2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA
Langileak aldi baterako kontratatzeko zerrendak kudeatzeko araudia
Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak, 2026ko ekainaren 24an egin zuen saioan, hasiera batean onetsi zuen Iruñerriko Mankomunitaterako langileak aldi baterako kontratatzeko zerrendak kudeatzeko araudia.
Onespen-akordioa 136. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean kaleratu zen, 2026ko uztailaren 14an, eta jendaurrean egoteko epea igaro denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuta dagoenari jarraituz, behin betiko onetsi da araudi hori.
Iruñean, 2026ko urriaren 22an.–Jarduneko lehendakaria, Idoia Aritzala Etxarren.
IRUÑERRIKO MANKOMUNITATERAKO LANGILEAK ALDI BATERAKO KONTRATATZEKO ZERRENDAK KUDEATZEKO ARAUDIA
1. artikulua. Xedea, aplikazio-eremua eta printzipioak.
1.1. Xedea.
Araudi honen xedea da Iruñerriko Mankomunitatean lanpostuak aldi baterako lan-kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak ezartzea.
1.2. Aplikazio-eremua.
Plantilla organikoan lanpostu hutsak aldi baterako betetzeari aplikatuko zaio araudi hau, eta bai Iruñerriko Mankomunitatean hainbat inguruabarrengatik (zereginak metatzea, obra edo zerbitzu jakin bat, aldi baterako ezintasunagatiko, baimenarengatiko edo antzekoengatiko bitartekotasuna) sor litezkeen beharrei erantzuteari ere.
1.3. Aldi baterako langileak hautatzeko printzipioak.
Aldi baterako langileak deialdien bidez hautatuko dira, eta haietan, betiere, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioak bermatuko dira.
Edonola ere, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan kontratazioa ahalik eta eraginkortasun eta arintasun handienarekin egitea ahalbidetuko da.
Iruñerriko Mankomunitateak erabakiko ditu kontratatzeko modua eta unea, sortzen diren beharrei behar bezala erantzute aldera, eta horri buruz hartzen dituen erabakiak bere burua antolatzeko daukan ahalmenaren barnean hartuko ditu. Aldi baterako kontratazioa egin behar dela erabaki eta gero, araudi honetan xedatutakoaren arabera hautatutako da izangaia.
2. artikulua. Zerrendak eratzea.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak deialdi publikoetatik abiatuta eratuko dira, lehiaketa, oposizio edo oposizio-lehiaketa bidez. Haietan, betiere, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioak bermatuko dira.
Egin ahal izango diren izangaien zerrenda-motak.
Mankomunitateak aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak egin ahal izango ditu. Haietan lehentasun-hurrenkera hau egongo da:
1.–Prestakuntzarako eta hobekuntzarako barne-deialdietan gainditu duten langileen zerrendak.
2.–Lanpostu finkoen deialdietan gainditu duten lanposturik gabeko izangaien zerrenda.
Kategoria bereko lanpostu batean plantillako langile gisa sartzeko oposizioa edo oposizio-lehiaketa gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaiekin egingo da zerrenda hau. Hain zuen, oposizioan edo oposizio-lehiaketan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira.
3.–Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda.
Zerrenda honetako lehentasun-hurrenkera ezartzeko arauak dagokion deialdian ezarri eta zehaztuko dira.
4.–Aldi baterako kontrataziorako hautaprobetarako deialdi publiko baten bidez egindako izangai-zerrenda.
5.–Beste administrazio batzuek (Iruñerriko Mankomunitateak haiekin hitzartu eta gero) aldi baterako kontrataziorako hautaproben deialdi publikoaren bidez egindako izangai-zerrendak.
6.–Nafarroako enplegu-zerbitzuak (Nafar Lansare) helburu horretarako bidalitako zerrendan dauden izangaien artean egindako hautaproben bidez eratutako izangai-zerrendak, delako lanposturako exijitutako betebeharrak betetzen badituzte, eta hautaproba horietan lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera.
