Iragarkia
231. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
164E/2026 FORU AGINDUA, azaroaren 4koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita dirulaguntza batzuk emateko, norgehiagokako araubidean, Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei, hain zuzen, oso-osorik Nafarroako Foru Komunitatean egin gabe ere, 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren liga ofizialetan –nazionalak edo autonomia erkidegoen artekoak– parte hartzen duten taldeengatik. DDBN kodea: 939873.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera, kirola herritarren eskubidea da, eta interes publikoko gizarte jarduera, laguntzen duena pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi-kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta barne-lotura errazten ditu, osasun publikoa hobetzen du, eta garapen ekonomikoa sustatzen.
Foru legeak goi mailako kirol jarduera jorratzen du, zeinak, oinarrizko kirol praktikarako pizgarria izateaz gain, Foru Komunitatea Espainian eta nazioartean ordezkatu eta sustatzen laguntzen baitu.
Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza guztien araubide juridiko orokorra, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, baita dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.
Sailkapen zehatzagoa lortzeko, deialdi honen oinarri arautzaileetan aldatu egin da diruz lagundu beharreko lehiaketa eta talde motak sailkatzeko irizpidea, eta, horrela, horretarako funtsezko printzipioak dirulaguntza eskatu duten kirol kluben eta kirol klub filialen aurrekontua eta lehiaketa-maila izanen dira; horrekin batera, zehaztu dira laguntza emateko irizpideak, eskaerak aurkezteko epeak eta aurkeztu beharreko justifikazio-agiriak.
Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, zeinek adierazten baitute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera eta erabiliz Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak.
AGINTZEN DUT:
1. Oinarri arautzaileak onestea deialdi honetarako: deialdia, dirulaguntza batzuk emateko, norgehiagokako araubidean, Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei, hain zuzen, oso-osorik Nafarroako Foru Komunitatean egin gabe ere, 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren liga ofizialetan –nazionalak edo autonomia erkidegoen artekoak– parte hartzen duten taldeengatik.
Betiere, laguntzak emateko, aurrekontu-kontsignazioa beharko da.
2. Deialdi honetarako, 2.700.000 euroko gastua baimentzea. Diru hori "Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak" izeneko A50003 A5200 4819 336102 partidari egotziko zaio, edo 2027rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaitzen den partida baliokideari.
3. Foru agindu hau eta 1. eta 2. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentazio hau guztia eta 3., 4., 5., 6., 7., 8., 9.eta 10. eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian.
4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.
5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora.
Iruñean, 2026ko azaroaren 4an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
1.1. Oinarri hauen xedea da dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko prozedura ezartzea, 3.000.000 eurotik beherako aurrekontuak dituzten Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei laguntzeko, baldin eta talderik badute parte hartzen duenik 2026-2027 kirol denboraldian, Nafarroako Foru Komunitatean egiten ez diren lehiaketa ofizialetan –nazionaletan zein autonomia erkidegoen artekoetan–, hain zuzen ere, 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren lehiaketetan. Aintzat hartuko dira, deialdiaren epeen barnean ez badaude ere, denboraldi horretakoak diren jardunaldiak, beste deialdi batzuetan jasota ez badaude.
Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek dira lehiaketa ofizial nazionalak edo autonomia erkidegoen artekoak:
–Liga ofizial nazionalak edo autonomia erkidegoen artekoak, kategoria absolutukoak, zeinetan talde guztiek elkarren kontra jokatzen duten, federazio bakoitzak aurrez ezarritako egutegi "itxi" baten arabera eta egutegiko proba jakin batzuetan beren hautura parte hartzeko aukerarik izan gabe; liga horiek lehiaketako 10 jardunaldi izan beharko dituzte, gutxienez, kirol kolektiboetan, eta lehiaketako 3 jardunaldi, gutxienez, banakako kiroletan, asteburu berean jokatu behar ez direnak.
–Salbuespen gisa, autonomia erkidego mugakideek kategoria absolutuan antolatutako liga ofizialak ere kontuan hartuko dira, baldin eta Nafarroan modalitate eta kategoria horretako ligarik ez badago.
Diruz laguntzen ahalko da, era berean, taldeek liga nazionaletan eta erkidegoen artekoetan eta beste autonomia erkidego mugakide batzuek antolatutako liga ofizialetan parte hartzea, baldin eta Nafarroan horretarako ligarik ez badago, maila baxuagoetan edo handiagoetan.
Azkenik, diruz laguntzen ahalko da taldeek liga nazionaletan parte hartzea, baldin eta liga horien antolaketa Nafarroako Foru Komunitateko edo beste autonomia erkidego batzuetako kirol federazioei eskuordetu bazaie eta Nafarroa ez den beste erkidego batzuetako talde parte-hartzaileen kopurua gutxienez %50ekoa bada.
1.2. Deialdi honetan ez dira diruz lagunduko honako hauek:
–Liga nazionaletan eta autonomia erkidegoen artekoetan parte hartzen duten eta aurrekontua 3.000.000 eurotik gorakoa duten taldeak.
–Parte hartzea "play-off" lehiaketetan edo igoera, promozio eta sektoreko faseetan edo titulua lortzeko finalean, Erregearen edo Erreginaren kopetan edo antzeko kopetan.
