229. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko urriaren 21ean hartua, zeinaren bidez aldaketa bat onesten baita "Abiadura handiko trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektorialean", Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak sustatua.

I.–Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak 2010eko urtarrilaren 18an hartutako Erabakiaren bidez, "Abiadura handiko trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala" (aurrerantzean, UGPS) onetsi zen (2010eko 26. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 26koa). Planaren sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

2023ko martxoaren 30ean, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak aurreko plan sektorialaren aldaketa egituratzailearen proposamen bat aurkeztu zuen, zeina jendaurrean jarri baitzen eta zeinari entzunaldia eman baitzitzaion, aldi berean, Nafarroako Gobernuaren 2024ko urtarrilaren 17ko eta apirilaren 10eko erabakien bidez (erabaki horiek argitaratu ziren 2024ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 6koan, eta 2024ko 86. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 26koan).

Aintzat izanik aipatu lehen erabakiaren, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2023ko abenduaren 18ko txostenaren, egindako txosten sektorialen eta aurkeztutako alegazioen gogoetak, 2025eko uztailaren 31n, zuzendaritza nagusi sustatzaileak aldatzeko hasierako proposamenaren egokitzapen bat izapidetzeko aurkeztu zuen, zeina jendaurrean jarri baitzen eta zeinari entzunaldia eman baitzitzaion, aldi berean, Nafarroako Gobernuaren 2025eko abuztuaren 20ko Erabakiaren bidez (erabaki hori argitaratu zen 2025eko 179. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 9koan).

2026ko apirilaren 16an eta 2026ko maiatzaren 6an, 11n eta 18an, idaztaldeak, Alonso Hernández & Asociados Arquitectura SLk, zenbait instantzia erregistratu zituen dokumentu multzo bat aurkezteko, zeinak aldaketaren bertsio osoa eta berritua osatzen baitzuen, azken proposamen gisa.

Izapidetze-organoaren –Lurralde eta Paisaia Zerbitzua, hain zuzen– 2026ko abuztuaren 12ko errekerimendu-txosten bati erantzunez, aipatu merkataritza-sozietateak, 2026ko irailaren 16an, instantzia bat erregistratu zuen, UGPSaren aldaketaren azken dokumentua aurkezteko.

Jasotako dokumentazioa osotzat eta nahikotzat jotzen da espedientea onesteko.

II.–UGPSaren aldaketaren deskribapena, xedea eta justifikazioa.

Dokumentazioa aztertuta, honako hau ondorioztatzen da:

Indarrean den UGPSari dagokionez, honako aldaketa hauek proposatzen dira:

–Eremua: handitu egiten da gune batzuetan eta haren mugak birdoitu egiten dira beste batzuetan.

–Eremuan sartzen diren edo eremutik kanpo uzten diren lurzoruen sailkapena aldatzen da, bai eta indarrean den UGPSak jada sailkatutako zenbait lurzorurena ere.

–Sistema orokorrak definitzen dira: adierazten da trenbide sistema orokorra Iruñerriko Trenbide Sarearen Informazio Azterlanera egokitu beharko dela, eta, gainera, garraio- eta komunikazio-sistema orokorra aldatzea proposatzen da, A15 eta A12 errepideekiko loturei dagokienez.

–Barneko bide-diseinuaren egitura nagusiari eusten zaio, eta zenbait hobekuntza sartzen dira, trafikoa lasaitzeko, irisgarritasun unibertsala bermatzeko eta motorrik gabeko garraio-moduak lehenesteko.

–Bide publikoen, hiri zerbitzuen, espazio libre publikoen eta ekipamendu publiko nahiz pribatuen tokiko sistemak edo zuzkidura publikoen multzoak definitzen dira.

–Hirugarren sektoreko erabilerak gutxitzen dira eta bizitegi-erabilerak areagotzen dira, batik bat Aróstegui etorbidean.

–Hiri-bilbea zehatz-mehatz definitzen da: eraikinak eta bide-elementuak definitzen dituzten lerrokadurak eta sestrak aldatzea proposatzen da.

