232. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

457E/2026 FORU AGINDUA, azaroaren 6koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira gaixorik dauden eta istripua izan duten pertsonak anbulantzian garraiatzeko funtsezko gutxieneko zerbitzuak, eta Osasun Departamentuko osasun zentro eta establezimenduetan hirugarrenek eman beharrekoak, 2026ko azaroaren 11ko 00:00etatik aitzina 24 orduz egitekoa den greba dela eta.

CGT, ELA, LAB, ESK, STEILAS, CCOO, UGT eta CO.BAS sindikatuek greba orokorrerako deia egin dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lanean ari diren langile lan kontratudun eta funtzionario guztientzat, eta, beraz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lantoki guztiei eragiten die. Iragarritako greba orokorra azaroaren 11ko lanaldian egitekoa da, 00:00etatik 24:00etara. Lan txanda bat baino gehiago dituzten zentroetan, grebaren hasiera lehenbiziko txandan izanen da, nahiz eta azaroaren 11 baino lehen hasi lanean, eta azken txanda bukatzen denean bukatuko da greba, nahiz eta txanda horretako lanaldia azaroaren 11ko 24:00ak baino geroago bukatu.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da komunitatearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Grebarako deialdia dela eta, alde batetik, gaixorik dauden eta istripua izan duten pertsonak anbulantzian garraiatzeko zerbitzua ezin da erabat gelditu, ez eta Osasun Departamentuko osasun zentro eta establezimenduetan hirugarrenek ematen dituzten zerbitzuak ere, botere publikoek bermatu beharreko osasun laguntza behar bezala eman ahal izateko zerbitzu osagarriak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen da, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dielako, hala nola pazienteen bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.

Beste alde batetik, gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.f), 53. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bere gain dituen eskumenak direla eta.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren, grebarako deialdiak direla-eta, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, 2. artikuluan, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horietan arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deialdia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak dagozkion jarduketak egin ditu Greba Batzordearen aurrean. Jasotako alegazio bakarrei erantzunez (CGT sindikatuak aurkeztu ditu), ondorioztatu da proposamenak ez duela greba-eskubidea urratzen, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko eskatzen diren motibazio eta proportzionaltasun printzipioak betetzen dituelako. Foru agindu honek espezifikoki baloratzen du 2026ko azaroaren 11ko eguna, osasun publikoa babesteko asmoz, Konstituzioak bermatutako eskubidea den aldetik. Horrela, zerbitzuak doitu dira funtsezko prestazio bat dela kontuan harturik: zerbitzuen %100 ezartzen da urgentziazko eta etengabeko arretarako; gainerako zerbitzu arruntetan, berriz, arau orokor gisa, jaiegun batean izan ohi den estaldura-maila ezartzen da.

Azaldutakoaren ondorioz, foru agindu honen helburua da arautzea, 2026ko azaroaren 11n egitekoa den greba dela eta, gaixorik dauden eta istripua izan duten pertsonak anbulantzian garraiatzeko zerbitzuei dagozkien funtsezko gutxieneko zerbitzuak, bai eta Osasun Departamentuko osasun zentro eta establezimenduentzat hirugarrenek ematen dituzten zerbitzuei dagozkienak ere. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzean aintzat hartu da, batik bat, ezinbestekoak direla herritarren osasun beharrei era egokian erantzuteko. Argudio horiek ikusita, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea iragarritako grebak dirauen bitartean.

Gaixorik dauden eta istripua izan duten pertsonak anbulantzian garraiatzeko zerbitzuei dagokienez, bat etorriz gaixoak eta istripua izan duten pertsonak anbulantzian garraiatzeko funtsezko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituen azaroaren 13ko 498/1995 Foru Dekretuaren 1. artikuluarekin:

"Osasun garraioaren sektorean greba egitean, gaixoak garraiatzeko funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuko dira:

a) Ondoren zehazten diren tratamenduetarako, garraioen %100 eginen dira:

–Kimioterapia.

–Erradioterapia.

–Hemodialisia.

b) SOS-NAFARROAk eskatutako larrialdi zerbitzuak ere %100ean eginen dira, eta, beraz, itxaron-baseetako anbulantziek 24 orduz emanen dute zerbitzua.

c) Ondoren zehazten diren zerbitzuak ere %100ean eginen dira:

–Pazienteak kontsulta medikoetara eramatea.

–Ospitaleko altak.

–Pazienteak zentro batetik bestera eramatea".

Gainerako gutxieneko zerbitzuak ezartzean, oxigenoterapia zerbitzuei eta etxeko bestelako arnas terapiei dagokienez, eta kontuan hartuz zerbitzu horien beharra duten erien ezaugarriak eta beharrezkotzat jotzen diren zerbitzuak ez emateak ekar litzakeen ondorio larriak, bermatu beharko da eguneko 24 orduetan arreta ematen zaiela sor daitezkeen presako abisuei.