–Kirol Kontseilu Gorenaren 2026ko martxoaren 23ko Ebazpenaren arabera (edo hura ordezten duen araudiaren arabera) diruz lagungarriak ez diren kirol modalitateetako lehiaketak (10. eranskina). Ebazpen horren bidez onetsi zen Kirol Kontseilu Gorenaren dirulaguntza deialdien bidez finantza daitezkeen modalitate, espezialitate eta kirol proben katalogoa. Salbuespen horrek ez du eraginik izanen kirol autoktonoko modalitateetan, ez eta kirol egokitukoetan ere.
1.3. Dirulaguntza horiek emanda, xedea da klub horiei laguntzea haien taldeek lehiaketa nazionaletan eta autonomia erkidegoen artekoetan parte hartzeak sortzen dizkien gastuak neurri batean ordaintzen.
2. Onuradunak eta betebeharrak.
2.1. Deialdi honetan parte har dezakete Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribaturik dauden irabazi-asmorik gabeko kirol klubek eta kirol klub filialek, baldin eta kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioei atxikita badaude eta 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitarte parte hartzen badute 3. oinarrian aipatzen diren Espainiako, autonomia erkidegoko eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizialetan. Nafarroako kirol federaziorik ez badago, kasuan kasuko klubek aukera izanen dute deialdi honetan parte hartzeko, baldin eta federazio lizentziak lortu badituzte aurretik Espainiako Federazioan zuzenean.
2.2. Klub bat dirulaguntza honen onuradun izan dadin, inskribatuta egon beharko du Nafarroako Kirolaren Erregistroan, eta klubeko jokalariek kirol lizentzia izan beharko dute, dena delako kirol modalitatearen Nafarroako federazioak emana.
2.3. Kirol klubak eta kirol klub filialak ezin izanen dira deialdi honen xede diren dirulaguntzen onuradun izan baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean badaude, eta, berariaz, baldin eta apustuetan aritzen diren enpresek (barne direla apustu-makinak erabiltzen dituzten enpresak) finantzatu eta/edo partzialki babesten badituzte. Halaber, deialdi honetatik bazter utziko dira halako enpresen edozein publizitate mota duten klubak, dela jarduera egin behar den instalazioetan, dela parte-hartzaileen ekipamenduetan eta materialean.
2.4. Eskatzailea ezin izanen da egon zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik.
2.5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.
3. Lehiaketa diruz lagungarriak.
Deialdi honen ondorioetarako, eta taldeen lehiaketa-mailaren arabera dirulaguntzak zenbatesteko, lehiaketa diruz lagungarriak honako lehiaketa-maila hauen arabera sailkatuko dira:
1. maila.–Atal honetan dirulaguntza emanen zaie lehiaketa nazionaleko maila goreneko liga ofizialetan, kategoria absolutuan, parte hartzen duten taldeei.
2. maila.–Atal honetan dirulaguntza emanen zaie lehiaketa nazionaleko bigarren mailako liga ofizialetan, kategoria absolutuan, parte hartzen duten taldeei. Hau da, lehiaketa nazionaleko maila gorenetik behera dagoen hurrengo maila.
3. maila.–Atal honetan dirulaguntza emanen zaie lehiaketa nazionaleko hirugarren mailako liga ofizialetan, kategoria absolutuan, parte hartzen duten taldeei.
4. maila.–Atal honetan dirulaguntza emanen zaie lehiaketa nazionaleko edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizialetan, kategoria absolutuan, gainerako mailetan (beheragokoak eta 1., 2. eta 3. puntuetan jaso gabeak) parte hartzen duten taldeei. Era berean, maila honetan dirulaguntza emanen zaie autonomia erkidego mugakideetako liga ofizialetan, kategoria absolutuan, parte hartzen duten taldeei, Nafarroan liga bat egin ahal izateko talde nahikorik ez dagoenean.
4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
4.1. Deialdi honetarako onetsitako gastua 2.700.000 eurokoa da, eta "Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak" izeneko A50003 A5200 4819 336102 partidari edo 2027rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaitzen den partida baliokideari egotziko zaio.
Eman beharreko zenbatekoak zehazteko, 2. eranskinean ezarritako baremoari eta irizpideei jarraituko zaie, muga hauekin: kasuan kasuko lehiaketan parte hartzean sortutako defizita eta kontzeptu diruz lagungarriengatik aurkezten den aurrekontua.
5. Dirulaguntza jaso dezaketen kontzeptuak.
Oinarri arautzaile hauen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak, jarduera betetzeko beharrezkoak direnak eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten direnak. Zehazki, honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:
–Inskripzioak eta lizentziak. Atal honetan sartzen dira federazioei egiten zaizkien ordainketak ligetan parte hartzeagatik eta lizentzien kuotengatik, eta lehiaketarekin lotutako beste federazio kuota batzuengatik, bai eta mutualitateenak ere. Inola ere ez dira sartuko kluben arteko eskualdatzeen fitxaketak edo nazioarteko federazioei egindako transferrak.
–Arbitrajeak.
–Instalazioen erabilera eta alokairua edo klubaren beraren instalazioak erabiltzearen ondoriozko gastuak.
Alokairu gastuetan onartuko dira soilik taldeak lehiaketan parte hartzeko eta kasuan kasuko kirol modalitateari dagozkion entrenamenduetarako erabiltzen dituen instalazioen alokairuko fakturak.
