232. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

163E/2026 FORU AGINDUA, azaroaren 4koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema Sustapena 2027)" emateko deialdia. DDBN kodea: 939844.

Kultur Ekintza Zerbitzuak, aurkeztu duen txostenean, eskatu du "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema Sustapena 2027)" emateko deialdia onets dadila, haren oinarri arautzaileak onets daitezela, 20.000,00 euroko gastua baimen dadila, eta foru agindu hau Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema Sustapena 2027)" emateko deialdia.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaeren arabera:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334102: Generazinema: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak

2027

20.000,00

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdia eta bere oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) igortzea.

6. Europako Batzordeari helaraztea laguntza honi buruzko informazio laburtua, jakinarazpen elektronikoko sistemaren bidez, 2024ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, 20 laneguneko epean, indarrean jarri ondotik.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko azaroaren 4an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK. IKUS-ENTZUNEZKOEN SEKTOREAK JAIALDIETAN, AZOKETAN ETA BESTE EKITALDI PROFESIONAL BATZUETAN PARTE HARTZEKO LAGUNTZAK (GENERAZINEMA SUSTAPENA 2027) EMATEKO DEIALDIA

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da laguntza batzuk arautzea, banakako ebaluazioaren araubidean, Nafarroako ikus-entzunezkoen sektore profesionalak ikus-entzunezkoen sektorearekin lotutako jaialdietan, merkatuetan, azoketan eta ekitaldi profesionaletan parte har dezan, 2026ko azaroaren 1etik 2027ko irailaren 30era bitarte, biak barne.

1.2. Deialdiak helburu hauek ditu: Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorea nazioartekotzen laguntzea, film zinematografikoetarako eta ikus-entzunezko lanetarako finantzaketa iturriak, koprodukzioa, salmentarako agenteak eta banatzeko kanalak bilatzea eta, orobat, topaketa profesionalak sustatzea.

1.3. Eskaeraren xedeko parte-hartzearen helburua izanen da gutxienez film bat edo ikus-entzunezko lan bat sustatzea, proiektu fasean zein bukaturik dagoena. Bukaturik egonez gero, urtebeteko denbora muga dago Espainian komertzialki estreinatzen denetik eskaeraren xedeko ekitaldia hasten den egunera; ezin da muga hori gainditu.

1.4. Deialdi honetan bi modalitate daude:

A modalitatea: Goya sarietarako hautagai diren filmak, izendatutakoak edo saridunak sustatzeko berariaz diseinatutako ekintzak.

B modalitatea: Zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan, merkatuetan, azoketan eta ekitaldi profesionaletan parte hartzea.

1.5. Ekitaldi bakoitzerako, eskaera bereiziak aurkeztuko dira.

1.6. Banakako araubideko deialdia denez, eskatzaile berak beste eskaera batzuk aurkezten ahalko ditu lehenengoaren ondoren, betiere beste ekitaldi batzuetarako badira. Laguntza eskaera guztien baturak, osotara, muga izanen du 3.4 oinarrian eskatzaile bakoitzarentzat ezarritako gehienekoa.

1.7. Oinarri arautzaile hauen xede diren laguntzak bateragarriak dira barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuaren arabera, bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 54. artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

2. Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek jasotzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, gutxienez 2026ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate.

Entitate horiek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izan behar dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2026ko urtarrilaren 1etik. Gainera, entitate horien sozietate agirietan edo estatutuetan, haien xede edo helburu sozialen artean, ikus-entzunezkoei edo zinemagintzari loturiko jarduerak egitea agertu beharko da.

2.2. Pertsona fisikoen kasuan, eskatzaileek izan behar dute laguntza eskaeraren xede den ekitaldian sustatuko den/diren filmaren/filmen titularra den ekoiztetxeko lantalde artistiko edo teknikoaren parte.

2.3. Pertsona juridikoen kasuan, eskatzaileek izan behar dute laguntza eskaeraren xede den ekitaldian sustatuko den/diren filmaren/filmen titularrak diren ekoiztetxeak. Koprodukzioetan, ekoiztetxe eskatzaileak filmaren titulartasunaren %20 izan beharko du gutxienez.

