233. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

423E/2026 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, aldatzen duena Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren irailaren 8ko 313E/2026 Ebazpena, zeinaren bidez onetsi baitzen 2026ko deialdia, bai eta haren oinarri arautzaileak ere, 2023-2027 NPEren Programa Estrategikoaren esparruan, "Nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntza" izenekoa emateko. DDBN kodea: 928367.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren bidez arauak ezartzen dira Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEren plan estrategikoak) laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatzen baita, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira. Bada, haren 73. eta 74. artikuluetan, inbertsioetarako laguntzak jasotzen dira.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren irailaren 8ko 313E/2026 Ebazpenaren bidez, 2026ko deialdia onetsi zen, bai eta haren oinarri arautzaileak ere, 2023-2027 NPEren Programa Estrategikoaren esparruan, "Nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntza" emateko.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2026ko urriaren 9an, eta deialdia argitaratu eta biharamunetik aurrera hasi zen laguntza eskaerak aurkezteko epea. Eskaerak aurkezteko epeak 2026ko azaroaren 30ean zuen amaiera-eguna. Nolanahi ere, epe horrek bat egiten du Nekazaritza Ustiategien Erregistroa egiten ari den prozesu batekin, hots, nekazaritzako ustiategiak berriz katalogatzeko prozesuarekin. Ondorioz, onuradunek zailtasunak izanen dituzte laguntza eskaerak aurkezteko.

Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak proposatu du eskaerak aurkezteko epea luzatzea; hain zuzen ere, 2026ko abenduaren 22ra arte.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren irailaren 8ko 313E/2026 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarri arautzaileen 12. oinarriko lehen atala. Ebazpen horren bidez, 2026ko deialdia onetsi zen, bai eta haren oinarri arautzaileak ere, 2023-2027 NPEren Programa Estrategikoaren esparruan, "Nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntza" emateko. Atal horrek testu hau izanen du:

"1. Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasiko da, eta 2026ko abenduaren 22an amaituko".

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2026ko azaroaren 9an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

Iragarkiaren kodea: F2614862