232. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2674/2026 EBAZPENA, 2026ko urriaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolaren Barne Araudia onesten baita.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetako 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz –2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren eta 2026ko 154. NAOn argitaratu, abuztuaren 7an–, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2026ko urriaren 27an hartutako erabaki bat argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolaren Barne Araudia onetsi zen.

"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO DOKTORETZA ESKOLAREN (NADOE) BARNE ARAUDIA ONESTEN DUENA

Berriki 2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuek 10. artikuluan ezartzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskola doktoretzako titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketak eta prozesu akademikoak antolatzeaz arduratzen den ikastegia dela, eta 11. artikuluan haren eginkizunak ezartzen dituzte.

Estatutuetako 26. artikuluaren arabera, Gobernu Kontseiluari dagokio Barne Araudia onestea, eta 47.2 m) artikuluaren arabera, Doktoretza Eskolako Zuzendaritza Komiteari dagokio hura prestatzea.

NADOEko Zuzendaritza Komiteak 2026ko irailaren 17ko bilera berezian onetsi du Barne Araudia.

Estatutuetako aurreikuspen horrekin bat etorriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolaren Barne Araudia onetsi beharra dago.

Hori horrela, honako hau da, Ikerketako errektoreordeak proposatuta, 2026ko urriaren 27an egindako bileran hartu den,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolaren Barne Araudia, zeina erabaki honen eranskinean baitago.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen ohar taula elektroniko ofizialean argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Erabaki honek onetsitako araudiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat".

Iruñean, 2026ko urriaren 27an.–Ramón Gonzalo García, errektorea.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO DOKTORETZA ESKOLAREN BARNE ARAUDIA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Araudi honen xedea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolaren (NADOE) barne araubidea arautzea da.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Araudia NADOEko kideei aplikatuko zaie, hau da, hauei:

a) NADOEko doktoretza-programetan parte hartzen duten ikertzaileak.

b) NADOEri atxikitako teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak.

c) NADOEko doktoretza-programetako ikasleak.

d) NADOEko Zuzendaritza Komiteko kideak.

2. NADOEko kide guztiek konpromisoa izan behar dute Eskolak onartu duen jardunbide egokien kodea betetzeko.

II. TITULUA.–ZUZENDARITZA KOMITEAREN FUNTZIONAMENDUA

3. artikulua. Zuzendaritza Komitearen funtzionamendua.

1. Eskolako zuzendaria izanen da saioetako burua, edo hark eskuordetutako pertsona; idazkaria, bestetik, Kalitateko eta Idazkaritza Akademikoko zuzendariordea izanen da.

2. Kalitateko eta Idazkaritza Akademikoko zuzendariordea ez badago, NADOEko zuzendariak zilegi izanen du Ikasleen Zerbitzuari edo Nafarroako Doktoretza Eskolari atxikitako administrazioko eta zerbitzuetako langile bati eskatzea Zuzendaritza Komitearen bilerako idazkari izan dadin. Langile hori Komiteko kidea ez bada, hitza izanen du, baina ez botorik.

3. Doktoretza-programetako koordinatzaileren batek huts egiten badu, zuzendariari proposatzen ahalko dio programa horretan parte hartzen duen beste irakasleren bat egon dadin bileran, zeinak hitza izanen baitu, baina ez botorik.

4. Beharrezkotzat jotzen badu, zuzendariak edonor gonbidatzen ahalko du Komiteko kideei informazioa emateko xedearekin. Gonbidatu horiek hitza izanen dute, baina ez botorik.

5. Komitearen bilerak arruntak edo bereziak izan daitezke. Komitearen bilera arruntak urtean bitan eginen dira gutxienez. Bilera bereziak eginen dira baldin eta, tratatu beharreko gaia presakoa izanik, ezin badira bete bilera arruntetarako deialdiak egiteko baldintza guztiak.

4. artikulua. Bileren deialdia.