2.4. Aurreko atalean aipatutako pertsona fisiko eta juridikoek ekoizle gisa inskribatuta egon beharko dute, eskaera egiten denean, ICAAren Zinemagintzako eta Ikus-entzunezko Enpresen Erregistroan.

2.5. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako entitate hauek:

a) Toki entitateak, haien erakunde autonomoak eta partaidetzaren gehiengoa Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateena duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2027ko aurrekontuetan xede bererako partida izenduna duten entitateak.

c) Ikastetxeak edo arte irakaskuntzetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta lanbide elkarteak.

e) Ikus-entzunezkoen sektorearekin lotutako jaialdiak, merkatuak, azokak eta ekitaldi profesionalak.

2.6. Pertsona eta entitate onuradunek bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Ezin dira izan onuradunak aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeretako batean dauden pertsonak eta entitateak.

2.7. Pertsona edo entitate eskatzaileek ezin izanen dute laguntzen deialdian parte hartu baldin eta zehatu edo kondenatu badituzte, administrazio ebazpen irmo baten edo epai judizial irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.8. Ezin izanen dira onuradun izan krisian dauden enpresak, bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 artikuluan xedatuarekin (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

3. Aurrekontu-kontsignazioa eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honetara, guztira, 20.000 euro bideratuko dira, "Generazinema: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak" izeneko A20002 A2500 4709 334102 partidaren edo haren baliokidea den Nafarroako 2027ko Gastuen Aurrekontuko partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

3.2. Modalitateka, aurrekontua honela banatuko da:

–A modalitatea: Goya sarietarako hautagai diren filmak, izendatutakoak edo saridunak sustatzeko berariaz diseinatutako ekintzak: 5.000 euro.

–B modalitatea: Zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan, merkatuetan, azoketan eta ekitaldi profesionaletan parte hartzea: 15.000 euro.

3.3. Laguntzek ez dute inola ere gaindituko onartutako guztizko aurrekontuaren %70. Eskaera bakoitzeko, gehienez ere laguntza hauek emanen dira:

–A modalitatea: Goya sarietarako hautagai diren filmak, izendatutakoak edo saridunak sustatzeko berariaz diseinatutako ekintzak: 3.000 euro.

–B modalitatea: Zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan, merkatuetan, azoketan eta ekitaldi profesionaletan parte hartzea: 2.000 euro.

3.4. Eskatzaile bakoitzeko, gehienez ere 5.000 eurokoa izanen da laguntza.

3.5. 10.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatu da, zeina eraginkorra izanen baita baldin eta beste deialdi batzuetan, "Generazinema: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak" izeneko A20002 A2500 4709 334102 partidaren edo haren baliokidea den Nafarroako 2027ko Gastuen Aurrekontuko partidaren kargura kreditu egokia eta nahikoa egonez gero ordainduko direnetan, onartutako obligazioak ez badira iristen deialdi horietarako onetsitako zenbatekoetara. Kopuru gehigarri hori eraginkorra izan dadin, aipatu inguruabarra gertatzearen ondoriozko kreditu gehigarria baimendu beharko da. Hori onetsi eta argitaratu beharko da deialdi honetako eskaerak aurkezteko ezarrita dagoen epea bukatu baino lehen.

Gastu gehigarria baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

3.6. Onartutako aurrekontua honako honen emaitza izanen da: pertsona edo entitate eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua ken berreskuratzen ahal duen BEZari dagozkion zenbatekoak eta, hala denean, deialdi honen 5. oinarrian xedatutakoaren arabera diruz lagungarritzat jotzen ez diren gastuak.

3.7. Aipatutako mugak betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion minorazioa aplikatuta, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean eta, betiere, 3.3 eta 3.4 oinarrietan ezarritako mugekin.

3.8. A modalitaterako dagoen kreditua agortzen ez bada, modalitate horretako gainerako dirua B modalitatearen zenbatekoari gehituko zaio.

3.9. Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko dira eta, beraz, eskaerak aurkeztu ahala tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.10. Pertsona edo entitate onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, dirulaguntzarik jaso ez duen hurrengo pertsona edo entitate eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.

3.11. Aurrekontuko dirua deialdi honetan ezarritako epealdien barruan agortzen bada, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak itxitzat emanen du eskaerak onartzeko epea, horretarako ezarritako funtsak amaitu direla-eta. Horretarako ematen den ebazpena argitara emanen da, tramiteen bilatzaileko "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema Sustapena 2027)" izeneko deialdiaren fitxaren bidez.

