228. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OBANOS

Ordenantza, udal hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Obanosko Udalak, 2026ko abuztuaren 26an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Obanosko udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2026ko 183. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 15ean, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Obanosen, 2026ko urriaren 29an.–Alkate udalburua, Aránzazu Hernández Lacalle.

OBANOSKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Obanosko Udalak komenigarritzat jo du aspalditik egiteko zegoen lan bati ekitea: udal hilerria arautzea eta antolatzea. Horren bidez lortu nahi da, nagusiki, sarbideak hobetzea, makinak sartu ahal izatea, beharrezkoa denean hilerrian egokitze- eta mantentze-lanak egiteko, jar daitezkeen sinboloei uniformetasuna ematea, desberdintasun handirik egon ez dadin, eta, horrekin, esparru osoan tratamendu estetiko eta koherenteaz gain, heriotzaren aurreko berdintasunezko ikuspegia lortzea. Horregatik idatzi da udal ordenantza hau, kontuan izanik prozedurari buruz ezarrita dagoena uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Obanosko udal hilerria jabari publikoko ondasun bat da, udal eskumeneko zerbitzu publiko bati atxikia. Haren titulartasuna, administrazioa, zaintza, zuzendaritza eta kudeaketa Udalari dagokio, eta partikularrek kontzesio izaerako hileta-eskubideak izan ditzakete haren gainean. Haren araubide juridikoa araututa dago Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 j) eta k) artikuluetan eta 26.1 a) artikuluan, eta, lege horren 84.1 artikuluan araututakoari jarraituz erabiltzen da arautze ahala, kontuan hartuta tokiko zerbitzu publikoak kudeatzeko moduari buruz erabakitzeko ahalmena.

Halaber, honako hauek ere aplikatu behar dira: 297/2001 Foru Dekretua, urriaren 15ekoa, Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua onesten duena, zeinak gutxieneko betebeharrak ezartzen baititu hileta-establezimenduen funtzionamendurako; 10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Nafarroako Osasunari buruzkoa; 14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa, Osasunari buruzkoa; eta arlo horretan aplika daitekeen gainerako araudia.

2. artikulua. Obanosko Udalari dagokio, administrazio, zuzendaritza eta zaintza ahalmenen barnean, honako jarduketa hauek egitea:

a) Hilerria antolatu, zaindu eta egokitzea.

b) Partikularrei baimena ematea hilerrian edozein motatako obrak edo muntadurak egiteko, baita horiek zuzendu eta ikuskatzea ere.

c) Era guztietako ehorzketa eskubideak onartzea, aldatzea, eta haien iraungipena deklaratzea.

d) Legez ezarritako eskubideak eta tasak eskuratzea.

e) Hilotzak eta gorpu-hondakinak ehorztea eta hobitik ateratzea, osasun arloko arauei jarraikiz.

f) Zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bertzelako gauzakien hondarrak suntsitzea, horretarako gailuak erabiliz, gorpuzkiak izan gabe, hilobiak hustu eta garbitzean agertzen direnean.

g) Lurrak eta panteoiak antolatzea, banatzea, erabiltzea eta aprobetxatzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardura izanen da hilerriaren zuzendaritza. Behar diren langileak edukiko dira hileta zerbitzuak ordenantza honetan araututako moduan emateko, eta zerbitzu horietarako eskumena duen bakarra izanen da.

Debeku da udalaz kanpoko hileta enpresek ematea zerbitzu horiek.

4. artikulua. Hilerriko hilobi hutsen kopurua egokituko da udalerriko biztanleria zentsuaren arabera, edo hilobi-kopuru horretarako lur aski egonen da bederen.

5. artikulua. Hilerriaren barnean ez da inolako espazio berezirik gordeko legeek debekatutako bereizkeria ekar dezaketen ehorzketak egiteko.

6. artikulua. Hilerriaren esparrua zabalik egonen da, zerbitzuaren beharrizanekin bat etorriz Udalak ezartzen duen ordutegian.

7. artikulua. Hilerriko bisitariek hildakoak errespetatuko dituzte eta, horretarako, ez da onartuko esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka hondatzen duen edo hilobiak profanatzea, suntsitzea edo bortxatzea dakarren inolako ekintzarik. Organo edo agintaritza eskudunari egin diren ustezko arau-hausteen berri emanen zaio.