1. Zuzendaritza Komitearen bileretarako deialdiak buruak eginen ditu, dela haren ekimenez, dela kideen herenak eskatuta.

2. Deialdia Unibertsitatearen bitarteko telematikoen bidez eginen da, eta gutxienez lau egun baliodun lehenago abisatuko zaie kideei. Salbuespen gisa, urgentziazko kasuetan, 48 ordukoa izanen da epea.

3. Eguneko aztergaiak buruak ezarriko ditu, barne hartuta gutxienez kideen herenek aurkeztutako proposamenak.

4. Bilera bakoitzeko aztergaien zerrendari buruzko dokumentazioa, gutxienez, deialdia egiten den egunetik egonen da kideen eskura.

5. artikulua. Zuzendaritza Komitea eratzea eta erabakiak hartzea.

1. Zuzendaritza Komitea lehenbiziko deialdian behar bezala eratua gelditzeko, beharrezkoa izanen da burua eta idazkaria egotea, edo haien eginkizunak beteko dituzten pertsonak, bai eta gutxienez kideen erdiak ere. Zuzendaritza Komitea bigarren deialdian behar bezala eratua gelditzeko, beharrezkoa izanen da burua eta idazkaria egotea, edo haien eginkizunak beteko dituzten pertsonak, bai eta kideen herenak ere.

2. Komitearen erabakiak bertaratutakoen gehiengo soilez hartuko dira. Buruak kalitateko botoaren bidez ebatziko ditu berdinketak.

3. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko aztergaien zerrendan sartua ez dagoen ezer; salbu eta, Komiteko kide guztiak bildurik, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

4. Botazioak isilpekoak izanen dira edozein kidek hala eskatzen badu.

5. Bileretako eztabaidak isilpekoak izanen dira. Komiteak hartzen dituen erabakiak ahalik eta gehiena zabalduko dira, betiere kontuan hartuta, horretarako, hartzaileak eta edukiarekiko interesa duten pertsonak.

6. artikulua. Bileren aktak.

1. Idazkariak eginen du Komitearen bilera bakoitzaren akta. Hartan jasoko dira bileretan hartutako erabakiak eta bozketen emaitzak. Komiteko edozein kidek eskubidea izanen du bere hitzaldi edo proposamenaren transkripzio osoa eskatzeko, betiere hitzaldiari edo proposamenari dagokion testu fidela aurkezten badu.

2. Akta zer bilerari dagokion, bilera horren hurrengo bileran onetsiko da, salbu eta presazko bidetik deitzen bada.

3. Komiteko kideren batek kontrako boto partikularra ematen badio bileran harturiko erabakiren bati, aukera izanen du boto hori jasoa gera dadin bileraren aktan.

7. artikulua. Batzorde Iraunkorrari eskuordetutako eginkizunak.

a) Txostenak egitea beste instituzio edo erakunde publiko zein pribatu batzuekin egindako lankidetza-akordioei buruz, bere ekimenez edo Programaren Batzorde Akademikoak proposatuta.

b) Ikasleak erakartzeari, onartzeari, matrikulatzeari, ikasketetan jarraitzeari eta ikasketak bukatzeari buruz Unibertsitateko doktoretza-araudiak zehazten dituen administrazio- eta antolaketa-prozedurak ezartzea.

c) Doktoretza-tesia egiteko konpromiso eredu bat prestatzea, tesia egiteko konpromiso hitzarmen guztiek bete beharko dutena.

d) Doktoretza-programetako batzorde akademikoek proposatzen dituzten tesia egiteko konpromisoak berrestea.

e) Tesia ebaluatzeko eta defendatzeko prozedurak ezartzea 99/2011 Errege Dekretuaren 14. artikuluaren 6. apartatuan aipatzen diren salbuespenezko egoeretako bat gertatzen denean.

f) Doktoregaiaren Jardueren Dokumentua gaitzea, baimena duten pertsonek eta organoek eskura dezaten.

g) Doktoregaientzako jarduerak antolatzea, haien interakzioa eta diziplina anitzeko edo diziplinarteko elkarrizketa sustatzeko.

