231. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2738/2026 EBAZPENA, 2026ko azaroaren 5ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, Estatuko I+G+Bko Planeko Jakintza Sortzeko Proiektuei lotutako doktoratu aurreko 11 kontraturen deialdia onetsi eta gastua baimentzen da.

2022ko urriaren 29ko "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratutako 2022ko urriaren 27ko CIN/1025/2022 Aginduaren bidez onetsi ziren Estatuko Ikerketa Agentziak kudeatu behar dituen 2021-2023 aldirako Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko eta Berrikuntzako Estatuko Planaren zenbait programari eta azpiprogramari dagozkien laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak. Arau horiek 2023ko abenduaren 26ko CNU/1459/2023 Aginduaren eta 2024ko apirilaren 4ko CNU/307/2024 Aginduaren bidez aldatu ziren, zeinak 2024ko urtarrilaren 12ko eta apirilaren 9ko "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu baitziren, hurrenez hurren.

Ikerketarako Estatu Agentziako lehendakariak 2025eko urriaren 29an emandako ebazpen baten bidez, Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak proiektu horiekin lotutako jardueren bidez prestatzeko 2025eko laguntzak emateko prozedura aldez aurretik izapidetzeko deialdia onetsi zen, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027 aldiko Estatu Planaren barnean. (Dirulaguntzen datu-base nazionalaren identifikatzailea: 857444; "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratua 2025eko urriaren 31n).

2026/07/15ean, 11 laguntza eman zaizkio behin-behinean Nafarroako Unibertsitate Publikoari doktoratu aurreko ikertzaileek prestakuntza gisa tesi bat egin dezaten Jakintza Sortzeko Proiektuetarako 2025eko deialdiaren barnean finantzatutako proiektuetako baten baitan. Laguntza horien helburua da lehenbiziko mailako ikerketa-talde baten barnean ikertzeko beharrezkoak diren gaitasunak eskuratuko dituzten profesionalen belaunaldi berriak prestatzea; prestakuntza horren barrenean sartzen da mugikortasuna sustatzea beste zentro nazional eta nazioarteko batzuetan, azpiegituretan eta instalazio zientifiko eta teknologikoetan egonaldi laburrak eginez. Kontratuak finantzatzeko doktoratu aurreko laguntzak Europako Plus Gizarte Funtsaren kontura (aurrerantzean, EGF+) finantzatuko dira, Enplegu, Hezkuntza, Prestakuntza eta Gizarte Ekonomiako EGF+ Programaren barruan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak, 2026ko irailaren 30ean egindako bileran, erabaki zuen Estatuko I+G+Bko Planeko Jakintza Sortzeko Proiektuei lotutako doktoratu aurreko 11 kontraturen deialdia onestea.

Ikusirik 103/2019 Errege Dekretua, 2019ko martxoaren 1ekoa, Prestakuntzan dauden Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duena.

Ikusirik 2025eko urriaren 29ko Agindua, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak proiektu horiekin lotutako jardueren bidez prestatzeko 2025eko laguntzak emateko prozedura aldez aurretik izapidetzeko, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027 aldiko Estatu Planaren barnean (857444 identifikazio-zenbakia du dirulaguntzen datu-base nazionalean).

Ikusirik Jakintza Sortzeko 2025eko Proiektuetarako eta ikertzaileak prestatzearren proiektu horiekin lotutako jardueretarako laguntzak emateko prozeduraren behin-behineko ebazpen-proposamena, 2026ko uztailaren 15ekoa, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027 aldiko Estatu Planaren barnekoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzu Juridikoak egindako aldeko txostenaren arabera.

Ikusirik hurrengo ekitaldietako kreditu atxikipenari buruzko dokumentua.

Barne Kontrolerako Zerbitzuko zuzendariak aldeko fiskalizazioa eginda.

Ikerketako errektoreordeak proposaturik.

Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 50. artikuluak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 32. artikuluak (estatutuak 2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuak onetsi zituen) ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea, Ikerketarako Estatu Agentziako lehendakariak 2025eko urriaren 29an emandako ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren babesean NUPi emandako laguntzen babesean, Estatuko I+G+Bko Planeko "Jakintza sortzeko proiektuei" lotutako doktoratu aurreko 11 kontraturen deialdia, ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarrien arabera; honako hauek dira zenbatekoak:

–Kontratuaren lehenbiziko urtean: urteko soldata gordina 25.456,10 euro-koa izanen da (2.121,34 euro-ko 12 ordainsaritan), eta Gizarte Segurantzako kuota, 7.178.36 euro-koa, zeina NUPek ordainduko baitu enplegatzailea den aldetik.

–Kontratuaren bigarren urtean: urteko soldata gordina 25.456,10 euro-koa izanen da (2.121,34 euro-ko 12 ordainsaritan), eta Gizarte Segurantzako kuota, 7.372,36 euro-koa, zeina NUPek ordainduko baitu enplegatzailea den aldetik.

–Kontratuaren hirugarren urtean: urteko soldata gordina 25.456,10 euro-koa izanen da (2.121,34 euro-ko 12 ordainsaritan), eta Gizarte Segurantzako kuota, 7.563,29 euro-koa, zeina NUPek ordainduko baitu enplegatzailea den aldetik.

–Kontratuaren laugarren urtean: urteko soldata gordina 25.456,10 euro-koa izanen da (2.121,34 euro-ko 12 ordainsaritan), eta Gizarte Segurantzako kuota, 7.742,16 euro-koa, zeina NUPek ordainduko baitu enplegatzailea den aldetik.

–Kontratua bukatzeagatiko kalte-ordaina: 3.623,60 euro.

7.000 euroko laguntza gehigarria onetsiko da doktoretza-ikasketen ondoriozko matrikula-gastuak eta I+Gko zentroetako egonaldien kostuak finantzatzeko, Estatu Agentziako lehendakariak 2025eko urriaren 29an emandako ebazpenaren 12. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.–1.605.168,64 euro-ko gastua baimentzea. Horretarako, behin betiko ebatzi beharko da Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak proiektu horiekin lotutako jardueren bidez prestatzeko laguntzak emateko 2025eko deialdia, bai eta beharrezko izapideak egin ere laguntza horiek kudeatzeko sortuko diren aldi baterako unitate organikoen partidetan behar besteko aurrekontu zuzkidura egon dadin. Gastua honela banakatuko da urteka, eta Unibertsitateak adierazten dituen partiden kargura finantzatuko dira zerrendatzen diren urteko zenbatekoak. Gainerako zenbatekoen finantzaketa Jakintza Sortzeko Proiektuetarako laguntzak behin betiko ematearen mende egonen da:

–2027ko ekitaldia:

  • Prestakuntzan dauden ikertzaileak 210.012,78 euro.
  • Gizarte Segurantza 58.822,27 euro.
  • NUPek finantzatutako kuota:
    • 303000/0320/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 9.577,50 euro.
    • 303000/0320/16000 Gizarte Segurantza 2.682,55 euro.

–2028ko ekitaldia:

  • Prestakuntzan dauden ikertzaileak 285.617,39 euro.
  • Gizarte Segurantza 80.558,95 euro.
  • NUPek finantzatutako kuota:
    • 303000/0320/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 18.779,53 euro.
    • 303000/0320/16000 Gizarte Segurantza 5.296,80 euro.

–2029ko ekitaldia:

  • Prestakuntzan dauden ikertzaileak 291.329,73 euro.
  • Gizarte Segurantza 82.706,79 euro.
  • NUPek finantzatutako kuota:
    • 303000/0320/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 24.874,73 euro.
    • 303000/0320/16000 Gizarte Segurantza 7.061,79 euro.

–2030eko ekitaldia:

  • Prestakuntzan dauden ikertzaileak 297.156,33 euro.
  • Gizarte Segurantza 84.664,53 euro.
  • NUPek finantzatutako kuota:
    • 303000/0320/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 30.913,20 euro.
    • 303000/0320/16000 Gizarte Segurantza 8.807,66 euro.

–2031ko ekitaldia:

  • Prestakuntzan dauden ikertzaileak 115.634,52 euro.
  • Gizarte Segurantza 21.665,35 euro.
  • NUPek finantzatutako kuota:
    • 303000/0320/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 13.760,58 euro.
    • 303000/0320/16000 Gizarte Segurantza 2.649,29 euro.

Hirugarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasteko epea 9 hilabetekoa izanen da gehienez ere, esleipen ebazpena Estatuko Ikerketa Agentziaren webgunean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Laugarrena.–Aukera egonen da kontratu kopurua eta haien zenbatekoa handitzeko, baldin eta hala adierazten bada Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak proiektu horiekin lotutako jardueren bidez prestatzeko 2025eko deialdiko laguntzak ematen dituen behin betiko ebazpenean eta baldin eta aurrekontu handiagoa badago deialdi hau finantzatzeko.

Bosgarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Ikerketako errektoreordeari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, kontratuen zuzendariei, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Irakaskuntza Zerbitzuari, Gizarte Kontseiluari eta Barne Kontrolerako Zerbitzuari.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko ohar taula elektronikoan argitara dadila agintzea. Halaber, Unibertsitateko baliabide elektronikoen bidez ahalik eta hedapen handiena izan dezan arduratuko da Ikerketa Zerbitzua.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2026ko azaroaren 5ean.–Ramón Gonzalo García, errektorea.

Deialdia, doktoratu aurreko 11 kontratu emateko (I+G+Bko Estatuko Planeko Jakintza Sortzeko Proiektuei loturiko kontratuak)

Ebazpenaren eranskina

2022ko urriaren 29ko "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratutako 2022ko urriaren 27ko CIN/1025/2022 Aginduaren bidez onetsi ziren Estatuko Ikerketa Agentziak kudeatu behar dituen 2021-2023 aldirako Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko eta Berrikuntzako Estatuko Planaren zenbait programari eta azpiprogramari dagozkien laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak. Arau horiek 2023ko abenduaren 26ko CNU/1459/2023 Aginduaren eta 2024ko apirilaren 4ko CNU/307/2024 Aginduaren bidez aldatu ziren, zeinak 2024ko urtarrilaren 12ko eta apirilaren 9ko "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu baitziren, hurrenez hurren.

Ikerketarako Estatu Agentziako lehendakariak 2025eko urriaren 29an emandako ebazpen baten bidez, Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak proiektu horiekin lotutako jardueren bidez prestatzeko 2025eko laguntzak emateko prozedura aldez aurretik izapidetzeko deialdia onetsi zen, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027 aldiko Estatu Planaren barnean. (Dirulaguntzen datu-base nazionalaren identifikatzailea: 857444; "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratua, 2025eko urriaren 31n).

2026/07/15ean, 11 laguntza eman zaizkio behin-behinean Nafarroako Unibertsitate Publikoari doktoratu aurreko ikertzaileek prestakuntza gisa tesi bat egin dezaten Jakintza Sortzeko Proiektuetarako 2025eko deialdiaren barnean finantzatutako proiektuetako baten baitan. Laguntza horien helburua da lehenbiziko mailako ikerketa-talde baten barnean ikertzeko beharrezkoak diren gaitasunak eskuratuko dituzten profesionalen belaunaldi berriak prestatzea; prestakuntza horren barrenean sartzen da mugikortasuna sustatzea beste zentro nazional eta nazioarteko batzuetan, azpiegituretan eta instalazio zientifiko eta teknologikoetan egonaldi laburrak eginez. Kontratuak finantzatzeko doktoratu aurreko laguntzak Europako Plus Gizarte Funtsaren kontura (aurrerantzean, EGF+) finantzatuko dira, Enplegu, Hezkuntza, Prestakuntza eta Gizarte Ekonomiako EGF+ Programaren barruan.

Hori guztia kontuan hartuz, Ikerketa Batzordeak proposatu du doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzeko kontratuen deialdi hau onestea, Jakintza Sortzeko Proiektuei lotua.

1.–Deialdiaren xedea.

Doktoratu aurreko 11 kontraturen deialdia egitea Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak proiektu horiekin lotutako jardueren bidez prestatzeko, 2026-2027 ikasturterako eta segidan aipatzen diren proiektuetarako, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027 aldiko Estatu Planaren esparruan. Deialdia oinarri hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da, eta adierazitako zenbatekoen eta epeen arabera emanen dira laguntzak, betiere aurrekontu zuzkidura nahikoa badago.

Deialdian kontratu hauek daude:

–Doktoratu aurreko kontratua, PID2025-168223NB-I00 "Datuen fusioa, adimen artifizialeko arazoekin dituen elkarreragin posibleak aintzat hartuta" proiektuari lotua, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiaren arlokoa, adimen artifizialeko informazioa Choquet eta Sugeno integralak erabiliz fusionatzearen eremukoa. Zuzendaria: Francisco Javier Fernández Fernández.

–Doktoratu aurreko kontratua, PID2025-175495OA-I00 "Txipean optikoki programagarriak diren sare fotonikoak" kontratuari lotua, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien arlokoa, sare optiko programagarrietarako optika integratuaren eremukoa. Zuzendaria: Ángel Ortega Gómez.

–Doktoratu aurreko kontratua, PID2025-174101NA-I00 "Burokrata ziurgabeak, burokrata ez-liberalak? Norberaren ziurgabetasunak portaera administratibo ez-liberalean duen zeregina aztertzea" proiektuari lotua, Gizarte Zientzien arloan, Zientzia Politikoa eta Portaeraren Ekonomiaren arloetan. Zuzendaria: Guillem Ripoll Pascual.

–Doktoratu aurreko kontratua, PID2025-170827NB-C32 "Gobernua, berrikuntza eta pertsonak lehiakortasunerako" proiektuari lotua, Ekonomia arlokoa, Enpresen Antolaketa eremukoa. Zuzendaria: Alejandro Federico Bello Pintado.

–Doktoratu aurreko kontratua, PID2025-169975OB-I00 "Erabaki klinikoetarako laguntza-sistema, gaixotasun neurogenoetan unitate motorretako galerak eta egokitzapenak detektatzeko" proiektuari lotua, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien arlokoa, seinale biomedikoak prozesatzearen eremukoa (bereziki electromiografía, EMG). Zuzendaria: Javier Rodríguez Falces.

–Doktoratu aurreko kontratua, PID2025-172651NB-I00 "UMAMIT aminoazidoen eramaileen karakterizazio funtzionala lekadun-rizobioaren sinbiosian" proiektuari lotua, Nekazaritzako Elikagaien Zientzien arlokoa eta nitrogenoaren finkapen sinbiotikoaren eremukoa. Zuzendaria: Estíbaliz Larrainzar Rodríguez.

–Doktoratu aurreko kontratua, PID2025-167799NB-I00 "Azken miliako banaketa, optimizazio arinaren eta teknika emergenteak dituzten learnheuristicsen bidez. Hiriko garraio jasangarrian banaketa kolaboratiboa ezartzea" proiektuari lotua, Energia eta Garraioa arlokoa, "Hiriko azken miliaren distribuzioa optimizatzea algoritmo aurreratuen diseinuaren, simulazioaren eta biki digitalen bidez" eremukoa. Zuzendaria: Francisco Javier Faulín Fajardo.

–Doktoratu aurreko kontratua, PID2025-169706OB-C22 "Industria-emisioen monitorizazioa teknologia fotonikoen bidez II" proiektuari lotua, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien arlokoa, emisio industrialak monitorizatzeko sentsore optikoen eremukoa. Zuzendaria: Rosa Ana Pérez Herrera.

–Doktoratu aurreko kontratua, PID2025-174319OB-I00 "Ikaskuntza automatikoaren alborapenak: horiek askotariko domeinuetan gutxitzeko metrikak eta estrategiak" proiektuari lotua, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien arlokoa, ikaskuntza automatikoaren alborapenen eremukoa. Zuzendaria: Mikel Galar Idoate.

–Doktoratu aurreko kontratua, PID2025-169686NB-C21 "Instituzioak, diskurtsoak eta segurtasun praktikak estatu liberalaren eta frankismoaren artean (1820-1970)" proiektuari lotua, "Iragana: historia eta arkeologia" arlokoa, "XX. mendearen bigarren erdialdean auzoetan eta hiri-periferietan ezarritako zigor- eta segurtasun-mekanismoak: Nafarroa Europako testuinguruan" eremukoa. Zuzendaria: Fernando Mendiola Gonzalo.

–Doktoratu aurreko kontratua, PID2025-173491OB-C22 "Iraupen luzeko gutxieneko errenten egiturazko faktoreak eta haiei ematen zaizkien erantzun instituzionalak" proiektuari lotua, Gizarte Zientzien arlokoa, gutxieneko errenten, inklusioaren eta zaintzen eremukoa. Zuzendaria: Lucía Martínez Virto.

2.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Doktoratu aurreko kontratuaren eskatzaileek beren gaiaren jakintza-arloari lotutako Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa batean onartuak egon behar dute deialdirako eskaera egiteko epearen barnean.

