232. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2675/2026 EBAZPENA, 2026ko urriaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzuen Ikuskapen Unitatearen Antolamenduari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua onesten baita.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetako 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz –2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren eta 2026ko 154. NAOn argitaratu, abuztuaren 7an–, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2026ko urriaren 27an hartutako erabaki bat argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzuen Ikuskapen Unitatearen Antolamenduari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua onetsi zen.

"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ZERBITZUEN IKUSKAPEN UNITATEAREN ANTOLAMENDUARI ETA FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA

Gobernu Kontseiluak, 2020ko martxoaren 24ko bileran, Irakasle eta Ikertzaileen Ikuskapenerako Unitatearen Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua onetsi zuen. Erregelamendua indarrean dago oraindik, baina hura indarrean jarri zenetik zenbait aldaketa nabarmen egon dira Espainiako unibertsitate sistema arautzen duen arau esparruan. Horrenbestez, beharrezkoa da Unibertsitateko Zerbitzuen Ikuskapen Zerbitzuaren egitura, gaitasunak eta jarduera-eremua berrikustea.

Lehenik eta behin, 2022ko otsailaren 24ko 3/2022 Legeak, Unibertsitateko bizikidetzari buruzkoak, ingurune unibertsitarioko elkarbizitzarako oinarriak ezarri ditu, eta ikasleei aplikatu beharreko diziplina-araubidea arautu du, bizikidetza horretan eragina izan dezaketen gatazkei eta jokabideei aurre egiteko prebentzio neurriak eta mekanismoak bultzatzearen bidez. Hori arautzeak eragin zuzena du zerbitzuen ikuskapenarekin lotutako gaietan, eta, zehazki, ikuskapenak diziplinaren eremuan dituen eginkizunetan.

Ondoren, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak beste modu batean arautu zituen unibertsitate publikoen antolamendua eta funtzionamendua, eta berariaz aitortu zuen zerbitzuen ikuskapenak unibertsitate publikoen egitura osatu behar duten oinarrizko unitateetako bat izan behar duela.

Zehazki, lege organiko horren 43.6 artikuluak xedatzen duenaren arabera, zerbitzuen ikuskapenak autonomia- eta independentzia-printzipioen arabera garatuko du bere jarduera, eta haren eginkizuna izanen da zaintzea erakunde unibertsitarioak ematen dituen zerbitzuen funtzionamendua egokia eta legeen eta arauen araberakoa dela. Halaber, arlo horretan aplikatzekoak diren legeen esparruan, Unibertsitateko komunitateko kideei eragiten dieten diziplina-espedienteak irekitzeko eta bideratzeko eginkizunak izanen ditu.

Horrela, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2020an onetsitako erregulazioak aurreikusten duenarekin alderatuta, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoak ikuspegi zabalago eta transbertsalago batetik taxutzen du zerbitzuen ikuskapena; izan ere, 2020ko erregulazioaren jarduera irakasle eta ikertzaileen eremura mugatzen zen. Esparru berriak bi alderdi kontrolatu nahi ditu: batetik, Unibertsitateko zerbitzuek funtzionamendu egokia dutela, eta, bestetik, Unibertsitateko komunitateko kide guztiek beren betebeharrak betetzen dituztela indarrean diren legeek ezarritako baldintzetan.

Araudiaren eboluzio horri, gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak gehitu behar zaizkio, zeinak 2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi baitziren (2026ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 7koa). Estatutuen 131.5 artikuluan ezartzen da Unibertsitateak zerbitzuen ikuskapen unitate bat izan behar duela nahitaez, zeinak Unibertsitateak ematen dituen zerbitzuen funtzionamendu egokia zaintzeko eginkizuna izanen baitu, hura arautzen duten lege eta arauekin bat etorriz.

Bestalde, Estatutuen lehenbiziko xedapen iragankorrak aurreikusten duenaren arabera, beharrezkoa izanen da estatutu berriak indarrean jartzeak aldatzen dituen erregelamendu unibertsitario guztiak egokitu eta berrikustea.

Aurreko guztiagatik, honako hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2026ko urriaren 27ko bileran, hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzuen Ikuskapen Unitatearen Antolamenduari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua, zeina eranskinean ageri baita.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Onetsitako araudiak erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat".