4. Eskaerak eta behar den dokumentazioa aurkeztea.

4.1. Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2027ko irailaren 30era arte (egun hori barne).

4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

Pertsona juridikoek eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo tramiteen bilatzaileko "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema Sustapena 2027)" izeneko deialdiaren fitxaren bidez. Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEB) adierazi beharko da, bide hori erabiliko baita zerbitzu arduradunaren eta entitate eskatzaileen arteko komunikazio eta jakinarazpenetarako.

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

Eskaeraren eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira; horiek guztiak eskuragarri izanen dira tramiteen bilatzaileko "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema Sustapena 2027)" izeneko deialdiaren fitxan.

4.3. Eskaerarekin batera (I.A eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izanen da), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

4.3.1. Dokumentazio orokorra:

a) Eskaera aurkezteko unean ICAAren Zinemagintzako eta Ikus-entzunezko Enpresen Erregistroan alta emanda dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

I. Pertsona fisikoak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakiarena, hurrenez hurren.

II. Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

III. Merkataritza sozietateen kasuan: eraketa eskrituraren kopia edo, hala denean, estatutuen aldaketarena, eta Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioaren eta identifikazio fiskaleko kodearen kopiak.

4.3.2. Dokumentazio berariazkoa:

a) I. eranskina, Excel formatuan, laguntzaren xede den proiektuaren informazio teknikoa eta ekonomikoa jasotzen duena.

Fitxategian sartu beharreko edukiak:

Aurrekontu diruz lagungarria: soilik sartuko dira 2026ko azaroaren 1etik 2027ko irailaren 30era bitarteko aldiari (bi egun horiek barne) dagozkion gastuak eta 5. oinarrian gastu diruz lagungarritzat jotzen diren kontzeptuak. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

Oharrak: 5.1.a) epigrafean (ostatu, mantenu –bazkaria/afaria– eta joan-etorrietarako gastuak) jasotako zenbatekoak ulertzeko argibide egokiak idatziko dira.

Onartutako aurrekontua: emandako informaziotik abiatuta, onartutako aurrekontutzat hartzen ahal den zenbatekoaren kalkulu automatikoa eginen du Excel dokumentuak. Organo kudeatzaileak azterketa teknikoa egin ondoren berretsiko da.

I.A eranskina (Eskaera), sinatua eta PDF formatuan.

I.B eranskina (Proiektuari buruzko informazioa), non jasoko baitira proiektuaren garapenean aurreikusi diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta deialdi honen 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak betetzeari buruzko informazioa.

b) Memoria, non deskribatuko baitira ekitaldia, proiektua osatzen duten pertsonak eta ekintzak, bai eta proiektua eta eskatzailearen ibilbidea baloratzeko garrantzitsutzat jotzen den edozein informazio ere.

c) A modalitatean: filma Goya sarietarako hautagaia dela, izendatu dutela eta/edo saria jaso duela frogatzen duen dokumentazioa.

d) B modalitatean: eskatzailearen ibilbidea eta jarduna frogatzen dituen dokumentazioa.

e) Eskatzaileak sustapenaren xede den/diren filmaren/filmen ekoizpenarekin duen lotura egiaztatzen duen dokumentazioa, 2.2 eta 2.3 oinarriekin bat (kasuaren arabera).

f) Kasua bada, filmak Nafarroarekin lotura daukala frogatzen duen dokumentazioa.

g) Eskaera telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.4. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko beste deialdiren batean parte hartu duten pertsona edo entitate eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko 4.3.1 oinarrian aipatzen diren agiriak, non eta ez den agiri horietan aldaketaren bat gertatu.

4.5. Dirulaguntza eskaera aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, pertsona edo entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio akatsa zuzen dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, 10 egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, eta, halaber, adieraziko zaio hala egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

Dokumentazioa aurkeztu ahala ebaluatuko dira eskaerak eta esleituko da dirulaguntza, ebaluazio horretatik ondorioztatzen den neurriaren araberakoa, horretarako aurrekontu kreditua dagoen bitartean.

4.6. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie pertsona edo entitate eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira.