Hautaketa-sistema hori erabiliko da 1. puntutik 5.era bitarteko artikuluetako zerrendetan deitzeko moduko izangairik ez dagoenean eta justifikatzen denean kontratatzeko premia larria dagoela edo lanpostu horiek betetzeko zailak direla, berariazko ezaugarriak dituztelako.
7.–2. eta 5. puntuetan xedatutakoaren arabera osatutako zerrendak indarrean dauden bitartean lanpostu berberetarako zerrenda berriak egiten badira, berrikiago onartutako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.
3. artikulua. Deien kudeaketa.
3.1. Deien prozedura.
1.–Aurkitzea errazteko helburuarekin, izangaiek, gutxienez, harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat jakinarazi behar dituzte. Izangaiak arduratuko dira informazio hori eguneratuta edukitzeaz une oro.
2.–Oro har, zerrendan prestasun-egoeran dagoen lehenbiziko pertsonari egingo zaio deia, 2. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera.
3.–Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko kontratu hori indarrean dagoen bitartean, eskaintza hori 6 hilabeteko edo hortik gorako kontratu baterako edo lanpostu hutsak betetzeko bada izan ezik.
4.–Deiaren bidez eskura dagoen eskaintzaren berri emango zaio izangaiari. Deia egiteko, baliabide hauek erabiliko dira, hurrenkera honetan, erabilgarri baldin badaude:
–Helbide elektronikoa.
–Telefono mugikorra (hiru saiakera, gutxienez hiru orduko tarteekin).
–Telefono mugikorrerako mezularitza (SMS).
5.–Aurretik zehaztutakoaren arabera hiru eguneko epean ezinezkoa bada izangai batekin harremanetan jartzea, hurrengoari deituko zaio, eta horrela jarraituko da postua bete arte. Halakoetan, lan-eskaintza horren gaineko eskubide guztiak galduko dira.
Deietako bakoitzaren gainean, jasota geratuko dira saiakera bakoitzaren data, ordua eta inguruabarrak.
3.2. Deiak, erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentzia-kasuetan.
1.–Erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, eta orduan sinatuko dute kontratua.
2.–Kontratua onartu ahal izango dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izango duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.
3.–Lanpostuan sartuko dira erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat edo beste gurasokidearentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatu eta gero.
Halakoetan, Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaizkio, erditzea, adopzioa edo harrera gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik, harik eta lanpostuan benetan hasten den egunera arte. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izango ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.
3.3. Deitzean sor litezkeen beste egoera berezi batzuk.
Haurdunaldiko bajaren aurreko aldi baterako ezintasunagatik, haurdunaldiko bajagatik eta/edo jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko baimenagatik langile bat ordezteko kontratatzen diren izangaiek kontratu bat baino gehiago pilatu ahal izango dituzte bata bestearen atzetik etenik gabe, langilea berriz ordeztu beharra baldin badago edoskitzearen ondoriozko arriskuagatik edo edoskitzealdiak metatzeagatik, edo oporrengatik, bai eta, aipatutako egoera horiek bukatu eta 15 egun balioduneko epearen barnean, ordeztutako langilea seme-alabak zaintzeko eszedentzia bereziaren egoerara igarotzen bada.
3.4. Izangaien zerrendetan lehentasunaren hurrenkera finkatzeko araubide orokorraren salbuespenak.
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 7. xedapen gehigarrian ezarritakoa betetze aldera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutik lehena gordeko da % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte eta dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin bateragarria dela egiaztatzen badute.
4. artikulua. Kontratazio-eskaintzari uko egitea.
1. Izangairen batek, zerrendan prestasun-egoeran egonda, eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:
a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan-kontratu batengatik uko egitera behartua egotea.
b) Aldi baterako ezintasuna izatea. Arrazoi honengatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz prestasun-egoeran egotera itzuliko, inolako kontratu motatarako, ukorako arrazoia amaitu dela behar bezala frogatzen ez duten bitartean.
c) Jaiotzagatiko eta adingabea zaintzeagatiko baimen-egoeran egotea. Arrazoi honengatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz prestasun-egoeran egotera itzuliko, ukorako arrazoia amaitu dela behar bezala frogatzen ez duten bitartean.
