direla, laneko falta oso astuntzat joko dira, eta dagokion diziplinazko jarduketa abiaraziko da.
JAZARPENAREN ONDORIOAK: BALIZKO ZEHAPENAK
I. fasea: Salaketa.
Idatziz jakinaraziko da, enpresan salaketa jartzeko zehaztutako kanal baten bidez. Plataforma informatikoaren lehentasunezko bidea erabili ezin bada, Giza Baliabideen departamentuari mezu elektronikoa bidaliko zaio, ikusitako gertaerak edo jokabideak jasota.
Salaketa honako hauek egin dezakete:
a) Sexu-orientazioa, genero-identitatea edo -adierazpena edo sexu-ezaugarriak direla eta jazarpenaren biktimatzat hartzen den edozein pertsona.
b) Sexu-orientazio, genero-identitate edo -adierazpen edo sexu-ezaugarriengatiko jazarpen kasu baten berri duen edozein pertsona.
c) Enpresa-batzordeak edo langileen ordezkariek, enpresa-batzordean ordezkaritza duten erakunde sindikalek edo langileen ordezkariek, eta biktimari dagokion erakunde sindikalak.
d) Sexu-orientazio, genero-identitate edo -adierazpen edo sexu-ezaugarriengatiko diskriminazioa dakarten jarraibideen hartzaileak. Salaketan, ustez jazarpena egin duen pertsonaren eta ustez jazarpena jasan duen pertsona identifikatu behar dira, eta salaketa eragin duten gertakarien deskribapen zehatza egin behar da.
Salaketa egiten denetik 5 egun balioduneko epean, gehienez ere, honako emaitza honekin izapidetu beharko da:
1. Salaketa hori ez da izapidetzeko onartuko, azaldutakoa protokolo honen esparrukoa ez dela agerikoa bada. Salaketa jarri duen pertsonari idatziz jakinaraziko zaio, salaketa ez onartzeko arrazoiak azalduta, eta ohiko bideetatik tratatuko da.
2. Salaketa onartzea eta prozedura izapidetzen hastea.
Kexa edo salaketa jaso ondotik, eta jazarpen egoera egiaztatu ondotik, kautelazko edo prebentziozko neurriak hartuko dira, biktima jazarlearengandik aldentzeko jarduteko prozedura garatzen den bitartean, harik eta hura ebatzi arte.
II. fasea: Analisia eta ikerketa.
Izapidetzeko onartu ondotik, Batzorde Instrukziogilea bilduko da. Giza Baliabideetako bi kidek eta Lan Arriskuen Prebentzioko batek osatuko dute batzordea. Prozedura jakin batean (salatzaile-salatua) parte hartzen duten pertsonekin inolako ahaidetasun, adiskidetasun edo etsaitasun harremanik ez duten pertsonak izendatuko dira Batzorde Instrukziogilearen kide.
Prozesuaren iraupena: 10 egun baliodun.
Batzorde Instrukziogilearen eginkizunak:
–Eragindako pertsonen babes fisiko eta psikologikorako kautelazko neurriak hartzeko beharra baloratzea, hala nola espazio fisikoak bereiztea, zereginak berriz banatzea edo lan baldintzetatik eratorritako beste aukera batzuk.
–Jazarpen kasuari buruz beharrezkotzat jotzen duen informazioa biltzea.
–Elkarrizketatu beharreko pertsonak baloratzea, eta elkarrizketa egitea.
–Eginen diren probak zehaztea.
–Entzunaldia ematea alderdiei. Langileen legezko ordezkariekin joaten ahal dira, hala eskatzen badute.
–Egiten diren bilera eta elkarrizketa guztien aktak idatzi eta sinatzea, erabateko konfidentzialtasuna eta edukiaren erreserba bermatuta.
Prozedura izapidetzen ari den bitartean, egindakoaren eta gertaeren larritasunaren arabera, batzordeak antolamendu neurriak proposatzen ahalko dizkio dagokion jardueraren arloko arduradunari, prozedurak iraun bitartean, ukitutako pertsonen arteko kontaktua saihesteko.
