232. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2673/2026 EBAZPENA, 2026ko urriaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolaren Funtzionamendua arautzen duen Erregelamendua onesten baita.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetako 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz –2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren eta 2026ko 154. NAOn argitaratu, abuztuaren 7an–, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2026ko urriaren 27an hartutako erabaki bat argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolaren Funtzionamendua arautzen duen Erregelamendua onetsi zen.

"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO DOKTORETZA ESKOLAREN (NADOE) FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DUEN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzaren 8an hartutako erabaki baten bidez, zeina 2012ko maiatzaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen errektorearen 2012ko maiatzaren 8ko 804/2012 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolaren Sorrerari eta Eginkizunei buruzko Araudia onetsi zen.

Berriki 2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuek 10. artikuluan ezartzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskola doktoretzako titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketak eta prozesu akademikoak antolatzeaz arduratzen den zentroa dela, eta 11. artikuluan haren eginkizunak ezartzen dituzte.

Halaber, Estatutuek 46. artikuluan xedatzen dute Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Doktoretza Eskolaren funtzionamendua aratuko duen erregelamendua onetsiko duela, eta, hartan, gobernu organoen eta karguen eskumenak eta eginkizunak zehaztuko dituela, bai eta kargu horiek betetzeko eskatzen diren baldintzak eta kargu horien eginkizunak ere.

Artikulu berean ezartzen da gobernu organoak zein diren; hauek, hain zuzen: Zuzendaritza Komitea –haren osaera eta eginkizun nagusiak Estatutuetan ezarriak daude– eta Eskolako zuzendaria –Estatutuek ezartzen dute kargu hori betetzeko eskatzen diren baldintzak–.

Estatutuetako aurreikuspen horiek gauzatzeko eta garatzeko, Erregelamendu hau onetsi beharra dago.

Hori horrela, honako hau da, Ikerketako errektoreordeak proposatuta, 2026ko urriaren 27an egindako bileran hartu den,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolaren Funtzionamendua arautzen duen Erregelamendua, zeina erabaki honen eranskinean baitago.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ohar taula elektroniko ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki honek onetsitako Erregelamenduak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat".

Iruñean, 2026ko urriaren 27an.–Ramón Gonzalo García, errektorea.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO DOKTORETZA ESKOLAREN (NADOE) FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DUEN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolaren funtzionamendua arautzea da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan ezarritakoa betez –2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren–.

2. artikulua. Eskolaren izena.

Eskolaren izena Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskola (NADOE) izanen da.

II. KAPITULUA.–GOBERNU ORGANOAK

3. artikulua. Gobernu organoak.

1. Nafarroako Doktoretza Eskola gobernu organo hauetan egituratzen da:

a) Zuzendaritza Komitea.

b) Eskolako zuzendaria.

2. Doktoretza Eskolako Zuzendaritza Komitea, bere eskumenen esparruan, doktoretzako prestakuntzaren plangintzaz, programazioaz eta antolamenduaz arduratzen den gobernu organo arrunta da.

3. Doktoretza Eskolako zuzendaria organo horretako agintari gorena da. Errektoreak izendatuko du Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) edo Nafarroako Foru Komunitateko dagokion agentziak aitortutako ikerketa-jarduerako hiru aldi (azkena indarrean) dituzten ikertzaile prestigiodunen artetik.

4. artikulua. Eskolako Zuzendaritza Komitearen osaera.

1. Honako hauek izanen dira Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolako Zuzendaritza Komiteko kideak:

a) Zuzendaria, zeina buru izanen baita.

b) Eskolako idazkaria.

c) Zuzendariordeak.

d) Eskolaren eskumenekoak diren doktoretza-programen koordinatzaileak.

e) Unibertsitateko ikerketa-institutuetako zuzendariak.

f) Kanpoko beste entitate batzuetako gehienez ere hiru ordezkari, zeinak Gobernu Kontseiluak izendatuko baititu Doktoretza Eskolako zuzendariaren proposamenez. Sei urteko agintaldia izanen dute, eta Doktoretza Eskolako xede eta helburuetan laguntzen duten enpresa edo entitateetako kideak izan beharko dira.

g) Doktoretzako ikasketetan matrikulatutako ikasleen zenbait ordezkari, Ikasleen Kontseiluak hautatuak. Ordezkari kopurua organoa osatzen duten kideen % 25 edo gehiago izan beharko da.

h) Doktoretza Eskolari atxikitako teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Ordezkari horren agintaldia sei urtekoa izanen da, eta ordezko bat izanen du.

