1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
3/2026 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, azaroaren 18koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, balio erantsiaren gaineko zerga eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga aldatzen dituena.
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu araubidea Estatuko tributu araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.
Esparru horren barnean, aipatutako Hitzarmen Ekonomikoaren 31 bis eta 32. artikuluek ezartzen dute ezen, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga (aurrerantzean, EEEBZa) eta balio erantsiaren gaineko zerga (aurrerantzean, BEZa) ordainarazteko, Nafarroak aplikatuko dituela Estatuko lurraldean une bakoitzean indarra duten arau substantibo eta formal berak. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerga horien aitorpena eta ordainketak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik funtsean aldendu gabe.
Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 53.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, baldin eta tributu araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu Estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berak Foru Komunitatean aplikatzera Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak behar diren foru lege mailako arauak eman ditzake tributu arloko foru legeak aldatzeko, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 53.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatu legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnean, "tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu" izena emanen zaie.
Ekialde Ertainean dagoen gatazkaren bilakaera kontuan harturik, Estatuan irailaren 29ko 25/2026 Errege Lege Dekretua onetsi da, Ekialde Ertaineko Krisiari erantzuteko Plan Integralaren esparruan neurri jakin batzuk hartu eta luzatzen dituena. Errege lege dekretu horrek BEZari eta EEEBZari buruzko araudia aldatzen du, ekainaren 29ko 18/2026 Errege Lege Dekretuak ezarritako neurriak luzatu, egokitu eta pixkanaka kentzeko helburuarekin. Errege lege dekretu horren bidez Ekialde Ertaineko Krisiari erantzuteko Plan Integralaren esparruan neurri zehatz batzuk hartzen dira.
BEZaren esparruan, 25/2026 Errege Lege Dekretuak 2026ko azarorako eta abendurako luzatzen du zerga-tasaren murriztapena, ehuneko 21etik ehuneko 10era jaitsita, honakoetan aplikagarria dena: potentzia-termino finkoa 10 kW-etik beherakoa duten energia elektrikoaren kontratuak; elektrizitatearen hornidura-kontratuaren titularrak, bonu soziala jasotzen dutenak eta kaltebera larriaren izaera edo gizarte-bazterkeria arriskuan egoteko kaltebera larriaren izaera aitortuta dutenak; eta gas naturala, jatorria biomasan duten briketak eta pelletak, eta sutarako egurra. Ekainaren 29ko 18/2026 Errege Lege Dekretuan eta martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuan ezarri zen bezala, neurri hau aplikatuko da baldin eta elektrizitatearen eta gas naturalaren KPIak bilakaera okerra badu aurtengo irailean eta urrian, 2025eko hilabete berekin alderaturik.
Herrialdean higiezinen arloan dagoen krisi orokorrari erantzun beharrez, urriaren 6ko 29/2026 Errege Lege Dekretuaren bidez etxebizitzaren funtzio soziala babesteko eta etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzeko premiazko neurriak hartu ziren; BEZaren esparruko zenbait neurri fiskal ere jaso ziren bertan, ondorioak 2026ko abenduaren 1etik aurrera izateko. Lehenengo eta behin, zergaren salbuespenetik kanpo uzten dira apartamentu edo etxebizitza jantzien errentamenduak, errentari berberari eginak, 30 egunetik beherako iraupena badute. Bigarrenik, errentamendu horiek ehuneko 10eko zerga-tasa murriztua izanen dute. Etxebizitzetarako erabili beharreko eraikinetan edo eraikinen zatietan berritzeko edo konpontzeko egiten diren obretan aplikagarria den ehuneko 10eko zerga-tasa murriztuari dagokionez, horretarako baldintza izanen da obrak egiteko prezioaren zenbatekoa ordaintzea kreditu edo zordunketa txartelaren bidez edo banku transferentzia, txeke izenduna edo kreditu entitateetako kontuetako diru-sarrera eginez obra horiek egin dituzten subjektu pasiboen alde. Aipatutako errege lege dekretuak, horrez gain, aplikazioa zabaltzen du ohiko etxebizitza gisa erabiltzeko errentan ematen diren etxebizitzetara, edozein dela ere errentatzailearen izaera. Azkenik, ehuneko 4ko tasa murriztua aplikatzen zaien etxebizitzen multzoan sartzen ditu kalifikazio iraunkorrari edo mugagabeari lotutako etxebizitza babestuak.