Eskatzaileak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek onartuko dira dirulaguntzarako:

a) Eskaeraren xede den ekitaldiko akreditazio edo izen-emate kuotaren ordainketa, gehienez ere bi pertsonarenak.

b) Ekitaldiko ostatu, mantenu eta joan-etorrietarako gastuak, gehienez bi pertsonarenak, honako muga hauek gainditu gabe:

I. Ostatu-hartzea: gehienez 120 euro pertsona eta eguneko. Fakturan gaua igarotzen duten pertsonen datuak jaso beharko dira.

II. Mantenua: gehienez 60 euro pertsona eta eguneko (bazkarietarako eta afarietarako bakarrik). Fakturen zerrendan adierazi behar da gastua zenbat pertsonari dagokien.

III. Joan-etorriak:

–Norberaren ibilgailua erabiliz gero, 0,35 euro ordainduko dira kilometroko, gehi aparkalekuen eta bidesarien gastuak.

–Alokatutako ibilgailu bat erabiltzen bada, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira alokairuaren kostua eta erregaia.

–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da. Gainera, diruz lagungarritzat hartuko dira herri barruko ibilbideetarako taxi edo AIG gastuak.

c) Erakustokia alokatzea eta egokitzea.

d) Komunikazioa eta publizitatea: sustapenaren xede den/diren filmaren/filmen komunikazio eta publizitate gastuak, hala nola:

–Prentsa eta komunikazio agenteak kontratatzeko gastuak.

–Argitalpenen edizioa, edozein euskarritan.

–Publizitate kanpainen gastuak.

–Zabalkunde edo komunikazio elementuetarako diseinu grafikoaren gastuak.

–Zabalkunderako edo komunikaziorako bideoen edo ikus-entzunezko piezen edizio gastuak.

–Sustapen materialen, seinaletika euskarrien eta dekorazioaren gastuak.

e) Sustapenaren xede den/diren filmaren/filmen azpidatziak, betiere laguntza eskatzen den ekitaldirako beharrezkoak badira.

f) Sustapenaren xede den/diren filmaren/filmen DCP kopiak sortzea, betiere laguntza eskatzen den ekitaldirako beharrezkoak badira.

A modalitatean, gainera:

g) Filma emateko eta sustatzeko espazioak alokatzea.

h) Protokolozko ekitaldiak, hala nola koktelak eta antzeko ekitaldiak, gehienez 600 euro.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) 5.1 oinarrian adierazitako arloei ezin egotzi zaizkien gastu kontzeptuak, proiektuarentzat nahikoa beharrezkoak ez direnak edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

d) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

e) Elikagaien, edarien edo antzekoen gastuak, ez direnak jatetxe edo catering enpresek fakturatutako gastuak.

f) Amortizazio gastuak.

g) Tributuen gastuak.

6. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

6.1. Deialdi honen bidez dirulaguntza lortzea bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak xede eta helburu bererako 2027. urtean eman dezakeen beste batekin.

6.2. Halere, dirulaguntza hau bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, 2027. urtean, xede eta helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

6.3. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Eskaerak tramitatzeko eta ebaluatzeko ardura duen organoa Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atala da. Ebaluazio prozesu osoan zehar, eskatzaileak agertzeko eskatzen ahal da, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

7.2. Organo kudeatzaileak deialdian onartua izateko bete beharreko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.5 oinarrian zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

7.3. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak banakako ebaluazioa egin eta deialdiaren ebazpen proposamena prestatuko du.

8. Proiektuen balorazioa.

8.1. A modalitateko balorazio irizpideak honako hauek izanen dira:

8.1.1. Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren (Zinemaren Akademia) hautaketa prozesua, gehienez 40 puntu:

–Izendatuta egon den sarietako bat bereganatu badu filmak: 40 puntu.

–Filma izendapenaren fasera heldu bada eta gero saririk jaso ez badu: 30 puntu.

–Filma hautagaia izan bada, baina izendapenik eduki ez badu: 20 puntu.

8.1.2. Kanpainaren kalitatea (gehienez 60 puntu):

–Eragin mediatikoa eta oihartzuna (kontuan edukiko dira hedabide guztietan –telebista, irratia, prentsa orokorra eta espezializatua, blog profesionalak, etab.– agertzen diren elkarrizketak, artikuluak, kritikak, etab., baita publizitate ekintzak eta sare sozialetako ekintzak ere): gehienez 30 puntu.

