229. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

430E/2026 FORU AGINDUA, azaroaren 5ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein diren gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko esparruan, 2026ko azaroaren 11rako iragarrita dauden greba orokorrerako deialdiak direla eta.

Hezkuntza Departamentuak 2026ko azaroaren 11n greba orokorra egiteko zenbait deialdiren jakinarazpena jaso du.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Era berean, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Greba batzordeen aurrean behar diren jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehaztea.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Konstituzio Auzitegiak behin baino gehiagotan eman ditu grebetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeari buruzko erabakiak. Erabaki horietatik ondorioztatzen denez, funtsezko zerbitzuak emanen direla bermatzeak mugatu egiten du greba-eskubideaz baliatzeko aukera, eta, beraz, beharrezkoa eta ezinbestekoa da tartean dauden interes guztiak haztatzea. Horretarako, funtsezko zerbitzuen bermatze hori garantia gisa ulertu behar da, zeina eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatzen baita, eta, ildo horretan, ondorioztatu beharra dago ezen greban parte hartuko duten pertsonen eskubidea mugatu egin beharko dela baldin eta haien interesak greba baten bidez defendatzeak kalte larriagoa eragiten badie edo eragiten ahal badie funtsezko zerbitzu hori jasotzeko eskubidea duten hartzaileei edo titularrei.

Hezkuntzarako eta osotasun fisiko eta moralerako eskubide konstituzionalak eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren 18. artikuluan aitortutako eskubideak bermatzea botere publikoei dagokie, eta, hori helburu, prebentzio neurriak ezarriko dituzte eta behar diren zerbitzuak emanen direla ziurtatuko dute. Izan ere, greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek ezin dira babesik gabe geratu.

Hezkuntza funtsezko zerbitzu publiko bat denez, beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezineko kalteak saihestearren, eta, orobat, funts publikoen bidez sostengatutako ikastetxe eta bulegoen funtzionamendua bermatzea. Hori guztia, kontuan harturik, gainera, Konstituzioaren arabera, langile eta enplegatu publiko guztiek dutela greba egiteko edo ez egiteko eskubidea.

Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, guztientzako hezkuntza-eskubidea aitortzen du, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela ezartzen; halaber, 4. apartatuan adierazten du oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa dela.

Kontuan hartuta ikasleek unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetara joateko eskubidea dutela –eta, batzuetan, betebeharra ere bai–, Hezkuntza Departamentuak behar bezalako arreta bermatu behar die 2026ko azaroaren 11n ikastetxeetara doazen ikasleei (gehienbat, adingabeak dira). Era berean, greban parte hartzen ez dutenek lan egiteko eskubidea dutenez, zuzendaritza lanak bermatu behar dira, grebarik egiten ez dutenek beren lanaldia egin ahal izateko.

Aipamen berezia merezi du hezkuntza bereziko ikastetxeetan gutxieneko zerbitzuak finkatzeak. Ikastetxe horietan desgaitasun intelektualagatik hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzen dira, eta ia ikasle guztiak 4. motakoak edo 4. mailakoak dira; izan ere, beste pertsona batzuen laguntza behar dute eguneroko bizitzako jarduera gehienetarako edo guztietarako, norberaren zaintzakoak barne, bai eta hainbat testuingurutan parte hartzeko eta haien osasuna eta segurtasuna bermatzeko ere. Beraz, beste pertsona batzuen laguntza hil edo biziko premia bat da haientzat. Kalitatezko hezkuntza-arreta emateko, ikastetxe horiek diziplina anitzeko plantillak behar dituzte, eta profesionalen eta ikasleen arteko ratio oso baxuak. Eskola-garraioa eta -jantokia bereziki zaindu behar dira; izan ere, bete egin behar dira zerbitzu horietan ikasleen segurtasuna, osasuna eta ongizatea bermatzeko baldintzak eta sostenguak. Zerbitzu horiek bereziki hartu behar dira kontuan langileen baliabideak antolatzeko; zehazki, beren eginkizunak betetzean, horietan lehentasunez esku hartzen dutenei dagokienez. Era berean, hezkuntza bereziko ikastetxeetan kontuan izan behar da bermatu behar direla ezinbesteko higiene eta garbitasun baldintza nahikoak, ikasleen premiak direla-eta. Berezitasun horiek guztiek beharrezko egiten dute errealitate berezi horri behar bezala erantzunen dioten gutxieneko zerbitzu espezifikoak ezartzea.

Bestalde, ikastetxe arruntetan hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen gurasoek edo legezko ordezkariek eskolatze erregimenik inklusiboena aukeratu ahal izateko egitura espezifikoak pixkanaka sortzen ari direnez, hezkuntza bereziko ikastetxeetan eskolatutakoen antzeko ezaugarriak dituzten ikasleak daude eskolatuta ikastetxe arruntetako egitura horietan. Horregatik, beharrezkoa da hezkuntza bereziko ikastetxeetarako ezarritako tratamendu bera izatea garraioari eta jantokiari dagokienez.