Iruñean, 2026ko urriaren 27an.–Ramón Gonzalo García, errektorea.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ZERBITZUEN IKUSKAPEN UNITATEAREN ANTOLAKETARI ETA FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

HITZAURREA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2020ko martxoaren 24an egindako bileran, Irakasle eta Ikertzaileen Ikuskapenerako Unitatearen Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua onetsi zuen, zeina berariazko tresna bat baita nagusiki irakasle eta ikertzaileen betebeharren eta, bereziki, irakaskuntzarekin lotutakoen jarraipena eta kontrola egiteko.

Erregelamendua onetsi zenetik, aldaketa sakona egon da Espainiako unibertsitate sistemaren arau esparruan, eta, beraz, beharrezkoa da Unibertsitateko zerbitzuen ikuskapenaren konfigurazioa, jarduera-eremua eta funtzioak berrikustea.

Batetik, Unibertsitateko bizikidetzari buruzko 2022ko otsailaren 24ko 3/2022 Legea dago, unibertsitateko bizikidetzaren oinarriak ezarri eta ikasleen diziplina-araubidea arautzen duena, eta, horretarako, unibertsitateko bizikidetzaren aurkako gatazka eta jokabideei aurre egiteko prebentzio eta erantzun mekanismoak sustatzen dituena. Haren erregulazioak, beraz, zerbitzuen ikuskapenaren jarduerarekin loturiko eremuei eragiten die, eta, bereziki, diziplina-arloan dagozkion funtzioak betetzeari, halakorik egonez gero.

Ondoren, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak erregulazio berri bat ezarri du unibertsitate publikoen antolamenduan eta funtzionamenduan, eta berariaz taxutu du unibertsitate publikoek izan behar dituzten oinarrizko unitateetako bat izan behar dela zerbitzuen ikuskapena.

Lege organiko horren 43.6 artikuluak ezartzen duenaren arabera, zerbitzuen ikuskapenak autonomia- eta independentzia-printzipioen arabera garatuko du bere jarduera, eta haren eginkizuna izanen da zaintzea erakunde unibertsitarioak ematen dituen zerbitzuen funtzionamendua egokia eta haiek arautzen dituzten legeen eta arauen araberakoa dela.

Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoak, beraz, ikuspegi transbertsal batetik taxutzen du zerbitzuen ikuskapena, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2020an araututako Ikuskapen Unitatearen jarduera-eremutik haratago doa; izan ere, 2020ko erregulazioaren jarduera irakasle eta ikertzaileen eremura mugatzen zen. Gainera, haren jarduera bi alderdi hauetan proiektatzen da: batetik, Unibertsitateko zerbitzuek funtzionamendu egokia izatea, eta, bestetik, Unibertsitateko komunitateko kide guztiek beren betebeharrak betetzea indarrean diren legeek ezarritako baldintzetan.

Lege esparru horri, gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak gehitzen zaizkio, zeinak 2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi baitziren. Estatutuen 131. artikuluak ezartzen duenez, Unibertsitateak zerbitzuen ikuskapenerako unitate bat izan behar du. Unitate horrek izanen du Unibertsitateak ematen dituen zerbitzuek behar bezala funtzionatzen dutela zaintzeko eginkizuna, haiek arautzen dituzten lege eta arauen arabera, eta unitatearen funtzionamendua Gobernu Kontseiluak arautuko du.

Era berean, Estatutuen lehenbiziko xedapen iragankorrak aurreikusten duenez, Estatutuak indarrean sartzeak berekin ekarriko du behar diren Unibertsitateko erregelamendu guztiak egokitu eta aldatzea.

Hori horrela, beharrezkoa da 2020an onetsitako Irakasle eta Ikertzaileen Ikuskapenerako Unitatearen erregulazioa aldatzea.

Horregatik guztiagatik, errektoreak proposatuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzuen Ikuskapen Unitatearen Antolamenduari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua onetsi du Gobernu Kontseiluak.

Unibertsitateko Estatutuetako 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz –2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren–, agindua ematen dut argitaratzeko Gobernu Kontseiluaren erabakia, Unibertsitate Publikoko Zerbitzuen Ikuskapen Unitatearen Antolamenduari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua onesten duena.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Definizioa.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzuen Ikuskapen Unitatea (aurrerantzean, "Ikuskapen Unitate") izanen da Unibertsitateak ematen dituen zerbitzu eta jardueren funtzionamendu egokia zaintzeaz arduratuko den unitatea, eta laguntza emanen du Unibertsitatearen funtzionamendua eraginkorragoa eta efizienteagoa izan dadin eta etengabe hobetzen joan dadin.

