231. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

120E/2026 FORU AGINDUA, azaroaren 5ekoa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean salgaien errepide-garraioaren gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2026ko azaroaren 11ko iragarritako greba orokorra dela eta.

Zenbait erakunde sindikalek greba orokorrerako deia egin dute Nafarroako Foru Komunitatean, 2026ko azaroaren 11rako.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Lan harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluak ahalmena ematen dio Administrazioari behar diren neurriak har ditzan edozein motatako zerbitzu publikoak–premia bizikoak eta atzeraezinak direnak– emateko ardura duten enpresetan zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak manu horri eman dion interpretazioaren arabera, langileek greba egiteko duten funtsezko eskubidearen murrizketa hori modu orekatuan aplikatu behar da, hots, gutxieneko funtsezko zerbitzuen ezarpenaren eta greba-eskubidea sakrifikatzearen arteko oreka bilatu behar da, funtsezko eskubideak babesten direla bermatuz, hots, alde batetik, langileek greba egiteko duten eskubidea, eta bestetik, erkidegoak funtsezko zerbitzuak izateko duen eskubidea, eta, betiere, batzuei eta besteei neurriz kanpoko sakrifiziorik eragin gabe.

Konstituzio Auzitegiaren 1981eko uztailaren 17ko epaitik ondorioztatzen denez (RTC 1981\26), funtsezkoa da erkidegoaren bizitza ordenatu eta antolaturako behar diren salgaiak banatzea.

Hori dela eta, Nafarroako salgaien errepide-garraioaren eta logistikako operadoreen sektoreko greba-deialdiaren aurrean, Nafarroako Foru Komunitateko salgaien garraio zerbitzuak ezin dira erabat geldirik geratu, horrek eragin negatiboa izanen lukeelako gizartearen beste sektore batzuetan, eta funtsezko beste zerbitzu batzuen funtzionamenduari ere eragiten ahal diolako, gizartearen interes orokorrei kalte larriak eraginez, ahaztu gabe ezen greba-eskubidea bateragarria izan behar dela gatazkatik kanpo dauden eta iragarritako grebaren ondorioz kaltetuak gertatzen diren herritarren funtsezko eskubideekin. Hala, sektore horretako jarduera eteteak eragina izan dezake Konstituzioak babesten dituen beste eskubide batzuetan, hala nola osasunerako eskubidean, zirkulazio askatasunaren eskubidean edo elikagaiez hornitzeko aukera izateko eskubidean.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenak baliatuz.

Horregatik, zenbait sindikatuk 2026ko azaroaren 11rako antolatu duten greba orokorra dela-eta, Garraioaren Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatu du Nafarroako Foru Komunitatean salgaien errepide-garraioaren gutxieneko zerbitzuak ezartzea, behar den foru aginduaren bidez.

Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, kontuan hartu dira greba-deialdiaren irismena (greba orokorra izanen da) eta salgaien kategoria jakin batzuen hornidura eta banaketa bermatu beharra.

Nafarroako Foru Komunitatean, salgaien garraioa batez ere errepidez egiten da, eta hori kontuan hartu behar da gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan, zeren eta hornidura beharrei behar bezala erantzuteko dauden garraiobide alternatiboak ez baitira aski.

Deialdi honen ezaugarriak eta egindako oharrak ikusita, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egokitzat jotzen du zerbitzu hauek gutxienekotzat hartzea:

–Lagin analitikoak eta esterilizatutako eta esterilizatu beharreko tresneria klinikoa garraiatzea osasun zentroetara eta osasun zentroetatik.

–Establezimendu sanitarioak eta farmazeutikoak hornitzeko ezinbestekoak diren salgaien garraioa.

–Ikastetxeetako jantokiak hornitzeko ezinbestekoak diren salgaien garraioa.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1997 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoa, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Zenbait sindikatuk Nafarroako Foru Komunitatean 2026ko azaroaren 11ko iragarritako greba orokorra egitean, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira salgaien errepide-garraioari dagokionez:

–Lagin analitikoak eta esterilizatutako eta esterilizatu beharreko tresneria klinikoa garraiatzea osasun zentroetara eta osasun zentroetatik.

–Establezimendu sanitarioak eta farmazeutikoak hornitzeko ezinbestekoak diren salgaiak garraiatzea.

–Ikastetxeetako jantokiak hornitzeko ezinbestekoak diren salgaiak garraiatzea.

2. Aipatutako zerbitzuak eginen direla bermatzeko behar beste langilek egon beharko dute jardunean; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau jakinaraztea grebarako deia egin duten sindikatuei, ANETi (Nafarroako Errepide bidezko Garraioko eta Logistikako Enpresaburuen Elkartea), TRADISNAri (Nafarroako Garraiolarien Elkartea), Osasun Departamentuari eta Hezkuntza Departamentuari, eta Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2026ko azaroaren 5ean.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2614422