Arau-hausteen araubidea jasota dago Nafarroako Osasunari buruzko 10/1990 Legearen 27. artikuluan eta Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorrean, baina ordenantza honetan ezarritakoa urratzen duena ere izanen da arau-hauste.

Zehapenen araubidea jasota dago Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 141. artikuluan, 57/2003 Legeak emandako idazketan, eta Alkatetzak du zehapenak ezartzeko eskumena.

Zehapenen prozedura izapidetuko da bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin.

8. artikulua. Hilerriaren barnean ez da baimenduko salmenta ibiltaria, eta ez da emanen merkataritza edo publizitaterako posturik edo baimenik, ezta helbururako egokiak diren apaingarriei buruzkoak izanda ere. Debeku hori hilerriaren eragin eremura hedatzen ahalko da.

9. artikulua. Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

10. artikulua. Baldin hilobiak edo hilerriko ikuspegi orokor nahiz partzialak jaso nahi badira irudi, argazki, marrazki edo pinturetan, Udalaren baimena beharko da lehenik.

11. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortuko da, honako atal hauek jasoko dituena:

a) Hilobiak.

b) Ehorzketak.

c) Desobiratzeak eta lekualdatzeak.

d) Erreklamazioak.

Udalak, nolanahi ere, neurri egokiak hartuko ditu bertako datuen segurtasuna bermatzeko, bai eta baimenik gabeko edozein sarbide, tratamendu, aldaketa edo galera saihesteko ere.

II. TITULUA.–EHORZKETA ESKUBIDEA

I. KAPITULUA.–HILOBIEN KONTZESIOA

12. artikulua. Udal honek lagatzen dituen ehorzketa-lekuek administrazio-kontzesioa behar dute. Hala, jabari publikoko ondasun gisa kalifikatuta daudenez gero, muntadura guztiak, ehorzketa-lekuak barne, besterenezinak, enbargaezinak eta preskribaezinak dira.

Erabat deuseza izanen da partikularren artean hilerriko edozein muntadurari edo tokiri buruz itundutako edo egindako eskualdaketa edo aprobetxamendu oro, egiten bada Udalari aldez aurretik jakinarazi gabe eta hark baimendu gabe.

Kolunbarioen, lurreko hilobien eta panteoien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea kontzesio egintzaren bidez sortuko da. Horretarako, ordaindu beharko da ordenantza fiskalean ezarritako tasa edo, enkante prozesua erabiltzen denean, adjudikazioa hartzen duen proposamenaren balio ekonomikoak zehaztutakoa.

Ez da lurzati gehiagorik emanen panteoiak eraikitzeko.

13. artikulua. Kolunbarioak eta hilobiak erabiltzeko kontzesioak hamar urterako izanen dira, eta era jarraituan luza daitezke; gehienez ere bi luzapen izaten ahalko dira.

Panteoiak erabiltzeko kontzesioak laurogeita hemeretzi urterako eginen dira, gehienez ere.

14. artikulua. Kontzesioen luzapena, kasua bada, epemugaren aurreko urtean eskatu behar da. Udalak aurretiaz emanen du egoera horren berri eta luzapena onetsiko da kasuko tasa ordaindu ondoren.

15. artikulua. Kolunbarioak eta lurreko hilobiak erabiltzeko kontzesioa ehorzketaren unean ematen dela ulertzen da, ondoko onespena ukatu gabe. Bertzelakorik adierazi ezean, titularra bere izenean emateko eskatzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa izanen da.

Kontzesioak emanen dira ehorzleku mota bakoitzaren zenbaki korrelatiboaren ordenari jarraikiz edo, ordena korrelatiboan, dauden leku hutsak osatuz.

16. artikulua. Panteoietan egin daitezkeen ondoz ondoko ehorzketek eta hilobien erabileraren gaineko hileta eskubideen eskualdaketek ez dute aldatuko kontzesio epearen iraupena.

17. artikulua. Aurreko artikuluek aitortu bezala, ehorzketa eskubidea mugatuko da udal jabetzako hilobiak erabiltzera, barnean hilotzak eta gorpu-hondakinak ehorzteko eta gordetzeko; hau da, ez dago lotuta lurrari eta ezin da eraiki bertze deus. Horretaz baliatzeko, ordenantza honen xedapenei lotu beharko zaie.