–Etxadiak eta blokeak konfiguratzen dira, errazagoa izan dadin horiek faseka gauzatzea.

–Etxebizitza-estandarrak egungo araudira egokitzen dira, eta errentamendurako diren babes ofizialeko etxebizitzen ehunekoak antolamenduan sartzen dira.

–Antolamendutik kanpoko eraikuntzak eta instalazioak berrikusten dira.

–Irisgarritasun-determinazioak sartzen dira.

–Ereduzko aprobetxamendua eta plangintzaren homogeneizazio-koefizienteak egokitzen dira.

Beste antolamendu bat proposatzen da. Horretan, honako hauek dira funtsean I. eremuari eragiten dioten gai garrantzitsuenak:

–Eremutik kanpo uztea lehen UC-4 deitutakoa (lehengo Sagrado Corazón ikastetxea) eta UC-5aren zatirik handiena (Urdánoz etxe-multzoaren ekialdeko espazio librea, UC-4 izena duena UGPSaren aldaketan).

–Eremuan sartzea A15 errepidearen ondoan, Santa Clara ikasle-egoitzaren hegoaldean, geratzen diren lurzati isolatuak, azpiestazio elektrikoa kokatzeko, eta, ipar-ekialdean, ur-emaria neurtzeko estazioaren ingurua sartzea, zeina desagertu behar baita uholde-arriskua dela-eta.

–Aróstegui etorbidearen aurrean dauden eraikinen hirugarren sektoreko erabilera bizitegi-erabilera bihurtzea.

–Trazaduraren hegoaldean dagoen zerrenda eta abiadura handiko trenaren geltokia berrantolatzea, zuzkidurako eta hirugarren sektoreko erabileretarako.

–Hiri-espazioa antolatuko duten bi plaza sortzea, bai eta elkargune bat ere geltoki berriaren aurrean.

–UGPSak Barañaingo mazelaren malda handieneko eremuetan proposatzen zituen eraikinak kentzea.

–Finkatu beharreko egungo eraikuntza murriztea, eta honako hauetara mugatzea: eliza, gizarte-zentroa, liburutegia eta Inquinasaren tximinia (alboko eraikuntzarekin). Nolanahi ere, finkatzen da Etxabakoizko kooperatibaren 36 etxebizitzako multzoa.

–Elortz ibaiaren gurutzaketako berdeguneak handitzea eta zuzkidura-lurzatiak beste leku batera eramatea, Urdánoz etxe-multzoaren uholde-arriskua murrizteko.

–Proposatutako sestrak doitzea, Urdánoz etxe-multzoaren egoera hidraulikoa hobetzeko, uholde-arriskuak zuzkidura-lurzatiei eragitea saihesteko eta lurzatien irisgarritasuna hobetzeko geltokiaren inguruan.

–Elortz ibaiaren ondoan bi zuzkidura-eremu zehaztea, aisialdiko baratzeetarako.

–Oro har, indarrean den UGPSaren bide- eta lotura-eskemari eustea jada planteatutako hiru lotuneetan; nolanahi ere, haren behin betiko definizioa eta mendebaldeko ingurabidearen enborrak jasoko duen tratamendua Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren irizpideen arabera garatuko dira.

–Udalerri mugakideekiko loturak hobetzea; esaterako, Zizur zendearako irekiera, Zizur Nagusiarekiko bizikletetarako eta oinezkoentzako lotura eta Elortz ibaiaren ibarretik Barañainerako oinezkoentzako sarbideak eguneratzea.

–I. eremura sartzeko maldak egokitzea, irisgarritasun-irizpideak betetzeko, eta oinezkoentzako geltoki berriaren –haren sestrak aginduzkoak dira– inguruko gunerik altuenetarako lotura erraztea.

UGPSaren aurreko bertsioetan proiektatutako disuasio-aparkalekuak ezabatzea, ez baitatoz bat ingurumen-araudiarekin eta ez baitute funtzio- edo hiri-baliorik ematen.

