2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Egokitzea Lehen Zabalguneko hiri-jarduketarako eta babeserako plan bereziaren araudiaren 50. artikulua (235. oinarrizko unitatea - 208. lurzatia, 2. poligonoa), bete dadin Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren 2024ko urriaren 30eko epaia
Iruñeko Udalak, 2025eko abenduaren 11n egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:
PLE 11-DIC-25 (4/CU).
Tokiko Gobernu Batzarraren 2022ko otsailaren 14ko erabaki baten bidez, hasiera batez onetsi zen Lehen Zabalguneko hiri-jarduketarako eta babeserako plan berezia, eta espedientea egon zen jendaurrean hilabetean –epe hori 2022ko apirilaren 25era arte luzatu zen, Tokiko Gobernu Batzarraren martxoaren 28ko erabaki baten bidez–.
Jendaurrean egon zen epean, Ciganda Ferrer fundazioak alegazio bat aurkeztu zuen, alda zedin izapidetzen ari zen hiri-jarduketarako eta babeserako plan bereziaren zehaztapen bat, zeinak eragozten baitzuen B+4+A eraikin bat eraikitzea Aita Moret kaleko lurzati baten bere jabetzako zatian. Eskatu zuen, gainera, euts ziezaiela lurzatiaren eraikigarritasun-baldintzei, zeinak jasota baitzeuden ordura arte indarrean zegoen barne-eraberritzeko plan berezian. Gainera, adierazi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren ekainaren 28ko 320/2016 Epaian jada arrazoia eman zitzaiola Ciganda Ferrer fundazioari, eta deuseztatu egin zela Vianako Printzea erakundearen 336/2014 Ebazpenaren 8. puntua (ebazpen horretan, 3. mailakotzat katalogatzen zen hizpide dugun lurzati osoa eta eragozten zen eraikuntza bolumena handitzea).
2022ko urriaren 18an, Ondare Arkitektonikoaren Atalak txosten bat egin zuen. Honela zioen: "Egokia da hasiera batez onetsitako Lehen Zabalguneko hiri-jarduketarako eta babeserako plan bereziaren aurreikuspena, zeinak eusten baitio 2. poligonoko 208. lurzatiko eraikuntzen bolumenari, bat etorriz lurzatiaren araudi partikularraren fitxan zehaztutako eraikigarritasunarekin". Horren ondorioz, ezetsi egin zen alegazioa eta behin betiko onetsi zen plan berezia, Osoko Bilkuraren 2023ko apirilaren 5eko erabakiaren bidez. Erabaki horren aurka errekurtsoa jarri zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren 2024ko urriaren 30eko 319/2024 Epaiak baietsi egin zuen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Epaia emanda, Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak haren berri izan zuen 2024ko abenduaren 12an eta hura igorri zion Plangintza Zerbitzuari, alda zezan, epaiaren ildotik, Lehen Zabalguneko hiri-jarduketarako plan bereziaren 235. oinarrizko unitatearen 2/208 lurzatiaren araudi partikularraren fitxa.
Plangintza Zerbitzuak zuzemenak egin ditu aldatzeko, epaiaren ildotik, Lehen Zabalguneko hiri-jarduketarako plan bereziaren 235. oinarrizko unitatearen 2/208 lurzatiaren araudi partikularraren fitxa.
Hirigintza Gerentziako legelariaren 2025eko urriaren 29ko txostena jasota dago.
Azaldutakoarekin bat,
ERABAKITZEN DA:
1. Onestea Lehen Zabalguneko hiri-jarduketarako eta babeserako plan bereziaren araudi partikularraren 50. artikuluaren testu berria –2. poligonoko 208. lurzatiari dagokion fitxa–, bete dadin Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren urriaren 30eko 319/2024 Epaia.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratzea.
3. Nafarroako Gobernuaren Plangintzaren Erregistroari jakinaraztea erabaki hau, eta, horrekin batera, hauek igortzea: araudiaren aldaketa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren urriaren 30eko 319/2024 Epaiaren kopia, Iruñeko Udaleko Osoko Bilkuraren 2024ko abenduaren 12ko erabakia, eta Hirigintza Gerentziako legelariaren 2024ko azaroaren 20ko eta 2025eko abenduaren 12ko txostenak.
4. Erabaki hau jakinaraztea Ciganda Ferrer fundazioari.
Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
Iruñean, 2025eko abenduaren 17an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
Lehen Zabalguneko hiri-jarduketarako eta babeserako plan berezia (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L2516612