Iragarkia
231. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ANTSOAIN
Oposizio-lehiaketa, betetzeko gizarte-hezitzaileen hiru plaza, B mailakoak, Antsoaingo, Burlatako eta Atarrabiako udaletan aritzeko
Antsoaingo Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko urriaren 30ean hartu erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi zuen, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko gizarte-hezitzaileen hiru plaza, B mailakoak, Antsoaingo, Burlatako eta Atarrabiako udaletan aritzeko.
Prozesua gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; 1/2025 Foru Lege-dekretua, maiatzaren 7koa, onesten dituena Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriaken; Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
Antsoainen, 2026ko urriaren 30ean.–Alkatea, Marta Diez Napal.
OINARRIAK
1. oinarria.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea gizarte-hezitzaileen hiru plaza, B mailakoak, Antsoaingo, Burlatako eta Atarrabiako udaletan aritzeko. Orobat, hautapen-prozesua baliatuz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratu nahi da, sortzen diren beharrei erantzuteko. Hori guztia, jarraikiz langile-deialdien arloko udalarteko kudeaketa-hitzarmenari, zeina sinatu baitzen 2020ko abenduaren 29an eta argitaratu 2021eko 15. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 22an.
1.2. Deialdiko plaza hutsak hauek dira:
UDALA | PLAZA | TXANDA | NAHITAEZKO |
Antsoain | 10003 | Irekia | Euskara, C1 |
Burlata | 6.7. | Irekia | Euskara, C1 |
Atarrabia | 04 02 04 / 01 | Irekia | Euskara, B2 |
1.3. Plazak lortzen dituzten izangaiak funtzionario bihurtuko dira, izanen dituzte langileen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiak, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatuko dira, eta hartan alta emanen zaie. Zer udaletan aritzea egokitzen zaien, araubide horrek udal horrentzat ezartzen duen babesaren pean arituko dira.
1.4. Lanaldi osoan aritu beharko dira. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio-organo eskudunek.
1.5. Oposizio-lehiaketa bidez eginen da hautapena, izan ere, horixe da sistemarik egokiena, deialdiko lanpostuarengatik eta bete beharreko eginkizunengatik, zeren zereginen artean kudeaketa- eta koordinazio-lanak daudenez, hobeki aplikatzen baitira izangaien merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak, ez baitira soilik kontuan hartuko haien ezagutza teorikoak, honako hau ere baloratuko da-eta: laneko esperientzia antzeko zereginetan.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, bat etorriz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuekin.
Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio esparruan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Unibertsitate titulu hauetako bat izatea: Gizarte Hezkuntzako gradua edo diploma, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat; bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.
Prozesuan parte hartzen ahalko dute, orobat, unibertsitateko diplomadun tituluren bat edo ingeniaritza teknikoaren edo arkitektura teknikoaren titulua dutenek, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean haietako bat eskuratzeko moduan daudenek, baldin eta Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialak emandako lanbide gaikuntza badute.
Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko da agiri bat, frogatzen duena baliozkotuak edo homologatuak daudela. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide-kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.
d) Euskara dakitela frogatzea. Horretarako, plaza bakoitzerako ezarrita dagoen mailari dagokion titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko dute: C1 mailakoa Antsoaingo eta Burlatako plazetarako eta B2 mailakoa Atarrabiako plazarako.
e) Behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
g) Ordainduak izatea azterketa eskubideen tasak, edo ordaintzeko salbuespena frogatzea.
2.2. Baldintza horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta haiei eutsi behaarko zaie plazaren jabetza hartu arte.
3. oinarria.–Eskabideak, eta aurkezteko epea.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak zer epetan eta non aurkeztu behar diren:
Eskabideak dagokion ereduari lotu beharko zaizkio, hots, deialdiaren aipameneko I. eranskinean dagoen ereduari (https://sedeelectronica.ansoain.es/tablondeanuncios/). Eskabideetan, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela hautapen-prozesuan eskatutako baldintza guztiak.
Parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Antsoaingo Udalaren erregistro elektronikoan, Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.ansoain.es), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), 20 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legean ezarritako beste erregistroren batean, eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, deialdian parte hartzeko eskabidea igorri beharko da personal@ansoain.es helbide elektronikora, eta adierazi beharko da zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria.
Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.2. Tasak.
Hautapen-prozesuan parte hartzeko, izangaiek 20,15 euro ordaindu beharko dituzte, espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik.
Tasa hori ordaindu beharko da diru-sarrera eskudirutan eginez edo bankuko transferentzia eginez, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen, kontu zenbaki honetan: ES 51 2100 5198 04 2200091055 (La Caixa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–NANa/IFZa.
Azterketa eskubideen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (3. ordenantza fiskala) ezarritakoaren arabera, tasa ordaintzetik salbuetsita egonen dira langabezian dauden izangaiak, baldin eta frogatzen badute dagokien enplegu-bulegoak emandako ziurtagiri baten bidez.
Aipatutako ziurtagirian, jaso beharko da langabe gisa inskribatu zen data, eta berariaz adierazi beharko da inskripzioaldian ez duela baztertu lan-eskaintza egokirik eta ez diola uko egin lanbide-arloko sustapeneko, prestakuntzako edo birmoldaketako ekintzetan parte hartzeari, salbu justifikatutako arrazoirik izanez gero.
Dagokion tasa ez ordaintzea hartuko da izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko arrazoitzat, eta azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du ordeztuko, inola ere, eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea.
Ez da azterketa-eskubiderik itzuliko baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik; esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.
3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Parte hartzeko I. eranskineko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, eskaneaturik:
a) Indarreko NANaren edo pasaportearen fotokopia.
Europar Batasuneko beste estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun-agiri balioduna, indarra duena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.
Pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela aurkeztu beharko dute Espainiako herritarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontideek, herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, baldin 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (hala izanez gero, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).
b) Tasa ordaindu izanaren frogagiria, edo tasa ordaintzetik salbuetsita egotea frogatzen duen agiria.
c) 6.1 oinarriari jarraikiz alegatutako merezimenduen frogagirien kopia.
d) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:
–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, onartzen diena prestazio bat jasotzeko eskubidea, hauetako bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan eta/edo baliabideetan eskatu ere) erants dezakete komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa, hura justifikatzeko.
3.4. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, baldin eta deialdi honetan parte hartzen badute, izaera hori frogatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat, edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, adierazten duena izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak badaudela. Genero-indarkeriaren egoerak frogatzeko, halaber, gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako administrazio publiko eskudunaren harrera zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.
3.5. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
3.6. Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.
3.7. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe dagokien erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
4. oinarria.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan, iragarki-taulan.
4.2. Behin-behineko zerrenda Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan, iragarki-taulan, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aditzera emanen ditu, orobat, deialdi honetan ezarritako proba teorikoa egiteko lekua, eguna eta ordua. Ebazpen hori argitaratuko da Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.
4.4. Funtzio publikora sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa ez da itzuliko, baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, izangaiek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Elena Ugarte Páez, Antsoaingo Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: Marta Díez Napal, Antsoaingo Udaleko alkatea.
–Epaimahaikidea: María Eugenia Izcue Cia, Burlatako Udaleko gizarte-hezitzailea.
Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
–Epaimahaikidea: Itzal Puchol Martínez, NOPLOIko Bizitza Estiloen Unitateko burua.
Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
–Epaimahaikidea: Ainara Santaquiteria Echarri, Antsoaingo Udaleko langileen ordezkariek izendatutakoa.
Ordezkoa: Antsoaingo Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.
–Epaimahaikide-idazkaria: M.ª Pilar Montañés Alsasua, Antsoaingo Udaleko gordailuzaina.
Ordezkoa: Ainara Armendariz Castién, Antsoaingo Udaleko idazkaria.
5.2. Eraketa eta jarduna.
Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.