–Beste bide bat sartzea Elortz ibaiaren gainean, zeinak urbanizazioaren gune nagusia eta ibaiaren eskuinaldeko eremua lotuko baititu, Barañaingo hegalaren behealdean, eta, beste alde batetik, jarduketaren ipar-ekialdeko muturrean, NA-7027 errepidea Aróstegui etorbidearekin lotzen zuen bidea ezabatzea.

–Hornidura-azpiegiturari dagokionez, Iruñerriko Mankomunitateak egindako txostenen arabera, I. eremutik kanpoko sareak lotzeko eta indartzeko jarduketak aurreikustea, beharrezkoak baitira aurreikusitako garapenerako hornidura egokia bermatzeko. Zehazki, aurreikusten da Gazolazko depositua handitzea, I. eremuarekin lotzea eta beste arteria-hoditeria bat gauzatzea depositu horretatik "Itzako korapiloa" delakora.

II. eremuari dagokionez:

–Buztintxuriko garapenaren ondorioz finkatutako eremuak kanpo uztea; eremu horiek zuzkidura-erabilerari eta berdeguneei dagozkie.

–Planaren mendebaldean dagoen ADIFen lurzati txiki bat sartzea, aurreko definizioan isolatuta geratu zena.

–Finkatu beharreko egungo eraikuntza murriztea, eta honako hauetara mugatzea: egungo tren-geltokiaren beheko solairuko fatxada, trenbideetara ematen duena, eta markesinak.

–Proposatutako sestrak egokitzea bizikletentzako eta oinezkoentzako luzetarako pasealekuan. Gainera, beste erabilera publiko batzuk ere izanen ditu: haurrentzako jolas-eremuak, terrazak eta egonlekuak, besteak beste.

–27.1 lurzatiaren kalifikazioa (merkataritzako erabilerarekin), Gipuzkoako etorbidearen ondoan.

–Espazio libre bat sortzea, etorkizunean oinezkoentzako sarbide alternatibo bat izateko oraingo baratzeetara, hegoaldetik, Sanduzelaiko etorbidetik.

–Ibilgailuentzako loturak jartzea Sanduzelai eta Buztintxuri auzoen artean, oinezkoen eta bizikleten ardatzarekiko perpendikularrak, antolamendu berrira egokituak eta ibilgailu motordunen trafikoa lasaitzera bideratuak.

Hona hemen indarrean den UGPSaren eta UGPSaren aldaketaren datu nagusiak:

Indarrean den UGPSa

UGPSaren aldaketa

EREMUAREN AZALERA

GUZTIRA

2.393.970,99 m²

2.398.159,36 m²

Iruña

1.069.258,76 m²

2.398.159,36 (%43,06)

Zizur Nagusia

970.707,30 m²

970.620,1 (%40,47)

Zizur

311.244,78 m²

389.177,02 (%16,23)

Barañain

5.587,74 m²

5.752,68 (%0,24)

AZALERA APROBETXAMENDU-ESKUBIDEAREKIN

GUZTIRA

1.968.648,59 m²

1.965.670,77 m²

Ereduzko aprobetxamendua

0,5101923 AU/m².

0,5328444 AU/m².

BIZITEGI-ERAIKIGARRITASUNA

GUZTIRA

1.080.000,00 m²

1.291.693,98 m²

ETXEBIZITZA KOP.

GUZTIRA

9.000,00 etxeb.

11.581 etxeb.

Etxebizitza librea

4.065 etxeb.

5.723 etxeb.