18. artikulua. Hilobi mota guztien gaineko ehorzketa eskubidea bermaturik geldituko da hilerriko erregistroan inskripzioa eginda, eta haren inguruabarrak dagokion inskripzioak adierazten dituenak izanen dira.

19. artikulua. Hilobiak erregistroko hilobien atalean inskribatuko dira, eta inskripzio bakoitzean hurrengo datuak aipatuko dira:

a) Hilobiaren identifikazioa.

b) Kontzesioa eman den eguna.

c) Ordaindutako tasak.

d) Eskubidearen titularraren izen-abizenak eta helbidea.

e) Eskubidea gauzatzeko titularrak oro har izenda dezakeen ordezkariaren izen-abizenak eta helbidea.

f) Hala denean, titularrak hautatutako onuradunaren izen-abizenak eta helbidea.

g) "Inter vivos" edo "mortis causa" egintzen ondoriozko eskualdaketak, ondoz ondoko titularren eta, hala denean, ezkontide gozamendunaren izen-abizenak eta helbideak adierazita.

h) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta lekualdaketak, honako hauek adierazita: zein gorpu edo hondakin den, pertsona horren izen-abizenak, eta jarduketa noiz izan den.

i) Mugak, debekuak eta itxiera, bidezkoa bada.

j) Hilobia edo haren ingurua ukitzen duen edozein gorabehera.

20. artikulua. Kontzesioa administrazio-dokumentu batean formalizatuko da, eta bertan, bertzeak bertze, datu hauek adieraziko dira: kontzesioaren xede den hilobia, adjudikazio data, iraupena eta ehortzitako pertsonen datuak. Hileta eskubide horien titularrek edo gozamendunek hilobiari buruzko informazioa eta datuak eskuratzen ahalko dituzte, hilerriko erregistroan dauden datuen arabera.

21. artikulua. Ehorzketa eskubidea une bakoitzean titularra denaren izenean agertuko da erregistroan, hurrengo zehaztasunekin:

a) Herentziaz edo bertze titulu baten bidezko hurrenez hurreneko eskualdaketek titularkidetasuna dakartenean, partaideek erregistroan titular gisa agertuko den pertsona hautatu beharko dute, guztiak ados egonda. Udalak ez du baimenduko titulartasuna aldatzea baldin adostasun hori frogatzen ez bada, nahiz eta edozein partaidek ehorzketa eskubidea erabiltzea baimenduko duen, bertzeak horren kontra ez badaude.

b) Lurzati edo nitxo baten lehenengo adjudikazioan bi ezkontideak titularrak izanen dira, hori eskatzen badute.

22. artikulua. Ezin izanen dira ehorzketa eskubidearen titularrak izan ehorzketa zerbitzuen enpresak, aseguru konpainiak, aurreikuspeneko mutualitateak edo bertzelako entitate juridikoak, eskubidea ematen dutenak, jarduera gauzatzean, pertsona bat hiltzen denerako lurperatzeko.

II. KAPITULUA.–EHORZKETA ESKUBIDEA AZKENTZEA

23. artikulua. Ehorzketa eskubidea iraungi eginen da honako kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren aurri egoeragatik. Iraungipena erabakiko da aldez aurreko txosten teknikoan egoera hori deklaratu ondoren eta eskubidearen titularrak beharrezko obrak egiteko errekerimendua bete gabe utzi ondoren.

b) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak arreta ez jartzea, nabarmen, egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan, ez aditu eginik horretarako aurretik egindako errekerimenduari.

c) Eskubidearen kontzesio epea iragateagatik luzapena eskatu gabe; dena den, aldez aurretik horren gaztigua eginen da.

d) Kontzesioa amaitu baino lehen, hobitik ateratzeagatik edo kolunbarioak edo lurreko hilobiak nahita husteagatik.

e) Titularrak berariaz uko egiteagatik.

f) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dion lagapenagatik.

g) Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

h) Hilerria ixteagatik.

i) Interes publikoagatik eta/edo berritu beharragatik.

24. artikulua. Kontzesio epea iragatea ez den bertze arrazoiren batek eragindako iraungipena adieraziko da espedientea bururatzen duen berariazko ebazpen batean, eta, betiere, eskubideen titularrei jakinaraziko zaie.