Kide anitzeko organo horren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak, edo haien ordezkoek.
Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, baldin egoera horietako bat gertatzen bada.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren auzi guztiak.
Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du, proba batzuetarako edo guztietarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez diote laguntza emanen kalifikazio-epaimahaiari.
6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
Aldi horietan, guztira, 100 puntu lortzen ahal dira gehienez.
6.1. Lehiaketaldia.
Alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dira eskabideak aurkezteko epean. Epaimahaiak baremo honen arabera kalifikatuko ditu:
–Edozein toki-erakundetan gizarte-hezitzaile gisa egindako lana: 2 puntu urte oso bakoitzeko; urtea baino txikiagoko denbora-tarteak hainbanatu eginen dira.
–Beste administrazio publiko batean, administrazio publiko bati lotutako edo haren mendeko beste erakunde publiko edo zuzenbide publikoko entitate batean eta administrazio publikoei eta unibertsitate publikoei lotutako edo haien mendeko zuzenbide pribatuko entitate batean gizarte-hezitzaile gisa egindako lana: 1,5 puntu urte oso bakoitzeko; urtea baino txikiagoko denbora-tarteak hainbanatu eginen dira.
–Enpresa pribatuetan gizarte-hezitzaile gisa egindako lana: 1 puntu urte oso bakoitzeko; urtea baino txikiagoko denbora-tarteak hainbanatu eginen dira.
Lehiaketaldian 10 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
a) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
b) Lanaldi partzialeko zerbitzuen kasuan, lanaldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da, salbu eta lanaldia murriztu bada adingabeen legezko zaintzagatik edo adinekoak edo mendekotasuna dutenak zaintzeagatik. Izan ere, kasu horretan, lanaldi osoan aritu izan balira bezala baloratuko dira zerbitzuok.
c) Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.
Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
Lana zer administrazio publiko edo enpresatan egin duten, horiek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute izangaiek alegatutako merituak frogatzeko, bai eta lan-bizitzaren agiria ere. Ziurtagirian honako alderdi hauek agertu beharko dute berariaz: betetako lanpostuaren izena, zer mailatakoa zen (administrazio publikoetan egindako lanaren kasuan), lanean emandako denbora eta lanaldi mota.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan, iragarki-taulan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
Egiten diren erreklamazioak kalifikazio-epaimahaiak ebatzi ondoren, epaimahaiak argitaratuko ditu parte hartzen duten guztien behin betiko puntuazioak, egoitza elektronikoko iragarki-taulan.
6.2. Oposizioaldia.
6.2.1. Oposizioa, ziurrenik, 2027ko martxotik aurrera hasiko da.
Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, baldin eskabidean hala eskatu badute.
6.2.2. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:
a) Lehenbiziko proba:
idatziz erantzun beharko zaio test motako galdera sorta bati, II. eranskineko gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Proba hasi baino lehen, zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta erantzun okerren penalizazioa.
Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den gehienez ere proba egiteko.
Lehenbiziko proba honetan, gehienez ere, 40 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Proba egiteko ezin da erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza.
b) Bigarren proba:
Ariketa teoriko-praktiko batzuk ebatzi beharko dira, II. eranskineko gai-zerrendari buruz eta lanpostuak berezkoak dituen eginkizunei buruz. Epaimahaiak erabakiko ditu ariketa kopurua eta motak.
Epaimahaiak aldez aurretik zehaztuko du idatzizko proba hori egiteko gehieneko denbora.
Proba hau plika sistemaren bidez eginen da.
Bigarren proba honetan, gehienez, 50 puntu lortzen ahalko dira, proba osatzen duten ariketen artean banatuta. Gainditzeko, 25 puntu lortu beharko dira, guztira, eta, gainera, ariketa bakoitzaren gehieneko puntuazioaren %50, gutxienez, lortu beharko da.
6.3. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, egoitza elektronikoan, deialdiaren aipamenean, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du, interesdunek alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia, telematikoki.