Babes ofizialeko etxebizitzak

2.250 etxeb. (%25,00)

3.487 etxeb. (%30,08)

Prezio tasatuko etxebizitzak

2.685 etxeb. (%29,83)

2.371 etxeb. (%20,46)

HIRUGARREN SEKTOREKO ERAIKIGARRITASUNA

GUZTIRA

315.479,00 m²

173.765,19 m²

Merkataritza beheko solairuan

88.775,00 m²

84.403,49 m²

Hirugarren sektorea, merkataritza / bulegoak

56.682,00 m²

89.361,70 m²

Jarduera ekonomikoa

54.805,00 m²

0 m²

Bioteknologia

115.217,00 m²

0 m²

ERAIKIGARRITASUNA, GUZTIRA

1.395.479,00 m²

1.465.459,17 m²

Hona hemen UGPSaren aldaketaren lurzoru-erreserba publikoak:

Trenbide sistema orokorra

61.883,93 m²

Berdeguneen sistema orokorrak

240.703,64 m²

Espazio libreen eta berdeguneen tokiko sistemak

542.931,66 m²

Tokiko zuzkidurak

117.742,27 m²

Nafarroako Gobernuaren Lurzoru Publikoaren Foru Bankua: lurzatien azalera

39.345,38 m²

Nafarroako Gobernuaren Lurzoru Publikoaren Foru Bankua: eraikigarritasuna

114.588,80 m²

Nafarroako Gobernuaren udalaz gaindiko erabilera anitzeko zuzkidura

42.780,00 m²

III.–Txosten sektorialak.

Zenbait aldeko txosten daude espedientean, honako hauenak: Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritza, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzua eta Errealitate Sozialaren Behatokia. Gainera, baldintzapeko aldeko erabakiak ere badaude, honako hauenak: Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusia, Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF), Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia, Iruñerriko Mankomunitatea, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua eta Osasun Plangintza eta Estrategiarako Atala (osasuna).

Ez dute azken proposamenari buruzko iritzirik eman honako hauek: NILSA, Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzua, Ondare Zerbitzua (ekonomia), Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzua, Obren Atala (hezkuntza) eta Nafarroako Memoriaren Institutua.

UGPSaren aldaketaren sustatzaileak 2024ko, 2025eko eta 2026ko txosten sektorialen erantzuna aurkeztu du, espedientea osatzen duen dokumentazioaren barruan; horietan jasotzen da, batetik, edukiaren laburpena bat eta, bestetik, UGPSaren aldaketaren dokumentazioa horretan jasotako gogoeta eta gomendioetara zer-nola egokitu zen justifikatzen duen deskribapena.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu da eta uste da UGPSaren aldaketak behar bezala jaso dituela egindako txosten sektorialetan ezarritako determinazioak eta baldintzak, eta erantzun zaiela erakunde sektorialek egindako determinazioei eta gomendioei.

IV.–Ingurumen ebaluazioa.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 29ko 617E/2026 Ebazpenaren bidez (2026ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 21ekoan), aldaketa honen ingurumen-adierazpen estrategikoa eman zen, eta, horretan zehazten zenez, planak kontuan hartu beharko ditu ingurumen-azterketa estrategikoan aipatutako ingurumena babesteko irizpideak, bai eta zenbait baldintza ere.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu da, eta uste da UGPSaren aldaketak behar bezala jaso dituela emandako ingurumen-adierazpen estrategikoaren (ekainaren 29ko 617E/2026 Ebazpena) neurriak eta baldintzak.

V.–Jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko izapideak.

Jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko aldietan, 210 eta 16 alegazio-idazki jaso dira, hurrenez hurren.

UGPSaren aldaketaren sustatzaileak 2024ko eta 2025eko alegazioen erantzuna aurkeztu du, espedientea osatzen duen gainerako dokumentazioarekin batera; hots, aurkeztu du egindako alegazioen zerrenda bat, horiek sustatu dituztenak identifikatuta, eta alegazioen edukiaren eta horietako bakoitzean planteatutako proposamenen laburpen laburra.

Dokumentu horiek alegazio bakoitza aztertzen dute eta modu arrazoituan erantzuten diote alegazio bakoitzari; berariaz adierazten dute erantzunaren zentzua eta kasuan kasuko ebazpen-proposamena, dela baiestea, dela partez baiestea edo dela ezestea.