2. Komiteak azpikomiteak sortzeko ahalmena izanen du, eta bere eskumenetako bat eskuordetzen ahalko die.

5. artikulua. Zuzendaritza Komitearen eginkizunak.

Hauek dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolako Zuzendaritza Komitearen eginkizunak:

a) Gobernu Kontseiluari proposatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretzako ikasketa ofizialen jarraibide orokorrak, eztabaidatu eta onets ditzan.

b) Doktoretza-programen proposamenak aztertzea, kasu bakoitzean honako hauek aztertuz: bideragarritasun akademikoa eta ekonomikoa, aukera estrategikoa, indarrean dagoen araudiarekiko egokitasuna eta programaren kalitate akademikoa.

c) Gobernu Kontseiluan onetsi beharreko doktoretza-programak proposatzea, ondoren erakunde eskudunek egiaztatu eta baimendu ditzaten.

d) Txostenak egitea beste instituzio edo erakunde publiko zein pribatu batzuekin egindako lankidetza-akordioei buruz, bere ekimenez edo Programaren Batzorde Akademikoak proposatuta.

e) Ikasleak erakartzeari, onartzeari, matrikulatzeari, ikasketetan jarraitzeari eta ikasketak bukatzeari buruz unibertsitateko doktoretza-araudiak zehazten dituen administrazio- eta antolaketa-prozedurak ezartzea.

f) Neurriak hartzea doktoretza-programetan sartzen diren ikasleek behar den aholkularitza izan dezaten programa horietan erabat integratzeko beharrezkoak dituzten alderdi guztiei buruz.

g) Doktoretza-tesia egiteko konpromiso eredu bat prestatzea, tesia egiteko konpromiso hitzarmen guztiek bete beharrekoa.

h) Doktoretza-programen batzorde akademikoek proposatzen dituzten tesia egiteko konpromisoak berrestea.

i) Doktoretza-tesia egiteko konpromisoa betetzen dela zaintzea, ikasleek jasotako prestakuntzaren kalitatea gainbegiratuz.

j) Doktoregaiaren Jardueren Dokumentua gaitzea, baimena duten pertsonek eta organoek eskura dezaten.

k) Ikasleei doktoretza-prestakuntza egokia ematea kalitatezko ikerketa zientifikoarekin eta 99/2011 Errege Dekretuaren 5.1 eta 5.2 artikuluetan deskribatutako gaitasunekin zerikusia duten konpetentziak eta trebetasunak eskura ditzaten.

l) Kalitatezko ikerketa zientifikoarekin eta aplikatzekoa den araudian deskribatutako gaitasunekin lotutako konpetentziak eta trebetasunak eskuratzeko egokiak diren prestakuntza-jarduerak antolatzea eta gainbegiratzea, eta haien arteko interakzioa eta diziplinarteko elkarrizketa sustatzea.

m) Doktoretza-programen batzorde akademikoek antolatzen dituzten prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak gainbegiratzea.

n) Prestakuntza-jarduerak antolatzea doktoretza-tesien tutore eta zuzendari direnentzat.

p) Doktoretza-tesien defentsak baimentzea, eta tesien epaimahaikideak eta kanpoko berrikusleak izendatzea.

q) "Cum laude" aipamena ematea, ezartzen dituen irizpideekin bat.

r) Eskolaren ardurapeko doktoretza-programen akreditazioaren egiaztapenari, jarraipenari eta berritzeari buruzko eskakizunen ondoriozko prozesuak zehaztea eta administratzea –2011ko urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluko eskakizunen ondoriozkoak dira prozesu horiek–.

s) Ikasleen, zuzendariaren, tutorearen edo Batzorde Akademikoaren arteko gatazka-egoeretan bitartekaritza-lana egitea baldin eta doktoretza-tesi bat behar bezala garatzea eta irakurtzea eragozten badute, eta aldeei gatazka horren irtenbide bat betearaztea.

t) Eskolaren eta doktoretzako ikasketen funtzionamendua arautu behar duen jardunbide egokien kodea onestea.

u) Eskolaren Barne Araudia prestatzea, zeina Gobernu Kontseiluak onetsi beharko baitu.