Behin alegazioak ebatzirik, epaimahaiak behin betiko kalifikazioak onetsiko ditu, eta argitaratuko dira egoitza elektronikoko iragarki-taulan. Argitalpen horretan adieraziko dira, egoki bada, proba gainditu duten izangaiak eta baztertu direnak, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere. Betiere, proba egin baino 48 ordu lehenago gutxienez iragarri beharko da.
Gerta liteke epaimahaiak erabakitzea bi probak egun berean eginen direla, eta gerta liteke, orobat, probaren bat euskaraz egin behar izatea eta ordenagailua baliatuta. Edonola ere, erabaki horien berri emanen da alkatearen ebazpen baten bidez, zeinean izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta probak egiteko eguna ezarriko baita.
7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta plaza hutsak hautatzea.
7.1. Hautapen-prozesua bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du, egoitza elektronikoan, deialdiaren aipamenean, prozesua gainditu dutenen zerrenda, bakoitzak oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioarekin, eta lortutako puntuazioaren ordenan. Zerrenda hori Antsoaingo Udaleko alkateari igorriko dio.
7.2. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, joko da bigarren ariketan puntu gehien lortu duen izangaiaren alde. Berdinketak badirau, lehenbiziko proban puntu gehien lortu dituenaren alde ebatziko da.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du berdinketa hausteko. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duenaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.
7.4. Aurreko izapidea amaituta, alkateak egoitza elektronikoan argitaratuko ditu hautatu beharreko plaza hutsen zerrenda eta izangaien zerrenda, plaza hutsak hautatzeko daukaten lehentasunaren arabera ordenatuta.
Ondoren, izangaiek, ezarritako epearen barnean, adieraziko dute nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera.
8. oinarria.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Epaimahaiak alkateei igorriko dizkie, espediente osoarekin batera, izangaia izendatzeko edo kontratatzeko proposamenak: puntuazio handienak lortu dituzten izangaiak proposatuko dira. Proposamen horiek deialdiaren fitxan argitaratuko dira, egoitza elektronikoko iragarki-taulan.
Epaimahaiak, orobat, honako hauek igorriko dizkie alkateei: batetik, hautapen-prozesua gaindituta ere plaza eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta, bestetik, oposizioaldia gainditu ez baina hautapen-probetako bat gainditu dutenena. Hala, bi zerrenda eratuko dira, aldi baterako sor daitezkeen kontratazioei erantzuteko.
8.2. Izendapen proposamena egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu dagokion udalaren erregistro orokorraren bidez:
a) Deialdiaren 2.1.c) eta d) oinarrietan eskatzen diren tituluen kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Administrazioak noiznahi egiaztatzen ahalko du aurkeztutako dokumentazioa. Baldin zehaztasun faltarik edo faltsukeriarik bada aurkeztutako agirietan edo datuetan, eskatuko dira erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.
b) Zinpeko adierazpen edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
c) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
d) Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, baldin eta hautapen-prozeduraren kudeatzaileari ez badio baimenik eman ziurtagiri hori eskatzeko. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez arautu zen erregistro hori. Ziurtagiria ez bada negatiboa, izangaia modu automatikoan geratuko da prozesutik kanpo.
e) Izangaiari hitzordu bat emanen zaio, frogatzeko baduela lanpostua betetzeko gaitasun psikofisikoa. Hori dena, jarraituz deialdi honetako 2.1. apartatutako d) letrari. Dagokion udaleko prebentzio zerbitzuak eginen du osasun-azterketa hori.
Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin (7. oinarrian aipatutako zerrenda), eta aurreko apartatuetan ezarri bezala jokatuko da.
9. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, alkatearen ebazpen baten bidez, dagokion udaleko funtzionario izendatuko da hautapen-prozesua gainditu dutenen artean puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaia.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).
Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du plazaz, salbu aski justifikaturik dauden kasuetan.
Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, dagokion udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 8.2 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
Baldin funtzionario bihurtzen den izangaiari, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den plaza ere beteko da deialdiaren 8. oinarrian xedatzen den moduan.
10. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
10.1. Aldi baterako kontratazioetarako, honako zerrenda hauek prestatuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik lortu ez duten izangaiekin (hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, dagokion udaleko aldi baterako langileen kontratazio-zerrendak kudeatzeko araudiari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari):
a) Probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda. Izangaien ordena erabakiko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.
b) Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda. Izangaien hurrenkera ezartzeko, kontuan hartuko da, lehenik, gainditutako proba kopurua, eta, gainditutako proba kopuru bera izanik, guztirako kalifikazioa hartuko da kontuan.
10.2. Alkatearen ebazpen baten bidez onetsiko dira bi zerrendak: batetik, probak gainditu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaiena.
Udal bakoitzak bere aldetik deituko die izangaiei, beren araudietan ezarritakoaren arabera:
–Antsoaingo Udalaren kasuan, jarraikiko zaio Aldi baterako kontratazio-zerrendak kudeatzeko araudiari (2023ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, apirilaren 28an).
–Atarrabiako Udalaren kasuan, jarraikiko zaio Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak kudeatzeko araudiari (Udalaren webgunean argitaratua: https://www.villava.es/eu/).
–Burlatako Udalaren kasuan, jarraikiko zaio Udalean eta haren mendeko erakundeetan aritzeko langileak aldi baterako kontratatzeko araudiari (2026ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 26an).
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
10.3. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
11. oinarria.–Datuen babesa.
Datuen tratamenduaren arduraduna: Antsoaingo Udala.
Datuak babesteko ordezkaria: ansoain@ansoain.es.
Helburua: enplegu deialdiak kudeatzea, botere publikoen jardunean.
Oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua: tratamendua beharrezkoa da, bete dadin interes publikoaren aldeko eginkizun bat, edo botere publikoak erabil daitezen.
251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.
Datuak zenbat denboraz gordeko diren: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datu-hartzaileak: datuak laga dakizkieke epaile eta auzitegiei eta prozeduran interesdun direnei, indarreko legedia betez, eta argitaratuko dira toki-erakundearen egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute datuak babestearen arloko eskubideak baliatzeko, erregistrora edo egoitza elektronikora joz.
Interesdunek, orobat, erreklamazioa jar dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetako bat jar daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, uztailaren 13ko 29/1998 Legeari jarraikiz (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Eskabide-eredua eskuragarri dago deialdiaren aipamenean (https://sedeelectronica.ansoain.es/tablondeanuncios/).
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Lehenengo zatia.–Oinarrizko araudia.
1. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. eta V. tituluak.
2. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea.
3. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa: atariko titulua, I., III., IV. eta V. kapituluak.
4. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua, I. kapitulua (1., 2., 3. eta 4. atalak), II. eta III. kapituluak; II. titulua; III. titulua; IV. titulua; V. titulua, I. eta II. kapituluak; VI. titulua; VII. titulua, I. kapitulua, II. kapitulua (1. atala); IX. titulua.
5. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio-egoerak. Eskubideak eta betebeharrak.
6. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
7. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
8. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, hizpide duena Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna.
9. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak. Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzak itzultzea.
10. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu publikoei buruzkoa. Atariko titulua: legearen xedea eta kontratazio publikoaren printzipioak. I. titulua. Xedapen orokorrak. III. kapitulua. I. titulua. Xedapen orokorrak. V. kapitulua (1., 3., 6. eta 7. atalak).
Bigarren zatia.–Oinarrizko araudi berariazkoa, planak, programak eta gidak.
1. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide dituena autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzea.
2. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa.
3. gaia.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, zeinaren bidez onesten baita Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bategina. Atariko titulua: I., II. eta III. kapituluak. I. titulua: VII. eta VIII. kapituluak. II. titulua: I. eta II. kapituluak.