EEEBZaren esparruan, 25/2026 Errege Lege Dekretuak neurri berri bat gehitzen du, ondorioak 2028ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dituena, zergaren likidazioari eta ordainketari buruzkoa; neurri horren arabera, zergadunak autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak egitetik salbuetsirik egonen dira zerga-tasa aplikagarria ehuneko 0 denean.
Horregatik guztiagatik, tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu hau eman behar da, aipatutako zergei dagokienez Foru Komunitatean aplika daitezen Estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berak.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2026ko azaroaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
1. artikulua. Balio erantsiaren gaineko zergaren zerga-tasa, 2026ko azaroan aplikatu behar dena Europar Batasunaren barruan egiten diren produktu energetikoen entrega eta eskurapen jakin batzuetan.
1. 2026ko irailean 04.5.10 (Elektrizitatea) azpiklasearen KPIak %15 baino gehiago gainditzen badu aurreko urteko hilabete horretan berean izandako KPIa, Estatistikako Institutu Nazionalak urrian argitaratzen duen informazioaren arabera, 2026ko azaroan balio erantsiaren gaineko zergaren %10eko tasa aplikatuko zaie Europar Batasunaren barruan egiten diren energia elektrikoaren entrega eta eskurapenei, baldin eta honako hauek badira hartzaileak:
a) Elektrizitatearen hornidura-kontratuen titularrak, kontratatutako potentzia (potentzia-termino finkoa) 10 kW-ekoa edo hortik beherakoa dutenak, edozein direla ere horniduraren tentsio maila eta kontratazio modalitatea.
b) Elektrizitatearen hornidura-kontratuen titularrak, elektrizitatearen bonu soziala jasotzen dutenak eta aitortua dutenak kaltebera larriaren izaera edo gizarte-bazterketa arriskuan dagoen kaltebera larriaren izaera, bat etorriz urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuan ezarritakoarekin, zeinaren bidez arautzen baitira kontsumitzaile kalteberaren figura, bonu soziala eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk.
2. 2026ko irailean 04.5.2.1 (Gas naturala) azpiklasearen KPIak %15 baino gehiago gainditzen badu aurreko urtean hilabete horretan berean izandako KPIa, Estatistikako Institutu Nazionalak urrian argitaratzen duen informazioaren arabera, 2026ko azaroan balio erantsiaren gaineko zergaren %10eko tasa aplikatuko zaie gas naturalaren, jatorria biomasan duten briketen eta pelleten eta sutarako egurraren Europar Batasunaren barruko entrega eta eskurapenenei.
2. artikulua. Balio erantsiaren gaineko zergaren zerga-tasa, 2026ko abenduan aplikatu behar dena Europar Batasunaren barruko produktu energetikoen entrega eta eskurapen batzuetan.
1. 2026ko urrian 04.5.10 (Elektrizitatea) azpiklasearen KPIak %15 baino gehiago gainditzen badu aurreko urtean hilabete horretan berean izandako KPIa, Estatistikako Institutu Nazionalak azaroan argitaratzen duen informazioaren arabera, 2026ko abenduan balio erantsiaren gaineko zergaren %10eko tasa aplikatuko zaie Europar Batasunaren barruan egiten diren energia elektrikoaren entrega eta eskurapenei, baldin eta honako hauek badira hartzaileak:
a) Elektrizitatearen hornidura-kontratuen titularrak, kontratatutako potentzia (potentziatermino finkoa) 10 kW-ekoa edo hortik beherakoa dutenak, edozein direla ere horniduraren tentsio maila eta kontratazio modalitatea.
b) Elektrizitatearen hornidura-kontratuen titularrak, elektrizitatearen bonu soziala jasotzen dutenak eta aitortua dutenak kaltebera larriaren izaera edo gizarte-bazterkeria arriskuan egoteko kaltebera larriaren izaera, bat etorriz 897/2017 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
2. 2026ko urrian 04.5.2.1 (Gas naturala) azpiklasearen KPIak %15 baino gehiago gainditzen badu aurreko urtean hilabete horretan berean izandako KPIa, Estatistikako Institutu Nazionalak azaroan argitaratzen duen informazioaren arabera, 2026ko abenduan balio erantsiaren gaineko zergaren %10eko tasa aplikatuko zaie gas naturalaren, jatorria biomasan duten briketen eta pelleten eta sutarako egurraren Europar Batasunaren barruko entrega eta eskurapenenei.
3. artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzea.
Ondorioak 2026ko abenduaren 1etik aurrera izateko, ondotik aipatzen diren 19/1992 Foru Legearen manuek testu hau izanen dute:
Bat.–17.1.Hamahirugarrena.e') artikulua:
"e') Apartamentu edo etxebizitza jantzien errentamenduak, egoera hauetako bat tartean denean:
–Errentatzaileak bere gain hartzea hotel industriari dagozkion zerbitzu osagarrietako bat emateko betebeharra, hala nola jatetxea, garbiketa, jantzi garbiketa edo antzekoren bat.
–Errentari berberaren aldeko errentamenduaren iraupena ez izatea 30 gau baino luzeagoa, salbu eta errentan dagoen apartamentuan edo etxebizitzan errentatzaileak ohiko bizilekua badu, halakoetan salbuetsirik egonen baita".
Bi.–37.Bat.2.Bigarrena artikulua, bigarren paragrafoa gehitzea:
"Ordinal honetan sartuta daude 17.1.Hamahirugarrena.e') artikuluan aipatzen diren apartamentu edo etxebizitza jantzien errentamenduak".
Hiru.–37.Bat.2.Hamargarrena.a) artikulua:
"a) Hartzailea pertsona fisikoa izatea, enpresaburu edo profesional gisa ez jardutea eta obren xedeko etxebizitza bere erabilera partikularrekoa izatea.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, zenbaki honetan sartuta daude obra horiek ere hartzailea jabeen erkidego bat bada edo ohiko etxebizitza gisa errentan emateko etxebizitzak badira, errentatzailearen izaera edozein dela ere.
Tasa murriztua aplikatu ahal izateko, obrak egiteko prezioaren zenbatekoa ordaindu beharko da kreditu edo zordunketa txartelaren bidez edo banku transferentzia, txeke izenduna edo kreditu entitateetako kontuetan diru-sarrera eginez obrak egin dituzten subjektu pasiboen alde".
Lau.–37.Bi.1.Seigarrena artikulua:
"Seigarrena. Araubide bereziko edo sustapen publikoko etxebizitzen kalifikazio administratiboa dutenak, bai eta kalifikazio iraunkorrari edo mugagabeari lotuta dauden etxebizitza babestuak ere, entregak sustatzaileek eginak badira, eraikin berean dauden eta batera transmititzen diren garajeak eta eranskinak barne. Ondorio horietarako, garajeko plazen kopurua ez da bi baino handiagoa izanen.
Entitate jakin batzuek erositako etxebizitzak, honakoek alegia: araubide berezia aplikatzen dutenak, Sozietateen gaineko zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legearen VII. tituluko III. kapituluan ezarritakoa edo Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen VIII. tituluko IV. kapituluan ezarritakoa, baldin eta ondoren errentan emateak eragindako errentetan aplikagarria bada aipatutako legearen 49.1 artikuluan edo 93. artikuluan ezarritako hobaria. Ondorio horiekin, inguruabar horren berri emanen dio entitate erosleak subjektu pasiboari eragiketaren sortzapena egin aurretik, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan".
4. artikulua. Aldatzea 11/2015 Foru Legea, martxoaren 18koa, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dituena.
Ondorioak 2028ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko, 6. zenbakia gehitzen zaio martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen lehen artikuluko hamargarren apartatuari. Foru lege horrek energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen ditu. Zenbaki berriak testu hau izanen du:
"6. Aplikatu beharreko zerga-tasa ehuneko 0koa bada, zergadunek ez dute autolikidaziorik egin beharko, ez eta ordainketa zatikaturik ere".
Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.
Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen den egunean hartuko du indarra, eta bertan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Iruñean, 2026ko azaroaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2615006