v) NUPeko Kalitatearen Barne Bermerako Sistemako (KBBS) "Kalitatearen arloko erantzukizunen eta eginkizunen egitura" dokumentuan une bakoitzean esleitzen zaizkion kalitatearen arloko eginkizun guztiak –dokumentu hori Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onesten du–.

w) Erregelamendu hau aplikatzean gertatzen diren gorabeherak konpontzea, eta, beharrezkoa bada, haren aldaketa sustatzea edo beste garapen-arau batzuk sortzeko proposamena egitea.

x) Aplikatzekoa den araudiak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

6. artikulua. Zuzendaritza Komiteko kideak izendatzea eta berritzea.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikokoak ez diren erakundeetako kideak Gobernu Kontseiluak izendatuko ditu, errektoreak proposatuta, sei urterako. Nafarroako Doktoretza Eskolaren helburuak betetzen laguntzen duten enpresa edo entitateetako kideak izan beharko dira, eta halaxe jaso beharko da dagokion hitzarmenean.

2. Ikasleen ordezkariak Ikasleen Kontseiluak hautatuko ditu, bere erregelamenduak ezartzen duenaren arabera. Hiru urtean behin berrituko dira.

3. Teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkaria eta haren ordezkoa Gobernu Kontseiluak izendatuko ditu. Sei urteko agintaldia izanen dute.

7. artikulua. Zuzendaritza Komiteko kideek kargua uztea.

1. Komiteko kideek arrazoi hauengatik utziko dute beren kargua:

a) Agintaldia amaitzeagatik.

b) Uko egiteagatik.

c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide izateari uzteagatik edo hautatua izan zen taldekoa izateari uzteagatik, hala badagokio.

d) Zuzendaritza Komiteari dagozkion eginkizunak ez betetzeagatik.

e) Lege arrazoiengatik.

2. Aurreko artikuluak aipatzen dituen izendatutako kideetako batek kargua uzten badu, beste bat izendatuko da artikulu horretan ezarritakoarekin bat.

8. artikulua. Batzorde Iraunkorra.

1. Nafarroako Doktoretza Eskolako Zuzendaritza Komiteak Batzorde Iraunkor bat izanen du, eta Zuzendaritza Komiteko kide hauek osatuko dute:

a) NADOEko zuzendaria.

b) Eskolako eskumenekoak diren doktoretza-programetako bi koordinatzaile, zeinak koordinatzaileen komunitateak hautatutako baititu.

c) Doktoretzako ikasleen ordezkari bat.

d) Zuzendariordeak eta idazkari akademikoa.

2. Zuzendaritza Komiteak eskuordetutako eginkizunak izanen ditu Batzorde Iraunkorrak, bereziki izapidetzeko gaiak eta ebazpen azkarragoa behar duten gaiak. Barne Araudiak zehaztuko du zein diren eskuordetutako eginkizunak.

9. artikulua. Nafarroako Doktoretza Eskolako zuzendaria.

1. Nafarroako Doktoretza Eskolako zuzendariak erregelamendu honen 3.3 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

2. Errektoreak izendatuko du, sei urterako.

3. Kargu hau unibertsitateko ikastegiko zuzendariaren edo dekanoaren karguarekin parekagarria izanen da ondorio guztietarako.

4. NADOEko zuzendaria arrazoi justifikatu batengatik ez badago, haren karguari dagozkion eginkizunak NADOEko zuzendariordetako bati esleituko dizkio errektoreak, beharrezkoa bada.

10. artikulua. Zuzendariaren eginkizunak.

NADOEko zuzendariaren eginkizunak hauek izanen dira:

a) NADOEren jarduera gidatzea eta koordinatzea, eta haren helburuak betetzen direla eta jarraipena dutela bermatzea.

b) NADOE ordezkatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko gobernu organoetan, baita beharrezkoa den toki guztietan ere.

c) NADOEko Zuzendaritza Komitearen erabakiak betetzea eta betearaztea.

d) NADOEko administrazio kudeaketa, aurrekontu kudeaketa eta zerbitzu guztiak zuzentzea.

e) Kredituak aitortu eta transferitzeko espedienteak ebaztea.

f) NADOEri atxikita dauden administrazioko eta zerbitzuetako langileen zuzendaritza funtzionala betetzea.

g) Urteko txostenak, plan estrategikoak, aurrekontu jarraibideak eta aurreko ekitaldi ekonomikoaren itxiera prestatzea, eta Zuzendaritza Komiteari igortzea, hark onets ditzan.

h) NADOEko giza baliabideak eta baliabide materialak Eskolako jarduerak modu eraginkorrean garatzeko egokiak izan daitezen zaintzea.

i) NADOEko Zuzendaritza Komiteari bere kargua betetzean egindako kudeaketen berri ematea unean-unean.