Ikerketa-fasea burutzeko, ondorioen txosten bat eginen da, eta azken erabakia hartzeko balioko du. Txosten horrek aukera hauetako bat proposatuko du:
d) Salaketa arrazoituta artxibatzea. Honako kasu hauetakoren bat gertatzen denean proposatu beharko da espedientea artxibatzea:
iv. Salatzaileak atzera egiten badu (betiere, eta ofizioz, salaketa ikertzen jarraituko da jazarpen zantzurik atzematen bada).
v. Xederik ez izatea edo zantzurik ez egotea.
vi. Aurretik egindako jarduketen ondotik salaketaren edukia ebatzitzat eman badaiteke, alderdiek adostutako akordioa jasota, hala badagokio.
e) Laneko jazarpena ez den beste hutsegite baten aztarnak badaude, kasuan kasuko departamentuari jakinaraziko zaio, behar diren neurriak har ditzan, diziplina neurriak barne.
f) Jazarpen diskriminatzailearen zantzu argiak.
Prozesu osoan zehar, isilpekotasun zorrotza eta intimitaterako eskubidea errespetatu beharko dira, bai ustezko biktimarena bai salaketaren xede den pertsonarena, eta tartean diren pertsonen duintasuna eta intimitatea babestu beharko dira. Prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiei jakinarazi behar zaie isilpean gorde behar dutela beren esku hartzean eta prozeduran agertzean izan duten informazio guztia. Azken espedientea konfidentziala izanen da, eta aipatutako batzordeak soilik eskuratzen ahalko du.
III. fasea: Neurri zuzentzaileak hartzea.
Ikerketaren emaitzak ikusita, zuzendaritzak, txostena jaso eta gehienez ere 5 egun balioduneko epean, ebazpena emanen du, eta beharrezko hobekuntza neurriak edo ekintzak proposatuko ditu sor daitekeen arrisku psikosoziala deuseztatzeko edo murrizteko, baita etorkizuneko arriskuak saihesteko neurriak ere, hala badagokio.
Falta oso astun, astun edo arin bat egiteagatiko zehapen espedientea irekitzeko eskatzen ahalko da, frogatutako egitateen arabera.
Ebazpen hori ukitutako pertsonei igorriko zaie, bost egun naturaleko epean alegazioak egin ditzaten, harekin ados ez badaude.
Halaber, neurri horiek ezartzea nori dagokion zehaztuko da, eta horretarako epeak ezarriko dira.
Bermatu eginen da jazarpen ikerketak salatzen, lekukotzen, laguntzen edo horietan parte hartzen duten pertsonen aurkako errepresaliarik ez izatea. Hirugarrenen deklarazioetan arreta berezia jarriko da, deklarazio horiek asmo txarrekoak, iruzurrezkoak eta dolozkoak izan ez daitezen, eta salatutako pertsonari bidegabeko kaltea eragiteko helburuarekin egiten badira. Jazarpenak iraun bitartean errepresaliarik izan bada edo biktimari kalterik eragin bazaio, biktima lehengo egoerara itzuliko da.
INDARRALDIA
Protokolo hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta indarrean egonen da alderdi sinatzaileek aldatzea beharrezkotzat jotzen ez duten bitartean edo legezko edo hitzarmenezko araudiak horretara behartzen ez duen bitartean.
Aldian-aldian, enpresaren langileei emanen zaie protokoloaren berri, eta langile berri guztiei kopia bana emanen zaie.
EBALUAZIOA ETA JARRAIPENA
Aldian-aldian, enpresaren langileei emanen zaie protokoloaren berri, eta langile berri guztiei kopia bana emanen zaie.
Eta behar diren ondorioak izan ditzan, Iruñean sinatu da, 2025eko azaroaren 25ean.
Iragarkiaren kodea: F2517274
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