Ez badaude onartuak NUPeko ezein doktoretza-programatan, NUPeko doktoretza-programa baterako onarpena eskatua izan behar dute eskaerak aurkezteko epearen barnean, eta, gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programaren batera sartzeko gaitzen duten aurretiazko ikasketak eginak izan beharko dituzte.

Laguntza esleitzeko hautatua izanez gero, eskatzaileak 2026-2027 ikasturterako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-programa batean matrikula egin duela egiaztatu beharko du behin betiko esleipena argitaratzen denean ezartzen den epean. Doktoretza-programaren matrikula NADOEk ezarritako ohiko epeetatik kanpo egin ahal izateko, doktoretzaren onarpen eskaera aurkeztu beharko da; matrikula egiteko, beharrezkoa izanen da doktoratu aurreko kontratua lortzea.

Deialdi honetan ezin izanen dute parte hartu eskaera egiteko epea ixten den egunean doktoretza-­tesi bat egiteko bestelako kontratu edo laguntza homologagarriren bat jaso dutenek, baldin eta hura 12 hilabetekoa edo gehiagokoa izan bada, edota doktoratu aurreko prestakuntza doktoratu aurreko prestakuntzarako beste laguntzaren baten finantzaketarekin hasi dutenek, baldin eta laguntza horiek Ikerketarako, Garapenerako eta Berrikuntza Teknologikorako Estatuko Planaren edo aurreko plan nazionaletako baten esparruan eman badira.

Inor 12 hilabete baino gutxiagoko kontratu edo laguntza homologagarri baten onuraduna izan bada, deialdi honetan jasotako doktoratu aurreko kontratuaren eta haren luzapenen gehieneko iraupenari kendu eginen zaio eskatzailea kontratatua egon den denbora (hilabeteak eta egunak), Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (2011ko ekainaren 1eko legea).

Murrizketa hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da eskatzailea zenbat denbora egon den kontratatua deialdi honetako doktoratu aurreko kontratua formalizatzen den egunera arte.

Momenturen batean ikusten bada eskatzaileak ez dituela baldintzak betetzen, eskatzaile hori hautaketa-prozesutik kanpo geldituko da.

3.–Araubide juridikoa.

3.1. Arau hauetan ezartzen den esparru juridikoak arautuko du deialdi hau: Ikerketarako Estatu Agentziako lehendakariak 2025eko urriaren 29an emandako ebazpena, Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak proiektu horiekin lotutako jardueren bidez prestatzeko 2025eko laguntzak emateko prozedura aldez aurretik izapidetzeko deialdia onesten duena, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027ko Estatu Planaren barnekoa (2025/10/31ko "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratua; aurrerantzean, Ebazpena), Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea, 2022ko irailaren 5eko 17/2022 Legeak aldatua, eta Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Estatutua onesten duen 2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretua.

3.2. Doktoratu aurreko kontratuen onuradunen eskubideak eta betebeharrak deialdi honetan ezartzen direnak izanen dira, eta Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Estatutuetan ezartzen den beste edozein (2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak onetsitako estatutuak).

3.3. Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoak arautuko ditu doktoratu aurreko kontratuak, bai eta 2022ko irailaren 5eko 17/2022 Legean ezarritakoak ere –lege horrek aipaturiko 21. artikulua aldatu zuen–.

3.4. Zuzendaria zein ikerketa-taldetakoa den eta zein saili dagoen atxikia, ikerketa-talde eta sail berera atxikiko dira kontratatutako pertsonak.

3.5. Deialdi honetan jasotzen diren kontratuek ez dute inolaz ere konpromisorik ezartzen onuradunak gerora Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sartzeko.

3.6. Deialdi honen babesean kontratu bat sinatzea bateraezina da xede bera duten eta funts publiko edo pribatuekin finantzaturik dauden beste edozein laguntzarekin edo bekarekin, bai eta kontratuaren onuradunari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, betiere Ikerketako errektoreordeak horretarako baimena ematen badu:

–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa- edo irakaskuntza-lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+Gko proiektuetako parte-hartze baimenduak eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa aplikatuz egindako kontratuak.

–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.

–Bestelako jarduerengatik noizean behin jasotako ordainsariak, betiere Ikerketako errektoreordearen ustez emandako kontratuaren xedea garatzeari traba egiten ez badiote.

–Astean gehienez 2 orduko arduraldi partziala duten aldi baterako kontratuak, betiere emandako kontratuaren xedea garatzeari traba egiten ez badiote.

4.–Eskaeren aurkezpena.

Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira nahitaez, Unibertsitatearen erregistro elektronikoan, Prozeduren Katalogoan horretarako ezarritako prozeduraren bidez. Unibertsitatearen egoitza elektronikotik sartzen da horra, esteka honetatik hain zuzen:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8504&entity=1096&lang=eu

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskatzen diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

5.–Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa.

Eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Eskabidea (Espainiako nazionalitatea ez dutenentzat edo atzerrian bizi diren espainiarrentzat soilik, baldin eta ezin badituzte erabili gaitutako identifikazio elektronikoko moduak); Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko prozeduren katalogotik deskargatzen ahalko da:

https://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/investigacion/ayudas-y-convocatorias/Contratos%20predoct-fpi.pdf

Lortu nahi den doktoratu aurreko kontratua zein den adierazi behar da inprimakian.

b) Indarrean dagoen Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Doktoretzako ikasketetara sartzeko titulazioaren edo titulazioen kopia, kontratua eskatzeko inprimakian adierazitakoaren eta II. eranskinaren arabera. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

d) Doktoretzako ikasketetara sartzeko titulazioaren edo titulazioen ziurtagiri akademiko zehaztuaren kopia, aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera. Ziurtagiri horretan, lorturiko kalifikazioak jaso beharko dira, bai eta noiz lortu diren ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

Agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.

Atzerriko ikastegiek ematen dituzten kalifikazioen ziurtagirietan, dagokion ebaluazio sistemaren barruan kalifikaziorik handiena eta txikiena zein diren agertuko da, baita gainditzeko gutxieneko kalifikazioa zein den ere.

Eskatzaileek ikasketak atzerrian egin badituzte, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak egindako noten baliokidetasuna aurkeztu beharko dute gainera. Baliokidetasun hori hemen eskatzen ahal da:

https://www.ciencia.gob.es/eu/Universidades/NotaMedia.html

Ziurtagiriak prozeduraren fitxaren bidez eta eskaerak egiteko epean aurkeztu beharko dira; bestela, ez dira kalifikazioak kontuan hartuko. 0 punturekin baloratuko dira.

e) Eskatzaileak egindako ikasketen promozioko batez besteko notaren ziurtagiria. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

2024-2025 ikasturteko master bereko promozioaren batezbestekoa onartzen da, baldin eta 2025-2026 ikasturtean masterra amaituko duten eskatzaileei ezinezkoa bazaie oraingo ikasturteko batezbestekoa izatea.

Ziurtagiriak prozeduraren fitxaren bidez eta eskaerak egiteko epean aurkeztu beharko dira; bestela, ez dira kalifikazioak kontuan hartuko.

f) Merezimenduen zerrendaren inprimakia. Hemen dago:

https://www2.unavarra.es/gesadj/sede/INVESTIGACION_2025/Meritos_contrato_predoctorales.pdf

Inprimakiarekin batera, alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da. Eskabideak aurkezteko epean agiri bidez egiaztatutako merezimenduak baloratuko dira, ez besterik. Merezimenduak ez egiaztatzea ez da baztertzeko arrazoia, eta, beraz, ez da inola ere eskatuko egiaztapen-falta hori zuzentzeko.

Ez dira kontuan hartuko egiaztatzeko eskumena eskuordetua ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek jaulkitzen dituzten agiriak.

Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako itzulpen soila erantsi beharko da, eta Ikerketa Batzordearen esku utziko da zinpeko itzulpena eskatzea, beharrezkoa izanez gero.

Dokumentuak:

g) Motibazio gutuna/interesaren adierazpena, helbide honetan eskuragarri:

https://www2.unavarra.es/gesadj/sede/INVESTIGACION_2026/Carta_motivacion_expresion_BILINGUE.pdf

h) CVa, eredu normalizatuaren araberakoa; hemen eskuragarri:

https://www2.unavarra.es/gesadj/sede/INVESTIGACION_2026/CVA-castellano.docx

https://www2.unavarra.es/gesadj/sede/INVESTIGACION_2026/CVA-ingles.docx

i) Lan bizitzaren ziurtagiri eguneratua. Deialdi honen oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egonen, baina zirkunstantzia hori jakinarazi beharko dute idazki baten bidez. Idazki horretan, zein dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen adierazi behar dute.

j) Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa bateko matrikularen kopia edo Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa batean onartua izateko eskaeraren kopia.