–Haren jarduna, zehazki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikastegietara, sailetara, institutuetara, zerbitzuetara, unitateetara eta gainerako egituretara hedatuko da, bai eta, aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren arabera, Unibertsitateko komunitateko kideengana ere.

–Ikuskapen Unitateak independentziaz eta autonomiaz beteko ditu bere funtzioak, eta Unibertsitateko organo eta egiturekin lankidetzan arituko da, betiere haiek esleituak dituzten eskumenak erabat errespetatuz.

2. artikulua. Zeri dagoen atxikia.

Ikuskapen Unitatea Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen mende egonen da organikoki.

3. artikulua. Jarduteko printzipioak.

Ikuskapen Unitateak erabat ordenamendu juridikoaren mende beteko ditu bere eginkizunak, bai eta printzipio hauei jarraikiz ere: independentzia eta autonomia funtzionala, objektibotasuna, inpartzialtasuna, proportzionaltasuna, konfidentzialtasuna, gardentasuna eta parte-hartzea, eraginkortasuna eta jarduketek eragiten dieten pertsonen eskubide eta bermeekiko errespetua.

II. KAPITULUA.–IKUSKAPEN UNITATEAREN EGINKIZUNAK

4. artikulua. Ikuskapen Unitatearen eginkizunak.

Ikuskapen Unitateak eginkizun hauek izanen ditu bere jarduera garatzean, alde batera utzi gabe beste organo batzuek dituzten berariazko eskumenak:

a) Unibertsitateko zerbitzu eta jarduerek behar bezala funtzionatzen dutela zaintzea.

b) Ikastegien, sailen, institutuen, zerbitzuen, unitateen eta unibertsitateko gainerako egituren funtzionamendua gainbegiratzea, Unitatearen eskumenen esparruan.

c) Hala eskatzen duten Unibertsitateko gobernu organoekin lankidetzan aritzea eta haiei laguntza eta aholku teknikoak ematea bere jarduera-eremuari dagozkion gaietan, haren eskumenak behar bezala erabiltzen direla sustatzeko eta Unibertsitateko zerbitzuen eta jardueren funtzionamendua hobetzeko.

d) Unibertsitateko sailen, ikastegien, zerbitzuen, institutuen eta beste edozein organo kolegiaturen funtzionamendua hobetzen lagunduko duten txostenak eta estatistikak egitea.

e) Unibertsitateko jardueran aplikatzekoa den araudia betetzen dela egiaztatzea, bai eta jarduketak ezarrita dauden prozedura eta epeei egokitzen direla egiaztatzea ere.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoan garatzen den irakaskuntza-jardueraren jarraipen eta kontrol orokorrean parte hartzea, betiere unitatearen eskumenen esparruan eta alde batera utzi gabe ikastegi eta sailetako arduradunen eginkizunak.

g) Unibertsitateko komunitateko kideen betebeharrak eta obligazioak betetzen direla egiaztatzea, ordenamendu juridikoan ezarritakoaren arabera.

h) Unibertsitateko zerbitzuak eta jarduerei buruzko ikuskapen-, egiaztapen- eta ikerketa-jarduketak egitea.

i) Irregulartasunak, hutsuneak eta disfuntzioak detektatzea, halakorik badago, eta haiei buruzko informazioa ematea, eta haiek zuzentzeko eta Unibertsitateko zerbitzuak hobetzeko gomendioak eta proposamenak egitea.

j) Arauak betetzera eta jardunbide egokiak ezartzera bideratutako prebentzio jarduerak garatzea.

k) Haren jarduketa-eremuan aurkezten diren salaketak aztertzea eta, hala dagokionean, dagozkion jarduketak egitea.

l) Aldez aurretiko jarduketak egitea, egitateak argitzeko eta, bidezkoa denean, neurriak zehazteko, halakorik behar denean.

m) Diziplinaren arloan unitateari dagozkion eginkizunak betetzea, talde bakoitzari aplikatu beharreko legeriaren arabera.

n) Jarduketen ondoriozko neurrien, proposamenen eta gomendioen jarraipena egitea.

o) Lankidetzan aritzea, bere eskumenen esparruan betiere, Araudia Betetzeko Batzordearekin, bai eta integritate instituzionalaren, araudia betetzearen eta iruzurraren aurkako borrokaren arloan eskumena duten gainerako organo eta unitateekin ere. Horretarako, dagozkion ikuskapen, egiaztapen edo ikerketa jarduerak egin beharko dira, bidezkoa denean.

p) Unitatearen Jardueren Urteko Plana eta Urteko Memoria egitea.

q) Legeek, Estatutuek, Erregelamendu honek edo Unibertsitatearen gainerako arauek esleitzen dioten beste edozein eginkizun.