Klubaren instalazioak erabiltzen badira, erabilera gastuetan mantentze-lanetako gastuak sartzen dira, baina inola ere ez dira onartuko material ez-suntsikorrak edo inbentariagarriak, ezta beste kontzeptu batzuetan sartutako gastuak ere. Kalkulatu diren gastu horiei aplikatu behar zaie kasuan kasuko taldeari instalazioak erabiltzeagatik dagokion portzentajea, behar bezala justifikatuta eta arrazoituta. Klub bakoitzak zenbatetsi beharko du, merkatuko prezioen barruan betiere, orduko prezioa, erreferentzia gisa hartuz Nafarroan eta probintzia mugakideetan ezaugarri berdintsuak dituzten erabilera publikoko instalazioak. Era berean, instalazioak entrenamenduetarako eta lehiaketetarako erabiltzeagatik egotzitako ordu kopuruak koherentea izan beharko du.
–Segurtasun pribatua eta anbulantziak. Atal honetan sartuko dira lehiaketarako nahitaezko gastuak.
–Teknikarien kidegoa: entrenatzaileak, zuzendari teknikoak, prestatzaile fisikoa, fisioterapeutak, laguntzaileak, nutrizionista, masajista eta medikua kontratatzea. Kontratazioa dagoela ulertuko da baldin eta nomina duen lan-kontratu bat badago, kluba eta langilea lotzen dituena, edo zerbitzu jakin baterako kontratu bat badago, dagokion fakturarekin (BEZa barne, legeak hala jasotzen duenean). Nomina bat egonez gero, diruz laguntzen ahalko dira hala zenbateko gordin osoa nola enpresaren kargurako gizarte segurantza. Indarrean dagoen denboraldiko lehiaketaldian entrenatzaileentzako etxebizitzak alokatzeko gastuak ere sartzen dira, baldin eta nominan sartuta badaude. Ez dira diruz lagunduko etxebizitzako gastuak (argia, ura, kontribuzioa, Internet, telebista...).
–Kirol material suntsikorra eta ez-inbentariagarria, botika-kutxa eta taldearen jantziak, behar-beharrezkoak eta bereizgarriak (barne direla jantzietan Nafarroako Gobernuaren logoaren serigrafia egiteko gastuak), bai entrenamendurako bai partida ofizialetarako. Inola ere ezin izanen da diruz lagundu inolako kirol materialaren alokairua, material hori inbentariagarria izan edo ez.
–Kirolariak. Teknikarien kasuan bezala, klubak kontratatu beharko ditu eta nomina bat eduki beharko dute. Indarrean dagoen denboraldiko lehiaketaldian jokalarientzako etxebizitzak alokatzeko gastuak ere sartzen dira, baldin eta nominan sartuta badaude. Ez dira diruz lagunduko etxebizitzako gastuak (argia, ura, kontribuzioa, Internet, telebista...).
–Joan-etorriak (barnean sartuta joan-etorrietarako, ostatu hartzeko eta mantenurako gastuak). Diruz laguntzen ahalko dira dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko behar diren joan-etorrien gastuak. Justifikazio-kontuan aurkeztutako zerbitzuaren kostua da diruz lagunduko dena. Auto partikularren edo entitatearen beraren autoen kasuan, gastuak justifikazio-kontuan azaltzeaz gain, egindako joan-etorrien gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, honako hauek adierazita: data, irteera eta helmuga, egindako kilometroak, pertsonaren izen-abizenak eta zer jardueratara joaten den. Kasu horretan, laguntza, gehienez, 0,25 euro izanen da kilometroko.
–Komunikazioa, sare sozialak eta taldea ikusgarri egitea.
–Administrazioa eta kudeaketa. Atal honetan sartzen dira nominarekin kontratatutako langileak eta aholkularitza-gastuak, dagokien fakturarekin.
–Oro har, taldeak oinarri arautzaileetan aurreikusitako lehiaketetan parte hartzeko beharrezkoa eta ezinbestekoa den beste edozein gastu, aldez aurretik Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak ontzat eman badu, gastua diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat etortzeari dagokionez.
–Atal honetan aurreikusitako gastuei dagokien BEZa, berreskuratu edo konpentsatu ezin denean.
6. Jaitsiera gertatzen denerako berme-klausula.
Klausula bat sartzen da, jaitsiera gertatuz gero aplikatu beharrekoa. Helburua da, alde batetik, kirol klub eta kirol klub filialak babestea maila goreneko taldeak kategoriaz jaisteak ekar ditzakeen ondorioetatik, eta, bestetik, alderdi horrek haien finantza-ahalmenean izan ditzakeen ondorio kaltegarriak arintzea, kasu gehienetan haien kaudimen ekonomikoa eta kirol-kaudimena kolokan jar baititzake.
Neurri honen bidez, kategoria gorenetik jaisteak dakarren kirol- eta finantza-aldaketei erantzun nahi zaie, eta beharrezkoa den laguntza eman jaitsitako taldeak ahalik eta lasterren itzul daitezen lehiaketa-kategoria gorenera.
Deialdi honen 2. eranskinean zehazten dira neurria aplikatzeko ezarri diren baldintzak eta irizpideak.
7. Eskaerak aurkeztea. Dokumentazioa eta epeak.
7.1. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz.