–Kanpainaren originaltasuna, eta material grafikoen eta ikus-entzunezko materialen kalitatea: gehienez 30 puntu.

8.2. B modalitateko balorazio irizpideak honako hauek izanen dira:

8.2.1. Ekitaldiaren ezaugarriak eta bertan nola hartzen den parte (gehienez 45 puntu):

–Laguntza eskaeraren xede den ekitaldi profesionalaren ezaugarriak eta eragin esparrua, gehienez 20 puntu:

  • 10 puntu, esparru nazionalekoa bada.
  • 20 puntu, nazioartekoa bada.

–Nola hartzen den parte laguntzaren xede den ekitaldian (gehienez 25 puntu):

  • 10 puntu, administrazio publiko baten eskutik garapenerako edo ekoizpenerako dirulaguntza jaso duen proiektu batekin parte hartzen bada.
  • 10 puntu, Navarra Film Industryk programatutako jardueraren batean parte hartzen bada, marka horrek koordinatutako Nafarroako ordezkaritza bat dagoen ekitaldiren batean (ekitaldi horiek https://www.navarrafilmindustry.com/eu/nfi-presentzia-duten-jaialdi-eta-merkatuak webgunean zerrendatzen dira).
  • 5 puntu, proiektua (pitch) laguntza eskaeraren xede den ekitaldiak sustatutako foro batean aurkezten bada.

8.2.2. Eskatzailearen ibilbidea eta jarduna (gehienez 30 puntu):

a) Ibilbidea: 1 puntu eskatzaileak jardunean egindako urte oso bakoitzeko (gehienez 10 puntu). Eskatzaileak jardunari zer urtetan ekin zion egiaztatu behar da agiri bidez.

b) Jarduera: 2 puntu, azken 5 urteetan ekoitzitako edo banatutako film bakoitzeko (gehienez 10 puntu).

c) Dirulaguntzak: 2 puntu eskatzaileak Generazinema Garapena eta/edo Generazinema Ekoizpena deialdietan edo ICAAren ekoizpenerako laguntzen deialdian jasotako laguntza bakoitzeko eta/edo Navarra Shortzinema katalogorako izandako hautaketa bakoitzeko (gehienez 10 puntu).

8.2.3. Filmaren lotura Nafarroarekin (gehienez 25 puntu):

a) Filmaren zuzendaria Nafarroan erroldatuta badago: 15 puntu.

b) Filmaketa Nafarroan egitea edo Nafarroan ezarritako baliabideak baliatzea: 10 puntu. Atal honetan, honela emanen dira puntuak:

–Fikziozko filma bada, eta Nafarroan filmatu behar bada, gutxienez %40: 10 puntu.

–Dokumentala edo animaziozko filma bada, eta baliabide teknikoen eta giza baliabideen %40 gutxienez Nafarroan ezarrita badaude: 10 puntu.

8.3. Proiektuak ongi balioesteko, ezinbestekoa da eskatzaileak, eskaerarekin batera aurkeztutako memoriaren barnean, 8.1 eta 8.2 oinarrietan ezarritako irizpideei buruzko frogagiriak aurkeztea.

8.4. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio aurkeztutako proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

8.5. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

9. Laguntzak emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak emateko ebazpena Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera bakoitza jaso eta biharamunetik hasita. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Ebazpena pertsona eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta argitara emanen da tramiteen bilatzaileko "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema Sustapena 2027)" izeneko deialdiaren fitxan.

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona zein entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Ustezko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, administrazioaren isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Bat etorriz 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuko 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina), deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, aipatu legearen 25.1.f) artikuluan adierazten diren pertsonek eta entitateek egiten baldin badituzte, gizarte interesekotzat hartuko dira. Ondorio horietarako, eskatzaileek II. eranskina (Mezenasgoaren erantzukizunpeko adierazpena) bete beharko dute, zeina Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bidez betetzen eta izapidetzen ahalko baita.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, pertsona edo entitate onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritako baldintza eta betebeharrak eta, halaber, Kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritakoak (http://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5934571).