4. gaia.–31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Diskriminaziorik eza eta autonomia. III. titulua: II. kapitulua. Gizarte zerbitzuak. III. kapitulua. Eremu soziosanitarioa. VII. titulua: V. kapitulua. Irisgarritasuna herritarren eta Nafarroako Administrazio Publikoen arteko harremanetan. VIII. titulua: Desgaitasuna dutenen arreta eta partaidetza antolatzea.
5. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (1): xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea.
6. gaia.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena, eta 30/2019 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua aldatzen duena (foru-dekretu horren bidez, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onetsi zen). I. eranskina. Prestazio bermatuak. II. Eranskina Prestazio bermatuak.
7. gaia.–92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen dituena, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, nahasmendu mentala dutenen, adigabeentzako arretaren eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.
8. gaia.–13/2023 Foru Legea, apirilaren 5ekoa, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka borrokatzekoa.
9. gaia.–11/2011 Foru Legea, apirilaren 1ekoa, Gazteriari buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Administrazio-eskumenak eta plangintza. II. titulua. Gazteriaren arloko politikak.
10. gaia.–Haurren eta Nerabeen Eskubideen Estatuko Estrategia (2023-2030).
11. gaia.–Nafarroako Desgaitasun Plana (2019-2025).
12. gaia.–Adikzioei buruzko IV. Prebentzio Plana (2025-2030).
13. gaia.–Esku-hartze komunitarioan parte hartzeari buruzko gidaliburua (Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak editatua).
14. gaia.–Nafarroan Migratzaileei Harrera Egiteko Plana (2021-2026).
15. gaia.–Nafarroako Kultura arteko Bizikidetzaren Estrategia (2021-2026).
16. gaia.–Lagun egitea esku-hartze metodo gisa inklusio prozesuetan. Hausnarketa berriak. Iruña, Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarea (2016).
17. gaia.–Zainketen aldeko itunak Nafarroan:
–Zainketen oinarriak.
–Itunak egiteko eta abiarazteko gida.
18. gaia.–Eskuliburua, Nafarroako Foru Komunitateko Haurren Babeserako Esparruko Prozedurarako.
19. gaia.–Nafarroako gizarte zerbitzuetako oinarrizko laguntzaren esparru agiria.
20. gaia.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema: hitzaurrea. I. kapitulua: xedapen orokorrak. II. kapitulua: oinarrizko gizarte zerbitzuen programak.
Hirugarren zatia.–Gizarte Hezkuntzako gai berariazkoak.
1. gaia.–Gizarte-hezitzaileen kode deontologikoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.
2. gaia.–Eginkizunen eta eskumenen katalogoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.
3. gaia.–Talde lana. Gizarte-hezitzailea talde multiprofesionalaren barrenean. Diziplinartekotasuna heziketa lanaren esparru gisa.
4. gaia.–Asertibitatea eta komunikazio estiloak. Teknika asertiboak eta hezkuntzako entrenamendua. Edmund J. Bourne.
5. gaia.–Trebetasun sozialak. Kontzeptua. Portaera sozial motak. Trebetasun sozialen defizita eta defizit horren zergatiak. Trebetasun sozialak erakusteko metodoak. Habilidades sociales (Esperanza Dongil Collado eta Antonio Cano Vincel doktoreak, 2014).
6. gaia.–Prebentzioa: kontzeptua eta motak. Esku-hartze prebentiboa, selektiboa eta berariazkoa aurrera eramateko gida metodologikoa (ADES).
7. gaia.–Esku-hartze sozioedukatiboa. Definizioak eta kontzeptuak. Esku-hartze sozioedukatiboaren esparruak. Esku-hartzearen estrategiak eta teknikak.
8. gaia.–Taldekako esku-hartzea. Dokumentazioa: Gizarte Hezkuntzako graduko liburuak.
9. gaia.–Laguntza-eredua, ikuspegi dialogitik abiatuta: Guía de facilitación dialógica, Dialogues-Design Ltd.-rena.
Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, gai guztiak eskatuko dira egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera.
Iragarkiaren kodea: L2614266
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