Prozeduraren edozein fasetan, eskaerak aurkezteko epean aurkeztutako egiaztagirien jatorrizko dokumentuak aurkezteko eskatzen ahalko die Ikerketa Zerbitzuak interesdunei.

Aurkeztutako informazioa faltsua bada edo dokumenturen bat manipulatu bada, eskatzaile horrek galdu eginen du hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskubidea, eta dagokion erantzukizuna eskatzen ahalko da.

5.c, 5.d, 5.e, 5.f eta 5.g dokumentuak ez dira zuzentzen ahalko alegazioak aurkezteko ezartzen den epean.

6.–Izangaien aukeraketa.

Hautaketa-batzorde hauek hautatuko dituzte izangaiak:

6.1. PID2025-168223NB-I00 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–Francisco Javier Fernández Fernández.

–Humberto Bustince Sola.

–Asier Urío Larrea.

6.2. PID2025-175495OA-I00 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–Ángel Ortega Gómez.

–David González Andrade.

–Iñigo Liberal Olleta.

6.3. PID2025-174101NA-I00 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–Guillem Ripoll Pascual.

–Bernardo García Pola.

–Javier Hualde Bilbao.

6.4. PID2025-170827NB-C32 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–Alejandro Federico Bello Pintado.

–Lucia Garcés Galdeano.

–María Teresa García Marco.

6.5. PID2025-169975OB-I00 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–Javier Rodríguez Falces.

–Javier Navallas Irujo.

–Armando Malanda Trigueros.

6.6. PID2025-172651NB-I00 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–Estíbaliz Larrainzar Rodríguez.

–César Arrese-Igor Sánchez.

–María Isabel Rubia Galiano.

6.7. PID2025-167799NB-I00 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–Francisco Javier Faulín Fajardo.

–Juan Ignacio Latorre Biel.

–Adrián Serrano Hernández.

6.8. PID2025-169706OB-C22 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–Rosa Ana Pérez Herrera.

–Alayn Loayssa Lara.

–Santiago Tainta Ausejo.

6.9. PID2025-174319OB-I00 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–Mikel Galar Idoate.

–Daniel Paternain Dallo.

–Aránzazu Jurío Munárriz.

6.10. PID2025-169686NB-C21 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–Fernando Mendiola Gonzalo.

–Nerea Pérez Ibarrola.

–Juan Carlos García Funes.

6.11. PID2025-173491OB-C22 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–Lucía Martínez Virto.

–Begoña Elizalde San Miguel.

–Víctor Sánchez Salmerón.

7.–Hautaketa egiteko irizpideak.

Atal honetan ezarritakoari jarraikiz hautatuko ditu Hautaketa Batzordeak doktoratu aurreko kontratu bakoitzeko izangaiak:

1. irizpidea.–Izangaiaren ibilbide akademikoa eta/edo zientifiko-teknikoa (50 puntu gehienez).

1.a) azpi-irizpidea: ekarpen zientifiko-teknikoak (45 puntu gehienez). Izangaiaren espediente akademikoa (40 puntu gehienez) eta curriculumeko beste merezimendu batzuk baloratuko dira, eta, orobat, izangaiak egokiak ote diren egin beharreko zereginetarako, beren prestakuntzaren eta lanbide­esperientziaren arabera.

a) Doktoretzako ikasketetara sartzeko titulazioaren espedientearen batez besteko nota haztatua, II. eranskinaren arabera: 40 puntu gehienez.

Batez besteko nota haztatua honela kalkulatuko da:

Nota haztatua= (IN+5+DN) / 2

Non IN ikaslearen batez besteko nota den (doktoretzara sartzeko behar diren titulazio guztiak barne hartuta), eta DN, berriz, INaren desbideratze normalizatua promozioaren batez besteko notarekiko (NT). Izangai bakoitzaren DNaren balioa lortzeko, bere IN-NT desbideratzea zati eskatutako doktoratu aurreko kontratuan onartutako izangaien IN-NT desbideratzerik altuena (Dmax) bider 5 egin behar da, hots: DN=5(IN-NT)/Dmax.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek ez dute aurkeztu beharko informazio hau, Irakaskuntza Zerbitzuak emanen baitu. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle guztiei aplikatuko zaie ezarri den haztapen formula.

Beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleen kasuan, haien ardura izanen da behar den dokumentazioa epe barnean aurkeztea aipatutako haztapen formula aplikatzeko. Promozioaren batez besteko notaren (NT) egiaztagiririk aurkezten ez duten eskatzaileei, promozioaren batez besteko nota gisa bi hauen artean handiena den balioa aplikatuko zaie: deialdi honetako doktoratu aurreko kontratu bererako beste izangaiei aplikatutako promozioaren batez besteko nota altuena edo eskatzaileak lortutako batez besteko nota indibiduala.

Atzerrian egindako ikasketen kasuan, promozioko batez besteko nota (NT) kalkulatzeko, atzerriko nota horrek Espainian duen baliokidea hartuko da kontuan, bat etorriz Unibertsitateetako Idazkaritza Nagusiko 2017ko irailaren 18ko ebazpenarekin:

https://www.ciencia.gob.es/InfoGeneralPortal/documento/026da14f-41c8-48c6-bd3e-2f366eeac784

Masterreko ikasketen kasuan, doktoretzako ikasketetara sartzeko erabiltzen den masterraren eta master horren aurreko unibertsitateko ikasketen batezbesteko haztatua kalkulatuko da, titulazio bakoitzari dagozkion kredituen arabera (II. eranskina).

Eskatzaileak 5.d) apartatuan adierazitako beharrezko dokumentazioa aurkezten ez badu, Unibertsitateak ez du hura egiaztatzeko eskatuko, eta espedienteari 0 puntu emanen zaizkio.

Aurreko batezbestekoa kalkulatu eta gero, espediente guztiak normalizatuko dira doktoratu aurreko kontratu bakoitzean. 40 puntu emanen zaizkio espediente onenari, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira.

Eskaera egiteko inprimakian doktoretzako ikasketetara zein titulazioren bidez sartzen den adieraziko da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da espediente akademikoaren batezbestekoa. Master baten bidez sartuz gero, masterra egin baino lehenagoko unibertsitate titulazioa ere hartuko da kontuan, II. eranskinaren arabera.

Espediente akademikoaren batez besteko nota 0tik 10era bitarteko eskalan kalkulatuko da, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema arautzen duen 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

∑(irakasgaiaren kredituak guztira x nota) / titulazioaren kredituak guztira

1044/2003 Errege Dekretua ere aplikatuko da, 2003ko abuztuaren 1ekoa, Unibertsitateek tituluaren Europako gehigarria emateko prozedura ezartzen duena.

Baliokideturiko irakasgaiei edo kredituei "Gainditua" kalifikazioa emanen zaie, egokitutako irakasgai edo kredituei jatorrizko kalifikazioa emanen zaie, eta, kalifikaziorik gabeko kredituak aitortuta edukiz gero, hori ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzean.

Espedientean kalifikazio kualitatiboa baizik jaso ez bada, baliokidetasun hau aplikatuko zaio:

–Ohorezko matrikula 10.

–Bikain 9,25.

–Oso ongi 7,75.

–Gainditua 5,75.

Eskatzaileek espediente akademikoaren batez besteko nota adierazi behar dute, beren jatorrizko erakundeak informazio hori ez badu espedientean sartzen. Kalkuluan akats esanguratsuren bat detektatuz gero, hura egiaztatzeko edo argitzeko eskatuko zaie. Garaiz eta forman egiaztatzen ez bada, doktoratu aurreko kontratua ukatzeko arrazoi nahikoa izan daiteke.

b) Izangaiaren curriculumeko beste merezimendu batzuk: 5 puntu gehienez (deialdiaren I. eranskinak ezartzen duenaren arabera):

–Ikerketa-jarduera: 3 puntu gehienez.

–Ikastaroak: 2 puntu gehienez.

1.b) azpi-irizpidea: Mugikortasuna eta nazioartekotzea (5 puntu gehienez). Zentro nazionaletan eta nazioartekoetan eta/edo industria-sektorean egindako egonaldiek izangaiaren ikerketa-ibilbidean izan duten garrantzia eta eragina baloratuko da, egonaldiaren hartzaile izan den erakundearen prestigioa eta bertan egindako jarduera kontuan hartuta.