Emandako dokumentazioa aztertu da, eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak uste du egokiak eta nahikoa arrazoituak direla UGPSaren aldaketaren aipatu dokumentuetan jasotako alegazioei emandako erantzunak, kasuan kasuko argibide eta egokitzapenekin, eta adierazten du ados dagoela egindako ebazpen-proposamenen zentzuarekin eta, kasua bada, baietsitako alegazioei dagokienez dokumentuari egindako aldaketekin. Erabaki honi gehitu zaizkio I. eranskin gisa (2024ko alegazioen erantzuna) eta II. eranskin gisa (2025eko alegazioen erantzuna).

VI.–Gogoetak.

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari izapidetze-organoaren, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren, errekerimendu-txosten bat igorri zitzaion, 2026ko abuztuaren 12koa, zeinetan zenbait gogoeta egin baitziren. Gogoeta horiek zekarten zenbait egokitzapen egitea aurkeztutako dokumentazioan.

Jarraian zerrendatzen dira aipatu errekerimendu-txostenean egindako gogoetak, 7. atalari dagozkionak ("Nafarroako Gobernuaren 2024ko urtarrilaren 17ko Erabakiaren txostenaren hirigintza-­gogoetak"), eta adierazten da ea horietako bakoitzari erantzun zaion emandako azken dokumentazioan.

7.2. Xedeari, justifikazioari, koherentziari eta argitasun dokumentalari buruz.

–Dokumentuak indarrean den UGPSaren aldean dituen aldaketa nagusiak jasotzen dituen memoria edo eranskinean ere jaso beharko litzateke.

–Egun planifikatuta dagoen etxebizitza aipatu lurralde-banaketan sartu beharko luke.

–Ez du kudeaketa-planorik, eremua, banaketa-area eta exekuzio-unitatea identifikatzen dituenik. Dokumentua eduki grafiko horiekin osatu behar da.

–Dokumentutik kendu behar dira beste tresna batzuei eta horien izapidetzeari (hala nola birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei) dagozkien erreferentzia, eduki edo gogoeta guztiak. Nolanahi ere, eusten ahal zaie urbanizazio-proiektuan sartu behar diren araudi-gaiei.

7.3. Aldaketaren eremuari buruz.

–Araudiak artikulu bakar bat izan behar du, zeinak definituko baititu UGPSaren antolamendu-eremua eta plano bat.

7.3.5. Venta Andrés jatetxetik hurbil dagoen lurzoru publiko urbanizatua.

–Berdegune hau (ZV-13 izena du P09.1 planoan) ezin da konputatu proposatutako berdegune gisa, Iruñeko Udal Planean jada konputatutako berdegune bat baita.

7.3.7. Jada lortu diren lurzoru urbanizatugabeak.

–Haien sailkapena hiri-lurzoru finkatua izan behar da, eta unitate finkatu berri batean sartu behar dira.

7.5. Hirigintza-estandarrei buruz.

7.5.1. "Hiri-azpisektorea".

–Hiri-lurzoruaren azpisektoreari edo lurzoru finkatuaren enklabeei lotutako aurreikusitako erreserbak justifikatu beharko lirateke.

7.5.2. "Azpisektore urbanizagarria" Udalez gaindiko zuzkidura - Lurzoru Publikoaren Foru Bankua:

–Araudiko fitxak:

  • Hirugarren sektoreko eta merkataritzako erabilera kentzea beheko solairuetan; Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren arabera, ezin da erabilera hori eraiki solairu horietan (Z4.P7, Z5.P1 eta Z2.P3).
  • "Gutxieneko aparkaleku-plaza kopurua" ezabatzea. Zuzkidura horiek ez dute erreserbarik sortzen.

–Horien partzelazioa ezabatzea edo justifikatzea.

  • Memoria: etxebizitzen gutxi gorabeherako kopurua ezabatzea, zuzkidura-etxebizitzak hartu baititzakete eta, kasua bada, hartzen ahalko lituzketen etxebizitzek ez dute konputatzen ezein ondoriotarako.

–Aparkalekuetarako erreserba.