Halaber, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren web-orria ere baliatu daiteke horretarako:
https://www.deportenavarra.es/eu/ligas-concurrencia
Eskaera Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin, Ez-aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen eskaera-ereduarekin bat ez datozen eskaerak, bai eta fitxa horren bidez telematikoki aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
Aurkeztutako eskabide bakoitzeko, talde baten eskaera bakarrik onartuko da. Eskabide batean talde bat baino gehiago agertzen badira, jaso beharreko dirulaguntza kalkulatuta, aurkeztutako aurrekontuaren arabera zenbateko ekonomiko handiena duen taldearen eskabidea baino ez da izapidetuko, eta eskaeran aurkeztutako gainerako eskaera-orriak kanpoan geratuko dira.
7.2. Eskaera aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.3. Dirulaguntza eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, banan-banan bereizita, sinadura digitalarekin eta behar bezala identifikatuta, zein bere izenarekin (agiriak goian aipatutako helbidean eskuratzen ahal dira):
a) Eskaera-orria (3. eranskina), non zehatz-mehatz adieraziko baita talderako/denboraldirako aurreikusitako diru-sarrera eta gastuen aurrekontua, oinarri arautzaileetan ezarri bezala.
Eskaera-orrian, kasuan kasuko laukitxoak hautatu beharko dira eskaera beteta egoteko, baimen eta adierazpen hauekin:
–Baimena, eskatzaileak Ogasunarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria kontsultatzeko.
–Jasandako BEZaren aitorpena.
–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ezen ez dela urratzen, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik.
–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko entitate eskatzailea ez dela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
–Eskaerako datu ekonomikoen zenbatekoak egiazkoak direla dioen ziurtagiria.
b) Kasua bada, diruz lagunduko den jarduera funts berekiekin edo beste dirulaguntza, laguntza edo baliabide batzuekin finantzatua izan dela edo finantzatzea aurreikusten dela aditzera ematen duen adierazpena. Horretarako, 4. eranskina bete behar da.
c) 5. eranskina betetzea eta frogatzea, hala behar bada, efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla hornitzaileak.
d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, hala behar bada (lehen aldia bada edo ordura arte ordainketa egiteko erabiltzen zen kontua aldatu bada bakarrik).
e) Lehiaketaren egutegi ofiziala eta araudia (lizentziak, inskripzio-kuotak, arbitrajeak, etab.).
f) Taldea osatzen dutenen izen-zerrenda, kargua (kirolariak, teknikariak, fisioteraupeutak...) eta adin kategoria adierazita.
g) Kirol lizentziak.
h) Kasuan kasuko federazioaren ziurtagiria, honako hauek adierazita: kategoriari ematen zaion izena eta talde eskatzaileak zer maila edo kategoria nazionaletan parte hartzen duen eta haren generoa (maskulinoa, femeninoa edo mistoa).
8. Antolamendua eta instrukzioa.
8.1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolamendurako eta instrukziorako organo eskuduna Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetza izanen da, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutukoa.
Aurkeztutako dokumentazio administratiboa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin.
9. Dirulaguntza emateko prozedura.
Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
10. Laguntzak emateko ebazpena.
10.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari dagokio aurkeztutako dirulaguntza-eskaerak ebaztea. Dirulaguntzak emateko baldintza izanen da xede horretarako behar adinako kreditua izatea 2027rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.
10.2. Dirulaguntzak emateko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Dirulaguntza emateari buruzko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskaeraren baten ezespenaren gainean ebatziko da.
10.3. Hala dirulaguntza emateko ebazpena nola deialdi honen gainerako ebazpenak elektronikoki jakinaraziko dira entitate onuradunaren gaitutako helbide elektroniko bakarra erabiliz. Gainera, informazio-ondorioetarako bakar-bakarrik, nafarroa.eus Interneteko atarian ere argitaratuko dira.
10.4. Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
10.5. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.
11. Dirulaguntzaren ordainketa.
11.1. Nafarroako Kirol eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, onuradunak 12. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu ondoren; transferentzia bidez ordainduko da bi hilabeteko epean gehienez, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita.
11.2. Dirulaguntza emateko ebazpenak konturako bi ordainketa aurreikusten ahalko ditu; lehena 2027ko lehen hiruhilekoan eginen da, eta bigarrena 2027ko bigarren hiruhilekoan. Konturako ordainketa horien bidez erantzunen zaio oraindik justifikatu zain dauden eta igarotako lehiaketaren zatiari dagozkion gastu arrunten eta langileria gastuen zerrenda bati. Konturako ordainketa horiek eskatzeko, klub interesdunek honako agiriak aurkeztu beharko dituzte:
–Jokatutako jardunaldien aktak.
–8. eranskina, hots, 2027ko konturako ordainketen inprimakia.
Konturako bi ordainketen batura ezin da izan emandako zenbatekoaren %90etik gorakoa. Baldin kirol modalitate batean jarduera bigarren hiruhilekoan kontzentratzen bada, posible izanen da bi ordainketak hiruhileko horretan egitea. Ordainketa horiek egiteko, betiere, aurrekontuan hartarako behar adinako kreditua izan beharko da.