2. irizpidea.–Zenbateraino den egokia izangaia garatu beharreko ikerketa-jardueretarako (50 puntu gehienez). Garatu beharreko ikerketa-programarako, -proiekturako edo -jardueretarako izangaia egokia ote den baloratuko da, aldez aurreko prestakuntzaren eta esperientziaren arabera. Horretarako, proiektua egiteak bere ikerketa-karrerarako izanen duen balio erantsia hartuko da kontuan, bai eta zentroari eta talde hartzaileari emanen dien balioa ere. Irizpide hau baloratzeko, honako azpi-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Banakako elkarrizketa ezagutzen eta gaitasunen egokitasunari buruz: 40 puntu gehienez.

b) Interesaren adierazpena / Motibazio gutuna: hartan, izangaiak justifikatu beharko du egokia dela garatu beharreko programarako, proiekturako edo jardueretarako, aldez aurretik izan duen prestakuntzaren eta esperientziaren arabera, bai eta proiektua egiteak bere ikerketa-karrerarako nolako balio erantsia izanen duen eta zentroari eta talde hartzaileari nolako balioa emanen dien ere: 10 puntu gehienez.

Elkarrizketa Hautaketa Batzordeak eginen du, eta gehienez ordubete iraunen du. Elkarrizketan, izangaiak eskaerako dokumentuetan alegatutako ezagutzak eta gaitasunak baloratuko dira, kontratu bakoitzaren ikerketa-ildo eta -gaiekin loturik. Izangaia doktoretza-tesiaren xede den ikerketaren gairako egokia dela ziurtatzeko, derrigorrezkoa izanen da elkarrizketan gutxienez 20 puntu lortzea. Hautaketa Batzordeak arrazoiak eman beharko ditu apartatu honetan lortutako puntuazioa justifikatzeko, eta, puntuazio hori lortu ezean, izangaia hautaketa-prozesutik kanpo geldituko da.

Berdinketa haustea: eskaera batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute kontratu bererako, berdinketa ebazteko, 1. irizpidearen balorazioan puntuaziorik handiena duen eskaeraren alde eginen da. Oraindik ere berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da, eta zozketa Hautaketa Batzordeko kideen aurrean eginen da.

Hautaketa batzordeek txosten bat egin beharko dute, non ebaluazio- eta hautaketa-prozesua deskribatuko baita eta hautatutako pertsonaren egokitasuna justifikatuko baita, aipatutako irizpide eta azpi-irizpideetan oinarrituta. Txostena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esku geldituko da, haren gordailuzain gisa, eta 2025eko urriaren 29ko Ebazpenaren 23.4.a) artikuluan xedatutakoaren arabera aurkeztuko da. Ebaluazio- eta hautaketa-prozesuan, hautaketa-batzordeek kontuan hartu beharko dute 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 4 bis artikuluaren 5. paragrafoan xedatutakoa.

8.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, gehienez ere hilabeteko epean, tramitera onartutako eskatzaileen eta baldintzaren bat ez egiaztatzeagatik edo eskatutako dokumentazioa ez aurkezteagatik baztertuak izan diren eskatzaileen behin-behineko zerrenda onetsiko du Ikerketako errektoreordeak ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko ohar taula elektronikoan argitaratuko da. Ebazpen horretan 10 egun balioduneko epea emanen zaie eskatzaileei, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hautemandako akatsak zuzendu edo erreklamazioa aurkez dezaten. Ezarritako epean egin ezean, eskaera ez da tramitera onartuko.

8.2. Hautaketa Batzordeak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu, eta Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio tramitera onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko proposamena.

Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onetsiko da. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko ohar taula elektronikoan argitaratuko da, eta, haren aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena Unibertsitatearen egoitza elektronikoko ohar taula elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.3. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean gehienez ere, izangaien puntuazioak eta kontratuen behin-behineko esleipen proposamena onetsiko dira Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez. Ebazpena Unibertsitatearen egoitza elektronikoko ohar taula elektronikoan argitaratuko da, eta gehienez ere 10 egun balioduneko epea izanen dute interesdunek erreklamazioak aurkezteko, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.4. Hautaketa Batzordeak erreklamazioak ebatziko ditu, eta puntuazioak eta behin betiko esleipen proposamenak onetsiko, eta behar den proposamena bidaliko dio Ikerketako errektoreordeari.

Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez, puntuazioak eta deialdiko doktoratu aurreko kontratuen behin betiko esleipena onetsiko dira. Ebazpen hori Unibertsitatearen egoitza elektronikoko ohar taula elektronikoan argitaratuko da, eta, haren aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.5.–Argitalpenaren esteka: Unibertsitatearen ohar taula elektronikoa:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa?opcion=2&languageId=100001

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ohar taula elektronikoan argitaratzea da Unibertsitateak onarturiko argitalpen tresna bakarra. Hala ere, interesdunei posta elektronikoz jakinarazten ahalko zaie, modu osagarrian eta ez-ofizialean.

9.–Doktoratu aurreko kontratuaren helburua eta baldintzak.

9.1. Doktoratu aurreko kontratuaren xedea Jakintza Sortzeko Proiektu baten esparruan ikerketa-­lanak egitea izanen da, eta, zehazki, doktoretza-tesia egitea deialdi honen 1. klausulan zehaztutako helburuarekin, baita hamabi hilabetez gehienez doktoratu ondoko orientabidea ematea ere, betiere izangaiek doktore titulua lortzen badute jarduera garatzen duten bitartean. Kontratatuak prestakuntzan dauden doktoratu aurreko ikertzaileak izanen dira.

9.2. Kontratua idatziz sinatuko dute prestakuntzan dagoen doktoratu aurreko ikertzaileak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, lehenbizikoa langilea eta bigarrena enplegatzailea direnez gero. Kontratuari doktoratu aurreko ikertzailea doktoretza-programan onartu dutela adierazten duen agiria erantsiko zaio, programaren ardura duen unitateak edo, hala badagokio, doktoretzako edo graduondoko eskolak emana.

Ezin izanen da kontratua sinatu tesia gordailutua edo defendatua duten eskatzaileekin, eta, horrenbestez, deialdi honetatik kanpo uztea edo, hala badagokio, kontratua ukatzea ekarriko du horrek.

Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta lau urteko iraupena izanen du gehienez. Beharrezkoa izanen da urtero aldeko txostena egitea doktoretza-programako Batzorde Akademikoak, edo, bestela, doktoretza-eskolak, ikertzaileak programan irauten duen bitartean. Lehenago doktoratu aurreko kontratu paretsu bat izan duten onuradunen kasuan, lau urte horiei kendu eginen zaie kontratatuak egon diren denbora. Doktoretza-tesia eta doktoretza-programako matrikula arduraldi osokoak izanen dira.

Doktoretza-titulazioa lortzeak amaiera emanen dio ikertzaileen prestakuntza-etapari, eta, une horretatik aurrera, doktoratu ondoko etapari heltzen ahalko dio, zeinak, gehienez ere hamabi hilabetez, doktoratu ondoko orientazioa ematea izanen baitu xede. Dena den, horretarako baldintza izanen da izangaiak doktoretza-titulazioa lortu izana jarduera garatzen den bitartean. Nolanahi ere, kontratuaren iraupena ezin izanen da aurreko paragrafoan adierazitako gehienekoa baino luzeagoa izan.

Doktoratu aurreko kontratua indarrean den bitartean amaitzen bada prestakuntza jasotzen ari den ikertzailea atxikia dagoen proiektua, ez da beharrezkoa izanen proiektua aldatzeko baimena ematea, baldin eta prestakuntzan dagoen ikertzailea beste proiektu edo ikerketa-lerro bati atxikia gelditzen bada eta amaitu den proiektuaren ikertzaile arduradunak koordinatzen badu proiektu edo ikerketa-lerro hori. Kasu horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak dagokion jarraipen-txostenaren bidez jakinarazi beharko dio egoera hori laguntza eman duen organoari, eta proiektu edo ikerketa-lerro berriaren eta garrantzitsutzat jotzen duen gainerako informazioaren berri eman beharko dio.

9.3. Doktoratu aurreko kontratuaren indarraldia honako kasu hauetan bukatuko da:

–Kontratuaren gehieneko epea bukatzen bada.

–Doktoretza-programan egoteko aldia bukatzen bada edo tesiaren defentsa egin baino lehen doktoregaia doktoretza-programan matrikulatua ez badago.