  • Araudian proposatutako aparkalekuen aurreikuspenak (P09.1 eta P26.1 planoak eta araudiko fitxak) bat etorri behar du memorian jasotakoarekin. Nolanahi ere, araudiak definitzen duena nagusituko da.
  • Lehendik dauden eta antolamenduan (II. eremua) jada urbanizatuta mantentzen diren aparkalekuen kopurua sartzea justifikatzea.
  • Oinarrizko unitate bakoitzerako eskatutako gutxieneko aparkaleku-plaza kopurua proportzionatua izan behar da, edo aldea justifikatu behar da. Adibidez, 0 gunean, P03 eta P04 lurzatien (antzeko azalera dute, bai eta eraikigarritasun edo gutxi gorabeherako etxebizitza kopuru bera ere –60 etxebizitza–) hirigintza-fitxek 60 eta 106 aparkaleku-plazako "gutxieneko aparkaleku-plaza kopurua" adierazten dute hurrenez hurren.
  • 6 gunearen bizitegi-erabilerako, hirugarren sektoreko erabilerako edo jarduera ekonomikoko erabilerako oinarrizko unitateen fitxek eta 7 guneko P01 unitatearenak ez dute "gutxieneko aparkaleku-plaza kopururik", irabazizko erabilerako oinarrizko unitateen gainerako fitxek bezala. Hirugarren sektoreko erabilera xehatu bakartuko oinarrizko unitateen 11 fitxek ere ez dute halako aurreikuspenik.
  • 22.6 artikulua.–Aparkaleku-plaza pribatuak. Artikulu horrek aukera bat aurreikusten du aparkaleku-plazen zuzkidura-eskakizunak betetzetik salbuesteko; hauxe, hain zuzen: hori gauzatzeko beharrezkoa izatea sotoko bi solairu baino gehiago eraikitzea. Nolanahi ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak ez du aurreikusten espazio pribatuan aparkaleku-plazen erreserba betetzetik salbuesteko aukerarik, beraz, kendu egin behar da.

–Espazio libreen sistema orokorraren erreserba.

  • Espazio libreen sistema gisa konputatzen ahal dira izaera hori dutenak; ezin dira konputatu azpiegituretarako direnak.
  • Memoriako 5.7.1 atala ("Espazio libreen sistema orokorrik ezaren justifikazioa") ez da kendu. Kendu egin behar da, baina mantendu egin behar dira testuak eta espazio libreen, sistema orokorren eta berdeguneen zerrendak, zeinak atal horri gehitu baitzaizkio, beste izen edo titulu batekin, hori bai.

–Ekipamendu, berdegune eta espazio libreen tokiko zuzkiduren erreserba.

  • Dokumentua berrikusi egin behar da konputagarriak diren eta 85/1995 Foru Dekretuan jasotako azalera- eta sekzio- edo zabalera-eskakizunak (12., 18. eta 24. artikuluak) betetzen dituzten berdeguneak eta espazio libreak behar bezala identifikatzeko; zehazki, honako hauek egiaztatzeko:
    • I. eremua: EL01, EL02 eta EL03 espazio libreak eta ZV10, ZV13, ZV27, ZV30, ZV31 eta ZV32 berdeguneak.
    • II. eremua: EL01 espazio librea, EL02 eta EL04 espazio libreen zati ez-normatiboak, eta ZV01 berdegunea.
  • Lehendik dauden zuzkidurak direnez, halaber justifikatu beharko da II. eremuaren nahitaezko erreserba berrietan sartzea ZV04 berdegunea eta lehendik dagoen berdegune batekin bat datorren EL03 espazio librearen zatia.