Aipamen berezia merezi du, halaber, haur eskoletan gutxieneko zerbitzuak finkatzeak. Ikastetxe horietan 0-3 urteko haurrak eskolatzen dira. Haur horiek helduen presentzia behar dute ikastetxean egiten diren jarduera guztiak egiteko, autonomia pertsonalik ez dutelako. Pertsona heldu horien presentzia ezinbestekoa da hezkuntza-arreta egokia emateko, baita gutxieneko segurtasun eta higiene bermeak daudela bermatzeko ere. Berezitasun horiek guztiek beharrezko egiten dute errealitate horri behar bezala erantzunen dioten gutxieneko zerbitzu espezifikoak ezartzea.

Bestalde, eskola-jantokiko zerbitzuari dagokionez, kontuan hartu behar da Hezkuntza Departamentuak kudeatutako eskualdeko jantokietan jantoki zerbitzua erabili ohi duten adingabeen kopurua, hau da, 7.806 ikasle. Era berean, eskualdeko jantokietan eta jantoki arruntetan jantoki laguntzak jasotzen dituzten eta egunero zerbitzu hori erabiltzen duten ikasle adingabeak 6.125 dira guztira.

Espainiako Konstituzioaren 39. artikuluak ezartzen du botere publiko guztiek adingabeen babes osoa ziurtatzeko betebeharra dutela, haien eskubideak zaintzen dituzten nazioarteko akordioetan ezarritakoaren arabera. Akordio horien artean, nabarmentzekoa da Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1989ko azaroaren 20an onetsia. Konbentzioak dakartzan betebeharrak bi jarduketa-eremu nagusitan banatzen dira. Lehenengoa, helbide edo egoitza iragankorra Nafarroan duten adingabeak izateagatik Nafarroako administrazio publikoetatik osoko babesa modu koordinatuan jasotzeko eskubidea duten haur eta nerabe guztiei zuzenduta dago. Osoko babes horrek berekin dakar Konbentzioak adingabe horiei esleitzen dizkien eskubideen gozamen efektiboa aitortzea eta begiratzea, eskubidezko subjektu eta beren bizitzetako beharrezko protagonista diren aldetik, eta, horretarako, haien familiei beren eginkizunak betetzen lagundu behar zaie, betiere kontuan harturik adingabeak lehentasunezko interes bat direla, lehentasunezkoena ez bada.

Era berean, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen 20.10 artikuluak ezartzen du ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko duela eskualdeko ikastetxeek jantoki zerbitzua ematea, eta sustatuko duela gainerako ikastetxeek ere zerbitzu hori emateko aukera izatea.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eskola-jantokiak arautzen dituen maiatzaren 29ko 58/2024 Foru Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duenez, eskola-jantokia zerbitzu osagarria da, eta ikasturteko eskola-egun guztietan eman behar da. Zerbitzu horrek honako hauek hartuko ditu barnean:

a) Janari zerbitzua, menuak programatzea, prestatzea eta banatzea barne, eta baldintza eta kontrol higienikoak eta sanitarioak betetzen direla bermatzen duten jarduketa guztiak eginda.

b) Hezkuntza-zaintza eta -arreta, bai jan bitartean, bai jan aurretik eta ondotik, osasuna, elikadura ohiturak eta gizarte trebetasunak sustatuta, bai eta kulturarekin, kirolarekin eta aisiarekin lotutako ohiturak bultzatuta ere.

Ohartarazi behar da haurren eguneroko nutrizioa funtsezkoa dela hazkunde fisiko egokia, garapen kognitiboa, sistema immunologiko sendoa eta epe luzerako gaixotasun kronikoen prebentzioa (obesitatea, diabetesa) bermatzeko. Dieta orekatu batek energia etengabea ematen du, errendimendu akademikoa hobetzen du eta ohitura osasungarri iraunkorrak ezartzen ditu. Haurtzaroko desnutrizioak edo elikadura txarrak kalte larriak eragin ditzake garapenean, eskola-errendimendu txikiagoa eta gaixotasun arrisku handiagoa barne.

Azaldutakoaren arabera, jantoki zerbitzuaren funtsezkotasuna ondorioztatzen da ukitutako eskubideak (hezkuntzarako eskubidea eta haurren eta nerabeen osoko babes eta garapenarekin lotutako eskubideak) funtsezkoak izateagatik, eta hala islatzen da, orobat, bai Estatuko araudian (1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoa, eta Kode Zibila eta Prozedura Zibilari buruzko Legea partez aldatzen dituena) baita foru araudian ere (12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa).

Are gehiago, funtsezko zerbitzuaren izaera hori Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak ere berretsi du 1994ko maiatzaren 20ko eta 2009ko apirilaren 14ko epaietan. Epai horietatik lehenak ezartzen duenez, "eskola-umeei eguerdian bazkaria erabat kentzeak osasunerako eta hezkuntzarako eskubide konstituzionalak urratzen ditu".

Jantoki zerbitzuaren gutxieneko zerbitzuak zehaztean, proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioez gain, kontuan hartu behar da zerbitzu hori funtsezkoa dela ikasle adingabeei behar bezalako eta beharrezko arreta emateko. Gainera, desberdintasun batzuk ezarri behar dira hezkuntza-etaparen eta ikasleak matrikulatuta dauden ikasmailaren arabera. Argi dago ikasle gazteenak zaurgarriagoak direla eta arreta espezifikoagoa eta egokiagoa behar dutela, autonomiarik ez dutelako.