Farmazia bulegoei dagokienez, Osasun Departamentuak etengabeko arreta farmazeutikoa bermatzen die herritarrei. Horretarako, egunero guardiako zerbitzuak eman behar dituzten farmazia bulegoak finkatzen ditu. Hortaz, guardiako farmaziak dira gutxieneko zerbitzuak emanen dituztenak.

Farmazia produktuak banatzeko handizkako biltegiei dagokienez, ezinbestekotzat jo da farmazia bulegoek eta behar bezala baimendutako farmazia zerbitzuek premiaz eskatzen dituzten sendagaien horniketa bermatzea.

Bestalde, laginen osasun garraioari dagokionez, beharrezkoa da Nafarroa osoko osasun zentroetatik eta kontsultategietatik erreferentziako laborategietaraino gauzatuko dela bermatzea, laginak ez hondatzeko eta erabiltzaileek eragozpenik ez izateko. Gainera, bermatu beharko da esterilizatu beharreko eta esterilizatutako tresna klinikoak kasuan kasuko osasun zentroetatik ateratzea eta haietara eramatea.

Hirugarrenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun zentro eta establezimenduetan ematen dituzten gainerako zerbitzuei dagokienez –zehazki, Nafarroako osasun zentro eta ospitaleetako segurtasun, mantentze, garbiketa eta elikadura zerbitzuak–, jaiegunetan izan ohi duten jarduerari dagozkion zerbitzuak mantendu beharko dituzte funtsezko gutxieneko zerbitzu gisa.

Azkenik, arropa garbitzeko zerbitzuari dagokionez, lanegun bateko baldintza berberetan eman beharko da, zerbitzuak duen ahalmenaren %100ean, bai kontratuen adjudikaziodun diren enpresek arropa garbia hornitzeari dagokionez, bai osasun zentro edo establezimenduetan zerbitzua ematen duten langileei dagokienez. Erabaki horren arrazoia da ospitaleratutako pazienteen kopurua eta arropaz hornitzeko beharrak ez direla aldatzen, eta ezin direla modulatu greba orokorreko egun batean egoteagatik. Horregatik, edozein lanegunetan banatu ohi den arropa banatu beharko da (beharrezko arropa-aldaketak egiteko behar den arropa banatu ohi da), eta zentroan arropa banatzeko dauden langileak ere berberak izan beharko dira.

Ondorioz, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluaren 2. paragrafoan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko beharrezko neurriak hartzen dituen ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoa,

AGINTZEN DUT:

1. 2026ko azaroaren 11rako iragarritako greba eginen da jarraian zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek mantentzen direla errespetatuz:

1.1. Nafarroako osasun garraioaren sektorean, funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuko dira:

a) Ondoren zehazten diren tratamenduetarako, garraioen %100 eginen dira:

–Kimioterapia.

–Erradioterapia.

–Hemodialisia.

b) SOS-NAFARROAk eskatutako larrialdi zerbitzuak ere %100ean eginen dira, eta, beraz, itxaron-baseetako anbulantziek 24 orduz emanen dute zerbitzua.

c) Ondoren zehazten diren zerbitzuak ere %100ean eginen dira:

–Pazienteak kontsulta medikoetara eramatea.

–Ospitaleko altak.

–Pazienteak zentro batetik bestera eramatea.

1.2. Oxigenoterapia zerbitzuei eta etxeko bestelako arnas terapiei dagokienez, bermatu beharko da eguneko 24 orduetan arreta ematen zaiela sor daitezkeen presako abisuei.

1.3. Farmazia produktuak banatzeko handizkako biltegiei dagokienez, beharrezkoa da farmazia bulegoek eta behar bezala baimendutako farmazia zerbitzuek premiaz eskatzen dituzten sendagaien horniketa bermatzea.

1.4. Guardiako zerbitzua ematen duten farmazia bulegoen zerbitzuaren ehuneko ehun bermatuko da.

1.5. Hirugarrenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun zentro eta establezimenduetan ematen dituzten zerbitzuei dagokienez –zehazki, Nafarroako osasun zentro eta ospitaleetako segurtasun, mantentze, garbiketa eta elikadura zerbitzuak–, jaiegunetan izan ohi duten jarduerari dagozkion zerbitzuak mantendu beharko dituzte funtsezko gutxieneko zerbitzu gisa.

1.6. Arropa garbitzeko zerbitzuari dagokionez, bermatuko da beste edozein lanegunetan banatzen den arropa kopuru bera banatzen dela eta kasuan kasuko osasun zentro edo establezimenduan gainerako lanegunetan izan ohi den langile kopuru bera egonen dela.

2. Foru agindu honetan jasotako funtsezko zerbitzuei dagokienez, ukituriko enpresetan horretarako izendatzen diren langileek egin beharko dituzte, eta zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea legez kontrakotzat joko da eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Greba Batzordeari, Osasun Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzari, Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeatzailetzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Lizarrako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko Kudeatzailetzari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2026ko azaroaren 6an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F2614450