231. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

355E/2026 FORU AGINDUA, azaroaren 13koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, xedatzen duena argitara dadila Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren arteko akordio bat, zeinaren bidez Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak kudeaketa-esleipena egiten baitio Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, gauzatu ditzan Caparrosoko udal-mugartean N-121 errepideko ezponda iragazkortzeko lanen proiektuaren kontratazioari lotutako lanak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien mendekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, ondoko apartatuetan xedatuarekin bat.

Aipatutako 14. artikuluaren 3. apartatuan ezartzen da ezen kudeaketa-esleipena departamentu berekoa ez den administrazio organo bati edo beste departamentu baten mendeko erakunde edo entitate publiko bati egiteko, bi departamentu horien titularrek batera emandako baimena beharko dela.

Hori horrela, 2025eko maiatzaren 25eko Erabakiaren bidez, Ingurumeneko eta Landa Garapeneko kontseilariak eta Lurralde Kohesiorako kontseilariak akordio bat sinatu dute; haren bidez Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak kudeaketa-esleipen bat egiten dio Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, gauzatu ditzan Caparrosoko udal-mugartean N-121 errepideko ezponda iragazkortzeko lanen proiektuaren kontratazioari lotutako lanak.

Aipatu foru legearen 14. artikuluaren 6. apartatuak xedatzen du, orobat, kudeaketa-esleipena eraginkorra izan dadin beharrezkoa dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea oso-osorik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren arteko akordioa, zeinaren bidez Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak kudeaketa-esleipena egiten baitio Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, gauzatu ditzan Caparrosoko udal-mugartean N-121 errepideko ezponda iragazkortzeko lanen proiektuaren kontratazioari lotutako lanak.

2. Foru agindu hau jakinaraztea Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta Lurralde Kohesiorako Departamentuan eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden kontu-hartzailetza delegatuei.

Iruñean, 2026ko azaroaren 13an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2614858