25. artikulua. Baldin eta iraungipena ekartzen badu aurri egoerak edo abandonatzeak, eta eskubidearen titularraren heriotza jasota baldin badago, interesdunei zitazioa eginen zaie, titulartasun aldaketarako duten eskubidea alega dezaten. Interesdunak ezezagunak baldin badira, zitazioa eginen da iragarkia argitaraturik Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren ediktu-tauletan.

Jaraunsleak edo edozein tituluren bidez subrogatutako pertsonak agertzen badira eta eskualdaketa justifikatzen badute, titulartasuna beren alde alda dezakete, baldin eta hilobia konpontzeko edo egokitzeko obrak gauzatzen badituzte horretarako ezartzen den epean.

26. artikulua. Iraungi ondotik, kontzesioaren xedeko hilobia Udalari itzuliko zaio, eta eskubidearen azkentzeak ez du konpentsaziorik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Aitzinetik gaztigatuta, gelditzen diren gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, edo, dagokionean, erre eginen dira, salbu eta hilaren familiakoek edo haien baimena duten bertze batzuek eskatzen badute bertze hilobi batera eramateko.

III. TITULUA.–HILOBIAK ERAIKITZEA, MANTENTZEA ETA ZAINTZEA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

27. artikulua. Hilerriaren esparruaren barnean edozein obra egiteko, horiek egiteko kontratatzen diren enpresek bete beharko dituzte honako arau hauek:

a) Harria, marmola, metalak edo bertzelakoak prestatzeko lanak ezin izanen dira esparruaren barnean egin.

b) Eraikuntzako materialen prestalana horretarako adierazten diren tokietan egin beharko da, kasu bakoitzean beharrezkoa den babesarekin.

c) Materialak, tresnak, lurra edo ura utziko dira igarobidea eragozten ez duten lekuetan.

d) Ondoko hilobi edo landareei kalterik ez egiteko maneran paratuko dira aldamioak, hesiak edo eraikuntzarako behar den bertze edozein tresna lagungarri. Pertsonak eta ondasunak babesteko beharrezko neurriak hartuko dira, eta obrak egitearen ondorioz sortzen diren kalteen erantzuletzat hartuko dira obrak eskatu eta egiten dituztenak.

e) Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak; baldintza hori bete ezean, ez zaio alta emanen hilobiari.

28. artikulua. Eskubideen titularren kontura izanen dira norberak eraikitako hilobiak konpontzeko eta zaintzeko obrak eta Udalak eraikitako hilobietan apaingarriak jartzea.

29. artikulua. Edozein hizkuntzatan jar daitezke hilarrietako epitafioak, oroigarriak, bereizgarriak eta ikurrak, eta behar bezalako begirunea agertu beharko dute. Titularrarena izanen da erantzukizuna baldin idazkunek hirugarrenen eskubideen aurka jo badezakete.

30. artikulua. Eskubideen titularrek edo haien baimena duten bertze batzuek zainduko eta garbituko dituzte hilobiak.

Hilobia garbitu ondoren, lore arrastoak eta bertzelako objektu erabilezinak ondorio horretarako hautatutako lekuetan utzi beharko dira.

31. artikulua.

1. Ezin izanen da hilerrira sartu edo handik atera hilobien zerbitzurako gairik, Udalaren baimenik gabe.

2. Kontzesioa bukatutakoan, ehorzketa eskubidearen titularrak kentzen ahal ditu hilobietan instalatzen diren hilarriak eta obra artistikoak, baldin objektu nagusiari kalterik egin gabe bereizten ahal badira.

II. KAPITULUA.–HILOBIAK KONPONTZEKO, ZAINTZEKO ETA APAINTZEKO OBRAK

32. artikulua. Udalak hamar urterako ematen du hobi orokorrerako eskubidea, gorpua ehorzten denetik hasita.

33. artikulua. Hobi orokorreko hilobi orok 2 metroko sakonera, 0,80 metroko zabalera eta 2,30 metroko luzera izanen ditu. Hobi orokorrak errenkada batean irekiko dira, zuzen-zuzen, eta hilobien artean gutxienez 50 zentimetroko tartea utziko da.