h) Doktoretza-tesien defentsak baimentzea, eta tesien epaimahaikideak eta kanpoko berrikusleak izendatzea.

i) "Cum laude" aipamena ematea, ezartzen dituen irizpideekin bat.

j) Zientziari buruzko Legearen 21c) artikuluan ezarritako doktoratu aurreko kontratuak berritzearren batzorde akademikoek egiten dituzten txostenak onestea.

k) Doktoregaiaren, zuzendariaren, tutorearen edo Batzorde Akademikoaren arteko gatazka-egoeretan bitartekaritza-lana egitea baldin eta doktoretza-tesi bat behar bezala garatzea eta irakurtzea eragozten badute, eta aldeei gatazkan horren irtenbide bat betearaztea.

l) Araudi hau aplikatzean gertatzen diren gorabeherak konpontzea, eta, beharrezkoa bada, haren aldaketa sustatzea edo beste garapen-arau batzuk sortzeko proposamena egitea.

III. TITULUA.–DOKTORETZA-PROGRAMAK

I. KAPITULUA.–DOKTORETZA-PROGRAMEN KOORDINAZIOA

8. artikulua. Programetako koordinatzailea.

Doktoretza-programa bakoitzak koordinatzaile bat izanen du, zeina, 99/2011 EDarekin bat etorriz, errektoreak izendatuko baitu. Koordinatzaileak egiaztatu beharko du gutxienez ere bi doktoretza-tesi zuzendu dituela eta 1086/89 EDan ezarritakoarekin bat etorriz aitortutako ikerketa-jarduerako bi aldi dituela gutxienez ere.

9. artikulua. Unibertsitatearteko doktoretza-programak.

1. Unibertsitatearteko doktoretza-programa batean parte hartzen duten unibertsitateetako errektoreek adostasunez izendatuko dute programaren koordinatzailea.

2. Koordinatzailea Nafarroako Unibertsitate Publikokoa ez bada, NUPeko koordinatzaile bat izendatuko da unibertsitatearteko Programaren Batzorde Akademikoko kide izan dadin. Koordinatzaile horrek 8. artikuluan adierazten diren baldintzak bete beharko ditu.

3. Araudi honetan doktoretzako koordinatzaileen eginkizunei eta ordezkaritzari buruz adierazita dagoena Nafarroako Unibertsitate Publikoak koordinatutako unibertsitatearteko doktoretza-programei aplikatuko zaie, baita beste unibertsitate batzuek koordinatutako unibertsitatearteko programei ere, baldin eta, haien jarduera-adierazle garrantzitsuen arabera, NADOEko Zuzendaritza Komiteak hala erabakitzen badu.

10. artikulua. Eginkizunak.

Hauek dira doktoretza-programen koordinatzaileen eginkizunak:

a) Programaren jarduera gidatzea eta koordinatzea eta helburuek jarraitutasuna dutela eta betetzen direla ziurtatzea, bai eta programa ahalik eta eraginkortasun, kalitate eta arrakasta handienarekin garatzen dela zaintzea ere.

b) Zuzendaritza Komiteari Programaren Batzorde Akademikoaren osaera proposatzea, batzordeburu izatea eta batzordeak hartzen dituen erabakiak betearaztea.

c) Programaren ordezkaria izatea NADOEko Zuzendaritza Komitean, eta NADOEk programari buruz hartzen dituen erabakiak betetzen direla zaintzea.

d) Programako kideek programaren jarduerekin zerikusia duten gai guztien berri izan dezaten zaintzea.

e) NADOEren eskumenekoak ez diren unibertsitatearteko programetako Nafarroako Unibertsitate Publikoko koordinatzaileen eginkizunak programa horien egiaztapen memorietan adieraziko dira, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-araudiaren barruan.

II. KAPITULUA.–BATZORDE AKADEMIKOAK

11. artikulua. Osaera.