7.8. Huntsman babes-perimetroari eta haren lurzorua deskontaminatzeari buruz.

–Aldaketaren memorian honako testu hau sartzea: "UGPSaren aldaketak, banaketa-areak eta epeak ezartzeko orduan eta bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko orduan, kontuan izan beharko du Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen lurzoru kutsatuei buruzko araudia. Horren arabera: 4. Deskontaminatzeko eta leheneratzeko ardura duenari ezin izanen zaio eskatu deskontaminatu eta leheneratu dezala maila hauetatik gora: lurzorua kontaminatu zen unean zegoen lurzoruaren erabilerari lotutako mailetatik gora. Lurzoruaren erabilera aldatzen bada eta horrek lurzoruaren kalitate-maila altuagoak lortzea eskatzen badu, erabilera berriaren sustatzaileak hartu beharko ditu deskontaminatzeko eta leheneratzeko neurri gehigarriak".

7.10. Eremuaren kudeaketari buruz.

–Dokumentutik kendu behar dira birpartzelazio-proiektuaren hasierako onespenaren ondoren jabeek eskuratutako balizko eskubide batzuei buruzko gogoetak, ez baitira dokumentuaren irismenekoak.

7.12. Antolamenduz kanpokotzat jotako eraikinei buruz.

–Proposatutako antolamenduarekin bat ez datorren eraikinari edo instalazioari dagokion katastro-unitatearekin osatu behar da, eta, Zizur zendeako lurzatien kasuan, katastro-poligonoari buruzko aipamenarekin ere bai.

7.13. Urbanizazio-proiekturako determinazioei buruz.

–Dokumentu berriak ez ditu ez proposatutako antolamenduaren ondoriozko zehaztapenak bateratuko dituen berariazko artikulu bat, ez egindako txosten sektorialak, eta horiek nahitaez definitu behar dira geroago urbanizazio-proiektuan gauzatzeko.

7.15. Antolamenduaren diseinuari eta determinazioei buruz.

–Beharrezkotzat jotzen da, halaber, luzetarako profilei dagozkienak eta zeharkako garrantzitsuenak ere gehitzea.

7.16. Programazioari buruz.

–Etapen planeko atalak ez datoz bat, jasotzen dituzten epeak ez dira berberak. 1.2 atala faseak garatzeko epeari buruzkoa da, eta 1.4 atalean (normatiboa), berriz, fase horien hasiera baino ez da aipatzen eta, gainera, bat datoz. Etapak, gero, ez dira definitzen.

–Ez dago UGPSaren partzelazioarekin koordinatuta, trenbide sistema orokorrari dagokionez (haren programazioa hura ezabatzearen mende dago).

7.20. Bestelako gogoetak.

–Herritarrek parte hartzeko planaren ondorioak osatzea, Elortz ibaiaren eta Barañainen arteko bizitegi-erabilera kentzeari, geltokiaren merkataritza-berrantolaketari, Zizurrekin lotzeko igogailuei eta lokalen kokapenari buruzko ekarpenen balorazioa gehituz.

–Lurzatien eta jabeen zerrenda berrikusi da, 2.7 ataleko ("Memoriaren lurzoruaren jabetzaren egiturari buruzko azterlana") taula batean jasotzen dena, eta egiaztatu da eguneratu gabe dagoela.

8. Hirigintzako gogoeta berriak.

8.1. Parametro berriei buruz.

8.1.1. Eremuaren azalera eta mugaketa.

–Justifikatu eta identifikatu behar bada ere proposatutako eremuaren azalera handitzea 29.130,42 m² (2.356.798,58 m²-tik 2.398.159,36 m²-ra), eremuen azalera grafikoa (shape-ak) memoriarekin eta araudiarekin koordinatu behar da.

–Justifikatu behar da II. eremuaren barruan sartzea egungo tren geltokiaren aurrean dagoen espazio librea / plaza (lurzoru-erreserben P26.1 planoan marraztuta dago, eta ZV4 gisa konputatzen du) eta egungo trenbideen, Gipuzkoako etorbidearen eta Nazario Carriquiri kalearen artean dagoen eta jada urbanizatuta dagoen berdegunea (lurzoru-erreserben P26.1 planoan marraztuta dago, eta EL3 gisa konputatzen du).

8.1.2. Aprobetxamendurako eskubidea duen azalera:

–Igoera hori justifikatzeke dago.