Hobi orokorretan, hurrenkerari jarraikiz eginen dira ehorzketak, tartean hobi hutsik utzi gabe.

34. artikulua. Hobi orokorreko hilobietan gurutzeak edo hilarriak jar daitezke, hildakoaren izena, heriotza eguna eta gorpua identifikatzeko bertze edozein gauza daramatzatela, eta horregatik ez da kanonik ordaindu behar. Hilarriek edo gurutzeek ez dituzte honako neurri hauek gaindituko: 0,70 m-ko zabalera x 0,10 m-ko hondoa x 1 m-ko garaiera. Ezin izanen dira hormigoiz egin. Azalerek, beraz, berde iraunen dute eta Udalak zainduko ditu.

35. artikulua. Hobi orokorreko hilobietan eta kolunbarioetan pertsona bakarraren gorpua soilik ehortziko da eta kontzesio horiek ez dira emanen pertsona hori hil aurretik.

36. artikulua. Aldi baterako kontzesio epea amaitu eta gero, gorpuzkiak hobitik atera eta hezurtegi orokorrera eramanen dira, non eta ez duen familiak lekualdatzea erabaki.

37. artikulua. Hilobiak xahu eta apain edukitzea titularren betebeharra da.

Egoera behar bezalakoa ez bada, Udalak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketarik egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

Epe hori igarota, Udalak obren ordezko exekuzioa aginduko du, eta horien ordainketa interesdunen konturakoa izanen da. Ordaintzen ez bada, kontzesioa iraungiko da, eta hilobia Udalaren esku geratuko da.

38. artikulua. Interesdunik agertzen ez bada abandonatutzat hartzen diren hilobien titularrak non dauden jakiteko deiarekin, Udalaren iragarki-taulan hiru aldiz argitaratuko da deialdia; eta epe hori iragandakoan inor agertzen ez bada, Udalak dekretatuko du kontzesioa iraungi dela, eta lurra eta hilobia bere esku geratuko dira, lehen adierazi bezala.

IV. TITULUA.–HILOTZAK ETA GORPUZKIAK EHORTZI, DESOBIRATU ETA LEKUALDATZEA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN KOMUNAK

39. artikulua. Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzeko, hilotzen gaineko osasunaren arloan indarrean dauden xedapenei eta titulu honetan ezarritakoari jarraikiko zaie, ordenantza fiskalean ezarritako tasak sortuta.

40. artikulua. Ez da aintzat hartuko ehortzi edo hobitik ateratzeko inolako eskaerarik, hildakoaren hurbileko senideek horren aurka daudela berariaz adierazten badute, agintari judizial eskudunak baimendu ezean.

41. artikulua. Gorpuak ezin izanen dira ehortzi harik eta heriotzatik hogeita lau ordu igaro arte. Hala ere, salbuespen hauek izanen dira:

a) Haren heriotza egiaztatu eta gero, organo eta ehunen emailea bada.

b) Osasunaren aldetik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, espedienteari erantsitako dokumentu batean, xedatzen dituen gorabeherak badira.

II. KAPITULUA.–EHORZKETAK

42. artikulua. Ehorzketa egiteko, Udaleko bulegoetan honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ehorzteko eskaera, inprimakiko datuak behar bezala beterik ondoren erregistroan idazteko. Panteoi batean ehorztea nahi bada, eskubidearen titularrak edo hori erabiltzen ahal duenak aurkeztu beharko du eskaera, eta titularra zendua bera bada, haren senideek. Bertze mota bateko hilobiak izanda, kontzesioa bere izenean emateko eskatzen duenak ehorzteko eskatuko du aldi berean.

b) Ehorzteko lizentzia, salbu errautsak ehortzi behar badira.

43. artikulua. Inolaz ere ez dira onartuko gorpuen bilgarriak, ezta lurpeko ehorzketetan ere, baldin gorpuen berezko deskonposizioa galarazten edo berandutzen badute.

44. artikulua. Ehorzketa guztietan hilobiko zuloak hermetikoki itxiko dira, jarioak eta isuri likidoak eragozteko.

Kolunbarioetan ehorzteko, ehorzketa eskubidearen titularrek bi hileko epean idazkuna duen behin betiko hilarria paratu beharko dute.