1. Doktoretza-programa bakoitzak batzorde akademiko bat izanen du, eta hura arduratuko da doktoretza-programaren berariazko prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak antolatu eta gainbegiratzeaz.

2. Programaren koordinatzailea izanen da Batzorde Akademikoko burua. Osaera NADOEk ezarriko du, honako hauek kontuan hartuta: doktoretza-programaren ezaugarriak, tesien tutore eta zuzendarien kopurua eta ikerketa-lerroen kopurua.

3. Batzorde Akademikoko kideen kopurua, koordinatzailea barne, ez da lau baino txikiagoa eta zortzi baino handiagoa izanen, eta kideek programaren ikerketa-lerro guztiak ordezkatu beharko dituzte. Batzorde Akademikoko kideak errektoreak izendatuko ditu, koordinatzaileak proposatuta. Guztiek izan beharko dute doktore titulua, ikerketa-jarduerako aldi bat aitortua (edo pareko merezimenduak) eta gutxienez doktoretza-tesi bat zuzendua (koordinatzailearen kasuan, bi); I+G+B arloan inplikatuak dauden Unibertsitateaz bestelako erakunde eta instituzio batzuetakoak izaten ahalko dira, bereziki ikerketa erakunde publikoetakoak.

4. Dagokion doktoretza-programaren koordinatzailea izanen da Batzorde Akademikoaren bileren buru, eta eskubide osoko kidea izanen da. Batzorde Akademikoaren bilera bakoitza akta baten bidez erregistratu beharko da, eta aktak idazkariak zainduko ditu; akta bakoitzean, bileran harturiko erabakiak jasoko dira.

12. artikulua. Kide izaera galtzea.

Batzorde akademikoetako kideek arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Uko egiten badute, errektoreak onartuta.

b) Doktoretza-programan parte hartzeari uzten badiote.

c) Errektoreak kargutik kentzen baditu, betiere Zuzendaritza Komiteak proposamena egin ondoren eta programaren koordinatzaileak txosten arrazoitua egin ondoren.

d) Lege arrazoi bat dela-eta.

13. artikulua. Eginkizunak.

Honako hauek dira Batzorde Akademikoaren eginkizunak, baina baliteke araudiak edo NADOEk beste eginkizun batzuk ere esleitzea:

a) Ikasturte bakoitzean programari buruzko informazio eguneratua prestatzea, publizitatea eta zabalkundea errazteko.

b) Doktoretza-programetan nor sartuko den ebaztea, horretarako ezartzen diren irizpideei jarraikiz.

c) Tesien tutoreak eta zuzendariak izendatzea, bai eta, kasua bada, zuzendarikideak ere.

d) Nafarroako Doktoretza Eskolari tesia egiteko konpromisoa bidaltzea, onets dezan.

e) Programako ikasleen jarraipena egitea eta urteko probak antolatzea.

f) Doktoretza-tesiaren memoria gordailutzea baimentzea.

g) Epaimahaia eta tesiaren kanpoko berrikuspena eginen dutenak proposatzea.

h) Programaren jarraipena egitea, esleitzen zaizkion kalitate prozesuak gauzatzen direla ziurtatuta.

i) Doktoretza-programako prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak garatzea.

j) Doktoretza-programako ikasleei tutoreak esleitzea, bai eta, justifikatutako arrazoiak badaude, haien aldaketa onestea ere, doktoretza egiteko aldia edozein dela ere.

k) Doktoretza-programako ikasleei zuzendariak esleitzea, bai eta, justifikatutako arrazoiak badaude, haien aldaketa onestea ere, doktoretza egiteko aldia edozein dela ere.

l) Dagokion doktoretza-programako ikasleen prestakuntzarako interesgarriak diren jarduerak arautzea, NADOEk arautzen dituenei gehituko direnak.

m) Dagokion doktoretza-programako ikasleen ikerketa-plana eta jardueren dokumentua gutxienez urtero ebaluatzea, bai eta tesien tutore eta zuzendarien txostenak ere.