III. KAPITULUA.–BESTE ORGANO BATZUK

11. artikulua. Zuzendariordetzak eta Idazkaritza Akademikoa.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolak zuzendariordetza hauek izanen ditu, zuzendariari haren eginkizunak betetzen laguntzeko:

–Prestakuntzako eta Nazioartekotzeko Zuzendariordetza.

–Kalitateko eta Idazkaritza Akademikoko Zuzendariordetza.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zerbitzuan lanaldi osoan aritzen diren eta lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaile doktoreen artetik izendatu beharko dira zuzendariordeak. Halaber, 1086/1989 Errege Dekretuaren arabera aitortutako ikerketa-jarduerako bi aldi izan beharko dituzte gutxienez, edo parteko merezimenduak akreditatu beharko dituzte. Errektoreak izendatuko ditu, NADOEko zuzendariak proposatuta, sei urterako.

3. NADOEko zuzendariordearen kargua unibertsitateko ikastegiko zuzendariordearen edo dekanordearen karguarekin parekagarria izanen da ondorio guztietarako.

4. NADOEko idazkaritza akademikoaren eginkizunak Kalitateko eta Idazkaritza Akademikoko zuzendariordeak beteko ditu.

12. artikulua. Prestakuntzako eta Nazioartekotzeko zuzendariordearen eginkizunak.

Hauek izanen dira Prestakuntzako eta Nazioartekotzeko zuzendariordearen eginkizunak:

a) Zuzendariari laguntzea haren eginkizunak betetzen.

b) Zuzendariak eskuordetuta, hark esleitzen dizkion jarduerak gidatzea eta koordinatzea, eta hura ordeztea, ez badago edo gaixo badago.

c) Doktoretzako ikasleei zuzendutako prestakuntza-jarduerak planifikatzea, koordinatzea eta gainbegiratzea; besteak beste, ikastaroak, tailerrak, mintegiak, jardunaldiak eta NADOEk sustatutako beste prestakuntza-jarduera batzuk.

d) Doktoretza-programen nazioartekotzea bultzatzea, sareetan, aliantza estrategikoetan, nazioarteko proiektuetan eta beste unibertsitate eta ikerketa-zentro batzuekin jarduera bateratuetan parte hartzea sustatuz.

e) Doktoretzako ikasleen nazioarteko konpetentziak garatzen laguntzen duten ekimenak sustatzea eta koordinatzea, hala nola egonaldiak, udako eskolak, programa trinkoak eta beste ekimen batzuk.

f) Nazioarteko prestakuntza- eta mugikortasun-eskaintzaren diseinuan, jarraipenean eta ebaluazioan laguntzea, hura kalitatezkoa, egokia eta doktoretza-programen beharretarako aproposa izan dadin zainduz.

g) Zuzendariak eskuordetuta, NADOE ordezkatzea doktoretza-prestakuntzarekin eta nazioartekotzearekin lotutako batzordeetan, lantaldeetan eta foroetan.

h) Prestakuntzarekin eta nazioartekotzearekin lotura duen eta zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun.

13. artikulua. Kalitateko eta Idazkaritza Akademikoko zuzendariordearen eginkizunak.

Hauek izanen dira Kalitateko eta Idazkaritza Akademikoko zuzendariordearen eginkizunak:

a) Zuzendaritza Komiteko bileren deialdiak aditzera ematea, zuzendariak hala aginduta, baita kideei haietarako deia egitea ere.

b) Fede-emaile eginkizuna betetzea Zuzendaritza Komitearen bileretan, baita beste batzorde batzuen bileretan ere, baldin eta bere kargua dela-eta idazkari lanetan aritzea badagokio.

c) Zuzendariari laguntzea Zuzendaritza Komiteko bileretan, eztabaiden eta bozketen ordena ziurtatzeko.

d) Zuzendaritza Komitearen aktak eta Akten Liburua idaztea eta zaintzea, baita artxiboa eta gainontzeko dokumentazio akademikoa eta administratiboa ere.