III. KAPITULUA.–ANTOLAKETA

5. artikulua. Osaera.

1) Ikuskapen Unitateak unitateburu bat izanen du, unitatea zuzentzeaz arduratuko dena; bestetik, teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak ere izanen ditu, zeinak Unibertsitatearen egituran eta plantillan zehaztuko baitira.

2) Unibertsitateak Ikuskapen Unitateari behar dituen baliabideak emanen dizkio behar bezala bete ditzan bere eginkizunak. Baliabide horiek materialak, teknologikoak eta giza baliabideak izanen dira.

3) Baldin eta jarduera batek ezagutza espezializatuak eskatzen baditu, Unitateak aukera izanen du Unibertsitatean dagokion gaiari buruzko ezagutza teknikoak dituzten langileen laguntza eskatzeko. Laguntzaileek, esku hartzen duten jarduketetan, Unitateko langileei aplikatu beharreko objektibotasun-, inpartzialtasun-, konfidentzialtasun- eta erreserba-betebehar berberak izanen dituzte.

6. artikulua. Ikuskapen Unitateko burua.

1) Ikuskapen Unitateko burua teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen artean aukeratuko da, hain zuzen ere ikuskapenarekin loturiko eginkizunak betetzeko beharrezkoa den titulazioa duten langileen artean. Buru izateko beharrezkoa izanen da A edo B mailako funtzionarioa izatea.

2) Errektoreak izanen du hura izendatzeko eta kargutik kentzeko ardura, izendapen libreko sistema baliatuta.

3) Honako kasu hauek ekarriko dute kargutik kentzea: izendapenaren indarraldia amaitzea, izendatua izateko baldintzak galtzea eta aplikatu beharreko araudian aurreikusitako gainerako arrazoiak.

4) Honako hauek dira Ikuskapen Unitateko buruaren eginkizunak:

a) Ikuskapen Unitatearen eta bertako langileen jarduera zuzentzea, koordinatzea eta gainbegiratzea.

b) Unitateak egindako jardueren berri ematea, eta, horretarako, errektoreari eta Gobernu Kontseiluari urteko memoria aurkeztea.

c) Diziplina-prozedurak hastearekin eta tramitatzearekin lotuta dagozkion eginkizunak betetzea, aplikatu beharreko legeen arabera.

d) Unitatearen eginkizunak direla-eta buruaren presentzia eskatzen duten bilera eta batzordeetara joatea.

e) Errektoreari Unitatearen jardueren garapenaren berri ematea, betiere konfidentzialtasun- eta erreserba-betebeharra errespetatuta.

f) Unitatearen eginkizunak betetzean egin beharreko txostenak eta proposamenak errektoreari helaraztea.

5) Unitatea errektorearen mende egonen da, eta buruak hari eman beharko dio Unitateak eginiko jardueren berri. Eginkizunak betetzeak berekin dakar independentziaz, autonomiaz, funtzionaltasunez, objektibotasunez eta inpartzialtasunez jardutea. Unitateari atxikitako langileak buruaren mende egonen dira, bai organikoki, bai funtzionalki.

7. artikulua. Unitateko langileak.

1) Ikuskapen Unitateak teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen laguntza izanen du eginkizunak gauzatzeko. Teknikariek eta kudeaketariek, beren eginkizunak betetzeaz gain, idazkari gisa ere jarduten ahalko dute komunitateko edozein kideri irekitzen zaizkion diziplina-prozeduretan.

2) Ikuskapenarekin loturiko eginkizunak betetzen dituzten langileek objektibotasunez, inpartzialtasunez eta irizpide teknikoen autonomiaz jardunen dute.