–Doktoregaiak aurkako txostena jasotzen badu doktoretza-programako Batzorde Akademikoaren aldetik, edo aurkako ebaluazioa Ikerketarako Estatu Agentziak egiten duen tarteko txostenean.

9.4. Doktoratu aurreko kontratuak lau urteko iraupena du gehienez ere, eta bitarte horretan jasoko den ordainsari gordina ezin izanen da 2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa baino txikiagoa izan. Hauek dira ezarritako ordainsariak:

–Kontratuaren lehenbiziko, bigarren, hirugarren eta laugarren urteetan: 25.456,10 euro gordin, 12 ordainsaritan.

Unibertsitateak hartuko ditu bere gain Gizarte Segurantzaren enpresa-kuotak, indarrean daude legeetan ezarritako baldintzetan.

10.–Matrikula-gastuetarako eta egonaldiak egiteko laguntza.

Deialdi honen onuradunek 7.000 euroko laguntza gehigarria izanen dute doktoretza-ikasketen ondoriozko matrikula-gastuak eta I+Gko zentroetako egonaldien kostuak finantzatzeko, Ebazpenaren 12.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

7.000 euroko laguntza bakoitzari doktoratu aurreko ikertzaile kontratatuaren doktoretza-ikasketen ondoriozko matrikula-gastuak kenduko zaizkio –tutoretza akademikoa eta prestakuntza-kredituak–, doktoratu aurreko etapako kontratazioak egiteko laguntza indarrean dagoen bitartean matrikulatuta dauden ikasmailei dagozkienak. 4 matrikula oso izanen dira gehienez ere. Gastu finantzagarriak ezin izanen ditu gainditu Nafarroako Foru Komunitateak unibertsitate publikoentzat ezarritako unibertsitateko zerbitzu akademikoak emateagatiko prezio publikoen gehieneko zenbatekoak.

Gainerako zenbatekoak kontratua gauzatzeko aldian kontratatutako ikertzaileek atxikitako I+Gko zentroetan ez beste batzuetan egiten dituzten egonaldiak finantzatzeko erabiltzen ahalko dira, bai doktoratu aurreko etapan, bai doktoratu ondoko orientazioko aldian. Hala, beren prestakuntza hobetzeko eta tesiaren garapena bultzatzeko jarduera onuragarriak egiten ahalko dituzte, bai eta eskuratutako ikerketa-prestakuntza osatu eta finkatu ere. Egonaldiek aurreko prestakuntza akademikoagatik edo beste faktore batzuengatik (bizilekua edo nazionalitatea, esaterako) lortu ez den mugikortasun eta/edo nazioartekotze maila bermatu beharko dute, eta inola ere ez dute eraginen doktoretzako ikasketak beranduago amaitzea. Doktoratu ondoko orientazioko aldian, egonaldi horiek doktoratu aurreko prestakuntza osatzeko eta doktoratu ondoko etapako etorkizuneko lan-ildoak bideratzeko erabiltzen ahalko dira.

Egonaldiak atzerriko edo Espainiako I+Gko beste zentro publiko edo pribatu batzuetan egiten ahalko dira, enpresetan barne, betiere zentro horiek ez badaude kokatuak jarduera egiten den zentroaren herri berean. Egonaldiek gutxienez hilabeteko iraupena izan beharko dute, etenik gabe, zentro hartzailean sartzen direnetik kontatzen hasita eta kontratua gauzatzeko epearen barnean. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ardura izanen dira egonaldirako I+G zentroa aukeratzea, bertan egin beharreko jarduerak gauzatzea eta egonaldia egiteko baimena ematea.

Egonaldiak finantzatzeko laguntza gehigarriari dagokionez, ikerketa-egonaldiei buruzko ebazpenaren 11.3.b) artikuluan ezarritakoa izanen da gastu finantzagarria, eta proiektuaren garapenean parte hartzen duten langiletzat hartuko dira prestakuntzan dauden doktoratu aurreko ikertzaileak, alde batera utzi gabe ebazpen horren 12.5.a) artikuluan egonaldien iraupenari eta xedeari buruz xedatutakoa. Gastuak harrerako I+G zentroak emandako egonaldiaren ziurtagiriarekin egiaztatuko dira.

Onuradunei emanen zaie I+Gko zentroetako egonaldien gastuak ordaintzeko laguntza, egonaldia eginen den datekin bat etorriz, eta betiere zentroan sartu direla egiaztatu ondoren.

Onuradunak, egonaldia amaitu eta hamabost eguneko epean, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Ikerketa Zerbitzuan:

a) Gastuak likidatzeko justifikazio kontua, dagozkion gastu egiaztagiriekin; hala badagokio, jaso diren beste laguntza batzuen zati kofinantzatua jasoko du.

b) Destinoko zentroko arduradunaren ziurtagiria, egonaldiaren hasiera-eguna eta amaiera-eguna berariaz jasotzen dituena.

c) Egonaldiaren azalpen-memoria laburra, gehienez ere 500 hitzekoa. Bertan tesi-zuzendariaren adostasuna jaso, eta egonaldiaren emaitza zein izan den adieraziko da.

Egonaldia egiten ez bada, edo ezin bada justifikatu, onuradunak jaso duen diru kopuru osoa itzuli beharko du.

Egindako egonaldia onartutakoa baino laburragoa bada, gauzatu gabeko aldiari dagozkion dieten zati proportzionala itzuli beharko du.

Bidegabe jasotako zenbatekoak Dirulaguntzei buruzko 2005eko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera itzuliko dira (lege horrek dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen du). Kasu horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emanen du, dagokion espedientea izapidetu ondoren, bidegabeki jasotako diru kopuruak itzultzeko, eta hartan adieraziko du zer baldintza eta epe bete behar diren diru sarrera egiteko. Ebazpen horrek administrazio bidea agortzen du, eta zilegi da haren kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere jakinarazpenaren biharamunetik kontatzen hasita.

11.–Onuradunen betebeharrak.

11.1. Onuradunak doktoratu aurreko kontratua sinatzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arauak onartzea, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak kontratuen jarraipen zientifikorako ezartzen dituenak ere.

11.2. Onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoan gehienez ere 9 hilabeteko epean hastea lanean, esleipenaren ebazpena Agentziaren webgunean argitaratu eta hurrengo hilabetearen 1etik kontatzen hasita. Doktoratu aurreko ikertzaileek nahitaez dagokien hilaren 1ean hasi beharko dute lanean. Salbuespenez, lanean hasteko epe luzeagoa behar badute, eta hala eskatzen badute Ikerketarako Estatu Agentziaren web-orrian eskuragarri dagoen eredua erabiliz, lanean hasteko epea luzatzen ahalko du laguntza eman duen organoak. Ezarritako gehieneko epean lanean hasi ezean, kontratuari uko egiten diotela ulertuko da. Halaber, kontratuari uko egiten diotela ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik hura sinatzeko jakinarazpena jaso eta 5 eguneko epean sinatzen ez badute.

b) Esleituriko ikerketa-taldean eta -institutuan beren lana aprobetxamenduz egitea.

c) Kontratuarekin lotutako lana garatzean lortu dituzten informazio zientifikoak edo teknikoak inola ere ez zabaltzea, laguntzaren zuzendariaren baimenik ez badute.

d) 2025eko urriaren 29ko Ebazpenaren 30.2 artikuluan eskatutako jarraipen zientifiko-teknikoko txostenak egitea eta NUPeko Ikerketa Zerbitzuari aurkeztea. Agindu horren bidez, Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzearren proiektu horiekin lotutako jardueretarako laguntzen 2025eko deialdia onetsi zen. Bi txosten eginen dira, bata tartekoa eta bestea amaierakoa, eta azken hori doktoratu aurreko kontratuari loturiko laguntza gauzatzeko aldi osoari buruzkoa izanen da. Txostenak aurkezteko, Ikerketarako Estatu Agentziaren webgunean eskuragarri dauden ereduak erabiliko dira. NUPek, arestian aipatutako Ebazpenaren 6. artikuluan zehazten den forman, tarteko txostena aurkeztu beharko dio kontratua ematen duen organoari, doktoratu aurreko jarduna hasten den egunetik kontatzen hasi eta kontratua gauzatzeko ezarritako hogeigarren hilabetetik hogeita batgarren hilabetera bitartean, eta azken txostena doktoratu aurreko kontratuari loturiko laguntza gauzatzeko aldia amaitu eta hurrengo hilabetean zehar.