e) Zuzendaritza Komitearen akten eta erabakien egiaztagiriak ematea, zuzendariaren oniritziarekin, baita NADOEko agiritegian edo espedienteetan dauden gainontzeko agirien eta egintzen egiaztagiriak ere.

f) Zuzendaritza Komiteak hartutako erabakiak argitaratzea eta jakinaraztea, hala dagokionean.

g) Sarrera- eta irteera-erregistroa kontrolatzea, eta haien interesekoak izan daitezkeen agiriak eta argibide akademikoak NADOEko kideen artean banatzea.

h) Eskolaren helburu estrategikoak eta kalitatekoak proposatzea, Unibertsitatearen Plan Estrategikoarekin lerrokatuta, eta haien jarraipena egitea.

i) Doktoretza-programen proposamenak aztertzea eta ebaluatzea, kontuan hartuta zer kalitate akademiko duten, nola egokitzen diren indarrean den araudira eta zer aukera estrategiko dakartzaten.

j) Zuzendaritzak ezarritako jarraibideen arabera doktoretzako prozedura eta jarduera akademiko eta administratiboak ezartzea eta gainbegiratzea, tesia egiteko konpromisoaren betearazpena, prestakuntzaren kalitatea eta ikerketa-konpetentzien garapena bermatzeko, baita programetako prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak behar bezala egiten direla ere.

k) Eskolaren ardurapeko doktoretza-programen akreditazioaren egiaztapenari, jarraipenari eta berrikuntzari buruzko 99/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluko eskakizunen ondoriozko prozesuak definitzea eta administratzea Zuzendaritzak ezarritako jarraibideen arabera.

l) Zaintzea ANECAk ezartzen dituen baldintzak eta haren gomendioak betetzen direla kanpo ebaluazioetan.

m) Kalitateko eta Idazkaritza Akademikoko zuzendariordearen eginkizunari dagozkion gainontzeko guztiak, baita zuzendariak edo Zuzendaritza Komiteak eskatzen dion beste edozein ere.

IV. KAPITULUA.–BARNE ARAUDIA

14. artikulua. Barne Araudia. Prestaketa eta edukia.

Zuzendaritza Komiteak Eskolaren Barne Araudiaren proiektua prestatuko du, eta, bertan, besteak beste, doktoretzako ikasleen eskubideak eta betebeharrak ezarriko dira –Unibertsitateko Ikaslearen Estatutua onesten duen 2010eko abenduaren 30eko 1791/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz–, baita tesien tutoreen eta zuzendarien eskubideak eta betebeharrak eta Eskolako programen batzorde akademikoen osaera eta funtzioak ere. Horrez gain, Barne Araudiaren proiektua Gobernu Kontseiluari bidaliko dio, onets dezan.

15. artikulua. Barne Araudia aldatzea.

1. Barne Araudia aldatzen edo erreformatzen ahalko da, NADOEko zuzendariaren edo Zuzendaritza Komiteko kideen ehuneko hogeita hamarren ekimenez.

2. Zuzendaritza Komiteak bere kideen gehiengo absolutuaz proposatu beharko dio erreforma edo aldaketa Unibertsitateko Gobernu Kontseiluari, onets dezan.

IV. KAPITULUA.–NAFARROAKO DOKTORETZA ESKOLAKO ZUZENDARITZA KOMITEAREN ETA ZUZENDARIAREN EGINTZEN ETA ERABAKIEN KONTRAKO ERREKURTSOAK

16. artikulua. Errekurtsoak.

1. Nafarroako Doktoretza Eskolako Zuzendaritza Komitearen eta zuzendariaren egintzen eta erabakien kontra, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua.

2. Errektorearen ebazpenek administrazio bidea agortzen dute, eta zilegi da ebazpen horiek zuzenean aurkaratzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira araudi honi aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak. Bereziki, Nafarroako Doktoretza Eskolaren (NADOE) Sorrerari eta Eginkizunei buruzko Araudia gelditzen da indarrik gabe, zeina Gobernu Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 8ko erabaki baten bidez onetsi baitzen eta Gobernu Kontseiluaren 2015eko abuztuaren 7ko erabaki baten bidez eta 2020ko urriaren 27ko erabaki baten bidez aldatu baitzen.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra Erregelamendu honek.

Iragarkiaren kodea: F2614069