8.1.3. Etxebizitzak eta bizitzeko piezak.

–Justifikazio bat jaso beharko luke, arau-aldaketa hori arrazoitzen duena eta muga hori kenduz sustatu nahi den bizitegi-eredua azaltzen duena.

8.1.4. Erabileren arauketa.

–Hirigintza-araudian, hirigintza-fitxetan edo antolamendu-planoetan jasotako erabilerek bat etorri behar dute.

–22.1 eta 22.2 artikuluetako tauletatik kendu behar dira tresnaren gainerakoan arautzen ez diren edo arau-fitxetan ahalbidetzen diren erabilerak.

–"Hirugarren sektoreko erabilera" justifikatu behar da erabilera-taulak ahalbidetzen dituenean zehazten diren erabilera hauek erabilera xehatu hori duen lurzati edo eraikinean: merkataritza, bulegoa, taberna, jatetxea, diskoteka eta tailerra, besteak beste.

8.1.5. Bizitegitarako eraikuntzaren proiektuaren aprobetxamendua.

–Parametro hori hirigintza-fitxetan bertan edo birpartzelatze-proiektuan sartu beharko da.

–Proposatutako manutik kendu beharko da beste erabilera batzuei buruzko edozein aipamen.

8.2. Antolamenduari buruz.

8.2.1. Drainatze jasangarriko hiri-sistemen aurreikuspena.

–Hirigintza-araudian sartu beharko dira; gainera, berariaz ezarri beharko da lotesleak direla, eta haien ezarpena arautu beharko dela urbanizazio-proiektua idazteko, onartzeko eta egikaritzeko baldintza gisa.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, uste da UGPSaren aldaketak behar bezala jaso dituela Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren errekerimenduan ezarritako determinazioak eta gomendioak, eta erantzun zaiela errekerimendu-txosten horretan egindako oharrei.

2026ko irailaren 23an, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak aldeko txostena egin zuen, eta izapidetzea bat etorri zen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Aurkezturiko alegazioak ebaztea, erabaki honen I. eranskinean (2024ko alegazioen erantzuna) eta II. eranskinean (2025eko alegazioen erantzuna) azaldutako moduan.

2. Onestea "Abiadura handiko trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektorialaren" aldaketa, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak sustatua, bai eta tresnan (III. eranskina) jasotako eta hurrengo estekan (III. eranskina) aurreikusitako arauak ere.

3. Plana garatu eta gauzatzean, beteko da ingurumen-eraginaren adierazpenean eta espedientea izapidetzean egiten diren txosten sektorialetan xedatutakoa.

4. Erabaki hau eta I., II. eta III. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan. Onetsitako eta eginbidetutako agiria Nafarroako Hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean eskuratzen ahalko da.

5. Erabaki hau igortzea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Azpiegiturak Kudeatzeko Atalari; Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzuari, Ingurumen Ebaluaziorako Atalari, Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atalari eta Uholdeen aurkako eta Ibai Inguruneko Jarduketen Bulegoari; Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalari; Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Memoriaren Institutuari; Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari; Osasun Zuzendaritza Nagusiko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuari; Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Ondare Zerbitzuari; Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Etxebizitza Zerbitzuari; Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuari; Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari; Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuari; Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiko Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari; Eraldaketa Digitalaren eta Funtzio Publikoaren Ministerioko Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzari; Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiari eta Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari; Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF); Ebroko Konfederazio Hidrografikoari; Iruñerriko Mankomunitateari; Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri (NILSA); Iruñeko, Zizurko, Zizur Nagusiko eta Barañaingo udalei eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari.

6. Erabaki hau jakinaraztea alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Halaber, onetsitako arauen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko urriaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

I. ERANSKINA.–2024ko alegazioen erantzuna (PDFa).

II. ERANSKINA.–2025eko alegazioen erantzuna (PDFa).

III. ERANSKINA.–Antolamendu-araudia eta -planoak (PDFa, 100 MB baino gehiagokoa).

Iragarkiaren kodea: F2613770