Konturako ordainketa hori egin ahal izateko, 16. oinarrian (Gardentasun betebeharrak) ezarritako informazioa igorri beharko da aurretik. Informazio hori igorri ezean, ezin izanen da ordainketa hori onetsi.
11.3. Ordainketaren bat kontura egitea aukeratzen bada, azken justifikazioa aurkezteko ezarritako epea igarota, espedientea ixteko ebazpena emanen da, non egindako konturako ordainketa doituko den.
12. Justifikazioak.
Dirulaguntza honen onuradun diren klub guztiek azken justifikazioa aurkeztu beharko dute, telematika bidez eta laguntzen eskaera aurkeztutako modu berean, beranduenez 2027ko irailaren 15ean.
Diruz lagundutako jardueraren justifikazioa honela eginen da:
–Bosgarren oinarrian jasotako kontzeptu guztiak justifikatzeko (inskripzioak, lizentziak, arbitrajeak, instalazioak, segurtasun pribatua eta anbulantziak, teknikarien kidegoa, kirol-materiala, botika-kutxa eta jantziak, kirolariak, joan-etorriak, ostatua, mantenua, komunikazioa, administrazioa eta kudeaketa), aurkeztu beharko dira, kontratatutako langileen kasuan, fakturak eta nominak edo froga-balio baliokidea duten beste dokumentu batzuk (federazioen ziurtagiriak ez dira baliozkoak izanen), trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, eta dagozkien banku-ziurtagiriak. Administrazioaren lana errazteko, dokumentazio hori identifikazio-multzotan taldekatuko da gastu kontzeptu bakoitzeko. Instalazioen kontzeptuari dagokionez, fakturan zehaztu beharko da zer egunetan eta ordutan erabili diren instalazioak, baita taldea eta orduko kostua ere.
Teknikarien kidegoari buruzko frogagirien artean, profesional batek egindako fakturen kasuan, langile horren PFEZari dagozkion atxikipenak Zerga Ogasunean ordaindu izanaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
–Justifikazio-kontua (6. eranskina) aurkeztuko da, eta hor sartuko da, adierazpen-egilearen erantzukizunpean, diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda zehaztua eta zenbakitua (ez bakarrik kontzeptu diruz lagungarriena), honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa, kontzeptua eta ordainketa data. (Oharra: eranskin horretan fakturen xehetasunak baino ez dira jasoko. Ordainagiriekin batera aurkeztu beharreko fakturen kopiak aurreko paragrafoan adierazitakoak baino ez dira, eta gastu diruz lagungarriei dagozkie).
–Diru-sarreren eta gastuen balantzea (7. eranskina) aurkeztuko da, non jasoko baitira, adierazpen-egilearen erantzukizunpean, taldeak babesletzagatik edo beste entitate batzuetatik jaso dituen diru-sarreren xehetasunak, halakorik jaso badu; eta, azkenik, sarreren eta gastuen balantzea, laguntzaren xede den taldearen jardueraren defizita azalduta.
–Jardunaldien aktak edo taldearen sailkapena jasotzen duen dokumentua.
–Nafarroako Gobernuak jantzietan, instalazioetan eta hedabideetan izandako presentzia instituzionalaren egiaztapena aurkeztuko da (taldearen argazki bat, jarduneko denboraldikoa, zeinetan logoa ikusi beharko baita, ongi ikusten den toki batean, eta agerpen elektronikoak eta ikus-entzunezkoak, kartelak eta inprimatutako bestelako materialak).
12.1. Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, klubaren beraren funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, horien zenbatekoa eta jatorria zehaztu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak nola aplikatu zaizkien lagundutako jarduerei.
12.2. Konturako ordainketa eskatuz gero, klubak 11.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du.
11.2 oinarriko konturako ordainketa egiten bada ere, frogagiri guztiak aurkezteko azken eguna 2027ko irailaren 15a izanen da.
12.3. Frogagiriak, bai eta lehiaketa batean parte hartzearen ondoriozko gastu/diru-sarreren zerrenda ere, kirol klub baten barnean lehiaketa horretan parte hartu duen taldeari buruzkoak izanen dira beti.
12.4. Aurkezten den dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiaren betebeharrak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzala hamar egun balioduneko epean.
Klub onuradunaren gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarritakoa.
12.5. Benetan justifikatutako zenbatekoa txikiagoa denean eskaeran onartutako aurrekontukoa baino, ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, II. eranskinean ezarritakoaren arabera dagozkion portzentajeak aplikatuko zaizkio justifikatu den zenbatekoari. Nolanahi ere, ez da inola ere onartutako zenbatekoa baino handiagorik ordainduko.
Konturako ordainketa egina badago, bidezkoa izanen da bidegabeki jasotako zenbatekoak osorik edo partez itzultzea, justifikatutakoaren arabera. Kasu horretan, berandutze-interesak sortuko dira, konturako ordainketa egin zen egunetik.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eskubidea izanen du bidezko iruditzen zaion dokumentazioa eskatzeko, egindako gastua edo dirulaguntzaren xede den helburua bete dela frogatzeko.
NKJFIk justifikazio-kontu horien gaineko berrikuspen txostenak eginen ditu, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen jarduneko kontu-auditore baten bidez. Txosten horiek honako baldintza hauek betez eginen dira:
I.–Txosten horien kontratazioa NKJFIk eginen du.