n) Erabakitzea ikasleak dagokion doktoretza-programan jarraituko duten edo ez duten jarraituko; behin betiko baja ebazten bada, arrazoitu beharko da. Doktoregaiak ebaluazio negatiboa izaten badu, ebaluazioa sei hilabeteren ondoren errepikatu beharko da, eta doktoregaiak beste ikerketa-plan bat aurkeztu beharko du. Ebaluazioa negatiboa bada, doktoregaiak behin betiko baja hartuko du programan.

o) Doktoretza-programako ikasleek aurkeztutako doktoretza-tesiak egokiak ote diren ebaluatzea, bai eta ikasleek egindako prestakuntza-jarduerak ere. Doktoregaiek ebaluazio positiboa izan beharko dute nahitaez doktoretza-tesiaren defentsa egiteko.

p) Zehaztea salbuespenezko zer zirkunstantziak eragiten ahal duten tesiaren zenbait eduki ez argitaratzea, 99/2011 Errege Dekretuaren 14. artikuluaren 6. apartatuan jasotakoaren arabera (576/2023 Errege Dekretuak aldatu zuen dekretu hori).

q) Doktoretza-programako ikasleek aurkeztutako tesiei baimena ematea nazioarteko aipamena lortzeko aukera izan dezaten.

r) Ikertzaileak doktoretza-programan onartzeari eta haiei baja emateari buruzko txostenak egitea, Zuzendaritza Komiteak onets ditzan.

IV. TITULUA.–TUTOREEN, TESI ZUZENDARIEN ETA DOKTOREGAIEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

I. KAPITULUA.–TUTOREAK

14. artikulua. Izendapena.

NADOEko tutoreak izanen dira NADOEko doktoretza-programa bateko Batzorde Akademikoak izendatu dituztenak. Batzorde Akademikoak onartzen ahalko du tesiaren kotutoretza.

15. artikulua. Baldintzak.

1. Tutoreak ikerketa-esperientzia egiaztatua duten doktoreak dira, eta doktoregaiaren prestakuntza eta ikerketa-jarduera programaren eta NADOEren printzipioetara egokitzeaz arduratzen dira. Ikerketa-esperientzia justifikatzeko, 1086/1989 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz aitortutako ikerketa-jarduerako aldi bat izan beharko du tutoreak gutxienez, edo antzeko merezimenduak; Zuzendaritza Batzordeak baloratuko ditu.

2. Tutoreek denbora, ezagutza, esperientzia, gaitasun tekniko eta dedikazio nahikoak izan behar dituzte ikasleei laguntza egokia emateko eta aurrerapen eta berrikuspen prozedurak eta erreakzio mekanismoak aplikatzeko.

16. artikulua. Betebeharrak.

Honako hauek dira tutoreen betebeharrak:

a) Ikasleak gainbegiratzeko eginkizunak ezartzen dituen konpromiso dokumentala sinatzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezartzen duen moduan.

b) Ikasleei haien prestakuntza-prozesuan laguntzea eta informazioa, orientabideak eta ikasketa-baliabideak ematea.

c) Ikasleen curriculum ibilbidearen konfigurazioa bideratzea.

d) Ikasleen jardueren dokumentu pertsonalizatua aldizka berrikustea.

e) Ikasleen ikerketa-planari buruzko informazioa eta bermea ematea, aldian-aldian.

f) Ikasleen lan-mundurako trantsizioa, karrera profesionalaren hasierako garapena eta prestakuntza jarraiturako sarbidea sustatzea.

g) Desgaitasunen bat duten ikasleen beharrei erantzutea, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarritako jarraibideen arabera.

h) NADOEk hartutako jardunbide egokien kodea betetzeko konpromisoa sinatzea.

17. artikulua. Eskubideak.