Txosten horietan, txostenean jasotako aldian egindakoa eta prestakuntza-programaren betetze-maila deskribatuko dira, eta, hala badagokio, doktoratu aurreko kontratuari loturiko laguntzari gelditzen zaion aldirako lanen plangintza; berariaz aipatu beharko dira proiektuaren egoera, bilakaera eta doktoretza-tesiaren lorpena. Egonaldiak egin badira, egonaldiaren (zentroa eta talde hartzailea, iraupena, etab.) eta egindako jardueren deskribapena ere jasoko dira txostenetan.

Horrez gain, jarraipen txostenekin batera, prestakuntzan dagoen ikertzailearen curriculum vitae eguneratua erantsiko da.

Tarteko txostenaren ebaluazioaren emaitza erabakigarria izanen da kontratuaren finantzaketari eusteko.

e) Ikerketarako Estatu Agentziak jarduketaren eragina ebaluatzeko definitutako adierazle zientifiko-­teknikoen inprimakia betetzea, lehen aipatutako azken txostenarekin batera. Adierazten diren balioek bat etorri behar dute erantsitako curriculum vitaean aipatutakoekin.

f) Doktoretza-programako Batzorde Akademikoaren urteroko aldeko txostena edukitzea. Ebaluazioa aldekoa ez bada, kontratua deuseztatu eginen da, 15 egun lehenago jakinarazita.

g) Kontratuak irauten duen aldian egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketa-jardueretatik eratorritako beste emaitza guztietan aipatzea Nafarroako Unibertsitate Publikokoak direla, Unibertsitateak emandako jarraibideen arabera, zeinak esteka honetan baitaude:

https://guias-tematicas.unavarra.es/sp/subjects/guide.php?subject=normalizacion_firma

h) Kontratuak irauten duen aldian egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketa-jardueren ondoriozko beste emaitza guztietan aipatzea Nafarroako Unibertsitate Publikokoak direla eta Ikerketarako Estatu Agentzia eta EGF+ izan direla finantzatzaileak. Honela egin behar da aipamen hori: "Kontratua/argitalpena/emaitza/ekipamendua/bideoa/jarduera/beste batzuk ‘LAGUNTZAREN ERREFERENTZIA’ laguntzaren parte da, eta MICIU/AEI/10.13039/501100011033/ eta EGF+ izan dira finantzatzaileak", dagokionaren arabera. LAGUNTZAREN ERREFERENTZIA laguntza emateko ebazpenean agertzen den laguntzaren erreferentzia da; MICIU, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren gaztelaniazko akronimoa; AEI, Ikerketarako Estatu Ikerketa Agentziaren gaztelaniazko akronimoa; 10.13039/501100011033, agentziaren DOI delakoa (Digital Object Identifier); eta EGF+, Europako Gizarte Funtsaren akronimoa.

Era berean, logo hauek sartu beharko dira, aipatzen diren ordenan:

1. Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren logoa.

2. Europar Batasunaren ikurra eta, harekin batera, «Europar Batasunak kofinantzatua» testua.

3. Ikerketarako Estatu Agentziaren logoa.

i) Ikerketa-emaitza guztiak sarbide irekian jartzea, NUPen Academia-e biltegi instituzionalean gordez argitaratutako artikulu guztien kopia bat edo argitaratzeko onartu den azkeneko bertsioaren kopia bat (postprint bertsioarena), artikulua argitaratzen denetik sei hilabetera beranduenez ere. Ahal dela, halaber, ikerketan sortutako datuak ikerketako datuen biltegi batean gordailutuko dira.

Hona hemen gai horri buruzko xehetasun gehiago:

https://www.unavarra.es/biblioteca/ikerketarako-laguntza/sarbide-irekia?languageId=100001

j) Doktoretza-tesia defendatzea eta gainditzea 4 urteko epean gehienez ere doktoratu aurreko kontratuaren hasiera egunetik kontatzen hasita.

Ikerketako errektoreordeak betebehar hori betetzeko epea luzatzen ahalko du kontratua bukatu eta urtebete gehienez ere, interesdunak aurretiaz eskaera arrazoitua aurkezten badu, tesiaren zuzendariak ontzat emana eta NADOEren aldeko txostenarekin.

k) Doktore titulua lortu dela jakinaraztea Ikerketa Zerbitzuari, doktoretza-tesia defendatu eta gainditu eta hurrengo egunean.

11.3. Aipatutako betebeharrak ez betetzeak berekin ekarriko du lortutako kontratua ezestea eta baliogabetzea, eta bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzea ekar dezake, deialdi honen 10. oinarrian ezarritakoaren arabera.

11.4. Lortutako doktoratu aurreko kontratuari uko egiten diotenek tesiaren zuzendariaren sinadura duen idazkia bidaliko diote Ikerketako errektoreordeari, eta, idazki horretan, horretarako arrazoiak eman. Kontratuari uko egiteko eskaerak ondorio-eguna baino 7 egun lehenago aurkeztu behar dira beranduenez.

Kontratuari loturiko laguntzaren lehenbiziko bi urteetan kontratua iraungitzen bada, edo kontratatutako pertsonak uko egiten badu, NUPek beste pertsona bat ebaluatu, hautatu eta kontratatzen ahalko du, honako hauetan ezarritako baldintzak betez: Ebazpenaren 12. artikulua, aplikatu beharreko lan-legeria eta 2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretua. Kontratua iraungi edo bertan behera utzi eta pertsona berria lanean hasi arteko aldia ezin izanen da 3 hilabetetik gorakoa izan. Jarduketaren esparruan pertsona bat baino gehiago kontratatzeko aukera alde batera utzita, jarduketa gauzatzeko epea lau urtera amaituko da, kontratatutako lehen pertsona lanean hasten den egunetik kontatzen hasita, eta laguntzaren zenbatekoa, nolanahi ere, Ebazpenaren 14.5 artikuluan jasotakoa izanen da, alde batera utzi gabe Ebazpenaren 25.7 artikuluan jarduera gauzatzeko epea eteteari eta luzatzeari buruz xedatutakoa. Emandako doktoratu aurreko laguntza bakoitzari bi pertsonaren kontratuak egozten ahalko zaizkio gehienez ere, eta soilik lehenbiziko bi urteetan.

11.5. Doktoratu aurreko kontratuen onuradunek Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzen dizkiote kontratuaren helburu den ikerketa-jardueraren ondorioz sortzen diren emaitzei legozkiekeen eskubideak. Unibertsitateak kontratuen onuradunei egile eskubideak aitortuko dizkie, lortzen lagundu duten emaitzen gainekoak, Unibertsitateko ikertzaile kontratatuei edo ikertzaile funtzionarioei dagozkien baldintza baliokideetan betiere.

12.–Onura sozialak.

Sinatutako doktoratu aurreko kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak izanen dituzte hautatutako izangaiek.

13.–Kontratuen etendura.

Doktoratu aurreko kontratuen onuradunek eskubidea edukiko dute Gizarte Segurantzaren babes ekintzako araubideko prestazioak jasotzeko, hartan ezarritako moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen 2015eko urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, haien sorburu diren gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.

Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21 c) artikuluaren arabera, kontratuaren iraupenaren zenbaketa eten eginen da halako kasuengatik: aldi baterako ezintasunagatik; haurdun egoteagatik; esnea emateagatik; haur baten jaiotzagatik; amatasunagatik; aitatasunagatik; haur bat adopzioan edo harreran hartzeagatik edo adopzio xedez zaintzeagatik; esnea emateko baimena lanaldi osoetan metatua izateagatik; edo halako zerbaitekin zerikusia duen antzeko egoerengatik, baita, kontratuak irauten duen bitartean, kasu hauengatik ere: lanaldi osoko baimenak hartzea kontziliazioagatik edo adingabeak, senideak edo mendeko pertsonak zaintzeagatik; eta seme-alabak edo senideak zaintzeagatiko eszedentziak baliatzen emandako denboragatik; edo genero indarkeriagatik.

Kontratuak irauten duen bitartean, ondoren adieraziko diren arrazoiengatiko baimenak lanaldi murriztuan hartuz gero, kontratua luzatu eginen da murriztu den lanaldi-zatiaren baliokide den denboran: haur baten jaiotza; amatasuna; aitatasuna; haur bat adopzioan edo harreran hartzea edo adopzio xedez zaintzea; esnea emateko baimenarengatik lanaldia murriztea; haur goiztiarraren jaiotzagatik edo erditzearen ondoren ospitaleratzea; legezko zaintza; minbizia edo gaixotasun larria duten adingabeak zaintzea; gaixotasun larria duten edo istripu bat izan duten senitartekoak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzea; edo genero indarkeria; edo antzeko arrazoiengatik lanaldia murriztea; bai eta kontziliazio arrazoiengatik edo adingabeak, senideak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko arrazoiengatik ere.