3) Ikuskatzaileek jarduketa guztietan akreditatu behar dute beren burua, bai eta zer izaerarekin jardunen duten ere. Ikuskatzailea behin-behinekoa bada, izendapena erabiliko da haren nortasuna akreditatzeko. Nolanahi ere, ikuskapenak eragiten dien pertsonek kredentziala erakustea eskatzen ahalko diote.

4) Unitateko langile guztiek eta beren jardueretan laguntzen duten pertsonek nahitaez bete beharko dituzte erregelamendu honetan ezarritako konfidentzialtasun- eta erreserba-betebeharrak.

5) Parte hartzeari uko egiten diotenean, parte hartzeari uko egiteko kausetan ez dauden Unitateko gainerako langileek ordeztuko dituzte aldi baterako, edo, hala badagokio, errektoreak izendatutako beste edozein funtzionariok edo Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duen langilek.

IV. KAPITULUA.–PLANGINTZA ETA JARDUKETEN BERRI EMATEA

8. artikulua. Jarduketen Urteko Plana.

1) Ikuskapen Unitateak jarduketa-plan bat proposatuko du urtero, eta hartan, helburuak, esparruak eta lehentasunezko jarduera-ildoak zehaztuko ditu. Hura prestatzeko, zenbait alderdi hartuko dira kontuan: aurreko jarduketen emaitzak, identifikatutako arrisku arloak, gobernu organoen proposamenak, zerbitzu eta jarduera unibertsitarioetan hautemandako gorabeherak, hutsuneak edo beharrak eta onuradunek edo zerbitzu eta jarduera unibertsitarioetan parte hartzen dutenek egindako proposamenak.

2) Jarduketa Plana errektoreak onetsiko du, eta Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaio.

3) Plana onesteak ez dakar berekin hartan aurreikusiak ez dauden jarduerak ez egitea, baldin eta haiek egitea justifikatzen duten inguruabarrak badaude.

9. artikulua. Urteko memoria.

1) Urtean zehar egindako ekintzen memoria bat eginen du Ikuskapen Unitateak urtero.

2) Batetik, Jarduketa Planean aurreikusitako helburuak zenbateraino bete diren azalduko du, eta, bestetik, zerbitzu eta jarduera unibertsitarioak hobetzeko egokitzat jotzen diren proposamenak, gomendioak eta neurriak ere jasoko ditu.

3) Era berean, eta konfidentzialtasun printzipioa behar bezala errespetatzeak eskatzen duenaren barnean, bestelako jarduketak ere azalduko dira planean, hau da, Unitateak eginiko jarduketa bereziak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren araudiak Ikuskapen Unitateari esleitzen dizkion lanen ondorioz egindakoak.

4) Urteko memoria errektoreari helaraziko zaio, eta Gobernu Kontseiluari aurkeztu.

5) Bestetik, informazio agregatua eta anonimizatua jasotzen duen bertsio bat ere argitaratzen ahalko da, betiere tartean dauden pertsonen konfidentzialtasuna, datu pertsonalen babesa eta eskubideak bermatuta. Bertsio hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko komunitateko edozein kidek eskuratzen ahalko du.

V. KAPITULUA.–IKUSKAPEN JARDUERAK

10. artikulua. Jarduketei hasiera ematea.

1) Ikuskapen Unitateak kasu hauetan esku hartzen ahalko du:

a) Ekimen propioz.

b) Unibertsitateko gobernu organoek eskatuta.

c) Unibertsitateko komunitateko edozein kidek idatzizko salaketa bat egiten badu.

2) Planean jasotakoaren arabera hasiko dira urteko planean jasotako jarduketak.

11. artikulua. Ikuskapen jarduketen garapena.

1) Jarduketa bakoitzaren izaera, xedea eta helburua kontuan harturik garatuko dira Ikuskapen Unitatearen jarduketak.

2) Eginkizunak betetzeko, Ikuskapen Unitateak aukera izanen du beharrezkotzat jotzen dituen informazioa, dokumentazioa, txostenak eta lankidetza eskatzeko Unibertsitateko organo, ikastegi, sail, institutu, zerbitzu eta unitateei, bai eta Unibertsitateko komunitateko kideei ere. Gainera, jarduketen xedearekin lotutako informazio instituzionalera eta Unibertsitatearen bulegoetara sartzen ahalko da, behar diren egiaztapenak egiten ahalko ditu eta informazio garrantzitsua eman dezaketen pertsonen agerraldia eskatzen ahalko du.