Orobat, nahitaezkoa da, halaber, departamentuaren egoitzan erregistroen funtzionamendua bermatzea gutxieneko langileekin, herritarrek idazkiak eta dokumentuak aurkezteko duten eskubidea babestearren, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin.

Azkenik, komeni da aipatzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak berriki emandako uztailaren 24ko 229/2026 epaia, zeinak babesten baititu Hezkuntza Departamentuak 2026ko martxoaren 17ko greba orokorraren deialdia dela-eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak (greba orokorraren deialdi honetarako ezarritakoak bezalaxekoak dira), eta adierazten baitu gutxieneko zerbitzuei buruzko foru agindua "behar bezala arrazoituta" dagoela "ad casum"; izan ere, aditzera ematen du zerbitzuaren –hots, hezkuntzaren– garrantzia, zeina jasota baitago indarrean dagoen Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluan eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren 18. artikuluan. Orobat, azpimarratzen du ezen, kasu gehienetan –edo guztietan– adingabeak izanen liratekeela kaltetuak, eta bereizi egiten ditu hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxeen eta haur hezkuntzako ikastetxeen artean. Horretaz guztiaz gainera, adingabeek Espainiako Konstituzioaren 39. artikuluaren arabera behar duten babes berezia aipatzen du, eskola-garraioko eta jantokiko zerbitzuaren funtsezkotasuna jasotzen eta arrazoitzen du, Auzitegi Gorenaren Hirugarren Salaren doktrinan oinarrituta (Auzitegi Gorenaren 1994ko maiatzaren 20ko eta 2009ko apirilaren 14ko epaiak), eta, azkenik, idazkiak eta dokumentuak aurkezteko eskubidea babesteko beharrezkoak diren idazkaritza- eta erregistro-zerbitzuen beharra aipatzen du.

Zerbitzu horien kopuruari dagokionez, zinez, ezinezkoa da gutxieneko zerbitzu gutxiago finkatzea herritarren eskubidea baliogabetu gabe".

Horrenbestez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ikusirik 2026ko azaroaren 11rako iragarrita dauden greba deialdiak, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Hezkuntza Departamentuan:

a) Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, hezkuntza bereziko ikastetxeetan izan ezik:

–Ikastetxeko zuzendaria.

–Ikasketaburua.

–Irakasle bat Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Irakasle bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo oinarrizko mailako heziketa zikloetako lau unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Hezkuntza-laguntzako espezialista edo zaintzaile bakarra dagoen ikastetxeetan, gutxieneko zerbitzuak betetzea hari egokituko zaio, eta, horrelako langile gehiago dauden ikastetxeetan, hezkuntza-laguntzako espezialisten edo zaintzaileen plantillako %50i. Betiere, bermatu behar da arreta egokia emanen zaiela garraio eta jantoki zerbitzuak erabiltzen dituzten eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasle guztiei.

Ikastetxeetako zuzendaritzak zehaztuko du zer irakaslek bete beharko dituzten gutxieneko zerbitzu horiek lanaldi osoan, eta, hala bada, zer zaintzaile edo hezkuntza-laguntzako espezialista arituko diren.

b) Hezkuntza bereziko ikastetxeetan:

–Ikastetxeko zuzendaria.

–Ikasketaburua.

–Lau irakasle sei unitateko.

–Eskola-garraioaz eta -jantokiaz arduratzen diren hezkuntza-laguntzako espezialistak edo zaintzaileak.

–Hezkuntza-laguntzako espezialisten edo zaintzaileen plantillaren %67.

–Garbiketa-lanak egiten dituen pertsona bat.

c) 1.–Eskola-garraioa: Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu bat onetsiko du eskola-garraioaren zerbitzu guztiak gutxieneko zerbitzu gisa hartzeko.

2.–Eskola-jantokiak:

2.1.–Elikadura-zerbitzua: eskola-jantokietan ikasle guztientzako elikadura-zerbitzua ezartzen da gutxieneko zerbitzu gisa.

2.2.–Zaintzaileak: jantokiko zaintzaileak egonen dira, ratio hauen arabera:

–Haur Hezkuntzako ikasleentzat: zaintzaile bat 25 ikasleko.

–Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleentzat: zaintzaile bat 30 ikasleko.

–Gainerako ikasleentzat: zaintzaile bat 50 ikasleko.

d) Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskoletan:

–Zuzendaria.

–Haur-hezitzaile bat bi unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Sukaldari bat.

–Garbiketa-lanak egiten dituen pertsona bat.

e) Departamentuaren bulegoetan, administrari batek kasu egin beharko dio Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Departamentuan duen Erregistro Orokorrari (San Domingo kalea z.g., Iruña).

2. Langile horien lanuzteek eta lan gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau greba batzordeei jakinarazteko agintzea, eta foru agindu hau honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei, Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskolei eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoari, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzuari, Haur Eskolen Zerbitzuari eta Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko azaroaren 5ean.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2614399