228. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1226E/2026 EBAZPENA, urriaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita «Baterien bidez energia biltegiratzeko Comansa ISFV sistema hibridoa» izeneko proiektuaz. Sustatzailea Construcciones Metálicas Comansa SA da.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikaturako prozedura hasteko, eta behin egiaztatuta dokumentazioak betetzen dituela hala sektoreko legeriaren baldintzak nola Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan xedatutakoa, Azpiegitura Energetikoen Atalak Ingurumen Ebaluaziorako Atalari igorri dio, 2026ko abuztuaren 3an, «Baterien bidez energia biltegiratzeko Comansa ISFV sistema hibridoa» izeneko proiektuaren ingurumen agiria. Proiektuaren sustatzailea Construcciones Metálicas Comansa SA da.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzea.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen da; horregatik, bertan xedatutakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena egin aurretik, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak proiektuaren ingurumen agiriaz kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Kontsulta egin zaio Uharteko Udalari. Legean ezarritako epea bukatuta, ez da erantzunik jaso.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela aipatu legearen III. eranskineko irizpideen arabera argitzeko ea proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duen, edo ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioa eta analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan harturik.

Proiektuaren xedea da energia bateria bidez biltegiratzeko sistema hibrido bat ezartzea, 1.867,20 kWh-ko biltegiratze gaitasuna duena, hibridatuko dena soberakinak dituen autokontsumorako «Comansa» eguzki instalazioarekin, Comansaren industria nabean (Uharteko udal mugartea). Instalazioak BZell motako 6 bateriaz (ST80 motakoak, 82 kWh) osatutako sistema bat du; bateriak industria nabearen barruko instalazioan dauden inbertsore-kargagailuei konektaturik daude. Jarduketa osoa egun dagoen industria nabe baten barruan gauzatuko da.

Proiektuaren xedea den lurzatia Urbizkain industrialdean dago (Uharteko 2. poligonoko 1193. lurzatia), eta sarbidea du espazio horretan dagoen bide publikoaren sarearen bitartez. Lurzatiaren kategoria lurzoru urbanizagarri mugatuarena edo sektorizatuarena da, Uharteko hirigintza araudiaren arabera.

Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin. Bere baitan biltzen ditu alternatiben azterketa eta ebaluazioa, ingurumen inbentarioa, inpaktuen analisia, sinergien azterketa, ingurumen neurrien proposamena eta proiektuaren arriskuen eta kalteberatasunaren analisia. Ingurumen agiriaren arabera, proiektua egiteak eta abian jartzeak sortuko dituzten inpaktuak bateragarriak dira, biltegiratzeko sistemaren kokapenaren eta okupazioaren ezaugarriak direla eta. Ingurumen agiriak ez du aurreikusten ondorio sinergiko edo metagarririk aztertutako ingurune faktoreetan. Ez da espero, halaber, ondorio nabarmenik proiektuak istripu larrien edo hondamendien aurrean izaten ahal duten kalteberatasunarekin lotuta. Istripu edo hondamendi horiek gertatzeko arrisku-atalaseak apalak direla uste da.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezartzen denarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik eta proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bidez, proposatzen du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela kalte nabarmenik eraginen ingurumenean eta ez dela ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio arruntaren tramitazioa hasi behar. Horrenbestez, aldeko ingurumen-inpaktuaren txostena ematea proposatzen du Construcciones Metálicas Comansa SAk Uharteko udalerrian sustatutako «Baterien bidez energia biltegiratzeko Comansa ISFV sistema hibridoa» egiteko proiektuaz, baldin eta proiektua garatzean betetzen badira ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen agirian proposatutako neurriak, eta, horiez gain, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Construcciones Metálicas Comansa SAk Uharteko udalerrian sustatutako «Baterien bidez energia biltegiratzeko Comansa ISFV sistema hibridoa» egiteko proiektuak ez du ondorio nabarmenik ingurumenaren gainean, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honetan ezarritako baldintzetan, eta, beraz, ez du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. atalaren araberakoa.

2. Sustatzaileak osotara bete beharko ditu ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen agirian proposatutako neurriak.

3. Ingurumen-inpaktuaren txosten honek ez du salbuesten sustatzailea aplikagarria den indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren gainerako baimenak lortzetik.

4. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua baimentzeko egintzaren aurka bide administratibo edo judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalera, Uharteko Udalera eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urriaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2614076