3) Unibertsitateko organo eta egiturek eta komunitateko kideek laguntza eman beharko diote Ikuskapen Unitateari hark bere eginkizunak bete ditzan.

4) Ikuskapenarekin loturiko ahalmenek jarduketaren helburuarekin zerikusia izan beharko dute, eta premiaren eta proportzionaltasunaren printzipioetara eta aplikatzekoa den araudira egokitu beharko dira.

5) Jarduketak garatzeak ahalik eta eragozpen txikiena eginen dio Unibertsitateko zerbitzuen eta jardueren funtzionamendu normalari.

Ikuskapen Unitateko langileek, beren eginkizunetan dihardutela, ahalmen hauek izanen dituzte:

–Zerbitzu eta unitateetako espazio guztietara sartzea, abian dituen prozeduren esparruan; horretarako, jardunean daudela egiaztatu beharko dute, baina ez dute zertan aldez aurretik jakinarazpenik egin. Horretarako, sarrera librea emanen zaie ikasgeletara, laborategietara eta gainerako bulegoetara.

–Elkarrizketak egitea ikuskapenaren xede den institutu, zentro, sail, zerbitzu edo unitateari atxikitako langileekin, bai eta horiei atxikitako pertsonekin ere; halaber, esleitutako eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren jarduketak egiten ahalko dituzte.

–Ikastegi, fakultate, sail, institutu, zerbitzu eta bulegoetako dokumentazioa eskuratzea, ikuskapen jarduketa garatzeko beharrezkoa bada, eta dokumentazio hori egiteko behar diren datu, aurrekari eta informazio guztiak biltzea.

12. artikulua. Jarduketak.

Ikuskapen funtzioa honako jarduketa-modalitate hauen bidez garatuko da:

–Unibertsitateko jarduerak egiten diren bulego eta instalazioetara bisitak egitea honako hauetarako: egiaztapen presentzialak egitea; dokumentazioa berrikustea, betebeharrak zenbateraino betetzen diren egiaztatze aldera; behar den informazioa biltzea; eta egokitzat jotzen diren egiaztapen jarduketa guztiak garatzea, zeinak behar den denbora guztian luzatzen ahalko baitira.

–Ikuskapen jarduketarekin zerikusia dutenei ikuskatzailearen aurrean pertsonalki edo idatziz ager daitezen eskatzea; pertsona horiek, halaber, eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Zitazioak errekerimenduaren xedea, lekua, data eta forma jasoko ditu.

–Dokumentazio garrantzitsu guztia eskatu eta aztertzea hura egiaztatzeko, eskatutako zerbitzu edo unitatera joan beharrik gabe, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artxibo elektronikoetako datuak eta aurrekariak telematikoki kontsultatzea eta egiaztatzea ere.

13. artikulua. Ikuskapen jarduketak dokumentatzea eta amaitzea.

1. Ikuskapen Unitateak bere jardueren erregistro bat izanen du. Erregistroak eta erregistrorako sarbideak datuen babesaren arloan indarrean den araudiak ezarritakoa beteko du.

2. Ikuskapen jarduketa guztiak behar bezala dokumentatuta geldituko dira, hau da, akten, eginbideen eta txostenen bidez eta eginiko jarduketaren izaera, xedea eta irismena kontuan harturik.

3. Jarduketaren izaerak hala eskatzen duenean, eta behin betiko ondorioak atera aurretik, ikuskatutako zerbitzu, unitate edo egituraren arduradunari helarazten ahalko zaizkio behin-behineko egitateak edo ondorioak; hala, horretarako zehaztutako epean, arduradunak aukera izanen du egoki iritzitako oharrak, alegazioak edo argibideak emateko eta, hala badagokio, egokitzat jotzen duen dokumentazio osagarria aurkezteko.

4. Jarduketa amaituta, eta egiaztatutako gertakariak ikusita, Ikuskapen Unitateak erabakitzen ahalko du jarduketak artxibatzea, dagokion txostena edo akta egitea, gomendioak edo hobetzeko proposamenak egitea edo jarduketak instantzia eskudunari bidaltzea, dagozkion neurriak har ditzan.

