224. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Gutxieneko zerbitzuak, 2026ko azaroaren 11ko greba deialdia dela eta

Alkateak 2026ko azaroaren 4an emandako 3702. Ebazpenaren bidez, eta 2026ko azaroaren 11ko greba deialdia dela eta, funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautu dira Eguesibarko Udalerako eta Andacelay SL enpresa publikorako.

Hainbat sindikatuk 24 orduko greba orokorrerako deia egin dute Espainia osoan 2026ko azaroaren 11rako (asteazkena). Besteak beste, aldarrikatzen dute soldatak hobetzea, etxebizitza eskuragarria izateko aukera bermatzea, lanaldia murriztea eta bizitzaren garestitzearen aurkako neurriak hartzea.

Greba egiteko eskubidea –Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua– bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, kontuan hartu behar dira (Konstituzio alorreko jurisprudentziak behin eta berriro dioenez) proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta behar adina arrazoituta ezarriko dira.

Konstituzioaren 23. artikuluaren arabera, herritarrek eskubidea dute gai publikoetan parte hartzeko, zuzenean edo ordezkarien bidez, hots, bozkatze unibertsaleko aldian aldiko hauteskundeetan libreki hautatutako ordezkarien bidez.

Bestetik, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluak eta hurrengoek zenbait zerbitzu publiko ezartzen dituzte, udalerriek nahitaez eman behar dituztenak. Greba egiteko eskubidea bermatu behar den arren, Eguesibarko Udalaren zerbitzu publikoak ezin dira guztiz gelditu, herritarrei kalte konponezina eragiten ahal dielako.

Hori dela eta, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri beharra dago, grebarako eskubide konstituzionala errespetaturik ere, bermatuta egon dadin gai publikoetan parte hartzeko eta zerbitzu publikoak hartzeko herritarrek duten eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 23. eta 28. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Lan harremanetarako eskumena Nafarroako Foru Komunitateari transferitu zitzaion, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikuluari jarraikiz (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legea). Hala, gobernuaren agintaritzaren eskumena da, herritarren oinarrizko eskubideak babesteko, oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzuak zehaztea eta behar diren neurriak hartzea; hori dena, jarraikiz martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluari (errege lege dekretu horrek aldatzen du lan harremanei buruzko araudia).

Horrenbestez, kontuan hartuz Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoak, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 58.b) artikuluak xedatutakoa, eta erabiliz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 h) artikuluak emandako eskudantziak (lege horren bidez arautzen dira Toki Araubideko Oinarriak), alkateak

EBATZI DU:

Lehenbizikoa.–Eguesibarko Udaleko langileek 2026ko azaroaren 11n eginen duten greban, gutxieneko oinarrizko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira:

1. Eguesibarko Udala:

1.1. Zerbitzu orokorrak:

  • Herritarrentzako laguntza: Administrari-ofizial batek herritarren arretarako bulegoan lan egin beharko du, lanaldi osoan.

1.2. Oinarrizko Gizarte Zerbitzua:

  • Administrari-ofizial batek jendearentzako ordutegian lan egin beharko du.
  • Gizarte-langile batek jendearentzako ordutegian lan egin beharko du.
  • 2 familia-langilek lan egin beharko dute, lanaldi osoan.

1.3. Udal ikastetxeak:

Ikastetxeak zaindu, ireki eta ixteko: Ikastetxe guztietan, goizez, atezain bana egon beharko du; ikastetxeetako batean, arratsaldez, atezain batek egin beharko du lan, bi ikastetxeak ixteko.

2. Andacelay SL enpresa publikoa:

Andacelay SL udal enpresa zenbait zerbitzuz arduratzen da, eta, hortaz, gutxieneko zerbitzuak bermatu beharko ditu honako hauetan:

2.1. 0-3 urtekoen haur-eskolak:

2.1.1. Lakarri haur-eskola: hezitzaile bat gela bakoitzeko, jantokiko laguntzaile bat, garbitzaile bat eta zuzendaria.

2.1.2. Malkaitz haur-eskola: hezitzaile bat gela bakoitzeko, jantokiko laguntzaile bat, garbitzaile bat eta zuzendaria.

2.1.3. Tangorri haur-eskola: hezitzaile bat gela bakoitzeko, hezkuntza-premia berezietarako hezitzaile bat, jantokiko laguntzaile bat, garbitzaile bat eta zuzendaria.

Bigarrena.–Eskuarki erabiltzaileari harrera egiten dioten langileek emanen dituzte aurreko artikuluan aipatzen diren funtsezko zerbitzuak, haien egoera gutxieneko zerbitzuen barrenean dagoenean.

Hirugarrena.–Lehen atalean aipatzen diren gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzurik ez egitea edo zerbitzua edonola ere aldatzea legez kanpokotzat joko da ondorio guztietarako, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat. Betetzen ez dutenek edo araua hausten dutenek erantzun egin beharko dute.

Laugarrena.–Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

Bosgarrena.–Agintzea ebazpen hau argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan, eta horren berri ematea Udaleko langileei eta Andacelay SL enpresa publikoari. Halaber, erabakia jakinaraztea Udalbatzari, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran.

Horren berri ematen dut, herritar oro jakinaren gainean egon dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan. Halaber, jakinarazten dut ebazpenaren aurka hiru errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo judizial eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egin eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpenaren egunetik hasita.

Sarrigurenen, 2026ko azaroaren 5ean.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.

Iragarkiaren kodea: L2614340