232. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

44/2026 FORU AGINDUA, azaroaren 6koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez bermatzen baita, Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) enpresa publikoak kudeatzen dituen hondakin uren saneamendu- eta arazketa-zerbitzuei dagokienez, hirugarrenek ematen dituzten funtsezko zerbitzuen funtzionamendua, 2026ko azaroaren 11ko greba orokorraren deialdia dela eta.

Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen 5. artikuluak zehazten duenez, Foru Komunitateko Administrazioak enpresa publiko bati esleituko dio isurketen saneamendurako eta zerbitzuaren ustiaketarako beharrezkoak diren obrak egitea; erakunde hori, hain zuzen, Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da, otsailaren 2ko 27/1989 Foru Dekretuaren bidez sortua.

NILSA ehuneko ehunean Nafarroako Gobernuaren kapitala duen enpresa bat da, Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikia Nafarroako Gobernuaren 2023ko azaroaren 28ko Erabakiaren bidez. NILSAren (Nafarroako Toki Azpiegiturak SA) helburu sozialak, bere estatutu ofizialen arabera, honako hauek dira nagusiki: ur hornidurari eta hiri hondakinen saneamenduari buruzko plangintza koordinatzea, toki entitateei laguntza teknikoa eta aholkularitza ematea eta Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartutako zerbitzuak kudeatzea edo inbertsioak gauzatzea.

Zenbait sindikatuk greba orokorrerako deia egin dute 2026ko azaroaren 11rako.

Kontuan harturik enpresa publiko horrek esparru horietan ematen dituen zerbitzu batzuen izaera publiko eta funtsezkoa, beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezineko kalteak saihesteko. Hori guztia, halaber, kontuan hartuta langile guztiek iragarri den lanuztearekin bat egiteko edo ez egiteko duten eskubide konstituzionala, eskubide hori ere babestu behar delako.

Halaber, bat etorriz Azpiegitura kritikoak babesteko neurriak ezartzen dituen apirilaren 28ko 8/2011 Legearekin eta horren 2. artikuluko a) apartatuan emandako zerbitzu funtsezkoen definizioarekin ("beharrezkoak direnak oinarrizko eginkizun sozialak, osasuna, segurtasuna, herritarren ongizate sozial eta ekonomikoa eta, orobat, Estatuko erakundeen eta administrazio publikoen funtzionamendu eraginkorra mantentzeko"), beharrezkotzat jotzen da, aipatutako greba mugagabeari begira, iragarritako lanuzteari erantzuna emanen dioten gutxieneko zerbitzuak ezartzea. Zerbitzu horiek ezartzean, proportzionaltasun egokia bilatu behar da grebak ukitutako ondasun juridiko babestuen babesari dagokionez, eta greban dauden langileen eta herritarren eskubide eta interesen arteko oreka mantendu beharko da; gainera, zerbitzua emateko nahikoak izan behar dute, halako moldez non zerbitzuaren gutxieneko estaldura beteko baita ohiko errendimendu mailara iritsi gabe.

Espedientean jaso da NILSA enpresaren txostena, 2026ko azaroaren 3koa, bai eta Toki Azpiegituren Zerbitzuarena ere, 2026ko azaroaren 5ekoa, eman beharreko gutxieneko eta funtsezko zerbitzuei buruzkoak.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenak baliatuz.

Azaldutakoaren arabera, foru agindu honen xedea da arautzea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) enpresa publikoak kudeatzen dituen hondakin uren saneamendu- eta arazketa-zerbitzuei dagokienez hirugarrenek ematen dituzten funtsezko zerbitzuak.

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.1.b) artikuluan xedatutakoa, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Zenbait sindikatuk 2026ko azaroaren 11rako iragarritako greba dela eta, greba-eskubidea erabiltzearen ondorioetarako, jaiegun batean izan ohi den langile zuzkidura bera mantendu beharko da.

2. Aipatutako zerbitzuak eginen direla bermatzeko behar beste langilek egon beharko dute jardunean; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko puntuetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau NILSA sozietate publikoari jakinaraztea, bai eta SACYR eta FCC Aqualia enpresei ere, eta igortzea Toki Azpiegituren Zerbitzura eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen baditu ere.

6. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2026ko azaroaren 6an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2614445