II.–Txostena maiatzaren 17ko EHA/1413/2007 Aginduan ezarritakoarekin bat eginen da. Agindu horren bidez, kontu-auditoreek dirulaguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko lanetan bete beharreko jarduketa-araua onetsi zen.
Berrikuspen txosten horiek entitate onuradun guztiei egiten ahalko zaizkie, edo partzialki; kasu horretan, ausazkoak edo zehatzak izan daitezke, NKJFIk zer irizten dion, zenbait irizpideren arabera: aurrekontua, proiektua, kirol maila, kirol modalitatea edo beste. Kasu horretan, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko langileek berrikusiko dituzte berrikuspen txosten horiek ukitzen ez dituzten kluben justifikazio-kontuak.
Hala ere, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak erabakitzen ahalko du ez kontratatzea berrikuspen txosten horiek egitea; kasu horretan, justifikazio-kontu horiek bere langileek berrikusiko dituzte oso-osorik.
Itxiera ebazpenean jasoko dira oinarri honetan aipatutako berrikuspen txostenak, kontu-auditoreak eginak, halakorik izan bada.
13. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen deialdiaren inprimakiaren bidez, edo bestela, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko web-orriaren bidez:
https://www.deportenavarra.es/eu/ligas-concurrencia
2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) eta herritar karpetaren bidez.
14. Onuradunek bete beharrekoak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten klubek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman den xedeetarako erabiltzea, frogagiriak ezarritako epean aurkeztea eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.
b) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3. artikuluarekin (5. eranskina).
c) Deialdi honen xede diren lehiaketa guztien publizitatean agertzea Nafarroako Gobernuaren lankidetza. Horretarako, kirol jantzietan, kirol instalazioetan eta hedabideetan (elektronikoak edo ikus-entzunezkoak, kartelak, prentsaurrekoetako panelak, inprimatutako materialak...) Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak adierazten duen irudi korporatiboa erakutsi beharko da.
d) Klub onuradunen betebeharra izanen da Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak Kirolaren Balioak kanpainaren barnean proposatzen dituen ekintzetan laguntzea. Esaterako: plotterrak, pankartak eta abar erabiltzea partida edo lehiaketa garrantzitsuetan; Kirolaren Balioak kanpaina nabarmentzea taldearen aurkezpenean, 2026-2027 denboraldiaren hasieran; kanpainarekin lotutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea...
e) Hizkuntza berdinzalea erabiltzea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestea eta berdintasunari, aniztasunari, eginkizunen pluraltasunari eta erantzunkidetasunari lotutako balioak sustatzea.
f) Pertsona guztien hizkuntza eskubideak errespetatzeko, kirol klubek euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatuko dute komunikazio guztietan: paperak, inskripzio-orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.
g) Klubak begiratuko du betetzen dela Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere, etxean jokatzen diren ligaren jardunaldietan. Era berean, hondakinak prebenitzeko, bereizteko eta kudeatzeko neurriak bete beharko dira, bai eta Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretuan ezarritako komunikazio eta sentsibilizazio neurriak ere. Adibide gisa, ingurumen jasangarritasuneko neurri horietako batzuk adierazten ditugu:
–Ez da baimenduko edariak (ura barne) doan banatzeko erabilera bakarreko ontzirik. Edariak salduz gero, erabilera bakarreko ontzietarako alternatibak ezarriko dira.
–Beti eskainiko da txorrotako ura duen ontzi bat, bai eta edalontzi berrerabilgarriak ere, edo botila berrerabilgarriak ura kontsumitzeko, doan.
–Ezin izanen da erabilera bakarreko edalontzirik saldu eta banatu. Ontzi berrerabilgarriek UNE-EN 13429:2005 arauaren baldintzak bete beharko dituzte, eta, gainera, behar diren bitartekoak jarri beharko dira berreskuratu eta ondoren garbitu eginen direla bermatzeko.
–Ezin izanen dira erabilera bakarreko plastikozko ontziak erabili elikagaietarako, salbu eta UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituen material biodegradagarriz edo konpostagarriz eginak daudenak.
–Erabiltzen den baxera berrerabilgarria izan beharko da, edo, hori ezinezkoa bada, UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituen material biodegradagarriz edo konpostagarriz egina, edalontziak izan ezik, horiek berrerabilgarriak izan beharko baitira.
–Hondakinak uzteko eremuak jarri beharko dira edukiontzi egokiekin, kasuan kasuko toki entitateekin bat etorriz. Gutxienez honako hondakin-frakzio hauek bereizteko aukera eman beharko da: materia organikoa, ontzi arinak (edo ontzi eta materialak, erreferentzia-sistema hori duten entitateetan), papera, kartoia, beira eta errefusa.
–Jardunaldi bakoitzaren aurretik, klubak ezarri diren jasangarritasun neurrien berri emanen du erabilgarri dituen bitarteko guztien bidez. Era berean, jardunaldiak iraun bitartean, argi eta garbi jakinaraziko dira hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko ezarritako neurriak.
h) Erraztasunak ematea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari diruz lagundutako lehiaketaren gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen den egiaztatzeko.
i) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak behar bezala auditatuak eduki eta gorde beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruz aplikatu beharreko legeetan xedatu bezala.
j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
k) Laguntza zer taldetarako eskatu den, talde horren jarduerarako lortu edo eskatu diren dirulaguntzen berri ematea, 3. eranskina eta 4. eranskineko diru-sarreren eta gastuen banakapena betez.
l) Adingabeekin kirol jarduerak egin ohi dituzten kirol klubek ezinbestean bete beharko dituzte Haur eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 48. artikuluak ezartzen dituen obligazioak.