Honako hauek dira tutoreen eskubideak:

a) NADOEren egituran eta jardueretan erabat integratzea, araudi honetan doktoretza-planetarako zehaztutako araudiarekin bat etorriz. Tutoretza-eginkizunak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren instalazioak eta baliabideak erabiltzea.

b) Tutoretza-jardueren aitorpen akademikoa izatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen esparruan.

c) NADOEk tutoreentzako eskaintzen dituen prestakuntza-jardueretan parte hartzea; jarduera horiek ikasleak gainbegiratzeko behar diren eginkizunak arduraz betetzera daude bideratuak.

II. KAPITULUA.–TESI ZUZENDARIAK

18. artikulua. Betekizunak eta izendapena.

Tesi baten zuzendari izateko, beharrezkoa da doktoretza bat izatea, Espainiakoa nahiz atzerrikoa, bai eta ikerketa esperientzia egiaztatua izatea ere, zerbitzua ematen den unibertsitate, zentro edo erakundea edozein dela ere. Ikerketa-esperientzia justifikatzeko, 1086/1989 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz aitortutako ikerketa-jarduerako aldi bat izan beharko du tutoreak gutxienez, edo antzeko merezimenduak; Zuzendaritza Komiteak baloratuko ditu. Doktoretza-programa bakoitzaren Batzorde Akademikoak esleituko dizkie zuzendariak doktoregaiei, matrikulatu eta sei hilabeteko epean beranduenez. Zuzendaria bera izaten ahalko da tutore. Doktoregai bakoitzak hiru zuzendari izan ditzake gehienez.

19. artikulua. Erantzukizuna.

Tesiaren zuzendaria honako hauen arduradun nagusia izanen da: prestakuntzako jardueren koherentzia eta egokitasuna eta doktoretza-tesiaren gaiak dagokion eremuan duen inpaktua eta berritasuna. Bestalde, beharrezkoa baldin bada, beste proiektu eta jarduera batzuen planifikazioan eta egokitzapenean lagundu beharko dio doktoregaiari. Egonaldiei eta jarduerei buruz doktoregaiei eman behar dien bermea ezinbesteko baldintza izanen da doktoretza-tituluan nazioarteko aipamena lortzeko aukera izan dezan doktoregaiak.

20. artikulua. Betebeharrak.

Honako hauek dira tesi zuzendarien betebeharrak:

a) Ikasleak gainbegiratzeko eginkizunak ezartzen dituen konpromiso dokumentala sinatzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezartzen duen moduan.

b) Ikasleekin harreman eraikitzaile eta positiboa sortzea, beharrezko baldintzak ezarri daitezen ezagutzak modu eraginkorrean transferitzeko eta etorkizunean ikerketa-karrerak behar bezala garatzeko.

c) Ikasleen jardueren dokumentu pertsonalizatua aldizka berrikustea.

d) Ikasleen ikerketa-planari buruzko informazioa eta bermea ematea, aldian-aldian.

Zaintzea ikasleek beren jarduera eremua arautzen duten helburu estrategikoak eta finantzaketa mekanismoak ezagutzen dituztela eta beren lana hasi aurretik edo emandako baliabideak eskuratu aurretik behar diren baimen guztiak eskatzen direla.

e) Ikasleen ikerketa-emaitzak emankorrak direla eta zabaltzen eta aprobetxatzen direla zaintzea, hau da, komunikatzen direla, beste ikerketa-testuinguruetara zabaltzen direla eta merkaturatzen direla, adibidez.

f) Ikasleen ikerketa-jarduerak gizarte orokorrari zabaldu daitezen bideratzea, espezialistak ez direnek ulertzeko eta, horrela, publikoaren ulermena hobetzeko.

g) NADOEk hartutako jardunbide egokien kodea betetzeko konpromisoa sinatzea.

21. artikulua. Eskubideak.

Honako hauek dira tesi zuzendarien eskubideak:

a) NADOEren egituran eta jardueretan erabat integratzea, araudi honetan doktoretza-planetarako zehaztutako araudiarekin bat etorriz.

b) Instalazio akademiko egokiak eta irisgarriak erabiltzea eta tesien zuzenketa-jarduerarako baliabide material egokiak izatea.

c) Tesien zuzenketa-jardueren aitorpen akademikoa izatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen esparruan.

d) NADOEk tesi zuzendarientzat eskaintzen dituen prestakuntza-jardueretan parte hartzea.

e) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren legedi orokorrean eta Estatutu eta arau berekietan aitortzen zaizkion eskubide guztiak.