45. artikulua. Ehorzketak eginen dira Udalak baimendu edo alta emandako lurreko hilobietan, panteoietan edo kolunbarioetan.

Barnealdearen tamaina txikia edo behar ez bezalako kontserbazioa izateagatik zerraldoak behar bezala sartu eta jartzeko aukerarik ematen ez duten panteoietan, ezin izanen da ehorzketarik egin.

46. artikulua. Gorpuzkiak dituzten kolunbarioetan ehorzteko, aldez aurretik horiek bildu beharko dira. Hori egiteko, bertan egon beharko da Udaleko edo eskumen hori ematen zaion enpresa baimenduko arduradun bat, eta eskubidearen titularra edo horrek eskuordetutako pertsona ere horretara bertaratzen ahalko da, horretarako abisua jaso ondoren.

47. artikulua. Panteoi, nitxo edo kolunbario bakoitzaren ondoz ondoko ehorzketen kopurua edukierak baino ez du mugatuko, salbu ehorzketa eskubidearen titularrak nahita eta berariaz mugatzen badu ehorzten ahal diren pertsonen kopurua edo horien zerrenda aldaezina edo baztertzailea ezartzen badu. Horretarako, hori adierazi beharko da erregistroko hilobien atalean.

II. KAPITULUA.–DESOBIRATZEAK, BERREHORZKETAK ETA LEKUALDATZEAK

48. artikulua. Epaileak aginduta edo Hileta-osasunari buruzko Erregelamenduaren 49.2 artikuluko kasuetan ez bada, ezin izanen da hilotzik hobitik atera, heriotzatik bortz urte iragan arte, kontuan hartu gabe ehorzketa zerraldo arruntean edo lekualdaketarako zerraldoan egin den.

Lurreko hilobietan egindako ehorzketei dagokienez, edo heriotza gertatu bada Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren 4. artikuluko I. taldean zehaztutako arrazoiengatik, bortz urteko epea iragan beharko da hilobia irekitzeko edo, osasun teknikarien iritziz, gorpuaren gai organikoa erabat deskonposatzeko behar den epe luzeagoa.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik batere aterako, epaile batek agindu ezean.

Ez da inolako eperik zehaztuko, baltsamatutako gorputzak hobitik ateratzeko.

49. artikulua. Hilotzak hobitik ateratzean hilerri berean berrehorzteko, bertze hilerri batera lekualdatzeko edo errausteko, hilobiaren gaineko ehorzketa eskubidearen titularrak eskaera aurkeztu beharko du.

50. artikulua. Osasun baimena beharko da gorpuak edo gorpu-hondakinak bertze hilerri batera eramateko, erregelamenduz aurreikusitako kasuetan.

51. artikulua. Hobitik ateratzeak Udalak adierazten duen ordutegian eginen dira eta esparruan ahalik eta pertsona gutxien dagoenean egin daitezen saiatuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Udalaren Osoko Bilkurari dagokio kontzesioa ematea eta panteoiak eta hilobiak erabiltzeko ehorzketa eskubidearen azkentzea deklaratzea. Gainerakoetan, Alkatetzaren edo eskuordetutako organoaren ebazpenaren bidez onetsiko dira hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidearen kontzesioa, eskualdaketa eta azkentzea.

Ordenantza hau osatuko da hileta zerbitzuen aprobetxamendu-tasak arautzen dituen ordenantza fiskalarekin.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1.–Ordenantza honen aurretik "betiko" edo denbora mugagabean emandako kontzesioak, zentzu hertsian, gehienez ere laurogeita hemeretzi urterako administrazio-kontzesioak dira. Haietan ezarritako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira.

Bestalde, lehengo paragrafoan adierazi bezala ordenantza honen aurretik emandako administrazio-kontzesioek eta ondoren emandakoek ezin izanen dute laurogeita hemeretzi urteko gehieneko iraupena gainditu.

2.–Ordenantza honek indarra hartu baino lehen emandako kontzesioek jarraituko dute eman ziren egunean indarrean zegoen ehorzketa eskubidearen araudiaren menpe. Hala ere, aplikatuko zaie ordenantza honetan xedatzen dena hilobiaren hondamen edo abandonuagatik ehorzketa eskubidearen iraungipena deklaratzeari buruz.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da legez aurreikusitako epea igarotakoan, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2614206