15. Bateragarritasuna.
15.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo nazioartekoek, aipatutako lehiaketetan parte hartzeko ematen dituztenekin.
15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, dirulaguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin baturik, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
15.3. Aurreko atalean ezarritako jakinarazteko betebeharra betetzen ez bada, edo onuradunek informazioa faltsutzen badute, jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira, eta berandutze-interesak ere ordaindu, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzultzea erabaki arteko aldiari dagozkionak, alegia. Dirulaguntza itzuli beharraz gain, zehapenak ezar daitezke aipatu arrazoi horregatik, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarritako zehapen araubidearekin.
15.4. Entitate guztien dirulaguntzak baturik, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetiko finantzaketa jaso dela ikusten bada, onuradunari eskatuko zaio soberakina itzul dezala. Kasu horretan, berandutze-interesak sortuko dira, dirulaguntza ordaindu zen egunetik aurrera.
16. Gardentasun betebeharrak.
16.1. Entitate onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarria dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.
Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, aipatutako foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.
16.2. Adierazpen-eredua eta nahitaezko dokumentazioa kontsultatu, bete eta izapidetzen ahalko dira modu telematikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen deialdiaren inprimakiaren bidez, edo bestela, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren web orriaren bidez.
17. Ez-betetzeak.
17.1. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, dagozkien berandutze-interesekin batera. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntza eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.
17.2. Dirulaguntzen ordainketa partzialak egin badira eta onuradunek epez kanpo aurkezten badituzte egiaztagiriak, bidezkoa izanen da ordaintzeko falta den dirulaguntza osorik edo partez galtzea, deusetan galarazi gabe jasotako zenbatekoak itzuli beharra, dagozkien berandutze-interesekin batera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat.
17.3. Nolanahi ere, onuradunak bere betebeharrak ia osorik bete baditu eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten badu, eman beharreko dirulaguntza edo, hala bada, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
18. Datu pertsonalen babesa.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia. Deialdi honen 9. eranskinean, informazioa ematen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.
19. Errekurtsoak.
19.1. Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
19.2. Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
20. Legeria.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
2. ERANSKINA.–DIRULAGUNTZAK KALKULATZEKO METODOA, KIROL KLUBEI EDO KIROL KLUB FILIALEI DIRULAGUNTZAK NORGEHIAGOKAKO ARAUBIDEAN EMATEKO, LIGA NAZIONALETAN EDO AUTONOMIA ERKIDEGOEN ARTEKOETAN PARTE HARTZEAGATIK 2026-2027 DENBORALDIAN
1. Aplikatzeko irizpideak.
Kirol kluben eta kirol klub filialen eskaerak baloratzeko eta dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira dirulaguntza eskatu duten taldeen aurrekontua eta lehiaketa-maila, haiek eskaera aurkeztu ondoren.
Entitate eskatzaile bakoitzari emanen zaion laguntza honako hauek aplikatzearen emaitza izanen da:
1. Ondoren zehazten diren ehunekoak, aurreikusitako aurrekontu-tarteen arabera, honako hauei jarraikiz:
AURREKONTUA | DIRULAGUNTZAREN % | AURREKONTUA | DIRULAGUNTZAREN % |
0-10.000 | %50,00 | 600.001-650.000 | %33,50 |
10.001-20.000 | %45,00 | 650.001-700.000 | %32,00 |
20.001-30.000 | %44,50 | 700.001-750.000 | %30,00 |
30.001-40.000 | %43,50 | 750.001-800.000 | %28,50 |
40.001-50.000 | %41,50 | 80.0001-850.000 | %27,00 |
50.001-60.000 | %40,50 | 850.001-900.000 | %26,00 |
60.001-70.000 | %40,00 | 900.001-950.000 | %25,00 |
70.001-80.000 | %39,50 | 950.001-100.0000 | %24,50 |
80.001-90.000 | %39,30 | 1.000.001-1.100.000 | %22,46 |
90.001-100.000 | %39,10 | 1.100.001-1.200.000 | %20,75 |
100.001-125.000 | %38,90 | 1.200.001-1.300.000 | %19,31 |
125.001-150.000 | %38,70 | 1.300.001-1.400.000 | %18,07 |
150.001-175.000 | %38,30 | 1.400.001-1.500.000 | %17,00 |
175.001-200.000 | %39,10 | 1.500.001-1.600.000 | %15,17 |
200.001-225.000 | %38,90 | 1.600.001-1.700.000 | %14,34 |
225.001-250.000 | %38,70 | 1.700.001-1.800.000 | %13,60 |
250.001-275.000 | %38,50 | 1.800.001-1.900.000 | %12,95 |
275.001-300.000 | %38,30 | 1.900.001-2.000.000 | %12,35 |
300.001-325.000 | %38,10 | 2.000.001-2.100.000 | %11,82 |
325.001-350.000 | %37,90 | 2.100.001-2.200.000 | %11,33 |
350.001-375.000 | %37,70 | 2.200.001-2.300.000 | %10,89 |
375.001-400.000 | %37,50 | 2.300.001-2.400.000 | %10,48 |
400.001-425.000 | %37,30 | 2.400.001-2.500.000 | %10,10 |
425.001-450.000 | %37,10 | 2.500.001-2.600.000 | %9,76 |
450.001-475.000 | %36,90 | 2.600.001-2.700.000 | %9,44 |
475.001-500.000 | %36,70 | 2.700.001-2.800.000 | %9,14 |
500.001-550.000 | %36,50 | 2.800.001-2.900.000 | %8,86 |
550.001-600.000 | %35,00 | 2.900.001-3.000.000 | %8,60 |
2. Jarraian zehazten diren ehunekoak, lehiaketa-mailaren arabera eta 1. eranskineko 3. oinarrian ezarritako mailak kontuan hartuta, honako honen arabera:
LEHIAKETA-MAILA | APLIKATUKO DEN % |
1. MAILA | %100 |
2. MAILA | %85 |
3. MAILA | %70 |
4. MAILA | %50 |
Ez dira diruz lagunduko deialdiaren oinarri arautzaileen I. eranskineko 1.2 oinarrian ezarritako taldeak eta lehiaketak.