d) 6 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu behar izatea, berezkoa edo adoptatua. Arrazoi honengatik kontratu bati uko egiten diotenak edozein unetan aktibatu ahal izango dira berriro, baina arrazoi hori bi aldiz baino ezin izango da erabili kontratu bati uko egiteko arrazoi gisa.
e) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat zaindu behar izatea, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa. Arrazoi honengatik kontratu bati uko egiten diotenak edozein unetan aktibatu ahal izango dira berriro, baina arrazoi hori bi aldiz baino ezin izango da erabili kontratu bati uko egiteko arrazoi gisa.
f) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), parekatutako egoeran sartu berria izatea, baldin eta eskainitako kontratuaren hasiera-eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean badago.
2. Aurreko atalean jasotako kasuetan, izangaiek mcp@mcp.es helbidera bidalitako mezu elektroniko baten bidez jakinarazi beharko dute lanerako prest daudela. Jakinarazpen hori egin bitartean, izangaiak ez dira deitzeko moduan izango, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendetatik. a), d) eta e) letretako kasuetan, inguruabar bera bi aldiz baino ezin izango da erabili ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.
3. 1. atalean zerrendatutako egoeretako batean dauden izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute, ez deitzeko moduan. Agiri horiek mezu elektroniko bidez bidali behar dituzte mcp@mcp.es helbidera. Agiriak ez badira jasotzen ezarritako epe horretan, lanpostuari justifikaziorik gabe uko egintzat joko da eta zerrendan azken postura igaroko da izangaia.
5. artikulua. Zerrendaren azken tokira jaistea.
Zerrendaren azken tokira jaitsiko dira egoera hauetakoren batean dauden izangaiak:
a) Uko egitea eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe.
b) Bigarrenez uko egitea eskainitako lanpostu bati, dagokion zerrenda indarrean dagoen bitartean.
c) Dei egin eta eskainitako lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozteko moduko arrazoiengatik.
d) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta Iruñerriko Mankomunitateak edo beste administrazio publiko batek edo enpresa pribatuk eskainitako beste kontratazio batera aldatzeagatik bada.
6. artikulua. Zerrendetatik kanporatzea.
Dei egin zaien zerrendatik izangaiak kanporatzeko arrazoiak hauek izango dira:
a) 5. artikuluko inguruabarretako edozeinetan bigarren aldiz egotea, egoera bera izan edo ez.
b) Probaldia ez gainditzea.
c) Lanpostutik alde egitea.
d) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla-kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.
e) Kontratua amaitzea diziplinazko espediente baten tramitazioaren ondorioz, zerrendetatik baztertzea erabakitzen duen ebazpen batekin bururatzen bada. Diziplinazko espedientea izapidetzen ari den bitartean, administrazioak erabaki dezake etetea izangaiari deitzeko betebeharra, diziplinazko espediente hori abiarazi bada ustezko falta astun edo oso astun batengatik.
7. artikulua. Publizitatea eta gardentasuna.
Zerrenda guztiak Iruñerriko Mankomunitatearen webgunean argitaratuko dira, eskuragarri egoteko moduan, eta aldian-aldian eguneratuko dira. Hartara, une bakoitzean zehaztu ahal izango da zerrendako pertsonen lehentasun-hurrenkera.
8. artikulua. Zerrenden indarraldia.
2. artikuluan araututako zerrendek 6 urteko indarraldia izango dute gehienez ere (SNE-Nafar Lansarerenak izan ezik). Salbuespen gisa, Mankomunitateko lehendakariak erabaki ahal izango du zerrendak luzatzea, langileen ordezkarien oniritziarekin, beste deialdi publiko bat egin arte.
9. artikulua. Araudi gehigarria.
Araudi honetan aurreikusita ez dagoenean, Foru Administrazioko sindikatuek kontratazio-zerrenden kudeaketaren inguruan sinatutako akordioa aplikatuko da (814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, 31. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean kaleratua, 2011ko otsailaren 15ean, edo hura ordezten duen foru-araudia), erregulazio honekin bateragarri den guztian.
10. artikulua. Indarra hartzea.
Araudi honek indarra hartuko du behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.
Iragarkiaren kodea: L2613927