10.3. Era berean, proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgoko edo babesletzako ekarpenak jasotzen dituzten pertsona edo entitate onuradunek III. eranskineko "Finantzabideak" atalean adierazi beharko dituzte mezenasgoko edo babesletzako modalitateen bidez jasotako ekarpenak.

11. Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoek izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren adierazpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Gardentasun betebeharretarako ezarritako ereduak deialdiaren fitxaren bidez betetzen ahalko dira, hots, tramiteen bilatzaileko "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema Sustapena 2027)" izeneko deialdiaren fitxan.

11.3. Betebehar hori dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

11.4. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

11.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

11.6. Gainera, pertsona edo entitate onuradunak betebehar hauek edukiko ditu:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

b) Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek horretarako baimena eman dezan aldez aurretik, baldin eta aldaketak funtsezko alteraziorik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko, behar bezala ikuskatuak edukitzea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, betiere pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatzearen eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

h) Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatzen bada, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.

11.7. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad" (https://igualdad.iturbrok.com/imprimir/1,1864/Gu%C3%ADa%20sobre%20estrategias%20de%20comunicaci%C3%B3n%20incluyente.%20El%20g%C3%A9nero%20como%20prioridad/).

12. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Ordainketa.

Oro har, behin pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2027ko urriaren 31 izanen da (egun hori barne).

Justifikazioa egiteko, pertsona edo entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu (III. eranskina bertako jarraibideen orrian azaltzen den bezala bete behar da):

a) III. eranskina (Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena) Excel formatuan, gastua justifikatzeko prozesuarekin lotutako informazioa jasotzen duena.

Fitxategian eduki hauek sartu behar dira:

Fakturen zerrenda: diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua. Bertan, honako hauek adieraziko dira: fakturaren zenbakia eta data; hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFKa; fakturaren kontzeptua; guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta (kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo daudela balio erantsiaren gaineko zerga, ekoiztetxe eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, antzeko beste zerga batzuk eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data.

Nafarroan egindako gastutzat jotzen den zenbatekoaren zatia bereizita jasoko da.

Finantzabideak: finantzabideak eta benetan emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).

Azken memorien datuak: epigrafe honetako c) eta d) ataletako memorietan zehaztutako datu espezifikoak biltzen dira.

Aitortzen den diruz lagundutako gastua: proiektuari lotutako gastuen guztizko zenbatekoa epigrafeka. Diruz lagun daitezkeen gastu guztiak sartzen dira, 1.1 oinarrian ezarritako epearen barnekoak betiere.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta ordainagiriak. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, aurreko ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

Egindako gastutzat joko da oinarri hauetan adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Faktura eta frogagiri horiek Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak beharko dira.http://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5927824). Kanpo gelditzen dira, berariaz, hartze agiriak, aurrekontuak eta albaranak.

Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, tiketen, fakturen edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein agiri).

Gastuen eta ordainketen frogagiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, III. eranskinean agertzen diren hurrenkeran antolatuta.

c) Egindako jarduera azaltzen duen memoria, proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena barne; hartan adieraziko da zenbateraino bete diren hasieran aurkeztutako deskripzio memorian adierazitako helburuak.

d) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Gastuen eta ordainketen frogagiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, III. eranskinean agertzen diren hurrenkeran antolatuta.

12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

12.3. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

12.4. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

13. Kobratzeko eskubidea galtzea eta dirua itzultzea.

13.1. Entitate onuradunek betetzen ez badute dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osorik edo zati bat, edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko dute, osorik edo zati bat, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

13.2. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

13.3. Justifikazio betebeharra 12.1 oinarrian zehaztutako epearen barruan betetzen ez bada, honako mailakatze irizpide hau hartuko da kontuan bereziki:

–Egiaztagiriak azaroaren 13a baino geroago baina abenduaren 1a bitarte (egun hori barne) aurkezten badira, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da gehienez, epez kanpo aurkeztu arte igaro diren egunen kopuruaren proportzioan.

–Egiaztagiriak abenduaren 1a baino geroago aurkezten badira, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

14. Datu pertsonalen babesa.

14.1. Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak eman eta kudeatzeko, bai eta, haien jarraipena eta kontrola egiteko ere.

14.2. Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan.

16. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

Iragarkiaren kodea: F2614398