Emakumezkoen taldeei, talde mistoei, kirol egokituko modalitateetan parte hartzen duten taldeei eta kirol autoktonoko modalitateetan parte hartzen duten taldeei %5eko igoera aplikatuko zaie lehiaketa-mailaren arabera aplikatu beharreko portzentajean. Aurreko kasuetan handituko den portzentaje hori (emakumezkoena, mistoa, kirol egokitua eta kirol autoktonoa) ez da metagarria, eta, hortaz, aplikatu daitekeen gehieneko igoera %5ekoa da, aurreko irizpideetako bat baino gehiago bete arren.
Horrez gain, lehiaketa-mailaren arabera dagokion portzentajeari %10eko egoera aplikatuko zaio Miguel Induráin Fundazioak emakumeen kirola egituratzeko proiektuetatik ateratako emakumezkoen talde erreferenteen kasuan, eta %5eko igoera, Miguel Induráin Fundazioak emakumeen proiektuak ikusarazteko programan sartutako emakumeen taldeen kasuan.
Azkenik, lehiaketa-mailaren arabera aplikatutako ehunekoari %2,5eko igoera aplikatuko zaio, baldin eta klub horretako kideren batek Nafarroako kirolaren kudeaketa aurreratuko (GARDENA) prestakuntza egin badu eta klub horrek ebaluazio positiboa eta Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioak emandako bikaintasunerako konpromiso-ziurtagiria lortu baditu.
Hona hemen egituratze-proiektuko emakumezkoen talde bateko adibidea, 50.000 euroko aurrekontuarekin.
AURREKONTUA | TARTEA | ZENBATEKOA | MAILA | EGITURATZE-PROIEK. | IKUSARAZTEKO PROGRAMA | EMAKUMEEN KIROLA %5 | GARDENA | APLIKATU BEHARREKO | DIRULAG., |
50.000 euro | %41,5 | 20.750 euro | %100 | Bai %10 | Ez %0 | Bai %5 | Bai %2,5 | %117,5 | 24.381,25 euro |
Hainbanaketak aplikatu ondoren kalkulatutako dirulaguntzaren azken zenbatekoa ezin izanen da inola ere deklaratutako defizita baino handiagoa izan, ez eta talde bakoitzak kontzeptu diruz lagungarrietan aurkeztutako hasierako aurrekontua baino handiagoa ere.
2. Jaitsiera gertatzen denerako berme-klausula.
Azkenik, jaitsiera kasuetarako funtsezko laguntza-neurri gisa, taldeak lehiaketa-kategoria gorenera ahalik eta denbora laburrenean itzul daitezen, jaitsi aurreko deialdian 1. mailan sartu ziren eta 250.000,00 eurotik gorako aurrekontua duten taldeetan, lehiaketa-mailari eutsiko zaio eta ez da aplikatuko 250.000,00 eurotik gorako aurrekontuaren araberako hainbanaketa, jaitsieraren ondorengo lehen denboraldian.
3. Hainbanaketa.
Eman beharreko laguntzen baturak deialdi honetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa (2.700.000,00 euro) gainditzen badu, hainbanaketa eginen da onuradun guztien artean, 250.000,00 eurotik gorako aurrekontua duten 1. mailako taldeak sartu gabe, 1. eranskineko 3. oinarrian ezarritako mailen arabera.
Hainbanaketa hori dirulaguntzaren zenbatekoa talde guztien hasierako guztizko dirulaguntzen baturarekin zatitzearen emaitza izanen da, 250.000,00 eurotik gorako aurrekontuak dituzten 1. mailako taldeak sartu gabe, aurreko paragrafoan adierazi bezala, eta talde bakoitzari aplikatuko zaio hasiera batean jaso duen dirulaguntzarekin biderkatuta.
Hainbanaketak aplikatu ondoren kalkulatutako dirulaguntzaren azken zenbatekoa ezin izanen da inola ere deklaratutako defizita baino handiagoa izan, ez eta talde bakoitzak kontzeptu diruz lagungarrietan aurkeztutako hasierako aurrekontua baino handiagoa ere.
Iragarkiaren kodea: F2614353
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