III. KAPITULUA.–DOKTOREGAIAK

22. artikulua. Doktoregaia.

NADOEk kudeatutako doktoretza-programa batean onartu eta programa horretan matrikulatu direnak hartuko dira NADOEko doktoregaitzat.

23. artikulua. Eskubideak.

NADOEn matrikulatutako ikasleek legeria orokorrean haientzat berariaz jasotako eskubideak dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Kalitatezko ikerketa-prestakuntza jasotzea, bikaintasun zientifikoa sustatzera eta ekitateari eta erantzukizun sozialari erantzutera bideratua.

b) Prestakuntza-prozesua orientatuko duen tutore bat izatea, bai eta tesi zuzendari bat ere –eta kasua bada, zuzendarikidea ere bai–, ikerketaren arloko esperientzia egiaztatua duena eta tesia egiteko prozesua gainbegiratuko duena.

c) Unibertsitateak eta Nafarroako Doktoretza Eskolak beren programetan sustatu dezaten ikasleak ikerketa-talde eta -sareetan sartzea.

d) Ikerketa-karrera profesionala ezagutzea eta unibertsitateek beren programetan ikerketa-karrera garatzeko aukerak sustatzea.

e) Ikerketa-prestakuntzarako eta Espainiako eta nazioarteko mugikortasunerako laguntza-programa eta -deialdietan parte hartzea.

f) Ikerketan egiten duen prestakuntza-jardueratik eratorritako jabetza-eskubideak baliatzea, egindako ekarpenaren arabera.

g) Prestakuntza-jardueren ebaluazioari eta jarraipenari buruzko arauen berri izatea.

h) Prestakuntza-jardueren ebaluazioa aurretik ezarritako irizpide publiko, objektibo eta gardenen bidez egitea.

i) Doktoretza-programen jarraipenean eta ebaluazio instituzionaleko prozesuetan parte hartzea, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzetan.

24. artikulua. Betebeharrak.

1. Doktoregaiek konpromisoa hartu behar dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan presentzia aktiboa eta erantzukidea izateko, eta errespetatu eta ezagutu beharko dituzte Unibertsitatearen Estatutuak eta gainerako funtzionamendu arauak. Konpromiso hori adierazteko, eta 1791/2010 Errege Dekretuarekin eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoarekin bat etorriz, hauek dira Unibertsitateko komunitateko kide gisa dituzten betebeharrak:

a) Prestakuntza osatzen lagunduko duten jarduera akademikoak egitea eta horietan modu aktiboan parte hartzea.

b) Unibertsitateko komunitateko kideak eta entitate kolaboratzaileetako edo Unibertsitatean zerbitzuak ematen dituzten entitateetako langileak errespetatzea.

c) Doktoretza-programako ikasle gisa eskura ditzaketen elementu materialak eta immaterialak zaintzea.

d) Ebaluazio probetan, ikerketarekin lotutako jarduera guztietan, egiten diren lanetan edo Unibertsitatearen dokumentu ofizialetan iruzurrezko prozedurak ez erabiltzea edo haietan parte ez hartzea.

e) Segurtasunari eta osasunari buruzko barne arauak ezagutu eta betetzea, batez ere praktiketako laborategiak eta ikerketa-inguruneak erabiltzeari buruzkoak.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta haren organoen izena, sinboloak eta ikurrak errespetatzea, baita behar bezala erabiltzea ere.

g) Unibertsitatearen ekitaldi akademikoak errespetatzea, bai eta ekitaldi horietako parte-hartzaileak ere, hargatik eragotzi gabe haien adierazpen eta manifestazio askea.