Luzapen hori egiteko beharrezkoa izanen da behar adinako aurrekontua egotea. Eskaera Unibertsitateko erregistro elektronikoan aurkeztuko da, kontratua amaitu baino bi hilabete lehenago beranduenez.

14.–Irakasle lanean laguntzea.

14.1. Kontratu hauen onuradunek zilegi dute baimena eskatzea Unibertsitateko sail batean prestakuntzarako xedez irakasle lanean laguntzeko, betiere kontratuaren zuzendaria eta inplikatutako saileko zuzendaria ados badaude. Laguntza hori indarrean dagoen legediaren arabera eginen da.

14.2. Gobernu Kontseiluak 2022ko apirilaren 12an onetsitako prozeduraren arabera eskatuko da baimena, eta behar den inprimaki normalizatua aurkeztuko da egoitza elektronikoan, aipatutako prozeduran ezarritakoaren arabera:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8661&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096&lang=eu

15.–Datuen babesa.

Deialdi honetako parte-hartzaileek emandako datu pertsonalak araudi hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak bermatzeari buruzkoa.

Tratamendu horren helburua ikerketaren kudeaketa administratiboa da, eta haren oinarri juridikoa, hau da, interes publikoko misioa, DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, ikertzaile gazteei prestakuntza ematea da, prestakuntzan dauden ikertzaileentzako kontratuen deialdia eginez. Tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da (NUP), eta interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es helbideaz baliatuz, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 12. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoari jarraikiz.

NUPek identifikazio- eta harreman-datuak, sinadura, merezimenduen zerrenda eta titulazioari, kalifikazio akademikoari, curriculumari eta ikerketa-jarduerari buruzko datuak tratatuko ditu. Era berean, zer kontratu esleitu diren eta horien onuradunak nor diren NUPen webgunean argitaratuko da, aurreikuspenen arabera. Azkenik, bankuko datuak ere tratatuko dira onuradunei ordainketak egiteko.

16.–Argitalpena.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Unibertsitatearen egoitza elektronikoko ohar taula elektronikoan ere.

17.–Errekurtsoak.

Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. eranskina.–Eskatzailearen merezimenduen baremoa

Izangaiaren ikerketa-merezimenduak: 5 puntu gehienez.

Gehienez 3 ekarpen baloratuko dira kategoria bakoitzeko, merezimenduen inprimakian adierazitako zerrendaren arabera:

–Argitalpenak.

–Biltzarrak.

–Finantzatutako ikerketa-proiektuetan parte hartzea.

–Ikerketarako interesekoak diren ikastaroak.

–Jardunaldietara eta biltzarretara joatea.

a) Ikerketa-jardueraren deskribapena eta puntuazioa, gehieneko normalizatua 3 puntu izanik, honela banakatuta:

1. Argitalpenak: gehieneko normalizatua 3 puntu:

–Nazioarteko aldizkarietako artikuluak: 1,6 puntu.

–Nazioarteko liburuak, osorik: 1,6 puntu.

–Estatuko liburuak, osorik, edo nazioarteko liburuetako kapituluak: 0,8 puntu.

–Estatuko aldizkarietako artikuluak edo estatuko liburuetako kapituluak: 0,4 puntu.

–Beste argitalpen batzuk: 0,2 puntu.

2. Biltzarrak: gehieneko normalizatua 2 puntu:

–Nazioarteko biltzarretako komunikazioak edo posterrak: 0,5 puntu.

–Espainiako biltzarretako komunikazioak edo posterrak: 0,3 puntu.

3. Finantzaturiko ikerketa-proiektuak: gehieneko normalizatua 2 puntu:

–Europar Batasuneko proiektuetan parte hartzea: 1 puntu.

–Plan Nazionaleko edo asimilatuetako proiektuetan parte hartzea: 0,75 puntu.

–Esparru autonomikoko proiektuetan parte hartzea: 0,5 puntu.

–LOSUren 60. artikuluaren araberako kontratuetan parte hartzea: 0,1 puntu.

b) Ikastaroen deskribapena eta puntuazioa, gehieneko normalizatua 2 puntu izanik (100 ordu), honela banakatuta:

1. Ikerketarako interesekoak diren ikastaroak: 0,2 puntu hamar orduko.

Iraupena zehazten ez bada, 10 ordu zenbatuko dira ikastaroko.

2. Jardunaldietara eta biltzarretara joatea: 5 ordu/egun.

Merezimenduen kalkuluaren xehetasunak.

Kasu guztietan, onartu edo argitaratu diren ekarpenak hartuko dira aintzat. Proiektu, ikastaro eta abarretako parte-hartzea behar bezala dokumentatu behar da.

Agiriz egiaztatutako merezimenduak baloratuko dira, eta ez besterik.

Ez dira kontuan hartuko beren arau erregulatzaileen arabera egiaztatzeko eskumena esleitua ez duten pertsonek, organoek edo erakundeek egindako agiriak.

Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezin izanen da merezimendu bera bi apartatutan aurkeztu.

–Argitalpenak eta komunikazioak: onartu direla edo argitaratu direla egiaztatu behar da. Biltzarretako akta liburuak ez dira argitalpen gisa puntuatuko, nahiz eta ISBNa eduki.

–Biltzarretara joatea baina bertan parte ez hartzea ikastaroen atalean hartuko da kontuan.

–Proiektuak: beharrezkoa da eskatzailea ofizialki proiektuaren ikerketa-taldekoa dela egiaztatzea, proiektuaren erakunde arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa ez bada; kasu horretan, proiektuaren eta deialdiaren datuak adieraziko dira, dokumentazioa errazago topatu ahal izateko. Ez dira baliozkoak izanen proiektuaren ikertzaile arduradunak emandako ziurtagiriak. Lankidetza-bekak ez dira proiektu gisa baloratuko.

–Kontratuak: LOSUren 60. artikuluaren arabera egindako kontratuetarako atxikipenak baloratuko dira soilik, betiere taldekide gisa agertzen badira kontratuan edo lan-kontratu bat izan baldin badute.

II. eranskina.–Izangaien espedientea baloratzeko kontuan hartuko diren titulazioak

Aukera hauen arteko bat adierazi beharko du izangaiak eskaeran, eta aukera horren arabera duen espedienteko batez besteko nota hartuko zaio kontuan:

  • 300 ECTS baino gutxiagoko gradu bat + unibertsitate master ofizial bat, Espainiakoak edo Europako Unibertsitate Eremukoak.
  • 300 ECTS baino gutxiagoko gradu bat + gutxienez 2 urteko ebaluazio positiboa Osasun Zientzietako espezialitateren bateko titulu ofiziala lortzeko programa batean (prestakuntza sanitario espezializatuko ikaspostu baterako sarbide proban prestakuntzako ikaspostu bat lortu ondoren).
  • Gutxienez 300 ECTSko gradu bat, Espainiakoa edo Europako Unibertsitate Eremukoa.
  • 1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura bat.
  • Diploma, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko bat + unibertsitateko bigarren zikloko ingeniaritza edo lizentzia bat, 1393/2007 Errege Dekretuaren aurrekoak.
  • 1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko diploma, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko bat + gutxienez 120 ECTSko unibertsitate master ofizial bat, Espainiakoa edo Europako Unibertsitate Eremukoa.
  • 1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko diploma, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko bat + Espainiako edo Europako Unibertsitate Eremuko unibertsitate master ofizial bat + gutxienez 60 ECTSko master bat + graduko edo masterreko 60 ECTS.
  • Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko atzerriko titulu bat, eman den herrialdean doktoretzako ikasketak egiteko aukera ematen duena.
  • Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko atzerriko titulu bat, ez duena aukera ematen hura eman duen herrialdean doktoretzako ikasketak egiteko + Espainiako unibertsitate master ofizial bat, edo Europako Unibertsitate Eremukoa edo eremu horretatik kanpokoa.

Eskatzaileak gradu, gradu bikoitz, lizentzia, diploma edo master titulu bat baino gehiago baditu, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) maila bakoitzeko titulazio bat aukeratzen ahalko du eskaeraren inprimakian, kontuan har diezaioten. Hautatutako aukera ez da aldatzen ahalko eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F2614427