5. Jarduketen emaitza dokumentatzen duten txostenek, bidezkoa denean, honako hauek jasoko dituzte: jarduketen xedea eta irismena, egindako jarduketak, egiaztatutako gertakariak, lortutako ondorioak eta, hala badagokio, gomendioak edo proposamenak. Txostenak eskuratu, zabaldu eta haien berri emateko, aplikatzekoa den araudia eta konfidentzialtasunari, erreserbari eta datuen babesari buruzko betebeharrak bete beharko dira.

6. Jarduketetatik ondorioztatzen bada diziplina-erantzukizuna, erantzukizun penala edo bestelako erantzukizuna ekar dezaketen egitaterik badagoela, organo edo agintaritza eskudunari helaraziko zaizkio jarduketak, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

14. artikulua. Jarduketa bereziak.

1. Ikuskapen Unitateak aukera izanen du Jarduketen Urteko Planean jaso gabeko jarduketa bereziak egiteko. Unitatearen beraren ekimenez, Unibertsitateko gobernu organoek eskatuta edo komunitateko kideren batek idatzizko salaketa jarrita hasten ahalko dira jarduketa bereziak.

2. Jarduketa berezien helburua izanen da gertakari edo inguruabar zehatzak egiaztatu edo ikertzea, egon daitezkeen gabeziak detektatzea, Unibertsitateko zerbitzuen edo jardueren funtzionamendua ebaluatzea eta hobetzeko aukerak identifikatzeko analisiak, azterlanak edo egiaztapenak egitea.

3. Salaketa batek eragiten badu jarduketa bat, salaketa horrek gertakarien deskribapen zehatza jaso beharko du, eta, ahal denean, haiekin lotutako pertsonak, organoak edo unitateak identifikatuko ditu, bai eta hura baloratzeko garrantzitsua izan daitekeen informazioa edo dokumentazioa ere.

4. Pertsona batek salaketa bat jartzeak ez du esan nahi pertsona hori interesduna izanen denik salaketen ondorio gisa sor daitezkeen jarduketa edo prozeduretan.

5. Salaketa bat jaso ondoren, Unitateak aztertuko du ea gertaerak bere jarduketa-eremuaren barnean dauden eta ea bidezkoa den jarduketak hastea, informazio gehigarria eskatzea, salaketa artxibatzea edo organo edo unitate eskudunari bidaltzea.

6. Egitateak Unibertsitateko beste organo edo unitate baten eskumenekoak badira, dagokionari helaraziko zaio, eta horren berri emanen zaio salatzaileari, hala badagokio.

7. Artikulu honetan xedatutakoaz gainera, ez dira alde batera uzten Unibertsitateak ezarritako informazio edo salaketa kanal berariazkoak, zeinak beren araudi propioaren arabera arautuko baitira.

15. artikulua. Konfidentzialtasun betebeharra.

1. Konfidentzialak izanen dira unitateko langileek beren eginkizunak betetzean egiten dituzten lanak eta espedienteetako txostenak, testigantzak eta jarduketak, bai eta haien tramitazioa ere; gainera, isilpean gorde beharko dituzte Ikuskapen Unitateko langile guztiek, baita jarduketan parte hartzen duten pertsona edo organo guztiek ere.

2. Ikuskapen Unitateko langileek egindako jardueretan jasotako informazioa isilpean gorde beharko da, alde batera utzi gabe ustez delituzkoak diren egitateak salatzeari buruzko legeetan edo enplegatu publikoen diziplina-araubideari buruzko legerian xedatutakoa.

16. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

1. Unitateak esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko eta aplikatu beharreko araudiaren arabera soilik tratatuko ditu datu pertsonalak.

2. Dagokion jarduketa egiteko egokiak eta beharrezkoak diren datuak eskuratzeko baizik ez da sartuko Unitatea espediente, dokumentu eta informazio sistemetara.

3. Beharrezkoak diren neurriak hartuko dira informazioaren segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko.

Xedapen iragankor bakarra.–Tramitazioan dauden jarduketak eta prozedurak.

Erregelamendu hau indarrean jarri aurretik hasitako jarduketak eta prozedurak aplikatzekoa den araudiaren arabera tramitatuko dira hemendik aurrera ere.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Erregelamendu honek indarra hartzeak indargabetu egiten du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle eta Ikertzaileen Ikuskapenerako Unitatearen Egituraren eta Eginkizunen Arautegia, Gobernu Kontseiluak 2020ko martxoaren 24an onetsia.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra erregelamendu honek.

Iragarkiaren kodea: F2614067