h) Sustatzea eta gauzatzea Unibertsitateko komunitateko kideek, entitate kolaboratzaileetako langileek edo Unibertsitatean zerbitzuak ematen dituzten langileek diskriminaziorik izan ez dezatela honako arrazoiak direla-eta: jaiotza, arraza edo etnia, sexua, erlijioa, sinesmena edo iritzia, adina, desgaitasuna, nazionalitatea, gaixotasuna, orientazio sexuala eta genero identitatea, egoera sozioekonomikoa, hizkuntzazkoa edo linguistikoa, kidetasun politiko eta sindikala, itxura, gehiegizko pisua edo obesitatea, edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozial.

i) Hala badagokie, aukeratuak izan diren ordezkaritza-karguari dagozkion erantzukizunak betetzea.

j) Hala badagokie, ordezkatzen dituzten pertsonei informazioa ematea parte hartzen duten kide anitzeko organoen jarduerei eta ebazpenei buruz, bai eta beren jarduketei buruz ere, organo horietan ezartzen den diskrezioaz eta zuhurtziaz.

k) Unibertsitatearen helburuak eta funtzionamendua hobetzen laguntzea.

l) Unibertsitatearen Estatutuetan esleitzen zaion beste edozein betebehar.

2. Gainera, ikerketarako prestakuntza-jardueran modu espezifikoagoan, honako hauek egin beharko dituzte:

a) Tesien tutore eta zuzendari direnekin harreman egituratua eta erregularra izatea, bai eta jardueren dokumentua indarrean dagoen araudiaren arabera eguneratuta izatea ere.

b) Beren jakintza-arloan onartuak dauden jardunbide etikoak eta funtsezko printzipio etikoak betetzea, baita espainiar kode deontologikoetan, sektorialetan edo instituzionaletan jasotako arau etikoak ere.

c) Datuen jabetza intelektualaren eta jabetza bateratuaren printzipioa errespetatu behar dute, baldin eta gainbegiraleren batek eta/edo beste ikertzaileren batek lagundu badu ikerketa egiten.

d) Jarduera zientifikoa egitean zerbitzuak ematen dituzten erakundeen izena erabiltzea, bat etorriz erakunde horien barne araudiarekin eta horiek sinatzen dituzten akordio, itun eta hitzarmenekin.

V. TITULUA.–BARNE ARAUDIA ALDATZEA

25. artikulua. Araudia aldatzea.

1. NADOEko zuzendariak proposatuta edo Zuzendaritza Komiteko kideen herenek eskatuta aldatzen ahalko da araudi hau.

2. Aldaketa-proposamena zuzendariari zuzendutako idazki baten bidez eginen da. Hartan, sinatzaileak, zioen azalpena, aldatu nahi diren testuak eta, hala badagokio, ordezko testuak zehaztuko dira.

3. Aldaketa-proposamena Zuzendaritza Komitearen bilera batean eztabaidatuko da, eta, egokitzat jotzen bada, onetsiko. Zuzendaritza Komitearen gehiengo osoz onetsiko da aldaketa. Zuzendaritza Komiteak aldaketa onetsi eta gero, Gobernu Kontseiluari bidaliko zaio, hark berresteko.

4. Zuzendaritza Komiteak aldaketa-proposamena ukatzen badu, ez da zilegi izanen proposamenean zehaztutako titulu edo artikuluak aldatzeko eskatzea harik eta urtebete igaro arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira araudi honi aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak. Zehazki, indarrik gabe geldituko da Nafarroako Doktoretza Eskolaren aurreko Barne Araudia. Araudi hori, izan ere, Gobernu Kontseiluak onetsi zuen, 2013ko uztailaren 2an, eta gero bi aldiz aldatu zen, bata Gobernu Kontseiluak 2015eko irailaren 29an hartutako erabaki baten bidez, eta bestea Gobernu Kontseiluak 2021eko abenduaren 16an hartutako beste erabaki baten bidez.

AZKEN XEDAPENA.–INDARREAN SARTZEA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek.

Iragarkiaren kodea: F2614070